Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Txoriaren hegaldiaren atzean

 

 

Bartzelonatik itzuli nintzen egun berean hil zen Mikel Laboa, 2008ko abenduaren 1ean.

      Donostiatik gertu geundela, autobusaren txoferrak irratia piztu zuen eta albistegiaren bidez jaso genuen berria bidaiariok. Zurrumurru apal bat zabaldu zen autobusean.

      Bakarrik nentorrenez, ez nuen inorekin ezer komentatu, baina neure barruan autobusean zabaldu zenaren pareko zurrumurru apala sentitu nuen. “Orain are barrurago sartuko zaigu gizon hori”, pentsatu nuen, horrek zer esan nahi zuen ondo jakin gabe. “Orain are geureago izango da, eta gu harenago”.

      Ez dut inoiz espantu gutxiagoz jaso horrenbeste maite nuen inoren heriotzaren albistea.

 

 

Egun batzuk geroago, igande eguerdiz, Agiñan egin zitzaion omenaldian izan nintzen. Mikel Laboaren errautsak zabaldu zituzten haren alargunak eta seme-alabek, Mikel Laboa maite zuen jende ugariz inguratuta.

      “Assentiré de grat” kantatua zuen, aspaldi, katalanezko poema bat; “Morire” oraindik orain, italiar poeta baten arrastoan. Emandako hitza bete zuen kantariak. Errauts zen Mikel Laboa. Errauts zen han ginenon guztion barruko zati handi bana.

      Jorge Oteizak egindako eskultura dago Agiñan, beste artista batek diseinatutako ermita txiki baten ondoan. Ez dakit zergatik —eta ez zait axola—, baina sinbolismo handiko lekua da; are sinbolismo handiagokoa, jakina, egun hartaz geroztik.

      Ezin nintzen leku hartatik eta une hartatik irten, leku hartara eta egun hartara iritsi nintzen bezala.

 

 

Ekitaldia amaitu zenean, ez nuen jende guztiarekin batera itzuli nahi izan errepide ertzera, autoa aparkatuta utzi nuen lekura. Ezertarako presarik ez nuenez, justu bestaldera jo eta Domikoko aintziraraino iritsi nintzen paseoan, Mikel Laboaz pentsatzen.

      Pentsatu nuen Mikel Laboa beti egon zela presente nire bizitzan, txikitatik eta etengabe, bere bi dimentsio ezagunetan: kantaria eta pertsona.

      Pentsatu nuen Mikel Laboaren kantuak gustuko baino zerbait gehiago izan ditudala beti, neure nortasunaren parte nahita ere ezin erauziak baitira haietako asko.

      Pentsatu nuen pena handia zela Antigua auzoko kale eta tabernetan, eta beste hainbat lekutan, mila bider ikusitako gizon samur harekin inoiz ere hitz egin ez izana.

      Gero neure buruari esan nion: “Hitz egin Mikel Laboarekin? Baina, zer esateko?” Eta ez nuen asmatu galdera horri erantzuten.

 

 

Egun hartan, arratsez, basoerdi batzuk edan nituen Antiguako tabernetan, neuk bakarrik. “Mikel Laboaren omenez”, esan nion neure buruari.

      Matia kaleko taberna batzuetatik pasa ondoren, Munto Berrira igo nintzen. Azken hilabeteetan taberna hura izan omen zuen bisitatuena Mikel Laboak. Aldaka nahiko izorratua zuenez, Matia kaleraino jaitsi beharrean erosoago zitzaion nonbait hara joatea, etxetik pauso bakan batzuetara zuen eta.

      Mikel Laboaren oroitzapen gisa, haren esaldi ezagun batzuk zituzten sarrerako paretan zintzilikatutako koadro batean jarrita Munto Berrin: “riqueza de lujo”; “magnífica ostentación”; “nada tras la belleza del vuelo del pájaro”...

      Esaldi haiek aitzakiatzat hartuta, eta ordura arte edandako ardoak bultzatuta, tabernariarekin Mikel Laboaz hizketan hasi nintzen.

      — Mikel Laboaren omenez nabil tabernaz taberna —esan nion, mingaina lodituta ordurako—. Mila bider ikusi nuen, Matia kalean, Ibaetan, Igeldo inguruetan... Baina inoiz ez nuen hitz egin harekin.

      — Eta... pena ematen dizu?

      — Ez. Edo bai. Ez dakit. Ez da pena. Nahiz eta harekin inoiz hitzik egin gabea izan, betiko adiskide mina balitz bezala gogoratzen dut. Eta halaxe izaten segitzen duela sentitzen dut oraindik ere.

      — Esan eta esan ari naiz egun hauetan, eta egunkarietan ere agertu dira nire hitzak —esan zidan tabernariak, hasperen eginez—: niri ere edozein unetan ate horretatik sartuko dela iruditzen zait.

 

 

Tabernako komunean esnatu nintzen gero, ontziaren gainean eserita. Horixe da nire hurrengo oroitzapena. Mozkortuta egon beharrean, bereziki argi eta erne nengoen. Sasoiko.

      Komunetik irten nintzenean, argitasun lauso eta abegikor batek bildua zuen taberna, eta bi lagun baino ez ziren gelditzen han, bakoitza barraren alde banatan: tabernaria eta... Mikel Laboa! Nire basoerdiaren ondoan zegoen gainera Mikel Laboa, barra ondoko taburete batean eserita.

      — Zu Josetxo zara, ezta? —esan zidan, nire basoerdia oratuz ondoan jarri nintzaionean.

      — Ez, ez... Juantxo...

      — Bai, hori da... Barkatu. Badakizu, oso despistatua naiz.

      — Baina zu... Gaur Agiñan izan naiz eta han... Zu... Esan nahi dut...

      — Bai. Ni hilda nago. Hildakoa naiz. Baina ez beldurtu. Hori ez da txarra.

      — Ez? —esan nion, zer esaten ari nintzen ere ez nekiela, harrituta eta nahastuta, baina, sakonean, entzun berri nuenak kontsolatu egiten ninduela sentituz.

      Quando se chega a morto vemos a vida doutra maneira —errezitatu zuen.

      — “Hildakoa izatera heltzean beste modu batez ikusten du batek bizitza” —euskaratu zidan tabernariak, eta gero ohartarazi—: Fernando Pessoak, hil eta gero, Ricardo Reisi esana, Jose Saramagoren nobela batean.

      — Hala izango da, bai —erantzun nuen, artean ere urduri, Mikel Laboari begira—. Zuk jakingo duzu ondoen.

      — Zu ere jabetuko zara horretaz egun batean. Baina ez izan presarik, e.

 

 

Ez nion aparteko ezer esan Mikel Laboari. Nire mirespena agertzen hasi nintzaion, baina berehala jabetu nintzen horrek deseroso sentiarazten zuela. Kantu batzuetako hitzei buruzko komentarioak egin nizkion gero, baita Kataluniako kantagintzaren ingurukoak ere, baina gai arruntagoez hitz egiteko gogoa igarri nion berehala. Ez dut gogoan zertaz aritu ginen; oroitzen dudan bakarra da futbolaz hizketan amaitu genuela, Realaz batez ere.

      Ez ginen luzaz egon elkarrekin. Basoerdia bukatu zuenean etxera joan behar zuela esan zidan.

      — Hurrengora arte, Josetxo —agurtu ninduen—. Aio, Iñaki —egin zion diosala tabernariari.