Ludwig zaharra
Ez zitzaion ganbara baino leku hoberik bururatu. Irakurleak bakardadea behar du, eta isiltasuna; denbora ere bai. Urteak eman zituen abandonaturik. Ez zegoen erabiltzeko moduan, eta lan puska bat egin behar izan zuen garbitzen. Asabaren batek baztertutako mahai txikiari hautsa kendu, eta bonbilla aldatu zion zutikako lanparari. Urraduraz jositako besaulki zahar bat ere aurkitu zuen bazter batean. Atsedena merezi zuen; beraz, eseri eta amets egiteko baimena eman zion fantasiari.
Etxeko sabaiari erreparatu zion arretaz. Aspaldiko itsasontzien sotoa otu zitzaion zurajea. Ontzigileak baserriko teilatua hartu omen zuen eredu, baina buruz behera. Udazkena egokia izaten da belamena zabaltzeko, eta itsasaldi luzea agindu zion bere buruari. Izarrak keinuka ari ziren teilatuaren beste aldean. Arreta, jada, literaturaren ozeanoan zebilkion maskor exotikoak eta koloretako arrainak biltzen.
Ohi baino goizago itzuli ziren txoriak arratsean. Erauntsiaren beldurrez, arbolen hostopean babestu ziren gauaren zain. Orbela hegan zebilen, eta kontraleihoak etengabe kolpeka. Aurreneko tximistak aldez alde pitzatu zuen ortzia, eta trumoiaren hotsak dardarka utzi zuen ganbara. Eguraldiari erreparatu zion leihotik barrena. Euri-tantak saltoka zebiltzan putzuetan. Etenik gabeko atabala entzun zuen sabai-zuloko kristalaren gainean; nota bakarra ari zen jotzen mila bider.
Urtetan zuritu gabe, kareak apenas estaltzen zuen paretaren harria. Egunen batean, zurezko apalategiak jaso nahi zituen liburuak egokitzeko. Egur asko beharko zuen, eta sutontzi bat, negu partean giroa goxatzeko. Ilunabarretan, argia piztu eta letren erresuman murgildu baino lehen, belarrietako tutuak kendu, itzali, eta mahai txikiaren gainean utziko zituen. Irakurtzeko behintzat ez zituen behar; dutxatzeko orduan betaurrekorik behar ez zuen modu berean.
Ustekabean harrapatu zuen gorraizeak; hirurogei urteren bueltan deklaratu zitzaion. Entzumena ahultzen zihoakion bezala, joan zitzaion handitzen inguruko isiltasuna ere; jende hurbilarena bereziki. Arrainen antzekoak hasi zitzaizkion bihurtzen lagunak, ezagunak eta gainerako guztiak. Imintzioka ikusten zituen bere aurrean, baina euren hitzak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zitzaizkion bidean oztoporik txikiena ere aurkitu gabe. Aberia nabarmendu berritan, adeitasunez berresaten zioten ezer galdetuz gero, baina pazientziak bere muga dauka.
Azkenean, tutuak jarri behar izan zituen belarrietan. Otologoak esan zionez, ikusmena bezala entzumena ere nekatu egiten da, eta entzungailuak erabiltzea betaurrekoak eramatea bezain normala da. Arrazoia izango zuen seguru asko, eta ezin izan zion aitzakiarik atera. Aurrerantzean, ordea, ispiluari erreparatzen zion bakoitzean, Louis Armstrong gogoratzen zitzaion edo, zehatzago esanda, bere tronpetaren soinua apaltzeko erabiltzen zuen osagarria.
Aurreneko egunetan, audiologiaren aurrerapenari eskerrak, berebiziko soinu-besta bihurtu zitzaion hiria. Aldian behin, sakelako telefonoren baten dei-soinuak asaldatzen zuen, edo kutxa automatikoari zerizkion sekuentzia musikalak ailegatzen zitzaizkion bezeroak diru kontuak egin bitartean. Egunsentian, berriz, txorien txorrotxioa hasi zen aditzen, buru barruan kaiola jarri izan baliote bezala.
Audifonoak ez ziren, dena den, bereziki nabarmenak. Oso jende gutxi konturatzen zen erabiltzen zituela, baina beti dago endreda-makilaren bat sudurra behar ez den lekuan sartzen duena inolako lotsarik gabe; baita belarrien atzean ere. Inoiz, baten bat ere hurbildu izan zitzaion galdera bihurriren bat egitera. Itxurak egin behar izaten zituen. Irratiaren aitzakia erabiltzen zuen: futbol-partida izan zitekeen, edo azken orduko albisteak, edo musika klasikoari eskainitako programaren bat.
Onartu beharra zeukan, alabaina, franko kontraesankorra gertatu zitzaiola bere prozesua. Orain askoz hobeto bereizten zituen hotsak, baina ez zuen behar bezala kontrolatzen nondik zetozkion. Adibidez: aspaldiko lagun zaharrek, batzuetan —ahots apalekoek, batez ere—, bizkarra ematen zioten hitz egin bitartean, eta mugaz beste aldean ari zitzaizkion gelditzen.
Arratsalde batean, harriduraz beterik, Ludwig van Beethoven zaharraren bosgarren sinfoniaren aurreneko zortzi notak aditu zituen eskuineko tutuan barrena. Otologoak esana zion seinale bat jasoko zuela pila ahitu aurretik, berandu baino lehen alda zezan. Egile handiari eskainitako oroigarri hura bere gorreria gero eta nabarmenagoa agerian uzteko modu benetan irudikorra izan zitekeen beharbada; ez, hala ere, hain gustu onekoa bere ustez. Hurrengo egunean gauza bera gertatu zitzaion ezkerreko tutuarekin.
Erraz ohitzen gara edozertan, gogoko ez izan arren. Eginkizun berri hartara ere egokitu zen, nahiz kostata. Astebete inguru irauten zion bateria bakoitzak; beraz, beti eramaten zuen beste aleren bat gainean aldatzeko prest. Egunak joan egunak etorri, behin, entzungailuak belarrietan zeuzkala, ahots urrun indartsu bat entzun zuen:
Kutxa zaharrak liburu ederrez beteta daude.
Oharrak lur eta zur utzi zuen. Ez zen gutxiago harrituko uholde handiko Noe zaharra, konparazio batera, bere ontziko irratiaren bitartez harremanetan jarri izan balitzaio. Oraingoan, nolanahi ere, bi belarrietatik barrena ari zen entzuten. Ez zuen konprenitzen nondik nor ari zitzaion muturra sartzen. Aste batzuk lehenago Ludwig handia buztanetik zintzilikatu zitzaion bere gorreriaren kontura. Orain, berriz, ezkutuan gordetako beste norbaitek bere burutazio xelebreak bidaltzen zizkion inolako baimenik eskatu gabe.
Erabat txundituta zegoen. Errezeloa egin zitzaion hitz sakon haiek bere hutsegite baten ondorio ere izan zitezkeela. Ondo hausnartu ondoren, ordea, ezinezkoa jo zuen zeharo. Ahaleginak egin zituen lasaitzen. Azken pila akitu arte itxarotea erabaki zuen, baina ez zen gauza izan ezinegona menderatzeko. Espezialistak trankil egoteko esan zion: enpresak oharkabean egindako okerra izan omen zen; ustekabekoa, guztiz.
Asmo handi samarretan zebiltzan. Nonbait, elkarlanean ari ziren hainbat herritako udal liburutegiekin. Entzungailu berezi batzuk banatu nahi zituzten musu-truk, literatura unibertsalaren urrezko zenbait kutixi zabaltzeko gorren artean. Azken proba-saio batzuk ari ziren egiten entzuleriaren esparrua behar bezala kontrolatzeko. Aldez aurretik, bezeroen arteko sarea behar zuten bilbatu. Eskaintza indarrean jarri bezain laster, nahikoa izango zuten izena ematea ondoko bi urteetan pilak dohainik eskuratzeko. Oraindik jaso gabe zeukaten baimen ofiziala.
Ez zizkion erdiak sinetsi; gorra zela bazekien, baina inozoa ez, zorionez.
Azalpenak zer hausnartua eman zion hala ere. Irakurtzeko gogoa hasi zitzaion pizten. Edozeinek —bere burua errespetatzen badu, behintzat— egokitu zaion garaiaren oinarriak ezagutu behar ditu eta, horretarako, hainbat gauza irakurri. Izarrek bezala liburuek ere keinu egiten diote elkarri, baina batzuk zein besteak zenbatezinak dira. Aspaldiko kontua da; paperezko labirintoa esaten zaio literaturari liburu zaharretan. Arrisku handia zeukan bidean galtzeko.
Ikaragarri gustatzen zitzaion nola kontatzen zuen Itun Zaharrak Kreazioa. Astearen jatorrizko hurrenkera hura batez ere, zeren lehenik eta behin ildo jakin bat behar izaten da bideari jarraitzeko; ordena eta kaosa, zerua eta lurra, argia eta iluna, alegia.
Idazlanak eta idazleak, dena dela, bitara bihurtzen ziren bere ustez: nahiz egilea hil, obrak iraun egiten zuen batzuetan, baina, jakina, askoz ere sarriago gertatu ohi zen alderantziz. Oreka jakin bat ezarri nahi zuen batzuen eta besteen artean; izan ere, zer ziren klasikoak azken buruan?
Azalpen bila saiatu zen, eta ondokoa gustatu zitzaion besteak baino gehiago: literatur ondare unibertsala berriz idaztekotan, gizadiak behar izango lukeen ezinbesteko oinarria. Beraz, asaba zaharren baratzetik aterako zituen gehienak; uholde ikaragarri hartan animaliekin bezala egingo zuen berak ere liburuekin, bakar batzuk besterik ez zituen aintzat hartuko. Izozmendiaren azpi-gainen arteko neurriari jarraiki, bederatzi liburutik bakarra emango zien gaur eguneko egileei, eta ur azpian hondoratuta utziko zituen gainerakoak betirako.
Eguraldiari erreparatu zion ostera. Atergabe ari zuen; zeruko kapota tzarra xukatzen ari balira bezala. Estoldak emana hartu ezinik zeuden, eta teilatutik zetozen hodiak ere berebat. Iragan eguneko haizearen zakarrak bere lekutik aterata zeuzkan teila batzuk; horrela, bada, etxeko balde zahar guztiak bildu, eta itoginen azpian egokitu zituen.
Airean utzitako asmoetan murgildu zen bueltan, eta Itun Zaharreko patriarka zintzoaren ontzia eskaini zion berriro oroimenak, baina ukuilu, kaiola eta aska guztiak alde batera utzita, sutontzia, besaulki zaharra eta apalategiak antzeman zituen ordez. Ez ziren animaliak, baizik eta liburuak hondamenditik libratu behar zituenak, baina sailkatzen hasita, zailagoa iruditu zitzaion bere asmoa Testamentu Zaharrekoa baino, zeren Noek nahikoak izan zituen arra eta emea espezie bakoitzetik, eta literaturaren erreinuan bazeuden gutxienez bost genero, hala nola olerkia, teatroa, saiakera, ipuina eta eleberria. Azkena hautatu zuen, hots, nobela klasiko bat.
Oroimenak eman zion hurrengo pausoaren berri. Eskolako mantal zuria soinean, historia sakratua erakusteko erabiltzen zuten liburu handiari begira zegoen. Irakurtzen ikasi aurretik ezagutu zituzten orduko pasadizo nagusien irudiak; Uholde Unibertsalarena, besteak beste. Ontziaren sotoan zegoen ukuilua gogoratzen saiatu zen, eta bazeuden oiloak, jirafak eta gameluak, baina ezin izan zuen, esate baterako, iguana, panda edo koalarik antzeman. Ez zuen huts bera egin nahi eta, Mendebaldeko zibilizazioa atzenduta, beste kultura batzuk hobetsi zituen.
Aurreneko liburua Ekialdeari eskaini zion, eta Txinan jarri zuen arreta hasteko. Eleberrien artean aproposena zein ote zen aztertu zuen luzaro, baina ezer gutxi omen zegoen itzulita. Izenburu bat nabarmendu zitzaion beste guztien gainetik: Xiyouji. Mendebalderako bidaia kaiera edo antzeko zerbait esan nahi zuen, eta egileak Wu Cheng’en zuen izena. Abiapuntu egokia izan zitekeen, bere ustez, kontrako norabidean egindako bidaldi baten berri ematen baitzuen obrak; Ekialdetik Mendebalera, alegia, eta begi urratu pare baten ikuspuntutik gainera.
Oso begirada gomendagarria iruditu zitzaion.
Eleberriaren izena eta egilearena zituen paper mutur batean, eta, trintxera jantzita, eskaileretan behera jaitsi zen bizi-bizi. Atea zabaldu, eta aurre egin behar izan zion euri-jasari. Arretaz joan zen aterkiaren azpian, putzuei itzuri eta teilatu-hegalak probestuz, begiak lurretik altxatu gabe. Inor gutxi zebilen kalean; liburu-dendan, ia inor ez.
Apaletan endredatzen ibili zen puska batean. Ez zuen bila zebilen liburua aurkitu. Amore eman zuenean, begira saiatu zen lagunduko zuen norbait ba ote zegoen. Urrun samar, liburu-meta baten atzean, belarriaren gainean lapitza zeraman dendari bat ikusi zuen gizajo lanpetuaren plantak egiten. Keinu egin zion eskuarekin. Ohartu beste erremediorik ez zuen izan.
— Ba al daukazue Viaje al Oeste? —esan zion liburu-saltzaile on bati ustez dagokion profesionaltasuna kontuan hartuta. Ez zion ikasi berria zuen Xiyouji bota, baina ahaleginak egin behar izan zituen mingainari eusteko.
— Viaje al Oeste? —itzuli zion dendariak galdera beste norabait begira—. Zein da egilea?
— Wu Cheng’en.
— Wu Cheng’en? —ahalegindu zitzaion itxuraz apalki, nahiz eta bere harrokeria gorde ezinik, bekozko—. Nongoa, jakin baliteke?
— Txina.
— Txina? —harritu zen berriro—. Haikuak?
Ez zion azaldu nahi izan haikuak ez zirela Txinakoak. Irakurle batek nahi duen liburua eskuratzeko egin dezakeen okerrena, liburu-saltzaileari edo liburuzainari gutxiespena adieraztea izaten da; horrela, bada, jakitera eman zion XVI. mendean idatzitako eleberri bati buruz ari zela, Ming dinastiakoa, alegia.
— XVI. mendea?
Axularren luma eskatu izan balio, ez zuen harridura handiagorik erakutsiko; beraz, eskua belarrira eraman, eta behin eta berriz igurtzi bitartean, horrela galdetu zion:
— Ba al dakizu zeinek argitaratu duen?
Oraingoan buruarekin erantzun zion Iparburuko hartz zuri bat izango balitz bezala. Istant bat eman zuen isilik. Adituak, gupida begietan, ez zion ezer agindu nahi izan; zenbatezinak omen ziren liburuak, eta literatura, berriz, mugagabea. Aholku bat ere bazeukan berarentzat: askok ez zutela eskaintzen zitzaien denbora merezi.
— Ez dago interneten sikiera —esan zion.
Oso liburu gutxik irauten zuen erakusleihoan hiru hilabete baino gehiago. Azken batean, gaur egun ezin zaio lekua kendu best seller bati, literatura klasikoari emateko. Apalategiak ez zeuden inork irakurtzen ez zituen kutixi txoroekin alferrik galtzeko, zeren papera, bestela badirudi ere, ez da batere arina eta lekua behar du. Aldian behin, baztertu egin behar izaten ziren, bestela zorua ere hondoratu zitekeen.
Aditzera eman nahi zion, gainera, berea bezalako ausarkeriak mespretxu moduan ere har zitezkeela. Azken batean zer nahi zuen, bada, iradoki? Ez al zegoen denda hartan, akaso, nahiko libururik bera baino irakurle askoz zorrotzagoak ere asebetetzeko? Oso urrun joan beharra zeukan hura bezain liburutegi ona aurkitu nahi bazuen.
Alde egin baino lehen, kanpora begiratu zuen. Erauntsiak ez zuen amorerik eman nahi. Atera egin zen, hala ere. Aurrera egin zuen espaloietan barrena, bizkarra hormen kontra itsatsita polizi film beltzetan ohi duten bezala. Euri-zurrustak goitik behera ari ziren etengabe, eta kaiola barruan otu zitzaion bere burua guardasol beltzaren azpian. Etxean sartu aurretik, behin eta berriz garbitu zituen zapata-zolak alfonbraren gainean, eta indarrez astindu zuen aterkia bustiaren isuria eten arte.
Albait arinen igo zen ganbarara. Urrikalgarri, lumatutako oilaskoa bezain, besaulkiaren gainean utzi zuen gorputza bertan behera. Alde egin baino lehen, Ekialdeko liburuekin bakarrik lan egiten zuen liburu-denda batean galdetzeko aholkatu zion saltzaileak. Ordurako etsitzen hasita zegoen. Aurreneko liburua alde batera utzi, eta beste batekin abiatzeko aukera ere aztertu zuen. Ez zuen, ordea, damutu nahi, eta eutsi egin zion bere asmoari.
Alde handia dago, esan zuen bere artean, aurretik Odisea irakurri, eta gero Ulises; edo alderantziz.
Erretiratuz geroztik bazeukan denbora franko irakurtzeko. Ez zuen, ordea, ametsetan erori nahi inondik ere. Irakurleak bere mugak onartu behar ditu. Adinean aurrera egin ahala, konprenitu beste erremediorik ez dago bizitzak, urteak bezala, lau urtaro izaten dituela. Azkenekoa baizik ez zitzaion gelditzen; hondar batzuk besterik ez. Ustekaberik izan ezean, laurogeiren bat bete arte iraun zezakeen mundu honetan. Izadiak eskuzabal jokatzen zuen batzuetan, baina, jakina, ehun urte betetzeko santua izan beharra zegoen.
Oharkabean eman zuen haurtzaroa; gaztaroa ederra da, bai horixe, baina ziztu bizian joan zitzaion; heldutasunera iritsitakoan konturatu zen kantoiaren beste aldean zegoela mehatxua bere zain, baina, oraindik puska on bat badagoela-eta, kontsolamendu horrekin ailegatu zen zahartzarora. Iraupen luzeko bidea ematen zuen bizitzak, baina zotina baino laburragoa egin zitzaion. Adin batetik aurrera, urteak binaka eramaten zituen denborak, eta berak ere bazeukan iraungitze-data jakin bat. Ez zituen asmoak behartu nahi, eta bost bat urte eman zizkion bere irakurzaletasunari.
Erraz atera zituen kontu guztiak. Astean liburu bat kopuru egokia iruditu zitzaion. Uda parteko hilabeteetan gehiago irakurri ahal izango zuela bazekien, baina ez zitzaizkion, hala ere, bostehun liburu baino askoz gehiago atera. Alexandriako liburutegian milioi bat eskuizkribu omen zeuden. Entzungailuetan barrena jasotako mezuarekin oroitu zen, eta etsiak harrapatu zuen: irakurri nahi zituen liburu guztiak gordetzeko, gizajoa!, nahikoa zuen kutxa zahar bat.
A zer nolako miseria miserablea!
Istant bat eman zuen begiak itxita sosegu hartzen. Atzera ireki zituenean, horma zuriari erreparatu zion berriz ere; apalik gabe oraindik, zorionez. Euria sabaileihoaren gainean ari zen oraindik ere atabala baino ozenago. Orduan, irratiko patriarkaren ahots urrun eta indartsua entzun zuen berriro:
Izartegiaren ederra ezin da tutu-zuloan barrena ikusi.
Okasiorako propio asmatutako zirtoa iruditu zitzaion, baina logaleak ez zion etsipenaren atzaparretan erortzen utzi. Aspaldiko liburutegi batean zegoela egin zuen amets; ezin konta ale apalategietan, baina obra bakarra: Xiyouji. Halako batean, ezkerreko belarrian zeraman pila azkenetan zegoela sumatu zuen, eta handik tarte batera Ludwig zaharra etorri zitzaion berriro ere esnatzera. Itoginen azpian jarritako ontziak gainezka zeuden hasita, baina atertu egin zuen azkenean. Indarrik gabeko tarrapata arin bat aditu zuen zetorrela sabaileihoaren gainetik. Arreta piztu zion: okil bat zen, etengabe mokoka, kristala puskatu nahi izango balu bezala.