8
Bovary
Psikoanalistak grabagailuari play sakatu eta gainezka egindako urak bazterrak bezala hartu du ahotsak gela. Boz mehea duen arren, norbait zigortu nahi balu bezala mintzo da emakumea, zartadaka: azoteen gisan luzatzen ditu zetak.
«Orain sentimendu horretan errekonozitzen ez banaiz ere, higuingarriak zitzaizkidan garai batean futbol jarraitzaileak. Nola esango nizuke, ba, elastiko zuri-gorri horiek gizartearen gabezia guztiak islatu eta nire porrot pertsonala hain uzten zuten agerian... Gorroto nituen haien iskanbila eskandaluzkoak, orro adoretsuak eta, batez ere, neurriz gaineko poz erakustaldiak. Dolu bainindoan ni sasoi hartan, exhibizionismo agerraldi iraingarriak iruditzen zitzaizkidan...».
Laurak boligrafo gorriz idatzi du koadernotxoan: Bere ametsen heriotza goiztiarrarengatik doluz?
«...Pentsa, etxerako bidean kalea gurutzatu behar izaten nuen tabernako terrazan bildutakoen aldamenetik ez pasatzearren! Igande hartan nire burua nabarmentzeko premia sentitu eta desbideratu ordez aurrera segitu nuen. Futbolari beha zeudenen arreta neureganatu eta haien begirada gordin, esplizitu eta lotsagabeak jaso nahi nituen. Ez da kontu makala gero, laneko uniformez jantzita bainindoan! Begira, ez naiz atentzioa ematen dutenetakoa. Sekula ez naiz makillatzen, dagozkidanak baino arropa zabalagoak janzten ditut eta, amak dioen bezala, irudiko luke neure burua zatartzeko ahalegin bizian nabilela une oro. 'Edozeinek esango luke trapuon atzean neska bat dagoenik, emakumea!', esaten dit temati. Tira, orain ez dizkit holakoak esaten; orain baditu amak itxuraz haratagoko kezkak».
Laurak hasperen nekatu bat eginez idatzi du: Ama-alaben arteko gatazka toxiko zantzuak ote?
«Bazuen gizonak axolagabetasun iradokitzaile moduko bat. Nola esango nizuke ba; eite idor, zorrotz eta interesgarria. Bazirudien eremu magnetiko batek babesten zuela anabasa zalapartatsu hartatik.
«Kasik oharkabean hasi nintzen makillatzen. Ez dut gogoratzen behintzat goiz batean ohetik jaiki eta 'gaur makillatu egingo naiz!' edo halako zerbait esan nionik nire buruari. Ez nuke jakingo esaten, ezta ere, zein egunetan eman zidan armairua hankaz gora jartzeko bulkada hori. Haatik, ez dut bat-batean gertatu zen inpresiorik.
«Igande arratsalde hartan igogailuan hartu nuen sustoaz akordatzen naiz: jaisteko botoiari sakatu eta gero ustekabean egin bainuen topo ispiluko Ni berriarekin. Ez nintzen ausartu ikusi nuenaren juzkurik egitera. Futbolzale misteriotsuaren begiradak axolatzen ninduen, ez beste ezerk. Ez nekien, sikiera, ze klasetako begirada jaso nahi nuen: iganderoko zurrun eta hotz hori, ala berri bat, lizunagoa. Terrazara hurbiltzera nindoala espantuzko pentsamendu makur bat etorri zitzaidan gogora: eta ez modu batera ez bestera begiratzen ez banau?
«Izuaren menera gelditu nintzen tarte batez. Harri bihurtuta. Atera nuen, dena den, lauzpabost pauso kulunkan emateko adore nahikoa. Eta han abiatu nintzen, Harlemera barneratutako turista zuriaren aldarte zalantzakor berberaz.
«Gerokoak ez dauzkat zehatz gordeta memorian. Xehetasunik gabeko irudiak dira oroimenak erakusten dizkidanak. Erreskatatu nahi ditudanean iskin egiten didate eta behar ez ditudanean tupustean etortzen zaizkit, aparizioak bezala. Tira, ezer berririk ez: erauntsitako gudu-zelaia baino ihartuagoa dut kaskoa».
Laurak arin idatzi du: Izaera egiazkoaren eta faltsuaren arteko norgehiagokaren ondorioa?
«Gizon asaldagaitzak Iñigo Miguel izena zuen. Ez dut uste benetako izena denik. Abizen arranditsu baten babesa edo zeukana baino gizontasun handiagoa behar du batek norbere burua deitura elkartu aristokratikoaz aurkezteko. Ez zidan kupoi saltzaile bati egingo liokeen baino kasu gehiago egin, emaitzaren inguruko nire jakin-min itxuratiari esku bateko hatz erakuslea altxatuz eta bestearekin 0 bat marraztuz erantzun baitzion. 'Hara, ze pena!' esatea baino ez zitzaidan otu, pentsa. Ni baino txepelagorik, gutxi.
«Iñigo Miguelen zirujau-begiradaren lilurapean gatibatuta nengoenez, hain zen trinko eta tentagarria, musu eman nion birritan pentsatu gabe. Etxe atarian bigarrena, igogailuaren zain geundela hirugarrena eta, gorantz gindoazela, beste dozena erdi bat. Maitasun idilikoaren zain dauden ipuinetako printzesa leloak baino miretsiago biluztu nintzen geroxeago gelan».
Bovary!, idatzi du Laurak, irriño bat disimulatuz, ironiak formula bihurria osatu baitio gogoan: Freudek ematen didan ahalagatik, Bovary izenaz bataiatzen zaitut!
«Ipuin honek ez zuen zorioneko amaierarik izan, edozelan ere. Jesus!, kimerez ehundutako sarean hezten gaituzte eta bizitza santu osoa ematen dugu ondoren hautsitako hariak konpontzen! Ez nuen haren zakil txepela altxatzerik lortu. Ezpain artean gelditu zitzaidan muskulu eroria, errenditutakoen masta hautsian bandera bezala. Negar zotinka hasi nintzaion, desenkusaka, erruki eske».
Laurak, hitz egokienak bilatzeko tartea hartu ostean, idatzi du: Arraren plazeraren ardura emeari dagokiola barneraturik dauka. Erruduntasun sentimendu horrek ezkutatuko amatasun nahi inkontziente bat erakusten ote du?
«Gauza bat esango dizut: ez zait sexua bereziki interesatzen. Ez da frigidoa edo anorgasmikoa naizela, berotzea asko kostatzen zaidala baizik. Praktikaz dakit, oso promiskuoa izan bainaiz. Lehen asko larritzen ninduen horrek. Orain ez hainbeste, ikasi dut-eta desioa aintzat ez hartzen. Emakume praktikoa naiz beste ezer baino lehen».
Idatzi behar zuena hausnartu ondoren ipini du Laurak: Formazio reaktiboa. Sakoneko trauma adieraz dezake Egoaren defentsa mekanismo horrek. Aztertu beharrekoa.
«Ez niri zomorro bati bezala begiratu! Pako Aristiri entzuna diot behinola hark Harkaitz Cano edo beste norbaiti entzundako pasarte bat, non esaten zuen loak hartu aurretiko unean besarkatzen dugun pertsona dela munduan daukagun helduleku bakarra. Gauetako ilunpeko bakardade sarkor horren gibelean sentitzen den izuaz mintzo zen, noski, ez bazkalosteko lo kuluxka gatzik gabekoaz.
«Joseph Conraden Ilunpearen bihotzean eleberria ezagutzen? Horrorea, ai, horrorea... esaten zuen Kutz pertsonaiak, eldarnio betean. Zera, inpresioa dut, bakarrik bizi direnek baino ezin dutela gizon hautsi horren izua konprenitu. Izarapean atezu konstantean kiribilduta egote hori, dardarei ezin eutsita, zeozer gertatuko zain bazeunde bezala: lekuz kanpoko zarata arrotz bat, ideia matxinatuen ustekabeko erasoaldi beldurgarriak... horrorea, bai, horrorea».
Deskubrimendua egin duenaren aldartez idatzi du Laurak: Ni faltsua gailentzen zaio behin eta berriz benetakoari, zeina uzkurtuta baina nabarmendu nahian dagoen inkontzientearen barrenean.
«Gustatu zitzaidan nola besarkatu ninduen Iñigo Miguelek lo hartzean. Hainbeste ezen ohean ezinbesteko konpainia zaidan trapuzko panpina ere ahantzita utzi nuen bazterrean. Bularra nire bizkarrera lotu, bi besoekin inguratu eta ipurmasailean tinkatu zidan gerrialdea. Iztartean sentitzen nuen Iñigo Miguelen zakil umel eta derrotatua. Bietako inork ez zuen augurio kezkagarri horren inguruko aipamenik egin. Bostekoak tratua balioztatzen duen bezala onetsi zuen Iñigo Miguelen eusteko modu hark bion arteko harreman kontzebitu berria».
Laurak keztaturik idatzi du: Bovaryk objektu transakzionalari dion atxikimendu garaiz kanpoko horrek zein gabezia ezkuta lezake?
«Harremanaren gauzatze behin betikoa, nola ez, amaren onespenak ekarri zuen. Ikaragarrizko arindua hartu nuen nik berria ematean eta egundoko poza amak jasotzean, dramatikoa iruditzen baitzitzaien familiakoei etxeko gazteenaren bakardade adierazgarri hori. Ez zuten —amak batez ere, ahizpa ezkonduak ez horrenbeste— bakardadea egoera pertsonal lez ikusten, gaixotasun baten zantzu nabaria balitz moduan baizik. Hogeita hamar urterekin mutil-lagunik ez edukitzea txikikeria iragankor bat izan zitekeen, apika. Baina berrogeiak ondo beteta zituenarengan gaitz larriago baten ebidentzia zen, ezelako dudarik gabe. Jesusen ama, entzun behar direnak! Bistan da: norbaiti arrimatuta ikusi nahi nau amak, zela edo hala, dela mutila edo dela neska».
Hazpegia zimurtuz idatzi du Laurak: Ama zikiratzailearen eragin nabarmena. Sindrome horren ondorioetan sakondu beharko dut hurrengo sesioetan.
«Tumore bat aurkitu balidate, baina onbera dela esango banio, ez luke amak poz handiagorik hartuko. Albistea eman eta ondorengo galdeketa gupidagabeari ahalik eta gogaldi baikorrenaz erantzun nion, asko kontsolatzen baininduen ama alai ikusteak.
«— Iñigo Miguel, beraz. Euskalduna al da? Zertan lan egiten du?
«Ez zion lehenengo erantzunak grazia handiegirik egin, antza, bekainak zimurtu eta kopetilun jarri zen-eta atsoa, baina istant bat baino ez zen izan, Iñigo Miguelen ofizioa aipatzearekin batera errekuperatu baitzuen amak arestiko euforia. Zera iruditu zitzaidan: loteria tokatuta ere ez lukeela poz biziagorik hartuko. Funtzionario hitzak badu halako eragin baltsamikoa batzuengan. Nire amarengan, liluragarria, zehaztasun gehiagoren peskizan abiatu ordez hitza murduskatzen gelditu baitzen tarte luzez.
«Jakin-jakin, elkarrekin generamatzan hamabostaldia eta gero, ez bainekien Iñigo Miguelez ezer. Ganorazkorik, behintzat, deus gutxi. Funtzionarioa zela eta futbola izugarri gustatzen zitzaiola, horixe baino ez. Futbola baino gehiago, Athletic, berari sarri azpimarratzea gustatzen zitzaionez.
«Nortasun faltak eraman omen zuen harmailetara, mendre halakoa. 'Ez nire nortasun propioak' esan zidan bere ahots ez malezia ez gatzik gabeko harekin, 'nazio identitatearen zentzuan ulertu behar duzu nortasunarena'. Iñigo Miguelen esanetan, euskara ez menderatzeak airean zintzilikatua bezala uzten zituen bera modukoak Euskal Herrian. Entre Pinto y Valdemoro, zehazki bere hitzetan. Abertzaletzat omen zuen bere burua, norbere bizilekua goretsi eta besteena degradatzen dutenen lokalismo zahar hori baino aldarrikatzen ez zuen arren, benetan, kaiku halakoak. Bizilekuak berdin balio baitzion herria, mankomunitatea, norbere etxea, kotxea edo baratzea izendatzeko. Gizagaixoa ez zen bere sentimendua —bat bakarra, sinplea— esplikatzeko kapaz. Horrela laburbilduko nuke nik: nire aitaren etxea gotorleku bihurtuko dut besteengandik babesteko. Eta gero komenientziaren arabera jarriko ditut etxe horren paretak Ceutako mugan, Europako kanpoaldean, edo nire auzunearen eta hurrengoaren arteko farola ondoan. Hara, ni ez naiz analista, baina traumen inguruko bi kiloko tratatu bat egiteko bezain nahasia du hark kaskoa!
«Sumatuak nituen ordurako txepeltasun zantzu aski nabariak Iñigo Miguelengan, ez naiz emakume inozoa. Baina, zuek diozuen moduan, ikusitakoaren pertzepzioa behatzen ari denaren nahiak baldintzatzen omen du, ondorioz garrantzirik gabeko seinale lausotzat hartu nituen. Mea culparik ez, beraz. Ados, badut maitasunaren ideia gurtzeko joera infantila, zeinak itsutu eta lelokeriak egitera bultzatu nauen behin baino gehiagotan. Baina ez ezazu bakardadea gutxietsi: itsutasun egoskor berberak gobernatzen ditu bakarrik egoteaz gogaitutakoaren eta maiteminduaren arrazoia, zuk ere badakizu horrenbeste».
Lotsatuta idatzi du Laurak: Nota pertsonala... horren agerikoa ote da nire atsekabe propioa?
«Ez nuen amore eman, beraz. Areago, inpresioa daukat tentel bat trebatu nahiaren erronkak seduzitu egin ninduela. Jeneral batek kontraerasoa prestatzen duen modu artatsu berean planifikatu nituen hurrengo pausoak, ez bainengoen gudu hura galtzeko prest. Lehenengo eta behin, futboletik urrundu eta bestelako diziplinetara erakartzea erabaki nuen, hartara, eta suerte apur batekin, Iñigo Miguelek gauza guztiekiko erakusten zuen jarrera axolagabeari astindu bat eman eta haren barrenean gordetako kuriositatea piztea lortuko nuen.
«Hara, konfiantza osoz mintzatuko natzaizu: zenbaitzuk arnastea doan delako bizi direla egia hutsa da. Giltza bat dute buruan. Off ematen diote eta jada ez die ezerk hunkitzen ez minik ematen. Inmuneak dira. Iñigo Miguelen aburuz, pobreak Afrikan zeuden, agintari ustelak Australian eta bere arazo pertsonalak praketako poltsikoetako batean kabitzen ziren. Bi gauzek baino ez zuten egiazki gatzgabe hura arduratzen: eguraldiak eta Athleticen sailkapenak ligan. Sexu kontuetan erakusten zuen trebezia faltak ere ez zuten batere aztoratzen ganorabako halakoa! Eguraldiarekin, ostera, bereziki zen temosoa. Bazuen sakelako telefonoan iragarpenen berri ematen zion aplikazio bat, eta uneoro ibili ohi zen hari begira, Andoni Aizpuru bailitzan, entzuteko adorea zuenari hurrengo egun eta asteetarako pronostikoa ematen».
Laurak utzi egin dio oharrak idazteari. Bere pentsamenduetan katramilatu da. Erle baten burrunba urduria besterik ez du adituko aurrerantzean.
«Eraman nuen zinera eta antzerkira. Baita jada gogoan ez daukadan hitzaldiren batera. Eta musika kontzertuetara. Jabearen esanei errenditutako zakur baten jarrera otzanaz segitzen zidan Iñigo Miguelek hara eta hona, eta gustatzen zitzaidan entrega hori, zer demontre! Ikusi genituen La vida de Adèle, Loreak eta Hamlet antzezlana erreskadan, aste berean. Zera pentsatu nuen: ez baditu gaindosi kultural honen inpaktuak lelo honen barrenak astintzen, ez du ezerk eragingo. Estrategiak ez zuen funtzionatu, bistan da. Ondoren ohean baieztatu nuenez, La vida de Adèleko eszena esplizituenek ez hotz ez bero utzi zuten Iñigo Miguel. Ez zirudien, ezta ere, Loreak eta Hamlet ulertu ez izanak euskararekiko interes txikiena piztu ziotenik funtzionarioari.
«Kuriositate ezak eragin narkotizatzailea zuen Iñigo Miguelengan. Interesatzen ez zitzaizkion gauzek —denek, bistan zenez— ez zuten soilik aspertzen, baita absentzia moduko egoera batera eraman ere.
«Mahomarena egitea beste irtenbiderik ez zitzaidan gelditu, ulertuko duzunez. Iñigo Miguelen elastikoa tiraderatik atera, bizkarrean Aduriz izena zeraman laurogei euroko bigarren bat erosi, eta San Mamesera abiatu ginen Athletic eta Barcelonaren arteko partida ikustera. Ez daukat hitzik han sentitu nuena adierazteko. Galdetuko bazenio, mutil-lagunaren influentziapeko delirio iragankor gisa definituko luke amak. Mordoka metatutako behar afektibo baten inplosio germinala, edo antzeko beste pitokeriaren bat, izan litekeela esango didazu zuk luze gabe. Eta Iñigo Miguelek, azkenik, bere espazio propioaren desjabetze behartuaren lehenengo pauso deituko lioke.
«Poz betekada pletoriko bat. Liberazio katartiko bat. Multzo bizi baten parte aktibo sentitzearen plazer ikaragarria. Deitu nahi diozun bezala eta analizatu sudurraren puntan jartzen zaizun eran, niri bost.
«Gau hartan, inoiz ez bezala kitzikatua bainengoen, Iñigo Miguelen suhar sexual agoniatsua hauspotzeko hasi nintzaion 'Jaurti baloia! Egin gol! Sartuidazu eskuadratik!' eta halako gordinkeriak esaten. Eta, sinetsi egidazu, ondo zihoan dena, gorako bidean. Hainbeste ezen behingoagatik luzapena ere jokatuko genuela iruditu baitzitzaidan. Gailurra jo guran Visca Barça! garrasi egin nuenean... Iñigo Miguelen zakila orsai gelditu zen arte, aizu, orgasmoaren atarian bertan. Odolgabe halakoa zur eta lur begira gelditu zitzaidan, sarrera kriminal horietako bat jaso duen aurrelariaren tankeran. 'Ez dut halakorik merezi!' esan eta alde egin zuen, zazpi gol jasotako atezainaren gogaldi astindu berberaz.
«Ez dut merezi! Zer iruditzen? Marka da gero! Ordura arte hainbatetan neronek erabilitako estakuru arranguratsu horrek hunkitu egin ninduen. Erraietaraino barneratua daukagunez andrazkook gabeziadun izakiak garelako inpresioa, erruki existentzial moduko bat aldarrikatzeko erabiltzen ditugu halako estalki mainatiak gauzak nahi ez bezala doazkigunean. Ez du izenik psikoanalisian tara horrek? Nolabait ere, gutxiago garen irakaspen inkontziente horren ondorioz zoriak patu hobea zor digula uste dugu. Ez dut merezi... Eta voilà, zer esango dizut ba, indartsu sentitu nintzen bat-batean. Indartuago baino, gizonduago sentiarazi ninduen, zehatzago esateko, erreklamazio emetu hura entzuteak.
«Haatik, desjabetuari ez zitzaion arrazoirik falta, gizajo miserablea! Bata bestearen segidan etorri baitzaizkio beste hainbat igande eta larunbat hastapeneko hari...
«Jakina, xake jokalariaren abileziaz burututako azpilan makiavelikoa baliatu dudala esango lizuke hark zure aurrean balego. Baina nik ez dut uste inoren espazio partikularra inbaditu dudanik. Areago, zerbait konkistatzekotan, abandonatutako espazio huts bat konkistatu dut nik, Iñigo Miguelek berak hutsik utzitako hori, hain zuzen.
«Asko zor diot futbolari. Besteak beste, nire buruarekiko ahalduntze maskulino moduko bat. Gizonen arauetan marduldutako emakumea naiz orain eta pozik bizi naiz nire lagunarte konpaktuaren babesean. Esaiozu beraz hori amari, ondo ikusi nauzula, gizonduta, sekta batean banengo baino ardura handiagoaz begiratzen dit-eta azkenaldi honetan. Horrexegatik ametitu dut kontsultara etortzea, ez pentsa, hari mesede egitearren, ez baitut uste psikoterapeuta baten aholkuak behar ditudanik, inondik inora».