Iazko hezurrak
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2024, nobela
2019, nobela
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
aurkibidea

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

Erosi: 21,85
Ebook: 3,12

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

BIGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

 

 

Etzanda

 

Laurent hiru minutu berandu heldu da eraikinera eta zazpigarren solairura igo behar du oraindik. Igogailu bi ditu eraikinak, normalek baino abiadura handiagoa hartzen dutenak, zabalak, metal kolorekoak. Ikaragarri garbi daude eta berri itxura daukate.

        Zazpigarren solairura heldu denean, itxarongela batera pasarazi du emakume batek. Hutsik dago, hamabi aulki ditu hormen kontra eta mahai zabal bat erdian, aldizkariak gainean. Duela gutxi garbitu dutela ematen du, hormak duela gutxi margotu dituztela, aldizkariak duela gutxi ordenatu balituzte bezala daude. Dena da berria edo oso ondo zaindua. Beroa arazo bakarra, ez dago leihorik.

        Ia berrogei minutu egin ditu Laurentek itxaroten atea zabaldu denerako. Txanda heldu zaiola pentsatu du, aulkian apur bat mugitu da, baina berehala ikusi du beste bi pertsona sarrarazi dituela emakumeak itxarongelan, gizonezkoa eta emakumezkoa. Hasiera batean Laurentek ez du jakin elkarrekin datozen edo bakoitza bere aldetik... Izan ere, aulki lerro berean eseri dira, erdian aulki bat hutsik utzita bada ere. Ordu erdi pasatu denerako, ordea, Laurentek ulertu du ez dutela elkar ezagutzen, kasualitatez sartu direla elkarrekin.

        Emakumeak gona estua dauka, grisa, kolore bereko jaka, alkandora zuri baten gainean. Ematen du bulegoko lanetik datorrela edo doala. Gizonak trajea, gris ilunagoa, beltza beharbada, gorbata gorria. Emakumea lehen hiru ordu laurdenetan begirada galduta egon da, baina liburu bat atera du poltsatik gero. Laurenti ideia ona iruditu zaio. Gizonak egunkaria dauka.

        Hiru ordu dira Laurent itxarongelara sartu denetik. Beroa jasanezina da orain alkandora laburra duen arren. Ez du ulertzen nola eusten dioten emakumeak eta gizonak jakekin. Aurpegia gorritzen ari zaiola sentitu du, belarrietan igartzen du batez ere, sukarraren sentsazio bera da.

        Bost ordu eta erdi pasatu direnean, emakumea aulkitik altxatu eta, mugimendu oso geldoekin, aulkia apartatu eta lurrean eseri da, hormaren kontra bizkarra. Irakurtzen jarraitu du. Harritu egin da Laurent, baina beste gizonak begiratu ere ez dio egin. Apurka-apurka bizkarrari irristatzen utzi dio emakumeak gero eta azkenerako lurrean etzanda geratu da. Umeek lurrean etzaten direnean hartzen duten posizioa dauka. Oinekin mahaia ukitzen ari da ozta-ozta, poltsa ipini du buru azpian.

        Handik ordu erdira, gehiagoko barik, irakurtzen ari den liburuko orriak banaka-banaka urratu eta txikitzen hasi da emakumea. Jakako poltsikoetan sartu ditu zatiak gero. Berehala geratu da irakurtzeko orririk gabe eta sabaira begira jarri. Ondoko gizonak une bakar batean ere ez dio begiratu emakumeari hori guztia egin izan duen bitartean.

        Itxarongelan sartu direnetik zazpi ordu betetzeko daudenean, egunkaria utzi du gizonak, zapi bat atera, bekokiko izerdia xukatu eta jaka kendu du. Aldizkarietara hurreratu da gero, eskuan batzuk hartu eta, gehiegi ere erreparatu gabe, zaharrena aukeratu du, kolorea galduta duena. Aldizkaria erditik zabaldu du belaunetan, baina irakurri barik, ertz guztiak tolestu dizkio gorantz, ontzi moduko bat egin duen arte. Nahikoa segurua dela iruditu zaionean, aldizkari gainean makurtu eta botaka hasi da gizona, lasai, baina zarata handiz. Aldizkariaren izkinetatik, ordea, likido marroikara bat atera eta gizonaren prakak zikindu ditu, goiko partea batez ere.

        Ahal izan duen bezala bildu du gizonak aldizkaria, baina orduan konturatu da ez dagoela zakarrontzirik itxarongelan. Beste aldizkari batzuk hartu ditu hondakinak hobeto babesteko eta hutsik dagoen aulki baten gainean utzi ditu. Modu progresiboan hasi da aulkia zikintzen... Ezpainak garbitu ditu gero gizonak zapiarekin. Emakumeak une bakar batean ere ez dio begiratu hori guztia egin izan duen bitartean, lurrean etzanda jarraitu du.

        Lasaitu egin da Laurent itxarongelara sartu denetik ia bederatzi ordura atea zabaldu eta bere txanda dela esan diotenean. Izan ere, beroaz gainera, gizonak utzi duen usaina ere bada orain. Beste biak agurtu ditu atetik eta orduan entzun du emakumearen ahotsa lehenengoz.

        Gizon altu batek hartu du Laurent gela txiki batean, baina ez dauka janzkera berezirik, kaleko jantzita, jertse urdina. Alkandora kentzeko eskatu dio Laurenti, busti egin dezakeela. Bainuontziaren ondoan belauniko jartzeko esan dio gero. Laurentek hiru zigarrokin ikusi ditu bainuontziko uretan, ileak eta kartoi zati batzuk. Burua makurtzeko eskatu dio gizonak, uretatik ahal denik eta gertuen jartzeko. Laurenten garondoan jarri du orduan gizonak eskua eta presio zehatz batez, ez gogorregi ere, uretan sartu dio burua. Itolarria sentitzen hasi da Laurent, baina gizonaren eskuak indar handirik egiten ez duela uste arren, ezin izan du burua uretatik atera. Konortea galtzeko puntuan dela utzi dio eskuak presio egiteari eta arnasa hartu ahal izan du Laurentek bainuontzitik kanpora. Segundo batzuk baino ez, berehala bultzatu du eskuak uretarantz berriro. Zentzuz pentsatu ezin duen arren, ondoegi kalkulatuta dagoela iruditu zaio Laurenti.