Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

12

 

Güneka arra-berritzen ari ziren Atarratzeko bidean, Joana ene kantüan erdi-lo zagon, eta nik orano gaüko ikuskizün trajikoaren ütxürak nütüan gogoan. Oritzen nintzan partikülazki, Bereterretxen begitarte zühür bezain gogorraz. Aldi berean maitatzen ikasten nüan Bereterretx horren ürratsa geroago hürrünago zeitan. Ba nakian amets bat baizik ez zela, eta aize hegoaren imaterialitatea züala, amiñi bat Jimen gisa. Egia erran, Jimen imaterialitatea telefona-dei batez hauts nezake, ordea zinezko amodioala indar haboroegi egin behar zelakoan, nahiago nüan balizko —sekülan segürtatzen ez zen— zoriontarzünaren ildotik ez abiatü. Joanak aldiz Haitzen materialitatearen lehia züan, eta hori ejer atzamaiten nüan: amodio-bidea hunkigarri beit zatekean ondarrean, Iotsaren aztaparretan preso ez zenarentako. Bereterretxen ahorpegiaren nostalgia nüan orozbat, eta aitzina joaiten ginen Liginagako herriaren trebesatzez.

      —E! Joana!

      —Ze zu ?

      —Ürxoak!

      Ipularrean eküratü ginen, zelü urdinegian galtzen ziren txori migrazaleen hegaldien segitzeko. Joana, doia iratzarririk, harritürik zen, üdüriz ez züala ihoiz holakorik begistatü. Lühertzeko harroken gaintitik aidatzen ziren ürxoak, eta larrazkenaren hatsarrehatsarrea izana gatik, —lanjerra edonontik jin lizate!— presan ba zoatzan «elürrez beteak ziren» bortüer bürüz. Joanak marmaratü züan:

      —Kok bedein bizia salbatren izue.

      —Bai, zonbaitek bai phü.

      Ühaitzaren gurguria zehargia horra zen errekatik gure beharrietarat, hegoaren bailaka lagün. Mintzatü gabe, Joanak eta biok, ürrietako ürxo-pasaien krüdelkeria imaginatü günüan: esküalte orotarik heltüko ziren ihizlariak, beren dretez hantürik, katkatretan xenden larrützera, harma eta jauntsi-kaki greügarrieki, mündüari minik egiten ere ez züen hegazti eztien ehaitera. Güziak txori ebiltariak ginela giniolarik, desertüetako harainaren epelak ezürrak berotü zeizkün, eta gogapenak «herio latza»ren asmotik saihestü. Irostarzün koxiaz jabetü ginen, eta zelüa sarri dolütan lehertüko zeiküla gogazkatü günüan. Arrastiriko odeiak alabena, gorritzen ari ziren eta mente-ürrentze ixilaz bete ginen. Lanjerra bertan zagon. Elearen hariaren iruten arra-hasi ginelarik, Joanari, hatxeirüzko hitzez, laüdatü neion Xiberoko Zelüa, negüaren hüilantzearekilan zoinen paregabea bilakatzen zen, urte oroz milaka ürxo eta kürlo iragaiten zirelarik, üngürümen etsitüaren krükrü lüzez biziaraztez, orenak orentegi gastatzen zirela txorien hegaltaka baratxak jarraikitzen, eta gero gaüko ametsaren eremüa ere trebesatzen züala kürloen kantoreen oiharzünak. Zelüari so ginaudelarik Ansoposeko kamioi erraldoi batek altxatü errautsak bixta llabürtü zeikün. Eztülka ari ginen. Eta bai... hau zen errealitatea: txori ebiltari elibat ginen... eta bizkitartean gure Lürrak sardeskatzen zeizküen.

      —Goazan! —ahül bat ahozkatü züan Joanak.

      4Lean sartü ginen, zelüaren arintarzünetik errealitate pezüala lerratzea ezin honartüzkoa beit litzan. Halarik ere, errealitatearen errontetik partitzen ziren ezkapi ühinetarik bati etxeki nintzeion, eta Bereterretxen argaltarzün minkorra jin zeitan izpiritüaren kilikatzera. Maitekortzen ari nintzana? Ata Maulerat heltü ordüko Jimen deitzeko erabakia hartürik nüan. Ene kasüan inbea, momentü gogorretan agertzen zen, eta gero, bizia anpletzen zelarik arras desagertzen; Gaxpar Büztanobiren kausitzeko estakürüaren kraxtürüetan lotürik nintzan, auherkeria sentimentalaren jüstifikatzeko.

      Atarratzen kafe bedera edan günüan. Plaza hütsik zagola ohartü gintekean, mezperako mobimentü linguistiko-politikoak ixiltürik beit ziren ja. Gük ere hortzaz gain, gaü nahasia egari günüan eta ez ginen haboro debaldezko haurkerietan higatzeko gei. Ostatüko mürrüan orano ixkilimatürik zen Atarratzeko besten afitxa: Ansoposek sos inkaü bat eman züan Basabürüko hiri nausiak ospakizün aberatsak jenteer eskentzeko gisan. Gazodükaren egileek nahi zükeen erakutsi zinez eskü-zabal izaten bazakiela, nola lehenago Erromako agintariek zirko-joküetarat saldoak biltzeko ogia kitorik barreatzen züen. Orozbat gazodükaren asmazaleek jakinik züen Herri Honek berotzeko inkatza behar züala, eta edozoin moldez, inkatz kiretsa banatzen züen jaunkilloten baimenareki. Bena, denbora joan arau, nabari zen gazodükaren «inkatzak» ez züala ondoramen bekaitxa baizik ükenen. Ahapetik ari nintzan kafearen hürrüpatzez:

      —Harrizko Herri Hau.

      —Ze erraiten zu? Aresti ezagun zu ala?

      —Bai.

      Eta Joanaren ahoa idekirik üztez, ostatüko ixiltarzüna moztü züan Arestiren olerki zati baten aranak:

 

            Egün batetan

            ez dü ihork

            deüs erosiko;

            egün batetan

            ez da merkatüetan

            axüririk merke

            saldüko;

            egün batetan

            güziak girateke

            zoriontsüak.

 

      Joana erriz lehertü zen, Arestiren poemak xiberotarrez sekülan ez zütüalakoz entzün eta «sagarren» ordez, elbren arrenkürer hüilanago zen «axürien» geia jarri nüalakoz. Karkazak anpletü zirelarik, kikeren eta goilareen sonüak bete züan ostatüaren barnea. Bakotxa bere pentsamentüketan galdü zen. Gazodükaren mehatxüalat bideratü ziren eneak: Maulen eta Atarratzen etxez-etxe ebilten ziren jadanik gdfko mitilak, erraiten züela gazodüka eginik zela parte handi batez. Prefosta gezürra zen. Ezin zilatüzko puzkak ba ziren orano güneka Larraineko bürdüin-oletan adibidez, edo Mitikile eta Sütsi herrixketan. Mitikilen ezar dezagün, Matalasen garaietan bezala, herritarrak prestik ziren indarrez gazodükaren hedatzearen epantxatzeko: «Gük, goratik diogü gazbidea, Mitikile eta Sütsitik igaraitearen kontre egoiten girela fermüki. Behar datekean bühürtzea egiteko xedeetan gira, züzena guretako beit dügü...» idazten züen oldarzaleek egünkariek argitaratü agirietan.

      —Izanen zu borroka ohono!

      —Bai, segür aski bai.

      —Kola, Zaraitzu re salbatren gu.

      —Ailedi! —erantsi nüan Joanaren opa xügünari.

      Kafe ttankak agortürik ostatütik elki ginen, mihiak pezü eta begi-zokoak idor senditzen güntüalarik.

      —Goazen Lakarrirat... zerbait berri ba düenez.

      —Büztanobrat?

      —Bai, amañiareki elestatü behar nikezü.

      —Arren.

      Aste bardinean, hamargerrenekoz hartü günüan Lakarriko bide hersia. Leküak engoitik ezagün güntüan, bena Altzaiko Elizaren planta larderiatsüak, aldi oroz türbüsten zütüan gure gogo düdakorrak. Ordea besta handi biharamen batean bezala —aho-sabaiak txüko!— autoak berak gidatü güntüan Büztanobiko lobiroalaino. Zelüaren ejertarzünaz begien bailakatzeko, Ahüzki gainari so egon ginen, eta nik segeretüki agiantzen nüan Bereterretxen arra-ikustea. Lehen xixtan, aizearen murmurio amorezüa baizik ez zen apertzebitzen, bena beharriak aizearen gurguria eztia ahazten züalarik, lür-petikako dei hanitxen gisa, sortzen ziren intziri ahülak mezperan bezain beldürgarriak zeizkün. Joana ützülikatü zeitan:

      —Non da Gaxpar?

      —Kori zu galtoa maitia! —eman neion arrapostü erri-gogoz, eta Joanaren eüskalkiaren ikasten ari nintzala erakustez. Joanak begirada bideko garailetan itzatü züan mütütürik, eta arrunt Büztanobin ginen.

      Büztanobiko amañia bortala jin zen, autoaren herotsa behatü ordüko. Imur honez agurtü güntüan, eta behinkoz Joana ützi züan eneki Büztanobiko ezkaratzean sartzera. Azkenean Zaraitzuko kolaborazalea honartzen züan amañiak. Mintzatü nintzeion:

      —Gaxpar hor dizügü nonbait... intzirika.

      —Ixil zite otoi! —amañia hits zen.

      Segitü nüan:

      —Barda... Jaun Konteakeho dizü Bereterretx... eta intziriak gero...

      —Ertzotzen ari zidee bai biak.

      —Lotsa ejerra phü egari dizügü.

      Aize hegoak kanpoan hedatü mihiseak kolpekatzen zütüan. Amañiak jarraiki züan:

      —Ni belagilea nüzü.

      —Baia? —ihardetsi nüan xoilik amañiak bere poterea salatü züalarik, eta hitzez hitz erran zeikün Büztanobin izan ginen batez, auto barnealat amets belarra urtuki züala, eta üdürialat ontsa ba zakian mezperan Ezpeldoi alteko ülünean ez-ohizko ehaitearen ikuskizüna jasan günüala.

      —Amets-errautsak... üsatüzko ametsaren haraintialat eroan zütüe!

      —Doors of perception —murmuzikatü züan Joanak ingelesez, eta harritürik so baratü nintzeion—. Prefosta! —erantsi züan bere bürüaz harro, zaraitzuarrak.

      Amañia galtozkatzen narraikan:

      —Bai phü. Eta intziriak?

      —Lürrarenak dütüzü. Zonbait egünez besteek apertzebitzen ez dütüen sonü-xeheak oro entzünen dütüzüe —ihardetsi züan amañiak, solasaren heinaren etxekitzez—. Alabatxiak ere ikusten dütü gük ikusten ez dütügünak.

      —A!

      Zer orano? Amañiak sükaltealat eraman güntüan. Züzülüaren gainan etxekandere gaztea nigarrez zagon eta alabatxia bere jokü eletronikoan txoxtakatzen. Ordülariaren tik-tak monotonoak mozten züan Space War lojizielaren txinkakatzea.

      —Anple zite Maddalen! —erran zeion eztiki amañiak, eskü-ahürra Maddalen zelakoaren soinean pausatzez. Bapatean Maddalen ohartü zelarik gü hor ginela (estranjer elibat), ttanka loditan hurtü zen. Etxekandere gazteak hitza hartü züan:

      —Errejentak eskolalat jinarazi nizü. Kexü züzün oso. Marisantzek atzo redakzione drole bat izkribatü diozü gisala...

      —Atx!

      —...eta Gaz-Parsekoak ginenez jakin nahi zizün!

      —Gaz-Parsekoak züek?

      Tiatroaren kalmatzearen aldekoa nintzan. Etxekandere gazteak ordea, ez züan nigarretan eküratzerik. Hipaka ari zen eta mahainaren kantu batetan zagon «bekatüaren» jakilea lüzatü zeitan. Alabatxia —beraz Marisantz izena züan hameka urteko printsesak— arras baketsü agertzen zen, itxaso bilakatzear zen Büztanobiko sükaltean. Paperaren irakurtzen hasi nintzan. Hatsarrean ez nüan deüs süsmagarririk ediren, bena idazkian aitzina joan arau, oilo-larrüa azten zeitan korpitz güzian. Marisantz, aitañi Gaxparren desagertzeaz inkiet zela nabari zen, eta elez-ele,Lakarri zolan iraganen zen gazodükaren zartatzea ütxüratzen züan, jokü eletronikoetan noizean behin agertzen ziren zenario-katastrof xinpleen ildotik. Bena Marisantzen aditzak joküak beno lotsagarriagoak ziren, gazodükaren ixtorioa oraikoa eta hüilana beit zen, süntsitü güneak —jenteak ere!— oro halaber ezagünak. Ibar-esküina sütan erakusten züan, eta irakurten ari nintzalarik etxekandere gaztearen daldara herotsak mingarriak zeiztan ber zoinüan. Galtatü neion:

      —Eta zer erran deizü errejentak?

      —Ez züala haboro Marisantz eskolalat nahi. Sorgina zela.

      —Sorgina?

      —Bai, bere amañiaren gisa.

      —...eheeeeem!

      —Ez düzü haüzü gazodükaren kontre izatea!

      Doiez harritürik nintzan. Frantses eskoletan beti lelo bardinak ziren, beti debetzeak, beti ixilik egoitera behartürik, beti indarraren legearen honartzea, eta Maddalenen kontsolatzen iseatzeko, kasik salatü neion aski züala Marisantzen ikastolan ezartea... han pürü... bena, ezpainak ez nütüan igitü zer hel ere! Beste aldetik Marisantzen izüa entelegatzen nüan: alabena, multinazionalek diharüa ausarki irabazteko planeki, planeta porrokitzearen arriskü handia ba zen, eta gure ondokoer lür zikina baizik ez günüan ütziko, nekearen, ondarkinen, gosearen eta gerla etnikoen lür bat orozbat. Multinazionalak aipatzen nütüan, bena gütarik bakotxa manera berezi batez porrokitzearen ogendanta zen, geroago konfor habororen nahikünte mügagabea günüalakoz. Kapitalismoaren bekaixkeria jentalte berek pairatzen züen: pobreek, xaharrek, emazteek eta haur hotzek. Hola konprenitzen nütüan herriko errejentaren hirasortü züen Marisantzen hitzak. Audela, Marisantzen idazkiak Gaxpar Büztanobiren dolüa ütxüratzen züan.

      Amañia sütondoan zagon lür-sagar xuritzen, eta jokü eletronikoan tematzen zen Marisantz. Maddalenen bihotz-minak anpletürik ziren, eta errejentaren aitzinean senditü züan ahalkea aisa ahal günüan imaginatzen. Joanari so egin neion. Ametsetan galdürik zela üdüritü zeitan: Haitz... Haitz... heltübada... Haitz gogoan. Mündüko gaüzarik ejerrenak ardüra, hitsenaren bidea kürütxatzen züan. Ixtanpatez, gazodükaren malürra ahatze nüan eta haur baten sortzea... odoletan... osto idor eta lür busti ürrinetan... bizitzearen begi berdeak idekitzearen oihüaren lehen arana... amaren hatsartzearen lagüngoarekilan... hunkigarri zitakeala asmatü nüan... eta üngürüan nütüanen presentzia ükatzez... nihau... haur-beharretan... Aztoratzen nündüan Büztanobiko sükalteko giroak. Delirio hütsetan nindabilan: sabelak hurez, gatzez eta oligoz hantüko ziren egünak desiratzen nütüan, bena hortakoz gizon bateki... eta merde! Marisantz so eküratü zeitan ene pentsamentüka ertzoa zilatü züala porogatzez. Neskatila sükaltetik elki zen desafioka bezala, «Goizean Goizik Jeiki Nündüzün» kantorearen ahaidea eskentzez. Ez nüan, Kantu Txapelketako Xiberoko Erdi Finalean baizik hain molde zelütiarrean emanik entzün Egün Bereko Alargüntsaren eresia. Amets-errautsaren eragin bat zela sinestez Joanari bürüz ützülikatü nintzan eta etxekandere gaztearen begiradak enea jo züan.

      —Atzamanen dizügü Gaxpar. Arrunt.

      —Arrunt? —biderkatü züan oiharzünak.

      Ausartü nintzan:

      —Bai... segidan...

      Galto beltzez jauntsi ahorpegi pare bat altxatü zen niganat, eta amañiak zopa kozinatzen züala sükaltetik jalgi ginen, Büztanobian igurtzen günüan bürzoroaz askatzeko eta gaineratiko traholetarat lehiatzeko.

      —Bai... segidan... —arrapikatü neion Maddaleni, eta lehen beno lehen Mauleko xahar-egoitzalat joaitekoak ginen Pette Kihilalt ezkapikariareki solastatzeko.

      Bide honean ginena?