Collage honen josteko, ezinbesteko iturri izan da Eskualduna. 1914tik 1916rako egunkari guztiak osorik eta handik aurrerakoak jauzika kontsultatu ahal izan nituen Hemeroketari esker: http://www.hemeroketa.eus
Zorte handia izan zen ere Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren Martxa eta Operazioen Egunkaria eskuratzea, 1914ko agorrilaren 7tik 1918ko abenduaren 31 bitarteko egunez eguneko ibilera guztiak jarraitu ahal izan nituelako haren bidez: http://www.memoiredeshommes.sga.defense.gouv.fr/fr/arkotheque/inventaires/ead_ir_consult.php?fam=3&id_ark_ead_les_irs=6
Inspirazio bide izan ziren, gainera, Jacques Tardiren ikerketak eta ilustrazioak, Domingo Ouret soldaduaren egunerokoa: http://aitatxi.free.fr. Eta hemen aipatzea luzeegi litzatekeen bertze anitz erreferentzia.
Euskaldunek maisuki kontatu zieten gerla handia zer izan zen euskaldunei. Jean Saint Pierre Anxuberro-ren kronikak (14eko gerla handia. Piarres Xarritonen edizioa. 1998. Klasikoak) eta Jean Elizalde Zerbitzari-ren oroitzapenak (LVIIa gerlan. Patri Urkizuren edizioa. 1995. Alberdania) liburutan bilduak dira: hor dira lehen eskuko lekukotzak. Gure egunetan, Eneko Bidegainen ikerketak (Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria. 2014. Elkar) eta Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobela (1999. Susa) ezinbesteko erreferentzia dira.
Eskerrak bihurtu nahi dizkizuet, Gorka, Eneko, Isa, Ixabel, Iñaki, Oier, Amagoia, Unai, Patxi, Ainhoa, Harkaitz, proposamenengatik, kritikengatik eta emandako konfiantzarengatik.
Bukatzeko: liburu hau ez zen den gisakoa izanen Fugaziren indarra eta Lisabören dentsitatea gabe. Eskerrik asko zuei ere.
2014ko buruilaren 24an, Hernanin