Morfeo
Inork ez du sekula jaso beste munduko berri. Errua ez da, hala ere, defuntuona. Aurreneko aldia da hiltzen naizena, niretzat ere gauza berria izan da, eta onartu beharra daukat ustekabean harrapatu nauela zeharo. Istripuak halabeharrari zor dizkiogu, eta gaitzak lurrari; alegia, ohartu orduko zahartu egiten zara, larruazala sugandilarena bezalakoa bihurtzen zaizu, eta urtero zapatila pare bat oparitzen dizute hodeien gainean ibiltzeko, baina tira, honezkero zer eskatuko diot nik bizitzari, eusten nauen honek izen hori merezi badu, behintzat.
Urruntasun sideral hauetan erruz aspertzen gara gehienok. Ez dago zeregin handirik eta, espaziontzitik at loka gelditutako astronauten gisan, zilipurdi alferretan gabiltza patxada ederrean, harik eta aldian behin, ez oso sarri, baten bat gurekin oroitzen den arte lo dagoela. Orduan ematen du pospolo bat piztu dutela gauaren erdian eta inoiz imajinatu gabeko ikuskizunetan parte hartzeko aukera izaten dugu. Zinearen antzeko zerbaiten itxura dauka; are gehiago, filmean ere ateratzen gara.
Azkenaldian badago norbait, zorionez, bere ametsetan ateratzen nauena eta, berari esker, hil aurretik uste nuena baino hobeto bete ahal izan ditut nire asmoak; zuzendari batek bere antzerkia oholtza gainetik bertatik gobernatuko balu bezala. Nire adineko jaun isil bat da. Oinak oraindik lurrean neuzkanean, egunero, gosaltzeko garaian, kafetegi berean egiten genuen topo, eta han ezagutu nuen egunkariko gurutzegrama egiten aritzen nintzen bitartean.
Errazak izaten ziren gehienetan, baina noizean behin trabatu egiten nintzen bukatu aurretik. Egun hartan begira-begira ari zitzaidan gizona. Etsituta harrapatu ninduen nonbait, eta laguntza eskaini zidan. Olinpoko jainko baten izenaren bila nenbilen; hasieran “m” zeraman, laugarren lekuan “f”, eta sei letra zeuzkan guztira. Istant bat nahikoa izan zuen asmatzeko: Morfeo.
Ordutik aurrera, amore eman baino lehen, berarengana jotzen nuen laguntza eske. Halako batean esan zidan bazirela urte batzuk erretiratu zenetik, baina ez omen zuen lanik falta. Irakurzale porrokatua zen antza eta, azkenaldian, ipuin-sorta batekin zebilen tematuta. Atsegin ditut, oso, narrazio laburrak, eta nire zaletasuna adierazi nion, baina inori utzi baino lehen burutu ezinik zebilen kontakizun bat amaitu nahi omen zuen.
Astean behin, kartoizko karpeta bat ekartzen zuen besapean, eta tentazioa menderatu ezinik ibili nintzen ikusi beretik. Egun batean, kanpoan zigarroa erretzen eman zuen tartea baliatuta, ireki egin nuen, eta barruan gordeta zeraman libreta txiki bat kuxkuxeatzen ausartu nintzen presaka eta muturka. Era horretan jakin nuen, besteak beste, egun berean jaiotakoak ginela eta, gainera, nire izena bera eman ziotela. Orrialde batean, nahiz idazkeraren errebesa, ondoko pasartea irakurri nuen:
Ez zaitez abiatu inora ez daraman bidetik; nora aterako zaren jakin behar duzu aldez aurretik edo, hobeto esateko, irtenbideren bat badagoela.
Ohar labur batzuk zeuzkan jasota; idazten ari zen azken ipuinari begira, seguru asko. Astebete geroago tentazioan erori nintzen berriz, eta beste pasarte bat irakurri nuen.
Ipuin bat ez da, azken batean, bere izenburuaren bila ibiltzeko aitzakia besterik.
Ordura arte, garrantzirik gabeko indiskrezio txikiak baizik ez ziren izan, baina denboraren poderioz ohitura bihurtzeko joera hartu zuten. Oraindik gogoan daukat hil baino astebete lehenago aurkitu nuen pasartea.
Ipuin bat, lehenik eta behin, lurralde bat da; baso bat, esate baterako. Arbolaren sustraiak nola, hala dabiltza bide guztiak bata bestearen bila, eta osatzen duten amaraunak kontakizunaren zabalera osoa bildu behar du.
Egun hartan, betiko kafetegian geundela, mendira buelta bat emateko gonbita egin zidan hurrengo iganderako. Udalaren muga barruan zegoen erreserba natural bat ezagutu nahi zuen. Alaba udaletxean zebilen, nonbait, lanean; beraz, bitartekari lanak agindu zizkion esparruan sartzeko baimena eskuratzearren. Asmo literarioren bat igarri nuen ibilaldi hartan, baina banuen bere diskrezioaren berri, eta ez nion hitzik atera nahi izan.
Eguraldi ederra egin zuen, eta egun atsegina ari ginen pasatzen, baina, konturatu orduko, ilunabarraren lehen zantzuak hasi ziren nabarmentzen. Itzalak ez ziren oraindik lur gainean biltzen ari, baina lainoa mantso-mantso zihoan barneratzen, eta bueltako bidea hartu genuen berandu baino lehen. Abiatu aurretik, hala ere, bi neurri hartu genituen, badaezpada, itsumustuan ez galtzeko; alegia, elkarrengandik ehun urrats baino gehiago ez aldentzea, eta arriztu egitea, ozen, bost minuturo gutxi gorabehera.
Inguruko zuhaitzak, lerroz lerro, lausotu egin zitzaizkigun gero eta gehiago. Urrutienak desegin ziren lehendabizi; handik tarte batera, baita hurbilenak ere. Arrasta-lainoak, azkenean, bideak ere ezabatu zituen, eta noizbehinka zizturen bat entzun arren, ezin izan nuen berarengana bildu. Ohartu orduko galduta nengoen, eta alferrik saiatu nintzen lagunaren bila. Handik puska batera, gaitz erdi, goroldioa haitzen artean hasi zen nabarmentzen, eta abarretan kateatutako hodeiak gora egin zuen.
Uste baino samurragoa gertatu zitzaidan heriotzako ordua; larruazala gainetik kendu eta gakoan zintzilikatu izan banu bezala, edo haziak oskola galtzen duen modura. Ordura arte, tripaz betetako zahagi zahar bat nintzen; handik aurrera, aldiz, espazioan barreiu, hutsik nengoen, hala nola galtzerdi bat barruz kanpo jarri eta gero.
Erroiak eta mirotzak inguru-minguru ari zitzaizkidan zirurika, eta lurraren azpian, gero eta hurbilago, harren eta zizareen dardara zebilkidan. Orbelaren gainean nengoen etzanda, luze bezain zabal, eta nire barruan galduta nenbilen eskuak garondoaren azpian lotuta. Arestian, nire begietan barrena ikusten nuen unibertsoa; gero, aldiz, pixkana-pixkana, izarren diz-diza nagusitu zitzaion nire begiradari.
Ustekabean harrapatu baninduen ere, nire heriotzaren lekuko izan nintzen, eta badakit hil eta gero ongarri bihurtzen garela lurrarentzat, eta oroitzapenak, bestalde, gure bizialdia partekatu duten ezagun, lagun eta hurbileko kutunen oroimenean irauten duela. Ez dago atarramentu egokiagorik gure hezurrentzako; ezta beste modurik gure iragana ahanzturatik libratzeko.
Alabaina, basoa ez da hiltzeko leku egokia; biziak jakin behar du hila non dagoen etzanda, bestela ezin izango dio berak utzitako zuloari leku bat eman. Ortziak eta lurrak bat egiten duten seinale bat jarri behar du defuntuaren oroigarri, udazkeneko orbela erratzarekin garbitu edo epitafioaren gaineko elurra kendu ahal izateko neguan, baina, kontuz, hala ere: kanposantutik landa baldin badago, albait hobe, badaezpada.
Auskalo noiztik ote datorren hildakoen ametsak profanatzeko joera doilor hori. Aspaldi batean Erromako katakonbak, Egiptoko piramideak edo Txinako mausoleoak arpilatzen zituzten, baina gaurko eskuluzeek nahikoak izaten dituzte hortzaduren urrea, titaniozko inplanteak edo oinordekoen oharkabean lurperatutako bitxi merkeren bat. Ez da harritzekoa, bada, lur santurako joerarik sekula izan ez badut.
Hildako bakoitzari, ordea, bere hobia dagokio. Hilarri bat, esate baterako; oinarri lau eta karratua azpian daukala, eta harrizko gazta biribila gainean. Edonola ere, konformatuko nintzateke, baldin eta asabak jaio ziren etxeko hegatzaren azpian lurperatu izan banindute, edo arimen egunean olio-argi bat piztuko balute nire izenean. Aukeran, halere, nahiago nuke atseden hartu liburu baten barruan. Erruz gustatzen zait nola hartzen duten berme bata bestearen bizkarrean, ezkatek arrainaren azalean edo teilek teilatuan egiten duten bezala.
Egun batean, esan bezala, unibertsoari pultsua hartu beste zereginik ez neukala, ustekabean harrapatu ninduen nire bizkiak, eta bere ametsaren eraginpean gertatu nintzen. Amets bera egin zuen hiru bider, eta denetan agertu nintzaion. Ez ziren guztiz berdinak, baina antzekoak hala ere, eta berehala ohartu nintzen mundutik alde egin nuen leku hartan bertan geundela. Itxuraz, lainoa sartu aurretik bezala zegoen egoera, baina ni ordurako denboraren mugetatik kanpo nengoen. Eztul txiki batzuek hautsi zuten bat-batean isiltasuna:
— Arrasta-lainoa baliatzen du pagoak lekuz aldatzeko.
Neu nintzen, azkenaldi honetako nire ordezko honi “neu” deitu badakioke, behintzat. Bera, berriz, enbor baten gainean eserita zegoen, mapa bati arretaz begira.
— Ez al zeunden, bada, hilda? —esan zuen bere artean aurreneko agerpen hartan—. Nola liteke...!
Ametsak, jakina, zentzugabekeria errebesenari aurre egiteko ere prestatuta daude, baina orduko hartan usteak ustel atera zitzaizkion, eta berehala esnatu zen. Une horretan bertan desegin zitzaigun lehenengo ikustaldia.
Aurrekoaren oso antzekoa gertatu zen bigarrena ere. Ez dakit egunak, asteak edo hilabeteak pasatu ote ziren bata eta bestearen artean, baina leku berean geunden biok; alegia, azken hatsa eman nuen bazter hartan, eta nire laguna basoaren erdian galduta zegoen lehen bezala, bere lekutik mugitu gabe.
— Hurritzak ez daki hizketan —esan nion oraingoan—, baina bide berriak eragiten ditu.
— Ez da posible! —harritu zen beste behin ere—. Ez al zinen, bada, hil...?
Oraingoan, lehen ez bezala, inoiz amets bera egina zuela iruditu zitzaion; hala eta guztiz ere, laster esnatu zen berriro. Azkeneko irudien arrastoak harrapatzen saiatu zen, baina lainoa desegiten den bezala galdu zituen berehala. Oroimenean egin zuen murgil, baina ezin izan zuen ezer ekarri azalera.
Eskarmentuari esker ikasten du gizakiak, eta hurrengoan ez zion bere buruari galderarik egin nire gainean; ez zion espanturik adierazi bere aurrean nengoelako, eta isilik gelditu zen nire hitzen zain. Espero zuen, beharbada, orduan erakutsiko niola, behingoz, nola irten ataka gaitz hartatik.
— Elorri zuri bat bidera ateratzen zaizun bakoitzean —esan nion azkenik— egizu ezkerretara, eta laster ailegatuko zara zabalera.
Alde egin baino lehen hurbildu egin zitzaidan besarkatzeko asmotan, baina ezin izan zuen; desegin egin nintzaion, eta haritz handi bat aurkitu zuen nire ordez bere besoen artean. Alimaleko habaila baten sardea ematen zuen, eta goitik behera irekita zegoen tximistaren eraginez. Ez zuen botoirik alboetan, baina zamarra baten antza hartu zion eta, nahiz eta aukeran handi samarra zetorkion, besoak mahuka-zuloetan barrena sartu, jantzi eta, mapa poltsikoan gorde ondoren, alde egin zuen.
— Aurreko ametsetan —esan zuen bere kolkorako— nire bizkia ikusi orduko esnatu naiz. Orain, ordea, ez; beraz, oraingoan egia ematen du.
Oinak lurrean dauzkaten horiek uste dute euren segapotoen eraginpetik kanpo gaudela, eta neurri batean egia ere bada, baina badugu bitartekorik; aurrena, Morfeo: aspaldi hartan gurutzegraman agertu zitzaidan olinpotarra. Izan ere bera baita ametsetan ageri diren giza irudien jainko sortzailea. Ametsa du aita, heriotza da bere osaba, eta gaua, berriz, amona, eta berari esker eragin genezake defuntuok gure bisitarien bizitzan lo daudela; beraz, ez dut aukera alferrik galdu nahi izan ipuin hau zure baitan pizteko.
Ipuin batean behar adina leku dago edozein defuntuk atseden har dezan. Ipuin bat hilobia bezain egokia izan liteke horretarako, eta, epitafioa nahi izanez gero, izenburua ere erabil liteke bere ordez. Ez zait letren baratzea baino hoberik bururatzen iraganaren oroitzapena jasotzeko.
Aurki esnatu zen ostera, baina igelak itsasoaren berri ez daukan bezala, edo euliak neguarena edo tximeletak urtaroena, berak ere ez zuen amestua oroitzerik izan. Amets gehienak bezala ahanzturaren biltegian gelditu zitzaion gordeta, atzera gogoratu ezinik, nahiz mundutik at gaudenoi —niri, kasu honetan— mezuak bidaltzeko baliagarri gertatzen zaizkigun.
Azkenean, aldez edo moldez, ipuin bat antzeman zuen bere irudimenean, nirekin lotu ez bazuen ere. Idatzi egin behar zuela erabaki zuen orduan, eta iruditu zitzaion bera zela egile, neu diktatzen ari nintzaion arren. Ametsen antzekoa da, izan ere, literatura; oroitzapenak nahasi, puztu, laburbildu, eraldatu eta komeni zaion moduan jartzen ditu harremanetan.
Orain, irakurleak biziberritzen nau. Irakurketa bakoitzean eta guztietan antzematen dut nire itzala, baina bat bakarra ere ez da erabat errenditzen nire bertsiora. Abantaila handia daukat, hala ere, eragile nagusi naizen aldetik; alegia: barrandan ibil ninteke kontakizunaren barrenean murgilduta dabiltzan bitartean; edo puntu eta koma baten aurrean gelditzen direnean; edo atzera jotzen badute esaldiren bat berreskuratzeko behar bezain argi jaso ez dutelako.
Ez dago beste etorkizunik guretzat. Eternitate puska txiki hori egokitu zaigu, eta besterik ez dugu utziko zeruaren azpian. Ez naiz batere harritzen baldin eta gure isiltasun hau ulertzen ez badute. Inori ezin zaio erakutsi ikus dezakeena baino gehiago, nahiz eta gizakiak, zorionez, erraztasun handia erakusten duen egoera harrigarrienetan egokitzeko orduan.
Oraindik ikasten ari naiz hilik moldatzen, baina bizitza, itxura guztien arabera, zirkulu baten barruan dago, eta heriotza, berriz, kanpoan dabilen beste guztia dateke. Ezagutzen dugun apurrak pospolo baten argia ematen du gehienez ere, eta baztergabetasun ulertezinez inguratuta dago. Errealitatea, izan ere, ez da magiaren aztarren bat baizik, eta, hark eutsiko ez balio, ezerezean amilduko litzateke erremediorik gabe.
Izarrak, bitartean, milaka ari dira biderkatzen inguruotan, baina badakit handitasuna bezain neurrigabea dela txikitasuna. Nire barruko apurrik apal eta galduena kanpoan dagoen unibertsoa bezain mugagabea da gezurra badirudi ere; hortaz, bat ez ezik, bi ortzi leudeke, eta oraindik ez dakit zer dudan hobe: haize-parpaila batetik zintzilik gora igo, ala guardasolaren kirtenari eutsi, eta nire baitan behera jaitsi. Edonola ere, aspaldiko bizki maite hori, hemen ez dago ezer, baina hor urrutiko inguruak munstro izugarriz beteta omen daude.