2
K Taldea
— ETAren zatiketa bat?
— Hi haiz, hi, astakiloa! Zer ETA eta zer ETA ondoko! Hura kontu serioa zuan.
— Orduan zer?
— Erretxindutako kantari edo idazleren bat izango duk... Apustu egingo nikek, orain arte diru-laguntzen kontura bapo bizi izandako birigarro horietako baten aurrean gaudela.
— Kantari batek ez likek basakeria hau egingo.
— Motzean: morroiari sosen iturria agortu egin zaiok eta, mendeku gosez, bazterrak nahastu eta zalaparta apur bat ateratzea baino ez zaiok bururatu kirten halakoari.
Errazkinen iritziz pertsona orok dauka bere beldur partikular eta transferiezina, Armagedoi intimoa. Izan liteke suge edo hamarratzek eragina, Afrikatik etorritako etorkin saldoa, goitik behera beltzez mozorrotutako segalaria; berdin dio, bakoitzak du-eta berea. Hau edo hori izan, zentzuzkoa edo ez, agerian egon edo barren-barrenean gordeta, kontu bat dago argi: praketan kaka darigula uzten gaituen izugarrikeria da Armagedoi intimoa. Eta bakardadea da Errazkinena. Bakarrik hilko den ideiak hainbeste izutzen du, ezen zarata konstantez inguratzen duen beti bere burua. Ez da aurikularrik gabe kanpora irteten, eta pizten ditu irratia eta telebista atzera etxera itzulitakoan. Musika entzunez hartzen du loak (rock gogorra, ahal dela).
Madariagaren loa galarazten duen amesgaiztoa, aldiz, ETA da: disekatutako hamarratz gogaikarria. Talde armatuari noizbait izan zion beldurraren adinakoa da izugarrikeria hartatik gelditzen diren puskei dien gorrotoa. Bi belarriak moztuko lituzke Madariagak, garai beltz haren itzulera behin betiko eragotziko balu. Ez baita egungo armistizio merkeaz fio. Merkea, bai: ezin baitzaio urte luzetan pilatutako zorrak bat-batean zuritu nahi horri beste modu batera deitu. Atezuan segitzen dute oraindik ere ETAko ero horiek haien gordelekuetan, artaldearen gainean putreak lez. Madariaga ez zen Ertzaintzan sartu goizero autoaren azpialdeari begira ibiltzeko, gaiztoen autoak zelatatzeko baizik. Zer eta polizia bera ibili behar haiengandik ihesi? Non ikusi da halakorik! Gaizkileek ibili beharko lukete iheska, ez alderantziz.
Errazkinek irakurri behar izan dio berriro komunikatua, Madariaga ez baita gai esaldiak ahoz gora totelik gabe josteko.
Komunikatu honen bitartez K Taldeak bere gain hartzen du Gerediaga Elkartearen egoitzaren aurkako atentatua. Ez gaude euskararen kontra. Euskara negozio gisa ustiatzen dutenen kontra baizik. Publikotasunaren defendatzaileak gara. Baliabide publikoen zarrastelkeria salatu eta gehiegikeriei aurre egingo diegu eskura dauzkagun baliabideekin. Behi publikoaren errapeetatik ez dagokion esnea edaten duen oro da gure etsaia, izan idazlea edo abeslaria edo artista edo hizkuntzalaria edo erakundea. Diru-laguntzak, merezi dituztenentzat! Egurra gainontzekoei! Kulturaren eta euskararen inguruan sortutako negozio sarea birrintzea baino beste helbururik ez dugu. Kulturaren esparrura mugatuko du bere borroka K Taldeak oraingoz. Gure eskariei men egiten ez bazaie, irakaskuntzaren eta elikaduraren eta langabetuen prestakuntza profesionalaren inguruan sortutako sasi enpresa publikoen aurka joko dugu. Osasun sistema publikoaren magalean medikuek eraikitako egitura mafiosoa ahantzi gabe, noski. Beraz, K Taldearen eskaria gardena da: diru publikoz lagundutako enpresa pribatuetan nepotismo zantzu oro deusezta dadila ipso facto. Alor publikoaren gerizpean Hiritarren sosekin muntatutako negozio gehiago ez!
Bazter utzitakoen lubakietatik, ongizatean gotortutako herritar otzanduei,
Euskal Herrian, 2015eko udaberrian
K Taldea
— Ondo da, Anjel. Demagun ez dela ETA izan. Gaitz-erdi. Baina, esadak, benetan uste duk txikizio hau pertsona bakarrak egin duela?
Ezezko keinu ernegatu bat egin du Anjel Errazkinek. Ez, ez du uste Gerediaga Elkartearen egoitza pertsona bakarrak kiskali duenik. Ekintzaileak behar zuen, gutxienik, bizkartzain lanak egingo zizkion laguntzaile bat edo bi. Kale Nagusian dagoelako egoitza, denen bistara horrenbestez, eta gau partean eman badiote ere sua, ez direlako kanpotik presaka bi molotov jaurti eta ospa egitera mugatu, barrenak gasolinarekin zipriztindu ondoren eragin dute-eta triskantza, behar besteko denbora hartuta.
— Zuhurtzia, Patxada, Ausardia... hiru ekintzaile, seguruenik. Lehena kanpoan zelatan. Barrenean beste biak.
Madariagari gertatzen zaionaren bestaldera, aldapa gorakoa suertatzen ari zaio Errazkini ETA ondorengo garaia. Ez da zentzugabeko gatazka amaitu izanaz pozten ez denik, harrezkero lanez gainezka daudela baizik. Bazuen ETAren presentziak halako disuasio-eragin moduko bat gaizkileengan, zail da ulertzen bestela ETAk armak utzi ostean gertatu den delituen gorakada neurrigabea. Noski, orduan ere bazen krimena, egungoa baino baldarragoa ordea. Bazirudien benetako gaizkileak edo hibernatzen zeudela edo ETAn zeudela, eroen beroaldi bat-batekoen ondorio baitziren delitu gehienak: aiztokadez baldarki eraildakoa gaur, birritan pentsatu gabeko lapurreta bihar. Konforme, bat-bateko itsukeriak bultzatutako krimenak izaki, eragozteko konplikatuak ziren, eta inpotentzia horrek murgiltzen zuen halako sumindura akitu batean; baina, eskerrak!, delitu haiek argitzeko ez zen adimen zientifiko berebizikorik behar izaten. Hain zuzen, bi gauza eskertzen ditu 45 urte aspaldi beteta dituen Errazkin moduko polizia batek: loa galaraziko dion kasu korapilatuekin ez topo egiteak eta genero beltzeko filmen gainbehera. Goizegi, gaizki eta denik eta bakardaderik estuenean zahartzea dakar lehenak. Bigarrenari dagokionez, Al Pacinoren eta De Niroren dizipuluz josita daude kanposantuak. Plakaren distiraz eta pelikula poliziakoez liluratutakoak edo lurpean daude edo taberna-zulo nazkagarrietan edaten.
Errezeloak azala kaskartu eta izaera ihartzen zizula, hori zuen ETA-sasoi hark okerretik, mesfidantzak ehundutako gizartean balek baino min handiagoa egiten baitzuten herritarren begirada fidagaitzek. Onerako edo txarrerako, gaurko Errazkinek garai haietatik jasoa du bekozkoa eraisten dion eszeptizismo fatalista hori.
— Twitter hankaz gora jarri zuen alprojarekin hitz egin behar genikek, Anjel —proposatu dio Madariagak.
— Deabru ergel horrekin?
— Susmoa diat zerbait jakingo duela.
Kiskalitako altzari eta kristal hondarrek estaltzen dute Gerediaga Elkarteko zorua. Minatutako eremuan balebiltza bezala ematen dituzte pausoak Errazkinek eta Madariagak.
— Goazen, hemen ez dugu ezer egiterik.
— Ados. Nonbaitetik hasi beharra zaukaagu. Bisita bat egingo zioagu Deabru Zikin horri.
Ikuskizunera bildutako jende multzoak ageri dira suhiltzaileek eta ertzainek mugatutako hesiaren bestaldean. Txikizioaren erakargarritasun ia mistiko horrek jendea norbere hondamendiaren balkoira ere eramango lukeela pentsatu du Errazkinek. Ekintza errebindikatzen duen panfletoetatik beste bat hartu du lurretik autora sartu baino lehen, urruneko hondartzetan oroitzapen gisa harea batzen duenaren antzera.
— Ño —esan du Madariagak—, txartu egin behar dik nabarmen, iparraldeko hodei mardulok ez ditek deus onik iragartzen. Anorak bana beharko diagu, Anjel —eta listua bota du gero, iragarpena berretsi nahian bezala.
Ez zaio Errazkini keinua gustatzen, are gutxiago jendaurrean egina baldin bada, baina ez dio kargurik hartu, ETAren erantzukizuna erabat baztertu ez duelako izan dela iruditu baitzaio. Asaldatuta dagoenean bakarrik zipriztintzen ditu Madariagak bazterrak. Eta ETAren pizkundearen mehatxuak asko kezkatzen du.