Violeta Moliner, Viktoria Müller
Etxean atxiki ninduen zenbait astez eritasun batek —anormaltasun batek, egiari zor, ez baitut sekula eritzeko joerarik izan, eta eginahal handia egin beharko nuke nire gaixotasunen zerrenda motza gogora ekartzeko; are gehiago, apika, normala iduritzekotan, ezongixko sentitu izanaren nire historial hori gizendu beharko nuke nire irudimenetik ateratako gaixoaldiren batekin—. Fitekara konprobatu nuen jendeak zeinen erraz atzentzen zaituen: lehendabiziko sei egunetan inork ez zidan deitu, inork ez zidan telefonora edo posta elektronikora mezurik igorri, inor ez zitzaidan bisitan etorri. Lehen asteaz geroztik, egunak zenbatzetik gelditu nintzen.
Etxean atxiki ninduen eritasunak; ez, ordea, ohatzean. Sofan etzanda eman nituen lehen egunak, aspalditik irakurri gogo nituen liburuak irensten —betiere buruko minik sumatu uste izaten ez banuen—. Ez zen luze joan istorio haietaz aspertu orduko. Betidanik letren arteko haurtzaroa irudikatu diot neure buruari; begiak hesten banituen, besapean liburu bat zeraman ume bat ikusi nahi izaten nuen, literaturarako jaidura handia zuena, hain handia ezen arestiko liburuak irensten molde hiperbolikoa justifikatuko bailuke.
Beharbada esajeratzen ari naiz. Ez dakit. Zenbait egunen buruan telebista pizten hasi nintzen, hasmentan jasangaitz bilakatua zitzaidan isiltasuna haren asotsarekin estaltzeko: hutsik baitzeuden nire etxeko pisu gehienak; inor ez zen nire solairuan bizi, hirugarrenean alegia, ezta goitikoan edo beheitikoan ere; gainerakoetan ez dakit jenderik ba ote zen, baina urrunxko zeuden, alegiazko barrideengandik bizi-seinalerik nireganaino ailega zedin. Hala eta guziz ere, bikote bat sesioan aditu izanaren irudipena izan nuen goiztiri batzuetan: hondarrean, borzgarren solairua esleitu nien eztabaida horiei, eta gero eta hazpegi zehatzagoak gizonaren aurpegiari, haren boza baitzen, mingotsa eta koleratua, argien entzuten nuena. Telebistatik heldu zen zarata gustukoa izaten hasi nintzen geroago, bakardadea eta, nola erran, ohiko errutinatik aparte, egiazko existentziarik ez izatearen sentsazioa desagerrarazten laguntzen zidalako.
Lorik gabeko gauetan —kate guzietan kartetan begiratuz etorkizunari igarriko diotela promes egiten duten sorginak bertzerik ez den tenorean—, gaztaro imajinarioa asmatzen nion neure buruari, bazkalondoko filmetarik eta albistegi sentsazionalistetarik ebatsitako piezekin: Ingalaterran igarotako udak —gurasoen anglofiliaren ondorioetarik bat, irletan ezagutu baitzuten elkar, Stonehengera egindako bisita batean—; azentu gozoko mutil harekin izandako erromantzea; hasmentako arrakasta literarioa Londresen, eta ondorengo ahanztura; anonimotasunaren eske hona eginiko bidaia; eritasun hau. Nire izena erraten nuen tarteka, ahapeka —Violeta Moliner, Violeta Moliner—, behin eta berriz ahoskatutako lelo horrek sendotasuna emanen balie bezala nire memoria akastunari eta nire gorputz ahulari.
Leihoa izan nuen hurrengo denbora-pasa. Telebista gauerako eta bazkaldu ondoko siestarako utzita, irakurtzen ari ez nintzelarik —eta gero eta gutiagotan irakurtzen nuen, hori harrigarria izan baliteke ere hain haur liburuzale izan nintzen honengan—, leihotik begira ematen nituen orduak, karrikan zebilen eta pareko dendetan sartzen zen jendeari so, lehendabiziko egunetan; aitzineko eraikinari, hurrengoetan. Gero eta denbora gehiago ematen nuen begiak eraikin hartan paratuta, batez ere hirugarren solairuko leiho batetik norbait —emazteki bat— nire aldera begira —harridura bisaian— zegoela iduritu zitzaidan lehendabiziko alditik. Ergela izan zen naski nire erreakzioa, leihotik baztertzeko egin nuen mugimendu zakar eta motiborik gabea. Bat-bateko nire keinu hura erabili nuen gero neure buruan pareko etxeko biztanlearen asaldura azaltzeko, eta behar baino aise denbora gehiago kostatu zitzaidan ohartzea segur aski ni nerau nintzela bietan asaldatuena, zeren, bertzenaz, nola ulertu logika kronologikoaren kontra zihoan azalpen hura —harridura nire erreakzioa baino lehen heldu bazen ere, honen bidez ari nintzen hura justifikatzen— onartu izana?
Sarriago, ohatzean, lorik gabeko hainbatgarren gau hartan, ofizio sinesgaitzak egotzi nizkion bi segundoz hautemandako emazteki hari, eta, aldi berean, motibo sinesgarriak —hau da, lanbide sinesgaitzei esker bihurtuak sinesgarri— imajinatu nizkion haren harridurari: isilean zebilen Hollywoodeko aktore famatua zela, eta orain beldur zela sare sozialetan haren egoitza sekretuaren berri emanen ote nuen; edo inbasio estralurtar baten aitzindaritako jotzen nuen, baina artean bere arma desintegratzaile orosuntsitzailea arruntean prest ez izateak argitzen zuen haren ezinegona; edo idazle bat zela, lasaitasun eta inspirazio bila, eta ni ikustearekin batera konturatua zela alferrik zebilela, handik aitzinera zituen ordu guziak barrandaturik igaro beharko baitzituen leihoko agerpen misteriotsu hura —argitaletxe etsai bateko espioia ote?— berriz ere noiz harrapatuko. Alta bada, ni nerau izan nintzen egunak eman zituena pareko etxeari begira, atezuan, gero eta interes handiagoarekin, logelako tiradera batean aspaldiko largabista bat —aitak Afrikako safarietan animaliei behatzeko izan zuen zaletasunaren arrastoa, ebatzi nuen nire artean— bilatu beharra sentitzeraino. Hartara, argi guziak itzalita eta errezelen gibelean altxatuta, tramankulu hari esker konprobatu ahal izan nuen egia zela nire hirugarren hipotesia, lehen zatiaz den bezainbatean bederen: ordenagailu aitzinean ematen zituen emazteki hark goiz gehienak, bai eta arratsalde batzuk ere, edo zenbaitetan boligrafoz edo arkatzez oharrak edo markak edo marrak egiten —nengoen distantziatik ez nuke zehazten ahalko— inprimatutako orrialdeen gainean, atseginez batzuetan, amorruz bertzetan.
Lehendabiziko sei egunetan ez zen behin ere etxetik atera, eta ez zuen bisitarik izan —telefonoz ere ez nuen inoiz solasean ikusi, baina aspaldi du telefono deia jendearekin komunikatzeko tresna nagusia izatetik gelditu dela—. Zalantza izan nuen, istant batez izan bazen ere, ez ote zen balizko idazle hura nire irudimenaren produktu bat, eldarnio bat, manera absurdoan luzatzen ari zen nire eritasunaren albo-ondorio bat. Zazpigarren egunean, bi gizon —larruazalaren zuriak eta baten ilearen gorriak salatzen zuten atzerritarrak zirela— ikusi nituen karrikan, haren atariko txirrina jotzen. Normal-normal ireki zizkien karrikako atea lehendabizi, eta etxekoa gero, eta solasean aritu ziren sukaldean, kafe bat hartu bidenabarkoan. Lagunak ziren, begi-bistakoa zen, eta kontent ziren; iduri luke etorri berriak nire behaketen objektua zoriontzen ari zirela. Geroago, paper batean hainbat gauza apuntatu ondotik, alde egin zuten biek, eta bi orduren buruan elikagaiez beteriko poltsekin bueltatu. Idazle inportantea behar zuen izan, mandatuak egiten zizkioten bi morroi zituenerako.
Biharamunean paratu ahal izan nion izena hondarrekoz, telebista inork ikusten ez duen orduetan eman zuten saio bati esker: Viktoria Müller, Munichen sortua, Londresen bizi izandakoa —eta hantxe idazle ezagun bihurtzen hasia—, eta aspalditik Euskal Herrian —Espainian, erran zuen aurkezleak— bizitzen jarria. Arrakastatsua gertatzen ari zen trilogia baten hirugarren atala ari omen zen akitzen toki ezezagun batean.
Hurrengo egunetan, largabista eskuan leiho ondoan ez banengoen, ordenagailu aitzinean aritzen nintzen, haren inguruko xehetasunen bila: anitzetan xehetasun literarioak, zer sari zituen jasoak, zer liburu idatziak, zer-nolako kritikak eginak zizkioten; aitortu nahi nukeen baino maizago, informazio pertsonala, non zen bizi izana, norekin esposatua edo maitemindua edo zer bikotekide zizkioten egotziak, eskandalurik ote zegoen haren izenari lotua. Datu haiek guziak asotsa bertzerik ez ziren, buruan benetan nerabilena isilarazteko: zeren, egia erran, harrigarria egiten baitzitzaidan elkar ez ezagutzea, dudarik gabe elkarrekin suertatu behar baikenuen Londresko aurkezpen edo mintzaldi edo besta literarioren batean. Beharbada hura nitaz oroitzen zen, eta beharbada horrek harritu zuen leiho ondoan kukuturik atzeman ninduen egun hartan, Londresen noizbait ikusia zuen baina oroimenetik kasik lekutua zitzaion aurpegi erdi ezezagun hura hemen aurkitzeak alegia. Niretako harrigarria baino gehiago, hein batean aztoragarria zen neure buruari imajinatua nion gaztaroko arrasto hura orain etxe parean edukitzea; sinesgaitza egiten zitzaidan hain iduritsuak izanak ziren bi bizitza —sorterria gibelean utzi izana, Londres, arrakasta literarioa— hain bide desberdinetan ibili ondotik berriz ere juntatu izana.
Viktoria Müller hasi nintzen idazten paper puska ttikietan —Viktoria Müller, Viktoria Müller— egongelako sofan etzanda egoten nintzen bitartean, telebista piztua egon arren aparatuko irudietan ezin kontzentratuz. Segur aski bertze aterabiderik aurkitzen ez nuenez, ordura artioko ohitura, bizio eta dibertimenduak atzenduta —telebista eta liburuak, largabista eta espioitza lanak—, idazten hasi nintzen. Aspaldiko usadioak atxikiz —gustuko nuen pentsatzea gaztetan idazle tradizionalaren itxura egiten nuela, teknologia berria mespretxatzeko planta egiten duten intelektual horietarik izana nintzela Londresko garaian—, letra mikroskopikoa egiten nuen azal politegiko koaderno batean. Bertze izen baten mozorroaren mintz finaren azpian, Viktoria Müllerren istorioa asmatu nahi nuen, haren existentzia fikzionalizatzeak nire existentzia eritasunari lotua berpizteko balio izatea espero izanen banu bezala; eta egun guti batzuetan hala izan zen, nabarmen hobera egin baitzuen nire osasunak, nik kasik etxetik ateratzeko behar nuen adorea biltzeraino.
Egunak igaro ziren berriz ere leihora hurbildu nintzenerako, baina, orduan, hantxe ikusi nuen Viktoria Müller, errezelen artean altxatua baina halere agerian, largabista bat eskuan, nire aldera begira, nire leihoa zelatatzen. Handia izan behar izan zuen nire aurpegiak adierazi zuen ustekabeak, mugimendu zakar batez urrundu baitzen bere altxapetik —lurrean jarrita imajinatzen nuen, bihotza pilpiraka—. Bi gizonen ohiko bisita izan zuen gero, baina goiz hartan ez zuten kaferik hartu, ezta mandatuen zerrendarik prestatu ere: Viktoria Müller lasaitzen saiatzen ari ziren, hark, durduzatua, besoak inarrosten zituen bitartean, eta haiek, behatz erakuslea luzatuta, nire etxe aldera seinalatzen zuten, burua ezker-eskuin mugitzen zuten bitartean.
Idazlea itxuraz trankilago zegoelarik, bi gizonak haren pisutik atera, errepidea zeharkatu eta nire etxerainokoa egin zuten. Karrikako atea zabalik harrapatu zuten, eta segur aski motza izan zen baina niri mugagabea iduritu zitzaidan isilune baten ondotik joka sumatu nituen nire pisuko atean, sendotasunik gabeko nire gorputz honekin hainbat egunez, hainbat astez bete behar izan dudan hirugarren solairuko nire atean joka, kask, kask, nire bihotzaren taupadekin batera, kask, kask. Segur aski egunak zenbatzetik gelditu nintzenetik bisitaririk espero ez nuelako, segur aski ezinegon arraro honek etxean atxikia ninduenetik norbait nire eske heldu zen lehendabiziko aldia zelako sentitu nuen beldurra, hotzikara bat bizkarrean, izu-laborria; zer ari nintzen hor geldirik, jendea esperoan nuelarik? Atea ireki behar nien idazlearen morroiei, esplikatu behar nien ez nintzela, haiek hala uste bazuten ere, Viktoria Müllerren irudimeneko mamu bat, ez leiho ondoan ez bertze inon behar ez zen itzal bat, ni nintzela, Stonehengen ezagutu zutela elkar nire gurasoek, Londresen behin baino gehiagotan suertatua behar nuela Viktoriaren inguruan, eritasun batek, anormaltasun batek —egia erran— ekarria ninduela nengoen egoerara. Nire izena erraten nuen tarteka, ahapeka —Violeta Moliner, Violeta Moliner—, behin eta berriz ahoskatutako lelo horrek sendotasuna emanen balie bezala nire memoria akastunari eta nire gorputz ahulari.
Eta txirrinak etxeko gela hutsetako airea hiru aldiz zulatutakoan, amets batean bezala ailegatu zitzaidan gizonetarik baten boza:
— I told you there was nobody here. All these flats are empty. I told you.
Eta begiak ezin bilduz pasatutako gauetan niretako imajinatua nuen gaztaro ingelesari esker, ederki ulertu nuen esaldia.