Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

3

Kondena

 

Ordenagailu zaharrari begirada mesfidatia bota diot. Lurrean utzita dagoen tramankuluaren ordez intsektu nardagarri bat da. Hilabeteak daramatza hor PCak, larruzko poltsa zarpail baten barrenean, lan-gelako zoruko izkinetako batean abandonatuta, hautsa eta ahanztura pilatzen. Apenas sartzen naizen gela honetan, erratza pasatzera baino ez. Badauzkagu hor liburuak, lan mahai eder bat, duela urte batzuetako arropez betetako armairua eta eserleku ergonomiko bat. Badauzkagu diot, neska-laguna eta biok bizi garelako 80 metro koadrotan. Julia maiz sartzen da lan-gelan, hor baitaude, mahaiaren gainean, ordenagailu nagusia —42 hazbeteko Mac koloretsua— eta inprimagailua. Egongelan masturbatzen naiz ni, Samsung tablet txiki baten laguntzaz, Mac dotore horren aurrean masturbatzeak kikildu egiten nau-eta. Hiruzpalau aldiz baino ez dut erabili Mac-a masturbatzeko. Mon Dieu, beste mundu bat da hori! Pantailatzar horretan beste dimentsio bat hartzen dute ipurdi, titi eta aluek. Orgasmo ondorena latza da, gainera, Mac-ean. Hazia hustu bezain laster kriminalaren tankeran hasten naiz bazterrak garbitzen, durduzatuta, nire presentziaren arrasto txikiena ezabatzea hil ala bizikoa balitz bezala. Ez dut uste masturbatzea krimen bat denik, kontua ez da hori; Mac-aren aurrean masturbatzea iruditzen zait sakrilegioa; nolabait esatearren: ehorzketa bitartean eliz atarian edo hilobiaren gainean pixa egitearen antzeko zerbait.

        Errutina apurtzeko sartu naiz gaur lan-gelan. Armiarma-sarea beste da tranposoa errutina, ohartu orduko endredatzen da bat ohiturak ehundutako existentzia miserable baino atsegin horretan. Goizeko zazpi eta erdietan ohetik jaiki, zortziak bitartean Julia eta biontzako gosaria prestatu, ganora handirik gabe erratza pasatu, hura agurtu eta ondorengo hamar-hamabost minututan pornoa ikusten masturbatu, sarean zertxobait nabigatu hamaikak bitartean, isil-gordeka erosketak egin hurrengo ordu erdian, bazkaria prestatu, telebistako tertulia politikoa entzunez jan eguerdian, eta lo kuluxka labur baten ondoren —15 minutu zehatz— igerilekuan 20 luze egin. Horra nire existentzia erdiaren esposizioa. Beste erdiaren kontakizuna, arratsaldeko lauretan hasten dena, motzagoa da: Juliaren zain egoten naiz. Berarekin partekatutako denbora ere ohikeriaren pipiak hartua du, baina eraman errazagoa suertatzen zait, ez baitaukat nire kabuz gobernatu beharra.

        Helbururik gabe sartu naiz, beraz, lan-gelan. Soilik une konkretu honi zegokion eginbeharra saihestearren —masturbatzen behar nuke honezkero egongelan—, nire existentziaren erdia gobernatzen duten ohituratxoen hurrenkera hankaz gora jartzeko bulkada sentitzen baitut tarteka. Nondik ihes egin dezakeen antzemateko presoak ziegari ematen dion begiratua bota diot gelari. Eta segidan hasi naiz mahaiaren gaineko karpetak arakatzen, zeren peskizan ari naizen ez dakidan arren. Aspaldiko paperei begira nenbilela ikusi dut ordenagailu zaharra, zeharka, aurkitu nahi ez diren objektu edo pertsona traidoreak begiztatzen diren eran. Tentuz hurreratu naiz, zakur edo arratoi batengana hurbilduko nintzatekeen zuhurtziaz. Poltsa lurretik jaso, besoetan hartu eta atea itxi dut presaka.

        Sofan jarri eta altzoan estutu dut ordenagailua, itsasoan haurrak flotagailuari helduko liokeen bezala. Bidaia luze eta deseroso batetik itzulitakoan edukitzen den nekeak hartu nau geroxeago. Zorabiatu egin naiz. Begirada nonbait finkatzearren luzatu ditut begiak telebista gainean dagoen erlojura. Amaginarrebak oparitutako traste zatar bat: loreontzi batek hartuko lukeen espazioa okupatzen du. Gainera, ez dabil. Joan den urteko arrats batean egin zuten planto orratzek, zortziak eta hogeita bostean. Juliak, batek daki zergatik, asko maite du erlojua. Hortxe dago, iraungitako momentu baten testigu eta argitzeko gai ez naizen gako enigmatiko bat bezala. Zortzi eta hogeita bostean afaria prestatzen egon behar nuke, pentsatu dut, hasperen eginez. Ez dut gose zipitzik. Astearte gauetan arraina eta entsalada jaten da gurean. Hegaluzea, antxoa edo barbarinak. Gaurkoan patata tortilla eta ogi desizoztua beharko duela erabaki dut. Beldur naiz ez ote duen txikikeria horrek gertakari sail andana abiaraziko, pieza bat lekuz aldatu eta kartazko gaztelua erortzen den eran, baina, nola esan?, nire betiko errutina sikiera apur bat eteteak eman dit halako poz herabe bat. Borondate larregirik gabe zigarroak erretzeari uzten dionak abstinentzia hasierako orduetan egiten duena egin dut, dena den: ospakizunak geroko utzi, badaezpada ere.

        Eta... portatilean idazten hasi naiz, liluratuta, teklak indarrez sakatuz, amorruari eta emozioari ezin eutsirik. Iluntzen hasi denean altxatu dut burua pantailatik, bizkarrezurra erdibituta, zigarro pakete osoa ohartu gabe erreta. Eta halaxe sentitu naiz: munduko begi guztiek ohean biluzik eta lau hankatan harrapatu banindute bezala. Arrapaladan lan-gelako mahai gainean laga dut ordenagailua.

        Nire onera itzuli naizen une berean iritsi da Julia lanetik bueltan. Arratsaldeko zazpi eta erdiak direla jakin dut giltza sarrailan sartzen entzun dudanean.

        — Nola joan da eguna?

        — Ezer berririk ez —erantzun du Juliak, musu eman ostean.

        Zain egon naiz unetxo batez. Alferrik ordea, Juliak ez baitit nire eguneroko gorabeherez galdetzen. Garai batean errutina zena ezohiko ohitura da orain. Orduak ematen genituen lehen bakoitzaren pasadizoak elkarri kontatzen. Tira, justua izate aldera, berari entzutea zegokidan, zarramarra ugari baina kontu gutxi biltzen baitu garbitzaileak erratzaz kalean. Juliak, aldiz, aldarte gogaituaz gain poltsa bete kontakizun ekartzen zuen beti lanetik. Hotel entzutetsu bateko harreragilea da. Eguneko txanda egiten du astean zehar. Hilean birritan egokitzen zaio gauekoa. Horien zain egoten nintzen ni, irrikatan, asteburuotatik ekartzen baitzituen anekdotak. Dagoeneko ez zaizkit bere kontuak interesatzen, hain dira errepikakorrak! Nik, normala den bezala, lelokeriak konpartitu ordez nahiago dut mutu egon. Julia eta biok, ondorioz, isiltasun kirastu bera arnasten dugu, langabetua eta zer idatzirik ez duen idazlea naizenetik.

        Jaka lurrean utzi eta komunera joan da, betiko legez. Idazten hasi naizela esatekotan egon naiz une batez. Oharkabean bezala esan nahi nioke, akontezimendu handien berri ematen den era misteriotsu eta zertxobait inozo horretan:

        — Badakizu? Badaukat poztuko zaituen ezusteko atsegin bat...

        Eta Julia, kuleroak oinetan dituela, erreguka hasiko litzaidake komunetik, jakin-minak erasanda, horrelakoak ez baitira ohikoak azken aldian gurean.

        — Et, et... ez saltoka hasi gero, e? Horrenbesterainokoa ere ez da-eta. Hobeto esanda, huskeria bat baino ez da... —klimaxari eutsi egin behar zaio.

        Juliak amua irensten duenean, harrapakin jostaria denez, grinaz eutsiko dio txantxa dialektiko hutsal horri. Presaka egingo du pixa eta kuleroak oraindik izterrean trabatuta dituela irekiko du atea. Eta esango diot, Bond-ek erabiliko lituzkeen ahots sarkor eta irriño maltzurraz:

        — Idazten hasi naiz berriro, maitea.

        Esaldiak, hitz magikoz osatutako pasaportearen antzera, oherako sarbidea ahalbidetuko dit. Bidean arropak kenduko dizkiot, zabarki, filmetan bezala. Edo akaso ez gara logelara ere helduko, batek daki, apasionatua da-eta Julia nahi duenean. Bai, ziur naiz, berriro idazten hasi naizela esanez gero pasilloan bertan egingo genukeela txortan, zutik, estropezuka.

        Ditxosozko eleberri hura irakurtzera eman nioenean esperantza handiak jarri zituen nigan. Berak orri haietan atzemandako talentuak ondo kamuflaturik behar zuen, edozelan ere, editorialik ez baitzuen aurkitu. Literaturaz zipitzik ez dakien arren, tematia da Julia; jomuga tronpatua nuelako, bere aholkuak eraman ninduen ondoren narrazioak idaztera. Eleberria bezain baldarrak ipuinak, nonbait, editoreen iritzian. Eta ilusioa ahitu zitzaidan hein berean joan zitzaion Juliari bere barne sua.

        Kitzikatuta, komuneko atera hurbildu naiz, eztarria garbitu dut eta tentuz aukeratu ditut hitzak:

        — Patata tortilla prestatuko dut gaur afaltzeko —esan diot—. Ondo? —erantsi dut modu absurdoan.

        Juliak ez du ezer esan. Kuleroak jantzi, gonari tira egin eta uraren botoiari sakatu dio, ispiluan begi ertzetako lehen bi zimurrei begira hasi baino lehen.

        Sukaldera alde egin dut. Zortziak laurden gutxi markatzen ditu labeko erloju digitalak. Goizegi, sukaldean irratiarekin isolatu eta afaria prestatzen hasteko. Beranduegi, hogei urteko Glen Roost botila ireki eta egongelako sofan Juliaren zain gelditzeko; komunetik itzulitakoan ez baitu ni idazlea aurkituko, herenegungo morroi alfer berbera baizik.

        — Zaborra ateratzera noa —esan diot urrutitik.

        Igogailua hartu dut, nahiz eta normalean oinez jaisten naizen bosgarren solairutik. Tranpa mortala dira ihesbiderik gabeko tramankulu itxi horiek. Baina gaur bai, igogailuan norbaitekin topo egitea desio dut. Bigarren solairuko atsoarekin, esaterako; Gestapoko interrogatzailea dirudien horrekin. Eta esango lidake:

        — Taaa? Lanik aurkitu al dugu, ba?

        Langabezia ez baita egoera soil bat. Organismoan eta nortasunean itsasten den zera likatsu bat baizik. Ageriko minbizi moduko bat.

        — Ezta beharrik ere. Nobela bat idazten ari naiz!

        Eta atsoa zur eta lur. Inoiz liburu ziztrin bat irakurri ez duen arren, idazlea izatea, berarentzat, denentzat bezala, eginbehar sakratua baita. Idazleei luzatzen zaizkien begiradek mirespena islatzen dute... edo erdeinua, edo ikara. Errukia (sentimenduen artean zital, zabar eta ankerrena) sekula ez.

        Tabernan sartu naizenean hala esan diot Jokini, barrako zerbitzari militante eta aspaldi ikusi gabeko lagunari:

        — Idazteari ekin zioat berriro.

        Letoizko armadura batek babestuko banindu ez nengoke gotortuago. Idazlea naizela aldarrikatzen dut pregoilari batek baino ahots harroagoaz. Denei mintzo natzaie hanpatsu, adi entzuten didatenei eta gogoa urrun iltzatuta daukatenei. Eta denek, baita inori errespeturik zor ez diotenek ere, txundituta behatzen naute.

        — Ea bihar ere etortzen haizen —diost Jokinek; esan baino eskatu.

        Eta baietz erantzun nik, badakit-eta nire klandestinitate garaiak amaitu direla: langabezian egonik ere idazlea bainaiz berriz tupustean. Eta aurrerantzean ez daukat ezertaz lotsatu edo inorengandik ezkutatu beharrik.

        Itzuli naiz etxerantz. Geldialdiak egin ditut farola azpietan, zakurrak paseatzera irtendako auzo-lagunek ikus nazaten. Diosalak partitu ditut aita santuak bedeinkapenak partitzen dituen eran. Biharko plangintza mentala egin dut etxe atarian. Isilpeko nire existentzia bakartia hautsi eta denen bistara egingo ditut bihar erosketak. Soseguz, oinezkoen begiradei tente eutsiz, auzotarrei nire aldarte amultsuena erakutsiz. Juliari, ordea, ez diot tutik esango. Ez oraingoz, bederen. Izutu egiten nau gurea tinkotzen duen sokatik tiraka ibiltzeak. Ez alferrik, errutinak eta sinismen faltsuek txirikordatutako soka baita gu lotzen gaituena; baina, beste ezeren gainetik, erosoa zaidalako porrota, ez dudalako adorerik egun bat bestearen iguala ez dela antzezteko.

        Zortzi eta erdiak puntuan jo dutenean sartu naiz etxean. Lan-gelan aurkitu dut Julia. Espantuzko keinua du bisaian. Lehenengo nigan eta ondoren nire portatileko pantailan pausatu du begirada.

        «Ito arteko aspergarri eta monotonoa behar du izan nire bizitza errealak, bestea, imajinatua, orriotan erna dadin. Horixe da nirekin bizi direnen kondena», irakur daiteke epitafioak zizelkatzen diren amorru berberaz idatzitako testuan.