Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruñea
 
 

 

Gauzarik errazena behar luke

 

 

 

Talking in bed ought to be easiest,

Lying together there goes back so far,

An emblem of two people being honest.

     [Ohatzean mintzatzeak gauzarik errazena behar luke,

     Hain da antzinako elkarren ondoan etzatea,

     Zintzo izan nahi duten bi lagunen ikurra.]

                                                                Philip Larkin

 

 

 

— Vienara joanen gara, beraz, udan.

      — Ongi.

      Arte berezia eskatzen zuen ongi hura ahoskatzeak: haserretik aski urrun zegoen unadura adierazi behar baitzuen eta, aldi berean, aukeran bertze zernahi eginen nuke helarazi behar zion ñabardurak interpretatzen zekienari. Andrea hermeneuta finen talde hautatuan sartzen ote zen duda egiten zuen Koldok, ez zuen argi kontu handiz trenkatutako solas bakar hartan bildutako karga guzia ailegatzen ote zitzaion; susmoa zuen ezetz, eta akaso hobe horrela, bertze zernahi zehazteko eskatu izan baliote, ez baitzukeen zer erantzun jakinen.

      — Ongi —erran zuen berriz—. Vienara.

      Esku artean zuen liburuan murgiltzeko keinu nabarmenegia egin bidenabar, emaztea gorrotatzen saiatu zen segundo batzuez. Edo, gorrotatu ez bazen, bikote harremanen neurgailuan inertzia hutsez onartzetik eta hozki toleratzetik beheiti egonen litzatekeen sentimenduren bat ekartzen saiatu zen. Porrot egindakoan, iraganeko irudietan artean agertzen zitzaion Andreari herra izateko arrazoirik ez zuenez, bidaia hura antolatzen ari zen oraingo emazteki arrotza saiatu zen gorrotatzen, ondotik bilatzeko ez emaztea uzteko desira, emaztea uzteko ausardia baizik.

      — Aritz piszinara eramanen duzu gaur?

      Bertze erremediorik ez bada transmititu nahi zuen bai, jakina batekin erantzun eta komunera noa erran zuen Koldok. Orri-markatzekoa liburuko orrialdeen artean paratu zuen, poliki, irakurri bitartean interesik gabeko galderei behin eta berriz erantzun beharrak noraino gogaitzen zuen argi uzteko, baina iduri zuen Andreak ez zuela bere erantzun hiperlaburren azpitestua ulertu nahi, edo ez zuela eztabaidatzeko gogorik eta, hortaz, ez zuela probokazio horri erantzuteko asmorik.

      Komunean bakarrik zen Koldo, hondarrekoz. Ez zuen taparik goititu. Sakelatik atera zuen telefonoa, irribarre batek aurpegia argitzen ziola, whatsappeko mezuak irakurri ahal izateko.

 

 

Handiak eta txikiak. Motzak eta luzeak. Burusoilak eta bonetunak. Beltzaranak eta zurbilak. Koldok zalantza egin zuen gogoeta hori semearekin konpartitu behar ote zuen. Grazia eginen zion. Denbora gutian nerabetua zen arruntean, igerilekuko aldagelan haren gorputz biluziak aski ongi erakusten zuen bezala, eta sexuarekin zerikusia zuen edozein bromak irri eginarazten zion. Baina, zehazki zergatik ez bazekien ere, zaila izaten zen, zenbaitetan, haurrarekin izandako konfiantza erabatekoa izatea ezpain gainean biloaren lehen arrastoa erakusten zuen Aritz berri harekin.

      “Erne! Erne!”, hasi zen ahots bat bozgorailuetarik, “langile femeninoa sartzekoa da gizonezkoen aldagelan!”. Erne, erne, apokalipsi zonbia iragarriko zuten larritasun berberarekin, handiagoarekin ez bazen. “Berriz diot, langile femeninoa sartzekoa da gizonezkoen aldagelan!”.

      Ikara uholde bat gertatu zen aldagelan, han zirenen mugimenduak azkartu zituena. Aritzek ere ziztuan jantzi zuen bainujantzia, eta ahalik eta serioen begiratu zion aitari, erdi bromatan ukabila goratu eta irririk ez egiteko eskatzen zion bitartean.

      — Zer uste duzu, bada? Koroako harribitxiak ebatsi behar dizkizutela, ala?

      Koldok berak ere di-da galtzontzilloa erantzi eta, ate aldera begirada iheskor bat botaz, bainujantzia paratu zuen. Arropa guzia aldagelako armairuan bildutakoan, toallak hartu eta lehen pisuko piszinetara abiatu ziren aita-semeak. Zimelak eta distirantak, meheak eta gizenak, ile-kizkurrak eta ile-lisoak. Langile femeninoa sartu orduko denak zeuden ongi estaliak. Ez, ez zion Aritzi erran behar. Gustu txarreko txistea zen. Twitterren, beharbada.

      Eskaileretan beheiti zihoazelarik, semearen gorputzari erreparatu zion Koldok, artean ikusi gabea balu bezala: luzea, baldarra —beso eta zango bakoitza berezko bizitzaren jabe, gainerakoengandik erabat independentea— eta hauskorra. Batez ere hauskorra. Arras ume oraindik, gizondua zitzaion bozaren despit, eta zakilaren inguruan eta besapeetan sortzen hasia zitzaion ilea gorabehera. Hain ume, hain erraz erasotzen eta hain erraz zauritzen eta mintzen, hain etorkor eta otzan eta maitagarri, ezen gogoa ematen baitzuen batzuetan behar baino gehixeago zirikatzeko eta haserrearazteko. Aritzen ikaskideak ere ederki ohartuak ziren horretaz, eta ikasturte gogorra emana zioten. Baina Andreak ez zuen Koldok proposatutakoa onartu nahi eta... Ez. Oporretan zeuden orain. Ez zuen horretan pentsatu behar. Gibelean gelditua zen eskola.

      — Hara! Gaur igerileku osoa guretako, aita! Ez dago inor!

      Izan ere, bi igerilekuak zeuden libre. Eskuinekoa, olinpikoa dena, eta ezkerrekoa, balea lasaiena. Aita-semeak ezkerrekora joaten ziren beti, ezkerrekoan irakatsi zion Koldok igeri egiten, eta normalean medikuak agindutako ariketak egiten aritzen ziren andre zaharrekin konpartitu behar izaten zuten. Ez, ordea, egun hartan.

      — Gaur, gu izanen gara ugaztun bakarrak.

      — Bai, ni kaxalotea eta zu sardina.

      — Ez deitu horrela. Sardinak ez dira ugaztunak, gainera.

      — Zu izurdea, orduan.

      — ...

      — Izurdekumea.

      — ...

      — Izurdekume mehea. Eta ttiki-ttikia.

      — Aita! Utzi bakean!

      Dutxatu bitartean, igerileku olinpiko aldera begiratu zuen Koldok. Urte horietan guzietan, ez zuen behin ere probatua. Lotsa pixka bat ere ematen zion. Duintasun handiz egiten dut igeri, burua tente-tente daramadala, uretarik kanpo, erraten ohi zien lagunei. Baina egun hartan ez zebilen inor. Soroslea ere ez zen inon ageri. Eta Aritz egoten ahalko litzateke inolako arriskurik gabe metro eta hogei sakon zen ondoko putzuan. Tarte batez, bederen.

      Zer gertatuko litzateke bere irudimenean hedatzen zen amildegia gainditu eta igerileku olinpikora abiatuko balitz. Itoko ote litzateke Aritz zilborrera justu-justu ailegatzen zitzaion ur sakonera hartan? Eta berari, zer gertatuko litzaioke, zer gertatzen ahalko litzaioke? Bat-batean sorturiko zurrunbilo batek irentsiko ote luke? Edo piszinetan altxatua bizi zen arrain —edo ugaztun— erraldoi batek erasoko lioke hozkaka? Irri eginen lioke sorosleak, bueltatuko balitz? Edo tupustean harresi bat sortuko litzateke bi piszinen artean, eta betiko galduko luke Aritz?

      — Goazen, aita! Goazen! Ea, bada, sartu zu lehenbizian.

      Semea beharbada aske eta plazer handiz igeri egiten ez saiatzeko motiboa ala arriskurik ez hartzeko aitzakia ote zen sobera ongi jakin gabe, bale lasaien eremura abiatu zen Koldo. Eta, behin uretan sartuta, gustura aritu ziren jostetan, artean Aritz hankekin hondoa ukitzera ailegatzen ez zelako Koldok eskuetarik kontu egiten zioneko garaian bezain zoriontsu.

 

 

Hilda nago, eta zerura igan naiz. Aingeru baten bisaia zen Koldok ikusten zuen gauza bakarra. Logalearen arrastoak desagertu ahala, forma lurtarragoak hartuz joan zen izaki zerutiar hura, emeki-emeki Bridget Fondaren hazpegiak izan artio.

      — Siesta ederra egin duzu!

      — Mmm... Zer ari zara ikusten?

      — Ez dakit. Pelikula bat. Nicolas Cage ateratzen da. Nicolas Cage gustatzen zaizu, ezta?

      — Bai.

      Koldok gorroto zuen Nicolas Cage, ezinen zukeen Nicolas Cage protagonista duen gustuko film bakar bat ere gogora ekarri, baina segitu zuen telebistari so, Fondak antzezten zuen zerbitzariaren eta Cagek gorpuzten zuen poliziaren artean sortzen ari zen istorioa norat zihoan ikusteko jakin-mina piztu zitzaiolako. Bertzalde, Andreari sekulan aitortuko ez ziokeen arren, azkenaldian pixka bat hunkitzen zuten film tonto erromantikoek. Interesa handitu zitzaion ulertu zuelarik Cage polizia ezkondua zegoela, eta, beraz, erabaki behar zuela zer egin zuzenean zerutik etorria iduri zuen kamarero harekin. Interesak beheiti egin zuen, berriz, gidoiak Cageren pertsonaiari erantzukizun oro kentzen zion hein berean: polizia esposatua zegoen, bai, baina haren emaztea itsusia ez ezik pertsona berekoi higuingarria ere bazen, buruan dirua bertzerik ez zuena. Are gehiago, senarrari adarrak jarri eta etxetik botako zuen. Erabaki hori ere ez zuen hartu beharko Cagek, une egokienean ailegaturiko deus ex machina batek egoera konponduko baitzion. Koldo oroitu zen zergatik zuen nahiago ekintza zinema, bere gangster, pistola eta klixeekin.

      — Nola ikusten ahal duzu kaka hau? Gogaikarria da. Joder, zabor hutsa da.

      — Bada, zu ere gustura egon zara! Eta lehenago siesta egiten ari zinen. Zer, lo zaudelarik ere zure gustuko saioak paratu behar ditut ala? Eta, bai, niri gustatzen zait, ez da film ona izanen, baina gustatzen zait. Tira, berehala akituko da, eta, nahi baduzu, aterako gara Aritzekin buelta bat ematera.

      Isilik gelditu zen Koldo, zuk-beti-arrazoi-nik-sekulan-ez paper melodramatikoa antzeztea hautatua zuelako eta, egia errateko, aferak ez zuelako mugarri izan zitekeen eztabaida baterako ematen. Normala zen bikoteetan gustuak ez konpartitzea. Ez zen hain larria.

      Bibrazio bat sumatu zuen sakelan.

      — Komunera noa. Gero aterako gara, nahi baduzu.

 

 

Luze ibili ziren sanferminen hurbiltasunak erakarritako turistez gainezka zegoen Alde Zaharreko karriketan barna, eta, hondarrean, Arrotxapeara ere jautsi ziren, Aritzek eskatuta, aitatxi-amatxiak ikusi nahi zituela tematua baitzen mutikoa. Hori zela eta, neke fisikoari gurasoekin egoteak Koldori eragiten zion unadura gehitu behar zitzaion, eta, hala eta guziz ere, ez zen lokartzen ahal. Andrea ere ez. Haren arnasaren lasaitasun erritmikoa gorabehera, Koldok bazekien itzarria zegoela, berarengandik zentimetro gutira. Gizonak pentsatu zuen hurbiltzen ahalko litzaiokeela, eta, hala eginez gero, segur aski Andreak ez liokeela trabarik jarriko. Kontent onartuko lukeela naski. Akaso horren esperoan zegoela. Koldo ez zen mugitu, halere.

      Bertzenaz, zerbait erraten ahalko lioke. Erran beharko lioke. Noizbait. Zergatik ez orduantxe, ilunpean. Ohatzean mintzatzeak gauzarik errazena behar luke. Andrea, ongi gaude? solasekin hasi, eta erantzunaren arabera bide batetik edo bertzetik segitu. Edo beharbada hobe litzateke galdemodu batetik ez abiatzea. Andrea, erran nahi nizun; edo, erran nahi nizun, Andrea. Izena ahoskatu egin behar zen, bistan zena, ez gela hartan hitz haiek bertze nornahirendako izaten ahal zirelako, baizik eta azpimarratzeko elkarrizketa hark inportantea eta intimoa izan behar zuela. Eta aditza: erran nahi nizun, erran nahi nizuke, erran nahi dizut? Baina erran nahi ote zion? Erran behar lioke, nahi ala ez.

      Gauzarik errazena behar luke, baina gero eta denbora gehiago igarotzen zen, eta isilik segitzen zuen Koldok. Erranen balio, buruan zerabilkion zurrunbiloa solasera ekartzen asmatuko balu, ustekabean harrapatuko luke Andrea? Edo bazekien, susmatzen ote zuen, manerarik lausoenean balitz ere, zer zen senarrak azaldu nahi zion hori eta horregatik zegoen hura ere bere ondoan ezin lokartuz baina lo egotearen itxura egiten, sekretuan erregutuz Koldok eztarrian trabatua zuen mezu mingotsa ezpainetara ailega ez zekion?

      Egunean bigarren aldiz saiatu zen Koldo emaztearenganako herra pixka bat sentitzen, ondoan zetzan gorputz lehen hain ezagun baina orain ukitu gabea pittin bat bederen gorrotatzen. Egunean bigarren aldiz egin zuen porrot. Elkarri garrasika ari diren eszena bat irudikatzeko eginahalak egin zituen, ezin atereaz zebilen aitormena justifikatuko lukeen eszena bat, senar-emazteen haserreak eta sesioak, baina horiek ere ez zituen oroimenean aurkitzen. Gogor saiatuta ere, ez zuen dramarik kausitzen: gehienez ere, gainbehera etorritako iragan bat, elkarri zenbaitetan ozenki eta gehienetan isilean leporatzen zizkioten txikikerien bilduma zen orainera zeramana. Berea zen erru guzia; Andrearekin zuen harremana zimelduz joana bazen ere, berea zen erru guzia, deusek ez zuen egiten ari zena justifikatzen, egoera ez baitzen infernu jasanezin bihurtu, adiskideen elkarbizitza zibilizatua baizik. Zoritxar moderatua. Apika anitzek baino gehiago zuten lortua.

      Edo ez. Baina denbora aitzinera zihoan, eta gero eta zailago egiten zitzaion bere sentimenduak adieraziko lituzketen solas zintzo eta aldi berean atseginak bilatzea; edo, sikiera, gezurtiak eta desatseginak ez liratekeen solasak aurkitzea.

      Zurrunga ttiki batek argitu zion orduan bai, orduan lo zegoela Andrea.

 

 

Beti bezalakoak izan arren, sanferminak arraroak izan ziren Koldorendako. Aritzek artean lagunekin ateratzeko adinik ez izanik —edo, bertze irakurketa batean, norekin atera ez izanik—, betiko martxan ibili ziren: erraldoiak, suak, barrakak. Gogoa bertze nonbait zuela ibili zen Koldo.

      Berri Txarraken kontzertura joatea izan zen egin zuten gauza berezi bakarra, urteroko normaltasunetik pixka bat urrundu zena. Aritzekin joan zen, egun hartan Andrea nekatua zegoelako. Whatsappa kontsultatu zuen abiatu baino lehen; bidean solasean joan zen semearekin, arrunt animatua, baina kontzertuan ez zuen arreta oholtzan finkatzeko manerarik aurkitzen, nabarmen, semea urduritzeraino.

      — Zer ari zara, aita, toki guzietara begira? Musika hor dago, aitzinean.

      Baina ezin.

      — Zaude hemen, zerbait hartzera noa. Zuk zer nahi duzu? Whiski bat? Koñaka? Ginebra?

      — Kar, kar —Aritzek, muturra makurtuz. Alkoholaren inguruko bromek deseroso paratzen zuten betidanik—. Ez, ez nago egarriak.

      Voll-Damm bat eskatu zuen Koldok, eta semearen ondora bueltatu.

      — Alkoholik gabea eskatu dut.

      Edalontzitik hurrupak hartzeko aitzakiarekin, disimulu handiagoz begiratzen zuen ezker-eskuin, burua musikarekin batera mugitzen saiatu bidenabar.

      — Nekatua nago. Itzuliko gara etxera?

      — Baina oraintxe ari dira kanta hoberenak jotzen.

      — Ez baitzara kasurik ere egiten ari, aita.

      — Nola ezetz?

      Jotzen ari ziren abestiaren leloa errepikatzen hasi zen serio-serio Koldo, arreta guzia agertokian ziren musikariengan paratua izatearen itxura egin nahian, hitzak ez zituela sobera ongi ezagutzen ezin ezkutatuz halere. Salto batzuk ere egin zituen, baina besoak inarrostearekin batera garagardoz zipriztindu zuen kamiseta, eta duda egin zuen bietarik zeini eragiten zion lotsarik handiena aita beti-gaztearen bat-bateko adore erakustaldi hark.

      — Goazen, nahi baduzu. Berandu da. Goizkara jaiki zara gaur, gainera.

      Eta orduantxe, plazatik kanpo aldera zihoazelarik ikusi zuen hondarrean. Lagun batzuekin zegoen. Bi musu eman zizkioten elkarri, eta Koldok aurkezpenak egin zituen.

      — Begira, Aritz, hau Irati da, lagun bat. Irati, Aritz.

      — Aitak asko hitz egin dit zutaz.

      Haurrarekin aritu zen solasean Irati, tarteka Koldori bromaren bat egiten ziola. Minutu gutiren buruan, uneko osagaiek —musika, lagunak, haurraren presentzia— enkontrua luzatzea zailegi bihurtuko balute bezala, Koldok Aritzen nekea aipatu eta, Iratiri bertze bi musu emanda, alde egin zuten aita-semeek.

 

 

— Zer moduz atzo?

      — Ongi.

      — Gustura, mutikoa?

      — Bai. Nekatua zegoen.

      — Ezagunik ikusi zenuten?

      — Ez. Inor ez. Jende pila zegoen.

      — Kamiseta garbitu dizut.

      Zergatik garbitu didazu kamiseta? Zergatik jaiki eta etorri zara kamiseta puta hori garbitzera? Zergatik tematzen zara nire ama izaten?

      — Ongi.

      — Zer nahi duzu gaur?

      Berriz atzoko kontzertura bueltatu. Ongi pasatu. Libre ibili.

      — Zer?

      — Zer nahi duzun. Gaur. Bazkaltzeko.

      — Ez genuen kanpoan bazkaldu behar? Ez ginen Baionara joatekoak?

      — Aritzi ez zaio gustatzen Baionara joatea. Sanferminetan gaude. Zergatik ez gara Iruñean gelditzen?

      — Joder. Niri ez zaizkit sanferminak gustatzen. Kokoteraino nago errutina porkeria honetaz, barrakez eta erraldoiez. Eta egun batengatik ez da...

      — Ez egin oihurik. Aritz lo dago eta. Baionara noiznahi joaten ahal gara, sanferminak urtean behin baizik ez dira.

      Haserre arrastorik gabe agurtu zuen Koldok Aritz, haurra sukaldean azaldu zelarik. Eta nola gosaltzen zuen —zeinen gogotsu, zeinen arduragabe— ikusten zuela pentsatu zuen errazagoa zela semea gorrotatzea emaztea baino. Hura zelako erabakiak hartzeko motiboa, hura zelako gauzak ez egiteko oztopoa. Hura zelako min ematen ahal zion zauri bakarra.

      Bazkalondoan, Andreak sofan etzanda siesta egin eta Aritz psparekin ari zen bitartean, ordenagailu aitzinean jarri zen Koldo. Testu luzea idatzi zuen, hainbat aldiz zuzendu behar izan zuena, baina adierazi beharrekoa sinple samarra zen, uneko osagaiek zergatik egiten zuten zailegi, mingarriegi, gogorregi egoera luzatzea. Testua igorritakoan, komunean sartu eta mezu bat bidali dizut idatzi zuen whatsappean; ondotik, zenbait astetako elkarrizketak ezabatu eta telefonoa itzali zuen. Memento batez iduritu zitzaion luzaro bizitzen ahalko litzatekeela komunean, han zuela preziso behar zuen guzia: gorputzaren zama uzteko jarleku bat, azulejuen biluztasuna, isiltasuna, negar egiteko denbora.

      Siestaren ondotik Andreak buruko mina zuenez, aita-semeak abiatu ziren bakarrik Alde Zaharrera, eta gero Arrotxapeako barraketara. Arriskurik gabeko emozio handiak eskaintzen zituen feria hartan, Aritzek gustuko zituen atrakzio guzietan ibili ziren, aspertu artio: Barku Bikingoan, Oihan Sorginduan, bueltaka eta saltoka zebilen Kanguroan, hainbat aldiz buruz beheiti jartzen zen Rocketen —Koldoren harridurarako, deus ez zitzaion sakeletarik erori—. Saltxitxa bana eta patata batzuk afaldutakoan, dardoetan Aritzek leherrarazi zituen panpinaren bat irabazteko leherrarazi behar ziren hiru globoak: Koldoren gustuko Green Lantern txiki bat galdatu zion postuaz arduratzen zen ijitoari, eta pozarren eman zion aitari, gurasoen zoriona ziurtatzea seme-alabei balegokie bezala, eta ez alderantziz.

      — Gustura zaude, aita? —galdegin zion behin Aritzek. Eta Koldo saiatu zen, benetan saiatu ere, bere ahoak trenkatuko zuen bai hura bai bertzerik ez zedin izan, bertzelako azpimezurik gabe; bertze zerbait gehiago izatekotan, izan zedila hor nonbait, bihotzean ez, estomakan ez, barneago eta sakonago borborka sentitzen zuen horren kontrako harresia. Ez zekien lortu ote zuen.

      Etxean, film bat ikusten harrapatu zuten Andrea. Bere film aspergarri jasanezin horietarik bat. Txinakoa, oraingoan. Pareta baten kontra bermatua, Tony Leung —Koldok hain gogoko zituen akzioko filmei esker ezagutu zuen aktorea— aitormen lazgarri bat egiten ari bide zitzaion ondoan zuen begirada galduko emaztekiari. Filma gelditu zuen Andreak.

      — Zer moduz?

      — Ongi. Eta zu? Joan zaizu buruko mina?

      — Bai, hobeki nago. Bueno, Aritz, orain hortzak garbitu, pijama paratu eta ohatzera.

      Semearen pixaren asotsa komunetik ailegatzen zitzaiolarik, Koldori burura etorri zitzaion hala beharko balu ere ez zela inolaz ere gauzarik errazena, pantailan hormaturik zegoen Tony Leungen eginahalek erakusten zuten bezala.

      — Ni ere ohatzera noa. Leher egina nago.

      — Ados. Bihar artio.

      Egia zen, leher egina zegoen. Andrea ohatzera etorri orduko, lotan egonen zen, eta egun hartan ere ez zuten ez elkar ukituko, ez elkarri deus erranen. Eta, horrela, musurik eman gabe, Green Lantern panpina eskuan zeramala, logela aldera abiatu zen, esperoan zuen ohatzeko epeltasun ezagun eta moderatuaren aldera.