Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

5

Begiluzea

 

Gaizkile zantzuak hartzen dizkiot frantsesezko voyeur hitzari. Espainolez ez du xaloagoa: mirón. Eta euskaraz ere gehiago du irain lizunetik deskribapenetik baino: kuxkuxero edo begiluze. Behatzea gustatzen zait, ados. Baina argi gera bedi: ez naiz igerilekuetako aldagelatan sarrailatik haurrak ikuskatzen ibiltzen diren psikopata horietako bat.

        Ez dakit noiztik dudan begiratzeko zaletasuna. Begiratu diodanean ez naiz mintzo zerbait konkretua teleskopioz ikusteaz, zeruan izarrak edo basoan zuhaitz puntako okila; begiak zabal ireki eta parez pare daukadana erregistratzeaz ari naiz. Imajinatu nire begiak argazki kamera baten negatiboak direla.

        Zaletasuna esan dut, baina zorigaitzeko kondena ere esan nezake, garai batean plazer baino sufrimendu gehiago sortu baitzidan joera honek. Ez nuen, ez, haurtzaro erosorik izan; ez erosoa eta ez normala, txikitan lelotzat hartzen ninduten-eta. Ezelako okerrik egiten nenbilenik uste gabe gelditzen nintzen edozein lekutan, burua tente, zelatan, jakingura ase nahian. Dena egiten zitzaidan berri, interesgarri, ikusgarri. Ez nuen deus jaten, ergelen pare gelditzen bainintzen platereko jakien kolore eta testurei beha. Eraman ninduten medikutara, egin zizkidaten proba mordoa eta ez zuten ezer atzeman, noski.

        — Haur sanoa da. Ez diogu gaitzik aurkitu. Ez du ematen ezer psikikorik duenik —ondorioztatzen zuten, auzipetu bat banintz bezala, aparatu sofistikatuenekin burmuina miatu ondoren.

        Adurra zeriela aztertzen ninduten, erlojugileak makina konplexu eta enigmatiko bati edo matematikoak formula zailari helduko liokeen gisan. Gerora sarritan pentsatu izan dut, haien garunek ere ez ote zuten behar azterketa sakon bat, jakin-min larderiatsu eta neurriz kanpoko hura ezin baitzen sanoa izan.

        Ezin botako diet esperimentu haien errua gurasoei! Nire hobe beharrez eroaten ninduten Mengeleren dizipulu haiengana. Aitak, nirekin zer besterik egin ez zekielako. Semea sendatu zezakeen mirarizko botika Lourdesen edo Alaskan aurkituko zuela esan baliote, harantz eramango ninduke birritan pentsatu barik. Urrundik begiratzen zidan beti, fenomeno ulergaitz baten aurrean balego bezala, ezin disimulatuzko keinu erdi nazkatu erdi errukitsuaz. Amak, aldiz, gogoz kontra eramaten ninduen medikutara, abstrakziorako joera gehiegizkoa gorabehera, ez baininduen lerdotzat hartzen. Kontsultan sartu aurretik, bisita haiek ekar ziezadaketen arriskuez ohartarazten zidan:

        — Zin egidazu normal jokatuko duzula hor barrenean. Ez zaitez ilargiari begira jarri mozoloen pare, jainkoarren!

        Zinak zin, ezinezkoa zitzaidan mediku gelako tramankulu distiratsu haiei bista kentzea. Gainera, amak normaltzat zuena niri erabat anormala suertatzen zitzaidanez, ahaleginduta ere ezin nuen begirada inon pausatu gabe dantza zoroan harat-honat eraman. Halaxe iruditzen baitzitzaidan begiratzen zutela nagusiek: haien begiak euli bizkor bati segika.

        Irisa ireki eta begiak erakusten zidana ikustea gustatzen zitzaidan niri, antzokiko argiak piztu eta eszenatokiko gortinak irekitzen direnean bezala. Behinola begiak zarratzera ere ausartu nintzen. Betazalak indarrez bildu eta amatatu egin zitzaidan barreneko argia. Hilko nintzela pentsatu nuen, irrist egin eta amildegi beltz batean barna erortzearen antzeko zerbait baitzen ilunpe hartan egotea. Harrezkero ez dut sekula begirik ixten. Ez aharrausi egitean ez lokartzen naizenean. Mesanotxeko lanparak sabaian marrazten dituen formei begira egiten dut lo.

        Beste asko baino osoago irten nintzen haurtzarotik, hala eta guztiz ere. Hamasei urterekin mutil erdi eroa, erdi atzeratua, erdi eszentrikoa bainintzen, eta hori bada zerbait. Asko arintzen da bizimodua, zerbait izan ordez zerbait askoren erditzat hartzen bazaituzte. Eta berrogei urteko arraroa naiz gaur egun. Ingurukoek, erdi eroei edukitzen zaien errespetu ikaratiz, erdi atzeratuenganako errukiz, erdi eszentrikoek biltzen duten mirespenez tratatzen naute. Ez daukat zertan kexatu: senitarteko bazkari eta hiletetatik aise libratzen naiz eta bakean uzten naute parke bateko bankuan jesarrita munduari begira ikusten nautenean.

        Baina beti gauza bertsuei erreparatzeaz aspertzen hasita nago. Ez da kontu berria. Badaramatzat bost bat urte begiztatutako gauzenganako interesa etengabe galtzen. Ez dut kitzikagarria den ezer topatzen. Itsutzen hastea bezain sentsazio dramatikoa da.

        Plazer galtze horren aurreneko zantzuek ez ninduten asko larritu. Momentu hori noizbait iritsiko ote zen susmoak zuhurtziaz jokatzera aholkatu eta 55 hazbeteko telebista erraldoia erostera bultzatu baininduten aspaldi. Piratak garai zailetarako altxorra irlan gordetzen duen eran neuzkan nik ganbaran ostenduta telebista aparailua eta hark eskain ziezadakeen mundu esploratu gabea. Eta telebistaren leihotik begiratzeaz inoiz aspertuko banintz ere, hiri handiz beteta zegoen planeta, baneukan horrenbestez non aukeratu. Zertaz arduratu, orduan?

        Putzu nazkagarri batetik behin eta berriz edan behar izatea bezalako zerbait iruditu zitzaidan telebista begiratzea hilabete gutxiren buruan. Programazioa oso errepikakorra izateaz gainera, jasangaitza suertatzen zitzaidan eskaintzen zidatena norbaitek erabakitzen zuela jakitea. Programatuta egoteak, inprobisazio ezak, balio osoa kentzen zion ikusi nezakeenari: artifiziala zen aparailu hartan agertzen zena; faltsua, irreala.

        Nola harrapari senak ehiztaria, hala bideratu ninduen ni halabeharrak hirietako kale nagusietara. Beti paisaia bera ikusteaz gogaitzen nintzenean, ostera, beste kale edo hiri bat aukeratzen nuen arazorik gabe. Pozarren ibili nintzen horrela pare bat urtez. Baina hasi zitzaidan ondoren eta ia oharkabean halako ezinegon bat ernatzen: bazeukan munduari begiratzeko modu hark oraindik konprenitzen ez nuen gabezia moduko bat.

        Begi-bistan nire adin bertsuko bi alproja haiek azaldu zitzaizkidan gauean ohartu nintzen gauzak begiratzeko modu haren inperfekzioaz. Atentzioa deitu zidan bikoteak, itxura susmagarria hartu bainien: atezuan zegoen gizonezkoa itzaletan, gaizkile kaskarrak baino urduriago. Emakumezkoak, sosegu handiz, esprai pote bat astintzen zuen ezelako disimulurik gabe. Duela astebete gertatu zen. Gauerdia baino lehen. Epela zen giroa eta ikusten nuenaz gozatzen ari nintzen Bilboko Jado plazan jesarrita, hain zen begiztatzen nuena anitza eta bizia. Hango lehoien iturria gustatzen zitzaidalako joaten nintzen hara. Asko preziatzen baititut iturriak, umetatik; ur txorrota konstante horrek, akaso, begiek jasotako irudi-uholdea bideratu eta nire kontenplazioa errazten dutelako. Ematen dit halako sosegu bat existentziaren kronometroa dirudien ur jauzi etengabe horrek, unea betikotu eta espiritualtasun batean zintzilikatzen bainau. Hainbeste tematzen omen nintzen umetan iturrien soinupeko kontenplazioan, edozelako tokitara gindoazela ere oporretan, amak beti aurkitzen baitzituen iturridun herrixka galduak bisitatzeko parada hondartzatik bueltan.

        Bazeuden Jado plazan etorkin beltzak hitz aspertuan nire ikus-eremuaren ezker aldean, izkina batean geldirik; arkupetako tabernatan poteoan ari ziren hiruzpalau gazte kuadrilla haien txakurrekin; eta apenas hamarren bat metrotara, enfokatu beharrik gabe zelata nezakeen ilunpean babestutako bikotea.

        Ingurunea begiratzeko nonbait geldirik egon behar hori, landarea loreontzian bezala, ez zen kapritxozko gauza bat. Zorabiatu egiten ninduen mugimenduak. Noiz edo noiz ibilia nintzen jendartean murgildua, merkatu plazatan eta halakoetan; baina sentitzen nuen, lekuko soil gisa gertakariak nire aurrean pasatzen ikusi ordez, begi-bistan neukanaren parte bihurtzen nintzela. Bazirudien neure burua eta kanpoko errealitatea banatzen zituen errezela hautsi eta ikusten nuen hartan txertatuta nengoela. Entzuna daukat antzeko zerbait gertatzen zaiela 3 dimentsiotako film baten aurrean ikusleei: zeluloideko irudien barrura erortzen direla. Bada, ni ere ohituta nago mundua begiralearen distantziatik eta perspektibatik ikustera, eta oinez, edo geldi egonda ere trenez noanean, irentsi egiten nau begi-bistan daukadanak. Demagun prismatikoekin surflariei begira zaudela hondartzan, eta halako batean olatutzar batek gainean hartu eta zaldiak jockeya arrastaka eramaten duen eran eroaten zaituela urak ozeanoan barrena; sentsazio seko aztoragarria da. Derrigorrez jende artean ibiltzera behartuta nagoenean, estropezuka abiatzen naiz, mozkortuta edo galernak harrapatutako txalupatxoan nabigatzen dabilena bezala.

        Istorioak imajinatzen nizkien begi-bistan neuzkan pertsonaiei. Gizatxarreko iruditzen zitzaidan gizonkote beltz hari bizimodua bihurritu, barreka ari zen beste hari zorioneko etorkizun bat asmatu, halaxe ematen nuen existentzia plazan. Etorkinak bere jaioterri urruna utzi izanaz damu ote ziren galdetzen ari nintzaiola nire buruari, ilunpean babestutako neska niri beha hauteman nuen.

        — Aizu, kokolo, inkonformismo n edo m-rekin idazten da?

        Etxeko egongelan bakarrik zaudela, jaberik gabeko ahots marrantatu bat entzutea bezalako zerbait izan zen. Hasierako ezustekoa pasatuta, haserre itzuli nintzen neure baitara. Ze eme eta zer otxokuarto?, esatekotan egon nintzen neskari. Kikilduta, ez nuen deus esan. Horman espraiz idatzitako letren trazu finari begira gelditu nintzen trantzean bezala:

        «Inkonformismo materialista kanpora! Gora egarri intelektuala!».

        Bikotea itzuli zen itzalpeko aterpera eta neure etxera ni. Film bat ikustera joan eta protagonista pantailatik niri mintzo izan balitzait bezala sentitzen nintzen. Eta konturatu nintzen nire begirada kutsatua zegoela, behatokitik ikuskatzeak ematen zidan plazera ez zela benetakoa: egiazko begirada garbi batek nire eta begi-bistan neukanaren arteko hartu-eman txikiena ere ez baitzuen onartzen. Hara!, pentsatu nuen, gaurdaino nire bizipen guztiak fikzio hutsa baino ez dira izan!

        Urte luzeetan Afrikako gorilak kamuflatuta ikertzen ibili eta gero uneoro nire presentziaz jabetu direla deskubrituko banu, ez nengoke zapuztuago. Ikerketa osoa hankaz gora jartzen baitzuen deskubrimendu horrek! Nork ziurta zezakeen zelatatutako animalien jokabidea naturala zenik? Ez ote zuen ikertzailearen presentziak haien jarrera baldintzatzen? Izan ere, nik mundua ikusten nuen bezala ikusten ninduen ni munduak, eta horrek erabat eragin zezakeen mundu horretako pertsonen jarrera nire begien aurrean; jakin baitzekiten, haiek ni bezala, nik ere haiek behatzen nituela.

        Kristo! Espontaneoki jokatuko ote genuke ba, urrundik etorritako estralurtarren miran gaudela jakingo bagenu? Nik ez, bederen.

        Aurkikuntza xume horrek hondoa jotzera eraman ninduen. Soilik ikusezin bihurtuta jaso nezakeen ingurunearen ikuspegi erreal, natural eta egiazkoa. Nola utzi hezur-haragizkoa izateari, ordea?

        Biharamunean Guggenheim Museoan burumakur nenbilela topatu nuen erantzuna. Gustatzen zitzaidan areto itzel haietako baten bazterrean jarri eta jendea margoei begira ikustea. Hain zeuden txundituta hormetan zintzilikatutako edertasun puskekin, ezen inork ez zuen nigan erreparatzen. Mendizalearentzat gailurreko airea arnastea bezalako zerbait zen niretzat han egotea, kutsatu gabeko ingurunea lasaitasunez behatzen uzten baitzidan. Asko miresten nuen koadroen existentzia. Bizirik gabeko objektuak baino ez zirenez, jendea kezkarik gabe hurbiltzen zen haien aurpegira. Gustura bihurtuko nintzateke margolan, bai; hartara, patxada osoan begiztatu ahal izango nituzke han bildutako ehunka bisitarien joan-etorriak. Ez zitzaidan ezkutaleku hobeagorik bururatzen ezelako errezelorik sortu gabe begiratu nahi zuenarentzat.

        Margolan bilakatu ezin naitekeenez, inkognitozko artelan bihurtzea otu zait. Ez hiriko kantoietan pausatutako estatua geldo horietakoa. Ez. Kuriosoen begiradetatik ezkutatuko nauen mozorro ikusezina behar du izan nireak.

        Baldarra naiz eskulanean eta ez dut ezer fabrikatzeko abileziarik. Ondorioz, aroztegi batera jo dut okume egurrez egindako farola bat enkargatzera. Zine errodaje baten aitzakia baliatu dut, ni barrenean kabitzeko adinako pieza egin diezadaten.

        Ez dut esango bizileku egokia denik, apenas sartzen bainaiz farolaren zimenduan dagoen espazioan, baina ez dut ukatuko nire bizitza errotik eta onerako aldatu duela tramankuluak.

        Eguna barruan ematen dut, belaunikatuta, bi begiak ondo disimulatutako zulotxoetan ditudala. Litro eta erdiko Coca-Cola botila batean egiten dut pixa eta fruta janez elikatzen naiz. Gaua, ostera, behar fisiologiko larriagoei men egin, ganoraz jan, muskuluak luzatu eta behatokia lekuz aldatzeko erabili ohi dut. Barraskiloen tankeran bizi naiz orain, nirekin daroat etxebizitza. Lekuz sarri aldatu behar izatea, hori da bizimodu berri honen eragozpen eramangaitzena. Ez baita erraza farola non jarri erabakitzea: hain dago ondo eginda eta horren fidel mimetizatzen da kaleko gainerako altzariekin, ezen hiruzpalau aldiz kotxez jo nauten eta zakurrek pixa egiten didaten gainean; eta hori gutxi balitz, argirik ematen ez dudanez, ostikoka ibiltzen zaizkit oinezkoak, gezurretako bonbilla kolpeka konpondu nahian.

        Goienkalek eta Artekalek bat egiten duten kantoian erabaki dut nire behin betiko bizilekua finkatzea. Bihotz-bihotzeko lagun bat egin dut! Gregorio du izena eta ONCEko txartelak saltzen ditu nire aldamenean. Haren begi hilek erakutsi ezin dioten errealitatea ikusarazten diot nik. Amesten dituen fikzio harrigarriak kontatzen dizkit berak.