Iazko hezurrak
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2024, nobela
2019, nobela
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
aurkibidea

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

Erosi: 21,85
Ebook: 3,12

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

 

 

Bodrogiren zuhaitzak

 

Dirudiena baino askozaz handiagoa da etxaldea. Jens Bodrogik berrogeita hiru urte ditu. Gerra sasoian berrehun soldaduk egin zuten lo etxaldean. Jens Bodrogik aizto bat dauka praketako poltsikoetako batean. Etxaldearen inguruan zelaia dago, belar laburrekoa. Jens Bodrogi bakarrik bizi da etxaldean, zazpi zerbitzarirekin. Etxaldearen eta zelaiaren inguruan oihana dago, sarria, kilometro askoan. Oihanari begira dago Jens Bodrogi.

        Holandarrak bost egunez egon ziren etxaldean. Berrehun soldadu, agintariak zazpi. Hala ere etxaldearen laurdena bete zuten, gehiago ez. Horregatik nahi izan zuten etxaldea erre. Holandarrak bertan zeudela jakin zutenean, etxaldea erretzera etorri ziren. Ez zuten erre. Hori guztia bosgarren egunean izan zen.

        Oihanari begira dago Jens Bodrogi. Inolako zalantzarik gabe daki nondik sartu den zuhaitz artera Mobru, Tandra familiakoa. Etxaldetik ikusi du Mobru oihanera sartzen. Leku horretatik sartuta, badaki ze bide hartuko duen. Argi dauka, gainera, oihanetik atera baino lehenago harrapatu behar duela Mobru, Tandra familiakoa. Korrika hasi da Jens Bodrogi. Oihanera sartu da.

        Tandra familiakoek ez dute aizto, gezi edo aizkoraz hiltzen. Tandra familiakoek ito egiten dituzte pertsonak. Emakumeak eta umeak erre egin dituzte egoera berezi batzuetan, baina ez da ohikoa. Mobruk, Tandra familiakoak, aizto bat hartu zuen behin eskuetan. Horregatik bota zuten Tandra familiatik.

        Mobru, Tandra familiakoa, Jens Bodrogi baino askozaz argalagoa da eta bide estuagoa behar du oihanetik. Jens Bodrogik aiztoa atera behar izan du adar batzuk mozteko. Aiztoa ez du horretarako hartu.

        Jens Bodrogi emaztea eta hiru seme-alabarekin bizi zen etxaldean. Ama eta lau izeko ere bertan bizi ziren. Apurka-apurka gaixotu ziren izekoak. Batek berak ere ez zuen hirurogeita bost urtetik gora egin. Izekorik gazteenak leihotik behera bota zuen bere burua. Ez zen egun horretan bertan hil.

        Jens Bodrogik pertsona zaratak entzun ditu oihanean. Mobru, Tandra familiakoa, ez dago horren urrun. Jens Bodrogik pentsatu du ikusi egingo duela Mobru oihana hain sarria ez den lekuren batean. Oker ez badago, argigune bat dago bide hartatik hiru kilometrora. Korrika egin ditu berrogei bat metro.

        Azienden erdia baino gehiago eman behar izan zien Jens Bodrogik holandarrei. Etxaldean lo egin zuten bost egunetan jan zuten zati bat. Gainerakoa bizirik eraman zuten. Holandarren agintariek ez zuten Mobru ezagutzen, Tandra familia ere ez. Hala ere eta zer egiten ari ziren jakin gabe, Tandra familiako batzuk hartu zituzten zerbitzari eramateko.

        Jens Bodrogik itzal beltz bat ikusi du zuhaitz artean. Ez zaio animalia iruditu. Arin mugitzen izan da. Harengandik berrehun bat metrora dago. Jens Bodrogik zalantza askorik gabe esango luke Mobru dela, Tandra familiakoa.

        Holandarrak bost egunez egon ziren etxaldean. Bosgarrenean etxaldea erre nahi izan zuten, holandarrak bertan zeudela jakin zutelako. Teilatuetako baten zati txiki bat baino ezin izan zuten erre. Holandarrak seigarren egunean joan ziren, goizean. Etxaldetik zazpi kilometrora herrixka bat hartu nahi izan zuten. Holandar guztiak hil zituzten, berrehun soldadu, zazpi agintari eta berrogeita hiru zerbitzari.

        Jens Bodrogik argi dauka hurbil duela Mobru, Tandra familiakoa, entzun edo ikusi gabe hiru ordu laurden egin dituen arren. Jens Bodrogik susmoa dauka lurretik barik, zuhaitzetara igo eta horrela ari dela aurrera Mobru, Tandra familiakoa. Harri baten ondoan letagin bat topatu du Jens Bodrogik.

        Mobru, Tandra familiakoa, sekula ez da zerbitzaria izan, holandar batzuek bestela pentsatzen bazuten ere. Udazken batean lau egun egin zituen Mobruk zuhaitz baten zuloan, ezertarako irten gabe.

        Jens Bodrogik ordua kalkulatu du. Uste du ez dela iluntzerako asko falta. Argi dauka ilundu baino lehenago harrapatu behar duela Mobru, Tandra familiakoa. Ilundu eta gero nahi duen zulotik egingo dio ihes. Aiztoari begiratu dio Jens Bodrogik, etxean zeukan luzeena da.

        Berrehun soldadu holandarren gorpuak herrixkatik kanpora pilatu zituzten eta su eman. Zazpi agintarien buruak hamalau zuhaitzetan zintzilikatu zituzten erdibitu eta gero. Kantuak eta nazka keinuak izan ziren lurralde osoan.

        Distira txiki bat ikusi du Jens Bodrogik. Mobrurengandik uste baino hurbilago dago. Ia seguru daki orain lantzean behin zuhaitzetara igotzen ari dela Mobru, Tandra familiakoa. Beti ez da posible zuhaitzetatik aurrera egitea eta lurrean ere ikusi ditu Mobruren arrasto batzuk. Mobruk Jens Bodrogik baino zazpi urte gutxiago dauzka.

        Ezkondu eta gero, Jens Bodrogiren emazteak ez zuen etxaldera etorri nahi. Hiru seme-alaba izan zituzten. Guztiak hil zizkieten zazpigarren urtean. Emazteak arrazoia zuela pentsatzen du Jens Bodrogik orain. Suitzarra zen Jens Bodrogiren emaztea, alemanez hitz egiten zuten elkarrekin.

        Iluntzen hasi da. Jens Bodrogik zarata handi samarra entzun du bere aurrean, kolpe bat, zuhaitzetatik gauza astun bat jausi izan balitz bezala. Animaliena ez den kexu txiki bat entzun uste izan du gero. Jens Bodrogik pentsatu du Mobru ez dela oso urrun joango lau metrotik behera jausi eta gero. Zuhaitzei adi geratu da.

        Holandar agintarien buruak ohikoa baino askozaz arinago usteldu ziren zuhaitzetatik zintzilik.

        Mobruk, Tandra familiakoak, korrika hasteko ahalegina egin du. Belauna odoletan dauka, ezin du nahi duena egin. Lurrera jausi da. Zarata handia egin du. Enbor bati heldu eta harri baten gainean jesarri da. Aurrean dauka Jens Bodrogi.

        Jens Bodrogik aiztoa atera du poltsikotik. Mobrurengana hurbildu da. Izerditan dago Mobru, aurpegia bihurrituta, min handia ematen dio hankak. Kanpoan baino nabarmenagoa da iluntzea zuhaitz artean. Jens Bodrogi Mobrurengandik oso hurbil jarri da, aurpegia ondo ikusi nahi dio. Aiztoa erakutsi dio.

        Mobruk, Tandra familiakoak, badaki zer egin behar duen. Eskumako eskua zabaldu du. Jens Bodrogik aiztoa eman dio. Mobruk aiztoa eskuan hartu eta luze egon da hari begira. Jens Bodrogik esan du:

        — Hemen?

        — Hemen.

        Harri zapal bat seinalatu du. Jens Bodrogik harri zapalaren gainean jarri du eskua. Begiak itxi ditu. Mobruk, Tandra familiakoak, aiztoa estutu eta kolpe bakar batez ebaki dio eskua Jens Bodrogiri, eskumuturretik.