Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

13

 

Ispiluak. Edonon. Inguratuta gauzkate. Norberaren etxean ez ezik, kale, denda eta tabernetan ere badaude. Edonon. Hiperrean ere bai. Asko. Geure burua ikus dezagun. Nahitaez. Ispiluen diktaduran bizi gara. Diktadura guztietan bezala, batzuk pozik daude: pozik egoteko arrazoiak dituztenak eta, hala egoteko arrazoirik ez izanagatik, badituztela uste dutenak. (Herrschaft und Knechtschaft, berriz ere).

      Esfingea da horietako bat. Iturriko barra atzeko ispilu luze zabalean miresten du bere burua. Modu nabarmenean egiten du, ispiluan bertan idatzitako pintxoen izen eta salneurriei begira dagoelako itxura egin gabe. Bere burua miresteko, baita tabernako beste bezerook mirets dezagun ere. Halakoa da oilo zahar pinpirin hori. Babalore, artobero hori. Biteriren adiskide mamia. Dagozkidan zintzotasun intelektualak derrigortuta, ordea, harrotzeko arrazoiak dituela aitortu behar dut.

      Nor da erreinuko ederrena, galdezka entzun dezaket nire zokotik. Edurne Zuriren amaorde hobeezina litzateke, Walt Disneyren film batean. Amaorde lirain zitala. Film horretan egongo banintz, zer egingo nukeen galdetzen diot neure buruari, zein nintzatekeen. Edurne Zuri agian? Bururatzea ere. Itsusi samarra naiz eta ez dut amaorde tiraniko bat.

      Pertsonak ere ispiluak izan daitezke, ispiluak izan ohi dira. Mari da horietako bat niretzat. Biteri ere bai, nolabait. Ama ez. Amarengan ez dut sekula aurkitu nire ezer. Ez itxuraz, ezta izaeraz ere, naizen guztia (inoiz izan ez dudan) aitari zor banio bezala. Txikitatik bilatu eta sekula aurkitu ez dudan arrotz bati. Mamu bati. Biteri izeneko beste mamu batenganaino ekarri ninduena. Nire ausardia zigortzeko, agian. Mamu baten atzetik ibiltzeko ausardia beste baten bitartez zigortzeko. Bakea eman behar diodala aditzera emateko? Hala balitz, mamuen lurralde lainotsutik bidalitako mezulari iluna litzateke Biteri. Ispilua izateaz gain.

      Biteri!

      Giltza izan zen niretzat, iraganaren ate karrankari astuna ireki zidana. Amari entzun nion behin. Behin baino ez, beste hainbat izenekin batera. (Inoiz izan ez dudan) aitaz hitz eginarazi diodan aldi bakanetariko batean. Oihuka. Amorratuta. Begiak gorrotoz dir-dir. Salazar, Mikel, aita, benetan maite izan duen gizon bakarra zela aitortu zidan egun berean aipatu zuen. Nahi gabe, uste dut, haserreak eraginda. Izena buruko zokoren batean geratu zitzaidan. Horregatik, zenbait urte geroago berriz entzun nuenean, jakin-mina jabetu zen nitaz istantean. Urtziren ahotan entzun nuen, bezperako parranda kontatzen ari zitzaidala. Galdetu egin nion. Dena jakin nahi nuen. Miresmenez hitz egin zidan Biteriz. Haren jatortasunaz eta umoreaz. Adinez zaharra zela azaldu zidan, baina gazte baten moduan eta gazteekin sarritan ibili ohi zela, Alde Zaharrean nahiz Egiako tabernetan, batez ere Bukowskin. Jonkia izan omen zen gaztetan, eta gizon naturala zen, Urtzi Estebanen ustez. Ezagutu egin nahi nuela esan nion.

      Ziur nintzen irribarretsu agurtu ninduen gizon hura amak aipatutakoa zela. Ilea urdinduta zeukan, baina ugaria, aurpegia zimurrez betea. Horien artetik irteten ziren begi uherrek bazeukaten indar berezia, erakargarri bilakatzen zutena.

      Zaharra dun hiretzat, esan zidan Marik, telefonoaren bitartez egindako haren argazki bat erakutsitakoan. Hire aita izan liteken. Hau da, (inoiz izan ez dudan) aita.

      Zaharragoa dun hire senarra, adinez Biteri baino gazteagoa izan arren, esatekotan egon nintzen. Hiperrean nuen lagun bakarra galtzeko beldurrez eutsi nion mihiari. Bakartasunaren beldurrez.

      Batere atseginak izan ez nituen hitz haiek lanartean esan zizkidan. Zigarretari brau tira egin eta modu berean bota zizkidan. Nik, aldiz, kafeari azken hurrupa egin, plastikozko edalontzia marruskatu, eta barnera jo nuen besterik gabe.

      Lanean ari nintzela (egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...), Marik esan berri zidanaren oihartzunak nigan zirauen. (Inoiz izan ez dudan) aitaren ordezkotzat hartu ote nuen Biteri? Zenbat eta horri buruz gehiago pentsatu, orduan eta zalantza handiagoak nituen. Zer ikerketa mota zen nirea, baldin eta ikerketa bat bazen? Zintzo jokatzen ari ote nintzen, ni bezalako norbaiti eskatu ahal zitzaion gutxieneko zorroztasun zientifikoaz?

      Jakin-minak bultzatuta hurbildu nintzaion Biteriri, (inoiz izan ez dudan) aitaz nekien apurra baieztatu eta, batez ere, ez nekienaren berri emango zidalakoan. Zalantzez eta beldurrez hurbildu nintzaion, noren alaba, noren umezurtza nintzen jakinarazi gabe. Nitaz fida ez eta nirekin hitz egiteari uko egingo ote zion errezeloz. Argi nuen: haren konfiantza lortu behar nuen, beste edozeren aurretik. Horren premian nengoen, beste edozein urrats eman baino lehen. Egonarria behar nuen. Lasterka ibiltzea arriskutsua zitekeen nire asmoetarako. Dena modu naturalean egin behar nuen. Ezer behartu gabe.

      Hura joaten zen tabernetara joaten hasi nintzen Urtzi Estebanekin. Eta, pixkanaka, Biteriren kuadrilla zabaleko kide bilakatu nintzen. Biteri atsegina zen nirekin. Filosofoa deitzen zidan, baina gaiztakeriarik gabe, orain ez bezala. Ia miresmenez esaten zidan orduan. Urtzi ere ohartu zen, eta jeloskor samar jarri zitzaidan, hainbeste miresten zuen hark egiten zidan harreraz bekaizti: Maite zaitu, argi dago.

      Harreman ona genuen, baina horrek ez zuen gauza handirik esan nahi, Biterik jende guztiarekin baitzuen harreman ona. Berehalako enpatia eragiten zion edonori, hain zen bere xalotasuna nabarmena. Horregatik, ulergarria da Esfingea bezalako aberaskume harroputz bat ere haren xarmaren biskan harrapatuta geratzea. Edozein modutan, gustura egoten ginen elkarrekin. Edo hala iruditzen zitzaidan, behintzat. Igande gauetan ikusten nuen, biharamunekoa jaieguna baitzuen astero. Berandu ikusten nuen, Iturri taberna itxi eta gero.

      Bukowskin egoten ginen, eta hara azaltzen zen bera, aldarte onean beti. Garagardo bat eskatzen zuen eta txirri bat biltzen. Pasatzen zidanean, eskertu baina ezetz esaten nion. Eta ezezkoa berritzen nion beste zerbait eskaintzen zidanean ere, lana aitzakia.

      Lagunak parrandan utzi eta etxera joan behar izatea gogorra zitzaidan. Eskerrak kafea dagoen. Bestela ezingo nuke hiperrean esna eta tente luze iraun. Kutxa azpian izaten dut, etxetik ekarritako termo batean. Aspe urruntzen ikusitakoan ateratzen dut eta hurrupa txikietan edaten. Nire droga da.

      Biterirena koka da, horretaz ere ez dago dudarik. Bere kutuna, ezen ez bakarra, beste batzuei ere ez baitie muzin egiten. Heroina izan ezik, ia edozer hartzen du. Edan, garagardoa baizik ez. Lanean ez du edaten, baina Iturritik kanpo garagardo botila eskuan egoten da denbora gehiena. Hala gogoratzen dut: botila eskuan eta irribarrez. Elkartu behar gintuen eta betiko bereizi gintuen zoritxarreko gauera arte, irribarrez hartzen baininduen. Hitz gutxikoa da Biteri berez, baina egun haietan zer edo zer aipatu ohi zidan elkarrekin topo egindakoan. Kontu txikiak, tontakeriak askotan. Aintzat hartzen ninduela aditzera emango zidan zer edo zer.

      Jakina, gehiago nahi nuen. (Inoiz izan ez dudan) aitaz jakin nahi nuen, harekin izan zuen harreman motaz. Galderak kolkoan gordeta neramatzan, handik ateratzeko une egokiaren zain. Hori zela eta, edozein kontuk balio zezakeen nire asmoetarako. Belarriak erne behar nituen, Biteriren ahotik irtendako edozein xehetasun garrantzitsua izan zitekeen. Urruntasun ironikoaz begiratzen zion zerbait zen iragana Biterirentzat, denbora alferrik galtzeko modu ganorarik gabea.

      Hala eta guztiz ere, iragana agertzen zen noizean behin gure parrandetara, gutako inork gonbidatu ez arren. Odolez blaitutako iragana. Biteri goibeldu eta hitz erdika mintzatzen hasten zen, mehatxuren bat sentituko balu bezala.

      Ondo ulertzen nuen. Neure eskarmentuz, ordurako banekien iragana zerbait larria ere izan daitekeela: edonor irentsi dezakeen munstroa. Iraganak edozein unetan edonoren eskutan egin dezake eztanda. Egiak bezalaxe. Haren ahotik entzutea espero nuen egia, (inoiz izan ez dudan) aita itzuliko zidana. Edo, behintzat, hura nire baitan osatzeko hainbat zati emango zidana.

      Biteri iman bat zen (eta, zoritxarrez, da) niretzat. Edo ni naiz orratz magnetikoa eta erakartzen nauen poloa bera. Edozein modutan izanda ere, harengana joan behar nuen, beste batzuk beren dosiaren bila joan behar duten bezalaxe. Droga kaltegarria ere baita niretzat Biteri. Ezer eman ez eta asko kentzen didan droga zikin bat. Oso bestela uste nuen orduan. Hain bestela, non halako batean neure buruari aitortu behar izan bainion egiaren bilaketa ez zela harengana erakartzen ninduen zera bakarra. Begi-bistan zegoen Urtzirentzat ere. Gero eta zakarrago jokatzen zuen nirekin.

      Amorragarria zen. Noren baimena zuen, nire atzetik ezkongai jeloskor baten moduan ibiltzeko? Esan egin nion. Ulertu ez nion zer edo zer esan zidan zezelka, ondoren barkamena eskatzeko. Eta barkatu nion, funtsean bost axola zidalako hark pentsatu edo esan zezakeenak. Lagun nuen eta hala jarraitu nahi nuen harekin, baina libre. Biteriren neskame, haren menpeko bilakatzeko libre.

      Herrschaft und Knechtschaft.

      Horregatik, sanjoan gauean, lerrotxo bat nahi ote nuen galdetu zidanean, ezetz erantzun beharrean, baiezkoa eman nion. Bukowski jendez beteta zegoen. Komunera joan ginen.

      Komunera sartzeko jende ilara zegoen. Haien atzean jarrita, gure txandaren zain geratu ginen. Biteriren arnasa nabari nezakeen, nola puzten zitzaion bularraldea, nola apaltzen. Pozik ginen, tabernako giro alaiaren zati, euforia kolektiboaren menpeko biok. Seguru asko horregatik komunean azkenean sartu ginenean, ezer esan gabe, Biteriri lerroak atontzen utzi gabe, bere ahoa bilatu nuen nireaz.

      Ustekabean harrapatu nuen. Ez zuen atzera egin eta nire mihiari atxiki zion berea. Bion eskuek hegan egin zuten, gure gorputzen atal batetik bestera. Elkarri heldu genion indar osoz, elkar hautsi nahi izango bagenu bezala. Biterik bazekien musuak ematen. Ondo gainera. Indartsuak ziren, baina gozoak. Ez dakit zenbat denbora igaro genuen hala. Norbaitek atean jo zuen arte. Bereizi egin ginen eta Biterik lerrotxo bat jarri zidan parean. Kokaren botika zaporea nabaritu nuen berehala listuan.

      Kanpoan, lagunengana itzulitakoan, musuek jarraitu zuten. Modu berean, koka sartzen jarraitu genuen, baita garagardoak edaten ere, Bukowski itxi zuten arte. Besteak Cactus aldera abiatu zirenean, aldiz, Biteriren etxerako bidea hartu genuen guk. Lepotik helduta ninderaman, eta sekula baino zoriontsuago sentitzen nintzen. Eta arin, oso arin, hezur-haragizkoa izan ordez, airezkoa banintz bezala.

      Grosen bizi da Biteri, Karkizano kalean: nahasmena eta axolagabekeria espero nuen tokian, ordena aurkitu nuen. Nire gelako moduko zerbait espero nuen, eta amaren etxearekin nolabaiteko antza zuen etxebizitza txiki baina gozoa aurkitu nuen. Biterik pare bat garagardo ekarri zituen sukaldetik eta geratzen zitzaion koka jarri zuen sofa pareko mahaitxoan, nik banatzeko. Hori egitera nindoala, ziztada bat maskurian nabaritu eta komunera joan behar izan nuen korrika. Handik itzuli nintzenean, bi lerro zuri aurkitu nituen mahaitxoaren gainean, nire banku-txartelaren eta hamar euroko billete baten ondoan. Berehala desagertu ziren.

      Presatuta genbiltzan. Presa metafisikoa zen gurea. Elkarrengan berpiztu nahi genuen. Elkarrengan galdu, odolaren jarioan galdutako kokainaren antzera. Hori sentitu nuen. Hori desiratu nuen. Orduko zoriontasun betea mugarik gabe luzatzea. Posible ez ezik, ezinbesteko neritzon.

      Zoritxarrez, luze gabe onartu behar izan nuenez, koka sartu orduko, ustekabean, erabat aldatu zen Biteri. Barre kontuak utzi eta bekokia ilundu zitzaion, begirada zorroztu. Arrotz bati begiratzen zaion moduan begiratu zidan, errezeloz, bat-batean mesfidati. Aztoratu egin nintzen. Dardarka hasi nintzen. Zer gertatzen ari zen, zer gertatzen ari zitzaion jakin nahi nuen. Biterik, aldiz, ezer gutxi zioen. Nor zaren ari zitzaidan, hitzik gabe galdezka. Izututa zirudien. Nik izututa. Harrezkero sarritan bezala, zer esan, zer egin ote nuen gaizki galdetzen diot neure buruari. Nolatan ni bezalako andre gazte ezerez batek izuaraz zezakeen gizon zaildu hura. Ulergaitza zitzaidan. Ulergaitza zait oraindik ere.

      Zerbait esan zuenerako, barkamena eskatzeko hitz egin zuen. Nirekin ordez, bere baitarako arituko balitz bezala. Gaixo zegoela aitortu zidan, oso gaixo. Laster hilko zen zahar bat zela. Inozo bat. Eta ni neska bizkor bat nintzela.

      Ezetz eta ezetz nik, horiek tontakeriak zirela, aurreiritzi ergelak. Baina alferrik, Biteriri masailean muin egin eta etxerako bidea hartu behar izan nuen.

      Negarrez nindoan Groseko kale isiletan barrena, ezin ulertuz zer zela-eta zapuztu zen hain modu bortitzean zoragarria zirudien gau hura.

      Hire erruz, zalantzarik gabe aurpegiratu zidan Marik, gertatutakoa kontatu nionean. Auskalo zer esango huen. Hi ezagututa, edozer gauza. Eta gizonekin kontuz ibili beharra zagon. Ezin zaien edozer esan. Erraz mintzen ditun. Gu baino askoz errazago. Oso gogorrak ematen diten, baina ahulak ditun, kakati hutsak.

      Zer esan nion ba nik? Gau hartatik nire isiltasuna dut gogoan. Hitz eta pitz aritu nintzaion, ziur, baina barrena erretzen zidaten hitzak aditzera sekula eman gabe.

      Sanjoan gaua zen, gau berezia, gure lehendabizikoa, eta ez nuen hondatu nahi. Inolaz ere ez. Gau sorgin hartan edozer gerta zitekeen. Eta gertatu egin zen. Zer gertatu? Biteri jator eta maitekorra oraingo munstroa bilakatu zela. Horra zer gertatu zen. Ni ere beste norbait bilakatu nintzen. Oihane izatetik Alizia izatera igaro nintzen, ispilua zeharkatu zuen Alizia hura, ustekabean bere burua beste mundu batean ikusi zuena. Mundu arrotz eta ulertezin batean. Buruz behera eta atzekoz aurrera zegoen mundu batean. Mundu hartan ezer ez zen zirudiena, kontrakoa baizik.

      Artean negarrez, Kursaaleraino iritsi nintzen. Urrunean, zetorkigun egunaren estreinako zantzuak antzeman nituen. Zauri txiki bat ilunpean. Zirrikitu bat ozta-ozta. Hari begira geratu nintzen. Oldozten. Gero eta bizkorrago zihoakidan buruari eusteko ahaleginean.

      Droga alua!

      Amak hamaika aldiz errepikatutako madarikazioa. Lotsatu egin nintzen. Lotsatu, haren ahotan nire onetik atera ohi ninduen esaldi gogaikarri hura neurean entzunda. Eta, hala ere, ezin ukatu drogak bazuela eragin zuzena Biteri eta bion arteko hartan. Hori behintzat, argi zegoen: azken lerroa eta gero etorri baitzen haren aldaketa bortitza. Zer ikusarazi zion Biteriri, hain modu erabatekoan aldartez mudarazteko? Neure benetako izaera salatu zion agian?

      Mugarria izan zen gau hartakoa gure harremanean. Edo gure ez-harremanean, esan beharko nuke agian. Edo ez egoteagatik, beste ezer baino presenteago dagoen zerbait. Mamu bat. Mamu-harreman bat: nik ezin diot berari begiratzeari utzi eta hark ez nau ikusi ere egin nahi. Harengana egiten dudan urrats bakoitzari, atzerantz egindako beste urrats batez erantzuten dio Biterik.

      Beste zerbaiten inguruan dabil, heriotzaren inguruan. Hark erakartzen du. Biterik artean hitz egiten zidanean, heriotza sarritan aipatzen zuela ohartzen naiz. Ia obsesioa zuela. Adinaren kontua izango da, seguru asko.

      Gelditzen zaidanerako, esan ohi zuen. Laster ez nauzue hemen izango. Halakoak botatzen zituenean, barre egiten genion. Ez genion sinesten. Aspalditik ezagutzen zutenek egiten zioten barre gehien.

      Heriotza ikusi ote zuen nigan? Baliteke. Neuk ere ikusten dut batzuetan, ispiluaren aurrean nagoela. Kokainak ikusaraziko zion bestela nigan ikusiko ez zukeena. Kokaina ere ispilua da agian. Hala izan daiteke Biterirentzat. Bere burua ikusiko zuen, nire itzala bere atzean. Kikildu egingo zen.

      Beldurra ulergarria da beti. Edonorena. Zaharrena, gazteena. Biterirena, neurea. Ulergarria ez dena, aldiz, ni ikusteko duen ezintasuna da. Mamu bat naiz berarentzat. Ezta hori ere. Ezertxo ere ez. Ni mamu eta bera robot bat, hiperrean jarri berri dituztenen moduko bat.

      Bezeroak makinaren alde batean jarriko ditu erosi nahi dituenak. Makinak zenbat den adieraziko dio. Bezeroak, adierazitako diru kopurua makinan sartu eta hark erositakoa itzuliko dio, plastikozko zorro biodegradagarrietan sartuta. Txukun-txukun. Hitz egitea besterik ez zaie falta (Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...), hori ere egingo dute laster. Nahi adina hizkuntzatan. Guk egiten dugun guztia egingo dute. Guk baino hobeto.

      Langile akasgabeak dira, edozein nagusiren ametsa. Ez dute komunera joan beharrik. Oporretara ere ez. Ez dira haurdun geratzen. Ez dira gaixotzen. Ez dute sindikaturik. Mariri esan diot: Laster putak denok, beste ezer ez zaigun geratuko. Zer esango ote din hire senar maiteak orduan?

      Gure partez robotak ipintzen badituzte, puten partez ere ipiniko ditizten.

      Robot batek ezin din guk bezala txortan egin, seguru. Mari ez dago ironiarik entzuteko moduan, ordea. Zer egingo dute gurekin? Marik ez du zalantzarik: Akabatuko gaitizten. Ez badugu ezertarako balio, horixe egingo diten. Edozein distopiatan agertu ohi den etorkizunik beltzena baino ilunagoa da Mariren erantzuna. Egia hutsa.

      Hik uste dun robot bat, aurreratuena ere, gure Aspe bezain esaneko, hura bezain otzan izan daitekeela? Hor harrapatu dut. Bekainak estutu ditu, hausnarrean egoten denean bezala, eta, azkenean, amore eman du: Zaila dun hori, oso zaila.

      Izan daitekeen robotik onena da Aspe, manukorrena. Agintzen dioten guztia ezin hobeto egiteaz gain, hiperraren interesen aldekoa izango den edozer ere egingo du. Bere burua programatzen duen robota da. Bere buruaren aurka askotan.

      Bai, Aspe maitea, esango nioke, zu ere kale gorrian geratuko zara, gu bezalaxe. Zure geroa eta gurea bera da. Gu begipean izateko behar zaituzte, ez beste ezertarako. Gu gabe ezingo zara inoren zaindaria izan. Alferrikakoa izango zara. Guztiz. Dena ordenagailu nagusi batek zuzenduko du. Hotzikarak eragiten dizkizute nire hitzek. Badakit. Zientzia-fikzioa iruditzen zaizu, baina uste duzun baino askoz lehenago ikusi beharko duzu. Jubilatu aurretik. Ez zara libratuko.

      Inor, ezer ez da libratuko. Emakumeak eta gizonak alferrikakoak izango gara. Robocop modukoak bihurtuko gara, erdi makina erdi gizaki. Metala eta haragia. Txipak eta odola. Kito gorputzaren egia orduan, geratzen zaigun egia bakarrenetariko hori.

      Nahikoa dun Oihane, lasaitu hadi pixka bat, eskatu ohi dit Marik, herio-haizeak jo eta purrustadaka hasten natzaionean.

      Barregarri irizten dio nire larritasunari. Berak inoiz hala adieraziko ez balu ere, burges txiki aspertu baten burutaziotzat hartzen du. Nire larruan egongo bahintz esanez bezala begiratzen dit, eskuan daukan zigarretari darion kearen atzetik. Hau da, ama bahintz. Mundua dakusadan moduan ikusita, ulergarria zaio ama izan nahi ez izatea. Baina Biterik nahi izango balu?

      Hori entzunda, azkenean barre egiteko txanda iritsi zaidala uste dut. Bururatzea ere.

      Biterik nahi izango balu, bizpahiru ume izango nituzke!

      Ez dut uste haurdun uzteko bezainbeste hurbilduko litzaidakeenik inoiz Biteri. Nazka eragiten diot, nonbait. Desitxuratuta ikusiko nau, naizen baino itsusiagoa. Egon baitaude desitxuratu egiten duten ispiluak. Beren parean geratzen dena luzatu, laburtu, mehetu, loditu egiten dutenak. Jatorrizko munstrokeriara itzultzen gaituztenak.

      Biteri gogaitu egiten du nire presentziak. Eta antzeko zerbait gertatzen zait amarekin ere. Gogaitu egiten dut. Ni ikusi eta urduri sumatzen dut, arazoren bat dakarkiodala ziur. Ea oraingoan zer den, pentsatzen ari da. Berriro zapuztu behar dit eguna.

      Zer gaiztakeria mota ote den nirea jakin nahi luke. Saiatu da ni psikologoarengana eramaten, baino uko egin diot beti. Utikan psikologoak, utikan txerpolari iruzurgile horiek. Psikoanalistak balira, behintzat. Lacanen jarraitzaileak edo. Horietako batek gidatutako azterketa onartuko nioke pozik, ordainduko balit. Baina amak berehalako emaitzak nahi ditu, inolaz ere ez urteetan luza daitekeen azterketa garesti bat.

      Bere moduko alaba nahi du amak. Hau da, ni egundo izango ez naizena. Bilobak emango dizkion alaba bat nahi du, bere senarraren antzeko senar bat izango duena. Ama dei diezaion suhi bat nahi du, astebururo bazkaltzera gonbidatuko duena. Biteriren antipodetan egongo litzatekeen norbait. Norbait gazte, osasuntsu eta guapoa. Diruduna, ahal izanez gero.

      Halakoak pentsatzeari uzteko gomendatu diot. Ez dit jaramonik egin. Esperantzari atxikitzen zaio, noizbait aldatu beharko dudalakoan. Berari men egiten ez badiot, bizitzari berari egin beharko diot. Horri kasu egin behar zaio, nahitaez. Noizbait nire okerraz jabetu, damutu eta eskerrak emango dizkiot. Ezin bestela izan.

      Gaur gaurkoz, oker dagoela uste dut. Aukeran, hiper honetatik urrun egon nahi nuke. Institutu bateko ikasgela batean, Platon, Spinoza edo Hegel azaltzen, agian. Institutu batek eta hiper batek uste baino antz handiagoa dutelako susmoa badut ere. Bietan daude bezeroak (ikasleak) eta langileak (irakasleak). Bietan saltzen eta erosten da. Bietan daude hartu-emanak (Egun on, zer moduz, aspaldiko, nahi al duzu...). Herrschaft und Knechtschaft bietan.

      Kaka zahar bera beti. Ez dago ihes egiterik. Kantek aspaldi ohartarazi zigun: Gizona (emakumea) hain zur okerraz izan da landua, non zalantzagarria baita zerbait guztiz zuzena atera ahal izatea inoiz harengandik. Hala dela jakiteko, nahikoa neure buruari begiratzea. Okerra da naizen zura, atomo bakoitza. Okerra da nire larruazala, nire zain eta neuronak. Gurasoen ondoretza. Haiek utzitakoa, haiek pasatutakoa. Mende askotako bizigai traketsa. Adabegiz betetako zura gurea, zizelkatzeko latza. Horregatik izango naiz honen moldakaitza.

      Behin eta berriz esan didate. Amak esan dit. Marik esan dit. Urtzik esan dit. Aspek ere bai. Bakoitzak bere modura, baina gauza bera adierazi didate denek: moldakaitza, egoskorra zara.

      Uko egiten diodalako haien ustez sagaratua den orori. Egoskor, ez naizelako uko egiteaz nekatzen, behar edota nahi ez dudanari ezetz esaten. Amak, Marik, Urtzik, Aspek, denek nahi naute beren antzeko, beren neskame, funtsean. Aspek izan ezik, beste hirurek familia baten oinarri nahi naute. Ama nahi naute. Normala nahi naute.

      Amak esan ohi didana sinetsiz gero, (inoiz izan ez dudan) aitari egotzi behar zaio nire jatorrizko bekatua, eten gabe bihurritzera behartzen nauen errebeldia menperakaitz hau. Haren oinordetza omen da. Errebeldia hutsa, bakerik ematen ez didan azkura antzeko zerbait. Inolaz ere ez, iraultzarako gogorik, (inoiz izan ez dudan) aitak izan omen zuen bezala.

      (Adabegiz betetako zura, zuzendu ezina).

      Utopiatik distopiara azkar igaro daiteke. Askapenetik, tiraniarik izugarrienera. Horixe da pasa den mendeak irakatsitakoa. Baita mende honetako nire bizipenek irakatsitakoa ere. Sanjoan gaueko utopiatik oraingo distopiara iritsi naiz zuzen-zuzen. Loriazko maitasun distiratsutik sentipenen txirotasun kolorge honetara. Aberastasun, oparotasun irudigaitz batetik nire oraingo guztizko miseria honetara. Emaitzak begi-bistan daude. Onartu beharra dago.

      Baina nik onartu ez. Nahiz eta ezinbestekoa izan errealitatea aldatzeko. Nik, aldiz, kostata onartzen dut. Mende honetako izurriteak eragozten dit. Hau da, nartzisismoak. Madarikatu egiten dut, nire burua madarikatzearekin batera. Zentzugabea da, absurdoa. Hala ere, hor dago, hor dirau, hartatik libratzeko egin ditudan ahaleginak barregarri utzitakoan. Utikan, egiten diot garrasi. Naizen baino hobea izan nahi dut. Besteak (ama, Mari, Urtzi...) baino hobea. Onena.

      (Adabegiz betetako zura, zuzendu ezina).

      Nartzisoren antzera, neure burua ederresten dut uretan ikusita. Ur lo batean, ez goi mendietako putzu bateko ur ezinago aratzean. Ur lohi batean. Kirats pairaezina darion ur nabar batean. Muin egiten diot ur ustel horri. Ispilu likits horretan agertzen zaidanari musu ematen saiatzen naiz, Biteri balitz bezala. Murgil egiteko irrikak jotzen nau orduan, senarraren eskuak Mari jotzen duen bezain bortitz. Iturrira azaltzen naizenetan Biterik erakusten didan axolagabekeriak, haren mespretxu hotzak bezain bortitz. Lehorrean jarraitzen dut, ordea, neure burua oraindik bota gabe. Zorabioak ez nau oraindik harrapatu.

      Noiz arte?

      Bizirautea da kontua. Biteriri begiratzen diot, eta hala iruditzen zait. Gauza bera Esfingearengana itzultzen naizenean. Kosta lain kosta iraun. Eustea irabaztea omen denez, irabazle nabarmenak bi-biak. Agian horregatik hartzen dute hain ondo elkar. Berdinen arteko konfiantza izango da. Elkar ulertzearen lasaitasuna. Nik sekula ezagutuko ez dudana. Nire utopia.

      Nire neurriko utopia: epikarik gabea. Biteri ezagutzera iritsi nahi nuke. Esfingeak bezain ondo. Asko al da, gehiegi? Ezetz zirudien sanjoan gaua baino lehen. Biteri ezagutzea denbora kontua iruditzen zitzaidan orduan. Bi lagun libre ginen: dena zen posible.

      Denborak, konfiantza ekarri ordez, mesfidantza ekarri zidan. Denboraren poderioz, basamortu agor bilakatu zen nire ametsetako baratze joria. Hurbil eta eskuragarri zirudiena, urrun eta eskuragaitz bilakatu. Bi planeta, bi galaxia bezain urrun elkarrengandik. Ama eta biok bezala.

      Beti ez zara gazte izango, ohartarazten dit. Zu ere ez zaharra, nik, gaiztakeriaz. Berehala ulertzen du. Aipatu behar ez dena aipatu eta begiak apaltzen ditu, modu horretan bere porrota aitortuz. Horra hor horma. Inork gainditu edo saihestu ezin duen horma, guztiok inguratzen gaituena. Pitzatu ere ezin dena.

      Heriotzaren heriotza iragartzen diot. Egoteko lasai, aholkatzen diot, laster gaixotasun guztietarako sendabiderik egongo dela ziurtatzen. Denbora kontua da, ama, zuk oraindik baduzu. Amak begirada goratu eta nigan jartzen du, harpa jotzen ari ote natzaion jakin nahian. Hala ari natzaio, noski, baina serio jarraitzen dut. Nietzsche aipatzen diot, nire berriketaren sinesgarritasuna areagotzeko. (Argumentum ad verecundiam delako hori lagungarria izan ohi da amarekin). Heriotzarik gabe, jainkorik ez. Gizona (ez oraindik emakumea) da jainko berria.

      Baietz, ama, baduzula. Ikusiko duzu. Diru asko dago tartean, jende asko gau eta egun lanean. Europan, Amerikan, Asian. Lasterketa moduko bat da, nor lehenago iritsi. Denbora kontua da. Lehena iristen denak dena irabaziko du. Botikarik desiratuenaren jabea izango da. Munduaren jaun eta jabea, beraz. Jainko ahalguztidun bat. Jainkorik behar ez duen supergizona.

      Adinez emakume osoa beharko lukeen nerabe baten hitzak iruditzen zaizkio nireak, ausarta bezain ezjakina den norbaitenak. Oroimen txarrak ekartzen dizkion norbaitenak. (Inoiz izan ez dudan) aita gogorarazten diotenak. Urrun nahi lukeen iragana hurbiltzen diot. Nahi gabe ere, hori egiten omen diot. Eta ez dit barkatzen. Nire kontra bihurritzen da. Mendekua nahi izaten du. Horixe bilatzen du, ahal duen guztietan eta ahal duen moduan. Ni mintzeko hitzak bilatzen ditu.

      Batzuetan huts egiten du, baina beste batzuetan, bete-betean harrapatuz gero, hondoa joarazten dit. Gaur alderantziz gertatu da: ama negarrez hasi da. Ni mutu geratu naiz, amaren zotinak ez bestek zulatzen zuen ekaitza ondoko isiltasun sakonean.

      Nire mututasunaren elurraren azpian sumendi bat dago, ordea. Edozein unetan egin dezake eztanda. Laba borborka ari da aspalditik. Suak, gasek gora nahi dute, kanpora, libre. Zulotxo bat nahikoa dute irteten hasteko. Horien indarra sentitu dut, salda gori hori erraietan. Itsasoa bilatu dut, badaezpada ere. Hura nahi dut nire leherketa hurbilaren lekuko bakar. Ez dut beste inor aldamenean nahi. Arriskutsua izan naiteke. Barruan pilatu zaizkidan gasak pozoitsuak dira, hilgarriak. Oso. Amak eragindakoak den-denak. Hau da, haren hitzek eragindakoak.

      Sagues aldera noa. Itsasoaren kolorea dute nire pentsamenduek, ilun zikina. Gora eta behera doaz, uhin harroen antzera. Eta haiek, kostaldea bezala, jo egiten naute. Behin eta berriz. Pentsamendu astunak, luze oldoztu beharrekoak. Nire orain arteko bizitza, nire uste, amets eta desirak koloka larrian utz ditzaketenak.

      Uhin harro indartsuak dira gaurkoak. Jo harkaitzak, harrizko babes gaitzak, eta aparretan hausten dira orroka. Beldurgarriak dira, gorgarriak. Hala ere, gorgarriagoak zaizkit amaren hitzak, entzuten ari naizen hitz koleratuak. (Inoiz izan ez dudan) aita berriz hiltzen dutenak. Neu ere, hein batean, hiltzen nautenak. Orain arte izan naizena, behintzat.

      Nazkatuta daukat, (inoiz izan ez dudan) aitari buruzko galdera errepikatuak medio. Bakea nahi omen du.

      Egia. Hitz hori izan da txinparta. Urteetan pilatutako lehergaiak eztanda egiteko behar izan duena. Egia jakin nahi nuela esan diot. Egia jakin behar dudala.

      Egia? Zertarako? Hildakoak berpiztuko al ditu?

      Amak ez du inor berpiztu nahi. Ostera, kostata lurperatu zuena bertan utzi nahi du. Nik ez bezala. Amak gordean nahi dituen mamuak dira nik agerian behar ditudanak. Horiek berpitz nazakete, beste inork ez.

      (Inoiz izan ez dudan) aitaz galdetzeaz gain, Biteriz ere galdetu diot, gainera. Horra beste txinparta bat. Masailezurra irtengo zitzaiola pentsatu dut une batez. Zaunka hasi da, izen hori entzun orduko.

      Hortaz, egia jakin nahi duzu? Ez kezkatu. Horixe esango dizut eta. Egia osoa. Ea zer iruditzen zaizun.

      Karta guztiak mahai gainean jarri nahi izan ditu amak. Erronka jo dit, hordagoa: Salazar, Mikel, zure aita, ez zen zuk uste duzun santu iraultzailea izan. Halako saltsatan aritu zen inoiz, baina nik ezagutu nuenerako utzia zuen. Ordurako politika eta politikoak madarikatzen zituen, eskuinekoak nahiz ezkerrekoak. Denak. Gezurti kuadrilla galanta. Hala esaten zuen. Traidoreak omen ziren, lau txakur txikiren truke kapitalismoari, estatuari salduak. Okerrena ez zen hori, hala ere. Okerrena, langile jendeak ere bere burua saldu izana omen zen. Saldu eta bere buruari gezurra esan, sinestezinak zirenak sinetsi nahian. Zuretzat bezala, egia inportantea zen harentzat ere. Berea, noski, besteona bost axola. Horretan ere antz handia duzue. Zutaz haurdun geratu eta laster, ohartu nintzen: heroinarekin zaletuta zegoen, hark harrapatuta. Bera eta bere lagun-mina, Biteri. Hark sartu zuen giro ilun horretan. Batzuetan, kalean ikusi eta justiziarik gabeko mundu batean bizi garela iruditzen zait. Nola liteke, bestela, zabor puska nazkagarri horrek bizirik jarraitzea eta, Salazar, aldiz, aspalditik kanposantuan egotea?

      Salazar ez zen zuk uste duzun heroia. Jonki bat zen, baina Biteri kakazorro hori baino hobea bazen, behinik behin. Mila aldiz hobea. Eta hori esatea asko esatea da, Salazar alproja izugarria zen eta. Bizkorra zen, hizlari bikaina, baina ez gintuen maite, ez ni, ezta zu ere. Ez guk behar beste, edozein modutan. Batzuetan egunak pasatzen genituen haren berri izan gabe. Parrandan ibiliko zen, bere bihotzeko Biterirekin batera. Gainera, azkenean agertzen zenean, ezin nion ezer esan, ezer galdetu, sarkina eta polizia baino okerragoa nintzela entzun nahi ez banuen. Horixe aurpegiratzen zidan, berak menperatzen zuen dialektika nire kontra erabiliz. Ez zituen arrazoiak asmatzen zituen, nik eskatutako arrazoiak barregarri uzteko. Bizi nahi zuen. Gaztea zen eta horixe nahi zuen, urte asko alferrik galdu eta gero. Hil arte bizi. Haren gerra oihua zen, haren leloa. Bera hil arte bizi. Ardurarik ez gu nola geunden, zer behar genuen. Berak zaldia izanez gero, dena ondo. Berekoia zen. Berekoi bihurtu zen, edozein jonkiren moduan. Eta edozein jonkiren moduan hil zen.

      Hil egin zuten, zuzendu nion.

      Hil zen, hil zuten. Berdin dio. Gu nola utzi gintuen da kontua. Ni eta, batez ere, zu. Nini bat kasik. Eskerrak Sixto agertu zen. Auskalo non egongo ginen gu biok, Sixtorengatik ez balitz.

      Ez dut gehiago entzun nahi izan. Belarriak amorruak buxatuta, gor natzaio amaren edozein hitzi. Badakit zer esango duen. Dagoeneko hamaika aldiz adierazi didana errepikatuko dit. Nietzscheren mailua nonbaitetik atera eta dinbili-danbala ari zait, alaba harroputz inozo txoropito honen hilkutxako azken iltzea behar bezala sartzeko ahaleginean. Beste alaba bat nahi du. Esker onekoa izango den alaba ulerkor bat.

      Normala da. Ama ulerkor bat nahi izango nukeen nik ere. Noizbehinka entzungo lidakeen ama bat. Ispilu izango nuen ama bat. Bakea nahi du amak, ordea. Beste edozeren gainetik, bakea. Eta ni gerra naiz. Gerra dakarkiot, (inoiz izan ez dudan) aitak zekarkion moduan. Betiko ahaztu nahi lukeena dakarkiot bueltan, haizeteak zaborrarekin egiten duen antzera. Herio-sunda aditzen hasten da. Kirats jasanezin bat. Gerrarena. Bizitzarena, azken batean. Betiereko itzulera.

      Nietzsche berriz ere. Harentzat nihilista bat litzateke ama. Aita, aldiz, supergizona: berekoia eta bizizale amorratua. Irakurri ote zuen inoiz Nietzsche? Ezagutu ote zuen? Baliteke. Asko irakurtzen omen zuen. Gehiegi ere bai, amaren ustez. Gehiegikerietan eman zuen bizitza. Ez zuen neurriaren zentzurik. Bizitzak eta heriotzak ere ez duten modu berean, emakume-gizonok harrapatuta gauzkan alderdi biko batasun funtsezko ulergaitz horrek. Edozein filosofo barregarri uzten duen horrek, hain zuzen ere.

      Utzi filosofiak, eskatu ohi dit amak, eta emadazu bakea. Ama maitea, esango nioke, pozik emango nizuke, ahal banu. Ez dudana ezin eman, ordea. Bideren bat ezagutzekotan, infernurainokoa ezagutuko nuke, baina hiperbole hutsa litzateke hori, nire ahotan.

      Saia zaitez drogekin. Ez txarrekin, noski, (inoiz izan ez dudan) aitak eta bere adixkideek hartzen zutenekin, besteekin baizik. Legalekin, botiketan eros daitezkeenekin. Prozacekin, adibidez. Saia zaitez horrekin. Edo, bestela, betiereko bakea bilatu.

      Kemena behar da horretarako, ordea. Adorea. Supergizona izan beharra dago, eta gu bi emakumetxo baizik ez gara. Beldurrez eta izuz betetako bi emakumetxo ezdeus, maitasun pixka bat behar dutenak. Horren gutxi. Horrenbeste. Pare bat emakumetxo, hiperreko korridoreetan galduta bezala ibili ohi diren horien tankerakoak. Zalantza etengabean. Zer erosi ezin asmatuz. Zerbait hartu, gainetik begiratu eta apalategira itzultzen dugu, beste zerbait eskuratzeko laster. Behin eta berriz. Ezer ez da dirudien bezain egokia. Etiketa koloretsuen atzean ezer gutxi dago. Ezer gutxi dago gauzen distira itsugarriaren atzean. Ezer gutxi amaren etxe eta bizimodu itxuraz baketsuaren atzean. Ezer gutxi Mariren familia ustez ederraren atzean. Eta, zer esanik ez, nire filosofia ikasketen atzean, filosofiaren miseria ez bada. Marxek zorrotz aipatutako hura.

      Mundua aldagaitza begitantzen zait, baina. Bakea, utopia galanta. Tirabirak, ika-mikak, gatazkak saihetsezinak dira. Nagusiak eta morroiak diren bezalaxe, Marxen burutazioak gorabehera.

      (Adabegiz betetako zura, zuzendu ezina).

      Munstrokeriaren aurka borrokatu beharra dago, itsuskeriaren aurka. Baina horiek inoiz menperatuko ditugula sinetsi gabe. Ezer espero gabe. Estetika hutsaren amoreagatik. (Inoiz izan ez dudan) aitak agian egin zuen moduan.

      Ulertzen dudala uste dut. Ulertzen eta maitatzen dudala, ama, Mari edo Biteri ulertzen eta maitatzen ditudan antzera. Beren funtsezko ezintasuna ulertzen dut, nirea ere baita. Haiek, ordea, ezin dute nire ulermen eta maitasuna jaso. Gehiago edo gutxiago, hilda daude, eta eman bai, baina ezin dute ezertxo ere jaso, beraz. Egoera bertsuan nago ni. Neu ere hilda nago agian.