Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruñea
 
 

 

Jainko astronautak

 

 

Itziarrek deitu dit gaur, goizeko hirurak aldera. Ez nau lotan harrapatu, halere. Duela urte batzuk —hiru? lau? zenbat?—, goizeko hirurak aldera nik ere —goizeko hirurak aldera bidaltzen baitira biharamunean damua ekarriko diguten emailak—, mezu bat igorri nion elkarrekin zer edo zer hartzera gonbidatzeko, bertzerik gabe elkarren berri emateko —gaineratzen nuen—, ez bainuen —borobiltzen nuen nire testua— mundura zabaltzeko mezu berezirik —eta, horrela, formula ironiko trakets horrekin are nabarmenago uzten nituen agerian altxatu nahi nituen sentimenduak—. Ordurako urteak ziren elkar ikusten ez genuela; urteak, denboraldi ez sobera luzean kritikari literario gisa izandako fama galtzen hasia zela Itziar; eta urteak, Gorka zenarekin izan zuen harremana hondatua zela arruntean.

      Ez zidan erantzun. Ez nintzen sobera harritu; garai hartan neronek ere ihes eginen bainion neure buruari, hori posible izan balitz. Gaur, ordea, nire lagun mina eta haren bikotekidea izan zena hil zenetik astebete joan den honetan, deitu egin dit. Goizeko hirurak aldera. Gorkaren gutuna jaso diat. Ez didak deus erran behar. Dena aitortu zidak.

 

 

Itxura guzien arabera, Gorkaren mintzaldi laburraren ondotik, ongi joan zen dena lehendabiziko ordu erdian. Hogeita hamar lagun inguru ziren bilduak haren ipuin-liburu berriaren deialdira —beraz, tokia ezagutuz gero, bazen kontent izateko motiboa, hamabi izaten baitzen banaz bertzeko kopurua irakurle txoko hartan—, eta, hasmentan jende gehiago lotuko zitzaigulako itxaropenez tarte batez esperoan egondakoan, aski ongi aritua zen Gorka. Gogo falta igarri uste izan nion lehen minutuetan —ez dakit bertze inork antzemanen ote zion lehen uneko hoztasun puntu hura—, baina berehala itzuli zen bere onera, eta, publiko hartara ohitu ahala, Bilboko herenegungo mintzaldian bezain sutsu —ehundik goiti lagun izan zituen han entzule— aritu zen hondarrean.

      Baziren Iruñeko aurpegi ezagun batzuk bildutakoen artean, berriki nobela beltz bat aurkeztua zuen idazle bat, bi poeta gazte, eta, irakurle txokoko ohiko parte hartzaileekin batera, naski normalean etortzen ez ziren bertze zenbait. Galdemoduak hirugarren ipuinean zentratu ziren, irakurle gehienen iritziz zailena eta barrokoena baitzen, baina baita, nire ustez, borobilena ere, Gorkaren iraganeko testu hoberenak gogora ekartzeraino: testu hoberenak, hau da, duela urte batzuetakoak, aspaldi honetakoak ez bezalakoak; halere, Gorkari ez nion horrela adierazi, jakina, lehen aldiz irakurri ondotik hirugarren narrazio horren gorazarrea egin niolarik. Izan zen gero noizbait nobela bat —horrela erran zuen, nobela bat, ez bertze nobela bat, bi urte lehenago idatzitakoa ezagutuko ez balu bezala eta aintzat hartzea mereziko ez balu bezala— idatz zezala eskatzera ausartu zena: hartara, narrazio laburren aldeko eta nobelen kontrako bere argudio guziak aletzeko aukera izan zuen Gorkak —hura erantzuten ari zen bitartean, tinko begiratu nion eskaera egina zuenari, galdera haren bat-batekotasunaren neurriari igarri nahian—; bigarren irakurle batek ipuina autobiografikoa ote zen galdegin zuelarik, biharamuneko planak errepasatzen hasi nintzen —eta, bidenabarkoan, Itziarrengan pentsatzeko probestu nuen—, bakar aldiz irakurria bainuen Gorkak gai horretaz idatzia zuen testua —honetakoan ez nuen irakurle hari begiratu beharrik ere izan—. Hurrengo galdera, ordea, zer dela eta hain izenburu luzea alegia, topikoa baina zintzoa iduritu zitzaidan.

      Gorkaren inoizko mintzaldirik hoberena ez izanda ere, ematen zuen kontent zirela han ziren guziak, bai idazlea ikustera eta, zenbait kasutan, gurtzera hara bildutakoak, bai Gorka bera; eta iduri zuen, orobat, ni nerau nintzela aurkezten ari ginen liburua erdipurdikoa zela ohartua zen bakarra.

      Eta, orduan, gertatu egin zen, beti gertatzen zen bezala. Zoko ondoan, hondarreko lerroan jarria zegoen pottolo betaurrekodun batek eskua goratu, eta mintzaldi eta mahai-inguru guzietan nik inork ez egitea espero izanagatik beti baitezpada norbaitek egin behar izaten zuen galdera egin zuen sasikume hark: “Badakit Salto egitean amarengan pentsatzen duten paraxutistak ipuin bilduma komentatzera etorri garela, baina inporta ez bazaizu, nik zera galdegin nahi nizuke, Jainko astronautak idatzi zenuelarik...”.

 

 

Denborak iraganeko gauzak hobeki preziatzeko lana errazten omen digu, edo hala erraten da behinik behin, nik ez baitakit benetan hala ote den. Denborak iragana aldatzera gonbidatzen gaitu, non eta ez duen lan hori bere gain hartzen, egunak pasatu ahala, hainbat gauzak distira edo definizioa galtzen baitute gure memorian, eta, bertze batzuek, berriz, lehen egunean bezala dirautelako sentsazioa izaten dugu. Zenbaitetan, hain da zama handia bizi izandakoa, hain iduritzen zaigu makurra inguratu dugun bidea, ezen bakarrik gure historia berridatziz egiten ahal dugun orainaldian bizitzeko moduko toki bat. Hori nolanahi den ere, egia ala gezur, topiko horrek, orain, liburua argitaratu zenetik dagoeneko hogeita hamar urte inguru joanak diren honetan, aukera ematen dit errateko zinez xelebrea izan zela Zazpi idazle berri plazara izenburuko ipuin antologiaren ibilbidea, tarteka literaturarekin zer ikusteko handirik ez zuten arrazoiengatik.

      Lehen momentuan, Jon Bertatx prestatzailearen heriotza tragikoak bereganatu zuen publikoaren arreta; antologia liburu-dendetara ailegatu baino hiru egun lehenago hil baitzen, trafiko istripu batean. Apeta estrainioak ditu patuak: hain obra oparoa egina zuen Bertatxen azken lana zer eta bertze batzuek idatzitako ipuin bilduma zorigaiztoko hura izan behar. Zeren, antologoaren ezbeharra bazter utzita ere, gutitan ikusi baitugu hain antologia desegokia, hain tenorez kanpokoa, hain okerra bere hautuetan, bere promes ia guzietan huts egin baitzuen. “Plazara” atera ziren zazpi “idazle berri” haietarik seik ez dute arrasto berezirik utzi euskal literaturan.

      Bat, Mikel Larrarte, Bizkai aldeko mutiko gazte guapo bat, liburua kaleratu eta aste batzuetara hil zen, autobus batek harrapatuta, heriotzak —edo garraiobideek, nondik begiratzen zaion— antologia horren motibo nagusi bilakatu nahi izan balu bezala. Dena den, Bertatxen antologian publikatutakoaz gainera, haren poema eta narrazio zenbait gelditu zitzaizkigun, han-hemenka argitaratuak, betiere aurkitzen zailak ziren —eta diren— aldizkari eta fanzineetan. Liburuko ipuinaren maila eskasa zela-eta —edo horren estakuruan, txutxu-mutxuak maite baititugu—, fite hasi ziren mihi gaiztoak erraten, zeharka bazen ere, idazle gazte kasik argitaratu gabea eta idazle heldu nonahi laudatua hiltzeko manerak baino gauza gehiagok batzen zituela.

      Bertze bi —Jone Ramirez eta Imanol Alkasoro— gaztelaniaz edo ingelesez hasi ziren idazten, oihartzun gutiko liburu pare bana kaleratu ondotik, eta laugarren bat —Ainara Aranburu zuen izena, oker ez banabil— hizkuntzaz ez ezik, generoz ere aldatu zen: abokatu bihurtuta, literatura mota aberasgarriago bat produzitzeari ekin zion. Azken biek, Alfredo Marronek eta Aitzol Lezak testuak ekoizten segitu zuten, baina ez da igarle izan beharrik usnatzeko haien testuak ez direla euskal literaturaren urrezko orrietan geldituko.

      Beraz, istripuek eta akatsek, desegokitasunak eta traizioak nabarmendu zuten bere garaian Jon Bertatxen Zazpi idazle berri plazara. Akaso ez da inoiz hainbertze hitz egin hain guti eskaintzen zuen ipuin bilduma batez. Agian, Bertatxen eginahala arrunt antzua izan ez zedin suertatu zen basamortu literario hartan zazpigarren idazlearen ipuina: Jainko astronautak. Eta, horrela, bi solas horiekin hasten zen istorio kriptiko, ilun, zoragarri haren bidez izan zuten euskal literaturazaleek Gorka Goenaga idazle ordura artio ia-ia ezezagunaren berri. Horrela ikusi zuen argia harrezkeroztik hainbertze irakurle xoratuko zituen narrazioak.

 

 

Hotz egiten du, baina ostatutik kanpo nago, esperoan. Atzo ez nintzen atera; horrela, larunbat goiza ohatzean pasatu beharrean, astelehenean institutuan izanen dudan azterketa alde batera utzi eta idazten aritu naiz. Hiru orrialde, eskuz —oraindik ez dakit zenbat folio beteko duen testuak, idazmakinarekin kopiatzen dudalarik—. Erabakirik ezin hartu duen gizajo baten istorioa. Ni, halere, erabakiak hartzen ari naiz, eta idaztea ez da bakarra izan. Bortzetan egin dut hitzordua Itziarrekin, eta seietan Gorkarekin, gero hirurok zinemara joateko. Baina bortz eta erdiak dira, eta susmoa dut, inguruan telefono-kabina bat aurkituta ere, alferrik deituko nuela Itziarren etxera; ez dut, beraz, haren gibelaldiaren motiboa jakiten ahal.

      Seiak hogei guti. Heldu dira hondarrean. Biak —beroki luze gorri hura darama Itziarrek; modako txaketa eta antiojo estreinatu berriak, Gorkak: memoria ona dut—. Filma ikusteko ordua ailegatu bitartean, garagardo bat hartzera joan gara. Eta bien lagun mina naizelako kontatu izan ez balidate ere, igual-igual igarriko nien, agurtu ninduten unetik beretik —goizegi, batek; mantsoegi, bertzeak—, hain zen nabarmena distira hura bien bisaietan.

      Memoria ona dut, baina ez naiz oroitzen zer film ikusi genuen.

 

 

Ezaguna den bezala, Gorka Goenagak Jainko astronautak ipuinari zor zion bere fama literarioa. Horrekin ez dut erran nahi irakurleek estimatzen ez zituztenik haren ondotik etorri ziren liburuak; istorio haren plazer ilunak dastatu ondotik, publikoak ez zuen bazter utzi Goenagaren gainerako corpusa. Aitzitik, normalean ongi saltzen ziren haren lanak. Ipuin hura 1985ean agertu zenetik egilea berriki hil zen artio, jarraitzaile multzo kartsu eta leiala izan zuen idazleak. Baina geroago argitaratu zuena argitaratu zuela ere, irakurle edo fan gehienak lehen ipuin hari begira bihurtu ziren eta segitzen zuten izaten irakurle edo fan. Egunero jasotzen zuen hamaika gutun, geroago email bihurtu zirenak —horren lekuko naiz, neronek laguntzen bainion irekitzen eta sailkatzen—, Jainko astronautak delakoaren interpretazio berriak aurkeztuz, edo paragrafo jakin baten erranahi ezkutuaz galdezka, testua osatzen zuten hogeita bat orrialde haien irakurketa sinbolistak, psikoanalitikoak, estrukturalistak eginez, proposatuz, kritikatuz... Naski Euskal Herrian idazle bakar batek ezagutu ez duena ezagutu zuen Gorkak: haren izenarekin hainbat klub sortu ziren, fan sutsuenek bulkatuta. Liburu berririk argitara eman gabe, Gasteizko irakurle txokoan egon zen, zorioneko jainko astronautez mintzatzen, ipuina publikatu berria balitz bezala —baina ordurako hogei urte baino gehiago izanen zituen testuak—: mintzaldiaren ondoko afaria inoiz baino luzeagoa izan zen, parte hartzaileek beren zalantzak eta galderak akitu eta ase ezinik.

      Eta liburu berriak aurkezten zituelarik ere, norbaitek —hondarrean, Gorkaren amorrurako— ezinbertzean ekartzen zuen antologiako ipuina solasera.

 

 

Oraindik ez naiz baretu, nahiz eta sinetsi nahi ditudan Gorkak emandako azalpenak: ez zuela uste anekdota hura nire narrazio batean erabiltzeko asmorik nuenik —une batez, zalantza egin nuen idazten nuenik ere ez zekiela erratera ausartuko ote zen—, ez zitzaiola burutik pasatu ere egin zerbait ebasten ari zitzaidalako ideia, ez zeukala han ginen lagun guzien aitzinean kontatu ondotik pasadizo hura artean nirea zela pentsatzen ahal nuelako arrastorik, ezta ni mindua edo traizionatua sentituko nintzelako susmo ñimiñorik ere.

      Atertu gabe aritu zait, barkatzeko erregutu dit, noizbait ipuina copyrighta —maltzur eta konplize begiratu dit, erdi broma erdi ironia izan den copyright solasaren erabilera hori gure arteko konfiantzaren sinbolo gisa hartzera gonbidatu nahian— baduen liburu batean biltzen badu —orainaldian erabili du, ez hipotetikoa—, eskainiko didala promes egin dit. Atertu gabe aritu zait, publikatu duen lehen narrazioa dela, eta, bai, kasik inork irakurriko ez duen aldizkari batean publikatu duela, baina, zer arraio, elkarrekin ospatu behar dugula, berak behinik behin nirekin —bere inspirazioarekin— ospatu nahi lukeela.

      Eta, hondarrean, baretu egin naiz, edo horren planta egin dut Gorkaren eta neure buruaren aitzinean, nahiz eta, bat-batean, badakidan, zalantza arrastorik gabe, gezurretan ari dela, nire ideia nahita lapurtu didala.

 

 

Euskal kritikari gehienen seme kuttuna ere izan zen Gorka. “Menturaz euskaraz idatzi den ipuinik perfektuena”, epaitu zuen Beñat Sarasolak Separatan; nafar idazleen artean ohorezko tokia esleitu zion Joxemiel Bidadorrek bere Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra liburu mardulean; Gorka Goenagak euskal ipuingintzari ate berriak irekiak zizkiola adierazi zuen Aingeru Epaltzak Nabarra aldizkarian, postmodernitatetik osagairik hoberenak ekarriak zituela gure narraziogintzara; ildo horretarik, Joseba Gabilondok Goenagaren lanaren postkanonizitateaz hitz egin zuen Berrian emandako elkarrizketa batean —eta, geroago, artikulu luze bat eman zuen argitara Arizona Journal of Hispanic Cultural Studies aldizkari ezagunean: “Bringing a New Jouissance to Basque Literature: The Astronaut Gods and Basque Post-Ethnic Nation”—.

      Ez zen, halere, modako idazle bihurtu; bai, ordea, kultuko idazlea: betidanik irakurle sutsuak izan ditu Gorkak, irakurle anitz baino gehiago. Edo, akaso, subjektua da problema esaldi horretan: Jainko astronautak ipuinak izan ditu irakurle sutsuak, Gorkak berak baino gehiago, eta ipuin horri esker izan dute nolabaiteko arrakasta haren gainerako liburuek. Bolada batean, ez ziren guti aldez edo moldez Jainko astronautak-en inspiratuta publikatu ziren narrazioak. Neronek ere narrazio batzuk idatzi nituen, hamalau inguru, Gorka bere une goxoenean zegoelarik; tiradera batean gelditu ziren hamalauak, dena aitortze aldera, haren eragina hain nabaria baitzen, ezen iduritzen baitzitzaidan irakurleek plagiotzat hartuko lituzketela, eta, are gehiago, gaizto batek baino gehiagok pentsatu ez ezik akaso erran ere eginen luketela Gorkak idatziak zirela, eta gero nire izenean publikatuak —horren trikimailu baldarrak inor engainatzeko balio izan balezake bezala—, zenbaitek inolako motiborik gabe egozten zidaten inbidia apaltzeko edo. Baina desbideratzen ari naiz.

      Itziar Gonzalezena izan zen, halere, egiazko lan seminala, Gorkaren narrazioa benetan serio eta kritikaren tresna guziekin aztertu zuen lehena, Hegatseko testu labur batean lehendabizi, eta gero liburu luze batean. Zenbait urtetan, kritikariaren prestigioak eta idazlearen ospeak batera egin zuten goiti. Bereizi zirenetik, ordea, goibeldu egin zen Itziarren arrakasta kritikoaren zerua. Haren epai zorrotzek —eta, nire iduriko, gehienetan egokiek— ez zuten sekula Gorkaren gaineko liburuarekin eskuratua zuen arreta berriz erdietsi, ezta, apalagoa izan balitz ere, merezi zuten arreta ere, zeren eta, nire ustez, hainbatek ez zizkioten inoiz barkatu nahi izan banandutakoan haien idolo literarioaren inguruan Itziarrek azaleratu zituen detaile intimoak eta zitalkeria batzuetan harrigarriak. Itziarrek pairatu behar izan zuen bazterkeria merezia ote zuen; xehetasun lotsagarri eta doilorkeria haiek Gorkak hari buruz kontatu izan balitu —eta ez, gertatu zen bezala, alderantziz—, kritikariek Itziarri ezarri zioten zigorra Gorkari sufriaraziko ote zioketen; edo haien erreakzioa gure artean oraindik nagusi den matxismoaren isla ote den: horiek, zorionez, niri erantzutea ez dagokidan galderak dira.

 

 

Alt Wien ostatuan gelditu gara. Kafe eskoziar bat eskatu dut, deus edateko gogo handirik ez badut ere. Ez dut oraindik probatu, baina, gero, Gorka ailegatzen delarik, koilaratxoarekin janen dut kafe eta whiskiaren nahasketan flotatzen den izozkia, emeki-emeki, eta hark erranen dit, maitekiro baina urduri, kafe eskoziarra ez dela horrela hartu behar, esperatu egin behar dela izozkia urtu artio, eta orduan edan. Broma batekin erantzunen diot nik, eta segituko dut bola hotz horri puska ttikiak kentzen eta ahora eramaten, Gorka deserosotasuna eta pazientzia ez galtzeko eginahalak altxatzen saiatzen den bitartean.

      Poema-liburu bat ekarri dit. Bigarrena. Aitzinekoak ez zuen arrakasta handirik lortu, edo erdietsi zuena lotuago izan zen egilearen izenari, edukiaren kalitateari baino. Normalean baino lotuago, alegia.

      Karpeta bat mahai gainean paratu eta berehala hasi da solasean, liburua irakurtzeko faborez, testuak argitaletxera igorri aitzin nire iritzia eta iruzkinak eskertuko lituzkeela. Kontent iduri du. Liburu honek bertzearekin, lehenagokoarekin, deus ikustekorik ez duela gehitu du, hobea dela. Gustatuko zaik.

      Baietz, nik. Iritzia, halere, adieraziko diodan iritzia alegia, pentsatua dut. Liburu bikaina. Ez dik zuzenketarik behar. Segur aski kritikari guziek hori ikusten jakinen ez badute ere, hire poemetan halako bilakaera bat igartzen zaik, gero eta heldutasun handiagoa, gero eta trebetasun zorrotzagoa. Itziarren kritika, hire lehen poesia-liburu haren gainekoa, jeloskeriak eta doilorkeriak eta arreta erakarri nahiak xaxatuta zuan idatzia. Arrunt ongi ari haiz, xarmanki. Aitzina.

 

 

Irakurleren bat oroituko da naski, zeinen itxura tristearekin agertzen ohi zen Goenaga hedabideetan. Mintzaldietan, eta, batez ere, kontua bazen bere lan berriaren propaganda egitea, epelxeago jokatzen zuen; bertzenaz, haren jarrera axolagabetasunaren herrialdean barneratzen zen, publikoarekiko errespetu faltaren mugaraino daraman bidean. Itziarrek utzi zionetik nabarmendu zuten bereziki portaera hori zenbait iruzkingilek —bereizketari eta Itziarrek hedabideetan argitara ekarritako xehetasun intimo eta lotsagarriei egotzi nahi izan diete batek baino gehiagok idazlearen jendearekin egoteko gaitasun edo gogo falta—, baina naski izanen da oroitzen denik betidanik —ez, ez betidanik, hori ere ez da egia, baina bai bederen Itziarrek haren ondotik alde egin baino aise lehenagotik— izan zela Gorka Goenaga pertsona iluna, hitsa, irribarre urrikoa, lotsatia, etengabeko gatazka batean barneko harra ezin asez ibiliko balitz bezala. Denboraren poderioz, desatsegin ere bilakatu zela erratera ausartuko nintzateke, errateko eskubidea dudala uste dut, ni izan bainintzen hondar urteetan haren lagun bakarra.

      Egia da, dena den, bikotearen haustura gertatu zenez geroztik —edo, egiatik hurbilago, Gorkak bere jarrerarekin haustura hura gertarazi zuenez geroztik— hasi zela Gorka erraten, lehenik solasaldi pribatuetan eta Argiako elkarrizketa sonatu hartan gero, poeta haren ereduari jarraiki, 50 urte betetzearekin batera bere buruaz bertze eginen zuela. Errazegia eta tentagarriegia zen asmo makabro hura porrot sentimentalari eta horren ondorioei egoztea.

      Ez nuke erretratu beltzegia egin nahi: bertuteak ere bazituen Gorka Goenagak: langilea zen, adibidez, hori bederen aitortu behar zaio. Jon Bertatxen antologian Jainko astronautak agertu zenetik, zazpi ipuin bilduma eta lau eleberri eman zituen argitara. Alta bada, Jainko astronautak testuarekin erdietsitako arrakasta —ez dakit arrakasta den hitzik aproposena: erdietsitako miresmen kritikoa, irakurleen artean lortutako kultu estatusa— ez zen inoiz errepikatu. Kritikak, aitortu behar da, ez ziren inoiz maltzurrak edo ankerrak izan; iruzkinetan, kritikarietan gupidagabeenek ere —baina benetan existitzen da Euskal Herrian espezie hori, kritikari gupidagabea?— eginahalak egiten zituzten Goenagaren lan berri bakoitzaren alde onak azpimarratzeko, bai baitzituzten alde onak, antologiako ipuin harenak —baina hori izaten zen problema— bezain onak ez baziren ere; haren idazlanak dendetan agertu bezain fite, abegitsu hartzen zituzten literaturazaleek. Eta hala eta guziz ere, miraria ez zen berriz gertatu.

      Goenagaren testu guziak jatorrizko narrazio harrigarri haren oin-oharrak bertzerik ez ziren, argi zegoen hori, argi guziondako, mingarriki argi Gorkarendako berarendako ere —are gehiago, harrokeria ez balitz, erranen nuke neronek idatzitako ipuin batzuk, argitaratu ez nuen bilduma hartarik batzuk, Gorkaren beraren zenbait baino goenagatarragoak zirela, eta Jainko astronautak-en espiritutik hurbilagoak—.

      Haren nobela guziek biltzen dituzten 1.138 orriak ez ziren antologiako ipuinaren orrialde bakar batekin alderatzen ahal, ezta horren paragrafo soil batekin ere, eta berak bazekien hala zela. Etsita, idaztetik gelditu zen bolada batean; gero, poesia idazten saiatu zen. Literatura aldizkariak isilik gelditu ziren bere lehen poema bilduma kaleratu zuelarik; ez mespretxuz, errespetuz baizik, egilea ez mindu nahian, prosarik liluragarriena sortzeko gauza izan zena hain poesia erdipurdiko eta graziarik gabearen egilea izan zitekeela ozenki adierazi nahi ez balute bezala.

      Bertzalde, gorkagoenagatarrek —hitza zilegi bazait— eskaintzen zioten adorazioa ez zen nolanahikoa: sendoa zen, iraunkorra, fidela, idazle normal batek lor zezakeena baino aise tinkoagoa. Alta, beti susmoa izan nuen Goenagak idazle normala izan nahiago izanen zukeela, irakurleen zaletasuna hainbat ipuinetan, istoriotan, eleberritan astiro-astiro pilatuz joaten diren horietarik; liburu bakoitzean, maisulan baten maila gainditzen saiatzen ibili beharrean, aitzinekoan baino hobekixe egiteko aukera dutenetarik. Lehen obra sobera ongi, sobera distirant egin izanaren ondorioak sufrikario bihurtu zitzaizkiola iduritzen zitzaidan, jakitun baitzen ez zuela sekulan bertze Jainko astronautak bat eginen. Larrunen 2001ean ipuinari buruz egin zen mahai-inguruan kritikari batek inork baino zorrotzago adierazi zuen: “Goenagak beste ezer argitaratu izan ez balu ere, Zazpi idazle berri plazara antologiako testuari esker irabazia zukeen euskal idazle hoberenen arteko tokia. Gainerako obra estimatzen diogu, baina narrazio hark eginiko ekarpena miretsi egiten diogu”.

 

 

Ez nintzen ni lehena izan albistea hedatzen. Berandu samar jaiki nintzen egun hartan, eta hamabiak artio ez nuen telefonoa piztu, Twitterren sartzeko. Ez zen luze joan lehen mezua ikusi nuen artio: Gorka Goenaga. Eta traola: #respect

      Handik bi egunera, gutuna jaso nuen. Bi gutun, zehazki erranda.

 

 

Luzekara zen eta eskuz zegoen idatzia nire izena zeraman gutuna. Eskerrak ematen zizkidan Gorkak urte hauetako guzietako adiskidetasunagatik, eta hainbat kontu pertsonal ekartzen zituen gogora: ez zuen aitortzen, ordea, nire ideia hura ebatsi izana bere lehen ipuina idazteko, eta, hortaz, ez zuen damurik adierazten, ezta, nik —lausoki bada ere— espero nuen bezala, barkamenik eskatzen ere; damua bai adierazten zuen, berriz, eta pena sakona, Itziarrekin izan zuen harremana hain manera friboloan hondatu zuelako, eta horren kontura zenbait topiko —patetiko samarrak edonoren ahoan, onartezinak idazle batengandik etorrita— baliatzen zituen —inor ez zuela hura bezala maite izan, Itziar izan zela bizitzan gertatua zitzaion gauzarik ederrena eta egiazkoena, eta are gauza penagarriagoak ere—. Alta bada, ez zen hori gutunaren pasarterik harrigarriena. Kontu pertsonalak aletutakoan, zati hau heldu baitzen:

 

      [...] Nire bizi osoan frustrazioa bertzerik ez diat ezagutu. Txikitatik, ongi dakian bezala, idazle izan nahi nian. 1984an, edo 83an izan zen?, Jon Bertatx ezagutu izana txute bat bezalakoa izan zuan. Idazle handi hura nire lanetan interesatzeak, aldi berean zirrara eta izua eragiten zizkidaan. 1985erako idazle berri batzuen antologia bat prestatzen ari zela erran zidaan, jende gaztearen gauzekin, nolabait euskal literaturaren etorkizuna iragar zezakeen testu bilduma bat, eta ea parte hartu nahi nuen. Berehala erantzun nioan. Baietz, jakina. Tira, ederki ezagutzen duk historia hori, ez diat zertan gogorarazi. Ez dakiana da garai hura zaila izan zela niretako: badakik nolakoa naizen, badakik betidanik nire balioaren gaineko zalantzekin obsesionatzeko joera izan dudala (edo, Itziarrek behin eta berriz erraten zidan bezala, betidanik drama queen izateko gustua izan dudala, ingurukoen arreta kosta ahala kosta erakartzeko). Ordukoa, ordea, egiazko krisia izan zuan; beharbada, horregatik ez hintzen ohartu, normalean ez bezala espantuka aritu ez nintzelako. Bertatxek espero zuen mailara (alegia, nik espero zuela imajinatzen nuen mailara) eginahal guziak eginda ere iritsiko ez nintzelakoan, nahi zukeen testua idatzi nahian alferrik ari nintzelakoan, nire karpeta guziak erre egin nitian. Ez nian testu bakar bat ere salbatu.

      Nire onera itzulita (bizpahiru egunen buruan, ohikoa dudan bezala), konturatu ninduan Bertatxen antologian azaldu nahi nuela, baina ez neukala hari zer eskaini, ez nuela deus sortzeko astirik, ez nuela ja idazteko adorerik; ez, behinik behin, Bertatxen antologian agertzea mereziko zukeen ezer.

      Ez diat neure burua justifikatu nahi: hik ulertzea nahi diat. Bertatxek behin baino gehiagotan errana zidaan antologia hark euskal literaturak hartu beharreko bidea seinalatuko zuela, haren orrietan egonen zena euskal literaturaren historian sartuko zela denboraren poderioz.... Orain bazakiagu zer-nolako desastrea izan zen; orduan, berriz, nork asma zezakeen hori? Iduritzen zitzaidaan antologia hura zela idazle bihurtzeko nire aukera bakarra.

      Horrela, ausardia ez zakiat nondik aterea, nire indar guzia ez zakiat nola bildua, Bertatxengana joan eta eskatu nioan, erregutu egin nioan, nire estiloa imitatuz, nire izenean ipuin bat idatz zezan. Soilik liburuan parte hartu ahal izateko. Ipuin xume bat, etorriko zen —etorriko baitzen, horretan ez nian dudarik egiten— ibilbide emankor baten abiapuntua izanen zena, geroago testu luzeago eta konplexuago eta garrantzitsuago batzuen bitartez gaindituko nuena. Harrigarriki, onartu egin zian nire proposamena.

      Jainko astronautak idatzi zian.

      Bai, nire bizitza osoa gezurra izan duk. Nire ahotsa imitatu zuenaren ahotsa imitatuz bizi izan nauk. Itzal baten itzala bilakatu nauk. Ez nauk, dena den, hobendun sentitzen. Neure burua hil behar badut, ez duk balizko erru sentimendu baten kariaz.

      Alderantziz, idazle gisa dagokidan eginbeharra duk orain bete nahi dudana: ez nian sekulan deus idatzi behar, ez nian ipuin hark nik idatzitako erdipurdiko testu guziekin obra osatzea onartu behar. Begi-bistakoa zuan, hik nik bezain ongi dakik aspalditik, hasmentatik ez errateagatik, ez nuela inoiz Jainko astronautak bezalako testurik osatuko. Nire gainerako ipuin eta nobelen bitartez, nire bizitza grisaren beraren bitartez, nire izena dakarren ipuin perfektu hori zikindu bertzerik ez diat egin. Jon Bertatxek Jainko astronautak idatzi zidanetik, isilik egotea zuan zegokidan zeregina, eta ez diat bete: baduk tenorea nire erantzukizun literarioa jasotzeko. Obra egina zagok, aspalditik egina, ezinezkoa izan zaidak hari ezer gehitzea; egilea (eta, ororen buruan, ez naiz ni ipuin horren egilea bihurtu, ni, testua idatzi ez arren, urte luze hauetan haragia eta espiritua eman dizkiodan hau?) sobera zagok, orban bilakatu duk lerro horien osotasun hetsian, paragrafoen harmonian, hautaturiko hitz bakoitzaren zehaztasunean.

      Horretarako inolako asmorik izan gabe bilakatu nauk kultuko idazle, baina nahita hilen nauk kultuko idazle gisa, zergatik inori azaldu gabe, nire heriotzari buruzko hipotesiak sor daitezen, nire ipuin horren gainean sortu diren bezainbertze gutienez.

      Hik eta Itziarrek, ez bertze inork, jakinen duzue egia. Uste diat hori bederen zor dizuedala. Gorde, arren, zuendako.

 

      Adiorik ez,

      Gorka

 

      Orduan, bigarren gutuna, Itziarri helaraz diezaiodan bidali didana, ireki dut. Eskuz dago idatzia hori ere. Aitorpen pertsonalak bakarrik dira diferenteak. Igorri baino lehen, ukitu batzuk eman beharko dizkiot.

 

 

Dena aitortu zidak, erran du berriz ere Itziarrek, ahots sendoz. Bat-batean itzarria nago. Aspaldi du ahots hori aditu nahi nuela.

      — Nik ere dena zakinat; gutun bat igorri zidanan duela sei-zazpi egun. Hura hil eta bi egunera jaso ninan.

      — Bada, niri gaur ailegatu zaidak. Nola ez hidan deitu? Nola isildu haiz hainbertze urtez?

      — Ez ninan uste sinetsiko hidanik; egia erran, ez ninan uste inork sinetsiko zidanik. Josteta bat bezalakoa zunan hasmentan; gero, bada... Bertzalde, ez hien nire deiei erantzuten, ezta nire...

      — Beraz, hik idatzi huen ipuina. Izugarria duk. Eta lehenago ere, bertze ipuin hartarako ere ideia ebatsi zian. Gutunean iduri dik erru pixka bat sikiera sentitzen zuela egin zianagatik.

      — Bueno, ez gaitezen sobera gogor...

      — Eta gero ez dik, bada, bota nirekin bizi izana dela bizitza osoan izan duen benetako damu bakarra. Nola erraten ahal ditu gauza horiek nitaz? Badakik zer-nolako gauzak jasan behar izan nituen elkarrekin ginelarik?

      — Tira...

      — Baduk bertze zeozer idatzia, nobelaren bat? Naski bai.

      — Eeee, zera, izan ere, bai, ipuin bilduma bat dinat aspalditik kaxoi batean. Jainko astronautak-en tankerako testuak ditun. Bere garaian ez nindunan publikatzera ausartu, plagiatzailetzat hartuko ninduten beldur.

      — Bai, plagiatzailearen plagiatzaile.

      — ...

      — Harrigarria duk, halere.

      — Zergatik da harrigarria ipuin hori nik idatzi izana?

      — Ez, hori ez. Harrigarria duk Gorkak nire gutuna ordenagailuz idatzi izana; aukeran, eskuz idatzi nahiago izaten zian. Hirea ere ordenagailuz dago egina?

      — Bai, nirea ere bai.

      Ohartxo bat apuntatu dut paper ttiki batean, zeregina ez atzentzeko.

      — Zera, hik badakik urteak eman nituela Gorkaren gauzak leitzen eta zuzentzen, publikatu zituen gauza guziak eta publikatu gabe gelditu ziren gehienak.

      — Kritikari zorrotza eta langile fina izan haiz beti, bazakinat; ez dun oraingo bazterkeria merezi.

      — Ez, erran nahi diat badakiala kasik edozein testuri antzematen ahalko niokeela Gorkarena den edo bertze batena, estiloa aztertuta...

      Hondarreko hordagoa botatzen duen jokalariaren boz neutro baina irmoa igarri diot Itziarri bertzaldean, ustela edo egiazkoa ote zen asmatzeko erronka botako balit bezala. Zorionez, prestatua nuen galdera horrek eskatuko zuen erantzuna:

      — Bai, bazakinat. Eta bazakinat idatziko dunan liburu berrian hire esperientzia guzia baliatuko dunala erakusteko, duda arrastorik gabe, zer-nolako distantzia estilistikoa dagoen Jainko astronautak ipuinaren eta Gorkaren egiazko testuen artean; eta, aldiz, zer hurbil dauden nire ipuinak ipuin hartarik. Jaso dunan gutuna ere publikatzen ahalko huke, parte pertsonalenak kenduta. Kritikaren opus magnum bat aurreikusten dinat nik, mintzaldiak, elkarrizketak, kongresuetan parte hartzeko gonbidapenak.

      — ...

      — Ez din balio polemika usteletan denbora xahutzea.

      — ...

      — Itziar?

      — Uste diat aspaldian proposatu hidan kafetto hura hartu beharko genukeela.