Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Sandraren baratzea

 

 

Sandra Lopezi buruzko nobela bat idaztekotan, aita zenaren baratzera itzuli zen arratsaldea kontatuz hastea litzateke egokiena.

      Sandra 45 urteko eskultorea da arratsalde horretan, ez ospe handikoa, ez lehen mailakoa, baina bere lanbidean onarpena, estimua eta aitortza ere irabazitakoa, diru puska bat ez ezik. Donostian bizi da, baina hiru aste darama jaioterrian, Azkoitian, gurasoen etxean ostatu hartuta; aitaren osasuna, leuzemia baten ondorioz, okerrera egiten hasi zenetik.

      Duela astebete eskas hil zen aita, eta biharamunean Donostiara itzultzekoa da Sandra. Azkoitian eman behar duen azken arratsalde horretan aitaren baratzera laguntzeko eskatu dio amak. Alargunak lur zati txiki hura saltzeko asmoa du, hasi behar duen aro berriari kemenez ekiteko onena izango delakoan, eta alabak azken aldiz ikus dezan nahi du.

      Baratzera sartu aurretik, kalkuluak egin ditu Sandrak, amarekin solasean: 30 urtetik gora dira esparru hartan azkenekoz sartu zenetik. Sandra nerabeak ez zuen maite leku hura, aitarekin lotutako konturik gehienak maite ez zituen motibo berarengatik: debekuekin lotzen zuen; neurri estu batzuen barruan bizi beharrarekin, beti huts egiteko beldurrez.

      Baratzera iritsi orduko, sarrerako ate-hesia ikustean jauzi bat egin dio bihotzak kolkoan Sandrari, egur zatiak gurutzatzeko moduak —simetria osora inoiz iristen ez den oreka batean oinarritua— berak egindako hainbat eskulturatako formak gogorarazi dizkiolako. Burua altxatu, aurrerantz eta inguruetara begiratu eta egiaztatu du baratze barruko ate-hesiek sarrerakoaren eite bertsua dutela, halako aztarna bereizgarri edo sinadura moduko bat, bere eskultura askok dutenarekin ahaidetua.

      Saiatu da lasaitzen, konparazioak hasieratik eragin dion ezinegona eta nahigabea arintzen, baina baratzean barneratu ahala gero eta estuagoa ageri zaio aitaren baratzearen eta bere eskulturen arteko kidetasuna. Beste inorako eta ezertarako baliorik gabeko material ugari dago han inguru berri batera egokitu eta, baliagarri ez ezik, aldez edo moldez eder eta adierazkor ere bihurtua; bere eskulturetan bezala. Gizakiak trazatutako lerro zuzen bakoitzak —ate-hesietako egur puskek bezala lursailen arteko mugek edo etxolako oholek— zaindua dagoela erakusten duen keinu xume bat du agerian, baina nabarmenkeriaren arrastorik gabe betiere; bere eskulturetan bezala. Dena dago espanturik gabeko harmonia batera bideratua; bere eskulturetan bezala.

      Arte kritikari eta komisarioek bere obrari buruz esandako guztia baliagarria izan daiteke aitaren baratzea deskribatzeko. Baita berak elkarrizketetan esandakoak ere. Zuretik ezpala beraz.

      Okerrena falta da ordea: amaren ezusteko aitorpen bat, aitzurraren, eskuarearen, eskorgaren eta beste hainbat lanabesen ondoan, ohol meheekin eta gasolio bidoietako xaflekin eraiki eta uralita zaharrez estalitako etxolaren barruan sartutakoan.

      — Ikusten al dun hau? —galdetu dio, bazterrean erdi-ezkutuan dagoen etzanlekua seinalatuz—. Ikaragarri gustatzen zitzaionan biok hemen etzatea. Etzan eta... jolastea. Hau gure maitasun habia izan dun askotan.

      Amaren aurrean disimulatzen saiatu bada ere, beste jauzi bat egin dio bihotzak kolkoan Sandrari, duela ia 20 urte, lehiaketa publiko bat irabazita, autobideko restoparen ondorako egin zuen eskultura eskerga gogoan, Donostiatik gertu dagoena, Aritzetan. Obra haren barruan txoko sekretu bat du atondua, kanpotik ezin ikusi den zulo txiki bat, bi lagun bertan etzan eta jolasteko aproposa, eta gustuko du bikotekideak edo unean uneko sexu jolaserako lagunak hara eramatea. Autobidean iragaten diren autoen ondoan horren bakartu eta seguru sentitzeak kitzikatu egiten du sexurako, eta baretu ondorenerako. Ez zuen berehala pentsatuko, baina aita zenak, orain jakin duenez, antzeko zerbait sentitzen zuen baratzeko etxolako txoko sekretu hartan.

 

 

“Irudika ezazu ihes egiten eta preso sentiarazi duen leku batetik etengabe urruntzen eta urruntzen ari den norbait; eta halako batean, antipodetan dagoela uste duelarik, muino baten atzean hasierako lekua ageri zaiola”, esaten du Sandra Lopezek duela hiru urte, Berria egunkarian argitaratzeko asmoz, bere etxean egin nion elkarrizketaren grabazioan. “Halaxe sentitu nintzen ni aitaren baratzera itzuli nintzen une hartan. Aitaren baratzea nire lan guztia aise gainditzen zuen arte obra erraldoia zela jabetu nintzen. Artista ibilbide oso bat nuen egina, beraz, nahiko arrakastatsua gainera, aitaren itzalpetik ihesi, zertarako eta aitaren obra arrandian, handinahikerian eta azalkerian baino ezin gainditu zuen imitazio irrigarrikeriaraino faltsua taxutzeko”.

      “Ezinegona sentitu nuen hasieran”, jarraitzen du Sandrak grabazioan, “baina etsipen gozo eta askatzaile bat nagusitu zitzaidan gero, azkenean onartu banu bezala ez nintzela artista, ez behintzat beste inor baino artistago; eta batez ere ez nuela artista izan beharrik, inor baino artistago nintzela erakusteko premiarik”.

      Etsipenetik eratorritako askatasun hark loa galarazi zion gauean. Buruari bueltak ematen hasi zen, harik eta burutazio zoro batek “irri maltzur bat” ezpainetaratu zion arte. Isilean irten zen amaren etxetik, sukaldeko mahai gainean agurtzeko ohar labur bat utzita, esanez deituko ziola. Autoa hartu eta aitaren baratzera jo zuen lehenik, aitzurra hartzera. Donostiara joan zen gero, baina ez etxera, Miramongo parkera baizik, aitaren baratzetik hartutako aitzurrarekin eskultura bat puskatzera, parajearen bakardadeak eta gauaren iluntasunak babestuta.

      Ricardo Ugarteren Iru puskatu zuen gau hartan, 1972ko eskultura apal bat: Zientziaren Museoaren paretari kanpoko aldetik itsatsitako hiru figura, elkarri lotuak, burdinazko xafla nahiko meheez egindako laukiz osatutakoak. Sandrak xaflak paretatik askatu zituen aitzurraren laguntzaz, eta gero, lurrean zirelarik, aitzurrarekin zanpatu eta desitxuratu egin zituen.

      “Gustatzen zitzaidalako aukeratu nuen Ricardo Ugarteren obra hura, txera berezia niolako”, dio Sandrak grabazioan. “Ederra izateaz gain, hain dago ikuslearen eskutik gertu, halako apaltasuna transmititzen du, hain da erraz ahaztekoa... Justu horrexegatik, hartaz gogoratzeko promesa egiten nion neure buruari, ikusten nuen bakoitzean. Gau hartan neure buruari egindako promesa bete nuen: eskultura hartaz gogoratu nintzen. Beste abantaila handi bat ere bazuen, jakina, funtsezkoa azken batean: hura zen neuk bakarrik eta hain bat-batean arazorik gabe puska nezakeen eskultura bakanetako bat”.

      Arazorik gabe itzuli zen etxera, pozik, ordura arte eskultura bat izandako txatarra pilatxo hura hantxe nolanahi utzita. “Ez nuen artista izan beharrik eta, gainera, beharrik gabe, artista sentitzen nintzen”.

      Biharamunean berehala zabaldu zen hedabideetan Ricardo Ugarteren Iru eskulturaren txikizio anonimoaren albistea. Sandrak gustura entzun zituen, irratian eta telebistan, artista, kultur eragile eta politikari asaldatuen sumindurazko hitzak. Baina albistegien zurrunbilo etengabeak aurki irentsi zuen gertakari xume haren oihartzuna.

 

 

Aitaren baratzera itzuli zen egunaren aurretik ere, Sandrak galdua zuen eskulturarekiko gaztetan izan zuen “atxikimendu ia-ia erlijiosoa”, eta barne-premiarik eta pasiorik gabe egiten zuen lana, ofizioz. “Jorge Oteizak eskultura utzi zuenean zegoen puntu berean nengoen ni”, dio grabazioan, irriz, “baina ez nuen eskultura utzi nahi, arrazoi sinple eta prosaiko batengatik: banekien ezin izango nuela behar nuen dirua irabazteko lanbide atseginagorik aurkitu”.

      Aitaren baratzeari egindako bisitaren ondoren, ordea, ezinezkoa egin zitzaion “gezur harekin” jarraitzea. “Urteek aurrera egin ahala pixkanaka galtzen joandako pasioaren indarra berreskuratu nuen bat-batean. Neure barruko sentimenduekin bat etorriko zen zerbait txundigarria egiteko gogoa sentitu nuen, neu ere dardaraka jarriko ninduen zerbait, hastapeneko eskulturek jartzen ninduten bezala. Neure buruaren aurka altxatu beharra nuen, gaztetan aitaren aurka altxatu beharra izan nuen bezala”.

      Hor du hasiera Sandra Lopezen ibilbide eskultorikoaren bigarren aroak. Eskultura berriak egin beharrean, aurretik egindako eskulturak puskatzen hasi zen. Hori zuen artea egiteko eta artista sentitzeko modua. Arteak gaur egun, eta nahiko aspalditik gainera, bereganatua duen kontzepzio zabaltasunaren barruan, nekez uka dakieke arte izaera edo arte estatusa Sandraren ibilbideko bigarren aro horretako lanei.

      “Eskultura publiko gehienen gai nagusia ahanztura da”, azaldu zidan Sandrak. “Ideia hori ekartzen didate behintzat niri gogora, egilearen asmo eta ahaleginen gainetik, inaugurazio ekitaldietako adierazpen arranditsuak gorabehera. Nork begiratzen ditu? Nor oroitzen da hor daudela? Ba al da eskultura publiko bat baino gauza bakarti eta tristeagorik? Salbuespenak badira, jakina, baina salbuespenek turismoa dute gai nagusi, niri burura dakarkidaten ideia aintzat hartuz gero. Esan beharrik ere ez dago Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia dela inguruan dugun adibiderik argiena”. Horrela begiratuz gero: eskultura publikoak berriro ere arte izan daitezen, zer hobe, zer eraginkorrago, haien aurkako atentatuak baino?

      “Ez du uste kalte handirik egin dakiokeenik gaur egun eskultura publiko bati eraso fisiko batekin”, erantzun zidan galdetu nionean ea erasotako eskulturei eta haien egileei egindako kalteek ez al zuten arduratzen. “Artearen kontzeptualizazio erabatekoaren garaian bizi gara, eta kontzeptua ondo gordea gera daiteke argazkietan, bideoetan, planoetan, txostenetan. Eta, okerrenean ere, diruz konpontzeko moduko aldaketa da eraso fisiko batekin egin dezakezuna. Adibidez, Ricardo Ugarteren Iru, nire estreinako erasoak eraitsi zuen eskultura, guztiz lehengoratuta dago aspalditik”.

      Mesedea aise nagusitzen zaio kalteari, Sandraren ikuspegitik begiratuta: “Eskultura publiko bati erasotzean, eskultura hori aintzat hartzen ari zara lehenik, eta bizitza berria ematen gero, alderdi performatiboa jorratuz, historia gehituz, esanahia aberastuz”.

      Jorge Oteizaren obra baten kasua zuen adibide argigarritzat. “Agiñako eskultura suntsitu ziotenean, Oteizak, haserre, eskultura ez lehengoratzeko agindua eman zuen. Ez al zuen bete-betean asmatu? Ez al genioke askoz ere zozoago, askoz ere mintzo motzekoago, iritziko Agiñako eskultura zaharberritu eta konponduari orain miresten dugun harri puska zaurituarekin alderatuz gero? Ez al zen galera handia izango obra horri —konpondu eta lehengoratzearekin batera— euskal herritarrok geure arteko liskarrerako dugun joera saihetsezinaren harrizko isla fisiko ezinago zuzena izateak ematen dion indarra kentzea?”

 

 

Ricardo Ugarteren Miramongo eskultura aski apala baldin bazen, haren ondoren obra are apalagoei eraso zien. “Ez zitzaidan egokia iruditzen bat-batean, atarikorik eta prestakuntzarik gabe, Oteiza edo Txillidaren obra ezagun bati ekitea. Bide bat egin behar nuen haietara iritsi aurretik. Horregatik, obra ezezagun samarrei eraso nien hasieran, bolada luze batean. Ezezagunak, baina gustukoak nituenak, txera nienak. Ez nituen nolanahi aukeratzen, ez pentsa”. Zurezko, harrizko nahiz altzairuzko edo burdinazko eskulturak txikitu zituen, aitzurrarekin batzuetan baina motozerrarekin eta rotaflexarekin ere ez gutxitan, gupidarik gabe beti.

      Hautsi beharreko eskulturak hautatzeko beste irizpide garrantzitsu bat erraztasuna zen: erraztasuna eskultura fisikoki puskatzeko, batetik; erraztasuna lana inor ohartu gabe egiteko, bestetik. Horregatik mendian edo leku mortuetan zeuden eskulturei eraso zien garai hartan, beti bakarrik, beti gauez, beti zuhurtzia handiz.

      Donostian edo inguruan ez ezik, Bizkaian, Kantabrian, Araban, Errioxan, Nafarroan eta Lapurdin ere hautsi zituen eskulturak; berak egindako txiki bat ere bai, Manurgan, Arabako herri txiki batean, 15 urte lehenago, lehiaketa bat irabazi eta gero, jarritakoa. Denbora tarte bat uzten zuen, gainera, eraso batetik bestera. Ekintzak espazioan nahiz denboran sakabanatzeak susmoak urruntzen laguntzen zuen. Horri esker, eraso haiek ez zuten oihartzun handirik izan ez prentsan eta ez artearen inguruko gune eta lagunarteetan.

      Ordura arteko artegintzak ezagutarazi ez zizkion zirraren lagun egin zuen Sandra bere artista aro berriko zereginak. “Ekintzaile izatea zer den sentitu nuen, eta harrapatu egin ninduen emozioak. Askotan pentsatu dut gure belaunaldiko jende asko ekintzaile izateko gogoak bultzatu duela, sakonean, ETAko kide izatera, ideia politikoak aitzakia hartuta. Nik eskulturarekiko nire jarrera berria izan nuen aitzakia, eta aitortu beharra daukat halako mendekotasun moduko bat sortu zidatela ekintzailearen klandestinitateak eta arriskuak”.

      Emozioz kontatu zidan nola ihes egin behar izan zuen, ilunpean, Remigio Mendibururen Jaizkibelgo Mugarri eskultura suntsitzen ikusi zuten bi mendizale berantiarrengandik, eta nola pasatu zuen gaua inguruko leize-zulo batean, ia lorik egin gabe, rotaflexa, lan-jantzia, babes-betaurrekoak eta eskularruak labar batetik behera itsasora bota eta gero.

 

 

Hiru urte geroago, dozena eta erdi bat eskultura suntsituta ordurako, jauzia emateko prest zegoen. “Oteiza eta Txillidari ekiteko tenorea zen. Ez ziren nire eskultore kutunenak, baina bai eragin handiena izandakoak eta, zalantzarik gabe, ezagunenak. Itsasargi bikainak baina, aldi berean, harlauza are bikainagoak gure belaunaldiko eskultoreentzat. Bideak haiengana ninderaman ia erremediorik gabe. Hautua ez zen nirea. Pertsonaiak nobelagileari bezala gailendu zitzaizkidan niri Oteiza eta Txillidaren eskulturak eta haiei egin beharreko erasoak; interbentzio performatibo deuseztatzaileak edo deseskultura performatiboak, arte kontzeptualaren hizkeran esanda”.

      Oteiza geroko utzita, harekin zer egingo zuen pentsatu gabe artean ere, Txillidari ekitea erabaki zuen. Ez ordea Txillidaren edozein lani, Haizearen orraziari baizik, zuzen-zuzenean. Horixe zuen asmoa nik elkarrizketa egin nionean, kontaketa honetan txertatzen ari naizen adierazpenak grabatu nizkionean. “Hau, pentsatuko duzun bezala, ez da eraso bat gehiago izango”, ohartarazi zidan. “Hau beste kontu bat da. Ez bakarrik izango duen oihartzunarengatik. Zailtasunarengatik ere bai: batetik, eskultura apurtzeko zailtasun teknikoarengatik; bestetik, jendea ibil daitekeelako inguruan eta iheserako prest egon behar delako une oro”.

      Ordurako argi zegoen ez zidala grabatzen ari nintzena Berrian argitaratzeko baimenik emango. Ez Berrian eta ez beste inon. Baina beste ezusteko bat eman zidan berehala: “Pentsatu dut zu izan zaitezkeela nire konplizea. Zu izango zarela”.

      Elkarrizketa hasi zenetik, pixkanaka, gero eta argiago ageri zena begien bistakoa zen ordurako: Sandra Lopezek nire elkarrizketa eskariari emandako baietza tranpa bat zen, eta ni gozo-gozo nengoen tranpa hartan harrapatua aspalditik. Ez zegoen adierazpenik, ez zegoen elkarrizketarik, ez zegoen kazetariarentzat ezer. Baina ni gustura nengoen han, aspaldiko gusturen, handik beste inora joateko gogorik gabe.

      Grabagailua itzali eta nire ondoan esertzera etorri zen sofara, izterra izterraren kontra.

      — Zer iruditzen zaizu nire historia?

      — Oso... interesgarria.

      — Ba zuretzat da. Baina...

      — Zer?

      — Zuretzat bakarrik.

      — Lasai. Ez dut argitaratuko. Argi dago ezin dela argitaratu.

      — Eskertuko dizut.

      Eskua izter gainean jarri eta bere aurpegia nirearen ondora gerturatu zuen.

      — Gogotik eskertuko dizut, zuk nahiena duzun moduan...

 

 

Autopista ondoko Aritzetako eskulturaren barruan esnatu ginen biharamun goizean, irribarrez eta musu gosez. Sandraren adats horail luzearen leuntasuna oroitzen dut, aldamenetik igarotzen ziren autoen zarata, inork inoiz aurkituko ez ninduen leku batean egotearen zirrara.

      Kafe bana behar genuen. Eskultura barrutik irten eta restopera joan ginen. Han azaldu zidan bere plana, gure plana bihurtua ordurako: Txillidaren Haizearen orrazia osatzen zuten altzairuzko hiru piezetako bati, erdikoari —bizitza arriskuan jarri gabe uki zitekeen bakarrari— adarretako bat, goikoa, rotaflexarekin errotik erauztea.

      — Ahal banu, pieza osoa erauzi eta itsasora erortzen utziko niken gustura, baina ezin dinat hain altzairu puska lodia ebaki —azaldu zidan—. Nahikoa lan izango dinat adarrik meharrena mozten. Gauez joango gaitun, eta hik inguruan ezer sumatu orduko abisatu egingo didan. Ados?

      Niri une hartan ideia ona iruditu zitzaidan. Artelan bikaina. Maite nuen Sandra, maite nuen arriskua, maite nuen klandestinitatea, maite nituen deseskultura performatiboak.

      Gauean Haizearen orrazia eta ingurua begiratzen eta aztertzen izan ginen, larrialdirik izanez gero ihes egiteko biderik egokiena zein izan zitekeen ikertzeko batez ere. Inguruko labarrean zegoen zulo bat ikusi genuen, niretzat ezkutaleku egokia izan zitekeena. Erasoa hurrengo asteko asteartearen goizalderako utzi genuen.

      E eguna iritsi zenean, goizaldeko hiruretan ekin genion lanari, inguruan inor ez zebilela ziurtatu eta gero. Baina denbora asko behar zen altzairuzko adar hura eskuko rotaflex batekin mozteko, Sandrak kalkulatu zuena baino askoz gehiago. Ez dakit zenbat ordu beharko zuen, baina ez zen erraza izango eguna argitzerako amaitzea.

      Ez zuen egiaztatzerik izan. Ordubete inguru zeramanean jo eta su, Ertzaintzaren auto bat inguratu zen guregana, ziztu bizian eta argi urdinak piztuta. Ez nuen Sandrari abisatu beharrik ere izan. Biak jabetu ginen berehala egoeraz.

      — Ezkutatu zuloan, agudo! —esan zidan, rotaflexa itsasora bota eta ihesari ekiten zion bitartean.

      Autotik irten eta zuzenean jo zuten bi ertzainek Sandrarengana lasterka. Norbaitek salatuak gintuen eta poliziek ondo zekiten zertan ari ziren. Sandra ihesean ikusi zuten, pendizean gora, mendi alderantz, aurreko astean biok ikertua genuen bidexkan. Ilunpean lasterka, ordea, estropezu egin eta harkaitz artera amildu zen kolpe lehor batek eten zuen garrasi zorrotza jaurtiz airera.

      Ertzainak Sandra artatzera joan ziren unea baliatu nuen handik ahalik eta modurik diskretuenean lekutzeko. Ezin nuen ezer egin Sandrari laguntzeko. Etxera itzuli eta Sandraren berrien zain geratu, horixe zen egin nezakeen onena.

      Etxeko irratian entzun nuen, ordu pare bat geroago, Sandra Lopez artista atxilotu zutela, Haizearen orraziari rotaflexarekin erasotzen atzeman zutelako. Ertzainengandik ihesi erori eta zauritu egin zela ere esan zuten, baina ez zuela ezer larririk. Sandrak bakarka egindako ekintza gisa aurkeztu zuten. Susmo guztietatik kanpo nengoela zirudien.

 

 

Gertakari hark Sandra Lopezen deseskultura performatiboen amaiera ekarri zuen, eta baita gu bion arteko harremanarena ere. Bere artista iraganarekin haustea erabaki zuen, eta ni ere iragan harekin lotuta nengoen.

      Kartzela eta erietxe psikiatrikoa saihestea lortu —burua oso argi zuela frogatuz— eta etxe barruko dekorazioaren arloko enpresa batean hasi zen lanean. Eskatu zioten kazetari bakanei ez zien elkarrizketarik eman. Ez zion inoiz inori ezer esan nitaz, nik bere ekintzarik ezagunenean izandako konplizitateaz, eta neuk ere nahiago izan dut orain arte ezer ez esan. Batetik, neure buruari kalte egiteko beldurrez; bestetik, uste nuelako Sandrak ere nahiago izango zuela nik ezer ez esatea.

      Baina beti izan dut argi, halaber, egun batean kontatu egin behar nuela nola gertatu zen Haizearen orraziari egin genion erasoa, eta batez ere Sandrak zer esan zidan inoiz argitaratu gabeko elkarrizketa hartan, nola arrazoitu zuen bere arte adierazpide bakan eta guztiz pertsonal hura. Besterik ez balitz ere, arteari eta arteari buruzko kazetaritzari izan diodan atxikimenduaren izenean.

      Sandrarekin komentatu dut, eta berari berdin zaiola esan dit, urte asko pasatu direla eta kontu horiek guztiak beste bizitza batekoak iruditzen zaizkiola, berea izan ez zen eta berarekin zerikusirik ez duen bizitza batekoak. Iritsi da unea beraz. Hemen duzue nire lekukotasuna, Sandra Lopez eta haren eskultore ibilbidea hobeto ezagutzeko lagungarri izango delakoan.

      Sandra Lopezi buruz edozer idazten den guztietan, baita hari buruzko aipamen eta erreseina laburrenetan ere, beti aipatzen da nola atxilotu zuten, zaurituta eta odoletan, Haizearen orraziari eraso egiten atzeman zutenean. Baina nik beti pentsatu izan dut Sandra Lopezi buruzko nobela bat idaztekotan aita zenaren baratzera itzuli zen arratsaldea kontatuz hastea litzatekeela egokiena.