Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Itzultzea

 

 

Eta nork espero dezake halakorik? Gertatu baino lehen, gizonari sekula ez zitzaiokeen burutik pasatuko, ez ja inolako mirakuluren protagonista izan zitekeenik, baizik eta halako ezeren lekuko izan zitekeenik ere. Baina itzuli egin zen, halere. Une batetik bestera, zeri heldu jakin gabe, hantxe topatu zuen bere burua, hiri ezezagun haren erdigunean, iratzarri berri-edo, eta aurrerantzean egin beharrekoari buruzko inolako pistarik gabe; erabat ezgai jendeak erakusten zion axolagabetasunari aurre egiteko.

      Denak ohartzen ziren haren presentziaz, baina begietara begiratu gabe pasatzen zitzaizkion albotik. Asko jota, barkamena eskatu edo agurra eskaintzen zioten gutxi batzuek, baina hura gainetik kentzeko aitzakia hutsa zen hori ere. Gazte talde batek aurpegira egin zion barre, itxuragatik, eta tu egin zion agure batek, irain batzuk marmarikatu bitartean, ulertezin zitzaion motiboren bategatik. Besterik gabe, ez ikusiarena egiten saiatzen ziren gainerakoak.

      Gizona ere ez zen erabat heltzen itzuli zenik ulertzera. Han zegoen, eta hori zen dena. Ez zuen ez lekua, ez sasoia, ez jendea, ez beste ezer errekonozitzen. Baina nola errekonozitu ezer? Eta goiza metro irteera inguruan eman bazuen, han suertatu zelako baino ez zen izan. Beste edonon egon zitekeen. Azken batean, bere kasuan, normalena inon ez egotea zelako. Jendetzari begiratu, besterik ez zuen egiten han, zutik, haiengandik ezer espero izatera heldu gabe, adierazkortasunik gabe.

      Inoiz ez zuen hainbeste jende ikusi elkarrekin, eta are gutxiago halako joan-etorri bizian, baina ez zuen harrituta egotearen itxurarik ematen. Haren begiradak gurutzatu egiten zuen inguruan zuen guztia. Egote hutsa bera ere neurri txiki batean bakarrik egiten zitzaion ulergarri. Gose eta egarri ere bazen, baina ez zekien horri buruz ezer egiterik izan zezakeenik. Izan ere, norenak ziren jadanik bere gose eta egarria, inoiz bereak izan baziren?

      Hitzak, beharbada, jendearekin bilatzen zuen begirada topaketa horretatik sortuko zitzaizkion. Sumatu egiten al zuen hori? Baina inoiz ibiltari haietako bakar bat begira geratu izan balitzaio, zer egin zezakeen berak? Zer zuen berak benetan inori esateko? Ulertzen al zuen akaso berak ere gertatu zitzaiona? Edo ohartzen al zen ezer gertatu zitzaionik, bederen? Ba al zuen, agian, zinez inori emateko mezurik? Eta baldin bazuen, zein zen, bada, halako gertakari ezohiko bat merezi zezakeen mezu hori? Baina pentsamendu horietako bakar bat ere ez zen forma hartzera iristen, eta lanbro moduko bat osatuz geratzen zitzaizkion buruan bueltaka, sendotasun nahikorik gabe, gainerako guztiak sortzen zion durduzarekin nahasian.

      Metroko eskailera mekanikoek gizonaren begien arreta egarri desesperaturantz bultzatzen zuten jendea eta, gora jarraitu ahala, pixkanaka agertzen zitzaizkien adatsetatik hasi eta oinetaraino, berdin tunika zein azala, dena orbantzen zioten odol idor arrasto haiek. Oinaze zutabe bat zirudien. Inork ezin zion begirada horri eutsi. Hondogabe zabaltzen zen guztirantz.

      Norbait hurbildu zitzaion. Denbora batera gertatu zen. Gizon bat zen. Hala al zen? Zerbait esan zion erabat ulertu ez zuena. Inguruan zebilzkion gainerako pertsonek zeramatzatenez bestelakoak ziren haren arropak ere, nahiz eta ez bereak bezalakoak izan. Zakar hitz egiten zion. Eskale bat zen, handik alde egiteko agintzen ari zitzaiona, bere lekuan zegoelako. Begiratzeaz beste ezer egin zitekeenik ulertu gabe jarraitu zuen berak hari begira, baita eskalea mehatxuka hasi zitzaionean ere. Ez zen argi ikustera iristen mehatxu haiek ezertan eragin ziezaioketenik. Zeren eta zer zuen inguruko ezerk benetan harekin ikustekorik?

      Parez pare jarri zitzaion eskalea. Burukada bat jo zion gizonari, eta lurrera bota zuen. Sudurra apurtu zion kolpearekin. Lurrean geratu zen une batez, zorabiatu antza, baina inguruko inor ez zen zer gertatu zen galdetzera gerturatu. Gizonak, oraindik guztiz altxatu gabe, odol berria sentitu zuen ahoan eta kokotsean behera, orduko hartan, bai, epel, bizitzari zegokion legez. Esku zikindu berria begiratu zuen. Baina kosta egin zitzaion bero umil horren egia xumea ere errekonozitzea. Bizirik zegoen. Beste zorabio bat sentitu zuen zutitzen saiatu zenean. Ahul zituen belaunak. Jendea zen hari begira ari zitzaiona orduan, gehiegi hurbildu ez arren. Azkenik, bakarrik zutitu, eta metrotik urruntzen hasi zen, ez beldur zelako, ez eta eskalearen agindua ulertu zuelako ere, baizik eta, sinpleki, helmugarik gabe, ezerk ez ziolako norabide hartan aurrera jarraitzea eragotzi.

      Kale zabal batean behera egin zuen. Han, zuzen eta presaturik ikusten zuen jendea batetik bestera, baina bakoitzak bere helmuga propioa zuela iruditzen zitzaion. Gutxi batzuk bakarrik ikusten zituen geldi: eraikinetako erakusleihoei so haietako gehienak. Begiak zabalduta begiratzen zituen denak berriz ere, banan-banan —ahal zuen neurrian behintzat—, nahiz eta, han ere, trukean, inork ez zion aurrez aurreko arreta keinurik txikiena egiten.

      Tren geltokiaren albora iritsitakoan, laguntzarik behar zuen galdetu zion emakume batek. Kezkatuta zirudien. Ezagutzen ote zuen? Buru atzealdean, mototsean bilduta zeraman ilea eta, perla itxurako belarritako batzuekin batera, borobildu egiten zion horrek aurpegia. Jaka beltz bat zeraman, eta apaindura handirik gabeko soineko gris bat haren azpian, apenas uzten zituena bistara oinetako berriz ere beltz batzuen punta apur bat gastatuak. Begietara begiratu zion emakumeak denbora batez, baina, horrela ere, gizonari ez zitzaion ezer berezirik piztu. Hizkuntza ez ezik, arrotza zitzaion egin berri zion galderaren tonua ere.

      Zerbaitek lausoki esaten zion bera zela, berez, gainerakoak lagundu behar zituena, eta ez inoren laguntza jaso behar zuena. Baina, haren baitan, sentsazio nahasi bat baino ez zen hura ere, eta ez zuen hitzetara eramateko modurik. Emakumeari begira jarraitu zuen, ordura arte bezala. Sudurrekoak itxura txarra zuela esan zion. Erori ote zen galdetu zion, eta oihalezko mukizapi bat atera zuen poltsatik, erantzunaren zain geratu gabe. Poliki hurbildu zizkion eskuak aurpegira, baimenaren zain balego bezala. Sudurra estutu zion gero, eztiro, beste eskuarekin buruaren atzealdetik heltzen zion bitartean.

      Hainbatean behin altxatzen zuen zapia, presioak odol jarioa eteterik lortu ote zuen begiratzeko. Egin behar zuena egiten utzi zion gizonak. Etxera eramango zuela esan zion gero emakumeak, ez zegoela urrunegi eta on egingo ziola atseden apur batek. Han garbitu ahalko zela eta, nahi bazuen, tunika ere garbitu ahalko ziola. Gizona barrez hasi zen, lehenengoz, emakumeak Maria deitzen zela esan zionean, zergatik oso ongi ulertu gabe. Bereziki ozena iruditu zitzaion bere algara propioa gizonari, barre hura benetan beste inorengandik etorri eta sorpresaz harrapatu izan balu bezala. Ez zuen jakin bere izena ematen eta, besterik gabe, isilean, etxera jarraitu zion emakumeari. Urrats bat atzetik beti.

      Atarira iritsitakoan soilik ohartu zen Maria aurrenekoz gizonaren oin zaurituek lurrean utzi zituzten arrastoez. Etxerainoko bidea markatu zuten harlauzetan. Besoa eskaini zion eskaileretan gora egiteko, baina gizonak erantzun gabe jarraitu zuen. Mariak heldu zion besotik orduan, eta bultzada txiki baten ondoren, haren mugimenduak jarraitu zituen gizonak. Etxean arroparen bat eta zapata batzuk emango zizkiola esan zion. Medikutara joan nahi al zuen galdetu zion. Erantzunik ez. Eta, bestalde, ezerk ez zion iradokitzen galdera haiek ulertzen zituenik. Begi argi haiek berdin begiratzen zieten hormei, eskaileretako barandari zein Mariari berari. Inpresioa ematen zuen harentzat gauza haiek guztiak, sakonean, gauza bat eta bakarra zirela.

      Etxean, sofan eserarazi zuen gizona Mariak, eta ura eraman zion dekoraziorik gabeko kristalezko edalontzi batean. Trago bakarrean edan zuen osorik. Aurpegian behera egin zion irrist zirrista fin batek. Mariak mahukaz sikatu zion arrastoa, eta beste hirutan egin behar izan zuen sukalderako bidea edalontziarekin, gizonaren egarria ase arte. Edo behintzat, laugarren edalontzia ahoan jarri zionean, edaten ez zuela ohartu zen arte. Gose ote zen galdetu zion. Baina hasierako begirada bera baino ez zuen jaso erantzun modura.

      Tortilla bat egingo ziola esan zion Mariak sukaldetik, gizona sofan utzita. Xumea zen egongela: alfonbra gris bat lurrean, gainean ezer gutxi zuen kristalezko mahai bat erdialdean. Landarez beteta zeuden gainerako txoko guztiak, eta kaiola handi batetik txori txiki batzuek —bederatzi izango ziren— adi begiratzen zioten gizonari. Horixkak ziren gehienak, baina ez bereziki kolore bizikoak. Isil-isilik zeuden, are, izoztuta zeudela ere irudiko luke, betazalen tartekako mugimendu urduriengatik ez balitz. Begietara zuzen begiratzen zioten, eta haiekin batera, gela osoak zirudien, nolabait, sofa erdialdean begiak ezerezean iltzatuta zituen gizon harenganantz inklinaturik, haren arnasaren arabera puzten eta uzkurtzen.

      Mariak platera aurrean jarri zionean, gizonak ez zuen jakin harekin zer egin. Hori ikusirik, sardexkarekin zatitu zion tortilla, eta ahora eraman zion, zatiz zati, dena ongi mastekatu eta irensten zuela ziurtatuz. Ogia busti zion platerean, azken hondarrak biltzeko, eta jaten eman zion hori ere. Toalla busti baten bila joan zen orduan, eta oinak garbitu zizkion lehenik, eta besoak eta aurpegia ondoren. Epela zegoen ura, eta odol idorrarekin nahasita egiten zuen gizonaren gorputzean behera, errekasto lohitsu bihurriak marraztuz haren azal gainean. Tunika pixka bat altxatu zion izterrak ere garbitzeko. Tentuz. Ur eta odol putzu txikiak sortu ziren lurrean. Gero larrua jo zuten, sofan bertan, platerak, edalontzia, sardexka eta toalla eta arropa zikinak mahaitxoan utzita.

      Gizona esnatu zenean, lo jarraitzen zuen Mariak haren besoen artean. Amets arraro bat izan zuela iruditu zitzaion, baina, iratzarritakoan, ez zuen argi gogoratu. Desatsegina izan zela baino ez zekien. Baina izan zitekeen oroitzapen bat ere. Odol arrasto batzuk ikusi zituen Mariaren azal zuri biluzian, bereak baino izan ezin zirenak, eta arreta handiz apartatu zituen haren besoak gainetik, esna ez zedin kontu hartuz.

      Jantzi egin zituen Mariak sofa alboko aulkitxoan utziak zizkion arropa garbi batzuk.

      Txoriek isilik jarraitzen zuten, begiak urduriago itxiz eta irekiz eta, aldiz, hilda ziruditen egongelako landare guztiek. Maskal, loreontziaren ertzetan behera erorita zeuden haien adaxka erdi ustelak, ordu batzuk lehenago ezin ederrago eta osasuntsuago ziruditen arren. Petalo gutxi batzuk zeuden lurreko ur putzutxoetan flotatzen. Putz egin zien gizonak, eta nola mugitzen ziren begira geratu zen, orduan bai, arretaz.

      Handi zuen Mariak utzitako atorra, eta zapatak ere ez ziren bere neurrikoak. Ez zuen jakin haien sokekin zer egin, eta lotu gabe utzi zituen. Haien gainetik nekez jantzi zituen prakak, gero, eta gerrikoa estu jarrita ere, apenas eusten zioten gerrian. Atea ahalik eta zarata txikiena eginez itxi, eta eraikineko atetik ateratzear zenean bakarrik iritsi zitzaion Mariaren etxeko txorien txorrotxio asaldatua.

      Iluntzen hasia zen hiria ordurako, eta nabarmen urritu zen jendetza kalean. Besteak jadanik zain izango zituela esan zion barruko zerbaitek, lehen aldiz, nahiz eta ezerk ez zion zehazten zain zituen horiek non egon zitezkeen, ez eta, noski, nor izan zitezkeen ere. Besteak zirela baino ez. Egiteko ahul hori sentitu zuen, baina hori ere, ez erabat garden. Usna egitera gerturatu zitzaion txakur bat. Bat-batean, burua altxatu, ordea, eta izuak jota, auhenka eta korrika urrundu zen berehala. Tarteka atzerantz biratzen zuen burua, gizona jarraika hasiko zitzaion beldur balitz bezala, eta lepoko kateak jauzi egiten zuen espaloiko harlauzen formak jotzen zituen aldiro, halako tarrataka irregular bat sortuz. Eraikin baten ertzean desagertu zen, eta ez zen inor azaldu haren bila.

      Zubirantz jo zuen gizonak, zubirantz jotzen ari zenik susmatu gabe. Geldi geratu zen erdira iristean.

      Farolenarekin nahastuta, mila puskatan apurtzen zuen ibaiaren urak ilargiaren distira. Eta argi mugimendu bizkor eta zalantzati horietan, une batez, zerbait errekonozitu uste izan zuen gizonak. Dei moduko bat. Baina norena? Eta zertarako? Oinaze moduko bat ere hasi zitzaion motel zabaltzen gorputzean, eta Mariak lehentxeago jaten emandako guztia bota zuen han bertan. Ibaiko distirei begira, leku berean. Eta bat-batean desagertu egin zitzaion une bat lehenago uretan ikusten hasitakoa.

      Norbait hurbildu zitzaion atzetik. Metroko eskalea izan ote zitekeen iruditu zitzaion, baina ezin zuen jakin, eta hala izatera ere, zer esan nahi zezakeen horrek? Aldatzen al zuen ezer? Begira geratu zitzaion, hark zerbait azaltzen zion bitartean. Ile luzea zuen, aske zeramana, eta garbi zituen arropak. Maria al zen? Ezagun zuela zirudien, edo, behintzat, ezaguna balu bezala jokatzen zuen.

      Sorbaldan jarri zion eskua, eta ibaiertzean aurrera jotzera gonbidatu zuen gizona keinu adeitsu batekin. Nora eramango zuen azaldu zion. Irribarre egiten zion azalpenak eman bitartean. Nekatuta al zegoen galdetu zion. Ez al zeuden, igartzen hasia zen bezala, uretan ikusitako printzak eta pertsona haren etorrera elkarri nolabait lotuta? Ezerk ez zuen beste pertsona haren laguntza ukatzera bultzatu eta, besterik gabe, jarraitu egin zion ibaian gora.

      Luze ibili ziren ibaiertzean, harik eta, azkenean, zubi altu baten azpiraino iritsi arte. Autoak entzuten ziren haien gaineko errepidetik pasatzen, kamioi handiren bat ere bai inoiz, eta lurra apur bat mugiarazten zuen horrek aldiro. Baso zati batzuk ere argitzen zituzten tarteka ibilgailuen argiek urrunean, tunel baten ertzetan. Farola urrun batek bakarrik argitzen zituen zubipean zain zeuzkatenak.

      Banan-banan esan zizkioten haien izenak. Ordenan. Horretarako aurrez aurre jarrita. Begietara begiratu zioten denek, zuzen. Ume bat ere bazen, besteek egindako keinu berak egiten zituena, baina peluxezko hartzatxo bat zeraman eskuineko eskutik axolagabe helduta, zintzilik.

      Tarte batera, ezer esan gabe, irribarrez, ibaiertzeko barandara igo zen taldeko kideetako bat. Izan zitekeen zubian agurtzera joan zitzaiona. Ez zekien. Baina zutik jarrita, bizkarra zuzen, gizonari begira geratu zitzaion han goitik. Gizonak baiezko umil bat egin zion buruarekin, eta beste pertsona hark jauzi egin zuen ibaira istantean. Besteek gizonari begira jarraitu zuten eta, banaka-banaka, guztiek errepikatu zuten ekintza bera, leku berean.

      Umea igo zen azkena. Hura ere, gainerako guztiak bezala, isilik eta irribarrez zegoen. Hartzatxoa une batez ere askatu gabe, nekez lortu zuen barandara igotzea, eta ozta-ozta eusten zion orekari bertan. Begira zuen gizona. Baiezko keinurik egitera heldu baino lehen egin zuen irrist umeak, eta hura ere ia zaratarik egin gabe desagertu zen uretan. Kamioi baten hotsa entzun zen autobidetik gero, eta dardara ahul bat egin zuen zoruak. Umearen hartzatxoa hartu zuen lurretik gizonak, eta orduan sentitu zuen lehen ihesi joandako txakurraren sudur hezea besaurrea otzan usnatzen. Katea kendu, eta elkarrekin itzuli ziren Mariaren etxerantz, bazterrak zerbaiten bila arakatzen animalia, eta begiak hiriaren argi multzo deszifraezinari adi gizona, han, azkenik, beretzat bakarrik idatzitako zerbait irakurtzen hasi izan balitz bezala.