Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruńea
 
 

 

Zutabegilea

 

 

Haize freskoa. Horixe izana zen bere asmoa, argitalpen hartako zutabegintzara haize freskoa ekartzea, eta apaltasun faltsurik gabe erraten ahal zuen helburua betea zuela. Ez beti, jakina, baina bai tarteka bederen. Bere zutabeak berriz irakurtzen bazituen —denak zituen karpeta batean bilduak, hiru urteko lana—, artean bere buruari aitortzen zion guti batzuk —egia osoa errate aldera, erdiak baino gehiago, onartzen zuen irribarre mehe batekin— ongi idatziak zirela, zer edo zer bizigarria zutela, grazia berezi bat, berak bezala astean behin idazten zuten bertze zutabegileen testuetan neketan aurkitzen zuena.

      Lanean hasi baino lehen bazekien, ederki jakin ere, argitalpen hark bere ildo ideologikoa —ez, hori soberaxko zen—, bere ildo editoriala bazuela; halere, horrek ezartzen zizkion mugen barnean —eta gutitan, bai, baina behin baino gehiagotan muga horietarik harataxeago ere bai, pentsatzen zuen, keinu bihurri kasik maltzur batek bisaia argitzen ziola— aurkitu zuen berritzailea izateko bidea, baita noizbehinka heterodoxoa izatekoa ere, nahiz eta ez zuen inoiz —Jainkoak gorde dezala!— heterodoxo profesionalarena egin nahi izan. Iraultzailea? Ez, zintzotasunak ez zion izenondo hori bere egitera uzten. Tira, behin edo bitan; hirutan, gehienez ere.

      Pena bakarra zuen erdaraz idatzi behar izan izana: erakutsi nahi zukeen berak jorratzen zituen gai zail haiek —zailak baitziren, hori ez zen ukatzen ahal— euskaraz ere jorratzen ahal zirela lasai aski. Ez zen, halere, lotsatzen. Azken buruan, maila handiko euskal kazetariak erdaraz arituak ziren noizbehinka. Bertzalde, hondarrean, kazetari horietarik batek egiten zuen bezala, berak ere zuzendariaren baimena erdietsia zuen tarteka —maiztasun finkorik gabe, baina bi hilabetetik bi hilabetera guti goiti-beheiti— bere zutabea euskaraz atera zedin. Behin, Paulinak, aldizkariko idazkariak, euskalduna baitzen, euskarazko zutabe horietarik bat anitz gustatu zitzaiola adierazi zion —begiradarekin eta irribarre herabe batekin, baina lotsatiek badakite begirada berezi bakan horiek interpretatzen, bai eta haren mazelak tindatu zituen kolorea ere; edo beharbada ez zen gorritu, akaso hondar detaile hori zutabegileak berak gehitu zion geroago kontakizunari, ez bere burua seduzitzaile mozorropean aurkezteko asmoz, amu gisa baizik, hau da, anekdotari interes handixeagoa eman nahian eta, tira, bai, zintzo nahi izatera, hein ttiki-ttiki batean bere burua harro erakutsi nahian, zeren pasadizoa frankotan kontatua baitzien lagunei, baten batek uste bazuen ere inork ez zituela bere euskarazko zutabe horiek irakurtzen—.

      Ez zen, dena den, ohikoa irakurleek zoriontzea asteko zutabearengatik, euskaraz ala erdaraz izan. Testuaren gainean bere argazkia ageri zen arren, irudi zaharra zen, eta ez zion —uste zuen harrokeriarik gabe erraten ahal zuela— justiziarik egiten, kasik ezagutezin bilakatzeraino. Barride batek bota zuen behin positibotzat jo litekeen aipu bat, igogailuan, eguraldiaren gaia agortuta, eta, harategian, andre batek besotik heldu eta astero irakurtzen ziola erran zion irribarretsu —ezikusiarena egin zion emaztekiak besapean zeraman Diario de Navarrari: nazka handia zion, herra ez errateagatik, hor idazten zuen zutabegile bati; hari higuina izan eta, gauzak zer diren, lagun guziek ohartarazten zioten elkarren antz izugarria zutela. Zorionez, berak bazekien zirikatzeko asmoz erraten ziotela hori, jendeak esajeratu egiten zuela bien arteko antzekotasuna—. Nolanahi ere, euskal jendeak sentimenduak adierazteko duen urritasuna gorabehera, bazekien irakurleek, oro har, bere lana preziatzen eta eskertzen zutela, eta Koldo ere, zuzendaria alegia, kontent zela bere zutabegintza ausartarekin —begi-bistakoa baitzen halakotzat hartzen zuela zutabegilearen lana—.

      Hain zuzen ere horregatik ez zekien orain zer bide hartu. Inor ez da ezinbertzekoa, bistan dena, baina, hotz eta objektiboki pentsatuta, ez zuen inguruan egilerik ikusten berak aldizkariari emana zion mailari kontu egiten ahalko liokeenik. Itsusia da harropuzkeria, baina are itsusiagoa itxurazko umiltasunaren izenean egiari uko egitea, eta egia zen, berak zutabea utziz gero, ez zuela inor ezagutzen betiko topikoei berak bezala buelta emateko gauza izanen litzatekeenik, ohiko gaiei ustekabeko ertzetarik heltzeko trebetasuna izanen lukeenik. Alta bada, hori bezain egia zen ez zela aspaldi horretan egindako lanarekin konforme sentitzen. Karpeta hartu eta bere testuak berriz irakurri ahala, gainbehera etorri izanaren sentsazioa izaten zuen, gero eta zailago balitz bezala lehen testuetan —duela hiru urtekoetan— ikusten zuen pindarra aurkitzea; hondar urtekoetan, berriz —txarrak izan gabe, ezin baitzen erran inoiz testu benetan txarrik idatzia zuenik—, biri edo hiruri baizik ez zien igartzen hasmentako indarraren arrasto ahulen bat.

      Bere zeregina, nolanahi ere, betea zuen. Naski ez zen solas hanpatuegirik baliatzen ari erraten bazuen, bere txikian, gizartea hobetzeko ekarpena egina zuela, bertze anitzek ez bezala. Zutabea orain uzten bazuen, inork ez zion kritikarik egiten ahalko. Biziari begiratzeko bere ikuspuntu original hori gabe, irakurle batzuk —ados, irakurle franko, irakurle asko; ene jesus!, hezur-muinetaraino barneratua dugun apaltasun hori, gure merituak ukatu behar masokista hori— umezurtz geldituko zirela? Baiki. Baina bera ailegatu baino lehen existitzen zen aldizkaria, eta bera gabe segitu beharko zuen hemendik aitzinera lanean. Ez zuen itzultzea baztertzen, baina, orain, hobe zuen zirt edo zart erabakitzea. Ez zuen balio dilema moral hartan —morala baitzen, literarioa bezain— luzeago katramilatzea.

      Aldizkariari min emanen ziolako penatuta ere, egiazko umiltasuna bere burua argitalpen horren euskarri bakartzat ez jotzea zelakoan, telefonoa hartu eta zenbakia markatu zuen.

      — żSí? —Paulinaren boza ezagutu zuen berehala.

      — Paulina? Ni naiz, Eneko...

      — Nor?

      — Eneko. Eneko Herrera. “Kristau modernoaren erronkak” saila idazten dut eta...

      — Ya. Zer dela-eta deitzen duzu?

      — Bai, zera, jarriko nauzu Koldorekin, faborez? Hoja parroquialeko nire zutabeari buruzko kontu bat komentatu nahi nioke.