Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruńea
 
 

 

Liztor mutanteak

 

 

Opor bidaian abiatu ginelarik, artean ez zen munduaren akabera iragartzen zuen seinalerik. Baina Heidelbergeko jatetxe batean zerri-ukondoa nigandik urrundu bezain fite, liztor handi bat hasi zen haren honddarretan lanean nik Wasp superheroiari bakarrik egotziko niokeen indarrez. Bero izugarria egin zuen uda hartan, eta liztorrak ugaritzea ekarri zuen horrek, bai bederen Heidelbergen eta Alemaniako inguru hartan bisitatu genituen gainerako herrietan. Halere, nire plater gaineko liztor haren amorrua, hezurretik haragi puska bat erauzten tematua, berezia zen, bazkaldu ondoko nire isiltasuna, begiak harengan iltzatuta nituela, onargarria egiteraino. Azkenean haragi puska handi bat hortz artean zeramala hegaldatu zelarik, begirada plateretik goititu eta ohartu nintzen emaztea eta alaba ni bezain harrituak zeudela, asaldatuak kasik, liztor hark eman berria zigun ikuskizuna zela eta.

      — Kumeak elikatzeko eraman du haragia —erran nien irribarre egin bidenabar—. Hemendik hurbil, liztor mutanteen arraza berri bat hazten ari da. Horregatik hartu du puska erraldoi hori. Bi urteren buruan, kalkulatzen dut, liztor mutanteek lurra menderatuko dute.

      Isilunea. Paulak serio begiratzen zidan, Ane izutzen ari zara zioen behako zorrotz batez. Alabaren aurpegiak, begiak zabal-zabalik, amaren mezu telepatikoa berretsi bertzerik ez zidan egiten.

      — Baietz, bada. Twitterren kontatu behar dut. Hemendik bi urtera, txio mitikoa izanen da erresistenteen zirkuluetan. Santik dena aurreikusi zuen, erranen dute.

      Familiak ez zuen nire umorea konpartitzen, antza. Paulak gero eta haserreago begiratzen zidan.

      — Zu egon zaitez trankil, Ane. Liztor mutanteak guregana etorriko balira, nik babestuko zintuzket.

      Amari begira gelditu zen orduan Ane, begiak betetzen hasita.

      — E, zera, zintuzketet. Biak. Ama ere bai. Ama ere salbatuko nuke.

      Orduan nik neronek begiratu nion Paulari: zerbait arrunt gaizki ari gara egiten, bizi garen 21. mende honetan gure alaba sinetsita dago nik salbatu behar zintuzkedala, ez omen du ulertu emazteki burujabea zarela, ez duzula deusetik salbatuko zaituen gizonik behar. Hori guzia saiatu nintzen behako batez transmititzen. Ez dakit lortu nuen. Nire begiradaren adierazkortasuna aski mugatua da.

      Nolanahi ere, bat-batean bururatu zitzaidan, Erresistentziako burua banintz —Erresistentziako burua izatera deitua bainintzen; ze arraio, hura nire fantasia zen—, ez ote litzatekeen zilegi izanen liztorren eraso masibo baten aitzinean gure haurra haien ahutzetara jaurtitzea, nik ihes egin ahal izateko haren haragi freskoarekin beren gose erradioaktiboa berdintzen zuten bitartean. Supituan etorri zitzaidan pentsamendu hura, baina ez nintzen deus erratera ausartu. Pentsatu eta erraten ez diren gauzak. Eta ez bakarrik zerbait ozenki adieraztera egun hartako bakea arriskuan jarriko nukeelako, ez; komenigarria iduritzen zitzaidan gure Anek sinestea zernahi arriskuren aitzinean defendatzeko prest nengokeela. Horrelako gezurretan oinarritzen diren harremanak izaten dira eskuarki sendoenak, baldin eta oinarrizko arau batzuetan dugun konfiantza —errate baterako, gurasoek seme-alabak babesteko daudela dioen araua— berresten badute.

      — Broma da, laztana. Ezinezkoa da hori, gainera. Munduan ez da liztor mutanterik.

      Isilpean utzi behar izan nuen bigarren partea: euli mutanteen arraza bat ere sortuko zela, baina hauek gizakiekin paktu bat sinatuko zutela liztorren kontra borroka egiteko. Eulien laguntza, bistan dena, ez zen debaldekoa izanen: bi hilabetetik bi hilabetera —guti goiti-beheiti: intsektuek diferente antolatzen dute denbora— haragizko zerga bat eskatuko zieten gizakiei, eme edo ar multzo bat aldiro —amaren adinekoak, zehaztuko nukeen, kontatzeko ausardia izan banu—, hasmentan orgia deskribaezinak egiteko erabiliko zituztenak, arraza mutante berriko euliek gustuko izanen zituzten perbertsio guziak probatzeko; geroago, berriz, zientziaren izenean, esperimentu mingarri eta krudeletan baliatuko zituzten, gerlari perfektua, erdi zomorroa erdi gizakia, sortu artio. Horri esker zapalduko genituen liztor mutanteak eta gerra irabaziko. Harrezkeroztik, eulien diktadura militar tinko baina aldi berean goxo baten pean biziko ginen betiko, betiereko bakean, zibilizatu gabeko eremuetan geldituko ziren liztor mutanteen arriskutik libre, noizean behin agintari berrien desirak asetzen segitu beharko bagenuen ere.

      Heidelbergeko gaztelua ikustera abiatu ginen bazkaldu ondotik, Printze Hauteslearen gaztelua alegia. Germaniako Erromatar Inperio Santuaz zer edo zer erraten hasi nintzen, alabaren aitzinean harro agertze aldera batez ere, baina fite ohartu nintzen neure buruarekin ari nintzela solasean. Beharbada hobe nuen oporretan bakarrik etorri izan banintz, horrek emaztearen eta bion arteko arau ez idatziak haustea ekarri izan balu ere. Tira, badakit bikote anitzek horrela jokatzen dutela trauma handirik gabe, baina inoiz sinatu ez dugun arren indarrean dagoen hitzarmen inplizitu bat traizionatzea bezala litzateke guretako, eta opor batzuek merezi duten baino azalpen gehiago eskatuko luke horrela jokatzeak. Banantzea litzateke bertze bide bat, eta orduan inolako arau-hausterik gabe bidaiatzen ahalko nuke, eta aditu nahiko lituzkeenari kontatuko nizkioke liztor mutanteen eta euli atomiko eta lizunen inguruko nire fantasiak, edo Heidelbergeko printze hauteslea zergatik eta zerena zen hautesle; edo, entzule faltan, neure buruari errezitatuko nizkioke narrazio eta azalpen horiek guziak, orain egiten nuen bezalaxe, baina bere erretolika funsgabearekin nire pentsamenduetarik aterako ninduen inor ondoan izan gabe.

      — Zer erran nahi du izen luze-luze horrek, aita?

      Bergbahnen Heidelberg Station Schloss.

      — Ailegatu garela. Orain funikularra hartuko dugu.

      Bai, banantzea bertze aukera bat litzateke, jakina, baina ez nuen uste pauso hori ematera sekulan ausartuko nintzatekeenik. Anerengatik batez ere. Ez anitz maite nuelako —tira, horregatik ere bai, edo hala pentsatzen nuen nire baitako harrak hozkarik egin ez ziezadan, eta halaxe nion aitortua lagun pare bati, batez ere ez zezaten pentsa bihotzik gabeko putakumea nintzela—, baina bai, Ane zela-eta ez nintzen haren amarengandik bereizten ahal, horrek anarkia ekarriko lukeelako. Eritasun larri bat izan zuen gure alabak artean nini bat bertzerik ez zelarik, ezin aipatu den hori hain zuzen ere, eta errebisioz errebisio medikuak oraindik aurkitzen ari ziren tratamenduaren albo ondorioak haren gorputzean. Banandurik egotera, nola jokatu beharko nuke emazte ohiarekin ospitalean medikuek gure haurrarengan kausitutako bertze mutazio ttiki baten berri emandakoan? Zer manatzen du bereizitako bikoteen protokoloak? Besarkatu beharko nuke? Laztandu beharko nuke? Egia zen, ezkonduta egonda ere, albiste txarrak jasotakoan ordurako ez nuela Paula ez besarkatzen, ez laztantzen, ez kontsolatzen, baina banekien hiru gauza horiek egin beharko nituzkeela, jendeak, elkar maite duen jendeak eta teorian maitasun horren ondorioz esposatua dagoen jendeak, horrela jokatzea zela usadioa. Banekien, beraz, besarkatu eta laztandu eta kontsolatu ezean arauak hausten ari nintzela, baina horrek ez ninduen deseroso sentiarazten, ez ninduen arauak hausteak kezkatzen, arauak zein ziren ez jakiteak baizik edo, are gehiago, araurik ez izateak.

      Bi funikularretan igan ginen gaztelura. Moderno-modernoa, lehendabizikoa; Igeldokoaren estilokoa, bigarrena, aspaldikoa eta horregatik xarmagarria alegia. Tontorrera ailegatuta, diskrezioz urrundu nintzen Paula eta Anerengandik; gazteluko atal batean zegoen kupel erraldoi bat ikustera zihoazen bitartean, Neckar ugaldera begira gelditu nintzen. Ukondoak terraza bateko barandan bermatuta, como en un mal poema romántico —hala zioen institutu garaiko literatura liburuan irakurri behar izan nuen Pere Gimferrerren poema batek—, saiatu nintzen Hölderlinen poema famatu hura gogoratzen —Lange lieb’ ich dich schon, möchte dich...—. Zaila da, halere, ongi ezagutzen ez duzun hizkuntza batean poema bat buruz ikastea, eta, horrela, erdipurdi baizik ez nuen bete egoerak eskatzen zuen antzezpena, bidaiari sentiberarena. Bertzalde, ama-alabak berehala etorri ziren nire bila.

      Gazteluko kafetegian ederki ordaindu genuen kafea. Komentario tonto batzuk egin genituen Paulak eta biok, baina Aneren pastelari bisita egitera etorri zen liztorrak isilune deserosoa ekarri zuen gure mahaira. Ezagun zen beldur zirela ez ote nintzen berriz ere intsektu mutanteei buruzko nire pitokeriekin hasiko, baina ez, ni ere isilik gelditu nintzen. Ez nuen gogorik kontatzeko biak babestera etorkizunetik etorritako Erresistentziakide bat nintzela —ez naiz sekulan liderra izan, nor engainatu nahi nuen lehenago?—, hogeita hamar urteren buruan Ane izanen baitzen euliekin akordioa sinatzea lortuko zuena, eta horretarako ezinbertzekoa izanen zela egun hartarik hasita Paulak emanen zion heziketa austero eta zorrotza. Bai, plagiatzaile hutsa da nire irudimena. Alta bada, fantasia horrek ez zuen ongi funtzionatzen, bi protagonistei aiduru zuten patua ezin azaldu izate horrek dena hondatzen zidalako; gainera, nire buruan harilkatzen ari nintzen sexurik gabeko Terminatorren bertsio hura —haurra egina zegoen, etorkizuneko soldadua nintzen honek ez zuen Paula / Sarah Connorrekin harreman intimorik izan beharrik— errealitatetik hurbilegi zegoen, eta fantasiak ez badu egunerokotasunetik ihes egiteko balio, orduan zertarako balio du?

      Funikular zaharrean sartu ginenerako, ama-alabak solas eta solas ari ziren, nire isiltasunari ezaxolati. Gure kotxean, bi emazteki asiar suertatu ziren nire aitzinean: bat pare-parean, eta bertze bat haren ondoan, eskuinean. Azken honen eskuinean, mutil bat, itxura guzien arabera, bigarrenaren mutil-laguna, nahiz eta, Paulak eta Anek niri bezala, bi emaztekiek ez zioten ibilbide osoan kasurik egin. Ustezko mutil-lagunak leihotik begira arindu zuen bidaia; nik, haren neska-lagunari begira. Irribarrea istant batez baizik ez nion ikusi; ile beltz luzea gero, eta esku politak —itsusia zatekeen disimulurik gabe aurpegira begira egotea, baina burua makurtuta haren eskuak aztertu ahal izan nituen: margoturik zeramatzan azazkalak, eta zainak nabaritzen zitzaizkion esku gainetan eta pixka bat besoetan—. Eta horrela, Billy Collinsen poema bat gogoan —dena aspergarriagoa baita literaturarik gabe—, hamar minutuko bidaia hartan maitemintzea erabaki nuen. Ahal bezain biziki —hain ibilbide motzean—, baina behar bezain herabeki —lotsatia nintzen, eta naiz— eta diskretuki —gure bikotekideak hantxe ziren—. Erne aditu nuen bi emaztekien arteko solasaldia, ez bakarrik zein hizkuntzatan ari ziren jakinen banu bezala, baita zer erraten ari ziren ulertuko banu bezala ere.

      Maitasun zinematografikoko kode zorrotzei jarraiki, imajinatu nuen hura film erromantiko bat balitz, Heidelbergeko gaztelutiko jaitsiera labur hartan poltsa lurrera eroriko litzaiokeela nire ezker aldeko emaztekiari, eta ni berehala makurtu eta gauzak biltzen lagunduko niokeela. Gero, iluntze aldean, aurkituko nuke hirurak gure hotelean zirela —zeina egoerak eta nire irudimenak eskatzen zuten mailakoa izanen bailitzateke, ez benetan hartua genuena bezain kutre eta etsigarria—. Hurrengo egunean, insomnioak jota, euskal txiolaririk ez dabilen tenorean nire ohiko txorakeriak txiokatzea alferrikako ariketa zela ohartuta eta telebistan kanal pornorik ote zen bilatu bitartean emazteak itzartzeko arriskuak izituta, hoteleko ostatura jautsiko nintzateke —ez, ez litzateke piano jotzailerik izanen; bai, ordea, musika suabe bat airean, auskalo nondik etorria—. Hantxe ikusiko nuke hura ere, funikularreko emaztekia, edalontzi bat behatz mamiekin laztantzen, zoritxarrekoa izatearen zantzu argiak bisaian. Ahalik eta coolen agurtu ondotik —zeren handik eta hemendik ebatsitako topikoekin asmatzen ari nintzen fikzioan neure buruari ezezagunekin, are emazteki asiar ezezagunekin mintzatzeko botere bertzenaz sinesgaitza emana bainion—, solasean hasiko ginateke honetaz eta hartaz, oinarrizko ingeles batean, ese likido guziei e bat gehituz ni, erre eta eleak neketan bereiziz bera, eta gure arteko zera hori aise sortuko litzateke.

      Harrezkeroztik, logaletua egonda ere loari kontra egiteko asmoz sartuko nintzateke gauero ohatzean, handik gutira jaiki, beztitu eta gure elkargunera abiatzeko. Hiruzpalau gautan errepikatuko litzateke eszena. Laugarrenean, Sabrina filmean Harrison Fordek Julia Ormondi bezala, euskaraz I like you nola erraten den galdeginen lidake; nik duda eginen nuke: gustatzen zatzaizkit —baina komeni da, hain goizik nor-noriren misterioa urratzen hastea?—. Gustuko zaitut? Atsegin zaitut? Biziki laket dut zurekin egotea? Zure ondoan egoteak iraultza ekarri du nire bihotzera? Gramatika ez da oztopo izanen gure artean ote da Bill Murrayk Scarlett Johanssoni Lost in Translation-en akaberan erran ziona? Ez dut uste. Beharbada honela erantzunen nioke:

      Funikularra helmugara ailegatuta, nire helbururik gabeko amodioak ospa egin zuen mutila eskutik hartuta eta bertze neska ondoan zuela. Hirurei begira, zimiko bat sentitu nuen. Ziztada bat. Garondora eraman nuen eskua. Liztor handi bat harrapatu eta Paulari eta Aneri begiratu nien. Ez zen bi urteren buruan izanen.