Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

1

 

Ordülari maradikatüa goiz hartan ere entzün nüan. Türütots metaliko lüzea. Ez nakian zerkeraman nündüan, bekanika zital horren erostera, bena bai noizean behin zinez damü nüala. Zientzia-fikzioneko filmetako edo hiri handietako ostatüetako tresna bitxien sonüa egiten züan, beharriak zilatzealaino, bürühünak ildozkatzeala. Begiak ideki nütüan amets gaixto baten gisa, eta pentsatü nüan:

      —Jadanik... azkorria!

      Eta arra-lokartzeko tentazionea üken nüan. Egüna egün zela konsideratzez, aragiko molekülen arteka zehargietan nükean koraje güzia bildürik, ohetik jeiki nintzan murmuzikan:

      —Alajinkoa, ez nüan beste beharrik.

      Ohe-kantüan ttottotürik eküratü nintzan denboraren hedadüraz ez nintzatekean ja oritzen, xoilik bizitzearen debaldeaz kezkatzen egon nintzala:

      —Beti etzan, beti jeiki.

      Ene gogapenak ez züan oiharzünik, eta sükalteala heltzearekin, leihotik argi hatsarreko zelüaren arrosaren ikustez, halako zoramen batek tinkatü nündüan. Ordüan, bake aideak bihotza bete zeitan.

      Hola zen. Herri hontara jinez geroztik, asteak higatü arau, zelüaren mila koloreek nündüen bozten: batean oso gris, bestean dena urdin, gero beltz sakon eta azkenik, arrostarzün erromantikoa. Erromantikoegia ene gogara, zelüaren ütxürak berak amodio-min berezi bat pizten beit zeitan. Ez nüan ihes-biderik atzamaiten, sendimentü horrek ttarrappattaka lotzen nündüalarik. Amodio-gogoa ez züan zelüak itzaltzen, haboroziz hürrüneko joan-minez ere kiribilkatzen hasten beit nintzan, gaztelü gaineko ikurriñaren begiestez. Behin, zonbait urtez, Txinako etxetegi erraldoien aldegainetik, lanoen artetik, ekiaren gorriak, mündüari erakasten zeion esperatzea ahalezko zela orano. Üsü, hürrün-mina eta amodiomina, biak, bardinak zirela kontü-errendatzen nintzan, zelüaren kolore hanitxen bidez süstüt.

      Leihotik so eküratü nintzan. Goiz orok bere interesa ekarten züan, kasik nigarretan lehertzeko inbea sortzez. Beilatarzünari üko egin neion, eta godalet bat esküan, baxerategiala artino joan nintzan, hurak arras iratzartüren nündüala segür. Godaleta klisk batez hüstü nüan, eta huraren hotzak korpitz barnea freskatü zeitanean, sümatü nükean lehen zigarretaren tenorea hüilantürik zela. Ohartü nintzan irratiaren piztea ahatze nüala, eta seiak hogeitabosten altexean on buttua zapatü nüan. Arnes majikoak ez züan kemen-seinalerik eskentü:

      —Atx! —txipiñi bat ahozkatü nüan, eta zigarreta rulatzeari ekin neion, tabako paketaren erdia lürreala erortera üztez. Loaren kontre borrokan ari nintzan engoitik, eta astelehenak ardürenean egiazko astelehenak nütüan. Ganbara taldearen müsika xotil elibaten notak ezagütü nütükean, radioko langileek beren mikro eta gaineratikoak martxan jarririk zütüelako marka. Erri amiñi batekin erran nüan:

      —Jokü düt hebentik laster, tipiti-tapata eüskal rap puzka iraganen düela!

      Ez zen aperentziarik ere holakorik agitü, eta dutxapean kokatü nintzan, huraz ene egünarekilanko güdükaren eztitzeko, hein batean xahatzeko. Huraren txortolotsak mainügela bete züan, radioko mintzatzaleak, goizanko berriak emaiten zütüalarik.

      Ützültzearekin, ez nüan eüskarazko irratia baizik entzüten, eta aski eskertzen nütüan horko langileak, gogo-honez abandonatü nüan estado hartako irratilarien kalaka mardoen arrapikatzen ez jakiteaz. Han, berrien artetik, xoxolokeria franko zabaltzen züen, garrantzi gabeko informazione eta anekdotak, zirkülazionearen harat-honaratak, egüneko saintüaren biografiak, ebitakoak hartzeko ziren ala ez, xehe beno xehekiago, edo akzentü zerratüaz elestan ari ziren izkribatzaleen alkarrizketa okaztagarriak:

      —Autobiografikoa dea zure romana?

      —Bo, ba dakizü, obra asmatü batean haboroxienetan ba düzü parte bat automatikoki autobiografikoa dena. Düala zonbait hilabete amodio-handi bat bizi izan nüan. Eta horren kondatzea züzün ene egitekoa aldi hontan.

      —Eta sikologiaz?

      —Bai, prefosta, jarraikitzen düt senarrak ützi nündüanean hasi tratamentüa, eta biziki ontsa akamodatzen niz sikologoarekin. Gainera gaur sosa ere nihauk irabazten düt. Libre nüzü oso.

      Eta blablabla, libürü elki berria saldü asmoz, diharü-lehia eta sikologia merkea nahastekatzez, eta ondoramenez hanitxetan pentsatzen nüan bezala, potereen bozeramaile ziren intelektüal askok terapiak egiten zütüen, praubezia orokorrean sosa burrustan esküalatzeak gantzatü kontzientzi txarren ezeztatzeko. Ez nintzan jeloskor, sorgaüeko pikarraitarzün ekonomikoan beit niraün.

      Gogoeta argienak dutxapean nindagolarik sützen zeiztan, eta ordüan mündüko sarraskien xüxentzeko gei senditzen nintzan. Ez irrati-estataletan mintzo ziren jaunkillot bekaitx horien manerala, injüstiziaren benedikatzez, bena partekatzearen eta jüstiziaren zentzümen poxi batez. Hurpean bilaiz nintzalarik, praubeziaren erroetaz monologatzen nüan üsatüzko mügala heltzeko: goseteak gaintitü zütüen herriek, nahitara ürgaizten züen praubezia, bai Europan eta bai Herenerrietan. Praube zirenetaz inbidius ziren trapuzeroak ba ziren orano karriketan. Zonbatetan ez nütüan hitz hok entzün, okindegian demagün, herrokan nintzalarik, Gure Aita Zelüetan Zirenaren gomendioak egiaztatzeko tenorean sei libera txipiren trükean:

      —Xomajean düzü.

      —Bai. Nik horiek oro lanean ariaraz nitzakezü.

      —Pentsatzen ahal düzü... auher andanak!

      —Gure legarren klikatzaleak!

      Sanoki hatsa hartzen züen jenteak greügarriak atzamaiten nütüan, eta ogiaren erostean, magasitik aldikal oilo-larrüarekilan jalgitzen nintzan. Ez nüan holako solasik jasaiten ahal, are gütiago, üken zezakeena beno amiñi bat haboro züenen ahotik.

      Laster jauntsi nintzan. Jean higatü pare bat, eta Makaon mila erhi asiatikok merke josi atorra. Zapatak hürrüntxago nütüan. Konkortü nintzan hen biltzeko, eta bapatean ustegabeko bizkarreko dolore zaharrak kürütxefikatü nündüan. Erriz hasi nintzan minagatik, hogeita hamahiru urte ez beit zen adin itsusia, Jesüs Jaunaren gisa, kürütxefikatüa izateko. Bena ez nüan orano hola hiltzeko xederik, bereziki Jimen ezagützea eginez geroztik. Üsü jüjatzen nükean ene ‘maitatzeko’ honezia züan potikoa zela Jim, eta abiatzen nintzan, ürrikiaz eta karitateaz ametsetan, mente hontan hitz horiek züen karga negatiboaren arintzen, amodioa gaüza krüdela zela zioenen erranetaz düdatzen. Imagina nezakean ber zonüan maitarzüna bortü-handietarik zatorkean lano üngürükaria zatekeala, apaltarzün ezti bezain bero batez katiastatüko güntüana. Orohar denbora hanitx behar zen Jimen heineko ‘honezia’ hortaratzeko, eta naski aski estimatzen nüan Jim ‘honezia’ren bidez, bizitzea aisatzen beit zeitan.

      Jimen begi urdiner lortzen zeitalarik gogoa —terrible laket zeiztan begi urdinak— eta halako balizko amodio ühinean nindabilalarik ordülariaren türütotsak jaukitü nündüan:

      —Zazpiak eta laü.

      Zotükatzekoa nintzan. Ez nüan orano kafe-txortarik apailatü. Zotükatzekoa beit nintzan, eta beti ñagiten gisa, orenak akodiñetan galtzen nütüan. Amañi aspaldian zentüak bere hil-ohantze xurian oparitü zeitan bekanika grisa, kamenetetik elki nüan. Goizanko ene plazerra hura kafeari bürüz burbuilaka igaiten entzütea zen, eta gero sükaltea betetzen züan kafe-ürrinaren üsnatzea hunkigarri zeitan. Hura ezarri nüan peko bürdümazko kesan, kafe-ehoa gainekoan. Iparreko hiri hartan nintzan egünetan, Txina kantüko eremüetan hain xüxen, Prisünic xoil batetan erosi nüan kafe-bekanika elektrikoak ez nündüan gustari eta ürrinari zagokionez, seküla botzik ützi. Etxera arra-jitearekin, aitzineko üsantxer etxeki nintzan, amañiren kafe-tresnaren erabiltez. Aitortzeko, Jimek ez züan hanitx gogarako molde zaharreko kafe beltzegi hori, üdüritzen zeion harriaren aroetara ützültzen ari ginela, ordüko penak eta nekeziak jasaitekoak zirela. Harek bekanika hiper-moderne bat ba züan, tenorea eta kanpoko zoin barneko tenperatüren salatzeko gei zena, bena hortik horra zen kafea ene ustez, lightegia zen. Nik maite nüan kafe primalaren xixtakoa aho-sabaian kilikari, bortiztarzün heroikoa gero züntzürrean behera eraixten zelarik arras iratzarria nintzalako sentimentü ejerraren sortzez, eta kikerako ondar ttilikaren hürrüpatzez, mündüarekilan bake-agiria sinatzen nüan.

      Labearen gainen pausatü nüan zilar hitsezko tresneria. Keinü horiek betidanik, baratx-baratxa konplitzen nütüan, aterbetzen güntüan zibilizazione progresiztako lehentzeko ritoak beit liran. Bena jakin, ba nakian, Izturitzeko harpeetako jenteek ez züela kaferik edaten, mentüraz asün tisana likitsa bezain karatsa baizik ez züen ahoalatzen, beren gaüeko zilotik argi-ürrakoan, zelüaren arrostarzüna begiestez. Eta jarraiean, kanpo so egon nintzan. Asmatü nüan lür indüstrialetako ehün mila sükalteretan ba zirela ene gisa, lanealat joaiteko beztitzen, xahatzen, askaritan ari zirenak, eta ehün mila arima hütsen sohako hilak, geroxagoñi, kürütxatüko ziren metroetan edo treinetako konpartimentü künküiño beteetan. Mündüko langileriarekilan alkartarzün pezüan lehertü nintzan, eta Internazionala-ren kantatzear nindagolarik, labeko süaren pizteari ekin neion.

      Betiko moldean, zonbait minüta galdü nütüan süpizteko kesaren txerkatzen. Ez nintzan neska bordelikoa, hanitxek kontrarioa pentsatü arren, bena neke zeitan oritzea mezperan non ezarten nütüan gaüzak. Mezpera eta egünaren artean, gaü oso batetako loa iragaiten beit zen, eta ordüan Letheren ütürrietan edateko —ez deizüet erranen zer edaten zen han!— astia atzamaiten nükean. Azkenean, süpiztekoak behar ez züen leküan ikusi nütüan, eta splax! süa egürñiaren püntan sortü zen. Eskerrak aldi hontan ere, menteetako misterioa egiaztatü zela! Ba nüan halako lotsa bitxi bat niolarik:

      —Zer agit leite sürik ez balitz haboro?

      Galtoa arrapostürik gabe egon zen. Axolarik ez ondarrean: bizitzako eginkizün xinpleenen estimatzen kostaia-kosta ikasirik nüan, ideia handiegiekilan akamodatzea ez beit zeitan aisa mentüraz. Sinestea neke zen, usteak hauts ziren eta errautsa baizik ez ginen. Urteak jin urteak joan, hatsa higatzen zen, bilaiztarzün batetara heltzealainoko hari bilakatzez. Mineralizatzealaino.

      Esküa gaz-botila gorriari bürüz lüzatü nüan. Buttua üngüratü neion, süa labeari hüilantürik. Düda builta batez katastrofa ütxüratü nüan: gazik ez zen botila gorrian. Kexatzear nintzan, saltzale ororen maradikatzeko heinean, ni ere botila bezain gorri, kafe-ments egonen beit nintzan goiz hontan.

      —Alaxintxoia!

      Erri karkaza aberats eta basatiaz kaideraren gainara erortera ützi nüan korpitza:

      —Gaza fini. Egün. Ontsa nün no!

      Bapatean günearen destinü trajikoaz oritü nintzan: ari ziren Züberoan Gazodük diloaren plantatzen, eta gük etxeetan gazik ez günüan. Zinezko herenerria zen Europa kaxkar hau! Egoera bardina ezagützen züen Indian ezar dezagün; India, lürreko ogiekoizle kasik handiena zen, eta han, Bonbayen edo Kalkütan jenteak, ülüak bezala gosez hiltzen ziren, ekoizpen güzia exportazionerako zelakoz. Konparazionea agian bortixka zela komentatzez, Jojobar ostatüan kafea hartüko nüala deliberatü nüan.

      —Gaza fini...

      Janzahar elki nintzan. Jojobarreko bideari lotü nintzeiolarik, Mauleko arrabotean trebes, iparreko aize hotzak begitartea zaflastatzen zeitan. Begiak altxatüz, ikusi ahal üken nüan —segürtarzün elibaten seinale—, Gaztelüko ikurriña ez züala gaüaz ihork sardeskatü.

      —Alabadere... —murmuzikatzen nüan. Astelehen goiza zen. Zinez bürü-handi nintzan. Maitekortürik. Neskenegüneko bekatorosa nintzan. Ahoa txükü nüan. Kitarra eletrika basen sonüaren arana orano gogoan:

      —Bakean ützi arte... ützi arte!