Wo ai ni
Atzo arte uste nuen neu nintzela erruduna. Uste nuen, inoiz egia jakingo bazenu, ez zenidala sekula barkatuko, eta irudipena daukat egon bazegoela arrazoiren bat zure alde; gezurretan aritu naiz zurekin. Ez da, gainera, gezur bakarra izan: alde batetik, nire jatorriaren gorabeherak; bestetik, erdararen kontura egindako plantak. Iragan astean, itxaropenaren azken arrastoa galtzeko zorian, zure eskutitz bat jaso nuen.
Eman berria omen zeneukan izena Suzhouko Hizkuntza Eskolan. Alde egiteko aitzakia neu izan omen nintzen; txinera pittin bat ikasteko, gure arteko harremanei begira onuragarri zatekeelakoan. Aitorpenak loka utzi ninduen; erabat hunkitu ninduzun, baina, bai zera! Inuzente hutsa naiz; ez dut sekula ikasiko. Utzidazu, arren, nire barrenaren berri ematen.
Esaera zaharrak dioenaren arabera, ez dago ipuinik zoriak parte hartzen ez badu. Hertzainak taldeak eskaini zuen azken kontzertu hartan ezagutu genuen elkar, txiripaz. Oroitzen al zara? Elkarri begirik kendu gabe eman genuen jaialdi osoa. Amandreren bat zebilen, nonbait, bazterrak endredatzen, eta izpi gardenak balira bezala lotu zituen gure begiradak. Onartu beharra daukat bat-batean maitemindu nintzela zurekin. Itsua omen da, diotenez, maitasuna; baita mutua ere batzuetan. Gaztelaniaz ez dakienaren plantak egin nizkizun, eta sinetsi egin zenidan.
Izadiak zuri bezainbesteko sudurra eman izan balit, ez zenituen, beharbada, nire hitzak sinetsiko. Ez zinen konturatuko, seguru asko, baina hasieran, muxu eman nahi nizun bakoitzean, ez nuen jakiten nola. Abiatu aurretik, ezker ala eskuin aukeratu behar izaten nuen, zure kako handi horrek pasatzen utziko banindu. Apenas izango nituen hiru hilabete ekarri nindutenean, baina oraindik ere gezurrezkoak iruditzen zaizkit hemengo sudurrak.
Herri honetan dagoeneko ez dago inor euskaraz besterik ez dakiena. Inoiz dendaren batean sartu eta, gazteleraz ez dakidala esaten diedanean, harritu egiten zaizkit. Ez da egia, baina sinetsi egiten didate. Uste dute atzerriko unibertsitate exotikoren batean ikasi dudala euskaraz egiten. Nire begi urratuak ikusita, txit urruti jaiotakoa naizela iruditzen zaie, eta horretan arrazoi dute.
Antzeko zerbait jazo zitzaidan zurekin ere; txinatarra nintzela esan nizun, eta sinetsi egin zenidan. Okasio honetan, alabaina, ez zegoen gezurrik; nire sorterriak Guilin du izena, eta eskualdeak, berriz, Guangxi. Urruneko lur haietan nekazaritzatik bizi da jendea, eta besoen indarrari erreparatzen diote lehenik eta behin; beraz, nahiago izaten dituzte semeak alabak baino. Horrela, bada, abandonatu egin ninduten jaio bezain laster, beste neska asko bezala, eta azkenean babes etxe batean jaso ninduten. Hara joan ziren gurasoak nire bila. Ondo dakizun bezala Xifeng dut izena, baina nire deiturak Ugalde eta Arrondo dira.
Apenas egin dugun pare bat urte elkarrekin; denbora gehiena isilik. Ez nuen uste gauza izango zinenik, baina onartu beharra daukat hasia zarela euskaraz pittin bat askatzen; hasieran nirekin eta, orain, zer kontatuko dizut zuk ez dakizunik horri buruz. Elkar ezagutu genuenean, zerbait ulertzen zenuen, egia da, baina nekez lotzen zenituen bi hitz trabatu gabe. Ekatzu muxu esaten moldatu zinen arte, esate baterako, hiru hilabete gutxienez eman zenituen.
Egun batean galdetu edo, hobeto esateko, adierazi zenidan nire arbasoen hizkuntzan maite zaitut nola esaten zen jakin nahi zenuela. Zorionez jakinaren gainean harrapatu ninduzun; gurasoek mila aldiz gogorarazi didate. Itxuraz, hori izan zen Txinan ikasi zuten txinera bakarra. Elkarrekin emandako denboraldiari dagokionez, isilean eman dugu gehiena, hala da, baina ez al gara nahiko ondo moldatu? Aitortu behar dizut, nolanahi ere, nahi baino gutxiagotan entzun dizudala wo ai ni esaten; maite nauzula badakidan arren.
Elkarrekin bizitzen jarri bezain laster, ia buruz ikasi nituen Tu Yi sukaldari handiaren ehun errezeta ospetsuak. Egurrezko zotz luze batzuk ekarri nituen gurasoen etxetik, eta portzelanazko katilu pare bat ere bai. Zeu ere nahiko ondo moldatzen zara sukaldean, baina onartuko didazu esnetan egositako ganbak, tomatetan egindako tofu puskak, eztitan erretako azpizuna edo mendarekin prestatutako muxikak ondo ateratzen zaizkidala.
Elkar ezagutu aurretik ere, errezetak ez ezik, irakurrita neuzkan Txinako beste lan batzuk; ez gehiegi. Irakurri izan ez banitu, oraindik ez zenukeen jakingo zer den “jadezko harpa” edo “Budaren hortza”; ezta neuk ere. Egia esan behar badut Jin Ping Mei eskuetan hartu arte, ez nuen jakin zer esan nahi zuen yunyük, eta liburuetan ikasia daukat, era berean, “bederatzi bider bederatzi” hori zertan den.
Ez dakit zenbat urte nituen zehazki orduan baina, nerabe nintzela, Guilin eskualdeko agintarien eskutik jasotako txostena erakutsi zidaten gurasoek. Etxean gordeta daukat kopia bat oraindik ere; zigiluaren azpian idatzita, agertu nintzen eguneko data dator. Maiatzaren 3an jaio nintzen orain dela hogeita hamaika urte, nonbait, eta bide bazter batean aurkitu ninduten kartoizko kaxa baten barruan sartuta. Orduko datu batzuk ia buruz dakizkit, esate baterako:
Lasai egiten du lo; sakon hartzen du arnasa; eta negar ere ozen eta garbi egiten du.
Ez dut aitzakiarik alabatzat hartu nindutenentzat. Inoiz ez dut maitasun faltarik izan, ezta gutxiagorik ere. Arretaz zaindu eta hezi naute; nire gorabeherak ulertzeko beti prest. Amaren aldetik konfiantza jaso dut, eta aitaren aldetik, berriz, errespetua zertan den. Aitortu behar dut, era berean, interes handia izan dutela nire sustraien berri izan dezadan txiki-txikitatik; nahiz eta, egia esan, ez dudan inoiz gauza handirik jakin nire sorterri urrunari buruz.
Orain dela gutxi, Txinako hegoaldeari buruzko dokumental bat eman zuten telebistan, eta nire jaioterriko bazterrak ikusi ahal izan nituen. Ikuspegi zoragarria, benetan: mendi lauso eta leunak, baina gure alderdiokin alderatuta txit bestelakoak. Inguruko mendiek gamelu erraldoien konkorrak ematen zuten lanbroaren azpian. Egunen batean, nork daki, Guangxi urrun hartara itzuliko naiz beharbada —zure Suzhou horretatik mila kilometro inguru, hurbildu nahiko bazenu—; lehen ez bezala, gero eta jakin-min handiagoa sumatzen dut nire arbasoen kulturari buruz.
Ez dakit ez ote naizen txinera ikasten berriz hasiko. Oraindik ere gurasoen etxean gordeta behar dute ariketa errebes haiek bazterren batean. Ondo dakienaren plantak egiten saiatu naiz zure aurrean, baina ezer gutxi dakit, eta, gezurra badirudi ere, zuri esker ikasi dut dakidan apurra. Hasteko, ikusarazi behar nizun ez nintzela bertakoa, ez nintzela euskal herritarra; nekez sinetsiko zenidan bestela gazteleraz ez nekiela.
Euskaraz egin bitartean, esamolde bakan batzuk tartekatzen nituen txineraz, nahi gabe bezala, eta horrela disimulatu ahal izan dut, ustez, nire gabezia. Ulertu ez, baina behin baino gehiagotan entzungo zenizkidan, esate baterako: ni hao (zer moduz?), bu zuo (ez dago gaizki), duibuqi (barkatu), meiguanxi (ez dio axola), wei shenme? (zergatik?), bukeqi (ez da ezer), chabuduole (gutxi gorabehera) edo zaihui (gero arte). Ez galdetu nola idazten dituzten txinatarrek; oraindik ez dakit hainbeste.
Oraintsu arte elkarbizitzan eman ditugun bi urte hauetan, dena dela, gorputzaren adierazpen isila nagusitu zaio ezinbestez gure hizketari. Euskaraz ez zenekiela-eta, duela gutxi arte uste izan dut ez zenuela nire sinesgarritasuna zalantzan jartzen, baina, bai zera! Engainatuta eduki nauzu zeharo.
Ez nintzateke batere harrituko pentsatuko bazenu erabat pitzatuta nagoela, baina ez da horrenbesterako; ondo dakizun bezala txinatarra ematen dut, eta horri esker, elebakarren arteko elkarrizketak entzun ahal izan ditut eurak ohartu ere gabe; horrela, bada, egoeraz jabetzen joan naizen bezala, joan naiz gotortzen euskararen auzian. Oraindik gogoan daukat noiz eta nola izan nuen lehen aldiz euskaraz bizitzeak dakarren bazterkeriaren berri eta, jakina, planto egiteko garaia bazela esan nion nire buruari.
Eguraldiak, ilunabar hartan, euria zekarren, eta farmazian ahaztu zitzaidan aterkia. Atera bezain laster, zaparradak harrapatu ninduen; beraz, bila itzuli nintzen berehala. Hurrengo bezeroa dendariarekin ari zen nire kontura berritsu:
— Oye —esaten ari zitzaion—, menos mal que los euskaldunes son bilingües. ¿Te imaginas que no supiesen hablar en castellano?
Hura izan zen nire buruaren itzultzaile sentitu nintzen lehen aldia. Are gehiago; orduan konturatu nintzen elebakar guztiak erdaldunak zirela eta euskaldunak, aldiz, denak elebidunak.
Erdaldunak, horrela, erdaraz hitz egin zezakeen edozeinekin lasai asko; euskaldunak, alabaina, hizkuntza aldatu beharra zeukan bidera ateratzen zitzaion lehenengo erdaldun soilaren aurrean. Elebakarraren ikuspuntutik, noski, aukerarik onena herri honetako biztanle guztiak elebakarrak izatea litzateke, baina gurea bezalako gizarte sasi-elebidun honetan ere ez al dira eroso bizi? Asper-asper eginda nago han eta hemen entzuten ditudan aitzakia merkeekin.
— Oye, por mí no os paséis al castellano; no os podéis hacer a la idea de lo que me gusta oíros hablar en euskera…
— No sabéis lo que me joroba cada vez que os pasáis al castellano solo porque yo no sepa euskera…
— Yo de pequeño solo hablaba en euskera, pero nosotros no hemos tenido la suerte que habéis tenido vosotros…
Edo beste hau:
— A ver... todos sabemos castellano, ¿no?, ¿para qué vamos a complicar las cosas?
Ordura arte ia aitorpentzat neuzkan iritzi batzuk, erasotik oso hurbil iruditu zitzaizkidan bat-batean. Oldartu beste erremediorik ez zegoen; beraz, nire sudur motza eta nire begi urratuak asmo zintzo baten alde erabiltzea erabaki nuen.
Banekien Mendebaldean nork bere burua aipatu nahi duenean zilborrera eramaten duela hatza; Txinan, ostera, zuk hain kako eta nik hain motz daukadan horretan dago, antza, norberaren muin bereizgarria. Horrela, bada, dendaren batean nagoela txanda egokitzen zaidan bakoitzean, hatza sudur puntara eraman eta, ni? galdetzen dut ingurura begira. Auzoan dagoeneko Mulan deitzen didate isil-gordeka; marrazki bizidun arrakastatsuaren protagonistari bezala.
Itxura besterik ez daukat, beraz, txinatarra, eta, jakina, asaba zaharrak, baina kulturari dagokionez, onerako edo txarrerako, mendebaldarra nauzu guztiz eta ezinbestez. Irudipena daukat tipula batean bezala bilduta egoten direla norberaren ezaugarriak gure barruan, eta Guilinen galdutako geruzaren mira izaten dut, hala ere, zenbaitetan.
Euskal Herrian hazi naute; beraz, mamia gehiago gustatzen zait tofurik onena baino, baina ez dakit zer dudan nahiago: Olentzero ala Orienteko Errege Magoak. Ez dut, alabaina, haurtzaro erraza izan. Oso txikitatik konturatu nintzen ez nuela antzik ez gurasoekin ez familiarekin; ez neukan ispilurik nire burua non begiratu, eta jitoan bizi den kometaren antzera nenbilen, nire barruan galduta. Urteak aurrera joan ahala ohartu nintzen, era berean, nire itxura bestelakoa zela eskolako lagunengan ikusitakoarekin alderatuta, eta nire intimitatean profanatuta bezala sentitzen nintzen.
Azkenean, nolabait esateko, biltegi psikologiko baten jabe garela ulertu behar izan dut. Abandonaturik utzi ninduten orduko zulo hark goitik behera baldintzatu zidan bizitza, eta korapilo hura nire sakonean erregistratuta gelditu da betiko. Inoiz bide bazterrean zurtz agertu zen neska honen nortasunari, azaldu didatenez, adreiluak falta zaizkio murruaren oinarrian eta hutsune horrek, batzuetan, ezinegona eragiten dit, eta larridura. Zuk badakizu nola diren nire lazturak amorru bihurtzen; nire gurasoen etxean batik bat, baina baita zurekin ere.
Arratsalde batean, aspaldiko partez, zinemara joan ginen elkarrekin. Oroitzen al zara? Oker ez banago, zuk beste zerbait nahi zenuen, baina Azken enperadorea ikustera sartu ginen. Etxera bueltan Txinan garai batean agintari gorenari eskaintzen zitzaion erreberentzia imitatzen saiatu zinen. Nolako besta!
— Koutou —esaten zioten mendekoek enperadoreari.
— Koutou —esan genion behin eta berriro elkarri.
Ordudanik, ondotxo dakizun bezala, agindu gabeko itun batek lotu gaitu luzaro: batak besteari barkamena eskatu behar dion bakoitzean, belaunikatu eta makurtu egin behar du kopetak lurra ukitzeraino, aitorpenaren seinale. Uste dut oraindik zor didazula baten bat, baina biok ere harro samarrak gara izatez; elkarrengana hurbildu ginenetik, dena ez da izan zintzoa eta naturala gure artean, eta onartu beharra daukagu.
Oharrik utzi gabe alde egin zenuen halako batean etxetik, ni kalean nenbilenean. Erabat sinetsita nengoen berandu baino lehen itzuliko zinela, baina denborak aurrera egin zuen, eta zu ez zinen agertu. Ondorioz —edo hala uste dut, behintzat—, ia nire sorreratik beretik puskatuta neuzkan adreilu haiek berriro hasi zitzaizkidan nahigabetzen. Orduko hartan zuretzat izan ziren nire haserre guztiak.
Iragan astean jasotako eskutitzak Txinako Herri Errepublikan jarritako zigilua zeukan azalean itsatsita; Suzhouko helbide bat zekarren atzeko aldean. Ez nintzen harritu gaztelaniaz idatzita zegoela ikusitakoan. Esaldi bakarra zetorren txineraz: wo ai ni. Euskaraz bat ere ez. Oraindik bazegoen Asiako mapa zahar bat gurasoen etxean, eta, begiak erretzeko zorian, Shanghaitik hurbil samar dagoela jakin nuen. Oso hiri ederra ematen zuen, ubidez ehundua eta lorategiz apaindua, eta Txinara joateko gogoa areagotu zitzaidan. Aurki, ordea, atzera eragin zidan susmo batekin egin nuen topo; alde egin zenuenetik ez didazu inolako gonbitik bidali, eta iruditzen zitzaidan, gainera, ikasten ari zinen txinerak agerian utz zitzakeela, lehenago edo geroago, nire mailaren gabeziak.
Egun batzuk eman nituen zain erantzun aurretik. Irudipena neukan nire jokaera gotorrak euskararen alde, zugan piztu nahi nuen portaeraren kontrako ondorioetara eraman zintuela; ez zenidala behar bezala ulertu, alegia. Asmo txarrik gabeko okerra izan zen, baina guztiz aldenduko gintuela uste nuen; betiko beharbada. Atzo, alabaina, nolako ustekabea!, zure bigarren eskutitza jaso nuen. Euskaraz, alajaina!; poliki, gainera.
Oraingo honetan Urepelen zaudela esaten didazu; barnetegi batean euskara ikasten. Are gehiago; euskara ikasi bitartean, Suzhouko neska bat ezagutu duzula, eta berak lagundu dizula zikulusaltsa hau guztia prestatzen. Ondo ulertu badut zuk idatzitako lehen eskutitza bere gurasoek jaso zuten Suzhoun, eta euren bidez iritsi da nire eskuetara bide luze baten ondoren.
Orain arteko aitorpena sinestezina iruditzen zait zeharo. Ez naiz fio batere zurekin. Aurretik baneukan susmoren bat, baina orain badakit nolako enbusteroa daukadan alboan. Engainatu egin nauzu hasieratik beretik. Alde batetik haserre nago, baina pozik ere bai; irrikan zure ikusteko zain. Egunak luzeak dira zu gabe, eta etxeko txirrina entzuten dudan bakoitzean, zeu zarela iruditzen zait... baina esadazu, mesedez, ba al zenekien euskaraz elkar ezagutu baino lehen? Ez al daukazu nahikoa txinatar batekin? Non dago zorioneko Urepel hori?