13
Etsaiak besteak dira
— Baztarrika jauna? —galdetuko du hoteleko harreragileak.
— Horixe berori —erantzungo dio Juanjok, bista neskaren bularretara luzatuz. Julia irakurriko du jakako txarteltxoan.
Ez da aukera egokitu bezain pronto norbere asmoak agerian uzten dituen gizon mendrea. Badaude, eta gorrotagarriak iruditzen zaizkio. Ezelako diskreziorik gabe erakusten dute daukaten xarma apurra, aldi berean hortz ustel horitu eta besapeko izerdia haizatuz. Jesus!, ba ote gabezien esposizio patetikoagorik?
— Prest dago zure gela. Egonaldi ona izan dezazula.
Harreragileak giltza emateko besoa luzatuko duenez, Juanjok igurtzi leun bat egingo dio eskuan. Baztarrikak ohean ausart eta lotsabako irudikatuko du Julia.
ETSAIA 1
Hau ez da Ibizako living la vida loca estiloko hotela eta ni ez naiz agure aberatsen ehizan ibiltzen diren horietakoa. Establezimendu honetako bezeroen profila oso zehatza da: enpresariak, politikariak eta atzerritik Guggenheim ikustera etorritako dirudunak. Nitromen, gremioko emakumezkoen argotean: nitroglizerina bezain ezegonkorrak. Kontuz ibili beharra dago nitromen hauekin. Ez dira arriskutsuak, baina daukaten boterea erakustea gustatzen zaie uneoro, eta horrek izaera aldakor eta apetatsua ematen die. Modu arin edo ozarrean tratatzen badituzu, irribarre neurriz kanpokoaz hitz egin edo begirada zuzenez behatu, malo!, gehiegizko konfiantzaz ari zatzaizkien susmoa hartzen dute. Eta herabe edo tonu uzkurrez jokatuz gero, are okerrago, ondo irabazia daukaten errespetuari muzin egin diozun inpresioa hartuko dutelako.
Baztarrika jaunak eskua ferekatu didanean urduri jarri naiz. «Egun ona izan dezazula, harroputz putakumea!» esango nioke gustura asko, baina ez zuen ematen ezelako iradokizuna zenik, ustezko bere magnetismoaren erakustaldi mozolo bat baizik. Bistan da gizon erakargarri eta seduzitzailetzat duela bere burua, Richard Gereren anaia bikitzat: jostunak moztutako trajez eta Clive Christianen koloniaz. «Boterearen Olinpora iritsi berria izango da», pentsatu dut, «betidanik aberats eta boteretsu direnen portaerak imitatzen ikasi duena»; ai, ikusiko bazenu zeinen etorri lotsagabeaz maneiatzen diren urrezko sehaskan hazitakoak! Batzuk zein besteak berdin dira higuingarriak, espresuki euren anbizioaren mesedera antolatutako egitura ustelaren onuradun pribilegiatuak. Ez duzu topatuko haien artean bat bera ere goranzko bidea aldamenekoak izorratu gabe egin duenik.
Presidential gela hartuko du Baztarrikak, hoteleko suite garestiena. Inperiala. Denen aurrean gizon soilaren plantak egiten dituen arren, luxua maite du. Macallan whiskia eskatzen du, nahiz eta jendaurrean edaten ez duen, badaki-eta alkoholak mutuaren ahotsa ere esnarazten duela, eta hori, bere posizioan, atrebentzia burugabea da. Tinko eusten die hartzen dituen erabakiei. Emaztearen konpainian ere ez du ezer edaten, ezta ospakizunen batean ere. Duela urte batzuk bururatu zitzaion xanpain botila irekitzea eta esan behar ez zituenak bota zituen. Etsaiari munizioa erregalatzea bezainbestekoa da hori. Emazteak espantuzko keinuak egin zituen, tupustean alkoholak senar ezezagun bat mozorrogabetu balio bezala. Txatxua! Parisko Plaza Athénée hotelean Krug botila bat irekitzea ez baita penitentziaka hasteko motibo nahikoa. Are gutxiago tximinia aurrean gertatuz gero, emaztea zakila miazkatzen ari zaizun bitartean. Zorionez, Baztarrika abila denez komeni ez zaizkion egoerak gobernatzen, ez zuen asuntoak aparteko eraginik izan. Bi gauza garrantzitsu ikasi zituen: a) ez dagoela emakume bat mendean hartzea bezalako sentsaziorik; eta b) errenditutakoek ere tarteka behar dutela gozagarri bat. Lepoko eder bat oparitu zion biharamunean emazteari. Akabo kontuak. Harrezkero, desira gehiegizkoak gaina hartzen dionean —gauza atseginez ere aspertzen da bat—, mila euroko neska batzuei deitzen die. Errusiarrak, aukeran.
ETSAIA 2
Ez zait sexua interesatzen, eta horrek bere onetik ateratzen du nire senarra. Ez dut esango frigidoa naizenik, ez bainaiz, baina bai zertxobait hotza. Bide luzea egin behar du nigan plazerak orgasmora heltzeko. Horregatik, sexuarekiko indiferentzia baino motibazio falta dudala onartzen dut. Juanjo eskasa da benetan txorta kontutan: presatia eta baldarra. Hori da gehien amorratzen duena, izan nahi lukeena izateko gai ez izatea. Giacomo Casanova baten karisma eduki nahi luke gizagaixoak. Zakilaren aurrean belaunikaturik irudikatzen ditu emakumeak, Eros liluragarri bat gurtzen ariko balira bezala. Ez du, ondorioz, nire gogogabeziak sumintzen, berarenganako behar nukeen txundiduraren faltak baizik. Parisko hoteleko aldi hartan, kostatzen ari zitzaion zakila gogortzea. Xanpainaren eragina besterik ez zela ihardetsi nion nik, berak edan baitzuen ia botila osoa. Zurrupatzeko nire trebezia traketsaren kausaz zela erabaki zuen, ostera, Juanjok. Gordinkeriak esaten hasi zitzaidan, ipurdia eta titiak astintzen zizkidan bitartean. Orduz geroztik sexu antzerki saioetara emanak gaude, funtzio antzeztu horiek kitzikatzen zutela deskubritu bainuen Parisen. Neskame otzanaren edo esklabo sumisoaren papera betetzen dut nik, egunaren arabera. Nerabe birjina ezjakinaren rola ere egin dut inoiz. Baita putarena ere; baina ez edozelako puta, dotoreak eta exotikoak kontrata ditzake-eta nahi duenean, lau ogerlekoko urdanga miserablearena baizik. Niri ez zait piperrik inporta. Ez antzerkitan jardutea ez neskak erosten dituela jakitea. Gureak ez dira haur jolas inofentsiboak besterik. Gauza pare bat gehiago argitu behar nuke. Ez dut nire senarra on puska bat denik esango. Tarteka ateraldi zakarrak izaten ditu, eta bai, izaera despota samarra ere badu. Baina, besteak beste, horri esker gaude gu gauden posizioan. Gainera, gizajoaren sexu grinak behar du aparteko pizgarria, ardurek nahigabe itzaltzen dute-eta haren desioa. Tolesik gabe mintzo naiz, ez daukat zertan zuritu nire jokaera. Gustatzen zait nire bizimodu ardurarik gabea eta ez dago gaizki txalet erraldoi batean bizitzea. Beste ezeren gainetik emakume praktikoa bainaiz ni. Eta hau dena Juanjoren nortasun autoritarioari zor diot modu batera edo bestera, haren anbizio nekaezinari esker baikaude maila gorenean. Gaizki esaka dabiltzan bekaizti horiek guztiek baino gaitasun gehiago du berak hatz txikiaren puntan, zer arraio!
Zerbitzariak zilarrezko erretilu batean ekarriko dio Macallan botila. Whiskiari tragoxka luzea emanez zorionduko du Juanjok bere sibarita gustua. Txaleta enpresatik ordu erdira duen arren, azierto itzela irudituko zaio hotelean lo egiteko aukera. Bilera berantiarren aitzakiak horretarako abagunea eskaintzen dionez, gaur hotel batean eta bihar bestean hartzen du ostatu. Ez da bereziki moko fina, berak hala uste badu ere. Baina daukan karguari dagokion atentzioa exijitzen duenez, Bilboko suite onena aukeratuko du. Philippe Starkek diseinatutako bainuontzia bete bitartean, escort agentzia garrantzitsuenera deituko du ondoren. Bi emakumezko eskatuko ditu. Dudan egongo da une batez. Ezaugarri espezialik ez, betikoa. Agentzian badute Juanjoren zaletasunen berri: haietako bat titi handia bada, hobe, baina nolanahi ere Saforen dizipulu diziplinatuak biak ala biak.
Eta hogei minutuz itxaron beharko duenez, whiskiari hurrupak egin eta telebistako kateak aldatzen entretenituko da. Barbarinak afaltzen ari denak Sudango haur gosetiak begiztatzen dituen era ezeroso bertsuaz ikusiko ditu irudi nardagarriak Loewe pantaila erraldoian: eguneroko protesten arrosarioa. Nola biltzen diren Moskuko Plaza Gorrian komunismoaren nostalgikoak, hala Madrilgo Puerta del Solen edo Arriagan ahitzear dagoen gizarte eredu eutsiezin baten defendatzaile tematiak. Irribarre egingo du Juanjok, eta sakelako telefonoa piztea otuko zaio. Gaztetan bera ere ibilia baita mundua aldatu nahian uluka, osasun eta hezkuntza publikoaren defentsa bakun horretan murgilduta. Arrotzak zaizkio gaur egun aldarrikapen horiek; justuak bai beharbada, baina zeharo utopikoak, ontasunean oinarritutako nahikari absurdoak. Alferrikakoak, ondorioz. Eta horretara jarrita, ez du uste zentzuzko eskariak direnik ere, mundua mundu denetik baita jendea makurra eta berekoia. Eta hala izanik, nork bere astoari arre egitea beste erremediorik ez dago. Naturak emandako armekin jokatzen duenak ba al du, ba, ezertaz damutu beharrik? Ez, noski. Merezimenduen arabera hartzen du bakoitzak dagokion lekua munduan. Kito! Kontu eske, laino artean gordetako arkitekto baldar horri! Alkohol pixka batek bizkortuta, erauntsia bezala etorriko zaizkio pentsamenduok Juanjori. Horrexegatik soilik mozkortzen da bakarrik dagoenean, hordiak solte utzitako ideia erreprimituak inoren belarrietara heldu ez daitezen.
Espero baino bizkorrago iritsiko dira neskak. Ilegorria bat. Titi itzelezkoa bestea. Baina bi horiekin ez da beste munduko ezer gertatuko.
ETSAIA 3
Eskolako laguna dut Juanjo. Elkarrekin egin genituen unibertsitateko ikasketak eta, ondoren ere, bata bestearen pausoei segika barneratu ginen orduko garai aztoratuetan. Ikastolen aldeko mugimenduan egin nuen nik planto, urteen buruan nire bazkide izango zenak hanka eta erdi ezkertiarren putzuan sartzen zuen bitartean. Sasoi haietatik hartua du, nire ustez, aldamenekoaren iritzia aintzat ez hartzeko joera hori. Badakizue, efizientziaren izenean ezarritako «nik agindu eta zuk obeditu» arau ezin mesedegarriagoa, zeinak sudurraren puntan jartzen zaiena egitea ahalbidetzen dien formularen erabiltzaileei. Kontuak kontu, ideologiak banandu gintuen modu interesatu bertsuan —eskuindar burges zapaltzailea nintzen ni— elkartu gintuen urte batzuk geroago komenientziak. Juanjok horrelaxe hartzen baititu erabakiak: atera diezaiekeen probetxuaren arabera.
Bion artean ekoiztetxea sortzea proposatu zidanean ondotxo nekien zein arrazoik ekarri zuten nigana. Ez dut esango Lehendakariarekin hika hitz egiteko besteko konfiantza nuenik, baina tira, ondo erlazionatutako eta susmo gabeko familia jeltzale batean hazitakoa nintzenez, banituen erabilgarri suerta zitezkeen kontaktuak han eta hemen. Tamalez, baiezkoa eman nion Juanjori.
Ez da nire erabakia zuritzearren, baina inor gutxik ezagutzen duen gauza bat onartu behar dut: badu putasemeak halako barne indar seduzitzaile bat. Armadaburu izanik amildegirantz zuzenduko balu bere ejertzitoa, itsuan segituko liokete soldaduek zuloan behera. Badaude horrelako gizonak. Juanjo da bat. Horrelakoen esanetara egon garenok inoiz jakin ez duguna zera da: ingurukoengan barreiatzen duen lilura kutsakor horrek harrapatu ote gaituen haren sarean edo haren aginduei kontra egiteko beldurrak. Bihozgabea baita Juanjo halakoa izan behar duela iruditzen zaionean. Ez dut uste jendeari bere jauregia zaintzen duten bi zakurrei baino estimu handiagoa dionik. Aitor dezadan, dena den, bazidala niri halako begirune bat. Ez ninduen horrek haren ustekabeko ateraldi bortitzetatik libratzen, noski, baina nire autoestimua babesteko balio zuen sikiera. Orobat, zibilizatua zen gure arteko harremana. Ez dut uste pertsonak plazer hutsez gutxiesten dituenik, egin dezakeela erakutsiz bere posizioa indartzeko baizik. Horretan oso instintiboa da.
Kontuak kontu, gure enpresan izandako lehenengo grebarekin abandonatu zuen Juanjok maltzurretan maltzurrenek ere izaten duten helduleku zintzoa. Zera erabaki zuen: behin bere putakumetza publikoki proklamatua izan ondoren, ez zela konplexuz jotako txepelkeriatan ibiliko aurrerantzean. Gaur egun den azeri gupidagabea bihurtu zen orduan.
Atzo arratsaldean, hotel batean neska batzuen zain zegoela, telebistan ikusten ari zen irudiei buruz jarduteko deitu zidan telefonotik...
Hipokrita hutsak dituk horiek guztiak! Pankarta atzean erreguka zabiltzak, espaloietan bildutakoek txalotzen dituzten bitartean. Eskale mainati koldar miserableak!, hori baino ez dituk. Ekin, saia, bultza, eragin... eta horretarako gaitasunik ez badute, daudela isilik!, eta utzi dakienari berea egiten. Kapazak eta inkapazak baino ez zaudek munduan: agintzea dagokie lehenei eta obeditzea bigarrenei. Beti izan duk horrela eta hala izango duk gero ere. Zer kristo gertatu da? Derrepentean zera publikoa gobernatzen ari garenoi birjintasuna exijitzea bururatu zaie!? Lau bizilaguneko edifizio bat ganoraz kudeatzeko gai ez dira-eta! Utikan! Poltsikoan lau sos zeuzkatenean ondo itxita zitean ahoa. Bai, motel!, orain ezin dutenez trekking egitera Himalaiara joan edo bigarren etxebizitza ordaindu edo todoterrenoa erosi... hemen zatozak protestan. Ez dituk hi eta ni baino hobeak, madarikatu halakoak! Nor dira horiek gu bezalakoei kontuak eskatzen hasteko?
ETSAIA 4
Juanjo inputatu dutela? Ez zait batere harritzen. Onik irtengo da, aliatu boteretsuak izan ditu-eta beti. Horrela zen Beinke! produktora zeukanean eta, zeresanik ez, horrela da orain ere. Nola demonio uste duzu aberastu dela ba?
Begira, gutako bost kaleratzearren greba egin genuenean direnak eta ez direnak egin zituen gu guztiok lokatzetan itotzeko. Literala: sasitza hartan ibili ginenok ez dugu sekula santan berriz gremioan lan egiterik lortu. Ni dendaria naiz orain; eta kidea urrunera joana da harrezkero, Vancouverrera.
Kontuz, ez pentsa Beinke!-n ziento bat langile ginenik eta greba hura borroka iraultzaile horietako bat izan zenik, keba! Zazpi langile baino ez geunden produktoran eta Juanjok gustuko ez zituelako kaleratu nahi zituen haietako bost. Horrela: pli-pla. Batek daki zergatia, akaso ez ziotelako behar besteko errespetua erakutsi astelehen goizean edo irribarre neurriz kanpoko batekin erantzun ziotelako ateraldi txororen bati. Juanjorekin inoiz ezin jakin! Bera bezalakoen alboan dagoenak aldarte kapritxozkoetara moldatu beharra dauka bai edo bai, halakoxea baita jendilaje horren animoa: berekoia eta aldakorra. Eman dezagun umore oneko harrapatu duzula eta txiste bat kontatzen dizula; bi aukera dituzu: edo algaraka hasi edo konbikziorik gabeko irriño lotsati bat erakutsi. Ba hara, bi erreakzioak izan litezke desegokiak harentzat.
Kaleratuko zituen langileon defentsan egin genuen greba. Apenas iraun zuen astebete, Juanjori ostikoz botatakoen borondatea bereganatzea kostatu zitzaion denbora, doi-doi. Popa bistan utzi gintuen gu biok, beste bostak ostera itzuli baitziren beharrera gu ostrazismora kondenatzen gintuzten bitartean. Traizioetan handiena horixe da-eta Juanjoren aburuz: bere nahiari kontra egiteko atrebentzia edukitzea. Bost lagunek haren esanei otzanki men eginez aurkitu zuten lanerako itzulera bidea. Gu biok, aldiz, gaztaroko ozartasun ameslariak kondenatu gintuen, bazterretan pegatutako paskin ziztrin batengatik:
Lurpean bego Juanjo Baztarrika
Ustel dadila korrupzioaren erraietan
Sendiak ez du bisitarik nahi
Ez gintuen ba auzitara eraman zakur beltz halakoak!, ohoreari kalte egiteaz salatuta.
Eta bai, pozten nau inputatu dutela jakiteak. Nahiz eta ez dudan konfiantzarik ez justizian ez agintariengan. Erdi Aroko nobleen gortean jauntxoek bezala egiten dituzte negozioak alproja hauek. Trokel berekoak dira denak.
ETSAIAK BESTEAK DIRA
Juanjo Baztarrika bere onetik ateratzen duena ez da auzipetzea bera. Ondo baitaki buztan laburra duela akusazioak. Egiazki izorratzen duena da, nork salatu duen oraindik ez jakiteak. Horrexek jartzen du sutan. Nepotismoz jokatzea ez baitzaio larria iruditzen, areago, portaera erabat naturala dela ere esango luke; nork ez du, ba, norbere komenientzien arabera jokatzen? Norbait bera salatzera ausartu izana, ordea, hori bai dela benetako lotsagabekeria. Herri honengatik egin dituenak egin eta gero, mekauenlaputa!
— Zoazte bainugelara igeri egitera!
Pentsamendua eragoztera etorritako bi euli balira bezala bidali ditu bainugelara neskak, esku kolpeka. Zain du bazkide ohia telefonoan.
— Orain ezin dutenez trekking egitera Himalaiara joan... hemen zatozak protestan. Ez dituk hi eta ni baino hobeak, madarikatu halakoak! Nor dira horiek gu bezalakoei kontuak eskatzen hasteko?
— Ez hadi horrela jarri. Bihotzekoak emango dik.
— Eguerdian abokatuak deitu zidak. Akusazioak dituztela nire kontra. Inputatu egin naitek.
— Neu izan nauk.
— Zer esaten ari haiz?
— Gauean deitu nahi nian.
— Zomorro zikina!
— Lasai negoziatzeko aukera diagu oraindik.
— Zoratu egin al haiz? Hire salaketa hori ez duk inora iritsiko.
— Baliteke, bai. Baina ez zaidak inporta.
— Hireak egin dik!
— Edo negoziatuko diagu... edo hau guztia eta gero ez haute inon hartuko. Apestatu bat haiz...
— Ez diat ezer negoziatuko hirekin.
— ...Apestatu aberats bat. Eta tamalez, niri esker. Baina apestatua azken batean. Eta hori, hiretzat, bazakiat, kartzelara joatea baino okerragoa duk. Baliorik gabeko txanpona baino ez haiz dagoeneko, Juanjo.
— Zer kristo nahi duk, azpisuge halakoa?
— Kontuak bere lekuan ipintzea.
— Txikitu egingo haut!
— Dagoeneko ez zagok zer txikiturik. Hi etxe nagusiko zuzendari izendatu hindutenean birrindu ninduan ni. Zin egin genian, gogoratzen?: «Egitekotan, elkarrekin egingo diagu bidea, dela gailurrera eramaten gaituela dela porrotera». Hik proposatutako promesa izan zuan, oker ez banago.
— Ez daukak zertan kexatu. Ondo puztutako kontratuak bideratu ditiat zuengana.
— Gainontzeko ekoizleek bazter utzitako lan apurrei lau zentimo atera ezinik ibiltzeari deitzen diok hik kontratu potoloak.
— Esker txarreko zakurra!
— Nire kontaktuei esker hago hagoen lekuan. Begiramen gehixeago mereziko nikek.
— Ni xantaiatu nahian habil! Zer nahi duk, konfiantzazko postu bat? Emango diat.
— Hiri dagokiana egitea baino ez diat nahi. Gidoia itxi eta berandu baino lehen filmatzen hasi behar diagu. Hire buruaz beste egitea, esaterako, ez litzaigukek batere gaizki etorriko pelikula borobiltzeko. Egin ezak artearen mesedetan...
— Zer film eta zer ostia?
— Hire bizitzaren biopic bat errodatzera goazak. Filma salduta zaukaagu eta finantziazioa ere lotuta.
— Zer negoziazio klase da hau? Nire oniritzia beharko duk diru-laguntza jasotzeko...
— Nork esan du diru-laguntza behar dugula? Crowdfunding bidez batu ditiagu sos guztiak. Ez nekian horrenbeste etsai hituenik!
Juanjok paretaren kontra txikitu du Vertu Signature telefonoa. Biluztu egin da eta elkarri musuka ari diren bi nesken aldamenean etzan da bainuontzian. Asko gustatu zaizkio baten titiak eta bestearen bilo gorriak.
— Has dadila festa!