Diego Armando Maradona
— Pentsatu duzu zeinetara apuntatuko zaren?
Alfreri kosta egin zitzaion aurrean zuen emakumeak egindako galdera ulertzea. Zorabiatu antza zegoen. Tiroketa batena zen gogoan zuen azken irudia. Parte Zaharrera norbaiten bila sartu zen Polizia, eta bera, besterik gabe, han suertatu zen; hasi ziren tiroak eta, bat-batean, ilara hartan topatu zuen bere burua, Brasilgo doinua-edo zerabilen emakume beltzaran haren atzean.
Sekula ez zuen halakorik ikusi. Pabiloi erraldoi moduko batean zeuden. Alde guztietara hedatzen ziren ilarak, zerrendak eta zerrendak, bata bestearen atzean, hasiera edo bukaerarik gabe. Burrunba ikaragarri bat ere entzuten zen, gainera, esperoan zeudenen arteko solasaldi apalen pilaketak eragindakoa.
— Apuntatu... Barkatu ez dut ulertzen... Zuk, zuk badakizu non gauden?
— Hara! Iritsi berri zara orduan —erantzun zion emakumeak dibertiturik.
— Bai... Ez... Bueno, ez dakit. Non gaude?
— Ongi etorri infernura, laztana.
— Infernua!? Nola infernua?!
— Ai, ze moņoņoa. Ez larritu: txantxa zen-eta!
Hori esatearekin batera, emakumeak keinu pinpirin bat marraztu zuen airean eta, gorputz osoak gardentasun moduko bat izan arren, eskuaz barre egiteko ahoa estaltzeko keinua egin zuen, algara txiki bati irteten utziz eta, bide batez, Alfreren nahasmendua areagotuz.
— Ez dago infernurik, maitea: ez deabru, ez sarde, ez ezer. Sinetsi egin behar da horretan gero! Baina ez, laztana, ez, zu lasai, hau ez da infernua, hildakoak antolatzeko gunea baizik.
— Hi... hildakoak? —Alfre berdin larritu zen horrekin ere—. Nola hildakoak?
— A... Bai, klaro, hilda zaude, bihotza. Ez dizute esan?
— Esan nork?
— Sarrerakoek, nork bestela? —eta muturra okertu zuen azalpena ematearekin batera. Ez zirudien oso pozik entzuten ari zenarekin—. Oso galduta ikusten zaitut, e.
— Sarreran? Nola sarreran?
— Bai ba, sarreran. Baina nola da posible? —emakumea harritu zen orduan—. Ez dakizu ezer orduan... Ba sentitzen dut horrela esan beharra, baina bai, hilda zaude eta, begira, kasik hobe horrela enteratzea, nire ahotik, burokrata horiek esanda baino. Ez dute bihotzik. Bueno, teknikoki guk ere ez, baina ulertzen didazu, ezta? Eta gauza bat esango dizut, ze lehenbailehen onartzea duzu onena, e, hemen... —mesfidantza keinu bat egin zuen buruarekin—, hemen, adi ibili beharra dago. Jende bekaitza dira hildakoak. Eta hildakoa besterik ez duzu topatuko hemen.
— Baina ezin da izan. Akatsen bat egon da. Ni lasai-lasai nengoen, eta orduan... —moteldu egin zitzaion jarioa Alfreri— eta orduan... orduan... kaka, ez dut ezer gogoratzen.
— Bueno, ba zuk jakingo duzu, maitea, baina hau, nik dakidala, hilketetan hildakoentzako ilara da. Bihotzekoren bat izan baduzu, edo, nik zer dakit ba, moto istripuren bat, edo halako beste ezerezkeria klaseren bat — mespretxu puntu batekin ari zen emakumea orain—, beste ilara batera joan beharko duzu. Nik ezin dizut gehiago esan.
— Bihotzekoa? Nik? Ez, ez... Bihotzekorik ez —eta isilune baten ostean bukatu zuen esaldia—. Tira, ez dut uste.
— Ba zuk ez badakizu, ez dizut nik esango, laztana. Pentsatu pixka bat; gauza horiek, azkenean, norbere baitan, sakonean, jakin egiten dira, ez duzu uste?
— Ba ez dut gogoratzen... —errepikatu zuen Alfrek amorru puntu batekin.
— Lasai. Berehala pasatuko zaizu hori ere, ikusiko duzu. Zorabioa joango zitzaizun honezkero, ezta? Ba horrekin ere berdin. Ikusiko duzu nola joango zaren pixkanaka-pixkanaka dena gogoratzen.
Isilik geratu ziren biak tarte batez, baina Alfrek ezingo zukeen zehaztu zenbat denboraz. Berdin izan zitezkeelako minutu gutxi batzuk edo ordu luze batzuk. Han bestela egiten zuelako aurrera denborak, eta espazioaren —edo haren gabeziaren— bizipenak ere ez zuelako zerikusirik ordura arte beste inon ezagututako beste ezerekin. Ezin zen esan erabat han zegoenik, baina ezta han ez zegoenik ere.
Aurrera begiratzeko biratu zen berriz emakumea, eta orduan ohartu zen Alfre bizkarraldeko arropetan ageri zitzaizkion odol orbanez. Mantxa gehiago ikusi zizkion gero buruan zeraman loredun zapi horian. Odolik ez zen ateratzen, baina zauriak ez zeuden itxita.
Labankaden arrastoak izango ote ziren pentsatu zuen lehenik, baina handiegiak ziruditen. Aizkora klaseren bat izan ote zitekeen pentsatu zuen horregatik. Matxete bat bestela.
— Barkatu, eta zu? —Alfrek berritu zuen solasaldia, zauriek piztutako jakin-minak bultzatuta—, nola hil zara zu? Edo, bueno... nork hil zaitu? Barkatu —isilune bat egin zuen hitzen bila—, baina ez dakit nola galdetzen diren gauza hauek hemen.
— Ba, begira, neurri batean, barregarria ere bada —irribarre egin zuen emakumeak, oinak mugitu gabe, gorputz osoa berriz ere Alfrerenganantz biraraziz—. Koloneko minbiziak hil behar ninduen, badakizu, gaixotasun larri bat da, nahiko aspergarria eta zikin xamarra. Medikuek argi esan zidaten, onenean jarrita, hilabeteak baino ez nituela, ezin zutela ezer egin nigatik. Erabakita zirudien denak eta, kasik onartzen hasia nintzenean, zas! nire senarrak... bueno, dagoeneko nire senar ohiak, beste plan batzuk zituen niretzat.
— Joder, sentitzen dut.
— A, ez kezkatu. Aspaldiko kontuak dira. Ikusi, ikusi, han —hanka puntetan jarrita, urrunerantz egin zuen keinu hatzarekin—, ikusten duzu hiru ilara harago, gu baino pixka bat atzerago kapeladun beltz handi bat?
— Han... —Alfre ere hanka puntetan jarrita ari zen orain—. Bai, bai, uste dut baietz. Tipo elegante bat? Hango hura diozu, ezta, altu hura?
— Huraxe, bai —poztu egin zen emakumea, jendetzaren erdian Alfrek ere lortu zuelako seinalatu nahi zion gizona topatzea—. Ba hura zen nire senarra: Osvaldo. Begiraiozu. Ni akabatu eta berehala egin zuen bere buruaz beste ergel horrek, eta zer, eta gero hemen pare-parean egotea tokatu behar! Entzun behar izan zizkidan entzun beharrekoak, bai, malapartatu horrek.
— Ez dakit zer esan... —larritu zen Alfre—. Benetan, sentitzen dut.
— Lasai ba, bihotza, ohituko zara. Baina ikusi, ikusi —irribarre bihurria piztu zitzaion aurpegian emakumeari—, Osvaldo! Ei, ei, Osvaldo! —eta agur keinu nabarmenak eginez mugitu zituen bi besoak airean gizon hura zegoen ingururantz—. Begira, Osvaldo, ikusten duzu? Zu baino aurrerago gaude —esan zuen garrasi batean, barre karkaila bat askatu, eta berriz ere Alfreri zuzentzeko—. Hiltzaileen ilara da motelenetako bat, alde handiz; hango ilara huraxe. Detaile guztiak jakin nahi izaten dituzte. Guzti-guztiak. Eta klaro... ba horrek moteldu egiten du dena. Eta berak bitan egin beharko du ilara bera. Izorra dadila. Merezita du.
— Nola bitan? Ilara bera bitan egin daiteke?
— Bai, bai. Ni hil ostean bere buruaz beste egin zuenez, bi hilketa kontabilizatzen dizkiote hemen. Ikusiko duzu zuk ere zer puntutaraino diren zorrotzak! Eta beraz, ba bai, bitan egin beharko du hiltzaileen ilara. Horixe da nire poz bakarra.
— Eta ilara hau?
— Ilara hau zer?
— Ea motela den.
— A, bueno, ez da motelena, baina ez da azkarrena ere. Ez dago erabat gaizki, suposatzen dut. Badaude okerragoak. Hemen gutxienez beti dago istorio bitxiren bat. Hilketen ondoriozko ilarak hori du ona. Hiltzaileenak ere bai, e. Hor ere badira istorio onak. Baina hemen lasaiagoa da giroa, nik uste. Aizu, baina ez didazu esan oraindik ea pentsatu duzun zeinetara apuntatuko zaren.
— Nola zeinetara apuntatuko naizen?
— Egia da, ez zarela sarreratik pasatu. Barkatu, ezagutu dudan halako lehen kasua zara. Baina komeni zaizu zer gertatu zaizun jakitea, e.
— Esan dizut, bat-batean agertu naiz hemen, zure atzean eta beste honen aurr...
— Ez, ez, bihotza, ez —Alfrek atzerantz begiratzeko keinua hasi bezain pronto geldiarazi zuen emakumeak—, ez zaitez biratu. Ahaztu horko hori.
— Zergatik ba?
— Perbertitu zikin bat da —eta buru keinu batekin seinalatu zuen Alfreren atzeko gizona—. Bai, bai! Perbertitu zikin bat, bai, ongi entzun duzu! Horixe zara eta! Perbertitua!
— Gixajoa. Hori ere hil egingo zutelako egongo da hemen, ba.
— Noski. Eta? Ai, inozo hori, ez duzu usteko inork hil zaituelako pertsona ona bilakatzen zarenik, ez?
— Ez, ez da hori, baina...
— Ai, laztana, hala balitz, aingeruz beteta legoke ilara hau, eta sinetsidazu, ez da inolaz ere horrela. Hortxe duzu horren froga garbiena: perbertitu zikin hori. Zu, bai, zu! Baina zuk kasurik ere ez horri, laztana.
— Baina zer esan nahi duzu perbertitua dela esaten duzunean? —emakumearen tema ikusirik, ez zen burua berriz atzerantz biratzera ausartu.
— Ez da batere istorio atsegina. Eta, gainera, perbertitua ez ezik, tipo aspergarri mortala ere bada, eta hori, maitea, hori bai dela delitua halako leku batean. Badakizu zenbat denbora pasatu behar dugun hemen? Hemen, dibertigarria den bitartean, hobea da edozein genozidatxo aingeru guardakorik santuena baino.
— Baina orduan zer egiten da hemen? Egon?
— Sarreran esplikatzen dute hori dena, bihotza. Baina —gogoratu zuen animatuta andreak— ez didazu esan nork hil zaituen zu! Ez izan lotsarik nirekin, eta kontatu, kontatu, detaile guztiak nahi ditut: den-dena jakin nahi dut.
— Ez da lotsagatik. Ez dizut esan benetan ez dakidalako. Zuk esan didazun arte ez nekien hil egin nindutenik ere.
— Nolakoa zaren... Nola ez duzu ba jakingo! Pentsatu pixka bat. Bizitzan behin bakarrik hiltzen zaituzte, eta nola ez duzu ba jakingo nork hil zaituen. Ea, egin esfortzu txiki bat. Emazte jeloskorren bat? Diru konturen bat? Ez, ez, ez, badakit, badakit —piztu zen emakumea—: drogak! Baietz? Drogak, seguru! Ikaragarri gustatzen zaizkit droga istorioak!
— Kafea hartzen nengoen.
— Kokarekin igual?
— Kafea. Deskafeinatua. Esnearekin. Polizia norbaiten bila sartu da Alde Zaharrera, eta ni, besterik gabe, tiroketa erdian harrapatu naute. Eta ez dakit besterik. Orduan izango zen, pentsatzen dut.
— Baina ez dakizu nork egin dizun tiro? —kezka puntu bat gehitu zion galderari.
— Esan dizut, lasai-lasai nengoen, eta bat-batean hemen agertu naiz.
— Ai, maitea, baina erabaki egin beharko duzu! —presatua zirudien emakumeak bat-batean—. Hemen ezin zara nork hil zaituen jakin gabe egon. Harrapatzen bazaituzte... Inor etorri baino lehen erabaki beharko duzu. Bestela, beste ilara batera eramango zaituzte, heriotza zehaztugabeenera. Begira, hantxe —buruarekin egin zuen keinu ilara zerrendako puntu urrun baterantz—. Eta ilararik okerrena da hori.
— Ez dirudi luzeegia.
— Ez, baina huraxe da motelena. Hemen detaileak nahi izaten dituzte beti, ahalik eta detaile gehien, zenbat eta zehatzago, orduan eta hobe, eta han, bihotza, han jai izaten dute zehaztugabe horiek. Ahaztuta uzten dituzte. Inork ez ditu aguantatzen zehaztugabeak hemen. Ezikusia egiten diete baita burokratek ere. Beraz, pentsatu ongi, komeni zaizu-eta.
— Baina nola jakingo dut... —kezkatzen hasia zen berriro Alfre. Izutu egiten zuen eternitate osoa ilara egiten pasatu behar izango zuela pentsatzeak.
— Badakit! Lehen ikusi dizut; zulo bat ez duzu buruan? —okurritu zitzaion emakumeari.
— A bai? Ba igual bai —alaitu zen Alfre ere, emakumearen bat-bateko alaitasunak kutsatuta—. Bai, bai, begira hemen! Bai, hementxe dago zuloa!
— Ba listo! Horrekin asmatuko dugu —esan zuen emakumeak animoz beterik—. Ea: non zeuden poliziak?
— Ba eskuinetara. Han. Bai, bai, han, eskuinetara.
— Eta non zeuden gaizkileak?
— Gaizkileak... —une batez zalantza egin zuen Alfrek—. Nola gaizkileak? A, ez, ez, etakoak izango ziren. Bueno, edo autonomoak-edo. Ez dakit.
— Nahi duzuna, maitea. Baina, esan, etakoak edo dena delako horiek, non zeuden?
— Ba ezkerretara —animoa berreskuratu zuen solasaldiak berriz ere.
— Ba haztatu zuloa ongi, eta listo —satisfazio keinua ageri zitzaion emakumeari aurpegian—. Zuloa ezkerrean badago, etakoak izan dira, eta eskuinean badago, ba Polizia. Zuk begiratu, begiratu ongi.
— Kaka —zapuztu zen Alfre, tarte batez buruko zuloa arreta osoz ukitzen aritu ondoren.
— Kaka, zer?
— Ba, alderik alde doala zuloa.
— Baina... —emakumea ez zegoen prest itxaronaldia hala bizitu zion kontuari berehalakoan ihes egiten uzteko—. Zuk zer uste duzu, ezkerretik eskuinera gehiago, edo eskuinetik ezkerrera?
— Ba... keba, igual-igual.
— Ba zuk jakingo duzu, kariņo —esan zion emakumeak, solasaldian ordura arte erakutsitako pasio guztia kolpez galduz, eta indiferentzia keinu argiak eginez—. Edo erabaki, edo beste ilarara zoaz zuzenean.
— Eta nola erabakiko dut, ez dakit-eta!
— Aber, maitea, baina zuk zein zenuke nahiago?
— Nahiago?
— Bai, nahiago, laztana, nahiago. Poliziak hiltzea edo beste horiek hiltzea, zer gustatuko litzaizuke gehiago?
— Jo, ba ez nuen sekula horrela pentsatu...
— Bueno, aurrez ere inoiz ez zara hilda egon, ez? Eta begira —esan zuen lehor—. Gauza guztiek dute lehen aldi bat. Esan, bihotza, zeinek hiltzea nahiago zenuke?
— Aber, ba alde batetik berdin zait, baina, beste aldetik...
— Poliziak hiltzea igual hobe, ez? —moztu zuen lagunaren gogoeta emakumeak, luzamenduarekin aspertzen hasita.
— Ez dakit. Familiagatik igual...
— Ai, maitea —tonu maitekorra berreskuratu zuen berriro—, ez, ez, ez. Ez pentsa zuk hemen esaten duzun ezerk haiei eragingo dienik.
— A, ez? Eta orduan?
— Hau beste, nola esan... aix... —hitza topatu ezinik zebilen emakumea—, hau beste jurisprudentzia bat da. Bai, hori da, beste jurisprudentzia bat. Egia nahi dute hemen. Detaileak. Esan dizut.
— Orduan... —indiferentziaz altxatu zituen sorbaldak Alfrek—, suposatzen dut berdin izango duela, ez?
— Ba ez —sumindu zitzaion solaskidea bat-batean—: aldea oso handia da. Eta serio hartu beharko zenuke kontua behingoz! Sarreran azaltzen dute dena, esan dizut, baina klaro, zu ez zara han egon...
— A, ba sentitzen dut, e —ozpindu zen Alfre ere—. Saiatuko naiz ea hurrengoan hobeto hiltzen nauten.
— Ai, laztana, horrela bai! Umorea! u-mo-re-a! Hobe horrela: zer litzateke ba eternitatea umore pixka bat gabe, ez duzu uste?
— Baina zenbat denbora daramazu zuk?
— Ilara honetan diozu? Auskalo. Ez da erraza kontua eramatea.
— Nola ilara honetan? Beste ilara batean ere egon zara?
— Aldatu egiten dut tarteka —erantzun zuen emakumeak, gaia aldatu nahian bezala, ordura arte izan gabeko tonu buruarin bat hartuz—; badakizu, ez aspertzeko.
— Eta senarrarena, gezurra zen orduan?
— Osvaldorena? Ez, ez. Nola izango zen ba gezurra —barre triste bat egin zuen—, horrelakoak ez dira asmatzen.
— Eta orduan? Zer beste ilaratan egon zara zu?
— Osvaldorenean, maitea —erantzun zion emakumeak, isiltasun tarte baten ostean—. Hantxe. Esan dizut, biok parez pare.
— Hiltzaileenean?
— Hiltzaileenean. Tatatxan! Hementxe hiltzaile bat —hasperen egin zuen emakumeak, Alfreri eskuekin bere burua aurkezteko keinu teatral bat egin bitartean—. Ez naiz espero zenuena, ala?
— Baina... Ezin da izan. Nor hil duzu zuk? Osvaldok bere buruaz beste egin zuela esan didazu lehen, beraz, ezin da bera izan.
— Laztana... —emakumeari erabat desagertua zitzaion ordura arte tarteka erakutsitako bozkario gisako hura—. Gauzak ez dira errazak izaten, badakizu?
— Nik kontatu dizut nirea —kexatu zitzaion Alfre—. Nekiena behintzat. Eta hiltzaile batekin baldin banago, uste dut badudala, gutxienez, nor hil duen jakiteko eskubidea.
— Ez da erraza —ilararen bateko puntu urrunen batean galdu zitzaion begirada solasaldian lehenengoz—. Luisinho. Luisinho hil nuen. Aste batzuk baino ez zituen gixajoak, baina...
— Ume bat? —entzuten ari zena ezin sinetsirik—. Zure umea hil zenuen? Baina, baina... Eta gixajoa esaten diozu, gainera?
— Bai, hil egin nuen, eta nik hura hil eta berehala hil ninduen Osvaldok ni —senar izan zuenarenganantz biratu zuen burua orduan—, baina zer egin behar nuen?
— Nola zer egin behar zenuen?!
— Laztana —tonu adeitsuan zuzendu zitzaion emakumea Alfreri ordukoan—, badago jende klase bat ezezkorik onartzen ez duena. Zu ez zara horrelakoa, ikusten zaizu, baina gizon batzuk...
— Baina orduan.... Esan nahi duzu... Osvaldok...
— Bai, laztana, horixe esan nahi dut, bai —eten zuen emakumeak lagunaren esaldia—, eta hiltzekoa banintzen, ez nuen Luisinho piztia horrekin uzteko inolako asmorik. Pentsatze hutsarekin... Baina, begira, luze egongo gara hemen, bai, eta izango dugu horretaz aritzeko aukera.
— Eta Luisinho? —insistitu zion Alfrek—. Luisinho ere ilara honetan dago?
— Sentitzen dut, maitea —esan zuen emakumeak—, beti tristatzen naiz kontu honekin. Inporta dizu gaia aldatzen badugu? Azalduko dizut jakin nahi duzun guztia, baina orain hitz egin dezagun beste zerbaitez, bai?
— Eta zertaz aritu nahi duzu, ba?
— Ai, bai! Futbola gustatzen zaizu? —galdetu zion emakumeak berriz ere kolpean animoa berreskuratuta.
— Futbolaz aritu nahi duzu orain, benetan?
— Futbolaz? Ez! Ez da hori. Nik futbolaz ez dakit ezer, eta ez zait batere interesatzen. Denak hor gizonkote ergel horiek korrika nola egiten duten ikusten. Kontua da orain gutxi ohartu naizela, eta zalantza piztu zait. Igual zuk jakingo duzu. Begira, han —buruarekin beste ilara bati egin zion keinu—, ez duzu ikusten han? Berrogei edo hirurogei ilara harago, ikusten duzu han urrunean? Han!
— Han non?
— Han!
— Han, a, bale, bale, han, baina zer da zehazki han ikusi behar dudana? —urrun begiratzen saiatzen zebilen Alfre ere, nahiz eta ez erabat ulertu nora begiratu behar zuen. Ez zuen emakumea berriz animoa galtzen ikusi nahi.
— Hantxe! Ez duzu ikusten hantxe? Nola da futbolari ezagun hori... Etengabe telebistan ateratzen den gaztetxo hori... Promesa handia dela esaten dutena eta hori dena... Ez da bera? Bai, bai, lodituta eta zahartuta dago, baina bera dela esango nuke, ez? Ai, nola zen... nola zen... Mihi puntan dut...