Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

11

 

Edertasuna da dena niretzat, hori bilatu dut bizitza osoan, nekagaitz, eta aurkitu ere askotan aurkitu dut munduan, gutxien espero nuen toki eta lagunengan; horretarako hezi ninduten, eta, nola edo hala, horra eraman naute egin ditudan urrats gehienek, begiak lehen aldiz zabaldu nituenetik, besterik ez baitut inguruan izan, guraso biak eta sorterria, itsasondoko hiri hau, guztien inbidiagarri, badia, bertako argia... Zorionekoak gu.

      Hala esan ohi zidaten —Jorgek lehendabizi, Gonzalok gero— negozio bidaietatik etxeratzen zirenetan, zorionekoak gu, hemen baino hobeto inon ez, hala uste dut nik ere, bada hainbat hiri zoragarri bazterretan, Venezia, Paris, San Petersburg, pilo bat, baina kantuak dioenez, Donostia bakarra dago munduan, eta ez nuke beste inon bizi nahi, ezta hainbeste miresten dudan New Yorken ere. Hiri zoragarri hori dela medio hasi naiz edertasunaz pentsatzen, Josek hara joateko gonbita egitean, The Plaza edo Waldorf Astoria hotelak aipatu ditu, ni liluratzeko asmoz, ohartu gabe ez naizela parvenu bat, bera den bezala, bera ezagutu baino berrogeitaka urte lehenagotik ezagutzen ditudala New Yorkeko hotel onenak, Jorgerekin ezkondu eta eztei-bidaian hara joan nintzenetik, hain zuzen ere, orduko hartan Park Avenuen egon ginen, The Marmara dagoen tokitik hurbil, eta hotel horrexetan egon nintzen Jorge Mount Sinai ospitalean egon zen hiru hilabeteetan, eta hartara itzuliko nintzatekeen, Arturorekin batera, hura hil izan ez balute, gure ametsa zen, Central Parken barrena eskutik lotuta paseatu, Russian Tea Roomen afaldu, dendak bisitatu, Broadwayko musikal bat ikusi, ondo hitz eginda genuen, batzuetan, amodioa egindakoan, ezagutzen ez zuen Sagar Handiaz hitz egin niezaiola eskatzen zidan, eta han sagardotegirik ote zegoen galdetzen zidan, eta negozio ederra izango litzatekeela ziurtatzen, puntako klub eta diskoak ere ezagutu behar genituen, Area erraldoia, The Roxy eroa, eliza izandako Limelight, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan puri-purian zirenak, ikusi eta ikasi nahi zuen, batez ere Ibizan zabaldu berri zuen diskoa gogoan.

      Arturo ameslaria zen, ameslari zuhurra, edozer egin aurretik dena ondo aztertzen zuena, hala negozioetan nola harremanetan, oso bestela zirudien arren: bat-batean, aliritzira, berezko jatortasun batek bultzatuta jokatzen zuela ematen zuen, gauzak bi aldiz pentsatu gabe. Itxurazko xalotasun hori zuen armarik onena, hemen, Ibizan edo beste edonon hurbiltzen zitzaiona berehala gelditzen baitzen harrapatuta, haren irribarrearen sarean, ni gelditu nintzen era berean, hain eskuzabal jokatzen zuen beti, hain maitekor, hain libre, zaila zen inolako kalkulurik susmatzea irribarre haren atzean, denboraren joanaz, dena itxura besterik ez zela jabetu nintzen arte, baina orduan ere, haren xarma ez zen nire begietan murriztu, alderantziz, handitu egin zen, zeren eta horrek gaiztakeria puntu bat ematen zion, puntu polit bat, guztizko voyou bilakarazi zuena, ordura arte gizonak izanik nire atzetik ibilitakoak, nire menpekoak, bada, nola gertatu zen ulertu gabe, haren mendean ikusi nuen neure burua halako batean, eta horregatik Jorgeri minbizia diagnostikatu eta New Yorkera lagundu nuela, menpekotasun hartatik askatuko nintzela uste nuen, baina distantziak, urruntasun fisikoak kontrakoa eragin zidan, Arturorekiko mendekotasuna areagotu, eta egunero hots egiten nion telefonoz, haren ahotsa entzuteko irrikari eutsi ezinik.

      Jorgeren gaixotasuna gogorra izan zen, maite ez nuen arren, senar eta alabaren aita nuen haren zaindu beharrak urrundu baininduen gehien maite nituenengandik. Eugenia txikia Iruρean zegoen, ostiztarrenean, ondo, baina, amaginarrebarekin hitz egindakoan, alabatxoaren ahotsa entzuten nuenean nekez eutsi ahal nien malkoei, eta, malkorik gabe, antzeko zerbait gertatzen zitzaidan Arturoren faltarekin ere, hitz egitea ondo zegoen, lasaitu egiten ninduen, nire orduko bizimodu beti berdina eramaten laguntzen zidan; hitzek, ordea, ezin ordezkatu besarkadak, gorputz maite baten beroa, joaten utzi nahi ez diguten beso batzuen indar samurra, eta, hain zuzen ere, horixe behar nuen nik. Goizez eta arratsaldez azaltzen nintzen ospitalera, eta askotan erdi lotan aurkitzen nuen Jorge, lasaigarriez lepo, gelako leihora hurbiltzen nintzen halakoetan, eta pareko eraikinen artean ageri zen Central Parken zatian finkatzen nituen begiak, gogoa Atlantikoaren beste aldera zihoakidan bitartean, edo, bestela, ohe ondoko besaulkian eseri eta Greenwich Villageko denda batean erosi ohi nuen Hola-ren orrialdeak pasatzeari lotzen nintzaion. Hango argazki koloretsuetan ageri zirenei begira, zer egiten ari nintzen, ospitale triste hartan, galdetzen nion neure buruari, eta senarraren agonia luzea lehenbailehen buka zedila desiratzen nuen; Eugenia ikusi nahi nuen, Arturo ikusi, bizitzara itzuli nahi nuen, nire bizimodura, lagunekin egon nahi nuen, jendez inguratuta bizitzen ohituta, oso bakarrik nengoen. Telefonoa nuen, tentagarria beti, ohean etzan eta, Espainiako ordua kalkulatutakoan, Iruρeko, Donostiako edo Ibizako zenbaki bat osatu, eta azkenean entzun maite nituenen ahotsak, maite nindutela gogoraraziko zidaten ahotsak, eguna pitin bat gozatuko zidatenak, preso ninduen isiltasunetik, laburki bazen ere, libratzen nindutenak, uler nitzakeenak. Jorgerekin gutxitan hitz egiten nuen, eta labur, zer moduz nengoen galdetzen zidan ozta-ozta, eta gauza bera galdetzen nion nik, ondoren isilik geratzeko biok, ez zen hitzen beharrik gure artean, dena argi zegoen, heriotzak dena argitzen zuen, elkarrekin alaba zoragarri bat izandako ezezagunak ginen, elkarrekin baina elkarri bizkarra emanda bizi izandako bikote bat; hitzik gabe ere, Jorgek laguntza eskertzen zidan, bere ondoan egotea. Batzuetan, morfinak eragindako lozorrotik une batez irten eta nire eskua bilatzen zuen, eta gogor estutzen zidan, hura balitz bezala bizitzarekin geratzen zitzaion lotura bakarra, eta ospitale hura atzean utzi eta Central Parken zehar edo denda erraldoi horietako barnebideetan zehar ibiltzen nintzen, arnasa berriz hartu ahal izaten nuen arte. Zuhaitzek, era guztietako salgaiek babestuta, pitin bat lasaitu eta heriotzari iskin egin nahian iritsi nintzela hara jabetzen nintzen, hari ihesi, haren hotza Jorgeren eskuan nabaritu orduko.

      Emazte eredugarria izan nintzen bukaera arte: Jorgek azken hatsa eman zuela, aldamenean ninduen, nire eskua berean, Ostiz zaharra bere alabetako batek lagunduta azaldu zenean, ospitalean aurkitu ninduten, senarraren gorpuaren zaindari, eta hirurok egin genuen negar, nahiz eta negar egiteko haien arrazoiak eta nireak ezberdinak izan.

      Gorpu bat Espainiaratzeko prozedura korapilatsua zen, gutxienez beste pare bat aste gehiago bertan egoteko prestatu nuen neure burua; beraz, Arturorekin hitz egin nuenean, pazientzia izan beharko dugu esan nion, sekulako purrustada bota zidan, pazientzia zela berak gehien falta zuena, nahikoa izan dut azken hiru hilabeteetan, nik baietz, niretzat ere gogorra zela —Eugenia aipatu nion—, baina ez genuela beste aukerarik. Ezetz?, utzi nire kontu. Inoiz ez dut jakin nori esker ginen handik bi egunetara Madrilgo Barajasen, nor arduratu zen behar ziren agiriak lortzen; Ostiz zaharrak telefonoa hartu eta artean Madrilen gelditzen zitzaizkion lagunei hots egin zien laguntza eske, eta gauza bera egin nuen nik, Laura Ybarrari deitu, hala ere, susmoa dut Arturoren eskua izan zela burokrazia astindu eta mirari erako hura gauzatu zuena, lagun asko eta garrantzitsuak baitzituen, Ibizan eginak, denetarik, antzezleak, futbolariak, bankariak, politikariak, horietako baten batek egingo zion mesedea, gobernuko sozialistaren batek. Edozein eratan, hiru egun geroago Iruρeko hilerrian, ostiztarren panteoian utzi genuen, betiko atsedena har zezan, bere arbaso loriatsuen lagun. Emakume librea nintzen azkenean, Arturo erabat maitatzeko libre; horrek ez zuen gure harremana aldaraziko, noski, baina arintasun moduko bat eman zidan, gauzei begiratzeko patxada, elkarrekiko etorkizun baten aukera, zeren eta, ni alargundu berri nintzen antzera, hura ere alargun baitzitekeen egunen batean, eta, hori gertatuz gero, bion ezkontza posiblea zitekeen, edo biok elkarrekin bizitzen jartzea Hendaian. Argazki batetik baino ezagutzen ez nituen Arturoren seme-alabak eta Eugenia irudika nitzakeen elkarrekin jolasean, algaraka, Txingudiko badia zoriontasun horren lekuko, halakoak nerabilzkien nire artean, Arturori inoiz aipatu gabe, txorakeriatan edo, okerrago, bere bizitza kontrolatzeko asmotan nenbilela pentsa ez zezan.

      Arturo!

      Gizon librea zen, inoren agindupean egoteari gorroto ziona, askotan erakutsi zuenez, gaztetatik, garaiko pilotalekuen zurruntasunari muzin egin zionetik, eta joera berdina izan zuen negozioetan ere, Nauticoko batzuen eskandalagarri, handira jokatzen zuen salbuespenik gabe eta, harrigarriena, harrokeriarik gabe, haizea alde edo kontra, dena kemen lasai berberarekin hartzen zuen, sartuta zegoen atakatik, edozein izanda ere, onik irtengo zela seguru. Eskarmentuak erakutsi zion: azken tantoa arte partidua ez zegoen galduta, borrokatu beharra zegoen. Ez nituen aintzat hartzen berari buruzko esamesak, haren etsaiek, inbidia ziotenek barreiatutako zaborra, eskarmentuak erakutsi zidan neuri ere, Jorge gizajoari buruz bazterretan idatzi eta esandakoa gogotik kendu ezinik, kartzelara lehendabizi, eta heriotzara ondoren, eraman zuen hura guztia, banekien Arturoren ondoan egongo nintzela, eta, zerbait sinestekotan, haren ahotik irtendakoa baizik ez nuela sinetsiko. Haren andrea nintzen, Jorgerena inoiz izan nintzen baino hamaika aldiz haren andreagoa. Hark ez bezala, Arturok bazekien emakume bat erabiltzen, bazekien ni babestua sentiarazten, maitatua eta mimatua, berezkoa zeukan, berezkoa zeukan bezala negozio-gizon bikaina izatea, ahalegin nabarmenik gabe egiten zuen guztia, beste aukerarik ez balu bezala, horrek egiten zuen erakargarri, dirua izan, emakume bat izan, erraz antzera eskuratuko zituen, nahi gabe bezala, erretzen zituen Lucky Strike haietako bat erretzen ariko balitz bezala, patxada ederrean, ezer eta inor behartu gabe, berez-berez, nahi zuen guztia lor zezakeela iruditzen zitzaidan, ez baitzegoen hura geldiaraziko zuenik, hala uste nuen orduan, laurogeiko hamarkadan, heriotzaz zeharo ahaztuta.

      Alarguntasuna zoragarria iruditu zitzaidan hasieratik: inoiz baino libreagoa nintzen, nahi nuen edozer egin nezakeen. Betiko eran, esan zidan Laura Ybarrak, bizimodu berriaz telefonoz ari nintzaiola eta egia osoa zen. Betiko eran, bai, baina orain ezkutatu beharrik gabe, zure laguntzarik gabe, hala erantzun nion haren ironiari. Amaren iritzia ezaguna zen niretzat, dibortziatzeko aukerari buruz izan genuen solasaldietan gauza bera errepikatu zidan, Jorge ez uzteko, bera bezala egiteko, maitale bat topatzeko eta alabaz baizik ez arduratzeko, jakin gabe maitalerik banuela, izan nezakeen onena gainera, gizon puska, ez Ritxi Letamendia on baina txepelaren erako norbait. Arturo, aldiz, borrokalaria zen, txikitatik, Alde Zaharreko kaleetan lehendabizi, pilotalekuetan ondoren eta negozioetan azkenean, bera bezain gogorrak ziren beste batzuekin borrokatzen ohituta zegoen, eta era horretan irabazi zuen jendearen begirunea, kontrario latza eta lagun eskuzabala zela argi utzita. Hori dena nire artean pentsatu nuen, amak hitz eta pitz jarraitu bitartean, dibortzioa gora eta dibortzioa behera, bukatu ohi zuen bezala bukatzeko:

      Gizonak!

      Ez nion kontra egin, ezin, ezin nire kutuna hizpidera ekarri gabe, New Yorketik bueltan nire egoeraz hitz egin behar genuela adierazi zidanean, Arturoz mutu jarraitu nuen, alarguna izan ordez, artean emakume ezkondua banintz bezala, zure egoeraz hitz egin behar dugu entzun orduko bai bainekien zer zetorkidan, zeri buruz hitz egin nahi zidan, baita zer esango zidan ere.

      Gaztea zara oraindik, eta Jorgek ekarri dolua bukatutakoan ere hala izango zara, gizonak ez zaizkizu faltako.

      Ama!, kexatu nintzaion. Berriz ezkondu behar omen nuen, horixe egin nezakeen onena, horixe nik eta, batez ere, Eugeniak behar zuena, aita bat, maite eta zainduko zuen gizon egoki bat, egokia harentzat eta neuretzat ere. Zerrenda moduko bat egina zuen bere hautagaiekin. Ez irakurtzeko eskatu nion, bakea emateko, gogoratzeko aste gutxi batzuk baizik ez zirela igaro Jorge Iruρean hilobiratu genuenetik.

      Goizegi iruditzen zaizu, baina halako gauzetarako sekula ez da goizegi, konturatuko zara.

      Dibertitu egiten ninduen: amak baleki. Sekretu berberaren jabe, barre egiten genuen Laurak eta biok, amaren ateraldien kontura, Laurak Amsterdametik hots egiten zidan, gauez beti, eta hango gizonen edertasuna goraipatzen zidan, bisita egiteko gonbita onar niezaion. Jorgek ere bazeuzkan ile hori eta begi urdinak, eta, ni alaba zoragarri baten ama bihurtzeko izan ezik, ez zuen beste ezertarako balio izan; Arturo kankailua izanda, ordea, xamur-xamurra izan zitekeen, zoriontsu egin nintzakeen, horregatik esan nion Laurari holandar eder mardulak ahazteko eta, Amsterdamera joatekotan, Arturorekin joango nintzela, berarekin lasai egoteko, hain ederra omen zen hiri horren kale meharretan barrena harekin batera galtzeko.

      Arretaz entzun zuen nire proposamena Arturok, eta pentsakor geratu zen une batez, ezetz erantzun aurretik, ezin zuela, lanpetuegi zebilela, Ibizako diskoa zela-eta. Bere ezezkoak eragin zidan tristuraz jabetuta, beste bat egin zidan: uda osoa Eugeniarekin batera Ibizan igarotzea, nik ez nuen ezer egin behar, bera arduratuko zen denaz, eta egunero egongo ginen elkarrekin. Berehala argitu zitzaidan begitartea: ezin zitekeela plan hoberik.

      Niri bikaina iruditu zitzaidan ideia ez zitzaion amari batere atsegin izan, nire planak berea zapuzten zuen, nonbait, ez zidan aitortu, baina banekien planak lotura zuzena zuela bere zerrendako gizonekin eta uda horretarako profitatu nahi zuela haiek aurkezteko, Madrildik Donostiara uda pasatzera etorri ohi ziren gizon interesgarri haiekin guztiekin, niri orduan bost axola zitzaizkidanekin. Hurrengo urteko udan beharbada, baina goizegi zela inorekin ibiltzen hasteko esan nion, ez zela zuhurra, komeni zela tarte bat uztea, min egiteko aukera ez emateko mihi gaiztoei, haien pozoitik babesteko, hori alde batetik; bestetik, Eugenia eta biok ginen, azken hilabeteetako agonia eta gero, bake pittin bat derrigorrezkoa genuenok, zenbait hilabetetan bereizita egon ondoren, elkarrekin egoteko premian geundenok. Ezin hobeto egin nuen, nire argudioak aletu ahala, ilunduz joan baitzen amaren kopeta, eta, bukatu nuenean, hitzik gabe zegoen. Kontuz ibili, esan zidan soilik, eta nik baietz, Ibiza uharte lasaia zela, atseden hartzeko espeziala, eta berak ere etorri beharko lukeela noizbait gu bisitatzera, Laura Ybarrak seguruenik egingo zuen bezala.

      Ekainaren hasierako goiz lainotsu batean abiatu ginen Sondikatik, haraino eraman gintuen Ritxi Letamendia agurtu ondoren, eta Ibizara iritsi ginenean, hegazkinetik irten orduko, begietan jo ninduen argiaren bortitzak harritu ninduen, eta istantean betaurreko beltzak bilatu nituen zorroan, eta kapela txuri bat Eugeniaren burutxoa babesteko.

      Aireportuan Arturo genuen zain, bere larruazal jada beltzarana nabarmentzen zuen alkandora zuri batez eta praka berdin zuri eta zabalez jantzita, bibotea utzita eta ilea, garai hartako modaren arabera, kizkur-kizkur eginda, inoiz baino erakargarriagoa iruditu zitzaidan, eta bertan jango nukeen musuka, Eugeniarengatik ez balitz. Niri musu eman aurretik, alabarengana makurtu zen: Ongi etorriak!

      Diskotekaren furgoneta batean etorri zen aireportura —bere Lamborghinian ez zegoen tokirik guk ekarritako maleta pilorako—, eta villa ederra aurkitu zigula iragarri zigun pozez ezin kabiturik, piszina eta guzti, esan zuen Eugeniari begira, eta ondoren, begirada niri zuzenduz, diskotekatik oso hurbil gainera, kilometro batera gutxi gorabehera, Sant Rafel de Sa Creu izeneko herrian. Ez zen nik villa hitza entzunda espero nuena, gure Donostiakoaren erako etxe handi sendoa alegia, solairu bakarreko etxe zuri zapal bat baizik, hango baserri bat nolabait, eta, haren bistan hartu berria nuen zaputzaz ohartuta, nonbait, etxeko barrua ikusi arte ezer ez esateko eskatu zidan Arturok; bada, eskerrak kasu egin nion, barregarri geratuko bainintzatekeen bestela, bertako ate nagusia ireki orduko konturatu nintzenez. Kanpotik nekazal etxe arrunta zirudiena jauregi moduko bat zen benetan, erosotasun eta trepeta moderno guztiez hornituta egoteaz gain, gustu ikaragarriz dekoratuta zegoena, New Yorken Jorgeren aldamenean igaro behar izan nituen egun luze aspergarrietan begiratzen zaletu nintzen Architectural Digest aldizkariko orrialde koloretsuetatik zuzen ateratakoa zirudien: bizileku eroso eta aldi berean estetikoki miresgarria sortu zuen artista hutsa zen norbaitek. Nire esker ona Arturori eskaini nahian, ahalegina estimatzen niola utzi nahi izan nion argi, hartara jakin zezan ez zitzaidala oharkabean pasatu, areago, maitasun froga nabarmen haren bitartez ni hunkitzea lortu zuela. Hunkituta nengoen, bai: albo banatan gehien maite nituen biak neuzkan, eta maitasun hori guztia gordetzeko eta babesteko espresuki pentsatu bezala sortutako leku miragarri bat ageri zitzaigun, ipuin batetik irtendakoa, hirurok zoriontsuak izateko lekua.

      Hemengo andre bat hartu dut etxeko lanak egiteko, eta neska gazte bat, lotan dagoen bitartean Eugenia zaintzeko badaezpada ere, azaldu zidan, alabaren ilea poliki harrotuz. Lasai egon zitekeen, inon ez zegoen neu baino emakume zoriontsuagorik, inork ez zuen inoiz nik orduan maite nuen eran maite izan, seguru nintzen, nik baino lehenago beste askok maite izan zutela banekien arren. Belarrira xuxurlatu nion: maite zaitut.

      Dena joan zen Arturok esan bezala. Bidali zigun andrea, Mercθ, ama izateaz gain amona ere bazen andre txiki musugorri jator eta langile fina gertatu zen, Eugeniarekin maitekorra eta ulerkorra nirekin, eta, espainieraz egiteko lanak bazituen ere, hasieratik ondo moldatu ginen elkarrekin; goizean goiz etorri, eta jaikitzen nintzenean, txukun aurkitzen nuen dena, jantziak garbi eta lisatuta, landareak ureztatuta, eta, alde egin baino lehen, halaxe uzten zuen nire logela ere, egurastuta, maindireak aldatuta, ohea ederki eginda, eta hozkailuan jateko zerbait egoten zen beti, sukaldari iaioa izaki. Niretzat, Ibizako hura izango da betiko mundurik onena, gazte, libre eta maitasunez inguratua izan nintzen hura, Eugenia txikiaren eta Arturo handiaren maitasunaz ari naiz, edozein eguzkik baino gehiago berotzen zuen maitasun hartaz, bete egiten ninduen hartaz, beste inorenarekin alderatu ezin daitekeen eta, hala eta guztiz, beste edonorenarekin ezinbestean alderatzen dudanaz, horretaz ari naiz, hain zuzen ere.

      Eguerdian hondartzara joaten ginen eta bertan ematen genuen eguna —Eugenia eta biok batez ere, Arturo lanpetuta ibiltzen zen eta—, harik eta eguzkiak behera etorri eta etxera itzultzen ginen arte, dutxatzera, pixka bat afaltzera eta gauerako prestatzera, eguna alabatxoarena baitzen, eta gaua, aldiz, Arturorena, harekin egoteko garaia. Batzuetan etxeratu eta sukaldean aurkitzen genuen, lanean, Mercθk utzitakoa berotzen eta entsalada bat atontzen, eta bainugelatik entzuten genuen nola zabaltzen zuen botila bat ardo eta nola jartzen zituen platerak eta edalontziak mahai gainean, eta hots etxetiar horiek edozein hondartzak baino gehiago lasaitzen ninduten, nirekin bainatu ondoren Eugeniaren azal leunari zerion garbi usainak beste. Perfektua.

      Arturoren begietako ninia diskoteka zen, gehien harrotzen zuena, bere arrakastaren sinbolo argia, bestela debekatuta izango zituen giro eta leku batzuetan sartzeko giltza izateaz gain, eta zaindu behar zuen, bere andrea bezainbeste edo gehiago; Arturo sinestera, munduko diskotekarik handiena zen, eta bazitekeen hala izatea, milaka lagun hartzen baitzuen gauero, haietako batzuk benetan bereziak, eta denek irten behar zuten handik pozik, itzultzeko gogoz, hura goraipatzeko arrazoiez gainezka, eta hori lortzea ez zen erraza, lan egin beharra zegoen, jendea etengabe harritu beharra. Hori dela eta, dantzariak zituen —neska gazte lirainak—, DJ sonatuak, kea eta argiak, su-festak, inor asper ez zedin, asmo ezin hobea, baina gauzatzen nekeza, eskerrak Arturo, hala emakumeetan nola lanean ere, nekagaitza eta irudimen gaitzekoa zen: norgehiagokak antolatzen zituen, gai bati lotutako jaiak, mota askotako ospakizunak, edozein aitzakiak balio zion, kontua bezeroak pozik edukitzea zen, ez zegoen besterik, hori beste inork baino hobeto zekien Arturok. Nirekin ere antzera jokatzen zuen: ustekabez ustekabe ninderaman, aspertzeko betarik eman gabe, bere Lamborghinian uhartea zeharkatzen genuen, bazterreko taberna batean ez dakit zein arrain mota jateko edo ez dakit zer-nolako ardoa edateko, egun bakoitzak berezia, ahaztezina behar zuen haren ustez, egun erdipurdikoa zen bestela, egun bakoitza azkena balitz bezala bizi beharra zegoen, bizitza laburra izango zuela susmatuta beharbada, eta guztiok egiten genion kasu eta berak urratutako bidetik segitzen genuen, zoriontsuak izateko edozer egiteko prest. Izugarria zen haren xarma, edonoren lagun bilakatzeko berezko zeukan gaitasun niretzat sinesgaitza: hemengo baserritar eta arrantzaleak bezain ondo ezagutzen zituen Ibizakoak ere, uhartean zeharreko ibilaldi haietan ohartu nintzenez, eta, esan beharrik ez, jatetxe eta tabernetakoak, bertakoa izango balitz bezala, eta ez kanpotar bat; Fermin Calbetonen ibiliko balitz bezala zebilen Dalt Vilako kaleetan, jendea ezker-eskuin agurtzen, eta kalean gertatzen zitzaiona ezer gutxi zen diskotekan gertatzen zitzaionarekin alderatuta. Han guztien eskuak estutzen zituen, guztien masail edota ezpainei egiten zien musu, guztiei esaten zien zeinen eder zeuden, zeinen ederrak ziren, eta gauza bera adierazten zioten berari, bakoitzak ahal zuen eran eta hizkuntzan, zu ere primeran zaude, nik ere egingo nuke zurekin, hitzik behar ez duten kontuak, azken finean, izen bakar batean laburbil zitekeen desira lotsagabe ageriko bat:

      Arthur!

      Hala deitzen zioten gehienek. Etorri trago bat gurekin hartzera, geratu pixka bat gurekin, eta berak guztiei eskertu, guztiei irribarre bana eskaini, baina aurrera beti, Exclusive zeritzan aldera iristen ginen arte, bere bulegoa eta etxeko gonbidatuentzako klub pribatua zeuden aldera.

      Arthur!

      Hollywoodeko antzezle, produktore edo zuzendari bat izan zitekeen, gugana zetorrena, edo futbolari ezagun bat edo eskuineko politikari bat, edo ezkerrekoa, halakoak baitziren klub berezi hartarako sarrera zutenak, jende printzipala, jende ezagun eta boteretsua, argiak, dirudunak, ederrak ere bai asko, denak alai eta jostariak, pozik berdinen artean, egon behar den tokian, egon behar den jendearekin egoteaz pozik. Amerikako nahiz Asiako aberatsak Europako aristokrazia zaharrarekin nahasten ziren, whiski bana eskuan, kantari famatuak bankako edo industriako nagusiekin, eta hori dena Arturori esker gertatzen zen, berak biltzen zituen, berak gonbidatzen zituen, elkar ezagut zezaten, eta berak ordaintzen zuen jaten eta edaten zutena, askotan diskreziorik gabe hartzen zuten kokaina ere berak ordaintzen zuen.

      Arthur!

      Oihua irteten zen eztarri guztietatik, Exclusiven bildutakoen eztarrietatik zein behean, piszina alboko dantza-gune nagusian, jo eta su ari zirenetatik: guztiok bereganatzen gintuen zeremonia ia erlijioso haren apaiz nagusia zen, kongregazio haren burua, eta Ibizara iritsi berriak ere bazekien horrenbeste.

      Arthur!

      Nire gizona, alegia, uharteko emakume inbidiagarrienetakoa egiten ninduena, ez beharbada ederrena —Arturok baietz esaten zidan, banintzela—, ez seguruenik aberatsena ere, baina, zalantzarik gabe, zorionekoena; nagusiaren andrea nintzen, nik aspalditxotik izan nahi nuena, neskato zoragarri baten ama, eta Ibizan nengoen, munduko tokirik bizienean aldi hartan, edertasun eta talentuz inguratuta, zer beste eska nezakeen? Beti izaten da ordea, arrakala txikiren bat, alderdi laiotz bat, zalantzarako eremu zingiratsu bat, eta, pixkanaka, ezezagun zitzaidan sentipen bat ernatu zen nigan: jelosia.

      Donostian ez bezala, Ibizan arriskua edonon egon zitekeen, luze gabe jabetzen hasi nintzenez, diskoan, hondartzetan, tabernetan, kaleko azokatxoetan, handik ibiltzen baitziren firin-faran, munduko emakumerik ederrenetako batzuk, izan Hollywoodeko izarrak eta top-modelik topenak, izan printzesa eta era askotako nobleziakoak, edozein emakume maitemindu ikaratzeko moduko panorama.

      Ondo gogoan dut noiz eta non sentitu nuen lehendabizikoz; Ibizara iritsi eta biharamunean izan zen, Arturo uhartea erakusten ari zitzaigula, Es Canαra eraman gintuen, hippyen azoka ikustera, eta, han ginela, azala kafesne kolorekoa zeukan emakume gazte lerden eder bat azaldu, eta besarkatu egin zuen Arturo, intimitateak baizik ezin eman dezakeen ziurtasunaz. Bat-batean izerditan nengoen, urdaila iraulka neukan, ahotik irteteko gertu, eta han sobera nengoela, traba besterik ez nuela egiten sentitu eta, eskuak Eugeniaren sorbaldan neuzkala, pare bat urrats egin nuen, oharkabean, atzerantz.

      Ez nion Arturori tutik aipatu, bertako salmahaiei begira jarraitu nuen, eskuz egiten zituzten bitxiei eta zintzilik zituzten soineko luze zuriei begira, ezer gertatu izan ez balitz bezala, baina luze gabe zerbait susmatu eta galdezka hasi zitzaidan, eta, nire erantzunek ase ez zutenez, beste galdera batzuk egin zizkidan, harik eta barrez lehertu zen arte, bekokia iluntzen zidana zer zen asmatu zuelakoan. Gloria, mesedez. Bizpahiru aldiz elkarrekin oheratuak zirela aitortu zidan, nirekin topo egin aurretik, ondoren niretzat baino ez omen zeukan begirik. Azalpena onartu eta hor buka zitekeen dena, baina ez, mesfidati jarraitu behar nik, nahiko era nabarmenean, hainbeste, non Arturoren hasierako barrea haserre bilakatu baitzitzaion, eta, bitan pentsatu gabe, gehien mindu ahal ninduena bota zidan:

      Emazte bat nahikoa dut, Gloria, ez dut beste bat behar.

      Bere onetik atera nuen: Gloria apetatsuarekin ari zen berriz ere, lainezaz betetakoarekin. Ez ote nintzen fio jakin nahi izan zuen, zerbaitetarako balio ote zuen bere hitzak, eta nik orduan, nire hanka-sartzeaz ohartuta, baietz erantzun nion behingoan, fio nintzela, ezerk ez zuela niretzat balio bere hitzak baino gehiago, eta besarkatzen eta musukatzen saiatu nintzen, baina bera pixka bat alboratu eta Eugeniari begiratu zion, hobe genuela gure auzia gerorako uztea adierazteko, nire ustez, eta izozki bat nahi ote zuen galdetu nion alabatxoari orduan, gure ika-mikari azken puntua jarri nahian.

      Arturo!

      Hitzen bitartez ez, laztan eta musuen bitartez konpondu genuen gau hartan goizeko auzia, haserretzen ginen guztietan konpondu ohi genuen bezala, su batean, muturtuta igarotako denbora berreskuratzeko ahalegin betean, hura alferrik galtzeaz damututa biok, kosta egiten zitzaigun ulertzea zer zela-eta jokatu genuen hala, berriki arte elkarrekin egoteko izan genituen zailtasunak gogoan, batik bat; inozoak ginen, bai, eta horixe aitortzen genion elkarri, amorruz ia, eta nahikoa zela, hark azkena behar zuela, ez zela errepikatuko, gurea maitasuna zen, benetakoa, ez sexu hutsa, ez bi gorputz izerditu plazeraren bila etsituta, beste zerbait sakonagoa baizik, horixe esaten zidan Arturok, ni lasaitu nahian seguruenik, inguratzen zuten emakumeak aipatzen nizkionetan.

      Ahal dudan baino emakume gehiagorekin egitea izango nuke gauero, nahi izanez gero, esaten zidan, baina ez dut behar, badut nahi dudan guztia.

      Hori entzun eta nigana erakartzen nuen areago, nire kontra tinkatzen nuen, hautsi nahiko banu bezala; kontrakoa nahi nuen, ordea, gorde, bakarrik niretzat gorde eta babestu, betiko, zeren eta ni ez nintzen handik zebiltzan hippy horietako bat, ez nuen maitasun librean sinesten, jabego pribatuan sinesten nuen, nirea nirea da eta ez beste inorena, Arturo nirea zen, beraz, ez diskoa betetzen zuten sirena apetatsu haiena, ez eta Exclusiven zehar narras ibiltzen ziren sugegorri zahar aristokratikoena, alkoholaren edota drogen eraginez lotsagalduta guztiz, gizona musuka lapurtu nahi izaten zidatenenak, bazekien haiengandik askatzen; horregatik, haietako bakoitzari zegokiona esan, musu arin bat kopeta, masail edo ezpainetan ere eman eta beste norbaitengana segi zezakeen, beste lagun ospetsu bati bostekoa ematera, esku boteretsua estutzera.

      Irribarrea da nire hizkuntza, aitortu zidan behin, denek konprenitzen dute. Hala da, amerikarrek ondo dakite, New Yorken, ospitalean bertan, dendetan, edonon ikusi nuenez: irribarrea aurrena, profesional on baten eran, horixe baitzen Arturo, beste edozeren gainetik, bere lanbidea, haren gorabehera eta zoko-mokoak beste inork baino hobeto menderatzen zituen norbait, alkohola eta kokaina gustukoak izanagatik ere, halakorik lanean sekula hartzen ez zuena. Koka nirekin maitasuna egiteko atsegin zitzaion, plazera handiagotzen zitzaion, zeruan egotea bezalakoxea omen zen, bere azpian ninduela begiratu eta hain ederra iruditzen nintzaion, non malkoak baitzetozkion begietara, hunkituta.

      Hunkituta? Bai zera, drogatuta, hala zaude zu!

      Barre egiten genuen.

      Ezin naizela kexatu?

      Kexatu egiten nintzaion koka ukatzen zidanean, txarra zela argudiatuz.

      Hala bada, hala izango da zuretzat ere, kontra egiten nion, baina hark ezezkoan jarraitzen zuen, bera gizona zela, indartsuagoa, beraz, eta mendera zezakeela, eta orduan nik egiten nuen barre, nik bakarrik, gaiztoz, zergatik ukatzen zidan berak sentitutako plazera ulertu ezinik, sentsazio berezi hura. Edozein modutan, berdin zion, nahi izanez gero, erraz lor nezakeen niretzat onena nahi omen zuenak ukatzen zidana, diskoan gauero eskaintzen zidan norbaitek, denetarik, eta nik eskertu baina ezetz, eskuan neukan gin-tonica nahikoa.

      Koka Arturoren kontua zen, neure-neurea ere bai, beraz, eta horrek jakin-minez betetzen ninduen, nirekin oheratu aurreko zeremoniaren lekuko, liluraturik jarraitzen nien Arturoren eskuei beren jardunean, nola plastikozko txartel batez koka xehatzen zuen hauts lerro bat osatu arte eta, ondoren, txartela nola garbitzen zuen, hatz erakuslea erabiliz, eta hondar hori oietan igurzten, mahai gaineko lerroa sudurreratzeko azkenean, zilarrezko hoditxo baten bitartez. Hori egindakoan prest zegoen.

      Arturo!

      Haren lepoa nire besoek inguratu eta gihar guztiak tenk neuzkala, nire droga Arturo zela banekien ziur, menperatu ahal ninduen eta derrigorrezkoa nuen bakarra, izugarria zen, gure arteko istiluak gorabehera, harena nintzen ukitu orduko, zakila nola handitzen zitzaion nabaritzen nuen sabelean, epeltasun gero eta biziago bat, oso atsegina zitzaidana, nik edo kokak eragindakoa ote zen zalantza egin nuen arte behintzat. Behin baino gehiagotan gertatu zitzaidanez, kontu hori argitzea baino ez nuela iruditu eta norbaitek eskaini zidan hurrengoan baietz erantzun nion, beraz, baietz, nahi nuela, eta hark pasatutako papertxoa esku-ahurrean neramala, Exclusiveko bainugelara jo nuen, gehienek egiten zuten eran, baina bertan esnifatu ordez, bularretakoan gorde eta biharamunean, etxera itzulitakoan, Arturo bere gaueroko zeremoniari lotzen zitzaiola, ni bainugelan sartu eta diskotik ekarritakoa hartu nuen, hari ezer esan gabe.

      Badaezpada ere, gutxi hartu nuen, eta, maitasuna egin eta gero, Arturori besarkatuta loaren zain nengoela, ezin asmatu zein heinetan zor nion kokari nire zorion hura eta zeinetan eskuartean nuen gizonari. Hori zela eta, hartzen jarraitu nuen, harik eta ez dakit nongo printzesa batek bainugelara laguntzeko gonbita egin, nik onartu, hura marrak sartzen hasi eta hainbeste esnifatu zuen, non gainezka egin eta sudur batetik irteten hasi zitzaion arte, muki zuri-zuri batean bilduta. Nazkagarria izan zen, eta bere hoditxoa pasatu zidanean, lotsagorrituta, ezetz adierazi nion keinu izuti batez, eta aitzakiak jarri nizkion, gehienak absurdoak, gerora ohartu nintzenez, baina higuina eragiten zidan hoditxoaren bista hutsak ere, eta ezin izan nuen besterik egin.

      Harrezkero askotan gogoratu naiz muki zuri hartaz, Ibizan, Arturoren bitartez ezagututako zenbaiten berri izan eta irudi hori etortzen zait gogora oraindik ere, urteetan Hola eta halakoen orrialdeetan ikusi izan ditudan batzuk, azken aldian Telecincoko oilategi horretan dabiltzanak, adibidez, elkarri mokoka beti, oihuka beti, irainka, puztuta edo argal-argal eta azal zikin, bestela, denak itsusi, nik ezagutu gazte eder eta biziak irentsi zituzten munstroak, ikaragarriak, denak kokak hondamendira eramanak, edo, okerrago, saio ziztrin horietan ere agertu ezin direnak, oroimen lauso eta errautsak haizetan baino ez diren horiek, ugari, izen bat ozta-ozta, une gozo baten pilpira urruna agian, ezer gutxi, batere ez: zuria beltz bilakatu oharkabean.

      Drogak hil egiten du, esan ohi zuen Arturok txantxetan, bera ere hilko zuela susmatu ere egin gabe, ez aipatu berri ditudan horien eran, noski, egunez egun eta kameren aurrean, ikuslego aspertu baten dibertigarri, ezta kale bazter batean botata geratu zirenen eran ere; ostera, Arturoren heriotzaren albistea mundu osoan zehar hedatu zen, telebistetako albistegiak ireki zituen eta egunkarietako lehen orrialdeetan, letra larriz jaso zen, gizon berezi bati zegokion heriotza berezia eta, heriotza guztiak bezala, latza.

      Bizitzak hil egiten du, Gloria, zuzendu izan dit Biterik zenbaitetan; hiltzeko era guztiak ez dira berdinak, ordea, duin hil daiteke edo lotsagarri, lasai antzera edo modu izugarrian, bizi daitekeen era berean, azken batean. Arturorekiko urte laburregiak izan ezik, nire bizitza lasaia izan dela uste dut, gorabehera nabarmenik gabea, alabaren heziketaz arduratu naiz eta Arturo tiroka hil ondoren senar izan nuen Gonzaloz ere, ni baino hogei urte zaharragoa izaki, gertutik zaindu behar baitzitzaion, hil aurreko bizpahiru urtez.

      Jakin izan bagenu, damu da Biteri, alferrik noski, etorkizun duguna asmatu ezin dugunez gero. Ibizan ere jakin izan bagenu, bestela jokatuko genukeen denok, nahiz eta nik zuhur samar jokatu nuela uste. Udako asteak igaro ahala, diskora gauero azaldu eta koka lerro baten truke edozer egiteko prest zeuden lagun batzuk ezagutu nituen, haietako asko nire adin bertsuko neskak, norbaiten eskutik Exclusivera sartzen zirenak eta bertako komunetan luze egoten zirenak. Neska itxurosoak izaten ziren, bular handikoak, baina arruntak, estilorik gabeak, puta merkeak izatera kondenatuak, hasieratik argi ikusi nuenez, ez baitzuten neurririk, ez zekiten nahikoa esaten, kito, honaino iritsi gara, hemen bukatzen da bidea, gehiago nahi zuten beti. Nik ere gehiago nahi nuen —Arturo gehiago—; txikitatik badut, ordea, neure buruari langa jartzeko ohitura, eustekoa, badakit zer den diziplina, eta hori garrantzitsua da, zeren eta horrek edonor salba baitezake, zeure buruari ezetz esateko gaitasun horrek, denboraren poderioz lortutakoa eta, inolaz ere, kamusten utzi behar ez zaiona; nik ez nion utzi, aldiz, ahalik eta gehien zorroztu nuen, neure burua ez ezik, Arturo bera eta Eugenia babestu nahian. Norbaitek pentsatu behar zuen pitin bat, eta niri egokitu zitzaidan, Arturok gauza gehiegi zerabilzkien buruan, arazo eta asmo potolo gehiegi, eta lagundu behar zitzaion, esan behar zitzaion azkarregi zihoala, lasaitzeko premian zegoela, seguruenik ez zidala batere jaramonik egingo susmatzen nuen arren. Berdin zion, ez nintzen ahalegina egin gabe geratuko, saiatu gabe, hil ala biziko kontua izan zitekeen. Arturo, esan bezala, ameslari zuhurra zen, baina zenbaitetan bere alderdi ameslari hori nagusitzen zitzaion zuhurrari —batez ere kokaz gainezka zegoenetan—, eta zaila zen harekin hitz egitea halakoetan, bestela agerikoa zena ikusaraztea, zerbaitekin tematu eta harekin bueltaka ibil zitekeen ordutan, alderdi guztietatik begiratzen zion, eta zenbat eta gehiago aztertu, hainbat eta seguruago zegoen bere ideiaren egokitasunaz eta arrakastaz. Batzuetan, haserretu egiten zen norbaitek bere gaineko zalantzarik agertuz gero, mindu egiten zen, batez ere ni baldin banintzen hori egiten zuena, traizioa egin izan banio bezala urruntzen zen nigandik, berarekin bat nola ez nentorren ulertu ezinik, bat-batean asturu txarreko txori ninduen, bele karrankari gogaikarria, mailua bere garunean gupidarik gabe joka. Ez omen nuen irudimenik, ukitu ahal nuena baino ezin omen nuen sinetsi, emakumetxo bat nintzen, jaiotzez aberatsa eta errazkerian hazia eta hezia, mundua buruz buru hartzeko ezgai, beraz.

      Dena nahi dut, Gloria, ba al dakizu zer esan nahi dudan?

      Zaila zitzaidan Arturorena erabat ulertzea: negozioak primeran zihoazkion, seme-alaba koskortu samarrak zituen eta ni ninduen gero, gutxi iruditzen al zitzaion? Zer falta zitzaion?

      Hildakoak falta ziren, horiexek falta zitzaizkion hari ere, gauzak ziren bezala ikusteko, handik urte batzuetara erruz agertuko ziren haiek, artean gazte, eder eta dibertigarriak zirenak eta, gerora, zerrenda itxuraz bukatugabe bat osatuko zutenak, horiexek falta, Biterik mamuak deitzen dituenak, baina horiek pentsaezinak ziren orduan, irudikaezinak paradisu hartan, irudimen handiko norbaitentzat ere, Arturorentzat ere. Orduan hildakoak falta, eta orain, aldiz, ezin izan besterik.

      Haiekin eta zurekin, beste inorekin ez dut azken boladan hitz egiten, aitortu zidan orain hurrena Biterik, eta ondo ulertu nuen, antzeko zerbait gertatzen baitzait neuri ere. Arturorekin aritzen naiz bereziki, nahiz eta zenbaitetan Gonzalorekin edota amarekin ere aritu. Norbaitek ikusiko banindu neure buruarekin hizketan, burutik jota nagoela pentsatuko luke, esaten diot Cocori, baita Eugeniari ere, Madrildik telefonoz hots egiten didanetan. Ama erotzen ari zaizu, esaten diot, eta ezagutzen nauenetik horretan ari naizela erantzuten dit alabak trufari.

      Gutxienez beste hogei urte gehiago biziko zara, iragartzen dit Biterik, ni ilun samar antzemandakoan. Eskertzen diot, noski, eta berari ere bizitza luzea opa, baina mamuez jarraitzen du hizketan, etengabe zuzentzen zaizkion mamuez, beraiekin biltzera etengabe ere gonbidatzen dutenez, eta alferrik da ni bihotz pitin bat ematen saiatzea, zer eginik ez duela sinetsita baitago, hilabete gutxi batzuk, aste gutxi batzuk baizik ez dituela mundu honetan izango, bereak egin duela. Lagun zaharrekin elkartzera noa, azaltzen dit, zoko bat gorde omen didate, ondo egongo naiz, ez kezkatu. Nik ere zoko bat nahi dut nire hildakoen artean, batez ere Arturoren aldamenean eta, bekatari galanta izan naizela ederki dakidan arren, horixe erregutzen diot Jainkoari, barkatzeko, dagokidan purgatoriotik igaro ondoren, maite izan ditudanekin betiko jartzeko.

      Zuk baduzu nori eskatu, behintzat irribarre apal bat agertzen da Biteriren ezpain lehorretara hori esatean; nik, ordea, mamuak baino ez ditut, gehitzen du, hustu dudan kopa atzera betez, zerbaiten alde, mamuen alde beharbada, topa egiteko asmotan balebil bezala. Pena hartzen dut halakoak entzunda, ume errugabe bat iruditzen zait Biteri, eta besoetan hartu eta kulunkatu egin nahi nuke, negar egiten zuenetan Eugenia hartu ohi nuen eran, lasaitu eta negarrari utzi arte; baina hori ezinezkoa denez, atetik Jose sar dadila nahi izaten dut, hizketagaiz aldatzeko, eguraldiaz berriketan aritzeko, gizon nirekin maitagarri nahiz soraio horrek, berak eskatu gabe ere Biterik parean ipini dion portoa edaten duen bitartean. Edozer, aipatu behar ez dena ez aipatzearren.