Aurkibidea
Ospa
— Ohean utzi dinat, hanka gora begira duela. Laguntzera etortzen zaigun neskak jai din gaur eta neu bakarrik ez naun senarra kalera ateratzeko gauza.
— Tira, etxean gustura badago...
— Bai. Ohean bertan garbitu dinat, eta gero telebista piztu eta urrutiko agintea eman zionat. Etxetik irteterik ez dagoenean, gustura gelditzen dun ohean. Batez ere futbola ematen badute.
— Entretenituta geratzen bada...
— Eta hi, zer moduz?
— Hainbestean. Egun onak izaten ditinat tarteka, beste batzuk kaxkarxeagoak... Ahal den moduan.
— Denok bezala. Ez dinat beti ondo dagoen inor ezagutzen. Eta okerragorik tokatzen ez zaigun bitartean, eskerrak emateko moduan gauden.
— Hala dun, bai. Ttirriki-ttarraka bada ere, bagabiltzan behintzat, eta ez dun gutxi.
Supermerkatuan nengoen, gurdia erosketez beteta eta ilaran, kutxatik pasatu eta ordaintzeko txandaren zain, bi atso haien arteko solasak, norbaitek bidalitako seinalea balitz bezala, bat-bateko ihes itsura bultzatu ninduenean.
Mugimendu bortitz batez gurdia ilaratik atera, pasilloan aurrera bultzatu eta, hura han utzita, ordaindu beharrik gabeko irteeratik jo nuen kanpora, pauso irmo eta biziz, eskuak libre nituela. Autoan sartu, musika bolumen altuan jarri eta supermerkatuaren aparkalekutik irten nintzen lehenik, Donostiatik gero, nora joan behar nuen arrastorik gabe.
Maitaneren ondora ez nintzela itzuliko, horixe zen nekien gauza bakarra.
Maitanek beti izaten zuen arrazoia. Horixe zen arazoa, edo arazoaren parte handi bat behintzat. Nekagarria eta etsigarria da beti arrazoia duen norbaitekin bizitzea, batez ere haren arrazoi sendoaren argitan norberaren ezinak, baldarkeriak eta beldurrak agerian geratzen badira. Eta nireak gordintasunez azaleratzen ziren Maitanerekin nituen eztabaida guztietan.
Modu hartan ihesean ikusi banindu, berehala esango zidakeen Maitanek, segurtasunez: “Hi ez habil niregandik ihesi. Hire ezinak, baldarkeriak eta beldurrak utzi nahi dituk atzean. Baina horiek hirekin zoazak beti, heure gibela bezain heureak dituk eta”. Arrazoia izango zukeen orduan ere, beti bezala.
Sakonean, neuk ere banekien hori, baina ez nuen atzera egin nahi. Atzean etsipena baino ez nuen ikusten: emaztea, familia, zaindu beharreko adiskide sare finkoa —konplizitatean baino gehiago kortesian oinarritua—, umez eta eginbeharrez betetako etorkizuna, etxea eta bere askotariko osagarriak, otorduak, supermerkatua, lana, fakturak... Atzean, emazteak ohean telebistari begira utzi zuen gizon elbarriaren gero eta antzekoagoa izatera kondenatuta nengoen. Gainera, behin ihes egiten hasiz gero itsusia da atzera egitea.
Bidean aurrera, aldiz, autoaren barruko anonimotasun erosoan, babesean eta libre sentitzen nintzen, joan eta joan, ezertan pentsatu gabe, ezertaz arduratu gabe. Ez nintzen geldituko autoak eztanda egin arte.
— Aitortu behar duzu zure istorioa ez dela sinesgarria.
— Baliteke. Ez dut horretan pentsatu.
— Nik sinesten dizut hala ere. Oraingoz behintzat. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
— Eskertzekoa da.
— Eta zer egingo duzu orain?
— Ez dakit. Burbuila batean nengoen eta burbuilatik atera nauzue. Orain galduta sentitzen naiz.
— Etxera itzuliko zara?
— Utziko didazue?
— Zuk diozuna egia baldin bada, bai. Nagusiak datuak egiaztatzen ari dira, eta ez baldin badago zutaz susmo txarrik izateko motiborik... Ez zara Guardia Zibilaz fidatzen ala?
— Gauza zatar asko entzun ditut Guardia Zibilaz.
— Badakit fama txarra daukagula Euskal Herrian, giro jakin batzuetan behintzat. Baina guk ez dugu inor hiltzen eta gutarikoak, aldiz, zenbat hil dituzte?
“Ez duzuela inor hiltzen?”, pentsatu nuen neure artean, baina ez nintzen ausartu nire desadostasun asaldatua erakusten.
— Ni ez naiz saltsa horietan sartzen —esan nuen, serio, neure burua kontrolatuz.
— Hala bada, laster izango zara libre.
— Ea egia den.
Pancorbo parean nengoen, Guardia Zibilaren kontrol batean geldiarazia, autoaren ondoan zutik atxikia, metrailadorea eskuetan zuela zaintzen ninduen agente gaztearekin solasean.
Kasualitatea! ETAko kide batzuen bila zebiltzan inguru hartan, eta argi zegoen ez zidatela aise utziko joaten.
— Ba al dakizu gauza bat?
— Zer?
— Ez didazu sinetsiko, baina batzuetan zu egiten ari zarena egiteko gogoa sentitzen dut neuk ere.
— Zer egiten ari naiz?
— Dena utzi eta ospa, norabide jakinik gabe.
— Uniforme gabe, ezta?
— Bai.
— Eta metrailadorerik gabe.
— Metrailadorearekin beste kontu bat izango litzateke.
— Oso diferentea.
— Dudarik gabe.
— Arriskutsua.
— Beharbada.
— Ezkonduta al zaude?
— Bai. Oso ezkonduta. Emaztearekin, emaztearen familiarekin, etxearen hipotekarekin...
— Eta Benemeritarekin.
— Benemeritarekin ere bai.
— Ihes egiteko gogoa izaten duzu beraz.
— Munduan galduta ibili nahi nuke.
— Ezertan pentsatu gabe, ezertaz arduratu gabe.
— Horixe bera.
Guardia zibil taldearen buru egiten zuen agentea etorri zen orduan, dena ondo zegoela eta aurrera jarrai nezakeela esatera.
Ordurako, ordea, joanak zitzaizkidan autoan aurrera segitzeko gogoak. Urrutirago joan beharrik gabe, Pancorboko herrian sartu eta autoa hantxe gelditzea erabaki nuen. Aurkitu nuen aurreneko pentsioan gela bat alokatu eta paseo bat egin nuen herriko kaleetan.
Guardia Zibilak behartutako geldialdiak aldartea aldarazi bazidan ere, gustura nengoen. Ihesi jarraitzen nuen, inork niregandik espero ez zuena egiten, inondik inora ere zegokidan lekuan, gidoi logiko posible guztietatik kanpo. Unibertsoaren mugimendu harmonikoa burlaize bihurriz urratzen ariko banintz bezala. Baina ez nekien zer egin nezakeen egoera hartan irauteko, nire ihesari arnasa ematen jarraitzeko. Horregatik, errepide ertzeko klubeko argi gorriak ikusi orduko sartu nintzen barrura.
— Gutxienez deitu egin behar diozu. Kezkatuta egongo da.
— Mezu bat bidali diot eskuko telefonotik, eta gero telefonoa itzali dut.
— Eta zer esan diozu mezuan?
— “Ondo nago. Adio, Maitane”.
— Hori besterik ez?
— Hori da Maitaneri esateko dudan guztia.
— Mezu hotz bat ez da nahikoa. Hitz egin egin behar da.
— Ez dut Maitanerekin hitz egin nahi, behintzat berak arrazoia duen bitartean.
— Eta etxea? Non biziko zara orain? Eta lana? Eta dirua?
— Langabezian nago eta Maitaneren etxean bizi naiz. Edo, hobeto esanda, Maitaneren etxean bizi nintzen. Orain, beraz, ez daukat etxerik eta ez daukat lanik. Baina diru pixka bat bai oraindik, denbora batez lasai ibiltzeko lain.
— Txorakeria bat egiten ari zara. Seguru nago.
— Hona etortzen diren gehienak ez al dira txorakeria bat egiten ari?
— Ez da gauza bera. Kasu egidazu, nik badakit honetaz. Zu...
— Ni... Zer?
— Zuk ez duzu benetan gora igo nahi.
— Nahiko ez dut ba! Oso ederra zara!
— Oi, nire umea!
Badakit zaila dela sinestea, baina musu samur batekin konbentzitu ninduen goiko pisura igo gabe klubetik alde egiteko.
Pentsiora itzuli eta ohean etzanda telebistari begira geratu nintzen loak hartu ninduen arte. Urduri eta kezkati nengoen neure egunerokotasunetik urrun sentitzen nintzelako, baina aldi berean barne bake batek lasaitzen eta gozatzen zidan barrena. Gustura nengoen.
Hasieratik zuen arrazoia Maitanek. Gero eta arrazoi gehiago eta handiagoak zituen. Baina nik halaxe segitu nahi nuen, inork niregandik espero ez zuena egiten, inondik inora ere ez zegokidan lekuan, gidoi logiko posible guztietatik kanpo, unibertsoaren mugimendu harmonikoa burlaize bihurriz urratzen.
— Baina zu zergatik etorri zara hona, dirua irabazteko ez bada?
— Eta zu? Zuk ez duzu kobratzen ala?
— Ni kazetaria naiz. Nire lana egiten ari naiz.
— Zuk irabazitakoa bezain legezkoa eta garbia da nik irabazten dudan dirua. Bakoitzak bere baliabideak ditu.
— Zure baliabide nagusia gaizki operatutako bi titi dira, bakoitza alde banatara begira.
— Hartuko zenituzke zuk nire titiak.
— Zure titiak? Zertarako?
— Maiteko zaituen norbait bilatzeko. Baina, ondo pentsatuta, nire titiak baino zerbait gehiago beharko zenuke horretarako. Berriro jaiotzea gutxienez. Itsusiagoa eta ergelagoa ezin izango zinateke eta.
— Eskerrik asko. Espainia osoak daki zure irainak laudorioak direla jende argiaren belarrietan.
— Espainia osoak dakiena da usteltzeraino dituzula mingostuta erraiak, eta ez dela jaio zu jasango zaituen amaren umerik.
Terapia eraginkorra da tele-zaborra deitzen den hori. Apaltasun lezio gogoangarriak eskaintzen dizkizu. Tele-zaborrari begira, jabetzen naiz bizitza osoan gogor saiatuta ere inoiz ezin izango naizela giza ergelkeriaren eta doilorkeriaren gailur ikaragarri horietara iritsi, eta barne miseriaren heroi horiekiko mirespenez eta esker onez itzaltzen dut beti telebista. Halaxe egin nuen gau hartan, loak hartu aurretik, Pancorboko Desfiladero pentsioan.
— Biharamunean, pentsioan gosaldu eta gero, Donostiara itzultzea erabaki ninan. Amairik gabeko nobela izan behar zuena mikroipuinean geratu zunan.
— Gure txortaldien antzera.
— Badakin krudela izaten gero!
— Baina arrazoia diat.
— Beti bezala.
— Eta... zer? Gustura geratu haiz hire ihesaldiarekin?
— Ez dinat damurik.
— Ezin esan ba urrutira iritsi haizenik: Pancorbora. Ezta gauza handirik egin duanik ere: guardia zibil batekin hitz egin, putiklub batean sartu eta larrua jo gabe irten, eta tele-zaborra ikusi goizaldera arte ostatu kutre batean. Eta amaieran, azak ontzeko... errematea!
— Baina egin beharrekoa ninan. Buruaren osasunerako.
— Buruaren osasunerako, hauxe duk orain hik premiazkoena: telebistaren urrutiko agintea. Gaur futbola ematen ditek.
— Ez al naun kalera atera behar?
— Gaur ezin diat. Supermerkatura joan behar diat. Hutsik zeukaagu frigorifikoa.
— Supermerkatura? Kontuz han entzuten ditunan solasaldiekin. Alaiena ere adoregabetzeko modukoak izaten ditun.
— Adoregabetu? Adoregabetu hik egiten nauk. Apaiz zahar baten sotana urratuak ere hik baino bizipoz handiagoa kutsatzen dik.
— Hori ere ba al dugu?
— Bai ba. Hori ere bai.
— Ezertarako balio al dut nik, hire ustez.
— Bai. Ba al dakik zertan hagoen edonoren gainetik?
— Zertan?
— Autoa gidatzen.
— Autoa gidatzen?
— Zuzengune luzea, eguraldi bikaina, trafiko gutxi, zuhaitz bakarra bide bazterrean... eta huraxe jo bete-betean! Sekulako abilidadea!
— Esan dinat: gurpila lehertu zunan, hantxe, justu zuhaitz madarikatuaren parera iristen ari nintzenean.
— Bale. Behingoz arrazoia emango diat. Ez haiz txofer txarra. Zorte txarra izan duk, besterik ez. Bejondeiala! Banoak supermerkatura. Adio, Zigor.
— Maitane! Hanka gora begira jartzea ahaztu zain! Maitane! Maitane!! Maitane!!!