Faradayren kaiola
Esan dezakezu baietz, Noel; liburua zurea dela, ipuinak zeuk idatzi zenituela, baina ez dakizula nondik eta barrena ailegatu diren zure etxeko apaletara, nahiz eta aspaldi honetan usman ibili zaren. Ez, ordea, aitortu zeuk ostu dituzula. Egia da zure etxean aurkitu zituztela, konforme, baina, erne gero! Arrazoiak emateko orduan ordena ez da hutsala, eta denbora behar izaten da horrelako kontuak behar bezala azaltzeko, are gehiago zurea bezalako kasu batean.
Erraz asma zenezake zein izango den lehen galdera: zergatik zeuden mila ale baino gehiago, denak berdinak, ganbararen isilpean gordeta. Ez ote den susmagarria. Aditu beharko duzu, baita ere, zergatik daukaten azala estalia liburu guztiek. Badakizu nik zure lekuan ez nuela erantzukizunik hartuko nire gain, baina ez legoke gaizki baldin onartuko bazenu zuganako mesfidantza —neurri batean, behintzat— konprenitzeko modukoa ere izan litekeela.
Egokia litzateke esango bazenu ez zenuela ganbarara igotzeko ohitura handirik. Zer agertu zen jakin ondoren, ordea, gauzak bere lekuan hasi zirela egokitzen. Egun batean, ohi bezala, goizean goiz jaiki zinen eta, etxetik atera baino lehen, leihotik begiratu zenuen. Ez zen, artean, goiz-albaren arrastorik ageri. Igogailuan zindoazela ohartu zinen nola norbait zetorren kontrako norabidean; The Pink Panther ari zen txistuka. Atarira ailegatu orduko, markagailuari erreparatu zenion zein solairura zihoan jakiteko. Azkenekoan gelditu zen.
Oraindik ez zebilen inor kalean. Automobilean sartu, motorra piztu eta, abiatu bezain laster, ezkerretara jo zenuen alboko kaletik. Atzerako ispilutik begiratu zenuen, sarritan bezala, zure etxe azpitik pasatzerakoan. Sukaldeko argia piztuta zegoen. Nola zen posible! Apustu egingo zenuke alde egin baino lehen itzali zenuela. Oso metodikoa zara kontu hauetan eta, gainera, gortinaren higidura ikusi zenuen nabarmen. Ez daukazu zalantza izpirik; baina aurrera egin baino lehen, egizu une batez hitz beste.
Aspalditik egin duzu amets literaturaren lepotik bizi izango zinela, baina gaur egun edozein morroik du soldata hobea; horrela, bada, osasunari buruzko txostenak euskaratzen atera behar izan duzu bizimodua, eta sormenari, aldiz, apurrak baino ezin izan dizkiozu eskaini. Onartu behar duzu, hala ere, itzulpengintzak badituela bere alde onak, lan bakartia izan arren: zuk zeuk antola dezakezu lanaldia komeni zaizun moduan. Ez da gutxi, kontuan hartuta azkenaldian lo gutxi egiten zenuela gauez, eta luzatzen ari zitzaizkizula bazkalondoko lo-kuluxkak; alegia, denboraren pisua astunagoa ari zitzaizula bihurtzen.
Azkenean, bi atal berdinetan banatu zenuen eguna, eta egun bakarrarekin hamabi orduko bi alderdi egin zenituen. Argia urratu aurretik hasi zinen esnatzen, eta bazkalondoan, ordu bietan, hartzen zintuen loak; seietan berriro jaiki, eta gaueko ordu bietan joaten zinen berriro ohera. Arratsaldero idazten zenuen zer edo zer —orrialde bat eguneko, gehienez—, eta liburu-dendak miatzen ematen zenituen goizak, edo bibliotekaren itzalean irakurtzen bestela. Baina kontuz, Noel; ez, gero, Faraday aipatu; are gutxiago bere kaiola.
Ondo letorkizuke, era berean, aipatuko bazenu nola egun batean, erretiratu baino hilabete pare bat lehenago, enkargu bat jaso zenuen Cognition and Language zentrotik Unescoren Albistarian argitara emandako artikulu bat itzultzeko: Mother tongue and the brain, Howard Brabyn-ena. Erabakigarria, zure ustez, azaltzen ari zaren auzi hau ulertu ahal izateko. Orotara, ez zituen bost orrialde luze izango; beraz, asteburua nahikoa izan zenuen euskarara bihurtzeko.
Irakasle japoniar ospetsu batek egindako ikerlan zientifikoaren berri zekarren: Tadanobu Tsunoda; buruz ikasi beharko zenuke bere izena; izan ere, baliagarria izan dakizuke. Ondorio harrigarriak atera omen zituen garunaren hemisferioen arteko harremanari buruz; alegia: Eguzkiaren Sorterrian, munduko bazter gehienetan ez bezala, ezkerreko hemisferioaren bitartez gobernatzen zituzten olatuen marruma, hainbat txoriren kanta, abere batzuen oihuak eta bertako zenbait musika-tresnaren soinua.
Ildo berari jarraiki, Cognition and Language zentroko adituak antzeko egitasmo bat ari ziren, nonbait, abian jartzen zaldiaren irrintzia eta gizakiarena hemisferio berari ote zegozkion erabakitzeko asmotan. Eztabaida zabalik omen dago oraindik ere aldizkari espezializatuetan. Nolanahi ere, euskaraz hitz egiten zuten euskaldunak behar omen zituzten probak egiteko, eta zu erretiratuta zeunden; horrela, bada, gerora begira zer gerta ere —alzheimerra, kasu—, boluntario aurkeztu zinen jakin orduko. Baina kontuz, Noel; ez, gero, kontatu zergatik janzten zenuen kapelu galesa bibliotekara edo liburu-denda batera abiatzen zinen bakoitzean.
Azaldu, baita ere, ahaztu gabe, nola Cognition and Language zentroko neurologo batek hitzordua jarri zizun bere bulegoan, ohiko azterketa osagarri batzuk egiteko proba nagusira begira. Adinak ez du barkatzen, badakizu, eta bista nekatuta zeneukan; alegia, ikusi, ikusten zenuen, baina ez zenituen irudiak behar bezala bereizten. Antzeko zerbait esan zizun entzumenari buruz; hots, entzun, entzuten zenuen, baina ez zenituen soinuak behar bezala bereizten.
Ikusmena eta entzumena ez ezik, ordea, memoria ere nekatu egiten da urteen poderioz, eta aukera aprobetxatu zenuen esateko azkenaldian oso erraz ahanzten zitzaizkizula gauzak, adibidez: aurreko batean, arkatza aurkitu ezinean ondo aspertu eta gero, belarriaren gainean azaldu zitzaizun, eta beste batean, berriz, betaurrekoen bila erotu beharrez ibili ondoren, jantzita zeneuzkala konturatu zinen. Oraindik, zoritxarrez, asmakizun omen zeuden oroimenaren galerari aurre egiteko betaurrekoak eta entzungailuak.
Oso enpatikoa zara zoritxarrez. Are gehiago; ezin izan duzu sekula gaixotasun baten sintomarik euskaratu, gaixotasun hura bera harrapatu gabe. Ekin berritan, alergiak, marrantak, gripeak edo antzekoak bidaltzen zizkizuten; beraz, gaitz erdi. Azken boladan, ordea, eldarnio, haluzinazio edo nortasun bikoitzari buruzko txostenak hasi zitzaizkizun ailegatzen, eta ezin izan zenion hipokondriaren erasoari eutsi.
Inoiz ez duzu konfiantza handirik izan osasungintzan, eta badakizu zirujauak ez direla tripakari zapuztuak baizik, baina aukeran nahiago izan duzu drainadura neurologikoak, garuneko erauzketak edo burezurreko trepanazioak euskaratu, osasun mentalari buruzko ikerlanak baino. Izerditan blai jartzen zinen, edo txindurritu egiten zitzaizun eskua, eta zorabioak harrapatzen zintuen.
Itzulpengintzaren arau nagusiaren arabera, ezin omen da behar bezala itzuli idazlana sakon ulertu ezean, baina zuk eskafandra moduko bat jantzi behar izaten zenuen buru barruan, garunaren muinetan murgildu bakoitzean. Irudimena erabili gabe trebatu behar izan zenuen itzultzen; gaixoaren lekuan jarri gabe. Ez da, beraz, harritzekoa medikutarako joera handirik ez baduzu izan sekula. “Ostrukarena” esaten omen zaio zure hipokondria mota horri.
Uste baino hobeto omen zeunden, eta zorionak eman zizkizun emaitzengatik. Arturo Toscanini orkestra-zuzendari ospetsuak ere inbidia sentituko omen zuen zure memoriaren aurrean, eta ondoko pasadizoa kontatu zizun.
Arrats batean, kontzertua hasi baino lehentxeago larrialdi baten berri ematera etorri omen zitzaizkion. Orkestrak ehundik gora musikari zituen, eta bigarren fagotak esan zion si bemolari zegokion giltza ez zebilela behar bezala. Istant bat besterik ez zuen behar izan erantzuteko.
— Eskerrak! —mintzatu zitzaion maisua—. Nota hori ez da gaur gaueko emanaldian agertzen.
Adibide xelebrea iruditu zitzaizun, baina ez Cognition and Language zentroko aditu bati zegokion mailakoa. Egun hartan bertan, bigarren artikulu bat eman zizun euskaratzeko: Zhuangzi's “Dream of the butterfly” and cerebral hemispheres functions. China Today. Egilearen izena behar izanez gero, interneten ikus dezakezu. Antigoaleko jakintsu batek idatzita utzi zuen ametsa aztertzen zuen neurobiologiaren ikuspegitik. Oinarrian dagoen pasarteak ozta dauzka dozena erdi bat lerro. Ikas ezazu buruz; baliagarria gerta dakizuke.
Aspaldi hartan, maisua, ametsetan ari zela, tximeleta bihurtu zen. Atseginez beterik, tximeleta izaki, hegan zebilen. Atsegin hartzen zuen, baina ez zekien Zhuang maisua zela. Halako batean, esnatu egin zen eta, harriduraz, maisu bihurtu. Maisuak ez zekien, ametsetan, tximeleta bihurtu ote zen, edo tximeleta, ametsetan, maisu…
Egia da garaiz kanpokoa izan litekeela horrelako okasio batean Ekialdeko maisuen parabolekin endredatzen hastea, baina Zhuangzi berari gertatu bazitzaion, zergatik ez zuri? Aspaldiko maisuak ezin izan zuen bereizi esna zegoen ala ametsetan, eta zuri, berriz, egunak eta gauak katramilatu zaizkizu. Eguna, azken batean, gauerdian hasten da eta gauak, aldiz, eguerdira arte irauten du; beraz, esaiozu zentauroaren gisakoa jaio zela gizakia ere, eta alde batean mapa eta bestean egutegia dauzkala buruan itsatsita, edo, bestela, iparrorratza eta ordularia.
Ahalegin handi samarra egin behar izan duzu zure korapiloak askatzen. Inork ez dizu Cognition and Language zentroko neurobiologoak baino gehiago lagundu, eta ez duzu saltsa honetan nahasi nahi izan. Badakizu bere ospearen aipamena nahikoa zenuela zure azalpenaren sinesgarritasuna indartzeko, baina nahita isildu duzu bere izena. Ez zenioke zeure buruari sekula barkatuko, baldin eta egunen batean, ohar hauek argitara eman izanaren erruz, bere egitasmoren bat bertan behera utziko balute.
Argi ulertu behar dute, dena dela, hasieratik beretik gauzak pixkana-pixkana joan zirela bilakatzen; arratsaldez ametsen gisan gogoratzen zenituen goizak eta, alderantziz, beste horrenbeste. Azkenean, ezta hori ere. Egunaren alderdi bakoitzak bere bidea hartu zuen, oroimen bakarraren ordez, bi bazenitu bezala, eta bata bestearekin txandaka ahaztuko balira bezala, arbelean idatzitakoa ezabatzen den moduan edo elurrak bideak estaltzen dituen antzera. Baina kontuz, Noel; ez, gero, kontatu kapelu galesa aluminiozko paperez forratuta zeneukala barrutik, eta are gutxiago zertarako erabiltzen zenuen.
Ez zaizu komeni suspense luzerik, Noel; hobe duzu sukaldeko argiaren kontuari lehenbailehen heltzen badiozu. Aipa ezazu, bada, nola etxera igotzea erabaki zenuen. Istant batean bueltatzeko asmotan abiatu zinen; beraz, atariaren aurrean utzi zenuen autoa, nahiz eta aparkatzeko baimenik ez izan. Oraingoan ere bidearen erdian gurutzatu zinen kontrako norabidean zetorren igogailuarekin, eta The Pink Panther entzun zenuen berriro. Ez zenuen zertan mesfidatu, baina susmoa eragin zizun, hala ere.
Argia, gezurra badirudi ere, itzalita zegoen. Ez zenekien zer pentsatu; egunsentiaren lehen printzek leihoaren gainean utzitako isla ere izan zitekeen. Arretaz miatu zenuen etxea gelaz gela, eta ez zenuen ezer berezirik aurkitu. Arestian atzerako ispilutik piztuta ikusitako leihora hurbildu, eta gortina zabaldu zenuen pixka bat. Aurreneko begiradan ez zenuen ezer berezirik igarri, baina handik gutxira automobil bat ikusi zenuen kalearen eskuin muturretik nola ari zen hurbiltzen. Zurea bezalako automobil bat zen, kolore berekoa, eta zure aurretik pasatzerakoan gidariaren begitarteari erreparatu zenion. Antz handia zeukan zurekin; harritzeko modukoa, egia esateko.
Alabaina, nik zure lekuan, Noel, esango nuke ez zaitudala ezagutzen, ez dudala ikuskizunik zurekin. Ez dago beste modurik, erantzukizunik gabe utziko bazaituzte. Onar dezakezu ipuinak zeuk idatzi zenituela, baina ez aitortu nork estali zien azala liburuei. Aingeruak ere, azken batean, deabru bihur litezke hego haizea dabilenean, eta gogoan izan egileak ez duela salmentaren ehuneko hamarra baino gehiago jasotzen; beraz, zer edo zer egin beharko da —ala ez?— inork ez baditu erosten!
Esazu, bada, egunak joan, egunak etorri, ahaztu egin zinela azkenean nirekin edo, zehatzago esatearren, bata bestearekin ahazten joan ginela poliki-poliki; nolabait esateko, bakelitazko disko baten alderdi bakoitzean harrapatuta gelditu izan bagina bezala: alde batean, ni, Leon; eta bestean, zu, Noel. Baina kontuz; ez, gero, kontatu kapelu galesa buruan, aluminiozko papera bitarteko eta Michael Faraday jakintsuari esker, alferrik izaten direla biblioteka eta liburu-dendetako ateen alarma guztiak.