Aurkibidea
Bonbilla errea
Euria zarra-zarra ari zuela, zoroki barrezka aritu gara sei urteko semea eta biok baloiarekin jolasean etxe ondoko parkean. Futitu egin gara ondotik pasa eta, katarro batek edo pneumonia txar batek harrapatu behar gaituela esanez, etxera lehenbailehen joatea hobe genuela ohartarazi diguten atso-agureez. Bete-betean pozik sentitu gara biok.
Nahikoa zela iritzi diogunean, mela-mela eginda sartu gara bebarruan eta oinez igo ditugu lehen pisurako eskailerak. Etxeko atea irekitzen ari nintzela, semea jabetu da eskailburuko bonbilletako bat itzalita zegoela. Horrelakoetan neuk hartzen dut bonbilla errea aldatzeko ardura —etxepeko komunitateko lehendakaria bainaiz aurten—, eta semeak gustukoa du niri bonbilla aldaketetan laguntzea.
Elkarrekin dutxatu eta arropa lehorrak jantzi ondoren, etxeko eskailera txikia eta bebarruko trastelekuko giltza hartuta jaitsi gara, trastelekutik bonbilla berri bat hartu eta errearen ordez ezartzeko eragiketa sinplea gauzatzeko asmoz. Eskailburuan oraindik orain ezarri ditugun plafoi berriekin ez da bihurkinik ere behar.
Trastelekuko atea giltzarekin ireki eta barrura sartu naiz bonbilla bat hartzeko asmoz. Bat-batean atea itxi da nire atzean. Oihu egin diot haserre semeari, demanda eginez, baina ez naiz benetan larritu segundo batzuk pasa diren arte haren erantzunik entzun gabe. Ozenago egin dut oihu orduan, baina are sakonagoa iruditu zait isiltasuna. Ondorengo ahalegin gero eta larri eta zoroagoak antzuak izan dira. Ez nuke asmatuko esaten zehazki noiz galdu dudan itxaropena.