3
Eskualdunak ez duelarik sobera maite bera baino goragokoa, nahi du bizkitartean autoritatea.
Eskualduna, 1887an
«Preces nostras. Exaudi, ut qui juste pro peccatis nostris affligimur, et hanc vermium persecutionem patimur». Leon Etxeberri erretorea, Heletako pentzerik handienean, ile bakanak haizeak harroturik, ihurtzuriari oihuka: «Liberemur!». Surpeliza zuri labur baten gainetik emanik estola blua, beleen karranken gainetik garrasika: «Tua potentia nobis peccatoribus concede». Liburu santuaren orriak inarrosten ditu neguko haize zakarrak: «Quatemus hos pestiferos vermes per nos». Har beltzen aurka predikuan ari: «Maledicendo maledicas, segregando segreges, exterminando extermines». Etxeberri erretorearekin, hogeiren bat herritar, haur, zahar eta emazte. Han dira ere Xan Errekalt gerlatik elbarri jina eta Dominika Zubiri, bi seme gerlan galduak dagoeneko, bertze semea 49. erreximenduan eta senarra 142. territorialean dituena oraino, maingutu gabeak biak baina suan: «Exorcizo vos pestiferos vermes, ut confestim recedatis a campis, sed ad loca transeatis in quibus nemini nocere possitis». Har beltzek erreko dituzte pentzeak, Leon Etxeberri erretorearen predikuak emaitzarik ez badu: «Ut, quocumque ieritis, sitis maledicti, deficientes de die in diem in vos ipsos et decrescentes». Otoitz bortitz bat da, indar handikoa, ez sakramentuaren parekoa, baina sakramentalen arteko bat. Erran ahal izateko, apezpikuaren baimena behar du erretoreak: «Quatemus reliquiae ele vobis nullo in loco inveniantur, nisi necessariae ad salutem et usum humanum». Leon Etxeberri erretoreak finitu du predikua. Solemnitate handiz aurtiki dio ur benedikatua Heletako pentzerik handienari. Estola, surpeliza eta liburua bildu ditu. Kito. Otoitz bortitz bat da, indar handikoa, baina predikua erran eta harrak beti suntsitzen direla uste izatea superstizioa baizik ez litzateke. Errana du erretoreak predikua hasi aitzin: «Behar duzue jakin fedearen heinekoa dela emaitza». Fedearen karraren araberakoa da emaitza, beraz. Harrak ez badira funditzen, heletarrak arranguratuko dira, baina erretorea are gehiago, pentsatuz eta fedea zein den ahula bere artaldean. «Amen», erran du Dominika Zubirik, gogoa halere Xan Errekalt mainguarenganat doakiola, har beltzenganat joan orde.
Miarritzeko hondartzan, Luzien Lavielleren hamabi urteko ilobaso bat, Dominique, tarteko dela, haur talde batek kausitu du botila bat itsasoko uretan, Irulegiko arno botilak bezain ontsa hetsia, paper puskila bat barnean. Dominiqueren aitari erakutsi eta jendarmeetarat eraman dute, zer dela ere. Sumaturik alemanez izkiriatua dela paper hori, itzultzerat eraman dute: «Otsailaren 13an. Ene ontziak zapart egin du Gibraltar alde hartan. Lagun guziak ito zaizkit. J. de Hildenthein aitzindaria ere ito da. Bakar-bakarra naiz bizirik gelditu, eta hauek izkiriatzen ditut, ene familiak jakinen dituelakoan. Biba Germania! Guzien gainetik Alemania! Biba Gillen gure enperadorea! Hans Hirsch, marinela U-11 urpekoan». Jendarmeen buruak deliberatu du suprefetari behar zaiola jakinarazi, eta jolasterat igorri ditu botila atzeman duten haurrak. Enoatuak doaz haurrak, uste baitzuten kausitu zutela altxor handi batetarat eramanen zituen mapa bat.
Sarako jaun merak jaso du letra bat goizean, hilberri batena. Lan dorpeagorik ez da, baizik eta familiari jakinaraztea semea, aita, anaia, hil diotela. Jauntzi eskalapoiak, ezarri boneta, hartu makila eta jaun mera badoa karrikari buruz, letra hits hori ekarri duen jendarmea lagun, Xuriko xakurra aitzinean harturik. Etxeko borta hesteko azantzak uxatu ditu atariko hesoletan bilduak ziren dozena erdi bat bele. Saran ez baitute lehen hila honezkero, herritarrek ikasia dute jaun meraren eta aldian aldiko jendarmearen promenadaren erranahia. Oro etxeko leihoetan biltzen dira, otoiztuz jaun merak eta jendarmeak bidean segi dezaten beren atarietarat sartu gabe. Isil-isila karrika, herriko etxe guziak jaun meraren, Xurikoren eta hedexuriaren pausoei beha. Komiteak aitzinerat egiten badu, betazalek bezala kliska egiten dute leihoetan gortinek, eta hatsa lasai hartzen dute gibelean gelditzen doazen etxeetako maizterrek. Arno Suertegarairen familiari suertatu zaio gaur komite hitsaren bisita. Xuriko etxeko atarirat bertaratzen sumatu duelarik, leiho hegian beha, kordea galdu du Arnoren emazteak. Xakurrari jarraiki zaio komitea, urratsez urrats. Seme gehienak ireki die borta jaun merari eta jendarmeari, alabek amari hatsa ematen dioten artean, jarrarazi baitute sukaldeko zizeiluan, kordea itzuliko ote. Letra esku batean makila bertzean heldu da jaun mera, begiak ttipituak. Buztana higitzen du Xurikok. Semeak hartu du letra, atalondoan; ez du malkorik ageri masailetan. Jendarmeak atera du patrikatik medaila bat, Arno Suertegaraik erakutsi adoreagatik Gobernamenduaren esker ona adierazten duena. Jaun merak eskaini dio mutikoari. Xurikok ez dio uzten buztana higitzeari, ustez eta ogi puskaren bat jausiko ote zaion. Semeak hartu du medaila, atalondoan; ez du malkorik ageri masailetan. Esku batean letra, bertzean medaila, eskerrak bihurtu dizkie jaun horiei, eta hetsi du borta. Haur bat baizik ez izaki, ez zaio oroitu jaunak barnerat gomitatu beharrak zituela.
Baionako garan adiskideak utzirik Donibane Garazirateko trenaren zain, etxerat hartu du Etien Bonnatek. Zortzi egun pausuko. Amaren poz alimalekoa, alargun gaizoak seme bakarra izaki, etxeko borta ireki eta Etien atarian ikusi duelarik. Besarkada eta musuen ondotik datoz ganbera, ohatzea, armairua, eta izpilikuaren usaina: armairua ireki eta... izpilikuaren usaina. Apairu bat ederra plantatuko dio amak semeari, baina lehenik beharko du merkaturat joan eta erosketa batzuk egin. Mantala kendu, saskia hartu, sos batzuk bildu, eta badoa, semea bakarrik utzirik etxean. Ohean etzanda, leihotik lainoak iparralderat igaten ikusi ditu Etienek. Txorien txioez bertzelako hotsik ez dela aditzen ohartu da. Han bezala, hemen ere, lainoak. Han ez bezala, hemen, txorien txioak. Eta izpilikuaren usaina. Lo hartu du gaizoak, eta komunerat altxatzeko ere beharrik gabe egin du lo hamalau orenez segidan. Esnatu denean, hor jarraitzen du izpilikuaren usainak.
Tokitan da Ezpeleta, eta tokitan etxerat itzultzeko esperantzak. Prudent Pikasarriri izena aldatu dio Doneztebeko osabak: Prudentzio hasieran, orai Pruden erraten diote lehen Pikasarri gaztea zenari. Eta Pruden izanen da bulta batez. Erraten zuten bada, bi asteko, gehienez ere hilabeteko, izanen zela gerla, kazeta guziak kalamatika berarekin. Tokitan da gerla bururatuko den azken eguna, tokitan Ezpeleta. Igandeetan, etxeko behiak jetzi eta alhatu ondotik, morroi lanetarik libro uzten du osabak. Egun horiek baliatzen ditu adiskide berriekin pilota saio batzuen egiteko. Deus guti gehiago: meza nagusia, arno xorta bat ostatuan, dantza soltea, beharbada emazte gazteren baten behakoa xerkatzea. Holetan lurruntzen da iheslariaren bizia: lanaren eta igandeetako josteta ttipi horien artean. Bada emazte bat, Asentsi, sobera lotsatu gabe beha baratzen zaiona, eta badira aste batzuk Prudenek zurrunbilo bat darabilela sabelean, jateko gogoa ere urritu baitzaio. Prudenek ez luke sobera lerratu nahi: aitak gerlatik apartatu bazuen, izan zen arreben senargaiez sobera fio ez zelako, etxearen segida hartzea premuari dagokiolako, eta Pruden gerlan hil balitz ezinen zukeelako etxearen kargu egin. Baina tokitan dira Ezpeleta, eta tokitan aita. Abantzu bi urte badira gerla hasi zela, ez da sekula finituko; gezur galanta erran zuten kazetek, gazteei kaskoen berotzeko menturaz. Tokitan dira etxerat itzultzeko esperantzak, eta emazte gazte horri ile xerloak aurpegirat nola jausten zaizkion beha loriatzen da Pruden, gero eta gehiago loriatzen. Adiskideak ere hasi zaizkio ohartzen, eta ez daki luzaro gorde ahal izanen duen. Menturaz, ezkondu eta bortz urteren buruan eskuratu ahal izanen luke Espainiako naziotasuna. Eta paper berri horiekin itzuli herrirat, etxearen kargu egiterat. Menturaz. Gerla nehoiz finituko balitz.
Hazparneko ostatu batetarat sarturik, behartsu batentzat ogi poxi bat badutenetz erregutu du gizon batek, guzia bizar eta piltzar dena. Ardo onenetik pegar bat eta bai ogitik ere eman, gasna zati batzuk mahai gainean utzi, eta jarrarazi dute gizon hori. Espainiako bide llaburrenarengatik galdegin du orduan. Anetta Oihanburu ostalersak utzi du gizon hori ontsa jaten, erranik apairuaren ondotik erakutsiko diola bidea. Eskalea ezin aseka ari den artean, Diesse jaun merarenganat jo du zuzen Anettak, ostatuan desertore bat dutela salatzeko. «Jaten eta edaten utzia dut, beharrean baita, guzia bizar eta piltzar. Ez da higituko bertze oren batean, fiteago eramaten ez baduzue». Semearekin presentatu da Diesse jaun mera ostatuan eta, semeak makila aitzinean duela badaezpada, paperak galdegin dizkiote. Amildu da arrotza, eta krimena aitortu du. Haur eta emazte zenbait ostatu aitzinerat bilduak baitira, leihoetarik beha, karrikarat jalgi delarik traidoreka hartu dute arrotz hori. Jaun mera aitzinean, haren semea gibelean, makila eskuan badaezpada, zotinka eraman dute arrotza Herriko Etxerat. Ganbera batean giltzapetu, eta haur bat igorri dute jendarmeetarat. Arrotzari atzeman diote paper zati bat: «Bordeaux — direction Dax — Change Dax, direction Puyoo, direction Mauléon. Prendre le tram à Mauléon sans descendre jusqu'à Tardets, arrivé à Tardets, à pied continuer la route qui va à Lichans...». Tren aldaketarekin galdua bide da. Jendarmeek pusaka eta ostikoka eraman dute gaizoa Baionarat. Handik aitzina desertore arrotzari zer gertatu zaion nehork ez du jakin. Funditu da Hazparnetik, eta funditzearekin itzuli da bakea herrirat. Diesse aita-semeek jaso dute suprefetaren letra bat, esker ona adieraziz, kuraia goraipatuz eta milesker anitz igorriz. Anetta Oihanbururi apairua zorretan utzia dio Gobernamenduak.
Bidearen azken zatia bakarrik egin du Battitta Garatek, Ortzaizen utzirik Manex Donetx, Irisarrirateko bidean, Arnegirateko bidegurutzean despediturik Filipe Luro. Handik aitzinerat, arimarik ez bidean. Ezterenzubirat gerturatu ahala, gisuz zurituriko hormak eta teila gorriak, bele saldoak ogi soroetan, nehor guti lanean, eta gizonik ez horietan, salbu eta edadetu batzuk. Etxean aldaba jo; nehor ez. Ur benedikatuarekin zeinatuz, barnerat sartu da. Atarian aspaldiko kutxa handia, aterkiekin ondoan. Supazter handia, su harriarekin. Ote adarrak sutan intzirika. Pandero kobrezkoa zintzilik, garbi eta aratz. Aska handia, edalontzi zikin batzuekin. Xingar, lukainka eta piper gorriak zintzilik, eta haien itzal luzeak hedaturik. Ontzitegia, plater, gopor, ontzi zuri-zuriekin bistan, eta zazpi koloreko oilar ttipi bikotearekin gainean. Ama Birjinaren irudi bat haren gainean, flamenkoz izkiriatua bide den esaldi horrekin. Eta aitarena zen zizpa zaharra, tximiniaren gainean. Guzia bere lekuan, garbi, zehatz; guzia, Berlinen sartu nahiz partitu zen egunean utzi zuen leku berean, betiko usain eta kolore berberekin. Babak sentiturik egosten eltzean, lurrun horretan laketu da Battitta, eltzearen tapa altxaturik. Gero ezin izan dio eutsi lastozko kadira ttipian esertzeko tentazioari. Hor berean, kadiran jarririk atzeman du amak, sukalderat sartu delarik. Sustoarekin abantzu lurrerat jausi da emazte gaizoa, bihotzerat eraman du esku bat, eta negarrez hasi da, hori guzia batera eta semeari kadiratik zutitzeko astirik eman gabe. «Caroline! Caroline!», hasi da ama heiagoraka, alaba artaldea behatzerat joana baita barrukira, bezperan ihurtzuriak zapartatu zituenez dozena erdi bat ardi. Battitta Garati otu zaio ez dela hiltzeko toki hoberik, etxeko sukaldeko lastozko kadira ttipi hau baizik, baba eltzearen lurrina sentituz, ihurtzuriak zapartaturik hil behar badu ere.
Bertrand Riand koronelaren emaztea joan da, Angelun, tabako bulegorat, eta galdegin dio bulegariari bi sosen tabakoa, prisatzeko. Bulegoko nagusiak erran dio finituak direla prisatzeko tabakoak oro. «Ez da batere?». «Ez zeherik ere». Bertrand Riand koronelaren emazteak bulegariari galdegin dio, orduan, bere tabako poto ttipitik urrintzen uzteko. Bortz libera kobratuko dizkiola halere, bulegariak. Gogo onez ordainduko dituela, Riand andreak. Koronelaren emazteak urrindu du, beraz, bulegariaren tabako pototik, ordainduz bortz liberak, hitzartu duten maneran. Etxerateko bidean, Riand andrea gurutzatu da emazte ezagun batekin, hura ere tabako bulegorat baitoa. Tabakoak oro agortuak direla berriak aditurik, emazte horrek Riand andreari galdegin dio utz diezaion sudurraren sentitzen: «Ni kargatuko natzaizu gastuez». Eta hara nola Bertrand Riand koronelaren emazteak jaso duen bortz liberatako paper bat, sudurra urrintzen uzteagatik bertze emazte horri. Baina bihotz handikoa baita koronelaren emaztea, Gurutze Gorriari emanen dizkio bortz libera horiek, eta bertze poxiren bat ere bai menturaz, alabarekin oroiturik. Eta beharbada antolatuko du karitate obraren bat ere, soldadu erientzat. Asmamen horietan ailegatu da etxerat, eta egunonak bihurtu dizkio atarian loreak ureztatzen ari den sehietarik bati, umore onez.
Laneko adinean diren gizonak gerla tokietan, aitatxi Tomasek eta amatxi Katerinak badute aski lan, Ziburun, Joanes etxeko jauna sarjant eginik baitabilkie gerlan. Behien azpiak, alhak, garbiketak, belar lanak, baratzekoak, etxea zutik atxikitzekoak, ez dira falta. Hiru ilobaso badituzte eta, haiek laguntzaile. Baina oro ez baita lana eta pleinua izanen, aitatxi Tomasek kontu eta kanta gozatzen ditu ilobasoak abantzu gau orotan: «Bertze orduz, bazen bele zahar-zahar bat, zahar okitu bele bat. Hegal bat bazuen luzea, biziki luzea; bertzea zuen aldiz laburra, biziki laburra. Bigarren hegal hori izan balitz lehenbizikoa bezain luzea, luzeago zitekeen, haurrak, gure belearen istorioa». Irriz ezartzen ditu haurrak, eta bertze bat galdegiten diote atsedenik gabe, aitatxi Tomasek asmatzen duen arte bertze kontakizun bat: «Behin bazen errege bat. Errege hark bazituen bi alaba. Alaba haietarik bat beztitu zuen zuriz, bertzea gorriz... Nahi duzue berriz?». «Bai!», hiru ilobasoek batera, atsedenik gabe. «Behin bazen errege bat. Errege hark bazituen bi alaba. Alaba haietarik bat beztitu zuen zuriz, bertzea gorriz... Nahi duzue berriz?». «Bai!», hiru ilobasoek batera eta irriz, nahiz eta helduen lanez kargatuak diren, haurrak baitira oraino, eta haurrak nehoiz asetzen ez errepikaren errepiken errepikez. «Behin bazen errege bat...».
Donibane Lohizunen trena hartu du Julio Urkixok, Baionarat sardina saltzen doazen kaskaroten artean, eta adiskide zahar bat topo egin du. «¡Sardina fresca!», «Sardines frais!» garrasi eginez bagoietan, begiak ikatza bezain beltz eta bozak beleenak bezain latz dituzten emazte horiek badoaz besaulkiz besaulki, otzarak erakutsiz. «¡Sardina fresca!» eta «À l'antchois tout vivos!» garrasi horien artean, adiskide zaharrak kontatu dio Julio Urkixo jaunari Hendaiako ostatu batean espainieraz mintzo ziren bi gizon arrastatu dituztela, susmo hitsak harturik. Espioitzan ari zirela egotzi. Zarratu jendarmeen etxean. Autoz eraman Baionarat. Sartu asisetan. Beti lotuak. Eta jujeak sarrarazi dituela sei hilabeterentzat itzalean. Julio Urkixo jaunak, orduan, zeinak bizilekua baitu Donibane Lohizunen joan diren azken hogei urteetan eta Baionan sortua baitu Circle d'Études Basques orai abantzu hamar urte, aitortu dio adiskide zaharrari Baionarat doala letra batekin moltsan, frantsesez izkiriatua letra hori, zalantzak uxatzera, alemanen aldekotzat salatzen duten zurrumurruak gezur alimaleko batzuk baizik ez direla fermuki erratera. Eta adiskide zaharrari entzunik Hendaiako kontu hori, Julio Urkixo jaunari oroitu zaio Agirre doktorea, Eibarko Círculo Republicano delako baten presidentea, Bernarat zihoalarik eritasun baten sendatzerat preso altxatu zutena, zer eta faltrikeran atzeman ziotelako letra bat alemanez izkiriatua. Eta zer larriagorik ez zela gertatu, Alfonso XIII.a Espainiako erregeak Agirre doktore errepublikanoaren aldez egin zuelako. Eta hola, Julio Urkixoren adiskide zaharrari oroitu zaizkio Bordeleko brigada batetarik ihes eginak ziren hiru soldadu, belgikarrak bi eta frantsesa bertzea, atzeman zituztela zenbait aste lehenago Itsasun, goizeko biak irian. Armada utzirik, Itsasurat helduak ziren, eta muga zeharkatzeko zorian atzeman mugazainek. «Zenbat holako!». «Aro hitsa, gerla aroa». «Zer ez ote garen ikusi beharrak». Ondotik, mustatxa zuri sarria duen gizon batek, boneta kendurik eta elkarrizketa entzutea saihestezina izan zaiolako otoi barkamendu galdeginik, azaldu die joan den astean Baionan zela, eta emazte atzerritar bat nahasi zutela espioi batekin, delako emazte hori harat-honat zebilelako katedralaren aitzinean, eta nork edo nork ikusi ziolako bizarra kokotsean. «Gizonez mozorrotu emazte bat!» garrasika hasi ziren batzuk, «Emaztez mozorrotu gizon bat!» bertze batzuk, eta poliziak jin arte ez zuten auzia argitu. «Guti falta izan zen errabiatu batzuek kolpa zezaten, izan emazte edo izan gizon!». «Sardina freskoak nahi dituzue, jaunak? Sardines frais!».
Ortzaizetik goiti Irisarri. Etxerat heldu delarik Manex Donetx, hatua atarian utzirik, xoratzen diren zakurrei kasu eginik, supazterrean atzeman ditu etxekoak, afal aitzineko tenorean, barrukiko lanak eta oro finiturik, goiz iluntzen baitu oraino. Ama ile mozten ari zaie haurrei su aitzinean, eta guraizeak lurrerat jausi zaizkio semea «Gabon» erranez sumatu duelarik atalondoan. Senideak oro loriatuak dira Manex etxean sartzen ikusirik, ez baitzuten espero. Besarka eta musuka, ito behar dute ttipienek, bai eta amak ere. Aitaren berririk ba ote duen galdegin diote segidan, hatsaren hartzeko ere astirik eman gabe, izanen baitira bortz hilabete letrarik igorri ez diela, edo igorriak baditu ez baita letrarik etxerat heldu bederen. Manexek, odola izozturik, ihardetsi die ez dela zertaz larritu; baduela 142. erreximenduaren berri, lanjerrik gabeko tokietan darabiltela beti, adineko jendea delako horietan, eta letrarik heldu ez bada izanen dela posta zerbitzua zangoz goiti emana delako gerla hasteaz geroztik. Estuago besarkatu du ama, galdeginez zer orenetan afaltzen den etxe honetan. Afalostean, aitona Ximunek berritu dizkio herriko kontuak Manexi: gazterik ez dela gehiago ikusten makilarekin; pilota jokoa ere galtzeko bidean dela lehenaz gainera, pilota utzi eta dantzarat eta ostatuetarat joaten hasiak baitziren gazteak lehenagotik, eta jada ez baita partidarik ikusten, ez herrien arteko lehiarik ez bertzelakorik; emazteak ari direla lan guzien egiten, bai eta igandez ere, josten eta lisatzen aritu beharrean baitira, aste egunez ezin izaten dutena egin lan guziez kargatuak direnez gero. Guzia arrangura eta pleinu da aitona Ximun, eta malko pare bat ere xukatu ditu eskuarekin. Ilobasoari erran dio etxe handi eta ederrenak ere itaxurrekin hasten direla, eta, pittaka-pittaka, gero eta barnago jausten dela ura, zimenduetaraino sartzen, azkenekoz urratzen dituen arte hormak, eta etxe guzia amiltzen. Otoizteko tenorea dela oroitarazi du Manexen amak, zeinak orai berean finitu baititu sukaldeko lanak, eta eskuak garbituz heldu baita. Kadirak suari beha eman eta, belaunak harri gainean, tximiniaren horman dagoen Mariaren irudi horri buruz otoitzean eman dira senideak, ama gidari dutela. «Maria sortzez garbia, otoitz egizu gerlan gugatik diren soldaduengatik eta, batez ere, Mizelengatik. Ontsa gorde ezazu, ama maitea». Hortzak karraskan ari zaizkiola ohartu da Manex.
Otsailaren 3an izaten da San Bladi, laborarien patroia. Hil berean, Kanderailu. Martxoaren 19a San Joseperen eguna da, heriotza onaren patroia. Martxoaren 25ean Salbatore ospatu eta ondoko igandean, Jeanne d'Arc dohatsuaren besta izaten da. Ereiaroaren 23an Jondoni Joan, eta 29an, Jondoni Petri. Agorrilaren 15ean, Ama Birjina sortzez garbiaren eguna. Hazilaren 1ean, Omiasaindu, eta 25ean, Santa Katalina. Bestaberri egunez egiten dira prozesioak. Eta hor dira, beti eta beti diren bezala, Erramu Eguna, Aste Saindua, Pazko Astea, Mendekostea, Garizuma, misioak... Baina Jeanette Bordaxurik, Senperen, Eguberriko beila du gogokoen. Gaueko hamaiketan jateari utzi, lasto argiak hartu eta elizarat biltzen da herri guzia. Noelen kantatzeko eguna da, Oi Eguberri gaua, Atzar gaiten, Oi Bethleem, Dugun alegrantzietan, eta bertze. Gauerdia jotzearekin hasten da meza saindua, Gauberri meza, urte osoan egun oroz egiten diren gaineratekoak ez bezalakoa iduri zaiona Jeanette Bordaxuri alargunari, eliza osoa kandelaz argiztatua dela. Euskarazko ebanjelioa erraten du erretoreak, sinestunak oro zutik ezarririk, eta komunioa partitzen segidan. Gainera, eskerren bihurtzeko meza egin zuten azken aldi; han ziren Arnaud, zango bat galdurik; Piarres, besoa erreketan utzirik; Jean, itsuturik. Hantxe, gainerateko herritar guziak ere. Guziak, Paskal Etxekopar izan ezik. Guziak, Jeanette Bordaxurirentzat beharrena izan ezik. Orai engoitik urtea joan bada ere senarraren hilberria jakin zuenetik, Eguberri gauez justuki. Orai engoitik bi Gauberri meza pasatuak baditu ere geroztik.
Helio Santos bizi ote den jakin nahiz, eta nori galdetu ez baitu, Avironen egoitzarat joan da Etien. «Silence!! Ne parlez pas de la guerre, nos ennemis vous écoutent» izkiriatua duen afixa egoitzaren bortan. Ireki eta, hor Jean Tondut, arduratzen baita garbiketaz, erratza pasatzen ari. «Santos? Funditua da». Xoko batetarat eraman du Etien, non baita borta bat: ganbera ttipi bat, oro traste eta hauts diren apalekin. Hor dituzte atxiki punching ball-a eta hondar zakua. «Hemen utzi zituen; jaso nahi badituzu, ez da nehor izanen horiez kargutzeko». Iaz, Baiona Ttipian izanen zen, gauerdi batez, jendarme batzuek karrikan horditurik atzeman zuten Santos. Frantziaz eta gerlaz sakreka hasi baitzitzaien, eraman zuten arrastaturik, eta jujatu zuen gerla kontseilu batek Bordelen. Sei hilabeteko kartzela zigorra eta 500 liberatako amanda ezarri zizkioten. «Zigorra bete, boxeo matxarentzat ezarriak zituen diruekin amanda ordaindu, eta Donostiarat joanen zela erran zuen, Frantzian oro erotuak ginela erranik». Punching ball hori eta hondar zakua bizkarrean zamaturik sartu da Etien etxerat, eta, eztul artean, zer trasteria ekarri duen galdegin dio amak sukaldetik. «Amets baten hondarrak» pentsatu du Etienek, baina ez dio ihardetsi. Isil-isila, ganberarat sartu, eta han aurtiki ditu ametsen hondarrak. Orai, ganberan zutik, eskuak gerrian ezarriak, pentsatzen ari da gorde behar ote lituzkeen traste horiek, edo saldu. Menturaz, saltzea eta gerlatik itzuli ondotik Avironekoekin arraunean hastea izanen luke onena. Menturaz bai. Edo trasteria guzia gorde eta Parisen boxeo entrenatzaile on bat aurkitzea. Soldadu lagunek izanen dute norbaiten berri. Menturaz bai.
Kariotzen ari dira jateko guziak, eta urritzen baita ogia ere; irinak abantzu agorturik, okindegiek saltzen dituzte teila beltz bat bezalako ogi kozkor batzuk, ikatzez eginak baitirudite. Bixenta Larregaraik ikasi du lursagarrak haustarrian xehatzen, ogi irina gainetik ematen, eta ore horrekin ogi bat hauta egiten. Biziki on baita eta luzeago irauten baitu ogi arruntak baino. Eta beti badenez norbait beharrean, ogi zati horietarik bat magalean hartu eta Iholdiko sarrerarat joan da, non baita lizar gazte bat. Arbolaren oinetan utzirik ogi zatia, Ellande Karrikiri agertu zaio orgabidean beheiti, galdetuz ea norentzat ote duen opari hori, ohartu ere gabe lizarraren ondoko sasitzan badituztela bi begi beha. Ezker-eskuin ikertu, Ellande besotik oratu, eta eraman du Bixentak orgabidean beheiti, herri alderat. Azaldu dio neskato bat nolatan gelditu den familiarik eta etxerik gabe, eta nolatan ibiltzen den bidez bide, nehoiz herrirat sartzera ausartu gabe, biloak sasien pare eginak, garbitzen ere ez dela, arropa zahar batzuk soinean, eta behako eri batekin. «Gaizoak ez baitu sei urteko haur baten arrazonamendua ere». Eta orai esperantzetan ezarria du ez jakin nork. «Irri ergel bat egiten dizu ikusten baduzu, baina ez du maite bere buruaren agertzea». Harrabots bat sentitu dute gibelean. Bele aldra bat aireratu da adaxketarik zerurat, eta Bixenta eta Ellande itzuli direlarik harrabots hori zer izan ote den behatzerat, basurde bat edo, ogia falta zen lizarraren ipurditik.
Cazenave jaunak antolatu du kontzertu bat Baigorrin, elizan, gerlako zaurtuen eta hilen senideen alde, Garazin, Kanbon eta bertze lekutan eginak dituztenen gisan. Jakes eta Kaiet Oihartzabalen aita han harat joan da, Urdozetik partiturik. Seme biak erbestean, bata intsumiso, bertzea desertore, desohorea ahal bezala kargatzen du Oihartzabal aitak, nahiz eta atzerriratzeko bidean semeei lagun egin zien. Kaietek Argentinatik igorri frankoak moltsan harturik, beraz, badoa Baigorrirat, bidean goiti, Cazenave jaunak antolatu kontzerturat. Tenorean heldurik, aitzineko aulkietarik batean hartu du lekua. Eliza hutsa bazen oren horretan, Baigorriko eta auzo herrietako ehunka jendeek mukuru bete dute kontzertua hasteko orenean. Bortarik kanpo badira oraino entzule zenbait, kontzertua hasi delarik Debussyren obra batekin. Doinuak barreiatu dira elizan eta ez dira kandelak izan negar egin duten bakarrak. Moltsa pasatzeko orenean, Oihartzabal aita zutitu da, eskuetan ageri dituela frankoak, hustu ditu guzien agerian moltsarat, eta lekutu da elizatik, ekitaldia finitzera itxaron gabe, oro gibeletik beha dituela. Antolatzaileek erran dute 460 franko bildu dituztela. Larresoroko kolpatuen erietxearendako izanen da parte bat, eta bertze bat emanen diote Baionako Herriko Etxeari, su zelaietan diren soldaduentzat eros ditzan zigarreta eta bertze.
Ernest Fort jaunaren izenean letra bat, postontzian, Baionako Suprefeturatik igorria. Laneko mahaiaren ondoan, kirrimarra batzuk baino ez dituen koadro bat: ogien eta ikatz zatien bodegoi bat iduri du. Hari beha ireki du letra hori: Xoribil jaunak bere lanak utziko dituenez, Fort jaunari kargatua izan zaio Zentsura Batzordearentzat Eskualduna itzultzea eta gisakoak ez diren notiziei peladuren egiteko manatzea. Mila deabruen euskaldun horiez ez dira sobera fio Suprefeturan: auskalo zer notizia emanen dituzten mintzaira ulertezin horretan. Fort jaunak, ordea, neke handirik gabe ihardetsiko dio baiezkoarekin Suprefeturaren galdeari, baitaki beste kazetetan argitaratu berriak emanen dituela Eskualduna-k komunzki eta, beraz, aurrez zentsura pasatutakoak izanen direla artikulu gutiz gehienak. Eta, bertzenaz, herri ttipietako berri horietan deus ez da arranguratzekorik. Badakienez, gainera, kazeta horren jabeek ez dutela burugabekeriarik eginen, behar ez diren berriak emanez. Lan errazagorik. Mila deabruen euskaldun horiez ez dira sobera fio Suprefeturan, aski ontsa ezagutzen ez dituztelako. Ohoratuko lituzkete bertzela. Gero ihardetsiko dio letrari, baiezkoarekin beraz, baina lehenik ogien eta ikatzen bodegoi horri behar dio eman denbora bat: iduri du konposizioa osatzen ari dela pittaka. Argiaren indarra eta itzalak non ezarriko dituen erabaki behar du orai.
Fortunatu da E. doktoreak jakitea alemanez, Baionan ez baitira anitz izanen hizkuntza hori dakitenak, edo, bederen, gaur den egunez hizkuntza hori badakitela aitortuko dizutenak. Baietz erran du E. doktoreak ordea, badakiela alemanez. Eta etxeko bortan gauez jo duten lau itsasgizon horiek sartu dute gorpu bat herrestan, hallean etzanda utzi dutena. Gazte bat da, beltzarana, baina ez sobera ere. Buhameen aire bat hartu dio doktoreak, baina aurpegiaren eitea, sudurra... Berdin izan zitekeen Getariako gazte bat. Airean ekarri eta hallean sartu duten itsasgizon horiek azaldu diote itsasontziko sotoan atzeman dutela porturat heldu aitzin, konortea abantzu galdurik, ustez eta alemanezko hitz batzuk egiten zituela arteka, eta fidatzekoa den gizon batek eman diela adreza. E. doktoreak eskerrak bihurturik eta libera poxi batzuk emanik agurtu ditu itsasgizonak. Alde egin dutelarik, atera du burua kanporat, segurtatzeko auzo etxeetan eta karrikan nehor ez dela ohartua: bele baten karranka soilik, bertze hotsik ez. Gazteak badu pultsua eta behar den gisaz hartzen du hatsa; ahul egotea, hipotermia zantzuren bat beharbada, ez du larriagorik. A. emazteak eta M. sehiak lagundurik eraman dute gaztea sehiaren ganberarat. Hurrengo egunetan, sendotu den heinean, jakin dute armeniarra dela etxean hartu duten gazte hori, Levon Tehlirian duela izena, eta Alemaniatik ihesi heldua dela, nolazpait, E. doktorearen eta A. emaztearen etxeraino. Iaz armeniarrak hiltzen eta deportatzen hasi zenetik, Enver Pachak eta enparauek ez dute atsedenik izan, ez eta Alemanian ere, Gazte Turkoek hiltzen baitituzte armeniarrak arratoiak hiltzen diren baino gupida ttipiagoz. E. doktoreari eta A. emazteari kontatu die Amerikarat nahi lukeela joan, non baitu kusi bat. Letra maiztu bat erakutsi die. Gazteari paperen eskuratzeko burokrazia lanez kargatuko dela erran du E. doktoreak, nondik hasi beharko lukeen ere ez baitaki halere.
«Patuak beharko zuen». Pentsatu bai, baina ezin kontsolamendurik kausitu. Etien Bonnat Baionan eta Manex Donetx eta Battitta Garat bidean despediturik, azkenean Arnegirat heldu da Filipe Luro, tabakoa pipatuz eta kea pafatuz ausarki, harrabotsik gabeko tren geldo bat iduri duela bidean goiti. Etxekoekin gogo onez eta uros afaldu eta lo eginik, pentzean laukada bat belar epaitzea izan du lehen lana hurrengo goizean, eta hara non sentitu dituen bi xixtako, odola izoztua utzi diotenak. Belarra lurrerat aurtiki, eta dailuarekin erditik epaitu du suge bipera bat. Belar laukada, dailua eta guziak bet-betan utzirik itzuli da etxerat lasterka. Sukarretan da, ez baita nabari lasterraldiarengatik edo ausikiarengatik den. Fite etzateko eta anitz esne edateko erran dio amak. Aitak behiei jetziriko esnea edanez, amak prestaturiko enplastoak ezarriz, aise iragan du eguna, baina biharamunean hesola bezain gogor esnatu da, eta izerditan bero. «Patuak beharko zuen», pentsatzen du Lurok, leiho hegitik sartzen zaizkion goizeko ihintzari eta txorien kantuei beha. Estutu du bere burua Lurok, hil gogor gelditu behar ote duen orai, hemen etxean izanik, su hegian pairatu ankerkeria guziez eskapo egin eta. Halakoa izan du izerdiaren emana, ezen arrebek hirutan aldatu behar izan dizkioten izara izerdiz trenpatuak. Julien anaia gaztearekin, oraino gazteegi izaki mobilizatzeko, solasean eta kartetan joan zaizkio egunak Filiperi. Bizpahiru egunen buruko sendotu da azkenean. Zortzi eguneko pausua, eta suge bipera deabru batek ausiki eginik pausuaren erdia ohean egin beharra. Eskerrak Belgikan hasi eta Suitza arteko lerro horretan guzian ez den sugerik: «Euskal Herrirat desertatuak izanen dira guziak. Mierda! Nihauri suertatu behar!». Lasaitzeko erran dio aitak, okerrago zukeela sugeak ausiki egin lekuan gogorturik baratzea, bele tzarren batzuk aterako zizkioketelako begiak, dabiltzan bezala ugarituak zernahiri eraso eginen baitiote martxa honetan. Filipek ez du jakin irri egin beharko ote lukeen aitaren arrapostuarekin, edo serioski ari ote zaion.
Igandeko besta egunak lehen zirena, ez da haietarik fitsik gaur egunean. Mezatik jalgi eta arbola azpietan gizonak elkartzen badira oraino, gizon zaharrak bertzerik ez dira orai ageri, arbola sutan balitz bezalako ke bat dariela, pipatzen oro, kardozko metxa sutuak eskuetan. Lekunberriko pilota plaza, hutsik. Partida amaitu ondoko txalo, irri algara eta purrustak, faltan. Ostatuan sartu da Mizel Irigarairen ama, arno xorta baten edaterat. Baina ostatuan ere harramantzak ttipi, eta ostalaria isil-isila. Muslari zahar batzuk, hitzik egin gabe ere ilar tantoren batzuk altxatzen arteka, iduri baitu enbidorik jo beharrik ere ez dutela zenbat tanto irabazi dituzten jakiteko, egunero partida bera errepikatzen arituko balira bezala. Eguerdiko Angelusa baizik ez da salbatu lehen igandeetako besta egunak ziren hartarik. Ahapetik erran dute emazteek atarian, gizonek ostatu barnean eta arbolapean, txapelak erantzirik, baita Mizel Irigarairen amak ere, edalontzia eskuan duela. Mahai gainean geldi daude erregeak, andreak eta xangoak. Bertze mahaian ere bi gizon heldu, zahar okituak, ahapetik otoitzean, domino jokoa gelditurik. Mizel Irigarairen amari sartu zaio tristura bat hainbertzerainokoa hezurretan, oroituz semeak Bordelen soldadugoa finitua zuela gerlari hastea eman ziotelarik, ezen ezin izan baitu otoitza finitu, eta gelditu da isilik ostatuko gizon helduak berriz ere txapelak kaskoetan ezartzen hasi diren arte. Angelus hori otoizteko tenoreak iduri izan du gerla bat: guzia hain geldo, guzia hain bizirik gabea. Edalontzia hustu du Mizel Irigarairen amak. Herriko oihua eginen dute baitezpada, hura entzun eta etxerat itzultzeko. Kalostrapean bilduak dira emazteak kalakan. Gizonak ere arbolapean, beti pipatzen. Etxexuri agertu da azkenean, atabala joz: «Oihu eginarazten dute...!», hasi du predikua, ohi duenez: Herriko Etxearen abisuak, zerga biltzaileenak, saltzaile zenbaiten dei batzuk eta bertze holako eman ditu oihuz, eta amaitu du ohar irrigarri batekin, irri egiteko kuraiarik badutenentzat oraino: «Claude Mendiburuk jakinarazten dizue bi eta lau zangotako azkonak mahastian dabilzkiola, eta beraz zepoak hedatuko dituela, nahi gabe nehork ez dezan herrenik egin!».
Espartzu hariei zolen forma ematen edo estekatzen, ehunak patroietan ezarri eta ebaki zein josten nola burdinaz lisatzen, edo espartzuzko zola horiei josten, Mauleko Cherbero lantegian zernahi lan egitea egokitzen zaie Marianne, Madeleine eta Graxianari. Badu nork bere espezializazioa, baina bertze langileen hutsegiteak ere bete behar izaten dituzte egun batzuetan, esku fineko langileak izaki. Lan orenak finitu eta, itxaroteko galdegin die Mariannek adiskideei. Atarian elkartu dira hirurak. Marianneren kusi batek muga iragan nahi du hegoalderat, hemezortzi urte eginen dituenez heldu den urtean, mobiliza dezaten zorian baita. «Zaude isilik, otoi! Erokeria duzu!». «Mugak hesten dizkizute noiznahi!». «Julia hori egun oso batez eduki zuten Santa Graziko kasernan». «Badituzu hogeita bi guarda bederen muga horren zaintzeko». «Eta zer eginen dizu kusiak bertze alde horretan? Atzemanen dizute, eta presondegirat eramanen». Graxiana eta Madeleine espantuka ari zaizkio Marianneri, baina kusia deliberatua da. Ez da zer eztabaidatu, etxean ere entseatuak dira, eta zernahi gisaz ihes eginen duela erran die kusiak. Beraz Juliarekin behar duela mintzatu erran die Mariannek adiskideei. Maiatzaren 1ean, espartinen lantegiko lanak finitu eta etxerat itzuliko da Julia delako hori, urtero ohi duenez, Erronkariko Bidankozerat. Kusia igorriko dute Juliarekin. Ezagutuko ditu bideak, mugako guardek atzeman ez dezaten. Holetan, Julien Cherbero lantegiaren jabea arrastatu zaie parean, galdetuz eta autoz norabait eraman ditzan nahi ote duten. Adiskide batzuen zain direla erranik uxatu dute; badira hilabete batzuk lantegiaren jabea Madeleinez ohartua dela, eta zernahi gisako faboreak eskaintzen dizkiola. Beti errefusatzen ditu Madeleine gazteak, baina dagoeneko ez dakiela zer egin erraten ari zaio adiskideei, lana galdu nahi ez badu onartu beharko ote dion txeraren bat, lanik gabea baratzen bada zer eginen duten etxean guraso zaharrekin, baina hara non datorren Julia delako hori, ile luzea moto batean bilduz gibelean, zapi beltza buruan ezarri ahal izateko, bele baten irudi bizia baita zapi horrekin, zinez, halakoa baitu mokoa luzea eta okerra. Bele bisaia horri aieru txarra harturik, Graxianak galdegin dio Marianneri fidatzekoa izanen ote den Julia delako hori.
Herdoilak ahal bezainbat garbitu, eta pikatu du aizkoraren ahoa. Atorraren mahukak bildurik, suarentzat enborren zatitzen ari da orai Manex Donetx. Enbor zati osoak ezarri, aizkora altxa, eta amorru guziz askatzen ditu besoak beheiti; aizkora barnatzen da egur zatian, egiten du bidea, eta ebakitzen du bitan; goititzen du aizkora berriro, eta bi zati horiek ebakitzen ditu lautan; goititzen aizkora, eta zatitzen laurak zortzitan... Gurasoak seme-alabetan erdibitzen diren ber gisaz. Aizkora goititzen duen bakoitzean gogorat agertzen zaio Mizel aita Manexi: 142. erreximenduarekin auskalo zer xokotan izanen den orai, bizirik bada. Eta berriz ere amorru guziz askatzen dituelarik besoak beheiti, erraten dio bere buruari surat itzuli orduko behar dituela kudeaketa batzuk egin, argitzeko aita bizirik ote den. Izerditua da Manex Donetx, eta egurtegia betea du jada. Aski izanen duela erran dio amak sukaldeko leihotik irriz, joateko bazkaltzera.
Kattalin Aizagerren etxean ez da azukrerik. Ez Kattalinenean, ez Garruzeko etxe gehienetan ere. Botiga atarian emazte aldra bat bildua da, saski erdi beteak besoetarik zintzilik dituztela gehienak, guziak arrangura eta pleinu. «Antilletan nahikoa azukre ba omen duzu bada», batek erran. «Itsasontziak eskas, ordea», bertzeak ihardetsi. «Gobernamenduak manatu dizu ekarraraziko duela», hurrengoak. «Kafea azukrez ez hartzeko aholku eman dizute kazetek», parekoak erantsi. «Kiloko kaxa hogeita hamar sosean saltzen ari direla entzuna nauzu». «Gerla deabru hau». Garruzeko emazteen iritziak eta intziriak isilik aditzen ditu Kattalinek, burua makur. «Eta esnea nola kariotu den! Litroak balio bazituen hamazazpi xentimo gerla aitzinean, ezarria da frankotik goiti orai». «Bo, eta ez baliote urik nahasiko bederen». «Basusarriko esneketari bati ezarri diote berrogeitan hamar liberatako amanda bat». «Eta berdin ostalariek, ez baitiote urik nahasten arnoari, urde horiek». «Helas!». «Eta ogia? Hogei xentimo zena, berdin kobratzen dizute zazpi frankotan!». «Eta arrautzak, oi, arrautzak! Nork jan litzakeen! Franko bat ere balio ez zutenak, bortz frankotik goiti sartzen dizkizute, eta erdiak ustelak!». «A, bo, eta zergak zer dira bada, hilabetez hilabete emendatzen!». Baina, zer eta zer, Herriko Etxeko idazkariak nardatzen du emazte saldo hori gehien: errazio txartelak partitzen dituelarik, zer-nolako larderiaz zaien mintzo, jainko bat balitz bezala, errazio txartelak bereak balitu bezala. «Eta mutu egon behar txartelak beretzat gordeko ez baditu!». «Uste duzu ez dituen gordetzen!». «Haren etxerat behar genuke partida bat antolatu, xokoen miatzeko! Izanen ditu azukre kozkorrak ontsa gordeak!». «Eta guti balitz, absenta debekatu!», intziri egin du karrikaburuko emazte batek. Guziek deitoratu dute, aho bat eta bakarrez, absenta debekatzea. Garruzeko emazteen arrangurak isilik aditzen ditu Kattalin Aizagerrek, pentsamenduak oro errateko lotsa. Gerla ez finitzeko beldurrez trenpatua baita Kattalin, bizitza nola kariotzen ari den ohartuz; baina gerla finitzeko beldurrez ere baita Kattalin, senarra osorik itzuliko ote zaion etxerat. Belgikan gerla izanen da, baina Kattalinen etxean bake ederrean baitira orai haurrak eta emaztea, bai eta ardiak eta xakurrak ere, Clement Ibarrarten makilaren izurik batere gabe.
Alemaniatik anaiaren letra bat jaso du Elena Sistiagek Saran: «Gaizo arreba maitea, lerro hauek igortzen dizkizut, errateko ontsa garela, baina gose larriarekin. Hartuko genituzke gasna puska edo ilar zenbait, baina ilarrak igorri behar dituzu bortz minutuz egosiak, ez erein ahal izateko gisan. Goseak amorratuak dira aleman hauek, eta atzematen badituzte ilarrak ereiteko gisan, ez dira guganat helduko. Igorri ere galtza eta trikota pare batzuk, hotzak xifrituak baikara. Ontsa eta tinki behar duzu hetsi paketa hori, azken aldian bezala askatua eta zirtzikatua hel ez dadin. Eta, bertzalde, ahantzi behar dituzu gerlako denboran atera dituzten gutun-azal horiek, izkina batean bandera frantses multzo bat duten horiek. Alemanek ez dituzte onartzen, ez pasatzen uzten; Retour à l'envoyeur ezarririk zigiluarekin, gibelerat eramanen dituzte». Segitzen du letrak, errepikatuz bandera horiez ahanzteko eta igortzeko jauntziak eta jatekoak ere, eta erantsiz eguneroko otoitzetan oroitzen zaizkiola etxekoak, arrats guziez, lanak finitu eta salda hurrupatu ondotik. Ontsa direla bertzenaz, laster finituko dela gerla, eta etsimenik ez hartzeko. «Goraintziak zure anaiaren partez». Eta Elena Sistiage lotu zaio gasna zatiez paketak egiteari, aurten egin duen eki poxiarekin eta baratzea bakean utziko ez duten bele eta mika saldo tzar horiekin ilarrak ez baitu ontzeko astirik izan oraino; gordinegi izanen da biltzen hasteko. Baina fite izanen dira horiek ere biltzeko gisan, eta orduan igorriko dio ilar paketa bat eder-ederra anaiari. Bortz minutuz eltzean egosirik. Paketa ontsa eta tinki estekaturik.
Urpeko aleman batek itsasoaren hondoraino urperatu ditu Donostiako bi arrantzontzi eta Donibane Lohizuneko bertze bat: Mamelena 9, Mamelena 12 eta Verdun. Haiekin zen bertze ontzi bat, armatua azken hori, Marne, baina hura ere erditik kraskatu du urpekoak, defendatzeko aukerarik eman gabe. Baionako iparraldetik 25 miliatan arrantzan ari ziren ontziak, alemanek ezarri mugak zeharkaturik. Ontziak urperatzea aski ez, granadak ere aurtiki dizkiete urpekotik. Verdun-eko marinel batzuk hil dira, baita Mamelena bi ontzietakoak ere, patroiak barne. Kasailaren ondotik, Frantziako Armadak igorri ditu ontzi armatu batzuk Bizkaiko golkorat. Capbreton inguruan atzeman dute ustez eta itsasontziak hondoratu dituen urpeko aleman hori. Bertan suntsitu dute. «Pertsonak izanen ziren horiek ere», erran du Maddi Karasatorrek urpeko alemanean zihoazenengatik, Donibane Lohizuneko portuan, kadira ttipietan jarri eta sareak josten ari den taldearen aitzinean. Anne Milliardek arrapostu: «Gerla da gerla; joan den astean gureak kalitu zituzten». Eta, korapilo bati puntada emanez, «Orai haien aldi».
Emazte dohakabe batek bere burua urkatu du Donibane Lohizunen. Senarra gerlan zuen. Bi haur utziak ditu haztekoak. Jaun erretoreak erran du emazte gaizoa ardoari emana bizi zela azken urteetan, eta liberalkeriek eramanen dutela Euskal Herria galbiderat. Emazteak galtzerdi bat baizik ez zuen soinean, gorpua aurkitu dutelarik. Haur bat sehaskan zuela, bertzeak atzeman du gorpua dingilizka ganberan. Jaun mera eta erretorea solasean ari dira, nork behar ote duen bi haur dohakabe horiez kargatu, eta gerlan den senarrari letraren bat igortzea zuzen edo kalte izanen ote den.
Sugearen ausikitik sendoturik, ohetik jalgitzen hasi berria, Filipe Lurok pentsatu du ezin duela Arnegi utzi Politeneko txokolategia bisitatu gabe. Gerla hasi denetik Gobernamenduak erraustu ditu Luzaide eta Arnegi arteko zubi gehienak. Bentakoa, Zubi Handikoa eta Balentinenekoa ez, horiek ofizialak baitira; zutik dira, eta jendarmeek ontsa zainduak. Bertzeak oro, Politenekoa bera, Berñardoinekoa, Marimaingianekoa eta Sinkotenekoa, erreka zolarat aurtiki dituzte. Politeneko txokolategiak badu gaitz bat, Espainiako partean izatea; baina etxearen bertze erdia du Frantzian. Filipe Lurok ez du lehen aldia izanen, lehenago ere muga deabru horren gurutzatzeko paperak erakusten ez hasteagatik behin baino sarriago egina baitu bide bera. Hortaz, etxetik sartu, Frantzian, eta txokolategirat heldu da, Espainian, musu batez agurtuz Marguerite Idiart, arras berotua dena Lukugarai andrearekin solasean. Solasa eten dute emazteek, Lurori zenbat hazi den errateko, bisaia ere aldatu zaiola, luxeagoa duela orai, planta ederreko ageri dela, eta hartuko duela txokolate bero eder bat bizkotxa zati batez. Baina Lurok kuriostasuna du, zertaz ari ote ziren emazteak. «Bo, deus berririk ez». «Badakizu, betiko kontuak». «Amerikano jaun bat atzeman dutela mugan, abantzu bi mila liberarekin urretan». «Ez badakizu, debekatua da urrea ateratzea Frantziatik». «Baionan jujatu dute; urreak oro kendu, eta amanda ezarri». «Presondegian hilabetez eduki, bertzalde». «Eta Margueriteri ari nintzaion erraten gerla haste hartan tituluak saldu eta diruak Argentinarat igorri zituztenek asmatu zutela». «Badira ere Belgikarat edo Suitzarat igorri dituztenak». «A, bo, baina erretore jaunak errana du urrea alemanei ematea dela hori; horregatik erran dizut hobeki dela diruak Argentinarat igortzea», zuzendu zaio Lukugarai andrea Margueriteri. «Zernahi gisaz, finitu dira hemen urreak». «Hala izanen da, bai». «Iazko udan egin zuten urre biltze bat gaitza». «Bai, Gobernamenduak eman manua». «Banque de France horretarat urre garraio arituak dira guziak; ez da gehiago urre gorririk etxeetan». «Fundituak dira esterlin guziak; bankuetan dira guziak». «Lehen bazen urrea etxe gehienetan, orai paper puskila horiek hedatu dituzte, diru ere iduri ez duten horiek». Bi atsoen arteko solasak iduri baitu mika baten eta bele baten arteko elkarrizketa, erdi zorabiaturik da Luro, eta moltsa ireki du: «Paper puskila horietarik batekin beharko dizut ordaindu bada». Nolanahi den ere, Margueritek arrangura handirik gabe hartu du Lurok eman paper zatia, oroituz eta espainiar batzuk ibili zirela iazko udan etxez etxe, zer eta urre zatiengatik paper deabru batzuk ematen. Salatuak izan ziren gizon haiek, alemanentzat lanean ari zirela. Atzeman zituzten ez jakin, baina urrea trukatzeko burugabekeria egin zutenak paperekin gelditu, eta urrerik gabe. «Badakizu Ambroise Goitino erretorea hil dela?». Margueritek mahai gainean utzi txanponak bildu ditu Lurok, baietz ihardetsiz, erran diotela etxean, non eta buru ttipi bat agertu baita kozinatik: hatsarrean ez du ezagutu Maitena ttipia, haur zeneko trentza haien orde ile luzea gibelean lotu eta zapi zuri batez estalia daramana, eta irri zabal batez agurtzen ari zaiona kozinatik aterata. Lukugarai andrea eta Marguerite beren solasetan utzirik, bi hitz eginen dituzte Frantziako partean, eta Lurok erranen dio Maitenari Belgikako su guziak baino arrisku handiagoa dutela, zera, Arnegiko sugeek.
Sukaldean eltzeak kal-kal-kal ari dira, eztei prestakuntzei doinua emanez. Santa Graziko erretorearekin mintzatuak ziren bezperan Mari Jeanne Errekalt eta Charles Fourcade. Bai eta Herriko Etxerat joanak ere, jaun merak legea irakur ziezaien. Paperak sinatu eta ezkondu zituen jaun merak. Arratsean afari gisako bat ere egin zuten, lau lekukoekin. Jaun meraren aitzinean paperak egin bai, baina Jainkoaren begien aitzinean esposatzekoak ziren oraino, eta argia gabe ernatu dira gaur goizean. Soinekoak, urreria eta bertze beharrekoak erosiak zituzten gurasoek iragan astean, bai eta ganbera eder bat eginarazia ere. Gerla hasteko ezteiak hitzartuak zituzten bi familiek. Ezkontzeko baimena erdietsirik, pausurat igorri dute Charles, eta hamabortz eguneko jina da su lerrotik Santa Grazirat, jaun meraren izenpearekin. Muga gertu da, eta tentazioak behar dira saihestu; jaun mera izanen da berme. Kontresposak, bi gizon gazte, joan dira Mari Jeanneren xerka haren etxerat, eta plazan bildu dira esposgaiak, soineko eta jauntzi beltzez biak. Aitaren besotik heldu da Mari Jeanne, amarenetik Charles. Bi lerrotan abiatu dira elizarat. Gazte batzuek lehertu dituzte suziriak gibelean, eta agure zenbait oihuka ezarri. Elizkizuna finitu delarik musukatu dute elkar lehen aldiz haurretarik esposgai ziren horiek. Ostatuan hamaiketakoa egin dute, kafe, txokolate, bizkotxa, arno zuri eta gorri. Charlesen etxerat bildu dira gero, bazkaltzera. Erretoreak benedikatu die ganbera; bazkaltzera geldi dadin otoiztu diote, bai erretoreak onetsi ere. Bazkalostean izan dira kantuak, Maitia nun zira, «Ezkondu eta zerbait banintzen, ezkondu eta deusik ez» dioen bertze hori eta gisakoak. Otoitz bat egin diete eta bibak oihukatu Kalixtro, Pierre Agerre eta gerlan funditu adiskideei. Haurrek pottakurrian jostatu dute, helduen gisara ondokoari pott emanez matelan. Dantza ere egin dute, eta solasean arizan dira, eta iluntzearekin muturrak beroturik itzuli dira gomitatu gehienak euren etxeetarat. Eta orai ezkonberriak sartu dira ganberarat, erretoreak benedikatu ganbera horretarat. Jauntziak eranzten hasi dira, elkarri bizkarra emanez, pikarrai gelditu diren arte.
Achille Venmasek hamalau urte ditu, baina beti erran izan diote bizpahiru gehiago iduri dituela. Achille Venmasek tinko oratzen dio barrari ezker eskuaz; ber eran balizari, eskuin eskuaz. Lehen lerroan da, trena ziztu eginez Mauleko gararat sartu eta arrastatu delarik. Zangoa luzatu du, lur berri horretan tinkatzeko; gibeletik segitu zaizkio bertze 149 belgikar. Baionarat sartu zirelarik 400 baino gehiago baziren, banan-banan zenbatuak. Belgikar ez baizik frantsesak zirela aldarrikatu bazuten ere, paperak eskatu zizkieten, azterketak egin, galdeketak. Askatu zituzten. Diru eskean aritzeko baimena eman zien Herriko Etxeak. Amerikako txartelak erosi ahal izan zituzten zenbaitek, diru zerbait bazutenak ere baziren artean eta. Pariserat itzuli ziren bertze batzuk, bizibiderik ezin atzemanez. Karrikan eskean ari zirela, gezurretan, lanarentzat funtsik gabeak zirela. Fite hedatu ziren zurrumurruak: lapurretan arizan zaleak, buhameen pareko edo txarrago. Han harat zebiltzan. Eta gerora gehiago heldu, gerlatik ihesean batzuk, beren etxeetarik jalgiaraziak bertzeak. Enplegua atzeman zuten guti batzuek. Guziak Baionan hartzea ezinezko zela ebatzirik, Maulerat igorri dituzte dozenaka batzuk. Eta garan hor dira harrera prestatu dutenak, jaun mera, jaun erretorea, emazte handi batzuk, jendarmeak, etxeko jaun batzuk. Azken horietarik bat hurbildu zaio Achilleri, besotik heldu, giharrak aztertu, bazter batetarat eraman, eta «Aimez-vous travailler?» galdegin dio. Achillek ez daki flamenkoz baizik; euskaraz ikasteko denborarik ez du izan, eta frantsesez doi bat bertzerik ez jakin. «Travailler» ulertu uste dio etxeko jaun horri, eta baietz egin dio buruarekin, baietz, nola erraten zen baietz frantsesez? «Oui?». Gerlatik ihesi joan direnentzat badira laguntzak, eguneko 25 sos; baina eskainia izan bazaie lan bat eta uko egin badiote, fite erretiratuko diete laguntza hori, ez badute frogatzen ahal gaizki pagatua zela. Jende arrotzak atxikitzen edo haien haurrak hazi edo begiratzen dituztenek ere badituzte laguntzak; Herriko Etxean galdegin beharrak dira. Achille besotik heldu duen gizon honek Pierre Hegoburu du izena; jaun merari erran dio Achille hautatu duela etxaldeko lanentzat, hitz eginen dutela laguntzei buruz, joanen dela Herriko Etxerat heldu den astean. «Goazen», erran dio Pierre Hegoburuk Achille Venmasi, besotik oratu eta kanporat daramala, orga utzi duen tokirat. «Goazen», errepikatu du Achillek, baliza tinko atxikiz bi eskuez.
Bertze istorio bat nahi du Caroline Garatek, eta bertze bat kontatuko dio beraz Battitta Garatek. Sutegiko ezko kandela goititzeko erran dio arrebari, ez itzaltzeko, eta zigarreta bat bildurik lotu zaio Pattin artzainaren istorioa kontatzeari, nola eskuratu zuen alimaleko gasna bat Garaziko jaun erretorearen etxetik. Alegia, oroiturik apez paga eman gabea zuela oraino, artaldeak eta oro utzirik joan zen Pattin herrirat. Erretorearen gelari xaharrak ireki zion borta, eta jakinarazi jaun erretorea ez zela etxean. Sukalderat sarrarazi eta gelari xaharrak mahairat atera zizkion arno eta salda Pattin artzainari. Kilimiliklik irentsi zituen Pattinek, bai eta esker onak eman ere. Ogia eta gasna mahaian utzirik orduan, emeki-emeki basoa arnoz betetzen hasi zitzaion gelari xaharra, Pattinek noizbait, ez berehala, erran zion arte aski zuela. Ganibeta atera eta, gasna horri lotu zitzaion gero Pattin, «Zer gasna hauta!», «Hori gasna!», «Izugarria gasna hau!», erraten zuela ganibetaz bertze zati bat ebakitzen zuen artetan. Jaun erretorea ez agertzen, leihotik beha ezarria zen gelari xaharra, pentsatuz Pattinek gasna guzia behar zuela irentsi jaun erretorea heldu aitzin. Halako batean heldu zela sumatu zuelarik, karrikarat egin zuen jauzi gelariak, bai eta jaun erretoreari kontatu ere zer gertatzen ari zen etxe barne hartan. Samurtu zen jaun erretorea eta lauko batean igan, Pattin xaharrak janen zizkiola etxean zirenak oro. Sukalderat sartu eta, erdiraino murriztua zuen gasna Pattinek, tabakoa mahai gainerat aterea, piparen pizteko lanean ari. Apez paga axuri eder batekin eginen ziola erraten hasi zitzaion Pattin jaun erretoreari, eta biziki goratu zuen erdira murriztua zuen gasna alimaleko hura. «Biziki ona, bai, Pattin. Baina eman kasu, joan den astean mediku jaunak erran baitit gasna horretarik sobera jaten duena mutu gelditzen dela». «Ba ote?», zalantza izpirik gabe, Pattinek: «Jaun erretorea, absolutuki eman behar didazu gasna hondar hori, etxerat eraman dezadan, ene emazte kalakaria ez baitut isilarazten ahal nehondik ere». Eta hara non zutitzen den Pattin, gasna ezartzen mokanes gorri batean bildurik, eta etxerat partitzen, milesker anitz emanez jaun erretoreari. Irriz aritu dira Caroline eta Battitta, aspaldi ez bezala. Gero, itzali dira ezko kandela eta Battittaren zigarreta, eta lotarat joan dira anai-arrebak.
Larunbat arratsa. Debidart erretorea Maulerat joana da Ainharbetik, Pierre Lhande aita gaztearen mintzaldiaren aditzera, atzo eta gaur euskaldunek gerletan izan duten ausartziaz eginen baitu disertazio bat, Mauleko eta Zuberoako eliteen aitzinean. Hiru franko, lehen mailako sarrerek; bi franko, bigarren mailakoek; 0,75, hirugarrenekoek. Bigarren mailako sarrera hartu du Debidart erretoreak. Gibelerainoko aulkiak oro beteak dira Dudoy trinketean. Harat bilduak dira Maulen nor diren guziak, Julien Cherbero eta bertze espartingileak, elektrika eiheren jabeak, botigariak, ostalariak, jaun mera, lurjabe handiak. Bi orenez aritu da hizlari Lhande gaztea, oren laurden bateko etena baizik ez duela egin, halakoa du karra. Euskaldunen arbasoak, zernahi hipotesi hartzen dela ere —Alaskatik Kaspiar itsasorat eta handik Iberiako penintsularat heldu zirela erraten duena; edo, bertzela, Afrika hegoaldetik Pirinioetarat igan zirela defendatzen duena—, beti «gerlari fierrak» izan direla argi da, Lhande aitak erran duenez. Gogora ekarri du Atlantikoa ere bereganatu zutela eta Anibalen eta Zesarren legioen aurka defendatu zirela, bai eta V. eta VI. mendeetako barbaroen inbasioetarik ere, eta are frankoen IX. mendeko oldarretarik. Handik aitzina, euskaldunak izan dira gurutzada guzietan. Jeanne d'Arc berak euskaldun bati zion eman bere estandartea. Eta Bonaparterekin izan dira gudu guzietan. Baita Harispe marexalarekin ere, Iraultzaren eta Inperioaren gerletan. «Eta halarik ere aurpegiratzen digute iragan mendeko epe batean izan zen intsumiso kasuen gehiengoa! Ez da hor gaitasun gabeziarik edo nazkarik, ez borrokarentzat, ez eta armen ofizioarentzat ere. Merkatu arratsetan makila jokoak ikusi dituenak aise onartuko luke hori». Trinketak txaloka ihardetsi dio apez gaztearen erranei. Euskaraz baizik ez zekiten haiek frantsesen artera eramanik galdu zirela azaldu du segidan: «Haien berezko independentziak eta halako tratua ez zutela merezi uste izateak eraman ditu, nehoiztik behin, intsumiso egiterat, ez ordea desertore. Desertzio oldeei buruzko zurrumurru horiek guziek, sinets iezadazue, jatorri teutonikoa dute, eta funtsez biluziak dira. Bat edo bertze soilik segurta litezke». Eta 1914ko gerlan ere Frantziako aberri handiak egin deiari grina paregabez ihardetsi diote Euskal Herriko aberri ttipiko gazteek. «Euskaldunena, garai guziez, soldadu herria izan da». Eta historiaren joan-jin eta zoko-moko guziak arakatu ondotik, euskaldunek gerla honetan, gerla handian, Charleroiko, Marneko, Yserko, Lorrenako... batailetan egin dituzten ausartziak agertu ditu Lhandek. Gero harro aurkeztu ditu Xaro apaiz lotinanta, Euskal Gazteria Katolikoko presidente Carty lotinanta, Igiñiz lotinanta, Eskualduna-ko administratzaile Monge soldadu soila, eta gazte katolikoen zerrenda luze bat, entzuleek neke izanen baitute guziak atxikitzea oroimenean. «Biktima saindu eta aratz horiek dira pizkunde zoragarri baten froga, bai eta garaipen betiko eta handiarena ere. Heroi hauen adibidearekin, soldadu euskaldunak onenen artean sailkatzen dira». Euskaldunak berezko duen adoreari laguntzen baitio fede sakonak. «Badakite aberriagatik immolatzea karitate obra handiena dela. Gudukatzen dira, eta heroi hiltzen». Eta memento horretan txalo luze eta gogotsu batzuk lehertu dira Dudoy trinketean, Lhande aitak baliatu dituenak mintzaldia finitzeko, eskerrak bihurtuz. Eta Debidart erretoreak, zinez irentsi baitu hizlari trebe eta xarmagarriaren solasa, bulta luze baterako ahantziko ditu Ainharben «le corbeau» deika arituak zitzaizkion bertze gazte haiek, eta loriatuko da apezpikuari herriz aldatzeko ez eskatu izanagatik. Eskuak gorritu arte txalo egin, eta zintzurraren bustitzera joanen da Bidegain hotelerat. Harat bidean, apez adiskide batek, erraten baitiote Mindurri, jakinarazi du joan den hilean preso aleman batek eskapo egin zuela Garaziko gaztelutik; zer eginen eta, Mindurri berari ebasten saiatu ganibeta batez! Ukabil ukaldi bat emanik, han berean utzi zuen, lurrean etzanda. Zer nolako irriak, Mindurriren ateraldiarekin. Jendarmeei salaturik arrastatu zuten presoa. Irri artean, Debidart erretoreak erran dio Mindurriri behar dutela Lhande apez gazte hori atzeman, hurrengo aldi emanen duen mintzaldian Mindurriren balentria ere aipa dezan euskal gerlariek Historian egin dituzten azaña handien zerrendan. Irri karkailak.
Etien Petitek ere jakin du, azkenean, nondik heldu den tripot zahar hori, tipula eta gatz baizik ez dena. Urtero auzi bera: auzo etxetik ekartzen diete tripot tzar bat, jateko baino zintzilik edukitzeko ederragoa dena. Jean Cazauxekin hitzartu, eta inkesta egin du Etienek. Inkestak argia eman du auziaren gainerat: Kanboko bertze auzo etxeetan ere bisitan izana da tripot zahar hori, Etienen etxerat sartu aitzin. Agerrenian egiten dute urtero jukutria; auzo etxerat igortzen dute tripot mehe bat, oro tipulaz egina, zerriki partitzea egokitzen zaielarik. Baina auzoak, tripot tzar hori ezaguna baitzaio jada, urtero apartatzen du, dingilizka uzten kakoan, eta zerriki partitzea berehala antolatzen, Agerreniako tripot hori igortzeko auzo etxerat. Urtea joan, urtea jin, auzo etxeak bederazka ohartu dira Agerreniakoek egiten duten jukutriaz, tripot hori heldu den arte Etien Petiten etxerat. Eta Etien Petitek zerria hil beharra suertatu; eta Etien Petitek zerriki partitzea egin behar Agerreniakoei. Hartu du, bada, tipula eta gatz baizik ez den tripot zirtzil hori, eta igorri Agerreniarat, nondik partitua baitzen duela zenbait aste. Eta Agerrenian irentsi dute tripot zahar hori, hasi eta buka, kilimiliklik, gogotik irentsi gainera, etxekoa zutela batere ohartu ere gabe, hatzak milikatuz.
Badira zortzi hilabete Helene Bordagarai eta Luhusoko bertze hiruzpalau emazte arrats guziez elkartzen hasi zirela, orai baten etxean, gero bertzearenean, solas zenbaiten egitera, kafe eta bizkotxen hartzera, eta frontean dituzten senarrentzat trikoten eta galtzerdien jostera. Batailoi bat osoa jaunzteko adina trikotatu dute honezkero, baina ezin utzizkoa zaie arrats guzietako zita hori, ez kafe-bizkotxengatik, ez trikotatzeagatik ere, ez bada solasarengatik. Horregatik, estonatuak dira guziak, ikusiz eta Helene Bordagarai ez dela heldu tenorean gaur arratsean. «Eritasunen bat atzeman izanen du». «Bitxi da abisurik ez igortzea ordea». «Orenean puntuan izan ohi da arrats guziez». Auzo batek eman die berria: auto batek jo du Heleneren semeetarik zaharrena, bide bazterrerat aurtiki, eta hezurrik gehienak hautsi. Jaun medikuak ikusirik, erretoreari dei egin diote, oliodura sainduak eman diezazkion haurrari. Hamar urte baizik ez ditu. Aitarenetasemearenka eta enejesuska eta gurutze santuaren zeinuaren egiten hasi dira hiru emazteak, behin, bitan, hirutan. «Auto tzar horiek». «Erraten dizuet bada asurantzak behar dituzuela egin, guk etxeko guziei egin diegun bezala», erran behar izan du emazteetarik batek, ezin isildurik. Erran behar izan diote ez dela asurantzez mintzatzeko tenore egokiena.
Karrikan hotz da oraino. Negua ez da finitu. Betiko negu hotz horietarik bat, aurten ere. Adiskide apurrak su zelaietan, lanik ez etxean, gutiago karrikan, terraza batean eseri da Etien Bonnat, kafe bat hurrupatzeko asmoz; baina ondoko mahaiko hiru gizon helduen solasak aditzen ditu. Ingelesak arras gizon bitxiak direla, gerlarentzat kaburik ez dutenak, ez zain, ez odol, eta frantsesei laguntza urria eman dietela gerla hastetik; hara zer duen gizon horietarik batek erran. Bertzeak errusiarrekin du tema: ez dakitela gudu galtzen baizik, uko egiten dietela nagusiei, buruzagiak bertze alderat beha hasi orduko ihesi doazela harat honat. Hirugarrenak italiarrak ditu begietan hartuak, funts ttipiko gizonak baitira, ez arras fidatzekoak, ez baitute gerlan hasi nahi izan hartaratuak izan diren arte, haiek gabe ere aise moldatuko bailirateke frantsesak. Adiskide apurrak frontean, lanik ez etxean... Kafe bat hurrupatzea, bertzerik ez zuen nahi Etienek, baina hiru gizon heldu horien solasak zaizkio heltzen, hain segur kazetak irakurtzez aseak diren hiru gizon helduren solasak. Eta zer egin Baionan, adiskide apurrak frontean, eta kafea patxadaz hartzerik ere ez delarik? Atsegin handirik ez da Baionan. Soldadu atzerritar batzuk heldu berriak, armadaren biltegian soldadu gazte berriak instrukzioen egiten, intendentziako soldadu zahar batzuk su lerroetarik urrun. Bizigarri handirik ez beraz. Gizon talde bat, Herriko Etxearen aitzinean, idazkariak bortan ezarririko partearen irakurtzen. Emazte talde bat, oihal zati batzuk harturik, Herriko Etxerat sartzen. Entzuna du bai, soldaduentzat atorrak josten dituztela hor berean, jaun merak atelierra ezarri diela emazte batzuei herriko etxean berean. Erakutsiko lieke, bada, su lerrotik ekarria duen atorra, ea balen arrastatzeko asmakizunen bat ezartzen ahal lioketen. Eta oinez badoala Baionan gaindi, Le Grand Cirque Rancy, afixa handi bat arbola tantai bati estekatua: Eldid bizikletaren erregea, Kitta japoniarraren antipodetako ikuskizuna, Weberly akrobatak, clownak, Auguste Benedetti eta haren kanguru boxeolaria, M. Houke hezitzaile famatua eta haren zaldi arabiarrak, Handaniren ikuskizuna eta, sustut, Andre Rancy jaunaren Far Westeko jokoak, bertze hamaika ikusgarri apartekoz gainera. Olaciseko eremuan ezarria dute txapitula; Angelutik eta Miarritzetik badira tranbia zerbitzu bereziak. «Zirkua, beraz...», erran dio Etien Bonnatek bere buruari. «Ikusi behar dugu, bada, zer den kanguru boxeolari hori. Menturaz punching ball-a sal niezaioke zirkuari». Irri egin du bere kautan. «Menturaz neure burua ere sal niezaieke, kanguru boxeolari horren kontra egiteko matx bat!». Santos hemen balitz, irri eginen luke hark ere, hain segur.
Forges de l'Adour lantegia zapartatu da gau batez. Harramantza hedatu da Itsasuraino. Su hartu du lantegiak. Bi langile hil dira. Hogei kolpatu ere badira, tartean Auguste Perrin. Azalean ditu erredura arin batzuk, ezker eskuan batez ere. «Gerla iduri zuen», erran dute suhiltzaileek, lana finitu dutelarik. Fite egin behar dira konponketa lanak. Lantegiak martxan behar du. Frantziak inoiz baino beharrago ditu burdinbideak, eta horretan ari dira burdina lantegiak, gau eta egun, gerla hastetik inoiz baino langile gehiagorekin. Bi mila emazte eta gizon, haurrak ere bai, ari dira lanean defentsa nazionalarentzat. Sota jaunak Bilbotik igortzen dituen burdina ontziketak ez dira amaituko, labe garaiek martxan behar dute. Auguste Perrin ere eskua guziz sendotu gabe itzuli da lanerat. Urpeko alemanek ere badute lantegiaren berri. Bizkaiko Golkotik zelatatzen dituzte burdinaz zamaturik doazen ontziak, Baionako portua, Bokaleko lantegiak. Bertze orduz igorri dituzte bonba batzuk lantegirat xuxen-xuxen, lau langile kolpatuz. Suak egin zuena baino kalte ttipiagoa egin dute urpekoaren bonba hauek. Fite beteko dituzte lanpostuak berriz, emendatu ere bai, eta Gobernamenduak ezarriko ditu hegazkin batzuk lantegia begiratzeko. Defentsa nazionaleko lantegiak ezin dira gelditu urpeko baten bonbak goiti edo beheiti. Henry Roussell zinemagilea igorriko dute ere Bokalerat, L'Âme du Bronze filmarentzat irudiak har ditzan. Mundu guzian ezagutuko dituzte Bokaleko langile hauek. Auguste Perrin izan ezik: txapelaz estaltzen du aurpegia inguruan kamera bat sumatu orduko.
Idiek balukete ferratzeko beharrik, baina Gaxuxa eta Janamari Ugarte ama-alabek ez dute idia norat eraman. Gerla aitzinean Jean Larrek gustu handiz ferratuko ziekeen. Larretarrek ezarriko zuketen idia lau paldo biribilen erdian, eta adar ondoetarik uztarri bati estekatuko burua. Zingila batzuekin goititu, eta idiaren zangoa paldoari estekatu gero. Ihes egiteko imintzio eginen zukeen idiak, baina ez zen lanjerrik izanen. «Ho! Ho!», erranen ziokeen Jean Larrek, eta arotz nagusiak idiaren aztaparra miatuko zukeen. Aztaparrak garbitu, ingudearen gainean ferra zuzendu, eta bortz paxamanta hondoratuko zizkiokeen marteilu ukaldiz. Janamarik atseginez eramanen zukeen idia ferratzera, hori da egia. Ezagutu ere, hola ezagutu zuen Jean Larre. Euli bat ere ferratuko zuketela erraten zuten Larretarrengatik Urruñan. Baina aita bakarra zen orai etxean, seme guziak gerlan izaki. Eta gizon bakarrak ezin idirik ferratu.
Gerlako izugarrikeriak aski ez, euri eraso, haize zirimola eta babazuza gaitzekoak egin ditu negu guzian, itsas hegian batik bat. Uxatu ere ditu larrazkenean oraino uros zebiltzan bele saldoak gordegietarat. Baionan, San Leoneko ospitaletik Miarritzerateko bidean egin ditu desmasia handienak. Biderat aurtiki berrehun arbola bai gutienez. Andeatu teilatuak, berinak, tximiniak, zernahi. Baionako katedraleko ezkilak jotzeaz erretreta harturik, nahi bertze denboraz hornitua baita Bettiri, Miarritzerateko bidea hartu du astelehen goizean, denboraleak itsas hegian egin dituen desmasiak ikusiz. Lizeorateko bidean ikusi du arbola batek lehertu eta azpian hartu duela hamalau urteko mutiko bat, aita duena kapitain gerlan. Hezurrak hautsiak ditu mutikoak, hala erran diote Bettiriri, eta Miarritzerat bidean segitu du, otoitz isilean barnaturik, pentsatuz eta aitak zer gisako atsekabea behar duen hartu semearen berri emanen diotelarik. Oroitu zaio Miarritzeko kasinoa klinika bilakatua dutela soldadu erientzat, eta pentsatu du harat behar duela joan bisitan, denboraz asea baita, eta hitz batzuk egin soldadu horiekin, eta bihotza poxi batez alaitzen saiatu kanturen batekin, edo hil hurren direnei otoitz xume batzuk egin. Baina luiziak badira Miarritzerateko bidean, arbola jausiak eta adaxkak bazter guzietan, ekaitzak ontsa kimatu baititu arbolak. Tranbiarik ez karrosarik ez nehon, eta oinezkoak ere guti. Deliberatu du beraz gibelerat egitea; joanen zaie bisitan heldu den astean, edo hurrengoan. Gerla ez da finituko bihar, eta gero ere izanen da bisiten beharrik erietxeetan. Enbor-adaxkak saihestuz badoa etxerat, beraz, Bettiri: «Futxo, egia izanen ote da bada Belgikan gaindi aurtiki obus horiek lehertzen dituztela hodeiak hemen berean? Zerua behar ote zaigu gainerat jausi?». Pausoa bizkortu du badaezpada, otoitzari utzi gabe.
Manex Donetx partitu da Irisarritik, asmoz eta Baionan eguna egiteko Etien Bonnatekin, surat partitu aitzin. Baiona ez batere ezagutzen, Manex Donetx loriatua da terrazetan kafe edaten ari diren neskatxa gazteekin, aurpegiak irris irin eta tinduz ederturik, panpinkeria guziak on dituztela. Ikusi ditu ere bertze emazte batzuk auto gidatzen, ezpainak gorri bizi batez tindaturik, zigarreta erretzen ari, galtza zabal batzuk eta bonetak beztiturik, gizonak iduri. Katedralaren aitzinean ikusi dituzte, berriz, kongregazioko neskak diru biltzen, «Pour nos soldats. Pour nos combattants. Pour nos poilus». Eman dizkiete sos batzuk, katedral barnetik heldu diren Libera me doinuak entzutera geldituz, mantelinak buruan mezetarat doazen emazteei so. Gero, Manexek zinema zer den ezagutu behar duela tematu da Etien, eta han harat eraman du airean Manex, sekula irudi bizi horiek ikusi gabea izaki. Eta zinema deabru horretan ikusi dituzte pertsonak iduri duten zer batzuk, pertsonak bezala higitzen ere, baina fitsik erraten ez dutenak, harat honat dabiltzanak espantu eta keinu hanpatu batzuk eginez. Gaur ez da Johnsonen eta Jeffriesen arteko matxik zineman; horren orde, ikusi dituzte Gillen kaiserra edo haren gisako bat, behako zatar eta gaizto batekin, eta deabrua, azken hori sarde eta guzi, ontzi batean sartzen eta itsasoaren bertze aldean diren emazteak eta haurrak hiltzen. Barrabaskeria gaitzak egin dituzte kaiserrak eta deabruak, eta azken buruan hil da kaiserra iduri duen gizon hori, mendi kasko batetarik jausirik. Zernahi gisako deabrukeriak eginagatik lurrean, igan da kaiser hori zerurat eta, orduan, ilargiak, izarrek eta enparauek hartu dute kanoi eta mitrallus ukaldiz, zerurateko bidea trabatu nahiz; kaiserrak atera du orduan kanoi luze-luze bat eta zirtzikatu ditu ilargiak eta izarrak eta enparauak, eta heldu da zeruetako bortarat; baina San Pedro iduri duen bizar luzeko gizon batek eman dio ostiko bat gaitza, eta igorri du kaiserra pentzean beheiti, deabruaren galdaretan jausi den arte. Infernuan deabruak eta kaiser horrek egin dute janaldi bat gaitza eta besta bat harrigarria. Eta finitu da film hori, kaiserrak deabruari medaila bat ezarri diolarik, zakur kate handi batez loturik. Filma ikustera jin diren gutiz gehienek irri karkailekin ospatu dituzte horma zuri horretan bata bertzearen gibeletik higitu diren irudi horiek, bai Etienek berak ere, baina filma finitu eta argiak piztu dituztelarik Manexek oraino ez du ulertu zer gertatu den areto horretan. Manexek baitarabil, izan ere, bertzelako burutazio bat, ikuskizuna behar zen gisaz ulertzen utzi ez diona: baldin eta Mizel Donetx aita hila bada han gerla tokian, eta baldin eta gerla honetan nehoiz garaituko badituzte alemanak... Gillen kaiser deabru hori hilko dutelarik... «Ez da bada gure aitarekin batera iganen zerurat? Ezta?», galdegin dio azkenean Etieni.
Zaron lehena izan zen. Gero bertze batzuk jarraikitu zitzaizkion. Katixa Bonetbeltzek amari erran zion pentzean belarrak hazten ari zirela eta epaitu ezean laharrak nagusituko zirela fite, eta ez zela gehiago pentzerik izanen, txara gaitz bat baizik. Etxeko atarian ezarri zuen ingudea eta gonak trenkaturik hasi zen dailua pikatzen. Ikusi zutelarik gizon batzuek, fite hedatu zen berria, Bonetbeltzeneko Katixa gizon lanetan hasia zela. Katixa ez baitzen asperrean zain egotekoa, belar epaitzen ere ikusi zuten berant baino lehen, eta emazte zenbait imitatzen hasi zitzaizkion. Amak erraten dio Ingalaterrako emazte tzar eroxka horien gisara diputatu izateko deretxoaren galde hasiko ote den, ez duela gizonik erakarriko lan horietan hasten bada. Isil-isila, lanean segitu du Katixak, eta, gizonen besoen indarrik gabe ere, emazte gehiago hasi dira pittaka lur lanetan, azienden gobernatzen, tratuan ere bai batzuk. Haietako zenbait, titiko haurrak zakutoan zintzilik harturik lur lanetan. Eta egunez lur lanetan ariturik gauez aritzen dira oraino etxean, kozina lanetan, edo goizean goiz jaikirik pegarrarekin urketan, eta errekan zuriketetan. Eta igandea heldurik segitzen dute lanean, atsedenik gabe, elizgizon zaharrak guziz asaldatzen dituena. Gobernamenduak, aldiz, sariztatu ditu emazte horietarik zenbait, lur lanak geroratzen ez uzteagatik. Filipe Luro ere loriatua da emazte horien lanekin; Politeneko Maitena ttipia ikusia du dailuarekin belar epaitzen. Hain zuzen, begietarik irudi hori ezin kendua du Arnegitik partitu eta Baionarateko bide guzian, oinez lehenik eta trenez gero, Battitta Garat ondoan duela. Battittak eteten du Filiperen pentsamendua arteka, eztul hits bat egiten duelarik; nonbait hoztua izanen da. Baionako trenaren garan Etienekin eta Manexekin elkartzeko esperantzetan doaz. Beharbada, guziak elkartzean emanen die Filipek Maitenaren berri soldadu adiskideei. Gozoki bat nahi ote duen galdegin dio Battittari, eztulka ito behar duela iduri baitu orai berriz
Battitta Garat eta haren ama Inesa, etxeko supazterrean solasean. Zortzi eguneko pausua funditurik, gopor bat esne hartzen ari da Battitta, semearendako galtzerdien josten Inesa. «Gertu da muga lerro mehe hori, eta urrun, gerlako lehen lerroa...», iradoki, azkenean, Battitta Garatek. Ama kuraiatu, josteari utziz: «Hago isilik, seme! Joan hadi surat, eta hil behar baduk han baratuko haiz, baina hire eginbidea betez». Gurutzearen zeinua egin du amak hiru bider, gorputz ttipia osorik dardarikatzen zaiola. «Hire ahalke izanen gaituk muga hori iragaten baduk». Halakoren seme gehiena joan dela, eta zer gertatu zaion, jendarmeek atzeman dutela, Tolosako presondegi batean giltzapetu, arratoiekin partekatu behar jateko apurrak. «Ihar beldurtzekoa omen duk». Gobernamenduak desertoreen ondasun guziak bahitzeko manua emanen duela. Semearen soldadugoarengatik jasotzen duen sari ttipia ere kendu eginen diotela, bertzalde. «Eta nola behar diagu bizi, etxean gizonik gabe, ondasunak bahiturik, eta sari hori gabe, emazte xahar bat eta haren alaba urrikalgarria?». Hainbertze arrazoirekin, Battitta Garatek isil-isila amaitu du gopor esnea, amari batere erran gabe su lerroan ere arratoien artean beharko duela gau guziez lo egin. Partituko da hurrengo goizean Filipe Lurorekin, eta hartuko dute Baionarateko trena. Battitta Garat ez da, ordea, su zelairat sartuko. Bordelerat heltzean eri handi izanen da, sukarrak harturik. Soldaduen eritegirat joanik, manatuko diote ohean etzateko egun zenbaitez. Emanen dizkiote botika eta jarabe, baina, eztulez eta sukarrez itoa, laugarren egunean suntsituko da Battitta Garat, su hegian hiltzearen loriarik gabe eta desterrurat ihes egitearen afronturik gabe. Amak ez du berriro semearen izenik aipatuko.