Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Ez kantu guztiak
Ez da indar handirik behar, hori da pertsona nahasten duena hasieran, ez dela, uste izan den bezala, indar handirik behar. Hamar edo hamabi kiloko zaku bat, hori altxatzea, ez da besterik. Hori da harri handi bat hartu eta lurrean dagoen beste harri baten kontra botatzen duzunean bezala: apurtu egiten da bietako bat, goikoa ala behekoa... Ez da besterik behar, modu naturalean apurtzen dira harriak.
Beste horretarako ere ez da indar berezirik behar, horrek harritu gintuen, erraza dela, edonork egiteko modukoa, ume batek ere bai. Esango nuke ume batek errazago egin dezakeela, ez duelako ulertzen.
— Baina zuk... zuk badaukazu... indarra esan nahi dut...
Ez, jauna, ez nahastu, ez daukat, ez neukan, ez egin kasu itxurari... Egunak jan gabe, badakizue, edo behar den bezala jan gabe. Orduan ere halaxe egon nintzen, behar nuena jan gabe. Baina besteek bezala egin nuen. Besteek inoiz baino hobeto jaten zuten, nik ezin nuen... Baina ez da indarrik behar, benetan, sinistu hori behintzat.
— Buruan indarra beharbada... Bekatuaz ari gara...
Ez, ez gara bekatuaz ari. Zu kristaua zara, neu ere bai, baina ez gara bekatuaz ari... Kontrakoa ematen du, badakit. Kristauak ohituta gaude, denok gara kristauak, denok gara. Baina ez gara bekatuaz ari. Ari gara ohituraz.
— ...
Ni ez naiz etorri nahi izan dudalako... Ama eta arrebak han dauzkat, han beharko nuke. Ez dute behar bezala jaten amak eta arrebek, han beharko nuke eta hona ekarri nauzue.
— Baina ulertzen duzu etorri behar zenuela...
Bada kantu bat gure herrian, ingurukoetan ere bai, guztiok dakigu, baita haurrek ere. Ez da oso luzea... Ez dut kantatuko, ez da lekua hau, baina errezitatu egingo dut.
Haizeak txoria dakar, txoriak haizea
lokatzetan bizi gara
etxeak jausten dira
gure burezurrak jausten diren bezala.
— Ez dut ulertzen zer...
Jakina, jauna, zuek berehala ulertu nahi duzue guztia. Kantuek denbora behar dute. Ez duzue pazientziarik kantuekin... Urte batzuk barru ulertzeko dira kantu batzuk. Ez guztiak.
Eramango nauzue orain, jauna? Han dauzkat ama eta arrebak. Ordu asko dira hegazkinean, bi edo hiru hegazkin beharbada.
— Oraindik ez.
Noiz, jauna? Ama eta arrebak dauzkat han. Hiru anaiak hil zizkidaten. Gogoratu, jauna: «... etxeak jausten dira / gure burezurrak jausten diren bezala». Ez dakit kantuaren itzulpena ondo egin dudan, baina uste dut ondo ulertzen dela.