4
Ils savent que l'immolation pour la Patrie est l'acte suprème de charité, ils se battent, ils meurent en héros.
Pierre Lhande
Verdun. Itsasoko ur handien gisan higitzen da lurra hemen, harat-honat hegaldatuz, zerurat altxatu eta lurrerat jausiz, lurrezko olatuak iduri. Osoki erreak dira bazter guziak, larrutuak, biluziak, belar mikorik ere gabe, irentsiak oihanak oro, xehakatuak enborrak, mututuak hots guziak, lehergailuen harrabots hau izan ezik, iduri duena ihurtzurien besta etenik gabe bat. Lurren uzkailtzeko ez baita golde hoberik Fritz deabru horien 105eko eta 420ko obusen ukaldiak baino. Lur mokorrak, hesolak, burdinazko hariak, oholak; harkaitzak, harri kozkorrak eta harri xeheak; hormak, patarrak eta kare zakuak; parean aurkituak oro inarrosten dituzte alemanen obusek, zerurat altxatzen eta guziz zirtzikaturik lurrerat aurtikitzen. Mando eta zaldien zango-buruak, gizonen beso eta erraiak birrintzen eta itzulipurdikatzen. Alemanen erreketako soldaduei zer zaien iruditzen, zoaz zu jakitera. Agian ez dira frantsesek igorri 75eko obus herbal horiez beldurtuko, frantsesek aurtiki obusek urtzintzak baitirudite alemanek igorri orroen aldean. Egia izanen da Helmut deabru horiek trebatuagoak direla gerlako jukutria eta jakintzetan. Behatu bertzerik ez da botxeek aurtiki obus bederak zer lurketak aireratzen dituen, lurrezko olatuak iduri. Obus batek ireki duen eta erdia ur eta erdia lohi den zulo hauetarik batean kukutuak dira Filipe Luro eta Etien Bonnat, lehenago Kruppen obus horietarik batek jo eta zapartatzen ez baditu, lurrak azpian hobiraturik hilko direla sinetsiak bi-biak. Ez da zizparik goititzen ahal ere. Gerla irabaztea, hemen Verdunen, zulo honetan kukutu eta irautea da. Zulo batean edozeinetan, dagoeneko errekarik ere ez baita, obusek guziak suntsitu eta birrindu dituztenez gero; su zelai bat bertzerik ez baita soldaduek parean dutena, begiak heda ahala; su zelai bat, putzuz eta lohiz eta kez eta lur tontorrez eta obusek eraiki hobiz egina. Kukutu eta iraun, beraz. Luis Bartaburuk, Jean Bordagaraik eta Martin Etxegaraik egiten asmatu ez dutena; finitu dira soinu ttipiak Luisentzat eta mus partidak Jean eta Martinentzat, zer eta Leon Iturri kapitainari itsuki obeditu eta obus su izugarri horren pean zuloa utzi eta menturatu direlako urrats batzuen egitera, ordu arte aitzinatu dituzten berrehun metroak aski ez eta. Obus bakar batek erdiz erdi jo eta suntsiturik utzi ditu bet-betan, hirurak batera, begiak leherturik, muinak barreiaturik, beso-zangoak epaiturik, gorputz erdiak errausturik eta zizpak funditurik. Bordagarairentzat kontsolamendu izanen da beharbada, semea autoak jota hil zaiola jakin duenetik ez duenez bere buruaren kabu egin. Zernahi gisaz, Lurok eta Etienek bezala ulertu balute zuloan kakoturik irautea dela gaur Verduneko gerla honetan irabaztea, bizirik izanen lirateke oraino. Beharbada. Baina debalde da negar egitea tenore honetan. Alferrik, hildako lagunen gorpuen xerka abiatzea. Kukutu eta egon, menturaz belarriak lehertzen ez bazaizkie harramantza honekin, fortuna poxi batez ez badituzte bizirik lurperatzen lur olatu horiek. Noizbait beharko dute aitzindariek manatu gibelerat egiteko, noizbait beharko du atertu obus erauntsi honek. Baina, anartean, lotinantek eta sarjantek, metro batzuk gibelago, «En garde!» manatzen segitzen dute garrasika, obusen, zizpen eta mitrallusen zarta, ziztu eta karraska guzien azantzarekin lehian. Duela zenbait aste erreka ziren eta orai gerri parerainoko babesa justuki egiten duten lur ebaki horietan ezker-eskuin dabil Silvain Tucoulet lotinanta, Star pistola zahar bat harturik eskuan, soldaduak eta soldadu gehiago su zelairat igorri nahian, alde guzietarik metaka pilatzen doazen hilotzen kinoari ezaxola, ezker-eskuinetako konpainiekin loturak ez galtzea arrangura bakar. Igortzen ditu soldadu batzuk aitzinerat, bertze batzuk ezker hegalerat, «En garde!», bertze batzuk eskuinerat, «En avant!», Star pistola zaharra soldaduei gerrietan sakatuz beharrezko bada. Urratsik ez gibelerat. Maiatz hondar honetan uharka jausten den euriari ere ezaxola. Zizpak kargatuak eta baionetak zuzen kakotuak dituzten aztertu, eta soldaduak eta soldadu gehiago igortzen aitzinerat, obusen erauntsiaren erdirat, heriotza segur den lekuetarat, nehoiz ez erretretan. Badira kuraios partitzen diren soldaduak, badira ero haize batez itsutuak bezala granada aurtikitzen ari direnak, eta badira ohetik jalgiarazi haurrak diruditenak, oka ari direnak, edo otoitzean, txiza eta kaka gainean eginik ere fitsik sentitzen ez dutenak, lurraren eta euriaren lixiba lohiak disimulaturik. Erreka zaharraren gibeleko hormaren kontra emana den hori, adibidez, soldadu berrietarik da, apiril hatsarrean heldua 49.eko hildakoen orde, ez ditu hogei urte ere izanen. Paparretik heldu eta oraino tente diren lur zaku batzuen kontra bermatu du Silvain Tucoulet lotinantak, otoitzak biharamunarentzat uzteko eta aitzinerat ontsa behatzeko manatuz. Gibelean, aitzinean, ezkerrean, eskuinean, lehertzen diren bonba, granada eta crapuillot horiez ohartuago da soldadu gaizoa ordea, eta lurrerat labaindu zaio zizpa. Ur lohien putzurat makurtu eta jaso du lotinantak, soldadu gaizoari saihetseko bat alimalekoa emanez zizparen ipurdiarekin. Lurrerat jausi da soldadua, belaunak lohietan eta esku bat saihetsean. Belarrian oihu egitera kukutu da lotinanta, eta oren zehatz horretan zartatu da 105eko bertze obus bat errekaren gibeleko patarrean, azantza handitan. Txistu luze bat belarrietaratu zaie soldaduei, lotinanten eta sarjanten manuak ez entzuteko maneran. «Gaitzerdi!», pentsatu du Manex Donetxek, «Entzun beharreko sinfonia honentzat!». Ez baita golde hoberik, errana da: lur mokor gaitzak jausi zaizkie soldaduei, eta obusa lehertu den patarretik hurran zirenei burdin ziliportak haragi barneetaraino sartu. Lurpetik atera dituzte hiru soldadu, bizirik oraino. Andariek eraman dituzte bertze lau soldadu, azken crapuillot horren burdin ziliportez zaurtuak, haien artean dela Paskal Mutrustegi, hiru haurrideetarik mementoko bizi den bakarra. Zaurtuak errekatik atera eta, «En garde aux boches!», manatu diete berriz soldaduei. Hortzen artean sakreka hasiak dira usatuenak, Henri Gramrand, Jean Etxandi eta bertze, baitakite botxeek erreka antzeman badute jausiko direla oraino obus gehiago lerro-lerro leku berean. Oren honetan eta erauntsi honen pean, izter batean obus horien burdin ziliporta batzuk sartzeko otoizten duenik bada, osasun posturat, atzeguardiarat, erietxerat, herrirat joateko bide lasterrena igurikiz. Bana bertze, lotinantak osasun posturat igorri dituen horiekin larderiatsu dira gehienak, gibelatzeko eta pausatzeko manua bertzerik ez baitute desio. Badira bi egun surat igorri zituztela, eta arte horretan lorik abantzu ez dute egin, ur poxi zikin bat baizik ez dute edan, eta bizpalau sardinarekin jateko guziak egin dituzte 49.eko soldaduek, segundo miko batez ere aleman obusak eta mitrallusak mututu ez direnez. Honezkero, goldea pasatu eta alemanek guziak lurperatu edo suntsitu arteko bakerik ez dutela izanen pentsatzen dute gutiz gehienek, han berean lurperaturik hilen direla, lehergailu ugari horietarik batek xifritzen ez baditu lehenago. Ez, leku honek ez du Oulcheseko patar haien antzik. Pilota partida bati emanak ziren han,
orai su handik, orai su hemendik, orai granada ukaldi batzuk handik, orai granada ukaldi batzuk hemendik: horra zer ziren bilakatuak Oulcheseko gudu haiek. Lohitua zen gerla hura, ezusteko handietarik gabetua, nor bere tokian, aitzinamendurik eta erretretarik gabe. Apirilean zituzten jalgiarazi erreka haietarik, urte eta erdiz hain ontsa ezaguturiko lekuetarik. Pausuan eduki zituzten hiru astez, exerzizio gogorrak egiten eta jakintza berrien ikasten. Orok bazekitena zen Verdunerat igorri behar zituztela; nehork irudika ez zezakeena, ordea, Verdun zer izanen zen. Bada, hau da Verdun: kukutu eta iraun, aterrik gabeko obus eta mitrallus erauntsiaren erdian, Lebel zizpa hori galtzera utzi gabe ahal dela, tiro egiteko gorputza zehe bat ere goititzea ezinezko denez, eta burua doi bat ere goititu gabe badaezpada. Maiatzaren 22arekin heldu dira 49.eko gizonak su lerrorat, harat eraman dituzten kamioiak utzirik. Su lerrorat gerturatu ahala kargatu dituzte aitzur, pala eta granada ugariz. Etxeber erretorearen benedikazioa harturik, berehala hedatu dituzte batailoiak, manu bederarekin. Baina manuak nahasiak dira, maiz berant heltzen dira, eta bidean hartu behar dira erabakiak, hainbertzekoa da botxeak eragiten ari diren anabasa eta sarraskia. Lehen batailoia, non baitira Manex, Luro eta Etien, igorri dute hastapenean 274.eko batailoi bat aldizkatzera. Bazileko arroilatik abiatu dira hilaren 23ko gauean, Aubriseko basorat bidean. Su handi baten pean iragan eta han galdu dute Rene Ameztoi, mitrallus ukaldi batek hesteak zirtzikaturik arrastatu baitute botxeek. Bertze batzuk ere jausi dira, baina izenik ezagutzen ere ez; azken hilabeteetan 49.eko hilak aldizkatzera igorri gizonak, gazteak gehienak, usu ez dira Euskal Herrikoak, eta izen berrien ikasteko tenorerik edo gogorik ere ez dute izan. Rene Ameztoi eta ezagutzen ez dituzten bertze gorputz horiek mitrallus eta granada su hartan utzi, kilometroren bat aitzinatu eta, oraino aski ez, gas itogarriak askatzen dituzten obusak igorri dizkiete botxeek. Exerzizioetan ikasi bezala maska tzar horiek aurpegietan ezarririk nolazpait heldu dira burdinbiderat, eta harat orduko aldatu diete manua: Charlier erreka behar dute hartu lehen bi konpainiek. Hartu dute 74.eko gidari bat, anitz alditan tronpatu dena bidea atzeman ezinik. Lotinant batek ez badu jo eta bertan kalitu izan da bertze nehork ez dakielako eremu hauen berri. Noizbait atzeman dute manatu leku hori, eta konpontze lanetan ezarri dituzte soldaduak, errekak garbitzen eta sakontzen, metro erdi eskaseko garaiera baizik ez baitute eremu honetan, botxeen lehergailuek holetan desitxuraturik. Hilez eta kolpatuz emokatuak dira bazterrak bertzalde. Erdi hilik erdi bizirik diren soldaduak atzematen dituzte arteka, ahal bezala gibelerat igortzen andariekin. Pezoi, jende, arma zatiak nolazpait garbitu, eta aitzindariek egin dituzte loturak ezker-eskuinetan diren konpainiekin, alemanak non diren argitu ahal izateko. Lekuak arraberritzen amaitu ez eta, argia egin gabe, Douaumonteko gotorlekua hartzeko manua heldu zaie. Batailoiko komandanteek bilera egin dute erasoa antolatzeko, granadak eta ahal izan dituzten guziak eman soldaduei, eta bi konpainia partitu dira. Errekak zirtzikatuak badira, erreketarat heltzeko arroilak ez dira ildo txar batzuk baizik, eta botxeek atsegin handiz metrailatzen dituzte 49.eko gizonak arteka horietan. Hor berean hil dute Clement Ibarrart. Istanteko heriotza bat izan du. Paretik iragatekotan, Lurok behar izan du gorpua bazterrerat aurtiki, Clementen gorpuak berak gelditu duen tiro tarrapata baten pean, non eta kaskoa jausi eta Clementen aurpegi desitxuratua agerian gelditu baita, ke eta laino baizik ez den zerurat beha begi zabalak. Aitak beleez errana gomutatu zaio Lurori, eta eskerrak eman ditu su zelai horretan belerik ez dabilen begi horien ebasteko. Manatu lekurat heldu direlarik bi konpainiak, aitzindariak kexu dira ezin dutelako eremua ezagutu, erasoa gaitza delako eta botxeen lerroak non diren ere ezin dutelako ezagutu, nahiz mapak zehaztu 500 metrotan behar luketela. Manuak eta espantuak nahastekatzen dituzte aitzindariek: ez dela baldintzarik atakadarentzat, sorpresaz eraso egiteko baldintza guziak galduak dituztela, norat jo behar duten ere ezin igarria dela, 129.eko gizonen arrastorik ez dela, ustez eta haiek sostengatu behar baitzuten erasoa gibeletik, goizaldean partitu diren erreketarat obus sorta gaitz bat igorri dutela alemanek, gibelatzeko bidea ere segurtamenik gabe utziz, eta frantsesen artilleriak ez duela erasoa prestatzeko lanik egin batere. Soldaduak beldurtuak dira, mututuak, pipatzera ere ausartzen ez direla, batailoiko aitzindariak noraezean sumatuz, baina erasoko manua berretsi dute atzeguardiatik, eta batailoiko aitzindariek ezarri dituzte sarjantak eta lotinantak, Star pistola zaharrak eskuetan, «En garde!» oihuka. 07:30ean kleronek jo dute eta partitu dira su zelairat bi konpainia, «En avant!», lau bagatan. Aitzinatu dituzte 200 metro inguru, baina hortik aitzinerat infernuko bortekin topo egin dute. Eta hor daude Filipe Luro eta Etien Bonnat, obus batek ireki duen eta erdia ur eta erdia lohi den zulo horretan elkarren kontra kurubilkaturik, irauten. Gibeltxoago, Henri Gramrand, Jean Etxandi, Manex Donetx eta bertzek, sakreka, kapitainari ikusarazi diote lekua behar dela antolatu, ezinezko dela gehiago aitzinatzea. Ezker-eskuin loturak bermaturik, aitzinatuak diren soldaduei elkartzeko manua heldu zaie azken buruan. Zenbait beilari bermaturik, erreka konpondu eta sakonera handitzea dute orai lehentasunezko lana, konpainiak elkarturik. Zenbait egunez hor usteltzen ari diren gizon, mando eta zaldi hilen gorpuak aitzinean, ez lore bat, ez arbola bat, ez txori bat ere. Babesteko burdin hariak zirtzikatuak, eta telefonorik gabe atzeguardiarekin mintzatzeko. Mitrallus bat ezartzea lortu dute, eta eskerrak, ezker hegitik heldu zen aleman saldo bat fueratzea lortu baitute horri esker. 129.eko gizonak ere heldu dira noizbait, lurra hilez estalia dela erranez, ezinezko dela arroiletarik iragatea halako gorpu metekin. Gibelago, 49.eko lehen batailoiko bertze bi konpainiak su gogorrean lotu dira, aitzinean diren adiskideei lana erraztuz. Nolazpait iragan dute eguna, lo handirik egin gabe haatik, ez baitu iduri botxe tzar horiek atsedenik hartzeko asmorik dutenik, eta errekak konpontzen amaitzea sekuletako lana baita. Goizaldean heldu da bertze manu bat, Boneff erreka har dezaten, alemanak sartu baitira bretxa batetarik, eta han harat abiatu dira 49.eko bi konpainia, erreka estuetan aitzina. Mitrallusez egin diete harrera, berriz ere, alemanek. Bertze hegitik agertu dira 218.eko frantses soldadu batzuk, eta haiekin indar bat eginik fueratu dituzte botxeak, ez aise, bi orenez su batean aritu baitira, eta ez debaldetan, Jean Etxandi eta bertze zenbait atakada horretan kalitu baitituzte. Etxandi gaizoari zangoak baratu zaizkio lohietan sarturik, eta Helmutendako helburu errazegi gelditu da su zelaiaren erdian, lurrari arras estekaturik, zangorik ezin atera lohietarik: berehala kalitu dute. Txorimalo bat bezala jausi da lohietarat. Zernahi gisaz, alemanak fueraturik, gorpu batzuk erreketarik atera eta bertan egokitu dira, 218.eko konpainia bat aldizkatzera heldu zaien arte. Armak hoztu gabeak oraino, alemanen bertze konpainia batek eraso die ezker hegaletik. Haiek ere nolazpait uxatu dituzte, granada ukaldika. Anartean, Etien ari baitzen «Nehork ez du mitrallus bat? Ostia!» erran eta erran, Emile Intxauspe sarjantak eman behar izan dio zaplastako bat, isil zedin. Alemanak fueratu eta 218.eko soldaduak lekuaren kargu utzirik, partitu lekurat itzuli dira goizaldean, jakin gabe han utzi dituzten adiskideak oraino han izanen ote diren, anabasa hutsa baita Verdun, etenik gabe aitzinatzen eta gibelatzen den su lerro infinitu bat, bretxak irekiz etsaiari edo etsaiak irekiz bretxak, hain da behin-behinekoa egoera. Fortunaz, 49.eko bertze bi batailoiek eutsi diete beren lekuei, ez neke gutirekin, eta lortu dute Douaumonteko erreka poxi bat sakontzea, geriza hobetuz, auskalo zenbat denborarentzat. Eta gauari egunak jarraiki dio, eta egunari gauak, eta gauari obusak, eta obusari egunak, eta maiatzaren 29an atera dituzte eromen horretarik azkenean. Verdunen berean elkartu dituzte sakabanaturik erabili dituzten 49.eko hamabi konpainiak. Biloak eta bizarrak lohiz beteak, begitarte akituak, zizpak justuki atxikitzen dituzten beso jausiak, pauso motel dorpeak, listurik ere ez dutela aurtikitzeko, egarriak itoak: tonbetarik jalgi mamuak iduri dute 49.eko soldaduek, su hegitik gibelerat heldu, bide bazterretan lurperaturiko soldaduen hilobien artetik oinez heldu,
gurutze uzkailien artetik oinez heldu, nonbait etzan eta loak hartzen ditu etzan ahala, xifrituak diren bezala. Falta diren soldaduez ohartzeko kuraia bildu eta zenbaketa egiteko eguna da biharamuna. Silvain Tucoulet lotinantaren berririk ez du nehork, baina hain segur ez dute preso atxiki. Haren orde, Emile Intxauspe sarjant egin dute lotinant. Etien Bonnatek aitzindarien idazkari ari den adiskide bat kausitu du: hilen artean emana dute Silvainen izena, gorpua nehork berreskuratu ez badu ere. Astebeteko suan, 158 gizon hil dizkiote botxeek 49. erreximenduari, abantzu 800 kolpatu. Galtze handia da. «Baina moral izugarria du tropak», ihardetsi dio idazkariak Etieni. Aitzindariak uros dira: garaipen handia izan da 200 metro horiek eskuratzea eta lerroen arteko loturak bermatzea. Zenbat denborarentzat izanen den, bihar-etziko galdea da. Nork bere arrangurak dituenez, Manex Donetxek Etieni eskatu dio aitaren berri galdatzeko idazkari horri. «Nola zuen izena?». «Mizel. Mizel Donetx». Berriz ikusterik badu, galde eginen diola beraz, Etienek arrapostu. Bertzenaz, bizirik dauden 49.eko gizonik gehienak uros dira, aski uros, nola erran, eta botila arno zenbait irekitzeaz arduratzen dira, listuaren berregiteko. Lan horretan indarka ari da Xantiago Fourcade, ganibeta batez aleman bati lepoa eginen balio baino neke gehiagoz halere. Bizarrak egiten eta ileak mozten emanak dira zenbait, Jean Salaberri adibidez, Jauregiberri Zibozeko barberuarekin. Kolpatu eta eri handiak sartzen dituzte karrosa batzuetan, oihaletan bandera xuri-gorriak dituzten horietan, ospitaletarat eramateko. Sufrimenduak ito beharrean marrumaka ari direnei edo haguna dariela daudenei ematen diete koilarakada bat kokaina, minak nolazpait arintzeko. Bertan hil dira zenbait, karrosetarat sartzeko zain zirela. Horien lurperatzeko tenorea ere badenez, zurezko gurutzeak egiten ezarriak dituzte Henri Gramrand eta Faustin Oihanburu. Etxeber erretorea banan-banan pasatzen da eriekin mintzatzera, azken oliodurak ematera, absoluzioa eskaintzera, kofesioak hartzera. Kolpatu arinagoak ere, dozenaka baitira, ilaran zain daude, Joseph Ameztoi horien artean, bala etsaiek esku bat urraturik. Permanganatoz zauriak garbitu eta iodoa emanen diete gainetik, bendak ezarri, burdin ziliportak atera. Pipatuz, beren txandaren zain dira eri arinak, markaren egiteko zain egoten ohi diren animaliak nola. Argi errateko, tenore honetan 49.eko soldaduek ez dute astirik Voltaire kabaretean sortu berri diren dadaista horien ekarpenari buruz gogoetatzeko, joan den neguan Franz Kafka delako gazte batek argitaratu Die Verwandlung nobela hori zeren sinbolo ote den eztabaidatzeko, are gutiago komandantearen axuant bat soldaduen artean tabako partitzeari eman zaionez geroztik. Beren zereginak utzirik, erien herronka abandonaturik, botila arnoak eta gurutze egiteko oholak ahantzirik, badoaz guziak axuantarenganat, eskuak luze; baina axuantak baztertzen ditu, tabakoa partitu behar baitu, lehenik, oraino erretzeko gai diren kolpatuen artean, orok ulertu eta errespetatzen dutena. Baina, zaurtuekin finitu duelarik, hil ala bizi, axuanta inguratu dute berriz soldaduek, bakoitzak bere partea eskuratu eta tabakoak finitu diren arte. «Mozkor hutsa izanen da gure komandante hau, baina eskerrak bihurtu beharko dizkiogu tabako honengatik bederen», erran dio Etienek Lurori, bai baitaki komandantearen joerak ez dituela begiko Lurok, lehenago ere salatu izan dionez. «Bo. Bai. Naski». Baina eskuratu berri duen tabakoari usain eginik, «Urde horiek!» eskapatu zaio Lurori. «Zer duzu orai?». «Berriro ere tabako lodi botiga horretarik eman ez digute bada! Aitzindarientzat gordetzen xanpainak eta tabako finak! Eta guretzat, biltzen ere ahal ez den belar tzar hau!». Harrika aurtiki du Lurok. Baina gero damutu eta jaso du, Etienek barre egiten dion artean: «Nahi duzu paperik?». Sakreka onartu dio Lurok. Eskuak dardarika, tabakoa bildu ezinik ari direla jin zaie Etxeber erretorea, kofesatu nahi dutenetz galdezka. «Badaki berorrek gure bekatuen berri, egunero berak direnez», ihardetsi dio Etienek. «Zenbat kalitu dituzue?». Ezin jakina dela ihardetsi diote; bien artean zazpi bai bederen, gehiago ote diren ezin segurtatu. Ave Maria dozena batzuk manaturik, «Ego te absolvo a peccatis tuis» eta «Ontsa egin duzue» erranik eskua buruan ezartzen diela Etieni lehenik eta Lurori ondoren, badoa Etxeber erretorea bertze arima urratu batzuenganat, baina ezin aitzinatua da: Manex Donetx azaldu da xoko batetarik, eta arrastatu du erretorea besotik helduz: «Mizel gure aitaren berririk baduzu? Hilabeteak dira letrarik igorri ez duela etxerat...». Deus ez dakiela, baina galdeginen duela. Manex lasaitu eta berriz partitzera zihoala, Domingo Lopez jin zaio erretoreari, ahapeka galdeginez ba ote dakien nor den soldaduekin hizketan ari den gizon lerden hura, jauntzia lohi fitsik ere gabea baitu, Kodak kamera bat lepotik zintzilik, oharren hartzen ari paper mutur batean. «Uste dut Manuel Aznar duela izena. 22 urte baizik ez ditu, eta Euzkadi kazetarentzat ari da kronika batzuen idazten eta potreten egiten». Kazetariez ez da sobera fio Domingo. Etienek, aldiz, potreta bat eginen lukeela erran dio erretoreari, galdeginen ote liokeen kazetari gazte horri. Emile Intxauspe lotinanta agertu da, ordea, trasteria bildurik kamioietarat igateko manatuz, pausurat daramatzatela. Zutitu eta traste guziak biltzen hasi dira soldaduak, begien bistatik galduz kazetari gazte hura. Kamioirat igaten ari direla salatu die berria Jean Larrek: Paskal Mutrustegi erietxean hil da, odolusturik. Izterra burdin ziliportaz josia zuen, eta epaitu beharra, baina berantegi hasi dute ebakuntza. Hiru haurrideetan bizi zen bakarra, hilik hura ere. Potretak ahantzirik, kamioirat isil-isilak sartu dira zauri ttipi bat ez luketela gaitz izanen pentsatzen ari zirenak zenbait oren lehenago, etxerat itzultzeko aitzakia izanen luketela bederen. Engoitik atzeguardiako pausu egunek eztituko dizkiete barneko eta kanpoko zauriak: hiru aste eginen dituzte Bienvillen, su lerrotik urrun. Isilik doaz kamioietan, batzuek Bienvilleko emazteen bular oparoetan ezarririk dutela gogoa,
besteek botila arno freskoentzat baizik pentsatzen ez dutela. Baina heldu dira eta, harrezkero exerzizio gogorrak eginarazten baitizkie Emile Intxauspe lotinantak, herraz asea mintzo da Filipe Luro azken aldi luzean, bular oparoez eta botila arno freskoez gozatu ezinik: «Urdekume horri tiro eginen diot azkenean!». Herra horretan zerikusirik izanen du, baita ere, zorri alimaleko batzuk lotu zaizkiola Luro gaizoari, eta erreximendu gehienari bide batez. Zorri lodi eta handi batzuk, marra beltz bat dutenak bizkarrean, ausartak. Lotako kamantzetako lasto gainean etzan, eta guziak bereganatzen dituzte, ezbairik gabe. Debalde da zorri deabru horiek hiltzen entseatzea, arropak ikuztea, pikarrai jarririk uretan sartzea, larruhaseko berriak beztitzea. Berehala egiten dituzte arrautzak, azpildura eta jostura guziei lotzen, eta fite sortzen berriak. «Zorri deabru horiek behar dute gerla irabazi azken buruan», Faustin Oihanburuk erratea maite duen gisaz errateko. Hazka eta hazka badabil, beraz, Luro gaizoa, eta Intxausperen exerzizioek ez diote atsegin handirik sortzen, lehenaz gainera. Manex Donetxek ere bat egin du Luroren proposamenarekin, garondoa atsedenik gabe hazkatzen ari dela hura ere: «Ez orai beharbada, baina su hegian tiro bat emanen bagenio, nehor guti jabetuko litzatekeela, segur da». Martxa luzea dute gaurkoa, 40 kilometrokoa bai bederen, gorputzei lokartzen eta nasaitzen ez uzteko. 500 gizon berri baino gehiago jaso ditu 49.ak, bertzalde, eta gizon gazte horiek gerlako arteetan trebatu beharrak dira. Exerzizioak alde batera utzirik, lasaiak eta atseginak dira Bienvilleko egunak, eta 49.eko soldadu gaizoak fite usatuko lirateke bizi honetara: jateko badute arrautza eta patata anitz, arraina, arnoa ere sobera; zuriketak egiteko, arrantzarat joateko, musean aritzeko eta pipatzeko astirik badute, bai eta ostatuan nahi adina pinta husteko ere, eta, igandez, promenadak egiteko, Etxeber erretorearen mezetarat joateko eta horma tzarren baten kontra pilotan aritzeko. Elodiek eta Gertrudek besoak zabalik hartzen dituzte, bertzalde, pausuko lanetarik eta exerzizioetarik libro uzten dituzten iluntzeetan. Burdin hariak konpontzea, guardian egotea, arroilak sakontzea, komun zuloak egitea, patatak zuritzea... Badirenez lanak atzeguardian ere, aski aise burutzen dituzte zeregin horiek, Bienvilletik urrun entzuten baitira obusen azantzak. Filipe Lurok eta Etien Bonnatek patata zuritzeko lan horietan ari direla ezagutu dute muntrak oren batez aitzinatu beharrak dituztela, Frantziako Asanbleak manaturik: ereiaroaren 14ko 23:00etan gauerdi izanen da. «To! Oren bat gutiago eginen dugu gerlan!». Irriak eta barreak eta karkailak merkeago baitira pausualdian. Baina pausualdiak ez dira fantasiazko memento batzuk baizik, gerlarik ez dela gehiago eta munduak Parisetik harago ere bizirik segitzen duela pentsatzera eramaten duten fantasia batzuk, 49.eko soldaduei nahi baino arinago lurruntzen zaizkienak zorigaitzez. Elodieri eta Gertruderi adio erranik,
berriro Argonan dira 49.eko gizonak. Abantaila bakarra? Verdunetik bizirik jalgi direnentzat gerlaren antzik ere ez dutela Argonako su hauek. Verdun aitzineko guduak iduri dute hemengo josteta hauek: to obus batzuk, aurtiki granada ukaldi batzuk, eman tiro batzuk, zelatatu etsaia beilan, segi arrantxoaren xerka, iragan egun batzuk su hegian, joan erresalburat, eta itxaron hurrengo aldia noiz helduko. Erreximendurat ereiaroan heldu ziren soldadu gazteentzat, biltegietarik 200 gehiago hartu baititu erreximenduak hil hondarrean, oro da lazgarri oraino, baina fite usatuko dira, eta egunak eginen dituzte su beraren eta musker argi beraren pean, bizi guzian hori baizik egin ez balute bezala. Faustin Oihanburuk ez, ez du gehiago loriatzerik izanen alemanek zerurat gauez aurtikitzen dituzten musker argi horiekin. Uztailaren 20an, argia gabe —aroa lasaia zen, alemanek ez zuten eraso gaitzik egin zenbait egunez—, patruila bat abiatu zen alemanen errekak ezagutzera. Boluntario aurkeztu zen Faustin. Aleman gerizpe batetarat aurtiki zituzten bederatzi granada, udare batzuk baino handiago ez diren horietarik. Zelatari aleman bat karraskan lotu zitzaien mitrallusarekin, aitzinatu zen Faustin erreka barnerat, eta bi metro garai zen idi baten adinako morroi hura ganibet ukaldi bakarraz kalitu zuen. Baina han berean atzeman zuten botxeek Faustin, eta tiroz suntsitu. Patruilak justuki ihes egin zuen, eta granadaz kolpaturik itzuli ziren hiru lagun bederen. Zernahi gisaz, egunero kolpatu arinen bat eta arteka hilen bat edo bertze baldin badira ere, galtze handirik ez da Argonako gudu hauetan; deus ikustekorik ez Verduneko infernu harekin. Bertzenaz, fite igortzen dituzte han galdu gizonen ordezkoak: agorrilean heldu zaizkie bertze 400 soldadu gazte. Aitzindarien begietara Faustin halako 400, erran nahi baita. Badira, ttipiago izanagatik mingarriago diren galtzeak: Renaud deitu soldadu batek desertatu du alemanen lerroetarat. Biltegietarik heldu berria zen. Zizpa beilari postuan utzirik alde egin zuen agorrilaren 5eko gauean. Etienek, Lurok eta Manexek oren luzeak egin dituzte auziari buruz solasean. Agorrilean berean irakurri diete boz goraz letra bat Espainiako erregearena, hitz emanez frantsesak kanporatuko dituztela beren lurretarik. Jakin dute, bertzalde, Donostian zortzi frantses preso hartu eta mugarat eraman dituztela, epaitu ere egin gabe. Lurok bai baitu kusi bat desertore, arranguraturik da Espainiatik kanporatuko ote duten. Martxoan joan zen bertze alderat, Bankakoa izanik aise iragan baitzuen muga, jendarmeen postuan utzirik soldadu arropak, ontsa plegatuak, horrek balizko kondena arinduko ziolakoan; desertatuen familiei lurrak kenduko dizkietela ere erraten baita. Zernahi den ere, Manexek argi du Espainiako erregearen letra hori propaganda baizik ez dela, desertatzeko asmoak oro lurperatzeko. Propagandak alde batera baizik ez duela helburua lortuko uste du, aldiz, Etienek. Renaud gazte horrek alemanen lerroetarat desertatzeko asmoa horregatik baitu hartu, dudarik ez dena: Espainia alderat ezin bada desertatu, Alemaniarat. Bizia atxikiko duela ihardetsi dio Lurok, bederen bizia atxikiko duela. Manexek oroitarazi dio, orduan, Kruppen lantegi horietarat igortzen dituztela preso atxikiak, frantses soldadu gaizoak fundituko dituzten obusak eta balak egiterat: «Alemanen alderat desertatuko zinateke, jakinik ezarriko zintuzketela Etien edo nihaur fundituko gaituzten obusen fabrikatzen? Desertatuko zinateke?». Galdera horretan aienatu dira eztabaidak. Beraz, itxaropen bakarra da hurrengo pausualdia heldu arte bizia atxikitzea, edo beharbada bertze permisione aldi bat igurikitzea. Otsailean permisioneak jasota, segur baita Gabonak aitzin ez dutela berriro ere aldi izanen. Eta, bertzalde, hobe halakoetan gehiegi ez pentsatzea, Etienek erran ohi duenez. Agorrila fite bururatuko da eta gero buruila jinen da, eta segidan urria, sartuko da negua, eta hotzak eta elurrak berriz baretuko dute gerla, segur da. Eta anartean jasoko dituzte sari batzuk ere, erreximenduko soldadu anitz sariztatuak izan baitira azken asteetan, Verdunen eta geroko guduetan egin balentriengatik. Hala nola, Manexek eta Etienek jaso dute zitazio bedera, etsaiari mitrallus bateria bat desmuntatzeagatik. Manexek ez du aukera galdu komandanteari galdetzeko Mizel Donetx aitarengatik, hilabeteak baitituzte haren berririk gabe. Jakitera entseatuko dela erran dio aitzindari horrek, eta segitu du medailen ezartzen, Domingo Lopezi hurrengoa, sariak jasotzen ari direnen lerroan Manexen alboan baita, papoa tente. Lehendik ere usatua baitzen lehergailuekin Gixuneko harrobian, eta granada aurtikitzaile hauta dela frogatu baitu, Domingok izar bakarra falta du medaila militar horietarik baten eskuratzeko. Hamabi eguneko pausua izanen du sari. Joan den astean boluntario aurkeztu zuen bere burua bertze patruila batean, eta granadaz zapartatu alemanen arma biltegi ttipi bat. Beraz, abantzu aste batzuen buruan emanen diote medaila militarraren osatzeko falta zaion hirugarren izarra. Agorril hondarrean eman dizkie jeneralak azken sari horiek, ohore handitan, 49.eko musika banda joka dela. Bandak finitu dituelarik musikak, jeneralak egin die mintzaldi bat soldaduei, serios, nabarmenduz kanpoko etsaia bezain gogorra, edo anitzez gogorrago, dela barneko etsaia. Oroitarazi die prostituta horien artean espiak ere direla askotan ezkutatzen, dela informazioa eskuratzeko, dela Frantziaren Armadan sifilia ereiteko. Alkoholaren kalteez ere ditu abisatu, gizona zein heinetan gal dezakeen salatuz boz larriz. Etsai horietarik begiratzeko manatu die beraz soldaduei, galdeginez su zelaian botxeen kontra agertu duten kuraia beraz oldartzeko barneko etsaiari, eta higienea soldaduaren diziplinaren zeregin gorenetarik bat dela ohartaraziz. Gero autoetan sartu eta lekuz higitu dituzte, eta berriz haste su zelaiko jolasetan, eta buruil erditan Hirschauer jeneralak errebista pasatu eta eman dizkie sari gehiago, Menehoulden. Hor du bereganatu medaila desiratua Domingok. Etieni erran dio, zaplada on bat emanez bizkarrean, etxerateko bidean Parisen eginen duela egonaldi bat, bi egun eta bi gau oso, hiriko burdel guziak korritu arte lorik egiteko asmorik ere ez baitu. Domingo Pariserat lehenik eta Gixunerat ondoren hamabi egunendako pausuarekin joaten utzi eta, berriz surat igorri dituzte 49.eko gizonak. Larrazkenarekin heldu zaie pausualdia: lehen eta hirugarren batailoiak Dosnonen kantonatu dituzte, instrukzioaldi luze bat egiteko han, goizetan teoria ikasiz, arratsetan praktikak eginez: gimnasia eta ariketa fisikoak, antolaketa defentsiboa, eremuen azterketa, hurbiltze ariketak, erreken antolaketa, erasoak konpainian eta erasoak talde handi zein ttipiagoetan, krokisen irakurketa, okupazio planak, eraso eta defentsa ekintzen antolaketa orobat, eta tiro probak, mitrallusekin, zizpekin, granadekin, soldadu bat eta bederak bere espezialitate horrekin alegia, eta baioneta esgrima, eta maniobrak, eta martxa militarrak. Baita instrukzio morala ere oraino. Funtsean, Emile Intxauspe lotinanta, zeina merituak metatzen ari baita kapitaingorat heltzeko, atsegin handiarekin arizan da soldaduei jokoak eta ariketak manatzen, eta Filipe Luro gero eta herra handiagoa hartzen ari zaio exerzizioei. Etien eta Manex adiskideek lasaitzen dute, gogoratuz eta exerzizioek eta instrukzioek iraun artean ez direla su zelaian izanen, gozatzeko pausualdiaz. Lurok menturaz ez hainbeste, baina esne mamitan dabil Henri Gramrand, ezagutu baitu emazte gazte bat Dosnon berekoa. Okindegi bat gobernatzen du berak bakarrik, senarra gerlan izaki. Elkarren ezagutza egin dutenetik, gauetan ez dute Henriren berri handirik izaten soldaduendako etxoletan. Goizetan agertzen baita betzulo handi batzuekin instrukzio orenarentzat, Emile Intxauspe lotinantak galdegin dio zer gertatzen zaion, eta eri dela ihardetsi dio Henrik, azkenean egia bilakatu baita: entzun behar izan ditu lotinantaren sinfonia ederrak, zer eta buztanaren azterketan antzeman diotelako sifilia. Eskoletan jasotzen dituzten formazio moralek fitsik ez al duten balio galdegin dio Intxauspe lotinantak, Henri gaizoa utzi baitu irri egiteko gogo handirik gabe, lehendik aski arranguratua ez bazen gaitz lotsemangarri horren ondorioekin,
itsu edo paralitiko geldituko zela pentsatzen ari baitzen Henri Gramrand egun guziz. Ukendu zenbaitez eta pazientzia handiz kontrolatu du gaitza, medikuak erran baitio ez dela segura berriz ez agertzea, eta tentuz ibiltzeko. Zernahi gisaz, sifiliarekin edo sifilirik gabe geldi egoterik ez baitu, berriz ere partitu da 49.a hazil hondarrean, aldi honetan lurrezko bideetarik oinez, eta han da Henri Gramrand ere. «Martxan trebatuak baikaituzu!», erran dio Jean Salaberrik, adiskidearen umorea goititu nahirik. Egin dute egun bat bidean, eta gero bertze bi, eta gero bertze lau, artekatuz pausu egun batzuk, eta gero bertze bi egun oinez, eta gero bertze hiru, eta abendua badoa, eta iduri du gerla guzian harat-honat eramanen dituztela, su lerrorat hurbildu ere gabe, Jean Salaberriren beraren umorea ere histeraino. Holetan, egun batez, Etxeber erretorea jin da soldaduei adio erratera. Ibarnegarai diputatu jaun gaztearekin eta Baudillart kardinalarekin hasi beharra du itzuli bat. «Atzeguardiako gerla!», erran die boz fermuz. Frantziako Gobernamenduak igorriko ditu espainiarrak konbentzitzera, eta hasiko dute mintzaldi sorta hori Donostian, gero bertze hiri handiago batzuetarat joateko. Espainian alemanen aldeko kolonia bat azpilanean ari denez, Frantziak erabaki du espainiarrak kartu behar dituela, neutraltasuna aliatuen alde hautsiko ez badute, bederen neutraltasuna zorrotz bete dezaten, eta alemanek ez dezaten ahultasun hori baliatu beren alde indar baten pusatzeko. Mendiburu bikarioa ordezko izendaturik, auto batean sartu eta soldaduak utzi ditu Etxeber erretoreak, ez aitzinetik hala nahi izan duten soldadu guziak kofesatu eta benedikatu gabe. Erretorearekin edo erretorerik gabe, itzulika segitu dute 49.eko soldaduek, Amerikako Estatu Batuak gerlan sartzearen balizko aukerez solasean entreteniturik bederen, baina hainbertze ibilaldiren xedea antzeman ezinik oraino, aitzindariek argibiderik batere ematen ez dietenez. Eta Gabonak heldu aitzin, hara oparia eta argibidea, etxerat joateko permisionerik ez, baina igorri dituzte surat, Harbonnieresen. Bigarren batailoia Gabon gauean, eta gaineratekoak, Eguberri bigarrenean. Su zelairat gerturatu ahala hasi dira obusak entzuten, aspaldiko partez, eta Henri Gramrandek irri karkaila ero batez hartu ditu: «To! Adiskideak, hemen dira gure postari maiteak!». Etxekoen bertze letrarik ez du jasoko Henrik. Urtarrilaren 31n hilen du berunezko postari horietarik batek, erreleboa egiteko gibelatzen ari zirela. Neke handiz, andariek jasoko dituzte haren gorputz atal gehienak, salbu eta eskuko hatz bat edo bertze. Manex Donetxek lan horretan lagunduko ditu andariak, zer eta, badakielako andari horien artean badela bat 142. territorialean aritua. Mizel Donetx aitaren berririk baduenetz galdetu nahi lioke. Baina andariekin Henriren hatzak lurrean xerkatzen hasi delarik erran diote haietan ez dela nehor 142. territorialean arizana. Bizpalau egunen buruko, nolanahi den ere, ikaragarriko aro ederra egin duen egun batez, andari horietarik bat bihurtuko da konpainiarat Manexengatik galde eginez. Igorriko dute izkiriatzen eta uroski pipatzen ari den talde batenganat, han ezagutuko du Manex, eta esertzeko erranen dio. Erranen dio. Bretoia baita, Manexi bitxi eginen zaion azentu batez erranen dio andari horrek. Mediku batekin hitz egin duela. Mizel Donetx gizon handia zela. Ebakuntzaren azken orenera arte kuraia handia agertu zuela. Hori nabarmentzeko eskatu diola medikuak. Erranen dio. Bere esku zen guzia egin zuela medikuak. Bi eskuak aurpegirat eramanen ditu Manexek eta etxekoei izkiriatzen ari zen paperean malkoen mezua itsatsiko du oharkabean;
ez da ausartuko familiari aitaren berri letraz ematen, halere. «Permisionea eskuraturik itzulitakoan kontatuko diet», geroratu du erabakia. «Hobe aurrez aurre erraten badiet». Eguberri iragan eta, Manex Donetxek etxekoei izkiriatu aitzin, urtarril erditan heldu dira soldaduendako letrak. Lehen batailoia Harbonniereseko hirugarren lerroan bildua dela baliatu du sarjantak letren partitzeko. Bolboraren suak zerbait berotzen badu, behar den gisako su on baten berorat atsegin handiagoz biltzen dira soldaduak, eta suaren ondoan deskantsuan dira tenore honetan, baselina emanez zangoen berotzen, aizkora ttipiez jaki hormatuen zatitzen, kutxot arno baten edaten, pipatzen orobat, kapota karroindatuen pean artilezko estalkien tinkatzen beti, hotza alimalekoa baita urte hasiera honetan, baita zementuzko gerizpe honen barnean ere. Letrak jaso ahala, makur bakarra dute soldaduek, mukiak ziri bilakatzen dizkien hotz horretaz aparte: letren irakurtzeko eskuak izozten zaizkiela. Gordegian direla orai, egur ikatz baten su apalak epeltzen duela barrukia, atsegin handiz irakurtzen dituzte letra heldu berriak, hatsarekin berotuz esku hormatuak. Gixunetik, Domingo Lopezi senideek erran diote Duhalde jaunaren belartegiari sua lotu zaiola eta lurrerat aurtiki duela, baina ez dutela sua herriko etxeetarat hedatzen utzi eta han berean ito dela zorionez. Urruñatik, Jean Larreri familiak kontatu dio Juan Gaston ohoina garrotean hil dutela Irungo presondegian, Sarako etxe batean bi gizon hiltzeaz eta haietako baten emaztea bortxatzeaz akusaturik. Bozkario handitan ospatu dute herritarrek. Baina Jean Larrek bi letra jaso baititu gaur, Janamari Ugarterenak egin dio poz handiena; etxekoen letra utzi eta andregaiarena irakurri du behin eta berriz, papera ere hormatzen hasi zaion arte. Senperetik, Xantiago Fourcaderi emazteak azaldu dio Terese Etxegoien esperantzetan ezarria dutela, zer eta senarra gerlan galdua den edo ez argitu gabe delarik oraino, eskandalu handi bat herri guzian. Irisarritik, Manex Donetxi izkiriatu diote aitona Ximun osagarri onean dela, baina aitaren berririk gabe segitzen dutela, eta ea ba ote duen Mizel aitaren berririk batere. Hor utzi du letra Manexek, irakurtzen segitu ezinik, begiak malkoz bete baitzaizkio. Baionatik, Etien Bonnati izeba batek izkiriatu dio, ama gaixo handi duela jakinarazteko; badira eta hiru aste etxetik atera ez dela, eztulak ito behar duela iduri du, medikuek ez dute aitzinamendurik ikusten. Arnegitik, Filipe Lurori jakinarazi diote Julien anaia mobilizatua izanen dela laster, hemezortzi urteak aurten bete behar. Bihotzaren iluntzeko baizik balio ez duen albiste horrekin tristatu da Luro, baina, holakoetako gordetzen baititu Maitenak azken hilabeteetan igorri dizkion letrak, mokanes ttipi batean bildurik, atera ditu barneko patrikatik, eta horiek irakurtzera eman da, zigarreta bat piztuz, anaiarengatiko zorigaitza Maitenarekiko zorionarekin ordezkatu nahiko balu bezala. Aldi honetan ez du letrarik jaso Joseph Ameztoik, familia oraino anaiaren heriotzaz inarrosia izanen delako segurki, eta ez dutelako asmatuko zer erran Joseph gaizoari. Jean Salaberrik ere ez du etxekoen berririk gaur, eta arratoi ehizara emana da, Josephekin eta bertze hiru soldadurekin. «Arratoi baten atzemateko bortz gizon, alafede!», zirikatu ditu Xantiago Fourcadek. «Ausiki egiten baitu kotxino horrek». Atzemandako arratoi bakoitzeko sos bedera manatu dute aitzindariek, halako karrarekin hedatu baitira karraskari deabru horiek xoko guzietan, jaten dituztela eztainuzko platerak eta soldaduen oinetakoak ere. Sosen kobratzeko, ordea, arratoiak behar dira legez ehizatu: aitzindari bati arratoiaren gorpu hila erakutsi, eta hark egindako paperarekin erreximenduko moltseroarenganat joan sosa kobratzerat. Ez du balio buztana soilik eramateak, eta bertan suntsitu behar da arratoia, bertze soldadu batek ez dezan gorpu bera baliatu bertze sos baten kobratzeko. «Pozoirik ez duzue bada?», Fourcaderen galdea. «Zaude. Arratoiendako pozoia eman eta katua lehertu zuten mando hauek azken aldian». Jean Salaberrik katakume bat hazi baitu joan diren asteetan, pozoi hori irentsirik zapartatu den arte. «Entzun dut bada ingelesen aldean aire pozoituek erraustu dituztela arratoi guziak». Fourcaderi ihardetsi behar zion Jean Salaberrik, gordegiaren atariko manta gris latza ireki dutelarik. Lotinant batek galdegin die lekurik ba dutenetz bi soldadu berrirentzat. Zortzi metroko zuloan guzira hamabortz lagunendako lekua badenez, baietz ihardetsi dute, badela lekua oraino. Hotzetik begiratzeko kautxuzko oihal gehiago hedatu dituzte lurrean, eta lasto amiñi bat barreiatu haien gainerat, heldu berrientzat kamantzak atonduz. Sartu dira soldadu berri horiek; ez dira gazteak ere, gerizpean direnen adintsukoak, iduriz; jin izanen dira bertze erreximendu batetarik, hain segur. «Piarres?», atera zaio Filipe Lurori, Maitenaren letrak mokanes ttipian bilduz: «Piarres Hasket?». «Luro zara?», galdegin dio Piarresek Lurori, indar handirik gabe zinez, baina begi niniak poxi bat pizten zaizkiola. Piarresen hazpegiak haztatu eta osorik besarkatu du Lurok; besoak indarge ditu Piarresek, justuki eman dio zaflako bat bizkarrean Lurori. «Atera arno xorta bat, ostia! Haur ginenetik adiskide dut Piarres. Arnegikoa berekoa duzue», presentatu die gainerateko soldaduei. Bizkarretik oratu eta bazter batetarat eraman du Lurok Piarres, arno xorta bat eskuratuz eta tabakoa eskainiz, lasai mintzatzeko. Artillarietan arizana da Piarres Hasket, baina, bertze egun batez, buxatua zen kanoi bat garbitzen ari, su hartu eta eskuak kiskali zitzaizkion. Deus larririk ez, baina ospitalean egon behar izan du hilabetez, eta orai infanteriarat igorri dute. Beldurtua da arrunt, zer eta ez duelako infanteriako arauen berri zehatzik, hiru urtez abantzu artillarien axuant izanik. Ez arranguratzeko ihardetsi dio Lurok, ondoan izanen duela beti. Begitartea hits du ordea, Piarresek, neke handiz jalgitzen zaizkio hitzak, mihia korapilatzen zaio solasean hasten delarik, eta dardara egiten diote eskuek. Zigarreta ere Lurok bildu behar izan dio. Azkenean, totelka galdegin dio Lurori: «Noiz uste duzu finituko den ankerkeria hau?». Luro orduan baizik ez da ohartu adiskidearen betzuloez eta begitarte hitsaz. Piarresekin heldu den bertze soldaduak, Mizel Irigarai baitu izena, guziz bertzelakoa du aldartea. Musean hasia da Salaberri eta horiekin, betiko adiskidantza bat balute bezala solasean: «Entzun duzue zerbait amerikanoei buruz?
Horiek gerlan sartuko diren egunean, aise fundituko ditugu botxe tzar horiek!». Mizel Irigarairi esperantza ematen diona hori baita: amerikanoak gerlan sartzea. Badira lau hilabete Irigarai 49. erreximendurat heldu zenetik, eta lau hilabete dira gauza bera erran eta erran ari dela. Azkenean, heldu da berria, gerlan sartuko dira Amerikako Estatu Batuak, eta Irigaraik, pozez zoraturik, eman dio zaflako bat Jean Salaberriri sorbaldan, abantzu lurrerat aurtiki baitu. «Orain bai, adiskideak. Orai bai». Aguardient botila bat ireki du, eta gaineratekoei eskaini. Pozik dira konpainiako soldadu gutiz gehienak, egia erran. Ez amerikanoengatik bakarrik: urtebeteko harat-honatak, suak eta pausuak, hilak eta kolpatuak, errefortzuak eta instrukzioak, apiril erditan Craonnerat heldu baita 49.a. «Maizyn berriz», pentsatu dute lekua iazko alditik ezagutzen dutenek. Eremua duela urtebete baino suntsituago dela, begien bistan da, baina soldadu zaharrenek badute nolazpaiteko poz bat, eremu ezagunerat itzultzearena. Esamesa badabil soldaduen artean, aitzindariek oldar bat egin asmo ote duten Craonne aldean; amerikanoak gerlan sarturik, gainera, pentsatzen dute oldar handi bat eginez gero berehala suntsituko dituztela alemanak. Oldar hori noiz helduko igurikitzen dute azken aldi honetan, beraz. Eta, egia dena, mugimendu handiak badabiltza Maizy honetan harat eta honat, munizioak, kanoiak, mandoak, zapadoreak... Lehen lerro horretan erreka berri baten eraikitzen ari direla entzun dute Etien Bonnatek eta Filipe Lurok. Egia denetz, fite frogatuko dute beren begiez. Bo, Manex Donetxek ez, ezin izanen du frogatu deus gehiago bere begiez. Apirilaren 20an, lan batzuk eginik goizean, Emile Intxauspe lotinantak ezarri ditu soldaduak ariketa zenbaiten egiten arratsean. Lotinantak granada berrietarik bat eman, eta eskuan lehertu zaio Manex Donetxi, zartagailua askatu ezinik ari zela, buruaren zati bat deseginez eta kaskoa hamabortz bat metro airean aurtikiz. Etien Bonnat errabiak hisiaturik eta itsuturik oldartu zaio Intxauspe lotinantari, oro marruma eta intziri, idi baten indarrez. Lotinanta azpian hartu eta muturrean eta urdailean kolpeka hasi zaio Etien. Aspaldi erabili gabeko ukaldiak erabili ditu Etienek, Santos azti harekin ontsa entseaturiko kolpeak Avironen egoitza hartan: jab-ak, cross-ak, crochet-ak... Mila deabruen ukaldi sorta bat askatu du Intxauspe lotinantaren bururat, besoak ihurtzuriaren abiadan inarrosiz. Filipe Luro, Domingo Lopez eta Mizel Irigarai, hiru lagun, beharrezko izan dira Etien lotinantaren gainetik altxatzeko. Bertze bik ere heldu behar izan dute fite, askatzen hasia baitzen berriz ere lotinanta azpian hartzeko. «Urdekume hori hil eginen dut! Hil eginen dut urdekume hori! Muturra xehatuko diot!», segitu zaio Etien garrasika, haguna dariola ahotik, bortz lagunen artean ere atxiki ezin dutela. Hatz bat ere higitzeko gai ez dela utzi du lotinanta, begiak handituak eta sudurra odoletan zurrustaka. Presondegirat eraman dute, baina ez luzaz atxikitzeko; baretu arte bertzerik ez. Intxauspe lotinantak oren erdi bat egin du lurrean oraino, kordea itzuli ezinik. Ez dira anitz luzatu exerzizio horiek, istripuarengatik batetik, lotinantaren egoerarengatik bertzetik,
eta hilaren 23tik aitzina su zelairat manatu dituztelako, gainera. Abantzu hiru hilabetez dastatu gabeak zituzten josteta horietan hasi dira berriz, beraz, duela urtebete utzi zituzten Craonneko erreketan berriz. Aitzinamendu batzuk eginak dituzte erreketan, berrien eraikitzen ari, bertzalde. 49.eko soldaduak ezarri dituzte lehen lerro horretan, hain justu, Bourgignon izena emana izan zaion erreka berri baten eraikitzen. Obus erauntsi handien pean egin beharreko lana dute, frantsesak atakada bat prestatzen ari direla susmaturik alemanak oldar gaitzean ari baitzaizkie bonbekin, eta gizonak jausten baitira larrazkenean hostoak bezala. Hiru hildako izan dituzte hilaren 26an, bertze bat 27an, bertze zazpi 29an, bertze lau 30ean. Eta handik aitzina biderkatu dira aleman obusak, eta bertze hiru hil izan dituzte maiatzaren 1ean, eta bertze hamabi oraino maiatzaren 2an; berrogei kolpatu, bertzalde. Maiatzaren 3an, su beraren pean beti, Kaliforniako mendi kaskorat beha ezarri dute 49. erreximendua, Craonnetik mendebalderat. Bourgignon, Roy eta Balcon erreketan sartu da lehen batailoia. Brunosiloffen da bigarrena, erresalbuan, eta Montmirailen hirugarrena, erresalbuan hori ere. Munizioak eta granadak garraiatzen eman dute eguna, ustez eta maiatzaren 5ean eginen duten oldarraren prestatzen. Gauean lekuak ezagutzerat igorri dituzte patruila zenbait, eta bertze hiru hildako eta hiru desagertu zenbatu ditu erreximenduak. Erasoa prestatzeko eta alemanen nahasteko atakada faltsuak egiten hasi dira batailoi batzuk, eta bertze hogeita zazpi hildako zenbatu dituzte hilaren 4an, horien artean dela Domingo Lopez. Gorputz erdia pezoiaren gainetik erakutsiz arizan da granadak besagainka aurtikitzen, eromen batean, irrintzika, mitrallus ukaldi batek gorputz osoa tarratatu eta lurrerat jausarazi duen arte. Ahotik odol xorta bat dariola eta sabelalde guzia zulaturik utzi du botxeen tirokaldiak, lepotik zintzilik medaila militarra, eta aurpegian begiak arras irekiak, jalgi beharrak balitu bezala. Eskuetan gelditu zaion granada ziztu batean aurtiki behar izan du Jean Larrek errekatik kanporat, lekuan berean ez zartatzekotan. Suzko egunari suzko gauak jarraikitzen diola, maiatzaren 5eko goizaldeko bi orenetan hirugarren batailoia joan da Thuin errekatik Balcon errekako soldaduen indartzera. Lehen batailoiko bi konpainia erasoko prest dira tenore horretan, ezkerrean 57.eko eta 35.eko gizonak eta eskuinean 34.ekoak dituztela. Bi mitrallus sekzio ezarri dituzte lehen lerroan, bertze bat gibeltxoago, eta laugarren bat erresalbuan. Lehen batailoiaren gibelean dira hirugarren batailoiko soldaduak, beraz, eta ingeniari eta zapadoreak prest dira haiekin, irabazi asmo dituzten aleman erreka horien arraberritzeko eta lotura berrien eraikitzeko haiekin, palak eta aitzurrak eskuetan. Argia hastearekin jo dute kleronek erasora, aitzindariek «En avant! En avant! En avant aux boches!» oihukatzen dietela soldaduei, pezoi gainetarat iganik. Eta 09:02etan Von Felt eta Harlock errekak okupatu dituzte soldaduek, alemanak fueraturik. Hogei bat aitzindari hartu dituzte preso, eta fite lotu dira erreken moldatzen, alemanen eraso lerroa zena alemanei eraso egiteko lerro bilakaturik. Aitzinatu ahala, gibeletik soldadu baga berriak heldu dira, larrazkenean Dosnon aldean ikasiriko taktika militar guziak zolitasunez gauzatuz. Hamar minuturen buruan Fribourg aleman erreka ere bereganatu dute 49.eko soldaduek, manu taktiko guziak zehaztasun handiz bururatuz. Alemanen erresalbuko errekak zirenak dituzte aitzinean orai, baina gerizpeetarik granadekin oldartzen segitzen dute botxe tzar horiek. Gibeletik ekarri mitrallusek errendiarazten edo ihes igortzen dituzte halere. Han harat erretretan lasterka doazenak frantsesen mitrallusek jo eta errausten dituzte, lurra hilez ereinez. Minutu batzuk arte frantsesen lehen lerroko erreka zen Bourgignon hura alemanen lehen lerroko erreka ziren Von Felt eta Harlock erreka hauekin lotzeko arroila berrien eraikitzen ari dira hirugarren batailoiarekin heldu diren soldadu eta zapadoreak. Suaren lehen lerro horrentzat armak, munizioa, ura eta bertze bermatzen ari, bertzalde. 11:00etan ezarria dute gerizpea Fribourg errekaren ipar alderat, alemanei buruz, eta antolatua dute oinarrizko azpiegitura. Loturak onak dira erreken ezker alderat 57.eko gizonekin eta eskuin alderat 34.ekoekin, nahiz eskuratu dituzten eremu berriak itsuski kolpatu dituzten aleman obusek. Horietarik batek epaitu dizkio bi zangoak Xantiago Fourcaderi, bet-betan odolustu baita segundo gutiren buruan, eta hogei bat metro airean igorri du Etien Bonnat, burua itsuski kolpaturik eta lohitan etzanda baratu dena. Bourgignon eta haren gibeleko erreken loturak ere porroskatu dituzte obus horiek, baina gibeleko loturak atxiki dituzte konpainiek. Gaueko bederatzietan alemanak berrantolatu dira infanteria eraso baten egiteko Fribourg errekari. Granada eta mitrallus ukaldiz lehenik eta artilleriaren laguntzarekin gero, uxatu dituzte. Eguna finitzeko, hogeita hamabi hildako badira 49. erreximenduan, eta bederatzi desagertu, preso atxikiak segurki; ehun kolpatu baino gehiago, bertzalde. Andariak hasi direlarik hilak eta kolpatuak altxatzen, orduan atzeman dute Emile Intxauspe lotinantaren gorpua, buruan tiro bakar bat garbia duela, hori ere kapitaingorat heldu aitzin xifritua. Sudurra hautsirik zuen oraino, eta begi ondoak, handiturik, Etienek eman zafralditik guziz sendotu gabe. Hainbertze galerarekin ofizier baten heriotzak ez ditu nahigabetu aitzindariak, loriatuak baitira atakadaren emaitzarekin eta soldaduek egin oldar aratz eta ontsa antolatuarekin. Erreketan bibak eta kantuak badituzte soldaduek ere, eta 49.eko gizonek erabaki dute konkistatu berri duten Fribourg erreka honi behar diotela izena aldatu, Baiona ezartzeko,
baina Baiona errekan ez dira jostetak finitu, maiatzaren 6ko goizeko zazpietarik aitzina berritu baitituzte bonbardaketak alemanek, argia hastearekin, eta bederatzietan heldu baitzaie bertze infanteria eraso gaitz bat gainerat. 57. eta 34. erreximenduetako gizonak, ezker-eskuinetan, larri eta estu dira atakada horiei ihardetsi ezinik. Baina 49.eko soldaduek hortzez eta azazkalez babestu dute Baiona izendatu nahia duten erreka hori, eta hilaren 7ko goizaldeko lauretan hasi dira gibelerat itzultzen, aldizkatzeko indarrak igorri dizkietelarik. 414.eko soldaduei manatu diete lan hori. Gibelatzeko mugimendua finki egin beharra da, alemanen erasoen pean oraino, eta lotura guziak ontsa eginak direla segurtatuz. Lehen batailoiak eginen du beraz bertze egun bat suaren lehen lerroan, aldizkatzeko indarrak heldu artean. Lanak bururaturik eta kontuak eginik, ohartuko dira erreximenduak atxiki dituela laurehun eta lautan hogei soldadu aleman preso, eta bereganatu dituela lau obus aurtikitzaile, bederatzi mitrallus, berrehun zizpa eta mosketoi, ehun obus inguru, hirurehun bat granada —engoitik etsaiaren aurka erabili dituztenak han berean—, eta munizio ugari. 49.eko soldaduak loriaturik datoz gibelerat, beraz, garaipen handi baten aparretan, eta han aitzinean, Kaliforniako mendi kasko horretan, ohoragarri, Baiona izeneko erreka bat badela oroituz beti. Maizyn elkartu dute 49. erreximendua, Banlieux-les-Fismesera eramateko, gerlariek har dezaten atseden. Ez dute alferrik garaitu Prusiarren Guardia famatua. Prentsa arduratuko da berri loriosak hedatzeaz Baionako erreximenduari buruz. Mozkorraldi bat gaitza eta tolerantzia etxeko emazteekin oren gozo batzuen egitea merezi duen garaipena, dudarik ez dena. Biharamunean ez dute exerziziorik izanen, eta arnoa ausarki partitzeko manatu du Leon Iturri kapitainak. Aldarte horrekin nehork ez du gogoan, nehork ez du gogoan atxiki nahi, Piarres Hasketek tiro batez zulatu duela bere garezurra. Sarjant batek kendu dio ahoan barna sartua zuen Lebel fusila, begiak hetsi ere. Nehork ez du gogoan atxiki nahi, baina Filipe Lurok ezin ahantzia du; begiak hesten dituelarik agertzen zaio Piarres, irriz, Arnegiko plazan pilota jokoan. Eskerrak ez duen gorpua ikusi. Trago bat arno eskaini diote: botila hartu eta erdiraino hustu du Lurok tanpez. Eta gero bertze erdia hustu du. Eta gero arno botila gehiago ireki ditu Lurok, eta esna bezala egin ditu amets gaitz batzuk, bere buruarekin bakarrizketan: «Tiro zalapartaka ari ginen odola gibelaldeetan soldadu batek kanoietarik argi hastean bake denboran bezain trankil oihuka zaintzeko etsaiak gogoan: Craonnelle itzulika-itzulika gauez nolazpait kepi bat ihesari hastean: hobeki edo guzia esperantza txar batek berehala kasik lañoki fueratu: bihozmin onik: bi orenetan zapartatzen mila bederatziehun eta hamalaua: soldadu bat tiro batez zainak jauzika segur: pipatzeko etsaiak gerlako pilota bidean: tiro xehetasunetan ez ditugu gure kontra egin arras: koronela kasik burutik beheiti hasian hasi kostako zena kosta ere satorra laguntzera: horra hazilaren dohakabeak han gaindi: oihanartean zitzaigun gertatu kontseilu bat: zertako behar dugu Plateau de Vauclerc bidea moztu frantses batzuk oldartu ziren bezala: halere hitz politak aleman eta frantses kilometrotan urrunago: laster eta erdaraz gu baino lehenago amore eman zuen koronelarenak ederki: ustekabeko jauzi eta bertze gainera: esku kolpe hondatua miletan handiagoa dugu biharamunean: mila aldiz lehen tresnak bizkarrean: zazpi orenetan». Zazpi orenetan iratzarri dituzte. Esnatu beharrik ere ez du izan Lurok, lokamuts gisako horretan segitu baitu gau guzian. Trasteria bildurik ezarri dute erreximendua martxan, lurrezko bideetarik oinez aldi honetan. Buruko min gaitzekin partitu dira soldaduak. Etienengatik galdezka zoro baten gisa ari baita Luro, eta ezin izan baitute zutik ezarri, andariek altxatu eta erizaindegirat eraman dute, non artatu baitute egun batzuez
eta, azkenean, permisionearekin igorri etxerat. Egun horietan Baionako Infanteriako 49. erreximenduari ohorezko aipamen bat egin diote, Craonnen maiatzaren 28an irabazi lekuengatik. Baina ez dira han izan ez Filipe Luro, permisionearekin Arnegirat bidean baita oren horretan, ez Etien Bonnat, mirakuluz bada ere ospitalean baita, eskuin besoko hezur bat pitzaturik eta garezurrean kolpe bat bortitza harturik, baina osorik. Batailoiari sariaren emateko tenore horretan Limogeseko gerlako ospitale batean artatzen ari dira Etien beraz: arropa guziak erantzi eta garbitzerat igorriak, pikarrai lurrean zabal-zabala ezarri eta, Gurutze Gorriko neska gazteek ikuzten dute, xaboiak eta usain onak emanez eta ur beroz bustiz. Buruan sentitzen duen minagatik ez balitz zeruan litzatekeela pentsatzea bertze lanik ez du Etienek. Ohe buruan badu orri bat zintzilik, gizon baten gorpuaren marrazkia ageri duena bi aldeetarik, non ezarri baitizkiote marka batzuk garezurrean eta eskuin besoko hezurraren lekuan. Sarrera eguna eta orena ere agertzen ditu ohe buruko orriak, tratamenduari buruzko ohar batzuk, eta handik joateko eguna idazteko leku bat ere bai, zurian dena oraino. Buruko mina luzatzen uztea eta errehabilitazioa luzea izatea baizik ez du igurikitzen Etienek: ikuzketak egunero, janari freskoak egunero, mihise zuri aratzak egunero, Gurutze Gorriko neska gazteak egunero. Emazte horiek guziak aski ederrak izanagatik gehienak mojak baitira, tristezia poxi bat izan du Etienek hasieran, hasieran baizik ez, ezagutu duen arte haien artean badela bat, Marie Riand izena duena eta Miarritzeko koronel zahar baten alaba dena, moja ez dena. «Hara! Miarritzekoa zu, Baionakoa ni, eta Limogesen elkar ezagutu behar!», erran dio Etienek lehen hitzetik. Handik aitzina aise ezartzen du barrez Etienek; erran nahi baita Mariek bisitatzen duelarik irria aiseago sortzen zaiola Etieni ere. Hain da txeratsua erizain gaztea berarekin. Eta oraino ohe buruko orri horretan medikuek joate egunari buruzko oharrik izkiriatu ez diotenez, aukera profitatzea erabaki du Etienek, buruko minak uzten dion heinean. Gaur goizean buruko zapia kendu eta motoa askaturik ilea ikusten eta ukitzen utzi dio Mariek: ile labur ilun kizkur bat badu. Eskuak sartu ditu Etienek oihan basa horretan, eta hatzak korapilatu zaizkio. Mariek hartu behar izan dio eskua, oihan basa hortarik ateratzen laguntzeko. Irri egin dute. Eta zorion handi horrekin denez, eta bertze lan edo exerziziorik ez duenez egiteko, gaueko mahaiaren gainean dituen zigarreta, pilula, su pizteko, karta, identitate medaila eta abarren artean miatu, papera eta luma hartu, eta Filipe Lurori letra bat izkiriatu behar diola otu zaio Etieni. Ezagutu duen neska horren berri emanen dio. Arnegiko txokolategiko bere Maitena hori baino aise ederragoa dela aurpegiratzeko. Eta baita Aviron Bayonnaiseko errugbilari baten ezagumendua egin duela kontatzeko ere. Gerla hasi aitzineko urte hartan, 1913ko apirilaren 20 hartan, Frantziako errugbi txapelketa irabazi zuen taldean arizan zen gazte bat. SCUF Paris taldeari 31 eta 8 irabazi zionetarik bat, alafede! Aviron erdia baino gehiago xifritua da su zelaietan, kontatu dionez: Emmanuel Iginitz, Julien Dufau, Albert Chateau... «Gerla nehoiz bururatzen bada ez da errugbi talderik gehiago izanen Baionan», kexatzen zaio Etieni, negarretan urtuz. Aldartea ere halakoa baitu. Eldarniotan maiz, zoro bat iduri du marrumaka hasten delarik. Bertzela mutil lasai eta isila da. Horien berri emanik, osagarri onean dela eta fite sendotzea espero duela izkiriatu dio Etienek Lurori, zentsuratzaileek irakur ez diezaioten eritasuna luzatzea dela desio duen bakarra, Marie Riandengandik urrundu ez dezaten gehiago. Etien letra hori izkiriatzen hasi den oren berean Arnegitik Craonnerateko bidean abiatu da Luro. Etxean ikusi, entzun eta egin dituenak oro —Maitenarekin egondako une gozoak batez ere: ezkontzeko elkarri hitza ematea, gurasoen oniritzia jasotzea, gordeka elkarri lehen pott herabea ematea— nori erran behar ote dizkion pentsatuz abiatu da Luro, hain justu Etien Limogesen letra horren idazten hasi den oren berean. Su hegian izanen dira oraino Joseph Ameztoi edo Jean Salaberri? Bizi ote dira? Eta menturaz nehor ezagutzen ez badu? Hilak badira guziak, edo kolpatuak? Eta Etien, non ote da? Zainak airean ezarri zaizkio, bat-batean ohartu baita azken hilabeteetan erreximendurat heldu diren soldadu berrietarik ez duela nehor ezagutzen, baina solaserako oren handirik ez da Craonne aldean Luro harat heldu deneko,
azken egunetan botxe tzar horiek entseatu direlako, behin eta berriz, galduriko lekuak berreskuratzen. Lurrez bezala airez entseatu ere, airetako deabru horietarik metrailatzen aritu baitira Baiona erreka, han berean hil gogor utziz Jean Larre ferratzailea, mitrallus tiroz xehakatua. Galtze larririk gabe, halere, irabazi lekuei eutsi die erreximenduak, baina ez da hori makurrena: Paueko 18. erreximenduko soldadu batzuek uko egin diote su lerrorat joateari; Internazionala kantatzen hasi eta besoak gurutzatu dituzte, zizpak utzirik. Arrastatu dute andana bat. Galde eta galde, euskaldunik ez dela tarteko jakin du Lurok, ez 49. erreximenduko nehor ere, nahiz Paueko 18. erreximendu horrek 36. dibisioa osatzen duen 49.eko soldaduekin. Giroa arrarotua da soldaduen artean, nehork ez du hitz argirik erraten, saihesten dute afera, edo lurrerat behatzen, burua hazkatzen kaskoaren pean, edo «Ufa!» egiten gehienez ere. Jean Salaberri baino ez zaio ausartu ahapeka zerbait erratera gau batez, gerizpean, eta kaporala itzulia egiterat atera delarik: altxamenduaren buruzagi guziak preso atxiki eta epaitu dituztela, eta hiru bederen hiltzera kondenatu. Nork edo nork Craonneko kantua izeneko bat ere sortu duela, Adieu la vie, adieu l'amour, adieu toutes les femmes, c'est pas fini, c'est pour toujours de cette guerre infâme dioen bat, aitzindariek kantatzea ere debekatu dutena hiltzeko mehatxu eginez, eta soldaduak izutuak direla, nehork ez duela hitzik erran nahi, zurrumurruak baizik ez direla heltzen. Errusian ere tsarrak abdikatu ote duen, bazter nahastaile batzuek hango gobernamendua uzkailiko ote duten, sozialisten jukutria bat ote den guzia, Frantzia Alemaniaren meneko ezartzeko eta Errepublikak gerla galtzeko, bi aldeak hitzartuak ote diren nehoiz gerlarik ez bururatzeko... Zurrumurruak anitz, eta kontu segurik ez batere. «Joan zinenetik, nahasiak dira bazter hauek. Eta gainera», Lurori gibeletik heldu zaion gizona seinalatuz hatzarekin, «lotinant berria dugu, Capdevielle, hor gibeletik heldu zaizun hori». «Filipe Luro?», galdegin du lotinant berriak, gerizpean sartuz: «Letra bat dut hemen zuretzat, Limogesetik heldua». Hilabete eta erdiz, Etien sendotu arte, Maitenaren letren ondoan eramanen ditu Lurok Etienen hitz horiek,
Alsazian, Guewenheim aldeko su hegian, Etienek berriro erreximenduarekin bat egin arte. Etien jin eta bertze hilabete eta erdi eginen dute toki horietan, Suitzatik 50 kilometrorat. Orai, su hegia utzi eta, kantonamenduetarat daramate 49. erreximendua, eta Lurok ezin du ahantzi zeinen gertu duten Suitzako muga: han ez da gerlarik izanen batere. Pentsatzea ere. 50 kilometrora. Estutuz gero egun bakarrean oinez joateko gisan. Oinez beti, herri ttipi batetarat heldu dira, baina ez Suitzarako bidean, Rammersmatt eta Roderen alderat baizik, han kantonatzekoak baitira. Herrira ttipi horretarat sartu, zizpak airean eta, karrika erdian, jaberik gabeko zakurrak, hezurrak agerian dituztela saihetsetan. Gidariek ez dute adosten ahal zein herri den hau eta nondik norat aitzinatu behar duten. «Halte-là!», manatu dute aitzindariek, «Halte-là!», «Halte-là!», ofizier menekoek lerroz lerro errepikatu duten manua. Armak lurrean utzirik, esertzen edo etzaten eta pipatzen hasi dira soldaduak. Jaberik gabeko zakur horietarik bati segika, guziz suntsitua, zapartatua eta sakeatua izan den jauregi batetarat joan zaizkie begiak Filipe Lurori, Joseph Ameztoiri eta Etien Bonnati. Begiekin ezker segituz, oheetako matalazak, sukaldeetako jarleku, arasa eta mahaiak, era guzietako altzariak, guziak metan emanak barrikada batean, karrosa uzkailien zatiekin, harriekin, oholekin nahastekaturik; ezker hegalean suntsitua da barrikada hori. Capdevielle lotinantak zutiarazi ditu Luro, Etien eta Joseph, bazterrak mia ditzaten, tentuz jokatzeko manatuz, alemanek barreiaturiko minak edo lehergailuak izan daitezkeelako xokoetan. Gidariak ezin adosturik ari direnez, aitzinerat eginen dituzte urrats batzuk, bidearen ikertzeko, eta anartean segurtatu behar dute herrian ez dela arriskurik. Herri ttipia denez, patruilak fite miatu ditu bazterrak. Ez da ikusteko handirik, bertzalde: horma tzar batzuk baizik ez dira etxe gutiz gehienak, teilatuez gabetuak, jausiak; garretan dira oraino batzuk, eta kiskaliak gaineratekoak. Lorategi eta baratzeetan, lubakiak. Arbolak, obusek erdibiturik. Ekialdeko etxeen hormak, mitrallusez zulatuak. Berina zartatuak, altzari hautsiak, mosaiko zirtzikatuak, zaborra. Bide bazterretan, zaldi hilak eta karrosa uzkailiak eta klase guzietako erremintak; katu baten gorpua usteltzen eta bi arratoi haren usnatzen. Hildako pertsonen arrastorik ez ordea; herritarrak lasterka ihes eginak izanen dira. Giza arrasto bakarra, etxe batetarat sartu eta, kaka mordoilo bat, jausiriko soliba baten ondoan. Berria da. Eurak bezala zainak airean ibiliko zen soldaduren baten estutasunaren ikur, hain segur. Lurok ere sabelaldea arindu behar duela erran die adiskideei, eta bazter batetarat apartatu da. Salbatu den etxeko leku bakarra, bi metro koadro eskaseko eremu bat, eta han komoda bat, gainean duela neguko lore bat, ihartu gabea oraino. Komodaren ondoan jautsi ditu galtzak Lurok. Hormaren bertze aldeko gelan sumatzen du Etien, Josephi erraten «Oraino sentitzen dut min bat besoan, indar egin behar dudalarik, edo zamatzen dudalarik, baina gero eta ttipiagoa da». «Ez duzu lehen bezalako ukaldirik askatzen ahalko, beraz?». Kukuturik, lan erditan ari dela sumatu du Lurok marraka ttipi bat, aire pozoituen obusek egiten dutena bezalakoa, ttartt!, eta jauzi batean zutitu da, galtzen beztitzeko astirik gabe, «Gasa! Gasa!» oihu eginez. Jausiriko solibarekin tupust egin, eta gutigatik ez da jausi lurrerat, maskaren xerka eta galtza oraino jausiekin lehian zutitu baita, guzia aldi berean. Soldadu adiskideek estonaturik behatu dute, eta maskak ezartzeari lotu dira haiek ere. Etxe ondoko lorategian izan da hots hori eta, ke zuririk nehondik heldu ez denez, kuraiatu dira, zerri mutur horiek soinetik kendu gabe badaezpada ere, Lurok entzun marraka hori zerk sortu duen miatzera. Zizpak airean gerturatu eta: jendarme baten gorpua, erdi erraustua den adaxka batetarik zintzilik, eta bi bele hari beha. Ttartt! egin du adaxkak, marraka ttipi bat, adaxka pitzatzen doanez pittaka. Maskak erantzirik beraz, itzuli dira erreximendua arrastatua den karrikarat, lehergailuen ez alemanen arrasto mendrenik ere ez dela jakinarazteko Capdevielle lotinantari. Urkaturiko jendarmeari buruzko informerik ez dute emanen, baitakite ezarriko dituztela palekin hobi zulatzen gorpua hobiratzeko. «Ustel dadila bertan», ebatzi du Josephek. Anartean, dragoien pelotoi bat sartu da herrian, eta zaldietarik jautsi gabe erakutsi diete gidariei Rammersmatterat joateko bidea. Iparmendebalderat hartu dute, beraz, formazioan ezarririk. Ontsa joan dira bulta batez, baina, kantonatzeko lekuetarat heldu aitzin, hiru airetako sumatu dituzte gerturatzen, eta soldaduek herio batean eman dituzte beren buruak bide bazterrerat, zizpak airerat ezarriz eta mitrallus posizio pare bat antolatuz badaezpada ere. Baina airetakoek badute aski gudu euren artean lurreko narrasti gaizo horietaz arduratzeko. Identifikatu dituzte airetakoak: frantsesa da bat, gibeleko hegal zutean ageri duen begi blu-xuri-gorriak salatzen duenez; alemanak dira bertze biak, ontsa ikusi dizkietenez gurutze beltzak. Ekialdeko ibarretik jin dira, alemanek frantsesa metrailatzen dutela. Sigi-sagak eginez heldu da airetako frantsesa, alemanetarik bat ezkerretik aitzinatzen saiatzen zaiola, frantsesak eskuinerat har dezan gero eta gehiago, eta atera dadin bere bidetik. Zernahi gisaz, abiadurari eusten dio airetako frantsesak, bidea galdu gabe, eta ziztu batean iragan da 49.eko gizonak gordeak diren bidearen gainetik, beheretik, abantzu zuhaitzen adaburuak laztanduz. Gibeletik jarraiki zaizkio airetako alemanak, 49.eko soldaduez ohartzeke. Mitrallusak isilik eduki dituzte soldaduek, pentsatuz eta airetako tzar horietarik bat bira litekeela haienganat. Urrundu direlarik, ofizierrek presatu dituzte soldaduak, airetako alemanek gibelerat eginez gero ez ditzaten berriz bide bazterrean kausitu. Rammersmatten medikuen azterketak pasatu eta astebetez instrukzioa jaso ondotik, trenetan sartu dute 49.a, Champagne aldeko su eremuetarat bidean. Trenerat igan baino oren batzuk lehenago jaso du Julien anaiaren letra bat Filipe Lurok, erran baitio letra hori jasoko duen orenean armadan izanen dela bera ere, Bordelen jaso behar instrukzioa. Julienek hemezortzi urte eginen baititu fite, hilabeteren buruan, nahiz eta Filipek abantzu ahantzirik zuen. Tanta batzuek busti dute letra hori, derrepente
euria pesiaka eta haizea ukaldika hasi baitu, eta berun ekaitza ere orduan askatu baitute botxe tzar horiek. Justu oren horretan partitu dira su hegirat. Birazka ezarriak, herrestaka, ahuspez, hamar metroz, hogei metroz, zakuak bizkarrean, zortzi-hamar eguneko jatekoak barnean, aguardientak, txokolateak, azukreak, sardinak, galtzoinak eta larruhasekoak, garbiketendako eskuilak, armen garbitzeko grasa, arropen arraberritzeko botoi, hari eta jostekoak, aposito, xaboi, orrazi, tabako eta ostia benedikatuen eramateko ontziñoak zakuen barnean, kantinplora, aitzur, pala ttipi, zizpa, kartutxo eta estalkiak zintzilik bizkar zakuen kanpotik, herrestaka, ahuspez, ehun metroz, berrehun metroz, botxeen mitrallusek minutuko 600 bala husten dizkietela buruen gainerat, fiu-fiu, ezker hegaleko pezoi urrunetan lehertzen direla 105eko obus batzuk arteka, bunba-bunba, zerua ke ubera beltz batez urratzen dutela airetakoek arteka, rrruuu-rrruuu, azantza horren guziaren pean, herrestaka, ahuspez, kilometro erdi batez, kilometro oso batez agian, hola aitzinatzen dira 49.eko gizonak lehen lerrorat, gizon batek herrestan joateari utzi eta, bide batez, hatsa hartzeari ere uzten diola arteka, Mizel Irigaraik utzi dion bezala. Ondotik pasatu zaio Filipe Luro, herrestan, ahuspez: iduri du lurra bazkatzera gelditu dela Mizel tripandi hori, ahoa irekirik lurrari ausikika ari zaiola. Besotik heldu, eta, deus ez. Hila da, segi aitzinerat, Mizel lurra bazkatzen utzirik. Debalde litzateke gorpua itzultzea; heste lehertuak agerian uzteko bertzerik ez luke balioko, segi aitzinerat beraz, herrestaka, ahuspez, hola aitzinatzen baitira 49.eko gizonak su hegirat, gerturatzen doazen heinean herronka hausten dutela amiñi bat arteka, eskuan paper zati bat duela hil gogor baratu den soldadu horren gorpua saihesteko, eta segidan berriz osatzen dutela herronka, herrestaka, ahuspez, eta gero berriz hausten bertze amiñi bat, errekaren patarrean beheiti jausi den zaldi baten buruarekin tupust ez egiteko orai, Jean Salaberrik erraten duen artean «Arratoiek fite bururatuko dute lana», zaldi buruari ostiko bat emanez paretik kentzeko, eta gero berriz osatzeko herronka, herrestaka, ahuspez, aitzinatzen segitzeko su zelairat heldu arte. Eta han soldaduak bederazka gelditzen doaz beila postuetan eta lurrari irekiriko katakonben barneetan. Hola, pittaka-pittaka, aitzineko zortzi-hamar egunetan su hegian egon diren gizonak aldizkatuko dituzte azkenean, zeinak honezkero itzultzen hasiak baitira gibelerat, herrestaka, ahuspez, hamar metroz, hogei metroz, zakuak bizkarrean, soin higatuak, betzulo handiak. Iduri du haiek gibelatzearekin batera isildu direla obusak gaurkoz, euria atertu ere duen bezala. Gauza bitxia, kanoien harramantzarik gabeko neguko gau hau. Buruak goititu dituzte beilan ezarriak diren gizonek. Burua goititu du Filipe Lurok ere, eta izarrak ikusi, han goian. Bi oreneko guardia hasi berria, gaua argi, izarrak ageri, karroina izanen du etsairik handiena Champagneko eremu zabal hauetan. Goiz albarako karroinak beretu eta zurituko du lur guzia, eta kapota ziri bat baino gogorrago izanen du Lurok, bera ere izozturik hil gogor uzten ez badu hotz alimaleko honek. Ez litzateke hotzak xifriturik hil lehen soldadua, mukiak ere ziri bilakatzen baititu mila deabruen karroin honek. Beraz, estalkia eskuekin gorputzean bildu eta pipa piztera prestatu da, alemanek errekaren arteketarik sua ez sumatzeko maneran, Fritz batek edo Helmut batek ez dezan antzik eman non den beilariaren postua. Etien Bonnat jin zaio, loak hartu ezina, tabako galdeginez. «Entzun duzu Mata Hariri gertatua? Bordeleko soldadu horrek kontatu berri du». Ez, Lurok ez daki ezer; ez daki nor den Mata Hari hori, ez zer egin dioten, ez nor den Bordeleko soldadu hori ere. «Espia tzar bat. Donostiatik itzuli berritan arrastatu zuten Parisen, otsailean. Fusilatu dute», Etienen azalpenak, kea biriketarik fueratuz pafaka, kea barreiatuz airean. «Pikarrai jarri bide zen. Soinekoa erantzi! Pentsatuko zuen soldaduak limurtuko zituela hola!», irriz Etienek, kea barreiatzen airean. «Erran dizut erizaindegian pikarrai jarrita zer nolako...». «Xitun!», Filipek, pipa itzaltzen duela. Bada zerbait errekaren bertze aldeko zelai horretan. Sumatu du hots bat. Ixo, keinu egin dio eskuaz Lurok, hotsik egin gabe. Mitrallusa oratu du. Distira ttipi bat atzeman du, kasko batena menturaz. Tiroka lotu zaio eta aldi berean granadak jausten hasi zaizkie errekarat. Lasterka lekutu da Etien, gordegiatik jalgiarazi ditu gaineratekoak. Mitrallusarekin karraska batean ari da Luro. Kaxetatik granadak atera eta itsumustuan aurtikitzen hasi dira erasotzaileei. «En garde! En garde!» garrasika Capdevielle lotinanta. Tiroka lotu dira ondoko beilariak ere. Gaineratekoek baionetak tinkatu dituzte. Baina hamar minuturen buruan deliberatu dute ihes eginak direla alemanak, hutsari tiroka ari direla, eta lotinantak berak arrastarazi du sua. Segurtasuna bermatu eta itzuli dira soldaduak gordegietarat, kamantza epeletarat, Luro beila postuan bakarrik utzirik berriz. Zer nolako pipatzeko gogoa! Oren laurdenik ere ez da iragan aleman patruilaren erasoa fueratu dutela, eta soldadu aleman bat agertu zaie, frantses baldar batean mintzo, tirorik ez egiteko galdeginez eta mokanes zuri bat erakutsiz. Errekarat sartu da Luro ohartzeko, eta eskuak goititu ditu. Pistola atera du Lurok, kartutxoak soinean ditu alemanak, baina zizparik ez granadarik ez agerian. Kaskoa ere galdua du. Bi metro garai izanen da gutienik, kankailu bat, eta pilotan aritzeko gisakoak diren bi beso luzeren jabe da. «Ezker edo eskuin ote da?», pentsatu du Lurok. Pistolarekin mehatxu eginez eraman, eta ofizier baten esku utzi du; komandantziarat igorri dute. Desertore bat. Ofizier alemanek sumatuko dute haren falta gau hotz honetan, su zelaiaren bertze alde horretan. Bat eta bertze, uste baino lehenago finitu zaio guardia Lurori; guziak halakoak balira! Zortzi-hamar egunetan gibelerat, zortzi-hamar egunetan aitzinerat, guardiak bi orenetik behin artekatuz, urritik martxo arteko negu guzia, laugarren negua su zelaietan, gisa horretan egin dute 49.eko gizonek. Eta azkenean igorri dituzte instrukzioen egitera, eta sariak hartzera. Martxoaren 25ean, ohore handitan ezarri dizkiete medaila militar eta gerlako gurutze eta zera horietarik gehiago. Lau urte gerlan egin eta armadaren zitazio bakar bat ere eskuratu ez duen bakanetarik izanen da Luro. Arrangura handirik ez horregatik, armada segituko bazaio arnoaren zein tabako belarren erosteko heinean sosak ematen eta Julien anaiaren letrak entregatzen. Joseph Ameztoik galdetu dio Lurori, ez ote den arrangura zitaziorik eskuratzen ez duelako. Ez duela arranguratzeko astirik ihardetsi dio Lurok;
nola izanen du bada arranguratzeko astirik, biharamunean berean trenetarat igan, egun osoa bidean egin, eta trenetarik jautsi ahala auto eta kamioietan sartu badituzte? Ingelesek utzi berri dituzten etxola batzuetan sartu dituzte, baina ez luzaz. Martxoaren 28ko gauean ezarri dituzte alertan. 05:30ean, argi hastearekin, herrestaka, ahuspez, lehen lerrorat abiatu dira. Hiru gizon hil eta bertze hamasei zauritu dizkiete alemanek. Joseph Ameztoik erran du aitzindari bati entzun diola atakadarat igorriko dituztela. «Euskaldun mando horiek igorriko ditugu», hori entzun duela zin egin du. Alemanek indar handi bat egin eta gibelerat igorri dituztela zenbait eremutan, behar litzatekeela indar bat egin oldar horren atxikitzeko. Berantetsi da manua, baina heldu da azken finean, Josephek erran bezala: hirugarren batailoiak irekiko du bidea, hegaletan 18. eta 34. erreximenduak dituela, eta gaineratekoak gibeletik. Goizeko zortzietan kleronek jo eta abiatu dira atakadan soldaduak, orroka, aleman mitrallusen heriozko suaren pean, zizpen kulatarekin sabelak babestuz, ustekabeko tiro txar batek kalitu ez ditzan. Egunaren buruan, trenbidea iragan eta Rubescourterat heldu dira. Lehen batailoiak aldizkatu du hirugarrena suaren hegian, eta aldizkatze horretan galdu dute Joseph Ameztoi. Obus zulo baten hegian babesten saiatu da, baina harat heldu aitzin atzeman eta tiroz xifritu dute botxeek; bahe batek baino zulo gehiago zituen gorpuak. Han utzi behar izan dute Ameztoiren gorpua, ezin altxaturik, eta aitzinerat egin du batailoiak. Goizean kalapita handiak badira lehen orenetik, alemanen oldar anitzei ihardetsi beharrez: bigarren batailoia igorri dute Rubescourt hegoalderat; hamargarren konpainia guzia eta hamaikagarren konpainiako batailoi bat, 18.ekoak indartzera; hamaikagarren konpainiako pelotoi bat eta mitrallus sekzio bat, 18.eko bertze batailoi bat indartzera; bigarren batailoiko bertze konpainia bat, 56.ekoekin lotura egitera. 07:45ean heldu da berri durduzagarri bat: zauritu batek jakinarazi du alemanak bretxa batetarik uharka sartzen ari direla Monchel aldean. Zazpigarren konpainia igorri dute harat, gibelago duela borzgarren konpainia. Mendi kasko batetarat heldu direla lotu zaizkie alemanak karraskan. 56.ak hasi behar duen atakada sostengatzeko manatu diote borzgarren konpainiari arratsean. Orduan agertu dira automitrallusak, soldaduek bibaka hartu dituztenak. Haien gibeletik partitu dira erasoan, eskuratu dituzte eremu zenbait, eta bigarren batailoiko soldaduek atxiki dituzte botxeen mitrallus guziak eta dozenaka soldadu preso hartu. Anartean, seigarren konpainiak jaso du Royaumort iparra defendatzeko manua. Arratsean hasi dute erasoa, eta bai lekua hartu ere Monchel hego-mendebaldean, alemanak gibelatuz doazela sumatuz gainera. Iluntzean patruilak igorri dituzte Monchel alderat; alemanak lekutuak dira. Eskuratu eremuak zabalak dira, eta haien atontzeko, loturen bermatzeko eta defentsaren antolatzeko eguna da biharamuna. 49.eko batailoiak, konpainiak, sekzioak eta pelotoiak barreiatuak dira guziz. Batzuk 34.ekoekin nahastekatuak dabiltza; bertzeak, 18.ekoekin; bertzeak herrian dira; bertzeak, erresalbuan; bertzeak, airetakoen aurkako mitrallus postuen antolatzen. Apirilaren 3an igorri dute lehen batailoia su hegirat, lekuak antolatzen segitzeko. Gau batez, baso baten ertzean kolpatua aieneka ari zen soldadu bat ikusi du Lurok. Kartutxoak eta kapota soinetik erantzirik, harat abiatu da, nahiz Etien saiatu den Luro arrastatzen, ofizierren baimenik gabe erreketarik jalgitzea garesti ordain litekeenez. Etienen besoak askaturik partitu da Luro, herrestaka, ahuspez. Hogei metrotan da basoa, erreketarik ez sobera urrun; alemanen lerroa gutienez 500 metrotarat izanen da eremu honetan. Arriskua nondik hel litekeen ezin jakin ordea. Senegaldar bat da kolpatua, izter batean du bala zauri bat, ez sobera sakona, ez du odol gehiegi galdu. Mokanes batez ahoa estalirik hotsik egin ez dezan, bizkarrean lotu eta gibelerat ekarri du Lurok. Etienek lagundu du errekarat sartzen, non eta agertu baita Capdevielle lotinanta. Sekulako matrikulak erran dizkio lotinantak Lurori, eta lau eguneko giltzapetu dute gela estu batean, etxoletan. Lau egun zorigaitzeko izan dira Lurorentzat, anaiarenganat eta Maitenarenganat ihes egiten baitio gogoak, nehorekin solasean aritzeko gogorik ere ez duela. «Hasi arras hasi nahi: nehor ez lo: su ematen lasterka: tropa batzuk inarrosi gure lagun gaixoak: igorri gau batez berehala». Nahiago luke suan balitz, sua eman, sua hartu, suan erre, suan xifritu, suan hil. Sufritu hau baino hobea litzateke. «Xehatua oraino: kantatzen musikak lur puska franko: iduri nola osatu bezain aspaldi: hain zuzen oraino». Animalia lotsatu batek lohi putzu batean baino marruma larriagoak egiten ditu arteka, zaindariek ez baitakite zer egin harekin. «Eguerdi gainean traba handia: bederatzi egun higitu: jada elkar lotuak besarkatu: kanoiak pisaturik elizan guri buruz: atxik oraino egun batez». Azkenean askatu dute, bizarra egin, jaten eman salda hits bat eta ikatza iduri duen ogi zati beltz bat, itzuli erreximendurat: berriz ere zerbitzuko. Arte horretan aldizkatu dituzte 49.eko gizonak, eta pausurat igorri. Luro itzuli deneko, pausuan dira beraz, eta aski uros. Jean Salaberrik, loriatua baita azken guduetan irabazi eremuekin eta alemanen erretreta bertatik bertara ikusirik, fite gerla bururatuko dela erran dio Lurori. «Uxa ameskeria horiek!», ihardetsi dio Lurok, eta bortxaz askatu du Salaberriren besoa sorbaldatik. «Inozo hori», pentsatu du Lurok bere kautarako, «Gaizoak anitzetan azpian iraganik gudu horietan: ez urteak: lotsa zikin batean». Zernahi gisaz, pausualdia laburra izanen da aldi honetan, laburregia,
hamar egunen buruko Courcelleseko su hegian baitira berriz 49.eko soldaduak, gasaren aurkako maska horiek jauntzita egun oroz, alemanek noiznahi igortzen dizkietenez gas pozoitu horietarik, ttartt! egiten duten obus deabru horiek, abantzu harrabotsik ere egin gabe ke zuri bat igortzen hasten direnak. Fite keak hartzen du eremu guzia, itsutzen zaie bista soldaduei, eta ez dute metro batean deus ikusten ahal; maskak jauntzirik ere, begiak erretzen zaizkie, zintzurrak urratzen, azala kiskaltzen. Azken mementoa heldu zaiela sinetsirik, gibelerat joan nahi dute zenbaitek; aitzindariak lotzen zaizkie ukabilka eta ostikoka, nehork ez dezan bere lekua utzi; garrasika, lurrerat jausten dira soldadu zenbait; zutik ematen dituzte aitzindariek, «À votre place!» oihu eginez. Eta hori guzia shrapnell, granada handi eta ttipi, crapuillot, mitrallus eta obus erauntsi eder batez lagundurik. Egunero erizaindegirat igortzen dute soldadu bat edo bertze, batzuetan dozena erdi bat ere bai, gas pozoituen eraso horiek eriturik, kolore itsusi bat aurpegian. Errusiar sozialista traidore horiekin bakea sinaturik alemanak heldu baitira indar guziz mendebaldeko su zelaietarat, beren gas pozoitu eta Kruppen lantegietako berun guziak isurtzeko asmoetan. Apirilaren 22ko gauean partitu dira Filipe Luro eta Etien Bonnat, bertze sei soldadurekin, xokoen miatzeko patruila batean, alemanen errekei bretxa bat nondik zulatuko. Isiltasun handiz, herrestaka, ahuspez, erreken aitzinerat hartu eta partitu dira alemanen alderat. Ustekabean topo egin dute haiek ere xoko miatzen ari ziren sei soldadu alemanekin. Lotu dira kasailan ganibet eta pistolekin, eta hil dituzte botxe gehienak, baina gibelatu behar izan dute fite, aleman beilariak haietaz ohartu aitzin. Berriz errekaren zola zapaldu duten arte ez dira ohartu Etien galdu dutela. Kapitain batek atzeman du haren gorpua largabistarekin, obus zulo batean, eta idazkariari erran dio hildakoen zerrendan emateko Etien Bonnat, bi n-rekin. Erotu bezala da Luro, entseatu da errekatik jalgitzen gorpuaren ekartzeko, baina bi soldaduren artean menderatu dute azken buruan, eta, erizain batek lasaigarri bat emanik, igorri dute pausurat, zainak sosega ditzan.
«Gaizo Etien: hemen usteltzen ari ziren errekak: bi frantses eta bi aleman beren baionetekin oraino elkarri josiak beribil handi batzuetan eta bertze franko: hoberenak ororen lehertzen arizan ondoan berrogeita hamasei hilabeteren buruan: azeri batzuk bezala erreketarat: hainbertze hil bazen: xehatu gintuzten tiroengatik lotsatuak heriotza ederra egiten genuen haatik: erran horren izenik baden: zizpa puntaraino kargatua nor nondik agertuko zen debaldetan: ez du iduri anitz lotsatu ginela eta ez genuen denbora ikusiko zuhaitz ttipietan etzanik: oro esku joka hasi ginen zernahirengatik galdu genituen hogeita hamaika lagun gaixo hotzak korapilatuak: galdu: baina begitartea zuri oraino: Craonneko malda hilez emokatua: egiak edo gezurrak: hainbertze kalapita ukan eta nonbait kukutu ginen oihuka ingelesak zirela tiro tarrapata eder batzuk: ikasi ote genuen deusik? Denboraren buruan baionetak zizpen puntan tiroka hasi eta hasian hasi gogoz edo bortxaz ez ginen harritu etsaiei buruan tiro uros: granada bat eskuan gau beltzaren aitzinean infernua dastatua genuen: beren euliekin utzi irri tzar bat ezpainetan haragi puska haiei: otoitz baten egitera: Nach Paris eta Nach Paris: eskualdunek besagainka zuzen eta apal: galdetu ote genuen maiatzaren lehen egunetan: Andereen Bide inguruetako sator ausiki eder bat: min handirik gabe Flammenwerfer kontuak egin genituelarik tiroak mustupilka lurrerat aurtiki baikintuzten landatuak: alde guzietarik: eta zenbat: gu bezala ibili denak haatik tiro batek kopetaren erdian atzemanik: baina bide guziak harat eta honat urrats batean bizpahiru egunen buruan arratseko hamar orenetan hamaika-hamabietan manu berri bat: ez zuen haatik luzaz iraun behar: beharrik arratsaldeko bi orenak arte jausten ikusi genuen mendixka bat garrasika Franzosen kaputt! Gorderik ere ez genuen aise iragan: oren batez gure tiroek beren lurrari iltzatu zituzten gehienak hantxe gelditu ziren lurrean ahoz goiti: arras ez zela argia gabe: mando batzuk bezala kargatuak lotu bideari eta hamahiru egunez sospetxatu ondoan gaizo Etien! Zulo egiten herri horretan pausatu paper mutur ttipi batzuen laguntzarekin zorrien erdian hain oro: jarri ginen tirokatuz Jeanne d'Arc saindu gerlaria errabia handiagoan: bipil eta deabruak: hartu gintuzten Minenwerfer guzietan: ehun ardiz goiti kontra genituen eta orok hilka gogotik joan ginen Verdun zuloetarik: adiskide erdiak hil genituen hemen gaindi Ligne Hindenbourg zer zen behin ere begiak irekitzeko: azken hamar gizonekin koronelak eskuetako bortz eriak urruntzeko tiro: han behar genuen lur Plateau de Vauclerc horietan: Alemaniako enperadoreak jakiteko hil behar zuela: bertzeak manatua egin behar: zizpen puntan han gaindi utzi behar genituen oraino gerlako lagunetarik anitz: Lurdeseko Ama Onari oldarra hasteko lasterka joan ginen beraz baina ez etsaiaren alanbreetan bide bat eginik: behin baino gehiagotan hurbiltzen zituzten seiehun kolpatu: ez dira ausartzen alde guzietarik hemendik goiti: ez du balioko alemanak karraska begitartea ateratzen: arras egia da: han baitziren eta luzez iraun Verdunen: herrestan bi tiroz bidean traban ikusi genituen oi lagun maiteak: kartsuki haizea norat zihoan beha geundelarik harago igorriak: bat ez da beti erraz burutik joanarazten nehon gelditu gabe: gaizo Etien!».
Aise eginen zuen bada: Politenean sartu Frantziatik, eta Politenetik jalgi Espainian. Metro batzuk ibili, bertzerik ez. «Espainian ez da gerlarik, futxo!», erraten zion Lurok. Bertze aldean fite aurkituko zituen laguntzaileak leku segura xerkatzeko, eta gero elkartuko ziren. Baina Maitenak ez zuen segurantzarik. «Nola utz nezake ama bakarrik, ordea? Tristuraz hilko da gaizoa. Txokolategia hetsi beharko du!». Aitzakiak; zer dira ba, aitzakiak ez eta? Filipek ez du Julien anaia aitzakia gisa erabiltzen. «Maitenaren ama beharbada hilko da tristuraz, ez da segur; Julien anaia hain segur hilen da, eta ez tristuraz». Aitzakiak direla erraten dio Maitenari, eta negarretan ezartzen. Hola eztabaidatzea eta beti haserre ibiltzea ez dela senar-emazteen bizia ihardesten dio Maitenak. Beltzez ezkonduak dira, fite eginik aitzineko lanak, profitatuz eta Filipe Lurori permisione luze bat emana diotela burua bere tokirat itzultzeko; Etien Bonnaten heriotzaren ondotik astebete egin baitzuen erizaindegian, lasaigarriak hartu eta hartu, ezin onerat itzuli. Lurok galdegin zuen herrirat joaten uztea, azalduz emaztegaia bazuela, eta harekin ezkontzeak sosegatuko zuela zerbait menturaz. Arnegirat heldu orduko, beraz, zer lan egin beharrak zituzten aise asmatu zuten Lurok eta Maitenak, denborarik galdu gabe. Igande hartan bertan ezkondu, eta suharra izan zen eztei gaua. Fite histu ordea. Orai su zelairat itzultzeko kuraiarik ez du sentitzen Lurok. Baina Espainiarat ihes eginik ama bakarrik uzteko errairik ez du Maitenak. Eta horregatik, trenean sarturik, hemen heldu da Luro surat berriz, maiatz hondar honetan, noiz eta bi soldadu, arnoz zeharo arrailduak, hasi baitira kasailan, eta bietarik batek tiratu baitio trenaren arrastatzeko zirrintari. Jendarmeak eta soldaduak baizik ez dira trenetan, eta fite agertu dira hedexuriak, pistolak eskuetan dituztela. Zaintzapean ezarri dituzte bi soldadu mozkor horiek. Presondegian hetsiko dituztela erran diete soldaduei, bederen astebetez. «Mozkorra pasatzeko asti izanen dute». «Ez litzateke txarrena, menturaz». «Kalapita bat antolatu». «Zortzi eguneko presondegia». «Su hegitik urrun». «Zortzi egun gehiago bizirik». «Baina ez da sekula jakiten ahal hedexuri hauekin». «Zigor handiagoren bat ezarriko didate beharbada». «Oroit, ziegan egin zenuen aldiaz, Filipe!». «Erotuko zara zortzi egunez hor hetsita, bakarrik». «Aise eginen nukeen bada, Politenean sartu Frantziatik eta... Espainian atera». Luro pentsamendu horietan galdua den arte horretan ezarri dute berriro trena martxan, eta deus erabakitzeko astirik gabe heldu dira helmugarat. Zizpekin eta pistolekin mehatxu eginez eraman dituzte soldadu arrailduak. Kontrako bidetik, su hegirateko bidea hartu du Lurok, komandantzian berri emateko, heldu dela pausutik. Entseatu da oinetako berri batzuen eskuratzen, baina irri egin dio logistikaren kargu den kaporalak, beso batean apaiz baten tatuajea eta haren pean hitz zatar batzuk izkiriatuak dituen morroi gizen batek. «Parisen garela uste duzu?». Eskuetan duen urdai zatiari ausiki egin eta haragi hori murtxikatzen segitu du kaporalak, eta Lurok pentsatu du kozinetarik egitea itzuli bat, ogi zatiren bat sobera izanen ote duten. Baina azak jorratzera igorri dute han ere. Armada beltzeko pelotoi bat gurutzatu du kanpoan. Baionetak oraino odolez bero dituztela heldu dira, beren lengoaia triste horretan kantu bat emanez garrasika. «Salbai hutsak, zer dira bada?». Egunen batean botxeekikoak eginez gero, Luro segur da frantsesak kalitzeari emanen zaizkiola, beren ganibetekin sastaka, gauez, alemanekin egiten ohi dutenez. Ez baitute nehoiz ere aski odol isurtzen, beti gehiago nahi. Kapitaingoaren ondotik iragan eta atzeman du soldadu bat uso zuriz eta nabarrez inguratua; ura ematen ari zaie. 49. erreximendurat doala eta bide egokia hartu ote duen galdegin dio Lurok. «Euskalduna zaitugu?», arrapostua. Pilotari uztariztar bat da Lurok usoen kargu atzeman duen hori: Gey. Okertu dela, baina han aitzinean ezkerrerat hartuz gero, oihan bat gurutzatu eta helduko dela, 49.a han dela, ontsa uste badu. Luro harritua baita uso horiekin guziekin, gerla denbora osoan halakorik ikusi gabea denez, Geyk azaldu dio uso berriketariak direla, minutuan bi kilometroko bidea egin dezaketela, eta mezuen igortzeko erabiltzen dituztela. Tabakoa partekatu dute, Lurok ekarria baitu Julien anaiak etxean egin azken tabakotik. Hitz batzuk eginik, erreximenduaren xerka segitu du Lurok, eskerrak bihurtuz pilotariari, ogi zerbait eman diolako tabakoaren orde. Han aitzinean ezkerrerat hartu eta oihana gurutzatu du Lurok, eta Etxeber erretorearekin topo egin, kontrako bidean heldu baita, ile kizkurrak kaskopetik ageri, sotana gerrian trenkaturik, lehen eraman ohi zuen gisa berean. Espainian eman mintzaldien berri azaldu dio Etxeberrek, zenbat areto bete dituzten, zenbat espainiarren bihotzak hunkitu, zenbat babes eskuratu, zenbat pezeta bildu frantses soldaduentzat. «Hitz eder politik entzunak gara!». Solasean ari direla gerturatu zaie apez luze zimel bat, Etxeberren aspaldiko adiskide bide dena, eta Lurok hasieran ezagutu ez duena. Hizketan hasi delarik ohartu da Mendiburu bikarioa duela aitzinean. Ez du ezagutu ere, ileak guziz urdinduak baititu. Zenbat denbora zen ez zuela ikusi? Aski uros dabil azken aldian, erreumatismoak eta minak oro suntsitu zaizkionez. Erran die ezagutu zituela hamabi soldadu euskaldun hamabi apostolu bezalakoak, fede handi baten jabeak. Soldadu horiek aldare bat eskuratu zuten, eta toki guzietarat berekin garraiatzen. Ez zuten atsedenik hartzen ahal apezak meza eman eta komunioa partitzen zien artean. «Zer nolako gizonak!». Bertze orduz, apezak aitortu zien akiturik zela, su hegian bezala erresalbuan, eta erresalbuan bezala pausuan, egun oroz komunioa eman beharraz soldadu haiei; proposamena egin baitzien komunio hartze horiek noizbehinkatzeko, nolako erresumina soldaduentzat. «Onartzen dut gerla honen ankerkeriekin akitzen hasia nintzela», aitortu du Mendiburu bikarioak. Fite arranguratu zitzaizkion hamabi soldadu horiek: «Zer? Utziko gaituzula komunioaren eskasean?». «Begiak handiturik galdera hori egin zidatelarik uxatu nituen neke eta lotsa guziak». Konbentzitu zuten Mendiburu bikarioa, eta segitu zitzaizkion eguneroko liturgiari. Baina egun batez atakada batean kalitu zituzten hamabi soldaduak. Guziak egun berean. Aldarea bera ere xifriturik gelditu bide zen. Uros zebilen beraz Mendiburu, hamabi soldadu horiek errana baitzioten hamabietarik hiltzen zen lehenak Jainkoari galdatuko ziola bikarioaren osasunagatik, eta hamabiak batean hil zirenez segur baitzen hamabiek batera galdeginen zutela bere alde. «So egizue, harrezkero ez dut izan erreumatismorik ez bertze gaitzen den mendrenik ere. Nehoiz baino osagarri hobearekin nauzue absolutuki!». Mendiburu bikarioaren solasarekin asperturik, berantesten ari zaiola aitzakia emanik, aitzinerat segitu du Lurok, eta hor non ikusi duen erreximenduaren bandera, lurrean landatua, iazko uztailaren 5ean jeneralak eman gerlako gurutzea agerian. Utzi lekuetan segitzen du erreximenduak, beti su hegian, aldaketa handirik gabe. Pelotoi batean sartu dute Luro; oro jende gaztea, nehor ezagunik ez. Dartemont deitu batekin egin du adiskidantza. Ostalari da Parisen, eta irri gozo bat badu. Gaineratekoak lotsatuak dira gehienak, hilabete batzuk baino ez daramatzate biziendako hilobi hauetan guduan; begitarteak histeko aski, halere. Ez du haiek ezagutzeko asti handirik izan Lurok, maiatzaren 28ko gauerdian antolatu baitute aitzindariek esku kolpe bat. Errekak utzirik partitu dira gauean, eta botxeen erreketarat heldu baino 400 metro aitzinago zatitu da konpainia lau taldetan. Artillariek sua hasi eta ireki dute bretxa bat botxeen erreketan. Frantses mitrallusak ere hasi dira kasailan. Atakada bat egin du konpainiak: pistolaz dozena bat soldadu aleman kalitu dituzte, presorik atzemateko astirik ere gabe. Hamaika soldadu zauritu dituzte alemanek; Luroren pelotoikoak, bi. Itzuleran atzeman du Jean Salaberri. Haren pelotoirat aldatzea galdegin du Lurok, han ere zaurtuak izan dituztela baliatuz. Aroa gozatzen eta epeltzen ari du, eta udan berriz ere oldar handiak hasiko direlako ernegatua da Salaberri. Gas horiekin pozoiturik erizaindegian hiru egun egin ditu. Baionatik «À Berlin!» partitu ziren lau adiskideetarik bera baizik ez dela bizirik gelditzen erran dio Lurori. «Zer uste duzu zuk?», galdegin dio bertze egun batez: «Hemen hiltzen diren arima hauek guziak zerurat iganen dira?». Ez daki zer ihardetsi Lurok: «Baietz erraten dute apezek». «Bortxaz hilak purgatoriorat joaten direla entzuna dut nik bada». Eta handik poxi batetarat berriz ere, Salaberrik: «Arimaz betea izanen da purgatorioa». Eta handik bertze poxi batetarat, berriz oraino: «Purgatorioan lekurik ez bada, infernurat igorriko ote dituzte arimak?». Gau batez, sardina lata baten jaten ari zirela bien artean, Lurori proposatu dio sardina lataren olioa sutan berotu eta edatea. «Ikterizia atzemateko bide segura da. Astebete bederen erizaindegian». «Jean», ihardetsi dio Lurok, «egiazko purgatoriora joango ginateke hori eginen bagenu». Jean Salaberrirekin estonatua da Luro, eta eskerrak ereiaroaren 6arekin desertore alsaziar bat heldu zaien erreka barnerat, eskuak goiti. Aztoramen apur bat, Salaberriren galde astunez ahanzteko. Alemanek indarrez alistatu dutela erran die. Ez ditu hamazazpi urte baino gehiago izanen. Aitzindarien esku utzi dute eta ez dute haren berri gehiago izan. Betiko obusaldiez bertzalde, kalma handi samarrean egon dira hurrengo egunetan,
baina ereiaroaren 8ko gauean Courcelleseko sektorean hedatu dute erreximendua, kostea kosta defendatzeko eta ez uzteko manuarekin. Aitzindariak susmaturik dira etsaiak oldartzeko prestatzen ari ote diren. Gauerdirako hamar minutu aitzin hasi da alemana Courcelles bonbardatzen, bortizki, obus pozoituak eta mitrallus tiroak igortzen norabide guzietarik. Gauean eta goizaldean handitu dute bonbardaketen azantza. Musker argi horiekin argitzen dute su zelaia, eta pozoia eta kea hedatzen dituzten obusak igortzen atsedenik gabe. Laino sendo eta trinko bat altxatu da leherketa horiekin guziekin, deus ikusten uzten ez duena. Tiro barreiatuak eskatzen ari dira komandanteak, pentsatuz eta botxeak noiznahi agertuko direla erreken aitzinean, laino sendo hori ebaki eta barnerat jauzi egin nahiz. Goizaldeko hiruretan, obus ttipietarik bat zartatu da Luroren eta Salaberriren gibeleko pezoian, fiu-fiu-fiu igorriz metalezko ziliportak bazter guzietarat. Ahuspez eman da Luro, pezoiaren kontra, baina Jean Salaberri bete-betean harrapatu dute dozenaka burdin ziliportek, eta zango bat epaitu diote holetan; aurpegitik maska jausi ere zaio bertzalde. Ketan dira ziliporta horiek eta Salaberriren gorpua. Bero handi bat hedatu du leherketak. Lur olde batek gorputz erdia hobiratu dio Lurori, baina lortu du zangoak askatzea eta zizpa berreskuratzea. Baioneta falta du, auskalo non zirtzikatua izanen duen. Zorabiaturik oraino, belarriak astindu ditu ziztu zorrotz hori barnetik aterako ote duen, baina ezin; belarriak lehertu behar zaizkiola iduri zaio. Salaberri hor da, bospasei metrotan, zango bat falta eta bertzea tar-tar-tar higitzen zaiola, borondatetik aske. Odol purrusta bat galdua du eta musker kolorea hartua dio aurpegiak. Besoetarik tiraka baztertzen saiatu da Luro, baitaki bertze obus ttipi horietarik bat jaus litekeela fite inguruan. Salaberriren gorputza hamar bat metro higitzea lortu du, odol arrasto larri bat utziz bidean, zementuzko gerizperat bidean, baina ezinean ari da, obusekin erreken suntsitzen ari baitira aleman tzar horiek. «Putza! Non dira erizain deabru horiek?!». Sarjant batek gurutzatu du erreka, eta gorpua utzirik bere lekurat itzultzeko manatu dio Lurori. Oldarra badatorrela eta hilzorian direnak salbatzeko denborarik ez dela oihu egin dio: lan alferra dela. Kasaila ttipi bat izan dute, baina pistola zorrotik atera eta konpondu du sarjantak, ezpainak estutu eta mustatxa ezker-eskuin higituz. Salaberriren besoak askatuz, obusak abantzu lurperatu duen lekurat itzuli da Luro. Fite heldu dira lehen granada erasoak eta tiroka hasi da beraz Luro. Bakarrik gelditu dela ohartu da orduan. Alemanen oldarra konpainien arteko loturak hausten ari da. Zizpa eta munizioak harturik gibelatu da beraz Luro, pelotoiarekin bat egin duen arte. Berriz aitzinerat igorri dituzte, eta lau aleman kalitu dituzte erreketan bertan; ukaldika hil du haietako bat Lurok, errabia gorrian. Aitzin-gibelatze horietan egin dute gau guzia, 09:25ean berreskuratu duten arte erreka osorik, 18.eko soldadu batzuekin lotura eginik. Eguna nolazpait iragan dute holetan, erreken konpontzen eta hildakoen zein kolpatuen gibelerat igortzen. Baina botxeak ez daude asmoari uzteko, eta hurrengo goizaldean berriz oldartu dira. Gau guzia bezperan bezala suan egin eta, gibelerat egiteko manua jaso dute 10:00ak irian. Munizio bihirik ere gabe baratuak dira pelotoi anitz eta, ezin eutsiz, gibelatzen hasiak dira. Bizkarreko zakutik palak eta aitzurrak harturik defendatu dituzte leku batzuk, bertzerik eskura ez eta. Gauerdian beretu dute erreka, hemeretzi soldadu hilik dituztela, ehun eta bat zaurturik, eta hirutan hogeita lau desagerturik. Hilen izenen artean eman dute Jean Salaberri ere. Orai ezagutuko du, hain segur, su zelaian hilak purgatoriorat edo nora deabrurat igortzen dituzten. Baina, oi aro makurra, hurrengo goizaldean berriro hasi dira alemanak xixtaka, Courcelles ipar-mendebaldetik aldi honetan. Kontraeraso bat prestatu dute frantsesek, baina alemanek berriz atakatu dute goizeko zortzietan. Bertze hogeita lau soldadu hil dizkiote 49.ari. Eta hurrengo egunean gisa berean segitu zaizkio, lau eguneko infernua eta gero ereiaroaren 13an oihan batetarat eraman dituzten arte. Munizioz hornitu eta oihan horretan antolatu dute defentsa. Handik aitzinerat kalmatzen hasi da gerla. Ereiaroaren 23tik aitzina hartu dute pausua. Gutienez astebeteko deskantsua izanen dute orai.
Bertze ordu batez erreximenduko erizain bat bortxatu dute, hogeita bat urteko Tolosako gizon gazte bat. Galtzak jautsirik eta ipurbegia odoletan zuela antzeman du mediku batek, erizaindegian berean. Inkesta bat hasi dute, baina soldaduen artean ustea da aitzindari bat izan ote den. Hilabeteren buruan nehor arrastatu ez dutenez, susmoa indartu baizik ez da egin. Lurori oroitu zaizkio Dosnonen entzun zituen bertze aitzindari haiek, Pariseko mutiko gazteen ipurmasail guriak goratzen ari baitziren.
Bortzehun soldadu berri heldu dira biltegietarik erreximendurat uztail-agorriletan, bere ipurmasail oraino guriekin, eta, Jean Salaberri hilik eta Dartemont galdurik —axuant hartua baitu komandante batek, bere irri gozoarekin—, ezagunik gabe gelditu da berriz Luro. Soldadu gazteen konpainiak ez du erakartzen, zaharrekin ez ontsa moldatzen. Pentsamenduetara emana da, nehorekin sobera mintzatu gabe. Anaia eta Maitena bertzerik ez ditu gogoan, eta nehoiz baino gehiago izkiriatzen die, arrapostuen zain egon gabe abantzu gehienetan. Orain berean erabaki du emazteari bertze letra baten igortzeko tenorea duela, konkistatu berri duten patar horretan erreken eraikitzeko lanak gelditu eta oren batez atseden hartzeko manatu baitiete. Zementuzko gerizpearen estalkia goititu eta, kinoa heldu zaio sudurretarat lehenik, gizon usain nardagarri bat kearekin nahastekaturik, eta gero pittaka ohitu zaizkio begiak kandelen argi apalera. Hor dira pelotoiko ezezagun horiek: alemanen balak biltzen dituen ilegorri zurbil bat, bilduma garbitzen ari; bi gaskoi, karta jokoan; bertze mutur hits hori, bizarretan atzeman zorrien kraskatzen azazkalen artean; Parisekoa omen den bertze gazte bat xoko batean kurubilkatua, ezkilak jotzen, gaineratekoei bizkarra emanik. Karta jokoan ari direnak mintzo dira Bordeleko emazteen edertasunaz, baina bake handian dira une honetan, bertzela ardaila zaleak baitira. Ez die deus handirik erraten, eta haiek ere bakean uzten dute. Xoko batean eman da Luro, kandela mutur batez. Hartu du postal bat, eta Maitenari erran dio alemanen Hindenbourg lerro hori setiatua dela alde orotarik, gerlaren laugarren urte hau izanen dela erabakigarria, dudarik gabe, hala diotenez aitzindariek. Kirrimarratu du beraz postal hori, tentu handiz aukeratuz hitz bakoitza, zer erran eta zer ez, azken buruan hitz batzuk bertzerik ez baitira sartzen ahal paper mutur horretan, ontsa dela errateko eta umekia zertan den galdatzeko nahikoak. Orai ez zaio kontatzen hasiko buruilaren erdian hasi duten gerla bortitza. Hilaren 16an lotu zitzaizkion erasoari, Allemant herriaren inguruetan. Zerbait aitzinatu zuten, baina trukean botxeak indar handiz oldartu zaizkie hurrengo egunetan. Oihan batetarik fueratu dituzte alemanak, eta han eutsi diote hurrengo oldarrei, airetik ere heldu zaizkien atakadei ihardetsiz. Irabaziriko lekua zerbait atondu dutelarik jausi zaie alemanen bertze artilleria eraso bat, iperita obusekin lehenik eta tiroka gero, 105eko eta 150eko obus erauntsi gaitz batekin segitzeko ondotik. Lehen lerroa antolatzeko lan gutiz gehienak suntsitu dizkie atakada horrek. Bezperan airetakoetarik potretak egiten arituko zirela erran du lotinant batek, artilleriari informazio zehatza pasatzeko. Zernahi gisaz, erasoari kontraeraso batekin eutsi diote. Mendi patarrean bertzela dira kontuak. Alemanen oldarrak gibelerat igorri ditu hirugarren batailoiko soldaduak; bretxa bat ireki eta aleman batzuk sartu dira lehen lerro horretan. Frantses artilleriak lagundu behar zuen kontraerasoa prestatzen, baina zazpi minutuz baizik ez du iraun haren suak. Gauean prestatu dute bertze kontraeraso bat. Artilleria ganoraz aritu da, zuzen-zuzen tiroka ari zaizkien mitrallus aleman batzuk porroskatuz, eta nolazpait fueratu dituzte botxe tzar horiek. Egun osoz luzatu dira erasoak eta kontraerasoak, eta gisa berean segitu du hurrengo egunak ere. Buruilaren 16tik 27rat erreximenduak galdu ditu lautan hogeita hamabortz gizon, zaurtu dizkiote bertze berrehun eta berrogeita hamaika, eta desagertu oraino bertze berrogeita lau. «Zer hamar egun... Eta ezin deus erran», pentsatu du Lurok, Maitenarendako letra sinatuz. Biratu du postala, potretaren ikusteko: poilu bat ageri da, frantses soldadu suhar horietarik bat bere mustatxarekin, dama gazte bat konkistatzeko gerlan ari aldi honetan. Emaztea gibeletik oraturik, musu bat galdegiten du delako poiluak, eta emazteak doi bat errefusatzen, baina geroxeago musu hori emanen diola adierazten duen irriño batez. Aimer c'est vivre izkiriatua du ertz batean, letra ederretan. Halako letra ederrik ez duela nehoiz...
Aitzindari batek ireki du gerizpearen borta, surako prestatzeko manatuz barnean diren gizonei. Goizaldeko lauretan jaso dute telefono dei bat: preso batek erran du alemanak gibelatzen ari direla. Patruilak igorri dituzte, eta hamargarren konpainia sartu da aleman erreka baten barnerat. Botxeak defendatu dira, baina handik fite gibelerat egiten hasi direla ohartu dira beilariak largabistekin. Aimer c'est vivre: Maitenarendako postala mokanes ttipi batean bildu eta barneko patrika batean gorderik, bizkar zakua prestatu du Lurok, pala, aitzurra, kantinplora, platera, edalontzia, munizioak, granadak, kaskoa, zizpa, baioneta... Lurok bezala egin dute ilegorriak, gaskoiek, mutur hitsak eta ezkila jotzaileak, mukiak mahuka muturrarekin garbitzea bezain ohiko bilakatu diren keinuak errepikatuz. Trasteria guzia bildu, eta prestatu dira alemanei gibeletik xixtako on batzuen emateko. Erreketarik jalgi eta, aitzinatu dira aski ontsa, arteka Fritz bat edo Helmut bat bakarka atzematen dutela. Bet-betan kaliturik biderat ateratzen zaizkienak oro, segitu dute aitzinerat eta aitzinerat. Alemanen erreketan barneratu eta horiek gibelean utzi ahala ohartu dira buruileko azken eraso horietan pentsatu baino kalte handiagoak egin dizkietela: suntsituriko armak eta kaskoak badira zernahi xokotan, eta gerizpe gutiz gehienak fundituak; bi hilotz gogor, oihaletan bilduak eta oraino hilobiratzeko, alemanek presaka ihes egin duten seinale; frantses granada eta obusekin zatituriko gorpuak patarretan; obus zulo bakar batean sei gorpu. Poiluak kuraiatzen dira irudi horiek ikusiz, orai ari baitira sentitzen pentsatu baino min handiago egiten dietela Helmut eta Fritz deabru horiei, eta segitzen dute aitzinerat kar handiagoz oraino. Lehen batailoia abangoardian dutela, aitzinatuz eta aitzinatuz badoa erreximendua, lau urte hauetan nehoiz ez bezalako metro andanak irabaziz esku kolpe bakarrean. Gaztelu batean indarrak harturik gordeak ziren botxe batzuek eutsi diete zenbait orenez, baina oihan batetarat hartu du lehen batailoiak: Pinon, gidariek mapetan irakurri dutenez. Basoko bide guziak trabaturik dira burdin hariz eta jausiriko arbolaz. Biharamunean lortu dute Pinon oihan hori gurutzatzea, eta heldu dira ur kanal baten ertzerat. Kanalak badu iraganbide bat, baina iduri du alemanak bertze alde horretan indar hartu nahian ari direla. Iraganbidea gurutzatzen hasten diren frantses soldaduak oro zafratzen dituzte mitrallus eta granada ukaldiz. Botxeek ez dute astirik izan, zernahi gisaz, iraganbide hori suntsitzeko. Azken egunetan desagertua zen aleman artilleria ere orai hasi da obusak aurtikitzen. Leku horretan egonkortu dira zenbait egunez, beraz, eta Maitenarendako postala oroitu zaio Lurori, beti aitzinerat doazenez posta zerbitzuak gibelean utzi baitituzte, eta ez baitu paradarik izan zigilua ezarri eta postal hori igortzeko. Postala igor ote lezakeen galdegitera joan da, baina oso lanpetuak dira axuant guziak, erretreta eman baitiote jeneral bati, sukar handitan eta gripe larri batekin zutik egon ezina zenez, eta gibelerat igortzeko manatu dutenez medikuek. Badira eztul itsusi bat egiten hasi diren soldaduak ere, nahiz oraino larrazkeneko oren hitsenak ez diren heldu. Anartean, frantsesek igortzen dituzte patruilak, eta saiatzen dira alemanek kanalaren gainean zutik utzi iraganbide hori baliatzen, baina alemanek gogor eusten diote bertze aldetik. Berriz hasi dira gas pozoitu horietarik sorta batzuk igortzen bertzalde. Ahalegin anitzen ondotik, patruila batek lortu du kanalaren bertze alde horretarat iragatea, urriaren 12an, eta ez du etsairik atzeman: gibelago joanak dira alemanak. Patruila horretan da Luro, eta guziz trenpaturik da tenore honetan, kanala uretarik iragan baitute. Eztul itsusi bat hasi zaio beraz. Alemanak joanak direla abisu emanik, bigarren batailoia Pinon oihanean erresalbuan utzirik, aitzinerat egin du 49. erreximenduak. Eta segitu dute alemanak urrunago pusatzen, 1914ko gerla haste hartan alemanek frantsesak Marnerat pusatu zituzten ber gisan. «À Berlin!» oihu batzuk artekatzen hasi dira soldaduak, eta harrotzen ere ari dira zenbait. Ez Luro. Eztulak gero eta lan gehiago ematen dizkio, hatsa hartzeko ere lanak baititu eta sukar handi bat jabetzen hasi baitzaio,
gauetan atseden hartzen uzten ez dion sukar bat, jenerala balitz gibelatzeko aski aitzakia izanen zena. Baina, soldadu soila denez, segitu behar dio bi eguneko martxari, 18. erreximendua abangoardian eta 49. erreximendua hegal baten buru doazela. Holetan heldu dira Barenton-Bugnyrat. Futxo! Mitrallus su gaitzeko bat jausi zaie herritik eta 18. erreximendua arrastatu dute lekuan, gehiago aitzinatu ezinik. 49.eko bigarren konpainiak gainditu du 18. erreximendua baga batean eta, mitrallusen suaren pean, ehun bat metro aitzinatu. Sukarretan heldu baita Luro, bertze soldadu batek erran dion arte ez da jabetu ezker saihetsetik odol zurrustaka ari dela. Erizain batek lotu dio zauria nolazpait. Baina, saihetsetik odol zurrustaka segitzen duenez halere, gibelerat joateko manatu dio. Sua alde guzietarik, sukarra bertzalde, zorabiaturik bezala abiatu da Luro pentzean beheiti. Mitrallus tiroak ezker, mitrallus tiroak eskuin, mitrallus tiroak bazter guzietan. Etxeber erretorea ikusi uste du, nahiz berehala ohartu ezinezko dela. Burua goititu du zehe bat, halere, hobeki ikusteko, eta belarri bat xifritu dio mitrallus tiro barreiatu horietarik batek, ezker eskua zulatu bertzalde. Hilgarria ez, baina mingarria da belarriko zauri hori, eta zurrustaka segitzen du saihetseko zauriak, sukarrarekin bat eginik Luro zorabiatzen ari baita. Etzatea eta herrestan segitzea erabaki du. Han aitzinean behar du bada 18. erreximenduak. Lehentxeago baga batean gainditu dutela ontsa gogoan du: ez ziren erretretan joanen, hor behar dute. Aitzinatu nahi lituzke metro batzuk, baina gogoa alderrai dabilkio Lurori, inguruan dantzan ari zaizkion belar ahoetarat joaten zaio, edo lainoei beha lausotzen. Aitzinatu behar du ordea; ez dira ehun metro ere izanen; aitzinatu ahal balitz, herrestan, burua goititu gabe badaezpada ere, ezin du postala galdu, Etienek errieta eginen lioke, eta anaia irri karkailaz hasi zaio. «Orok bezala baioneten gudu batean zafratzeko: amore emateaz: ez ziola beilariak lekuaren gainean oihu eginik: azkenean emeki-emeki». Honat ekartzen saiatzen da, baina gogoa badoakio bertze toki batzuetarat Lurori. Zertan ari da hemen? Hauek ez dute Arnegiko basoak iduri. Burua goititzen badu, etxeko bidea ikusi nahirik, segur da tiroren bat emanen diotela. Lurrean ahuspez etzana dagoen bezala, hila dela pentsatuko dute menturaz, eta bakean utziko. Baratu, eta amore eman, hila balitz bezala egin. Egon, Arnegiko basoetako orbelen gainean etzanda balego bezala, etzanda. «Edo amore emateko orde: oro kanoiek irauliak bidea hilez emokatu: ez gaua galtza motz batzuk: uso xuria errazu haatik arrats batez maiteak erreka beretan Andereen Bidea zaintzeko erauntsi guziengatik: menturaz bertze behin kantuz eta irrintzika: hilak berehala altxatzen ahal izan balira kanoiek hala itzulipurdikatuak ziren arratseko laurak alderat: oro odol errekak zihoazen aitzinean baina beti ikaran bizi behar delarik ez da bizirik: trufaka etsaia aski urrun fueratu gibelerat nagusitzen ari direla gosez: guk gerla egin nahi eta zangoak beti bustiak: egundaino bezala tiroka ari ginen argi hastean ez beti lurpean: beldurtzeko da gehiago erran: eta halere hilabeteak kasik higitu gabe egoteko lautan hogeita hamar bat soldadu hilak: kasik ehun urratsetan tropa troparen gainean: handiena gurutze batzuk izenik gabe: agertu guziak kalitu eta eremu eder bat: bere soldaduen erdian gerla batean beti ter-ter-ter: granada partida bat». Loak hartzen ari dela ohartu da Luro. Begiak ireki eta hetsi, eta ireki eta hetsi ditu indar handiz. Odol zurrustaka segitzen du saihetseko zauriak, apalago bada ere, eta ezker eskua zulaturik duela orai ohartu da, hortik ere odol galtzen ari. Belarria oraino osorik, nahiz hori ere odoldurik. Mokanes batez esku zaurtua bildu, behakoa zehe bat aitzinatu, eta harriarte bat ikusi uste du. Harat gerturatu ahal balitz, beharbada keinuak egin ahal izanen lizkieke gibeleko soldaduei, xerka hel dakizkion. Su hegian utziak ditu batailoiko adiskideak, mitrallus karraska gogor baten pean, haien esperantzarik ez du izanen. Herrestaka egin ditu hamar bat metro nolazpait, eta eskuratu ditu harri horiek. Bizitu egin zaio saihetseko zauria, eta eztulak ez dio arnasa hartzen uzten. 18.eko gizonak aitzinean ikusten ditu orai, han beherean. Esku bat altxatu die, baina sukarrak astundu egiten dio gogoa, eta begiak hetsarazten. Ez daki eskua goititzea lortu duen. Eskua goititzerik balu, han beherean ikusiko lukete soldadu bat badela zaurtua harriarte honetan. Eskua goititzerik balu... Esku zaurtu hori? Edo osorik duen bertze hori? Zein goititu? Estonaturik behatzen die Lurok bere bi eskuei, osorik duen eskuinari, zulaturik eta mokanes batez bildurik duen ezkerrari: estonaturik behatzen die, bereak ez balitu bezala. Izerdi larri bat hasi zaio kopetan beheiti. «Gain-gainetik armatuak zer izerdiak isuri genituen zangoen gainean: berrogeita hamar bat orenen buruan aise ageri zen noizbait gudu ederrik izan zela han ere bi pinta arnoren aitzinean: ez zen gurutzerik baizik ageri: taulazko gurutze ttipi jateko higuingarri bat eginarazi: eta maite zuten eskuak altxatzea beldurra eta gose-egarriak lagun: ez dugu gerlako aski jakitate: hirurehun hilez goiti Beaurieux deritzan herrixkan elur erauntsien azpian errabian arizanik tiroka pausatzera jautsarazi: beribil handi batzuk: eskorga batean etzanik urrunago: denbora horretan hola atzeman genituen hurbiltzen ziren guziak lurrerat orroaz hasirik: oroitzapenik handiena hondatu genuen eta gibelerat igorri: haatik etsaiari oro hilen ginela zin eginik elkarri nahi duten bezainbat lur irauli: odol zurrustek gehiago balio zuten». Saihetsean odol zurrusta bat ote duen edo ametsetan ari ote den duda izan du Lurok. Izerdi hau. «Bai da: argi zuri bat zeruetan eta izenak galdu ditugun bertze batzuk: baina gure eriek maiteari igorri ferekaldi bat arras ontsa eman ziguten: erauntsi ikaragarrienaren jaterat eta edaterat joan behar: ez zen urrunago joaterik trufaz elurpean iraganik: oihu egin zuelarik pur-pur-pur: urrun: punta-puntan hala-hala gertatu zen: bi negar xorta handi mateletan gure odol gorrienaz busti aitzurra: aitzindari odola bakearentzat isuri: txori batzuk bezala orok bat eginez ere bada zulo bat nonbait: gau guzia bidean hedatu hamalau aleman alimale non zer ikusiko zuten: zenbait orro bospasei egunez». Lurok geriza hartu duen harriarte horren aitzinean lehertu da granada bat, eta horrek ernarazi du eldarniotik. «Futxo, ez banaiz higitzen nehork ez nau leku honetarik aterako», erran dio bere buruari, eztulka ito beharrean. 18. erreximenduko gizonak gordeak diren zulo horietaraino hirutan hogeita hamar bat metro izanen ditu. Bertze orduz jauzi batean iraganen zituen, baina egoera honetan... Indar bat egitea deliberaturik, ezker-eskuin miatu du eremua. Bizpahiru jauzitan helduko dela uste du. Begiak lausotzen zaizkio ordea. Zerbait bada hor, zeraren meta bat, hogeita hamar bat metrotan, ezin argi antzeman zer den. Urrunegi. Eskuinerat badira sasi gisako batzuk. Ez da geriza segura, baina menturaz botxe tzar horiek ez dira jabetuko haien gibelean nehor gordeko denik. Berriz ere ahuspez ezarririk, berebiziko indar bat egin du sasitza horretarat herrestan hurbiltzeko. Ezker saihetsa eta eskua zaurturik, eskuin alderat kargatzen du pisua, eta alde horrekin egiten indar, zangoekin pusatuz gorputza aitzinerat. Eztulka birikak ahotik aurtiki behar dituela iduri, nolazpait lortu du sasi horietarat heltzea eta haien gibelean gordetzea. Hatsanka larrian ari, Maitenarendako postala oroitu zaio, eta segurtatu nahi izan du barneko patrikan duela oraino. Botxe tzar horiek Alemaniarat pusatu beharrez aritu baitira, ez du zigilua ezarri eta igortzeko paradarik izan. Eskuetan hartu eta, postalari beha hasi da negarrez, Aimer c'est vivre, sasitza horren gibelean kurubilkaturik, saihetseko zauria gero eta minago duela. Hatsa hartzea ere kostatzen zaio, pleinuak eta zotinak korapilatzen zaizkio eztulekin eztarrian, abantzu ito behar duela pentsatzeraino: Maitena, Maitena, Maitena, Maitena... «Bizi berri baten argia genuen oro debaldetan: jende on bat abiatu ginen: gurutze beltz bat nola hondatua lagun gehienekin eta beha geunden: jeneralari balio ote du hau ere? Jo ederki lehen han ziren bi ihurtzurik: guri buruz heldu ziren bi orenetan: alanbre sailetaraino: sinetsi balituzte herrestan: granadak azken denboretan baino gehiago baino gehiago atxikitzen ohorezko aipamena: bele tzar bat tiroka». Ez daki amestu ote duen, edo egiaz iragan diren bi airetako aleman zeruan; ez daki zerua dagoen laino, edo begiak dituen lauso; ez daki; ez. «Laurehun eta hogeita hemezortzi egun azkenekoz: airetako aleman franko azkenean joan joan: eta joan joan zen ondoko egun batez etsaiak ikusten: atzaparka agur eginik hitz bat debaldetan bizpahiru egunez: gogoan hartzeko kantu maite horrek: Franzosen kaputt soldaduak gehiago ez zutitzeko goizeko zortzi orenetan oldarrarentzat: eta hau eta hura eta sobera menturatzeko: horra non aski goiz hil ziren soldadu gutiz gehienen izenak inarrosi eta ehortzi: tematu lokartu ginela gure zizpak elkarrekin kaput! Jainkoak koronelak harat-honat zeruetan goiti asmo berak su ikaragarriari loriaren loriaz: beti ateratzen Minenwerfer azpian zulo guziak: ezindua arratsari bezala zalapartaka ari ziren eta frantses ederrenean begitarte argiz aireari: sua zeriela doi-doia: gizon gazte beharko zuten gerlan abiatu: baionetekin ihesi gure zakuak bizkarrean: herrestaka bertze orduz abiatu ziren: ez dute zutik obusa behar». Eztul gero eta larriagoek itzuli dute onerat Luro, eta eskerrak eman ditu gripe tzar horrengatik, bertzela loak hartuko baitzukeen, nekeak gainez eginik. Eta eskerrak eman ditu ere alemanak ez direlako obusak igortzen ari. Korritu nahi duen eremu hori laster zulatuko zuketen. Mitrallusekin, aldiz, zorte poxi bat izanen du menturaz, ez dute ehizatuko menturaz; su hegiko soldaduei lotuko zaizkie menturaz. Hor beherean, ezkerrerat, lehen ikusi duen meta horretarat gerturatzerik balu, berrogei metrotan izanen luke salbazioa, bide erdiak eginik, baina ez daki; ez daki; ez. «Amore gauean intzirien elizkizun gaizoa gerlako denboran eta granada meta zutik: Plateau de Vauclerc kentzen ahal diote funtsean orori joateko: zizpek baionetak eskuan trenek euriak kalapita andana bat: urrun gau beltzak eskuak gurutzatu bertzalde: ez ez zen aise egiten eskuin eta ezker! Zigarreta erdi bat bagenuen oraino ahoan: zer errabia beltzak argi handi urrats ttipi: hiltzeko bezpera arratsean Frantziako hirur koloreekin etsaiari kentzeko hogei aldiz irabazia: tiro tarrapata batzuk manu berri bat: biharamunean jauzi egin zuen hitz bakar batek: gorde txara hartan fidos oraino bide guzia emokaturik odolezko hitzez: egiazko Ama Birjina baten ikusi: sufrikarioen sufrikarioa badakigu aleman gerlako liburu batean irakurririk: erratea bezain erraz balitz hamar lagunetarik zortzi ez ziren eroriko: ez dute izenik! Jazarri argia gabe: oihu egin beren tokietarat: baionetekin urrundu alemanak: jo handik jo hemendik amore emanik oren pare batez: jan-edanak baino indar gehiago atzeman: suaren erdian porroskatu ez balitu: eulia bezala zihoan gizona lurrerat: hil edo kolpa: Ibarnegarai beldurtzeko atrebitzen ziren etsai guziak han gaindi han goiti berriz gainean: mila holako: lohiz belaunetaraino nola elkar besarkatu zuten kanoiek: bururik gabe gorputzik ederrena deus ez da: noizetik noizerat karraskan soldadu hura doi-doia abiatu eta orduan tiro tarrapatak hamazazpi hilabetez: gehiago ez bihozminik: aireetan zebiltzan paper mutur batzuk harri batzuei loturik». Harri batzuei ez, mando bati lotua da Luro. Nola ez dakiela heldu da meta horretarat, eta, zer deabru izanen meta hori, eta... zer deabru eta... mando hil bat. Leku okerragorik ez leukake. Segur da aleman mitrallus guziak zuzenduko direla mando horrenganat, pentsatuz eta, ontsa pentsatuz gainera, mando horren gibelean soldaduren bat gorde litekeela. Xifritu, suntsitu eta birrinduko dute animalia, hezurretan utziz, eta segidan Luro gaizoa lehertu arte tirokatuko dute. Eztul bederak saihets hezur bat kraskatzen diola sentitzen du, minak ez baitio lasai pentsatzen uzten gainera. Minutu batzuk baino ez ditu izanen. Kausituko dute, eta kalituko. Bertze orduz berrogei jauzi baino gutiagotan eginen lituzke berrogei metro horiek, orai ikusten baititu frantses soldadu batzuk hor beherean; 18. erreximenduaren estandartearen punta ere bai, han harat. Zangoak aztertu ditu: osorik dira. Lasterraldi bat aski izanen luke. Baina bortz minutu behar ditu, atseden hartu, eztula baretu, bortz minutu bertzerik ez; bortz minutu; bortz. «Verdunen amodioarekin jauzika-jauzika: begiak hetsi bideari lotu malda hari konplimenduen egiten: la géographie handirik ez: bihotza harresiari buruz goiz batez: egia kolpatu xingar eta arrautzaz mihiaren puntan: Verdunen funditu bihotz eskuetan negar eta garrasiak pentze bat: ehun metro: sekulan ez zuela odol xorta ttipiena debaldetan isuraraziko: zuzen hilak ez zitezkeen berehala altxa mila granada bederen alde guzietarat zapartaka: ehun metro ginen: birikak bere lekuan: gaineratekoak hil ote ziren? Hamaika negar: egia hau da: gau hartan bezperan bezala tente odoletan tiroka lurrean ala zeruan: handi eta ttipi beraz: euri eta babazuzak ero batzuk bezala bideez jabetzeko zutituak oro: Ama Birjinari etsaien tiro tarrapatak triparen erdian: erokeria sei egunez nondik agertuko: Ligne Hindenbourg hartzera joateko den mendreneko bidean tiroka ukondoa ukondoari: baina laster norbaitek nonbaitetik erran hartzeko eta hartzeko oihu eta garrasiak: obus erauntsi bat ederra: jeneralak zango bat airean: kostako zena kosta: euriak euriari: gerlan ibili direnek badakite ilunari buruz punta-puntan frantses banderaren landatzen: gau hartan sarraski ederrik ikusi genuela itzulipurdika: tupina guziak ostikoka uzkaili genituen hain zuzen: negarrez abiatu orduko lehertuak guri buruz odol guzia belaunetarainoko saltsa ikaragarri batean: derrepente bihotzak Flammenwerfer ezarri: oi deabru errorik menturaz eskas? Ez eskas: iraun baitezpada oharkabean eta aise lore bat: ekia zen arras atxikia munduko irri besta eta argia urratu arte: Lurdeseko Ama Birjinak ez zuela aski botere: oro amore emanik hautsiko ziren gure hitz harresi honetan baino ederragorik goiz batez antolatzeko gerla: ez ehun metrotan: zizpa kargatua gorputzari hil hurren: kaskako bat bilatu eta eman ederki! Orai bezala iragana izanen gara». Bortz minutu iragan diren edo ez, mandoari herio batean tiroka lotuak dira botxe tzar horiek mitrallusekin eta zizpekin. Tiro tarrapata horiek mandoaren gorpua inarrosten dute, eta Luro pusatzen alde batetarat eta bertzerat, bere buruaren eusteko ere ezgai. Kaskoa jausi zaio. Jaso du nolazpait. Arrastatu dute tirokaldia. Orai ez du zutitu behar, hau du oren txarrena: beha izanen du etsaia, zafraldiaren ondotik ea nor zutituko mandoaren gibeletik. «Sugearen ausikiak kalitu ez banau, botxe tzar horiek ez naute kalituko bada!». Itxaron behar du bizpalau minutu gehiagoz. Eta gero, lasterraldi bat, berrogei jauzi berrogei metrorentzat, eta gero pausua. Berrogei metroren lasterraldi bat bertzerik ez; bertzerik ez; ez. «Obus erauntsi batek ehorzten duen lurpetik hats bahi: Verduneko infernuan elizetan deabru batzuk bezala: lurretik marrumaka hasten: debaldetan Jainkoaren begien bistan menturatu: gauean gau beltzean zalapartaka lasterka baionetek ez zituzten utzi: kaka: zer ikusi izan zen: saihetsetik bi granada eskuan ardiak: ez zekiten eta hola tiro bat gibelean gero eta egundaino bezala orai: igorri gintuztelarik ez dakigu zertako gizon hiltzen nehork manatu gabe ero batzuk lorietan leherturik itzulipurdikatzen zortzi orenetan zizpa muturrekin bozkatuz banderak haizeari: txori errebelatu batzuk Minenwerfer guziak leherturik gizon edan batzuk bezala! Ez du legerik baina badoa lur puska bat zirurikan». Bizkar zakua bertan utziko du. Askatu du, mandoaren kontra utzi, bururik goititu gabe. Tenorea izanen du goititzeko; tenorea izanen du orai; orai. «Kolpatua dar-dar-dar pipa eta muntra gizagaixoak pusaka etsaia han etsaiei etsaia zaintzea arrosario batzuk eskuan: berriz manua bertze mundutik: ezpainetan bihotzeko zenbait fabore atxikiko zituela orok». Kito. Zutitu da Luro. Honezkero mandoarekin ahantziak dira botxe tzar horiek. Zutitu da? Bai. Zutik. Berrogei urrats: berrogei jauzi. «Tiroka hasi orduko hilak zerbaiti oharturik bidean galdu behar atseginarekin anitzen artean hilak lokartzea nahi beti eta behin iratzarriak usuago». Badoa Luro andarka. Badoa? Bai, aitzinatzen ari da. Baina buruak manatzen eta pentsatzen duena baino mantsoago doazkio zangoak; mantsoago zangoak; zangoak. «Aitzinerat laborari gehiago Hilen Eguna ere beraz bizkarrean harturik leherturik oro ausikika elurrak bortan: hilik jauzi batek ihes egin eta ihesi zihoan kolpatua». Zenbat metro egin ditu? Hamar? Hamalau? Han harateko patar bati karraskan ari zen aleman mitrallus bat ohartu da andarka doan Luroren gorputz horrekin, eta fite lotu zaio tiroka. «Mila intziri harat eta honat odol oren ikaragarriak txondorrari su ematen hastean». Tiroak dira horiek? Bai, tiroak dira. Ezkerretik eskuinerat lehenik, eta eskuinetik ezkerrerat gero, eremua arras garbitzen dute mitrallusek. Lurrerat jausi da Luro, zangoak bahe bat bezala zulatuak. «Nola gudu bat ez duen bere azken orenak lehertu etsaiak irriak aski halere garrasika manatu zuten luzez iraun bide haietan galdu ikatz zaku batekin». Zangoetan min, saihetsa odoletan, tiro zafraldiaren erdian ezin aitzinatu, eta eztula ez ote zaion isilduko pentsatzen hasia da Luro. Eskua barneko patrikarat sartuz nolazpait, hor da Maitenarendako postala. «Birikak egiazko dilindan isilka: derrepentean ezin xutik egon: bideak pentzeak: kaka: errabiaren zeruan kantatzen ogi eremuetan eta oro sutan Andre Madalen futxo! Iluna hurbilago eta etxeko oinetako hoberenen higatzeko mendixka haren puntan Craonnelle: hezur eri punttez ikatzarekin eta ogia: bizkitartean zerua gainerat erori burutik beheiti!». Behin soldadua lurrerat jausirik, ez bada gehiago higitzen ere, berriz ezkerretik eskuinerat eta gero eskuinetik ezkerrerat tiroak barreiatuz segitu behar du mitrallusak, bururat destatuz ahal dela, gorputzerat bertzela. Eta bi alditan aski ez bada, hirutan barreiatu behar ditu mitrallusak tiroak, etsaia ontsa hila dela segurtatzeko. Luro ere hila dela segurtatzeko. Helmut izena duen soldadu horrek, zeinak okindegi bat baitzuen gerla haste hartan Munichen, ganibeta hartuko du gauean, eta bertze marra bat kirrimarratuko dio mitrallusari saihets batean.