Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Aurkibidea
Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio
Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio
Hirugarrena
Sirena-hotsak jotzen du zabortegian astean behin edo birritan. Normalean ordu laurden geroago hasten dira bonbak, beste batzuetan askozaz lehenago. Emilio Aranaz Larrondok ahal bezain arin alde egiten du dagoen lekutik eta billar-mahai apurtu baten azpian etzaten da. Esango luke Emilio Aranazek zazpigarren uda duela bizimodu horrekin.
Zabortegia ikaragarri handia da, kilometroak ditu luzeran eta zabaleran, eta bonbak urrun lehertzen dira beti: kamioien ondoan batzuetan, plastiko zurrunen ondoan beste batzuetan. Gotorra iruditzen zaiolako aukeratu zuen Emilio Aranazek billar-mahaia, eta lurrarekin bat egin zuen granitozko horma baten ondoan dagoelako. Portuko hiru edukiontzik ere estaltzen dute, tangentzialki baino ez bada ere. Zazpi urteren buruan badaki, ordea, bonbak urrun lehertzen direla beti.
Emilio Aranazek ulertzen du hogeita hamar urteko gerrak egon direla, ehun urtekoak ere bai, baina ez zaio iruditzen gerra modu haiek zentzurik dutenik orain, etekinik, iruditzen zaio dirua arinago mugitzen dela. Sumatzen du, beraz, luze barik amaituko direla bonbardaketak zabortegian. Galderak egiten dizkio bere buruari, ordea: zergatik ez da entzuten bonbarik inguruko herrietan, hirian? Zergatik ez da beste inor etorri zabortegira? Emilio Aranaz etorri zenean, inongo lekurik seguruena zen. Unibertsitateko bere mintegian, esaterako, birritan sartu ziren soldaduak eta hiru lankide eraman zizkioten. Iruditzen zaio zortea izan zuela zabortegirakoa egin ahal izan zuelako.
Beste gauza askok kezkatzen dute: kamioiak ordu-orduan etortzen dira, egunero, bi aldiz. Hondakin organikoak ere asko ikusten ditu: inoiz ez du jateko arazorik izan. Hiru otordu egiten ditu egunean, egoera onean daudelako jateko gehienak. Birritan baino ez du beherakoa izan zazpi urtean. Eta imajinatzen du, beti entzun izan du, eskasia izaten dela beti, gerran, bonbak, setioak, beti egoten dela falta, gaixotasunak, beherakoak. Emilio Aranazek ez du izan, eta zaborra, kopurua, bera da beti, handia.
Eguna zatituta dauka. Berandu esnatzen da, hamarretan, hamar eta erdietan. Eguzkiak arratsaldean jotzen du bere lo-lekuan. Hori ere apropos dago aukeratuta, lotarako ahalik eta epelen egoteko. Hamabiak edo ordu batak arte, zortearen arabera, jatekoa biltzen du. Eguneko hiru otorduak pilatzen ditu orduan eta ez dauka kezkarik hurrengo egunera arte. Arratsaldean tresnak egiten ditu burdin zatiekin. Koilarak, labanak, armak. Dutxa moduko bat egin nahi izan du inoiz, baina ezin izan du. Ez da dutxatzen beraz, eta ontzi askotan eta desberdinetan biltzen du euria. Billarrean egiten du iluntzero, bederatzietatik aurrera beti. Bola bi baino ez ditu mahaiak.
Uztailaren 3an, 2010ean, sirena-hotsen ostean, inoiz baino bonba gutxiago lehertu da zabortegian. Bideozaletu baten grabazioari erreparatzen bazaio, hiru baino ez. Batek bete-betean lehertu du billar-mahaia. Egur artetik, metal artetik, mahaiaren tripetan trabatuta zegoen hirugarren bola jausi da, biraka, lokatzetaraino.