Eltzeitsua
Adio sekulako, Sun Zhu. Ez dut hitz bakar bat gehiago alferrik galdu nahi zurekin. Orain ez daukat zalantza izpirik ere; bete-betean harrapatu zaitut. Ez da erraza sinestea gure harremanak hain luzaro iraun izana. Azkenean, ikustezu, agerian gelditu dira zure planta guztiak. Engainu bat noizean behin, tira, baina hamar urte inguru eman ditugu komedia honetan katramilatuta. Nahiago nuke buzoi hau aspaldi bertan behera utzi izan banu.
Ez dakit konprenituko duzun; espero dut baietz. Ez dizut zuk ez dakizun ezer esango; badakit. Honezkero neuk baino gehiago dakizu nire berri. Egin duzuna barkaezina da; aspaldi hartatik oraintsu arte iraun duen aztarren bakarra profanatu duzu inolako begirunerik gabe. Urtetan sasiak babestu zaitu, eta merezi ez duzun konfiantza eman dizut.
Ez dugu akaso jakin sasitik itzultzen eta tirainak —borrokak eta batez ere galdu izanak— arrastoak utzi ohi ditu atzera egiten duenean. Erbestean dabiltza batzuk, presondegian usteltzen beste asko eta, aldian behin, burua galtzen du norbaitek, edo edanak menderatzen du zeharo. Oso garai txarrak egokitu zaizkigu; hori hala da. Elkarren arteko buzoi honek iraun egin du, baina irudipena daukat, bizitza biharko utzita, eguneroko ohikerian gabiltzala jitoan.
Uste genuen garai berriak ate-joka genituela. Urte asko ezkutuan eman ondoren, aurreneko hauteskundeak ailegatu ziren behingoz, eta sinetsita geunden borrokan ibili zirenak aterako zirela ordezkari nagusi. Bai zera! Auskalo zenbat parranda egin ote genituen ustez erregimenaren gainbehera ospatzeko; orain, ordea, ez dakit ez ote ziren gure etsipenaren iragarpen izan.
Asmoak oker atera bazitzaizkigun ere, buzoi honek bere zereginari eutsi zion handik aurrera ere, baina ordura arteko satorlanak garaiz kanpo hasi ziren gelditzen eta gure arteko oharretan, denbora joan ahala, gero eta indar handiagoa hartu zuen bizitzak berak. Aitorpen hauek, azken batean, ez zuten inongo segurtasun-neurririk hausten; are gehiago, alferretan ez ote genituen ere laster hasi ginen susmatzen.
Itzalpeko mezuak bitarteko, halako giro min bat sortu zen gure artean —nire aldetik, behintzat— eta, azkenean, nire zenbait katramilaren jakitun ere egin zintudan. Izena eta etxeko helbidea izan ezik, honezkero ia dena azaldu diogu elkarri. Inoiz esan izan didazu —oroitzen al zara?— elkarrekin oheratu besterik ez zitzaigula falta. Azken urte hauetan nirekin bizi izan den emakumea nola ezagutu nuen ere kontatu nizun behin.
Aldameneko besaulkian egokitu zitzaidan zine-aretoan. Il conformista ari ginen ikusten, Bertoluccirena, eta amaitutakoan, atariko babesean egin nuen berarekin topo berriro. Euria erruz ari zuen gau hartan eta, aterkirik gabe ikusi ninduenean, nora nindoan galdetu zidan abegiz. Autobusera jo baino lehen, baxoerdi bat edan genuen elkarrekin eta, esan zidanez, zinezale porrokatua zen, eta Cinecittako filmak gustatzen zitzaizkion bereziki. Itxuraz, begi onez ikusi ninduen eta, agur egin aurretik, telefono-zenbakia eman zidan, inoiz nahi izanez gero, tarte bat berarekin emateko.
Arratsalde batean dei egin nion, eta handik aurrera gero eta maizago ateratzen ginen batera. Italiatik ailegatutako pelikularen bat estreinatzen zuten bakoitzean hitzordua adosten genuen ikustera joateko, eta aretotik irtendakoan, bakoitzak bere bertsioa azaltzen zion besteari aldameneko kafetegi batean eserita.
Azkenean —horrelakoak izaten dira kontu hauek—, elkarrekin jarri ginen bizitzen, eta ondo moldatu ginen puska batean gainera, baina zoriontasunak, tamalez, ez omen du zotin batek baino gehiago irauten. Ezagutu berritan bazirudien sudurzulo beretik hartzen genuela arnasa baina —nahiz eta ohe berean etzan—, beti ez ditugu amets berdinak izaten, eta onartu beharra daukat batzuetan faltan sumatzen nuela semafororen bat etxeko pasilloan —berak ere bai, beharbada— enbarazurik ez egiteko elkarri.
Azken gaizto hau korapilatzen hasi zen gauean sekulakoa izan genuen Lorek —ez dakit baduzun izen horren aditzea— eta biok; izan ere, gero eta sarriago izaten genituen antzekoak, eta oraingoan zera esan zidan: gizonok, oro har, amak gaizki hezi eta lagun artean gaizki ohitu ondoren hasten garela bizitza beste norbaitekin partekatzen eta, kasurik onenean, ez garela geure buruaren jabe bihurtzen lehen aldiz banandu eta bakarrik gelditu bitartean.
Onartu beharra daukat —inor ez da jantzita jaio— gauza asko ditudala oraindik ikaskizun alor honi buruz; elkarrekin bizitzeak baditu berarekin hainbat katramila, baina ez dut uste naizenik ere patriarkatuak unibertsoaren alderdi honetan jarri duen ordezkari nagusia.
Aitzakia, nolanahi ere, edozein izan zitekeen, baina euri zaharraren gainean ari zuen berria, eta egun hartan, ateari ikaratzeko moduko danbatekoa eman ondoren, bakarrik utzi ninduen gupidarik gabe; hainbat egunetan ez zen itzuli. Esna iraun nuen berandu arte, bueltatuko zelakoan, baina bai zera. Erretiratu baino lehen, leihora hurbildu, eta kanpora begiratu nuen; elurra ari zuen. Azkenaldian, berogailua ez zebilen behar bezain ondo; beraz, oinetakoak alfonbraren gainean utzi, eta arroparik erantzi gabe sartu nintzen ohean. Begiak itxi orduko, lo gelditu nintzen.
Eztanda batek iratzarri ninduen derrepente. Adi-adi egon nintzen tarte batean, baina ez nuen zirkinik txikiena ere antzeman. Isiltasunak agintzen zuen. Argia piztu, eta erlojuari erreparatu nion; goizeko laurak, laster. Erabaki ezinik ibili nintzen zer egin, baina, jaiki aurretik, oin bat atera nuen ohetik hotzaren neurria jakiteko. Ez zitzaidan iruditu hainbesteko premia zegoenik, eta hurrengo goizera arte atzeratu nituen nire jakin-min guztiak.
Esnatu bezain laster, bezperan entzundako zartadarekin gogoratu nintzen. Irudipena neukan eztanda, tiroa edo dena delakoaren hotsa nahiko gertutik zetorrela; etxetik kanpo, baina ez oso urrundik. Inguruko teilatuak elurrez estalita zeuden, eta etxeko terraza ere bai; bost bat zentimetro. Zamarra jantzi, eta gosaria prestatu aurretik atera nintzen kanpora. Eltzeitsu baten hondakinak ikusi nituen bazter batean sakabanatuta buztinezko beste zenbait ontziren artean. Euriz beteko zitzaion barrena, eta izoztutakoan, lehertu egin zen, nonbait, gauaren erdian.
Arrastoen artean giltza txiki bat aurkitu nuen elurpean; bidaia-maleta batena ematen zuen, eta poltsikoan gorde nuen badaezpada ere. Erratza eskuan hartu, eta puskak jaso nituen. Zakarretara bota bitartean, ordea, zenbaki eta hizki batzuk agertu zitzaizkidan, han eta hemen, buztinaren ifrentzuan pintura zuriz idatzita; nola, baina? Sukaldeko mahaiaren gainean jarri, eta ordenatzen saiatu nintzen. Uste baino errazago egokitu zitzaizkidan denak, eta ondorio pare bat behintzat atera nuen: alde batetik, ibilgailu batena zirudien matrikula, eta bestetik, etxetik hurbil samar dagoen plaza baten izena; Konstituzioarena, alegia.
Ezer egin aurretik, tarte bat uztea pentsatu nuen gertatuaren berri Loreri emateko, baina jakin-minak ez zidan hainbesteko denborarik utzi. Etxetik jaitsi, eta Vespa gorri bat aurkitu nuen arkupeetan aparkatuta. Ahalik eta disimulu handienarekin saiatu nintzen behin eta berriz abiorako giltza sarrailan sartzen, baina ez zen hangoa. Ez nuen espero holako misterio batek hain bukaera motela izango zuenik. Alde egin aurretik, hala ere, eserlekuaren azpiko kutxari erreparatu nion, eta berriz ahalegindu nintzen badaezpada. Orduan bai, orduan asmatu egin nuen. Ohar bat aurkitu nuen barruan:
Atsegin dudalako borrokatzen naiz, eta galtzeko ere prest nago. Nahikoa izango da ostiraletan hurbiltzen bazara; berdin dio zein ordutan, baina gainerako egunetan ez etorri.
Aurreneko irakurraldian iruditu zitzaidan nirekin zerikusirik ez zeukan saltsa batean sartu nuela nahi gabe muturra; alegia, mezu hura ez zela niretzat. Ez nuen, beraz, erantzuteko lanik sikiera hartu. Jakina da, alabaina, edozer gauza menderatu daitekeela, tentazioa izan ezik. Horrela, bada, astebeteko tartea pasatzen utzi ondoren, berriro hurbildu nintzen motorra zegoen lekura, eta eserlekuaren azpiko kutxa ireki nuen. Beste ohar bat neukan zain:
Oker zaude motorra nirea dela uste baduzu. Ilunabar batean, halabeharrez, giltzak jarrita zeuzkala ohartu nintzen, eta aukera baliatu nuen. Antzeko zerbaiten bila nenbilen aspaldi; beraz, inguruko ferreteria batera hurbildu, eta bi kopia atera ondoren, bere tokian utzi nuen atzera. Ez pentsa egunen batean Vesparen kutxatila miatzen harrapatuko nauzula.
Ez dut jabea ezagutzen, baina, itxuraz, mandatari dabil handik eta hemendik. Ordu jakin batean, kalea zeharkatzen ari naizela, semaforoa aldatu zain topatzen dut, ia egunero, motorraren gainean gidari. Orduan, nire ibilgailua hartu eta bere atzetik joaten naiz aparkatzen duen arte. Enkargutan dabilen tartea erabiltzen dut nire zeregina burutzeko. Era horretan jaso ahal izan dituzu zuk nire oharrak; eta jaso ahal izango ditut nik zureak.
Ezinegonak harrapatu ninduen aspaldi ez bezala. Egoeraren kontrola ez zegoen nire esku; baten bat ari zitzaidan isilpetik begira, nor zen ez nekiela, baina zergatik? Ostrukarena egin nezakeen, hau da, ezertaz konturatu izan ez banintz bezala jokatu, baina berandu zen ordurako. Aurreneko oharra jasotakoan sartu nuen hanka, eta handik aurrera ez zegoen bueltarik. Arrantzaleak dagoeneko bazekien berak jarritako amuan arrain bat zeukala eskuragarri.
Oraingoan erantzun egin nion esanez, nire kontura barre egin nahi bazuen, ez zuela batere graziarik, eta hurkoaren errespeturik ez galtzeko, mesedez. Ostiral pare bat gehiago utzi nuen pasatzen, eta Vespa zegoen tokira itzuli nintzenean, beste mezu bat neukan zain:
Aurrerantzean bi izen beharko dituzu izan: jaio zinenean eman zizuten hura (zure familiak eta, oro har, zure inguru hurbilak ezagutzen duena, eta nik ezagutu behar ez dudana), eta bestea; gu biok izan ezik inork jakin behar ez duena.
Izen honi esker bi mundu desberdinetan bizi ahal izango zara; elkarren berri izan behar ez duten bi mundu banandutan ezinbestez; horrela, bada, zure bizitzaren alderdi garrantzitsuak ezkutatu beharko dituzu, aldi berean eta txandaka, inguru batean zein bestean zaudenean.
Izen baten bila ibilia naiz ni ere neure buruarentzat. Zer iruditzen zaizu Sun Zhu?
Aurreneko mezuak ohar hutsak ziren, baina, denbora pasatu ahala, gero eta luzeagoak hasi ziren bihurtzen. Orduan jakin nuen lehen aldiz, esate baterako, ez duela merezi Txinako murko bat puskatzea arratoi gizajo bat akabatzeko; edo alferrik izaten direla belarrietan tapoiak, zintzarria lapurtu bitartean; izan ere, edozein eltzek bazituen bi belarri, eta mingainari eutsi behar zitzaion, ahoa ondo itxita, botilak ardoari bezala. Alegia, zurruntasunak, neurriz kanpo, eragingarritasuna eragozten duela, eta malgutasunak, neurriz kanpo, arriskua dakarrela berarekin.
Eltzeitsua puskatuta zegoen, eta ezin zuen gehiago iraun konpondu gabe. Espetxea, erbestea, heriotza bera bitarteko, sarearen egitura hondatuta zegoen txit. Erre gabeko partaide berrien ahaleginik izan ezean, ezinezkoa ematen zuen abian jartzea berriro. Arkupeetako Vespa gorri hura, handik aurrera, klausurako tornu baten modukoa joan zen bihurtzen edo, beste modu batean esateko, tabernetan platerak sukaldetik barrara jaisteko erabili ohi duten kargagailu txiki horietako bat.
Aspaldi hartan, aitortu beharra daukat, aiduru egoten nintzen ostiralak ailegatu bitartean, gero eta urduriago. Irrikan ematen nituen egunak tornuaren bestaldetik zerbait jaso zain, eta poztu egiten nintzen nire azken mezua ordurako irakurrita izango zenuela pentsatze hutsarekin.
Esan beharrik ez dago, gure harremanetatik kanpo utzi genituen norberaren bizitzari buruzko aipamenak; arriskuaren aurrean, segurtasunak agindu behar zuen beste guztiaren gainetik, eta oinarrizko araua hautsiko genuen, baldin eta bata bestea identifikatzeko balio zezakeen edozein xehetasun agerian utziko bagenu gure artean.
Aterki beltz handi bat eskuratzeko aholkatu zenidan, nondik nora nenbilen gogoan ez hartzeko, eta hitzorduren bat egokitzen zitzaidanean begiluzeen aurrean oharkabean ibiltzeko. Albait zorrotzen bete nuen esandakoa. Egun euritsuak baliatu nituen harremanak berreskuratzeko eta, begirada lurretik altxatu gabe sikiera asmatzen nuen bidea, espaloietako aho-tapa metalikoen tankera bitarteko.
Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen eta, desafio handien aurrean, idealak baino errazago galtzen dira itxaropenak. Une batetik aurrera, ordura arte kontuan hartu gabeko beste ezaugarri batzuk hasi ziren gure arteko kontuetan nabarmentzen. Urtetan uste izan genuen —irudipen hori daukat— borroka bakarra zegoela denontzat —edo asko, beharbada—, baina denak haren zerbitzura. Aurreko brankan, lehenik eta behin, politika zihoan, eta sotoan gordeta, berriz, bagoiak, hau da, gerraren izugarrikeria, naturaren gainbehera, kontsumismoaren eromena, edo emakumeen menpekotasuna, besteak beste. Azkenaldian, aldiz, zabaldu egin da matxinadaren lehen lerroa, baita etxe barruan ere, eta denetara ailegatu ezinik, etengabe ari zaizkigu kontraesanak metatzen ezinbestez.
Oraindik gogoan daukat Lorek egun batean nola proposatu zidan telebista armairuaren barruan gorde eta ez ateratzea eguraldiari buruzko saioa ikusteko besterik; baina nolako inbidia nabari zitzaion etxe ondoan aparkatuta egon ohi zen Kakarraldo burdeos bat ikusten zuen bakoitzean, aitortu nahi ez arren. Egia da, halaber, buruz zekizkiela galzorian zeuden animalia guztien izenak, baina nahasi egiten zen oraindik ere etxeko zakarrak bereizteko ontzien koloreekin. Behin esan nion tentatuta nenbilela brigada batean izena eman eta Nikaraguara joateko. Ez zuen denbora asko behar izan erantzuna emateko orduan: haur saharar bat ekartzeko asmotan omen zebilen, udan, eta nire laguntza espero zuen, baldinbaitere.
Alegia, bizitzak ez duela hasperen batek baino gehiago irauten, eta dagoeneko hamarren bat urte joan direla elkarrekin bizitzen jarri ginenetik. Ez dira gutxi, kontuan hartuta edozein eltzek badituela bi belarri, edo alferrik izaten direla belarrietan tapoiak zintzarria lapurtu bitartean, edo ez duela Txinako murko bat puskatzea merezi arratoi gizajo bat akabatzeko. Aitortu beharra daukat, nolanahi ere, zerbait ikasi dudala saltsa honekin guztiarekin, eta honezkero susmatu duzu, seguru asko, zertaz ari naizen. Kontua da atera berria naizela zine-aretotik, eta ez dut uste harrituko zarenik esaten badizut Bernardo Bertolucciren pelikula bat ematen zutela, elkar ezagutu genuen arratsalde hartan bezala: La tragedia di un uomo ridicolo.
Aurretik eman duten film laburra, Pays Basque, eskas samarra iruditu zait, baina eragin didan nahigabeak ez dit utzi ondoko tragedia ikusteko gogorik. Amaitu baino lehentxeago, Vespa gorri bat erakutsi digu kamerak, gero eta hurbilago, pantaila bete arte. Istant bat baino ez da izan, baina azken urtemugan oparitu nizun bufanda bera iruditu zait gidariak lepoan zeramana. Ennio Morriconeren banda hasi orduko egin dut alde; dokumentala bukatu bezain laster. Ez dut gelditzeko behar beste indar biltzerik izan. Ikusitakoa gainditu ezinik nabil geroztik.
Orain dena bat dator; botoia bere zuloan bezala. Adio sekulako, Sun Zhu. Ez dut hitz bakar bat gehiago galdu nahi zurekin. Urrun izango ahal zaitut hitzok jasotzen dituzunean! Ni banoa; pisuaren alokairua probestu dezakezu, merezi ez baduzu ere. Amorruaren oliotan frijitzen ari naiz oraindik, eta ez dakit sekula sosegatuko naizen. Baina esadazu, mesedez, bitartean, nola moldatu zinen eltzeitsuaren barruan idazteko?