Aurkibidea
Etsaiaren irribarrea
Batetik bestera ibiltzerakoan, oinek zurezko zoruan eragindako karrankak hausten zuen Donostiako Udal Liburutegi zaharreko isiltasuna. Zurezkoak ziren aulkiak, mahaiak eta apalategiak ere, eta ez zen artean ordenagailurik. Nire haurtzaro garaiko eskola gogorarazten zidan leku hark; Francisco Franco Espainia osoko buru zen garaia, mundua denon onurarako ordenatuta zegoela sinetsarazi zidatenekoa. Ez nintzen sarri izaten han, baina lanerako behar nuen dokumentu zaharren baten bila joanik izango nintzen egun hartan.
Biok harritu ginen elkar ikustean, Rodolfo Larrañaga eta ni. Hamar urtetik gora izango ziren elkar azkenekoz ikusi genuenetik, eta non topo egingo eta herritik urruti samar, hiriburuko gune isil hartan. Diosal lehor eta hotz bat baino ez nion egin nik; berak, aldiz, irribarre samur bat eskaini zidan, eta ilusio zantzuak igarri nizkion La Voz de España egunkariaren auskalo noizko aletik altxatu zuen begiradan. Ez zen konpromisozko irribarre bortxatu bat, ezta zerbait lortzeko kalkuluak eragindakoa ere. Gizon zaharra zen ordurako Rodolfo Larrañaga, laurogei urtera gerturatua; ez zuen nirekiko ez disimulatzeko motiborik, ez irabazi edo galtzeko gudurik.
Ile urdindu eta aski sarriko gizon argal, tente eta dotore hura Francisco Francoren erregimenak Azkoitiko Udalean izandako zutabe sendoenetako bat izana zen. Donostiako Udal Liburutegi zaharrera garai loriatsuak gogoratzera joandako faxista nostalgiko bat zen orain. Etsaiak izanak ginen, eta nik lehengo etsai zaharrak etsaitzat hartzen jarraitzen nuen. Baina beti erakarri izan nau ni bezala pentsatzen ez duten pertsonen arrazoiak entzuteak. Tentazio handiegia zen niretzat Rodolfo Larrañagaren irribarre hura.
Irribarre hark egin zidan abegi onari erantzunez, antzeko egoera batean lagun, adiskide, gogaide edo burkide askorekin egingo ez nukeena egin nuen aspaldiko etsaiarekin: diosalaren ondoren berarekin hizketan hasi. Ahapeka, lekuaren isiltasuna ez urratzearren, zer moduz geunden galdetu eta erantzun genion elkarri, eta liburutegira zertara joanak ginen.
— Garai bateko kontuak benetan ondo gogoratzen ditudan egiaztatzera etorri naun —azaldu zidan—. Urteekin memoriak fidagarritasuna galtzen din.
Artxibo zaharretan egin beharreko bilaketak egin eta gero, Rodolfo Larrañagaren paretik berriro ere diosal eginez pasa eta liburutegitik irteteko asmoa nuen, baina begiratu nionean eskua altxatu eta itxoiteko eskatu zidan. Gero, bere adineko baten kasuan harrigarri gertatzen zen zalutasunez altxatu eta hurreratu egin zitzaidan.
— Presaka ez bahabil, kafe bat hartzera gonbidatuko haut. Nahiko niken hitz egin hirekin tarte batean...
Sentimendu asko nahastu zitzaizkidan barruan une hartan. Beldurra sentitu nuen, iraganeko irain edo erasoren batengatik kargu hartuko ote zidan; horrez gain, ezinegona sentiarazi zidan faxista batekin kafe bat hartuko nuela pentsatzeak, hori lege garrantzitsu bat edo Jaungoikoaren agindu bat urratzearen pareko zerbait balitz bezala. Baina ororen gainetik kitzikatu egin ninduen eskaintzak. Nahita ere ezin nion ezetz esan; eta gainera ez nuen nahi.
Konstituzio plazako taberna batean elkartu eta hizketan hasi ginenean, berehala erakutsi zidan nik uste nuenaren aldean asko zekiela nitaz, aspalditik jarraitzen zituela nire pausoak arretaz.
— Nik beti izan dizuet begirune handia historia ikertzen duzuen liburuzaleoi, eta hi ikerlari eta liburuzale fina haiz. Gustura irakurri dinat Azkoitiko kirol elkarteei buruz idatzi dunan liburua. Baina gai jasoagoak eta gatazkatsuagoak jorratzen irakurri nahi haut.
Ez nuen, ordainean, harentzako moduko lausengurik. Zahar segail eta dotorea iruditzen zitzaidala zen haren alde esan nezakeen bakarra; Samuel Beckett eta J.D. Salinger gogorarazten zizkidala bere itxura fisikoak. Baina hori esatea ez zitzaidan egokia iruditzen, jakina.
Ez zuen politikaz ezer esan, ez zuen iraganeko konturik aipatu, baina luze samar jarraitu zuen hizketan, kulturaren garrantzia nabarmenduz eta gaurko gizartean nagusitzen ari den hutsalkeria gaitzetsiz. Donostian geundenez, kasualitate latza zatekeen biok ezagutuko gintuen azkoitiarren bat fortunatzea parean, baina une oro artega nindukan aukera hark. Askok begiak igurtziko zituzketen, ikusten zutena sinetsi ezinda, une hartan han egokituz gero.
Ez zen burubiderik gabeko jarduna Rodolfo Larrañagarena. Ordu laurden edo hogei minutuko solasaren ondorenerako eskaintza zehatza zuen prestatua: ondo ordainduko zidan bere oroitzapenak bildu eta bere biografia idazten banuen.
— Nik? —esan nion, harrituta—. Ez al luke hori hobeto egingo zure ideiekin bat datorren norbaitek?
— Zeintzuk dira nire ideiak?
— Franco, Espainia, Jaungoikoa... Zu...
— Bai, ni faxista izan nindunan, faxista naun eta faxista hilko naun. Horixe dun hain zuzen ere esplikatu nahi dudana. Zergatik Franco, zergatik Espainia, zergatik Jaungoikoa, zergatik faxismoa...
— Nazionalsozialismoa ere bai? Hitler ere bai?
— Horiek ere bai. Eta hiri eta hi bezalakoei esplikatu nahi dizuet hori dena, neure ikuspuntutik, barrua zintzotasunez hustuta. Ez liken interesik izango horiek guztiak gazte eskuindar espainolista bati esplikatzeak.
— Zure iragana zuritzeko erabili nahi banauzu, jai daukazu.
— Askatasunez idatzi ahal izango dunala agintzen dinat. Hirea izango dun testua, osorik; hirea azken hitza, denean.
Adarra jotzen ari zitzaidala ere pentsatu nuen une batez, etsai politiko baten aurkako mendeku modu bihurri bat zela topaketa hura, mendekua nola gauzatuko zuen ezin igarri banuen ere. Ez fidatzeko esaten nion neure buruari. Baina dagoeneko ez nuen nahi zeregin hura beste inori enkarga ziezaion. Nik idatzi nahi nuen eta nik idatzi behar nuen Rodolfo Larrañagaren biografia.
— Egitekotan, euskaraz egingo dut —ohartarazi nion.
— Primeran iruditzen zaidan.
Hunkitu eta limurtu egin ninduen irekitasun hark. Faxista zahar beldurgarri hura, etsai kabroi eta putakume hura oso zen nire antzekoa; nire adiskide, gogaide edo burkide gehienak baino askoz ere antzekoagoa. Ez nion hala ere baiezkorik eman. Ondo pentsatu beharreko kontua zela adierazi nion.
Irri eginarazi zigun tabernatik irtetean gertatu zitzaigunak. Zigarro bana atera genuen geure berokien barruko poltsikoetatik, eta berdinak zirela ohartu ginen. Beltzak eta marka berekoak.
Gero eta ilusio handiagoa egiten zidan Rodolfo Larrañagaren eskaintzak. Beti erakarri izan nau neure burua ez neuk eta ez beste inork espero ez zuen lekuetara eramateak, eta horretarako aukera aparta zen.
Baina ez neuk eta ez beste inork espero ez zuen bestelako leku batean nengoen ni, zoritxarrez kasu hartan, hiru aste geroago: Donostiako erietxean, ezkerreko bularrean agertu zitzaidan tumorea erauzteko ebakuntza egin berri. Zorionez, txikia zen tumorea, eta garaiz atzemana. Larritzeko motiborik ez zela esaten zidaten medikuek; “oraingoz behintzat”.
Ezusteko handia izan zen erietxean Rodolfo Larrañagaren bisita jasotzea. Uste izatekoa zen nire gaitzaren berri izan eta betiko ahaztua izango zuela Donostian egin zidan proposamena, biografiarik nahi izatekotan beste norbaiti enkargatu beharko ziola. Baina ebakuntzaren biharamunean, ostegun goiz batez, atea bi bider jo eta arrosa sorta eder bat eskuetan zuela agertu zitzaidan 232 gelan, beroki beltz luze bat jantzita, zer moduz nengoen galdezka. Ama neukan une hartan ohe ondoan, eta zur eta lur geratu zen, ezkondu egin behar nuela esan banio baino harrituago.
Ez zen asko luzatu bisita. Amaren harrera hotzagatik seguru asko. Nahiz eta bisitagatik eskerrak eman zizkion, lehor eta zakar agertu zen Rodolfo Larrañagarekin.
— Bazekinat orain ez daukanala burua horrelako kontuetarako —esan zidan Rodolfo Larrañagak agurtzerakoan—, baina laster irtengo haiz hemendik, indarberrituta. Behar dunan denbora guztia hartu pentsatzeko, baina, nire aldetik, orain hurrengoan egindako eskaintzari eusten zionat.
Amari azaldu egin behar izan nion zein zen proposamen hura, eta muturra okertuz erantzun zidan.
— Nik esandakoa gorabehera, nahi dunana egingo dun azkenean, bazekinat, baina nahiago niken gizon hori berriro ikusiko ez bahu.
— Zergatik?
— Mundu guztiak dakienagatik eta inor gutxik dakizkien beste kontu batzuengatik —erantzun zidan, misterio aire batez.
Ez nuen sekula lortu ama zertaz ari zen argitzea, baina, esan zidan moduagatik —eta esan eta gero isildu zen moduagatik batik bat— beti izan dut tartean gaztetako nola edo halako maite kontuak zeudelako susmoa.
Ez sufritu gabe, ez beldur handia pasatu gabe, baina nahiko ondo sendatu nintzen. Halakoetan gertatu ohi denez, prozesu mingarri hark loturak estutu zizkidan maite nindutenekin eta maite nituenekin; eta bizitzari indar handiagoz atxikitzeko gogoak piztu. Baina suspertu ahala gero eta gehiagotan oroitzen nintzen Rodolfo Larrañagaz eta haren eskaintzaz, eta gero eta eztabaida gogorragoak nituen kontu haren inguruan.
Denak kontra nituen: adiskideak, neba-arrebak eta batez ere, ororen gainetik eta ororen buru, ama. Faxista baten biografia idaztea faxistari ez ezik faxismoari ere mesede egitea zela esaten zidaten behin eta berriz. Nik, ordea, beti gogorarazten nien Rodolfo Larrañagak agindutakoa: esaten zidana entzun eta gero, idazteko askatasun osoa izango nuen, nirea izango zen azken hitza.
Zenbat eta gehiago eztabaidatu gaiari buruz, orduan eta argiago neukan baiezkoa emango niola eskaintzari. Jakin-min handiegia nuen aukera hari muzin egiteko, eta eztabaidek nire jakin-min hura handitu baino ez zuten egiten.
Esaten dute mila aldiz esateak ez duela gezur bat egia bihurtzen; gisa berean, mila aldiz entzuteak ez du, berez, egia bat gezur bihurtzen. Baina, niri, entzuten ditudan bosgarren alditik aurrera gezurrak iruditzen zaizkit egiak oro, gaindituta baleude bezala dagoeneko, eta egiaren beste muturrera jotzeko gogoa pizten zait beti.
Erietxetik irten ondorengo susperraldian, Rodolfo Larrañagari baiezkoa eman eta lanean hasteko prest bezain indartsu ez egonagatik, obsesio bihurtu zitzaidan ordura arteko nire egia nagusi beti ezkertiar eta elkartasunzaleen ustezko antipoden ezagutza. Gero egin beharko nuen lanerako prestatzeko aitzakian, faxismoaren eta nazismoaren inguruan harrapatu nuen guztia irakurri nuen. Irrika zoroz irentsi nituen aldez edo moldez faxismoa eta nazismoa aldeztuz idatzitako testuak eta liburuak. Zer pentsatzen zuten jakin nahi nuen. Ulertu egin nahi nituen.
Gorputza minbiziaren ondorioak gainditu eta sendotzen zitzaidan bitartean, burua gertukoengandik jasotako aholku eta oharrei muzin eginez indartzen nuela sentitzen nuen, faxisten eta nazien mundua ezagutuz eta aintzatetsiz. Ez nintzen inoiz neure burua faxista edo nazitzat jotzera iritsi, baina faxismoaren eta nazismoaren lilurak harrapatu ninduen, faxista eta naziekiko enpatia eta are sinpatia sentimendu aski zabal bat sentitzeraino.
Ez denak, baina faxista eta nazi asko —borondate onenarekin eta are altruismoz, izugarrikeria haiek guztiak, azkenean, gizateriaren onerako izango zirela sinetsita—, mundu hobe baten alde modu ordenatu eta diziplinatuan borrokatu zirela ikasi nahi nuen. Horrelakoen bila egin nituen irakurketa haiek guztiak, eta gogoa ase zidaten kasu interesgarri batzuk aurkitu nituen. Rodolfo Larrañagaren aurpegia jartzen nien denei nire irudimenean.
Zeharo osatu eta indartsu sentitu arte Rodolfo Larrañagari baiezkorik ez emateko asmoa nuen, baina telefonoz deitu zidan berak erietxetik irten nintzenetik bi hilabete pasa baino lehen.
— Ez daukan oraindik hasi beharrik, baina poz handia emango didan lana hartzeko prest hagoela esanez gero.
Poz hori eman eta neu ere pozik eta lanean hasteko gogoz sentitu nintzen telefonozko solasaldi labur haren ondoren.
Ez nuen, ordea, sekula hasterik izan, bihotzekoak jota hil zelako Rodolfo Larrañaga bi aste geroago, laurogei urte bete berritan, bere bizitza kontatuta uzteko asmoa burutu gabe.
Jende askoren harridura eragin nuen Rodolfo Larrañagaren hileta elizkizunetan. Haren oroimenezko gutuna idatzi eta Maxixatzen Azkoitiko herri-aldizkarira bidaltzeko asmoa ere izan nuen, baina hasi orduko jabetu nintzen ez neukala zer kontaturik, ez nuela Rodolfo Larrañagaren alde mintzatzeko funtsezko arrazoi bakar bat ere. Donostiako Udal Liburutegi zaharrean ni ikustean loratu zitzaion irribarrea salbu.