Su zelaiak
Su zelaiak
2014, nobela
240 orrialde
978-84-92468-63-8
azala: Unai Iturriaga
Mikel Peruarena Ansa
1978, Ereρotzu
 
2009, nobela
Su zelaiak
2014, nobela
240 orrialde
978-84-92468-63-8
aurkibidea
 

 

2

 

 

Ulertzen dut esklaboak hain aise makurtzea, ez baitzaie soinean indarrik gelditzen matxinatzeko (...). Ulertzen dut zanpatzaileen jakinduria, zanpatzen dituztenei ezinezko egiten baitiete beren adimenaz baliatzea, lan nekagarrietan itotzen dituztenez. Batzuetan (...) sumisioaren hegian sentitzen naiz, guzia onartzen duten animalien pasibitate horren hegian, zeina baita norberaren ukazioa. Itorik, onartu eta etsi egiten du nigan pentsatzeko gauza den horrek. Ohiturak eta diziplinak, nire baimenaz ahantzirik, artalderat eramaten naute.

Gabriel Chevalier, La peur

 

 

 

Fanfarrea joka ari denez eta airerat suziriak ere aurtikitzen ari direnez, aiseago ahanzten dira pleinuka ari direnen arrangurak. Partitzeko imintzio bat egin du trenak, ke zuri bat isuriz, Mauleko gara guzian hedatu dena. Mokanesak eta eskuak airerat, besoak inarrosiz ihardesten dute trenean sartuak diren gazteek. Karrikak gainez izan dira ebiakoitzez eta igandez, oro harat-honat, oro azken adioak egiten, oro irriz, oro adiskide. Igande goizez elizaren atarian bildu zen talde handi bat berrien aditzera: Ingalaterra gerlan sartu zela jakin eta, bibaka; Italia neutral geldituko zela jakin eta, sakreka. Gau hartan ere lo ttipia eginik esnatu dira gutiz gehienak astelehen goiz honetan, guziak zainarturik. Batzuk, partitu beharrak direlako; bertzeak, norbait badoakielako. Jendeketa gaitz bat bildu da, beraz, Pauerat soldadu doazenei adio egitera. Fanfarre hori ere hor ekarri dute, pleinuka ari direnen arrangurak ahanzteko. Bertze imintzio bat egin du trenak, ke zuri gehiago isuri, eta, orai bai, partitu da, gibelean utziz sorlekua, aitzinean besarkatuz soldadugaiek etorkizun dutena. Trenean elkarren ezagutza egin dute zuberotarrek. Kalixtro eta Pierre Agerre berehala nabarmendu dira, kantuan eta zirtoan ari, bihotzak goititzen. Zalgizeko gazte batzuk arranguraturik eta isil samarrik sumatuz, haien ondoan jarri dira biak. Zertaz arrangura diren galdetuz eta tetelekeria batzuk erranez, Kalixtro eta Pierre saiatu dira gazte horien sosegatzen. Baina armadari buruz dituzte galdeak Zalgizeko gazteek, nehoiz soldadu izan gabeak, eta esplikazioetan lotu da Kalixtro beraz: «Armadako gorputz batek baditu 40.000 gizon, horietarik hiru laurden soldaduak direla, jeneral batek gidaturik. 120 trenetan sar litezke gizon horiek, guti goiti-beheiti». Hasi bada hasi, tarrapata batean segitu du, arteka Pierrek xehetasun zenbait emanez laguntzen duela. Armadako gorputz horietarik bakoitzak baditu artillarien gorputza, zaldizkoen dibisioa eta infanteriako bi dibisio. Gainera, badira bi ingeniari talde eta zerbitzuez arduratzen diren bertze bi talde. Gorputz horietarik bakoitzak baditu kuartel nagusi bat eta zerbitzuburuak (55 ofizier eta 280 soldadu, hiru auto eta 30 hippomobil dituztenak beren zerbitzuko), artillarien kuartel nagusia (jeneral komandanteaz gain, bortz ofizier, bi bizikletari, eta gidariekin), ingeniarien kuartel nagusia (lau ofizier badira hor), intendentzia (bortz ofizier eta hamazazpi axuantekin), azpi-intendentzia (300 garraiatzaile, 450 zaldi eta 180 auto badituzte bana bertze, ofizier eta administrari parrasta batekin), ganadu parkea (zazpi ofizier eta 125 axuantekin, eta ganadua tokiz higitzeko hamasei kamioirekin), osasun zerbitzua (lau anbulantzia, ospitale guneak, hiru mediku, bi administrari, lau apaiz, sei mediku laguntzaile, 215 erizain, 83 andari eta 100 zaldi dituztenak, eta 27 auto, 140 anda eta 5.000 aposito eramanen dituztenak), diruzaina (mendean dituela bortz ofizier, zazpi azpi-ofizier, hamahiru zaldi eta sei auto), albaitari bat eta haren laguntzailea. Gorputzaren gibelean dira kapitain komandantea, eskuadroi burua eta konboien ardura duen kapitaina. Eta azken lerroan kokatuko dira 30 bat jendarme, nehork ez dezan izan su hegitik alde egiteko tentaziorik. «Baina ez da hori guzia», ohartarazi ditu Kalixtrok: «Hori balitz guzia, aise gidatzen ahal litzateke armada bat». Armadako gorputz bakoitzak baldin baditu bi dibisio infanteriakoak, dibisio horietako bakoitzak izaten ohi ditu hiru erreximendu. Eta erreximendu horietarik bakoitza, ber eran, zatitzen da hiru batailoitan edo lautan. Eta batailoi horietako bakoitza, ber denboran, hiruzpalau konpainiatan da zatitzen, kapitain bedera buru dutela. Borroka unitatea da batailoia; haren barne diren hiru konpainiak aldizkatzen dira zereginetan. Batailoi bakoitzak ditu, gainera, CID instrukzio zentro bat eta CM edo mitrallusen konpainia bat. Baina batailoietan eta haien barneko konpainietan gizon talde handiak baitira oraino, antolaketa xehekiago jarraikitzen zaio: konpainia horietako bakoitzak baditu lau sekzio, eta sekzio horietarik bakoitza bi sekzio erditan bereizten da, sarjanta duela gidari bakoitzak. Sekzio erdi bakoitza, ber denboran, bi eskuadratan da zatitzen, eskuadra bakoitzak hamabortz soldadu dituela, kaporal baten manuetara. Erran nahi baita, bertze maneran, sekzio batean lau eskuadra direla: granada aurtikitzaileenak eta zizpekin dabiltzanenak. «Eta kalkuluan iaioa denak fite asmatuko du, sekzio batean lau eskuadra baldin badira, konpainia bakoitzean hamasei eskuadra izanen direla; gizonketa gaitza, bistan dena, baina, azken buruan, soldaduek eskuadrako hamabortz kide horiekin izanen dira adiskideen, tratu ttipiagoa izanen baitute gainerateko eskuadretako gizonekin», Pierrek. Eskuadra horien artean ezker-eskuin eta goiti-beheiti ibiltzen dira bertze zenbait soldadu loturak egiten, nagusien manuak ez galtzeko eta eskuadra guziak batera aritzeko. Arteka pelotoiak ere osatzen dituzte, batailoiko gizonak berrantolatuz ekintza jakinentzat. Konpainiak baditu, bertzalde, danbor eta kleron jotzaileak, erizain bat, lau andari, bi zelatari, aizkolariak, zapatari bat, jostun bat, gidariak, ordenantza bat, bortz bizikletari eta telefonista bat. Ehunka gizon. Behar gisan hedaturik, kilometro erdiko eremu bat har dezakete luzeka. Pierre Agerrek eta Kalixtrok, Zalgizeko kuadrilla hori adi entzuten jarria dutela parean, Paueko Infanteriako 18. erreximenduarenganat daramatzan trenean, hanpatzen dute solasa azalpenak aitzinatu ahala. Pierre Agerrek eman dio azken hitza mintzaldiari: «Finitzeko, erranen dizuet armadako graduazioa, ontsa ikasi beharra izanen duzuena: soldaduak behar dio kaporalari obeditu. Kaporalak, sarjantari. Sarjantak, lotinantari. Lotinantak, kapitainari. Kapitainak, komandanteari. Komandanteak, koronelari. Koronelak, jeneralari. Ofizierrak falta direlarik, behar zaio kasu eman goren gradua duenari edo, bertzela, taldean esperientzia gehien duen soldaduari». «Eta jeneralak? Nor behar du obeditu jeneralak?», galdegin du Zalgizeko gazte horietarik batek, aurpegian zuldar batzuk agerikoak baititu. «Jeneralak nehor obeditzen duen, ez da argi», Pierrek. «Jainkoari, menturaz!», Kalixtrok, irriz. «Zernahi gisaz, soldaduak aitzineko hori jakitearekin aski du». «Aski du, bederen, jendarme batek edo pelotoi batek ez diezaion buruan tiro bat eman». «Bo! Ikusiko duzue, izanen duzue parada adiskide eder batzuen egiteko, guk soldadugoan egin ditugunen gisakoak». Soldadugoa duela bortz urte eginik, erresalbuko soldaduetarik baitira Kalixtro eta Pierre. «Errazu, Kalixtro: irabaziko dugu gerla hau?», bertze gazte sudur kakodun baten galdea. Aitzinerat makurtu, besagainetik gaztea heldu eta, bereganat ekarriz, ahapeka baina bagoiko gizon guziek entzuteko maneran ihardetsi dio Kalixtrok: «Musean hiru erregez baino aiseago». Santa Graziko eta Barkoxeko adiskideenganat gibelaturik, ozen, xahako horretarik trago bat galdegin du Pierrek. Zalgizeko adiskide berriei eskaini die xahakoa, berak ausarki edan aitzinetik. Hiru gizon gazte, Kalixtrok uste baitu Mendikotakoak diren, kantuari lotu zaizkio: «Arranoak bortuetan, gora dabiltza hegaletan, eta ni laket andereekin ganberetan...».

 

 

Gizonak oro, 21 eta 48 urte arteko gutiz gehienak eta zenbait gazteago ere bai boluntario aurkeztuak, partitu dira beren etxeetarik trenetan, karrosetan, bizikletetan, zaldi-mandoetan, oinez, dilijentziaz, autoz oraino zenbait, partitu dira eta badoaz herrietarik, Donazaharretik, Iholditik, Gixunetik, Baigorritik, Bidarraitik, Luhusotik, Garruzetik, Hendaiatik, Itsasutik, Arnegitik, Irisarritik, Kanbotik, badoaz Baionari buruz, bezperan mobilizazio libretak eskuratu eta. Dubliners publikatu du James Joycek, eta 23 egun baino ez dira falta Bruselan Julio Cortazar delako bat sortzeko. Armen hartzera deitu gizon hauetan Joyceren berririk ez du nehork, gutiago Cortazarrenik, bistan dena, oraino sortu gabea baita. Literaturaz bertzelakoak dituzte solasak gizon hauek, eta deus gutik batzen ditu, salbu eta libreta hori bat, soldaduarena, eta paper gorri bat, non agertzen baita norat behar duen aurkeztu bat eta bederak, eta zein orenetako; deus gutik batzen ditu, salbu eta alemanak oro zapartatzeko grina itsu batek; deus gutik batzen ditu solasetan ere, salbu eta gerlako berriek eta soldaduen ikasgaiek, zaharrek gazteei atsegin handiz irakasten dizkietenak. Badoaz gizon horiek guziak Baionarat, amak eman Lurdeseko amabirjinaren zilarrezko medailarekin zenbait, herriko erretoreak oparitu medailekin bertze zenbait, are medailarik eta sinesterik gabe bertze batzuk, baina ber asmo eta kuraiarekin guziak edo abantzu guziak. Zalgizeko gazteak, Mendikotako kuadrilla hura kantuan, Kalixtro, Pierre Agerre, Pauerat abiatuak dira, Infanteriako 18. eta 218. erreximenduen aitzinean aurkezteko, baina gainerateko herri gehienetako gizonak, 21 eta 48 urte artean dituzten eta armadarat deituak izan diren gizon hauek, Baionarat doaz gaur. Infanteriako 49. erreximenduan edo 249. territorialean aurkeztu beharrak dira gehienak, Akizerat segituko zaizkio bertze batzuk, eta badira urrunago doazenak ere: 37. kolonialerat deituak dituzte zenbait, 144. erreximendurat bertze zenbait, ehiztari alpinoetarat batzuk, dragoietarat bertzeak. Gazteenak eta soldadugoa egiten ari direnak lehen lerroetarako prestaturik, territorialetan sartuko dituzte adinez handienak. Azken horietan izanen da Xalbat Mutrustegi, zeina mobilizazio egunaren zain den oraino, hiru semeei adio egiten ari baita Dominika Zubiri emaztearekin, etxeko atarian. Semeei adio erranik, Heletako pentzeetan dituzten ogi soroetarik ikusi du Dominikak tren bat iragaten, soldadu eginen diren gizonez emokatua; eta ikusi ditu oinezko batzuk eta zaldizko batzuk ere, taldetan doazenak Baionarat; ogi eta ur zerbait eman ere die gazte batzuei, plazerez eman gainera, gizon horiek beharko baitituzte gorde Frantziako xokoak aleman tzar horiengandik. Senarra eta semeak gerlarat joanen zaizkiola ikusteaz gain, badu malerusik sobera Dominika Zubiri laborariak, laborariek ohi dutenez, aroa nehoiz ez baita behar bezain argia edo behar bezain euritsua, eta landa lanentzat beti badirelako ezbeharrak; bazterrak oro lehertu behar dituztela iduri duten bele eta mika saldo horiek aski ez, aleman tzar batzuek bere lurrak hartzea bertzerik ez luke behar tenore honetan! Ellande Karrikirik eta Bixenta Larregaraik ere ikusi dituzte partitzen Iholdiko gazteak, eta haien alde otoitz bat kartsua egin diote Santa Genobebari, Angelus otoizteko orena ez denez oraino; otoitza bururatu duelarik, bertze otoitz bat egin dio Ellandek Tourseko San Martini, eskertuz eta hirutan hogeita hamar urteak ontsa beteak edukitzea, gizon horiekin partitu beharra izanen baitzen gazteago balitz. Jean Cazauxek eta Etien Petitek aulkian jarririk ikusi dituzte partitzen gizon horiek guziak, Kanbon, Ederreniako gerizpean: badoaz gazteak eta hain gazte izan gabe ere armadarat deituak izan diren gizon horiek, arrangurarik gabe, irri zabal bat aurpegietan, lehen inperioaren aldian hamalau baigorriar haiek pilota partida irabazi eta Rhin ibaiaren inguruetarat itzuli ziren ber sasoiarekin. Jeanette Bordaxurik muxu luze batekin despeditu du Paskal Etxekopar senarra, Senperen; sei biderretan egin du senarrak buruarekin gibelerat, adio egiteko, emaztea begietarik galdu zaion arte. Irute lanak utzirik, Gaxuxa eta Janamari Ugarte ama-alabek, Urruñan, etxeko leihotik behatzen dituzte errepideetarik, bideetarik, sendetarik, pentzeetarik, Baionari buruz doazen gizon taldeak; Janamari alabak, begien aitzinean zernahi duela ere, Jean Larre bertze nehor ez duela begietan. Katixa Bonetbeltzek pleinurik gabe agurtu ditu lau haurrideak, Donibane Garaziko garan; otarre batean eraman dizkie ogi-gasnak, eta xahako bat arno gorri. Aitatxi Tomas eta amatxi Katerina bertze nehor baino fiteago dira jaikiak Ziburun, bart igandea zenez ezin izan baitzituzten bururatu belar lanak; fiteago jaikiak dira, lanak bururatu ondotik soldadu doazenei adio errateko, azkenean haien artean izanen baitute Joanes semea ere. Ainhoatik, kontrabandistak eta guardak oro batera dira abiatuak Baionarat bidean, batzuen eta bertzeen senideek oro dituztela agurtzen, elkar harturik guziak, iragan ortziraleko auziak zokoraturik bulta batez. Etxeber erretoreak ere behar izan du partitu Hazparnetik Baionarat, gainerateko guziekin batera, tartean dela Faustin Oihanburu, zeinak azkenean izan baitu osaba Jean hilobiratzeko xantza bezperan. Heletan ere, Leon Etxeberrik, elizaren ataritik, behatzen ditu gerlarat doazen gizon gazte horien bisaiak; zeinen gazte apartak, Gazteria Katolikoko horiek berebat, Herioren izialdurarik gabe kantari doazenak bidean aitzina. Baionan, Helio Santosek ez arranguratzeko erran dio Etien Bonnati, izanen dela boxeo matxa jokatzeko xantzarik oraino; dirua bahituran dela gerla bururatu arte, eta Etien zainartua izanen dela gerlatik itzuleran, aiseago duela garaituko ring gaineko arerioa, gerlan gogorturik giharrak. Santos eta Bonnat mintzo diren karrikatik hur, Bettirik, Genieko zubiaren izkina batean bermaturik, orenak eta orenak egin ditu gizon saldo horiek Baionarat sartzen ikusten eta haien alde otoizten, bonetaz adio egiten soldadugai gazte horiei guziei, trenez, karrosaz, bizikletaz, zaldien eta mandoen gainean, dilijentziaz, autoz, eta gaineratekoak oinez, heldu diren gazte aldra horiei, eta hain gazte izan gabe ere mobilizatzerat deituak izan diren gizon horiei. Oldeak eta oldeak ikusi ditu Baionarat sartzen Bettirik. «Zeinen armada ederra behar duten osatu», pentsatu, eta damu izan du 30 urte soinetik ezin kendua, gizon horien guzien haurride gerlarat partitu ahal izateko. Bertze gisaz errateko, Bettirik ere nahi lituzke Barbier erretorearen hitzak entzun tenore honetan, «Bai Jainkoak nahi du zure xokotik joan zaitezen gurea bezalako anitz xokoz egina den Frantziaren begiratzera», soldadu gazteak kuraiatzen ari, benedikazioak partitzen. Bettirik ere nahi lituzke instrukzioak eta manuak jaso gazteluan, eta Alsazia eta Lorrena horietarat joan, ez Baionako Alsace-Lorraine karrikarat, baizik eta Alemaniak beretu nahi dituen bertze eskualde horietarat; Bettirik ere nahi luke joan eta botxe tzar horiek guziak kalitu, baioneta sastakatuz erraietan; Bettirik ere nahi luke, gaur den egunean baiones zintzo orok nahi duen gisaz, Frantziaren alde hil. Gaur den egunean Baiona oro soldadu baita, oro odol gazte, oro frantses trapu, oro jendarme, oro gerlako eta mobilizazioko afixa, oro karrikan «Dernière dépêche!» oihuz ari diren mutikoak eta berrien xerka kazeta horien erosten ari diren gizonak, oro espantu eta «Biba Frantzia!», oro solas, azantza, kantu eta besta. Bettirik ere nahi luke, Baiona guziak nahi lukeelako, eta Baiona guziak nahi ez badu hala iduri du bederen, gerlaren etsairik nehor baldin bada ontsa gordea behar duelako gaur den egunean. Soldaduek ez dute falta motiborik eta armadaren sosik kafetegietan eta ostatuetan orenak luzatzeko. Chaho karrikatik Arsenalerat, eta Arsenaletik Lisses inguruetarat, karriketan goiti eta beheiti dabiltzan soldadu gaztez emokatuak dira ostatuak, argiak berant arte piztuak, biarnesen Beth ceu de Pau kantuaz eta euskaldunen irrintziez alaiturik. Baina, egunak iragan ahala, soldaduak ere bakantzen doaz Baionako karriketan,

 

 

erreximendu, konpainia, eskuadra eta abarretan hedatu ahala desagertzen doaz soldaduak Baionatik, eta ixten doaz botigak eta ostatuak ere, botigariak eta ostalariak gerlarentzat partitu ahala. Hiria berriz ere kara hitseko baratuko den orena gerturatzen ari da, soldaduak partitu ahala. Baionan osatua den infanteriako 49. erreximenduaren hiru batailoiak larunbatarekin partitu dira garatik, iparralderat. Lau egun ttipi baizik ez ditu iraun gerlaren atariko bestak Baionan. Eskualduna kazeta gaizoak, astekaria baizik ez baita, gerla hasteko berria galdu zuen joan den astean. Luzien Lavielle, Martin Etxegarai, Jean Salaberri eta Silvain Tucoulet adiskideek eskuratu dute ale berriena agorrilaren 7an, partitu aitzin. «Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!», irakurri die Laviellek adiskideei goraki: «Ote da, ote daiteke deus hunkigarriagorik; deus, bihotz altxagarriagorik, nola baita ikustea, Frantziaren buru batetarik bertzerat, herritar guzien batasuna gerlari buruz? Ez da gutartean gehiago xuri ez gorri, bereizkunderik. Oro frantses Frantzian; Eskual-herrian oro eskualdun, elkarren anaia. Donibane-Lohizunetik Atharratzeraino, eta han harat azken herrietako azken mugaraino, dezagun egin guziek bat Frantziarekin. Jainkoa lagun, nehork ez gaitu garaituko». Ekiaren errainuak kasernarat sartu aitzineko minutu horietan, Laviellek adiskideei irakurri hitzek badute ahalmen pizgarri bat, bibaka eta «Kuku alemanak!» garrasika hasi baitira Lavielleren adiskideak hitz horiek entzunez. Gero, behar gisaz beztituak astelehenez eman zizkieten jauntzi berriekin, galtza gorriz eta jaka bluz, kepiak oro buruetan ontsa kakotuak eta jakako botoiak oro lotuak, kapotak gainetik emanak, hedeak tinkaturik beren tokietan eta oinetako dirdiratsuekin, François Marie Baionako apezpikuaren aitzinean eman dira guziak lerro-lerro, egin diezaien Gerlako Otoitza frantsesez: «Jauna, zu armaden Jainkoa deitua zarena, geriza ezazu Frantzia, ez dezan gal, egina zaion gerla honetan, bere buruaren eta bere fedearen jabe egotea. Jauna, gure Jainkoa, zuti zaitez, eta ihes egin dezatela zure Elizaren alaba lehenari jazartzen zaizkion etsaiek». Kaperan ezin kabituak baitziren, atarian belauniko soldadu guziak, fededun eta sinesgogor, oro belaunikatuak apezpikuaren aitzinean, eskuak gurutzatuak, lurrerat so, buruak makur. «Jauna, zure begiak amultsuki jaus daitezela Frantziako armaden gainerat. Otoizten zaitugu gure soldaduentzat, maite ditugunentzat eta beren bihotz leialak gudurat eramanen dituztenentzat: gure senarrak, gure aitak, gure haurrak, gure anaiak, gure adiskideak dira. Gure erresumako lurra, gure etxeak, gure elizak dituzte begiratzen. Jauna, beren eginbidearen betetzera joateko utzi gaituzte; zure gerizaren azpian ematen ditugu. Ez daitezela izan gudu horietan hilen direnetarik. Jauna, zure nahia egina izan bedi, ez gurea! Baina otoizten zaitugu entzun dezazun gure oihu mina. Otoizten zaitugu, Jauna, guretarik hiltzera doazenentzat; urrun itzazu haien bihotzetarik herstura eta etsimen gaixtoak; oroit daitezela, Jainko ona, beren bataioaz, beren lehen komunioaz, eta erdiets dezatela zuregandik beren azken barkamendua». Apezpikuaren boza, apala baina fermua, bertze txintik ez da aditzen soldadu burumakurtu saldo honen aitzinean; apezpikuari urrundik eta barnetik heldu zaion boz bat, bertzerik ez. «Jauna, ematen dizute beren bizia; har ezazu emaitza hori haien eta gure bekatuen barkamendu osotzat. Emaiezu betiereko sosegua. Otoizten zaitugu, Jauna, guretarik hilko direnentzat. Oroit zaitez haien guduez, beren buruaz egin duten emaitza osoaz. Pairatuko dute gure herri katolikoa begiratzeko». Apezpikua jarraiki zaio «Maria bekaturik gabe kontzebituari» eta «San Martin Frantziaren gerizatzaileari» erreguka oraino, eta soldadu batzuek ezin izan diete negar malkoei eutsi, zeinaren kausaz makurtu baitituzte buruak oraino eta gehiago, soldadu adiskideak ohart ez daitezen flakezia horretaz. Otoitz hunkigarria finiturik, kapotak soinean ezarri eta zakuak bizkarrean emanik, Luzien, Etxegarai, Salaberri eta Silvain ezarri dira gainerateko soldaduekin, zizpak zerurat zut, Frantziako banderaren eta Baionako Infanteriako 49. erreximenduaren estandartearen gibelean —oi, Solferinon eta Aljerren eta auskalo zenbat gerla toki gehiagotan egona den zetazko trapu saindu hori!—. Ezarri direlarik formazioan karrikarat jalgitzeko, gomutan dituzte Eskualduna-ren eta Baionako apezpikuaren azken hitzak. Musikari lotu zaio banda, turuta eta atabalekin errabia gorrian, eta partitu dira soldaduak oinez, Saint Espriteko zubitik beheiti, azken lau egunetan ikasiak agertuz; partitu dira aitzindariak zaldiz dituztela aitzinean, ezpatak agerian lurrerat beha tinki; partitu dira Iruten ari nuzu kantatuz. Hiri guzia zain dute. Zenbaiti senideak ere zaizkio herritik jin, partitzen ikustera. Aitzindariek gaztigatuak dituzte soldaduak, ez dezaten irrintzirik egin, ez dezaten keinurik egin nabarmenegi, armada diziplina denez gero, eta serios behar dutenez joan aitzinerat so, gorpu bakar bat nola. Baina karrikarat jalgi dira emazte, heldu, gizon zenbait eta haurrak, irriz, algaraz, oihuz, oro harramantza, eta badira oraino etxeko leihotik txaloka ari diren horiek ere, eta, abantzu nehor ohartu gabe, begi kliska bat handik harat eta sobera nabarmendu gabe goitituriko esku bat hemendik honat, bistan da hunkidura ezin atxikiz desfilatzen dutela 49. erreximenduko soldaduek. Emazte batzuek ezarri dizkiete arrosak edo lore buketa osoak arma kanoiaren puntan soldadu batzuei, eta lehertu da karrika: «À Berlin!», «Biba berrogeita bederatzigarrena!». Soldaduek, harramantzek kuraiaturik, hegan bezala egin dituzte treneko urratsak, arteka gazte ausart batzuek pausoa hausten dutela emazte gazteen multzoei «Adio, ederrak!» edo galaikeria gordinagoen errateko goraki, emazteak irriz ezarriz. Liberte plazan, Saint Espriten, zubietan... jendea bada xoko guzietan, aro beroaren pean soldaduei adio egiten, aterkien pean zenbait, aro astunetik babesteko. 49. erreximenduko soldaduak badoaz aitzinerat, beroa ezin eraman, kapotako botoiak askaturik eta izerditan halere, uniformearen mahukarekin lehortzen dituztela kopetako izerdiak arteka, baina irri handietan halere. Bizkotxak, musuak eta txokolateak sortu dituzte ikusleek, soldaduen kapotatarat jauzi egin dute haurrek. Sol Mi Mi Do Do Sol Sol Sol, Sol Mi Mi Do Do Sol, badoa infanteriako 49. erreximendua. «Berlinerat!». «Biba Frantzia!». Garan sartu direlarik, trenek berdin «À Berlin!» izkiriaturik dute kanpo aldeetan, harridura ikur eta guzi, kuraiaren bizkortzeko. Luzienek, Etxegaraik, Salaberrik eta Silvainek zin bat egin dute bagoietarat igateko oren horretan, Gillen printzea kako batetarik zintzilik behar dutela ekarri Baionarat. Trenetan zamatuak partitu dira soldaduak. «À Berlin!». Gaur izan da partida handienetarik, baina bart ere baziren soldaduak abiatuak, eta heldu den asteartean eta asteazkenean ere partituko dira bertze zenbait. Soldaduak, soldadu gehiago: gerla da. «À Berlin!». Zenbat jende, zenbat gazte, ezin jakin. Milaka. Guziak. Egun zenbaiten buruan hutsik izanen da Baiona, gizon heldu, elbarri, espainol, langile behar eta gisa horretako batzuk kendu eta, emazteak, atso-agureak, haurrak, eta abere batzuk baino ez dira izanen Baionan: abantzu gizonik gabeko hiri bat. Gizonak trenetan sarturik baitoaz, zamariekin, «À Berlin!», gara handietan metatzen diren jendeketa gaitzei, bideetarik eskuak goitituz beha baratzen direnei, etxeetako leihoetarik gerriz goiti atera eta besoak inarrosten ari direnei, trenbide bazterretarik adio egiten dieten guziei garrasika, gelditzen diren garatan lore, esne, fruta, freskagarri eskaintzen ari zaizkien neskatoei beha. Bagoietan bero itoa eta zaldien usaina metatzen doaz. Bi egun oso eginen dituzte gisa horretan. Baina etxetik eraman jakiak, arno xahakoak, tabako belarrak, museko kartak eta, batik bat, trenbide bazterretan eta garatan agurtzera jalgitzen direnek bihotz berritzen dituzte soldaduak, etsai alemanaren kontra kuraiaturik garrasi egiteko: «À Berlin!»,

 

 

baina «À Berlin!» heldu aitzin gelditu dira. Goizean, bagoiak esku zaflaka joz esnarazi dituzte, eta orduan ohartu dira arrastatua dela trena. Ontsa ahantziak dira aitzineko bi egunetan hustu arno xahakoak. Eta ganibetak eskuan funditu gasnak, azal eta guzi. Elkarren beroan esnatu dira soldaduak, bagoiei kanpotik kolpeka hasi zaizkielarik. Martzel Garikoitzek eta Katxok, jostalari, «Berlinerat heldu gara, mutilak, prest zizpak», irriz diotelarik. «Atera ganibetak, alemanei bizarraren egiteko tenorea da». Hartu zakuak bizkarrean, beren kinkaileria guziarekin —platerak, kantinplorak eta gainerateko trasteria guzia, zenbat kilo gizon bakarrarentzat—, eta jautsi dira. «Ez da, bada, gerla hots handirik xoko hauetan», ernegatu da Luro. Bista heda ahalako zelai batzuk, zekale, olo, beterraba, lur-sagar, ogi... zernahirekin landetan; mendirik ez, baina oihan handiak eta bide xendra zuzenak: eta, bide saihetsetan, aranondoak, sagarrondoak, akaziak. Bazter berrien ezagutzen ari dira soldaduak, baina fite ezarri dituzte formazioan. Fitsik ere azaldu gabe abiatu dira 49.eko soldadu guziak pauso bakarrean. Aitzindarien hitzik gabe, norat daramatzaten jakin gabe, egin dituzte hiru egun oinez. 49. erreximenduak bidean galdu du lehen soldadua, François Latournerie izena zuen gizon bat. Bero kolpe batek hila da: jauntzi guziak, berrogei kiloko zakua bizkarrean, zizpa, kartutxoak, agorrileko bero astun hau, eta kilometroak eta kilometroak eginarazi dizkiete lau egunez. Txori bat bezala zorabiatu eta jausi da bidean. Itorik. Julien Bizkai, Adolphe Berdeko eta ondoan negarrez dituen adiskide batzuei gorpua jasotzeko manatu die Leon Iturri kapitainak zalditik jautsi gabe. Lehen heriotza horrek ez du soldaduen kuraia sobera histu, bideari lotu zaizkio berriro, eta oinezko laugarren egunarekin heldu dira Toulerat, agorrilaren 12an. Zizpak askatu gabe lurrean lo eginen dute gaur gauean ere. Han harat lehen kanoikadak entzun dituela erran du Martzelek. Lotinant bati galdegin diote. Pont-a-Mousson aldetik obusak lehertzen ari, han dira beraz alemanak; han, su zelaiak. «Puzkar horiekin behar ote gaituzte kikildu?», Martzel ez izaki aise lotsatzen den horietarik. Irriz ezarri ditu 49.eko gizonik gehienak. Bada, ordea, zizpa eskuez estekatu eta gaua lo hartu ezinik egin duen bat edo bertze. Lotinantak beilari ezarri du Martzel bera. Gaurtik aitzina beilariak beharko dituzte txandaka ezarri, gaineratekoek lo poxi bat egin dezaten. Gaurtik aitzina, ezin jakina izanen da erasoa nondik eta noiz jausiko zaien. Handik harat erabili dute erreximendua hurrengo egunetan, kanoikadak sumatzen bai, baina su hegirik dastatu gabe. Kuraiosenek egin dituzte espantu zenbait, noiz behar duten eta suari lotu. Heldu da notizia Belgikarat hedatzen ari dela alemana. Trenerat itzuli dituzte 49.eko gizonak, beraz, iparralderat garraiatzeko. Domremytik hurbil iragan direla ezaguturik, Jeanne d'Arc sainduaren herria dela oroitarazi du Adolphe Berdekok eta Etxeber erretoreak galdegin du otoitz bat egin diezaioten Frantziako sainduari; gutiz gehienek egin dute otoitz hori isilean, erretoreak gidaturik. Sobera sinestun ez izaki, Manex Donetx eta Gaston Delvalle izanen dira bagoi honetan otoitz egin ez duten bakanetarik. Isilik egon behar, ordea; nehork jakin ote dezake, tenore honetan, Jeanne d'Arc beraren laguntza ere ez ote duten beharko. Fourmiesen jautsi dituzte bagoietarik, eta agorrilaren 20arekin heldu dira Hestruderat, Belgikan. Leon Iturri kapitainak azaldu die Belgikako lurretan sartuak direla. Bide ertzeko baserrietan biderat jalgi zaizkie jende xehe batzuk, arras umilak, arrautza, burra, etxeko ogia eskainiz. Martzelek eta Txantxinek konbentzitu dute etxeko jaun bat, sos batzuen truke arno xorta bat eman diezaien xahakorat. Egun bakarraren buruan heldu dira Thuin alderat; fite horregatik, bi kilometrotan hedatu dute erreximendua. Txantxinek notiziak ekarri ditu 57. erreximendua ere han harat dela, euskaldun anitz baitira haien artean ere. Ezagunei adio bat egitera joateko baimenik izanen ote litzatekeen galdegin nahi du, baina frantsesez egiteko lotsatzen, Katxori galdegin dio lotinantari galde diezaion. «Zoaz zure tokirat! Falta larria duzu postua uztea», ihardetsi dio lotinantak, mustatxa handiko gizon fier batek, Katxori, eta Katxok halaxe itzuli dio euskarara Txantxini. «Bo, Thuineko su zelai horietarik arteka heldu diren tiro bakan horiek ahantzirik, zer da bada adiskideei kuku egitea memento batez?». Ernegaturik itzuli da Txantxin bere tokirat. Adolphe Berdeko eta Julien Bizkai estonatuak dira, ordea, Txantxinek frantsesez ez dakielako, eta galdeketa gupidagabea egin diote, frantsesez naski, gaizoari lo hartzen ere uzten ez diotela. Lurreko bere kamantzatik jalgi eta Katxok behar izan ditu bi jaun horiek isilarazi, biharamunean ezarriko dituztelako zizpekin tiroka zubi bati buruz, eta lo poxi bat egin nahi lukeelako,

 

 

biharamunean ezarri baitituzte zizpekin tiroka zubi zirtzil bati buruz. Deus ez lotsatzekorik. Hilaren 23arentzat baita iragarria oldarra, suzko bataioa izanen dute 49.eko soldaduek. Gau guzian begiak sobera hetsi gabe, goizeko bederatzietako baionetak zizpetan ezarri eta, hiru orenez zain izan dira. Eguerditan hasi dira frantses kanoiak orroka. 12:45ean heldu da partitzeko manua. Oihan batetarat sartu dira 49.eko soldaduak, aleman obus batzuk buru gainerat zapartatzen zaizkiela. Lehentxeago leku beretan zapartatu obus frantsesek hil dituzte husar batzuk beren zaldiekin, oihan honetan berean. Hor dira lehen gorpuak, husar hilenak beren kasko zorrotzekin, eta zaldi lehertuenak. Gorpu horiek beren tokietan utzi eta oihanetik jalgi nahi izan dute aitzinerat, baina aleman mitrallusak lotu zaizkie, eta erretretan behar izan dute itzuli, heriotzaz gomutatzeko sobera astirik gabe. Kartutxoak urez trenpatuak dituztenez gero, kexu dira soldaduak. Thuin hegal batetarik herrestan iraganik, zubi bat pasatu, eta tiroka lotu dira zizpekin su eta gar, baina berriz egin behar gibelerat, halako hirurekin ihardetsi baitiete alemanek. Txara batean babes harturik, 15:00etan heldu zaie aitzinerat egiteko manua, berriz ere. Kartutxo trenpatuak baztertu, zizpak ahal bezainbat kargatu, eta abiatu dira. Aitzinatu dituzte urrats batzuk, herri ttipi batetarat sartzeraino. Baina alemanak lotu dira kanoiekin bazter guziak porroskatuz, orroka, eta mitrallusekin bazter guziak zulatuz, karraskan. Frantses kanoiek, bertzalde, lagundu baino kalte gehiago dute egiten: kapitain frantses bati lepoa epaitu diote, ofizier bat itsuski kolpatu bertzalde. Artean Martzel bete-betean jo du aleman mitrallus horietarik batek, eta sabel guzia zirtzikaturik jausi da Txantxinen altzorat. Gibelerat egiteko aitzindarien manua sobera berant heldu da Martzelentzat, eta negar egiteko astirik gabe baztertu du Txantxinek Martzelen gorpua altzotik, gauean gorpuaren xerka itzuliko dela zin eginez. Gauean heldu da bertze manu bat ordea, baionetak zizpei ezarri eta gorputzez gorputz borrokatzeko. Ez da astirik gorpuak su zelaitik altxatzeko, eta jalgi dira 49.eko soldaduak oldarrean, baina halakoa izan da alemanek igorri arrapostua ezen erretretan gibelatzeko manua emana izan baitzaio 49.ari abantzu segidan, nahiz manurik gabe ere gibelatzen hasiak ziren soldaduak, jausi direnen izenez galdegiteko hatsik gabe, Katxo ere granada batek tanpez lehertu duela ohartzeko astirik gabe. Alemanen turutak aditzen dira gauez, 49.ak erretreta hasi duelarik, Martzelen, Katxoren eta bertze ehunka batzuen gorpuak bertan utzirik. Nehor ohartu ote da ere Baionan sozialisten kexu zen Adolphe Berdeko horren gorpu bizirik gabea su zelaian gelditu dela? Etxeak sutan dira, eta bazterrak oro obusek erraustuak. 57.ak han harat zerbait eutsi bide dio alemanen oldarrari, baina, gainerateko lerroak jausten ari, gibelerat egin eta lerro sendo baten ezartzeko tenorea da haientzat ere. Ez da astirik hilen zenbatzeko, idazkariek eginen dute lan hori gauean, eta soldaduak badoaz beraz erretretan, hamabortz egun lehenagoko kantu eta harramantza loriosak ahantzirik, badoaz gibelerat, gibelerat, eta gibelerat oraino, ilargi handi zuri-zuri batek bidea argiturik, aitzindariek loarentzat ere pausurik hartzen uzten ez dietela. Badoaz gibelago, oren laurden guziez kamioiak iragaten zaizkiela saihetsetik, frantses kanoiak ere erretretan eramanez, alegia eta guzia galdua balitz bezala. Badoaz beraz 49.eko soldaduak, eta egunak dira badoazela gibelerat. Badoaz husturiko herrietatik barna, behiak basa ageri dituzten pentzeetan barna. Alde eginak dira jendeak oro Parisi buruz, alemanen oldarra geldigaitza izanen dela igarririk. Julien Bizkaik atzeman ditu lau txita oilorik gabe. Rene eta Joseph Ameztoi anaiei erakutsi dizkie, eta haiek Etxeber erretoreari erran diote. Txita bedera izanen dute afaltzeko, su bat pizterik baldin badute; gordean beharko dituzte frijitu, gainerateko soldaduek ikus ez dezaten eskuratua duten altxorra, eta alemanei ez diezaieten tokia salatu. Herriak hustuak eta jakiak urrituak, baina edatekorik eza da gaitz handiena. Etien Bonnat alditxartua izan da hiru egunez, bide bazterreko ur zipu batetarik edan izana kausa. Sukarretan eta kakeriaz leher egina behar izan du segitu erretretako martxa. Bai baitoaz 49.eko soldaduak gibelerat, eta gibelago oraino, etenik, atsedenik eta pausurik gabe, ezta ura edateko ere; non dira Baigorriko arno onduz bete xahako haiek? Leon Iturri kapitaina zaldi gainean iragaten ikusi dutelarik, soldadu landes batzuk «Traidore zikina!» garrasika eta sakreka hasi zaizkio; Manex Donetx eta Ameztoi anaiak fite lotu dira protestara, «Obusik ere ez dugu baina!», «Traidoreak! Non dira munizioak!». Kapitaina fite lekutu da, handiagorik suerta ez dadin. «Hiltzerat eraman gaituzue!». «Non ziren gure balak?». «Zer gertatzen da?», galdegin dio Txantxinek Manexi, irain horiek ulertu ezinik. Soldadu gosetuak, soldadu egarrituak, beti erretretan doazen soldaduak, traizionatuak sentitzen hasiak direnak. Jean Bordagaraik atzeman du beterrabazko soro bat, eta hari esker engainatu dute gosea, eta gosea baino, egarria. Eta abantzu okerrago dena: gau honetan erreximenduaren bandera galdu da. Nehork ez baitaki non-nola gertatu den. Sebastopoleko eta Solferinoko guduetan egona zen 49.aren bandera zetazkoa, oihal saindua, aitzindariak musu eman zion hura! Sei egun gibelerat herrestan, egun oroz oinez eta gau oroz alemanen izuz lo hartu ezinik, sei egun urik gabe, eta makurrena gertatu da: erreximenduaren bandera galdu. Suntsituak dira 49.eko gizonak, hiru aste aitzinago Baionatik kuraiaz beteak abiatu ziren haiek, lore buketak armen kanoietan. Marne ibai handirat heldu direlarik jaso dute arrastatzeko manua. Beharrik. Arno Suertegaraik erran duen gisan, bertze bi asteren buruan Saran izanen baitziren hola-hola segitu izan balute. Eta, 49.eko soldadu bat edo bertzek pentsatu duenez, Saratik bertze alderat egun bakarrean iraganen baitziren. Sardina hotz batzuk janik, fite prestatu behar izan dute defentsa. Beti urratsa urratsari segika dituzten botxe tzar horiei tiroka aritu dira bi orenez. Mitrallusak hasi dira kafe erroten gisa karraskan. Alemanek bi batailoi igorri dituzte atakadan. Eta atxiki dituzte. Orai armak berotuak eta eskuak bolboraz belztuak dituzte 49.eko gizonek. Erauntsia amaitu delarik ohartu dira Mutrustegi anaietako bat, Xalbador, hilotz jausia dela; tiro batek garbi zeharkatu dio burua, kopetatik sartu eta garezurra zeharkatu; muinik ere ez agerian, odol xirripa bat bertzerik ez, eta kepia zulaturik gorpuaren ondoan. Begiak hetsi dizkio Luzien Laviellek. Andariek jaso eta han gibelago lurperatu dute, bide bazter batean. Handik aitzina hola-hola eutsi diete alemanei, Marneren parean hartua duten tokian. Gibelerat gehiago ez egiteko manua jaso dutelarik, alemanei noiz oldartuko zain dira orai, erretretan joateaz aseak. Etxeber erretoreak jakin du Pio X.a aita saindua hila dela, eta kardinalen konklabea fite elkartuko dela aita saindu berriaren hautatzeko. Kardinalek aita saindu on-on bat hauta dezaten, otoitz bat galdegin die Etxeber erretoreak 49.eko soldaduei. Etxetik eraman medailak eskuetan dituztela otoiztu dute, aita saindu berriak izan dezan botere gerla bururatzeko eta Frantziaren interesak atxikitzeko. Handik hiru egunerat ezagutu dute Benedicto XV.a izanen dutela aita saindu berria, eta, batak bertzea eragin balu bezala, bi egunen buruan heldu da Joffre jeneralaren manua: hezur eta bizar baizik ez diren soldadu hauek osagarri guziekin beharko dute aitzinatu biharamunean, alemanen fueratzeko beren lurretaraino. Buruilaren 6an hasirik oldarra, 8an suan sartu dira 49.eko gizonak. Arratsalde guziz oldar batean arizanik, gauean La Meuliere eta Auvois-Milos ibar muturrez jabetu dira. Kuraia pitta bat hilzorian ziren gizon hauentzat. Julien Bizkaik beso bat galdu duela, hori baizik ez, obus bat zapartaturik. Kanpainako ospitalerat eramanik, ez da segur bizirik heldu den. Bidean odolusturik hil dela entzun dute batzuek, oraino ebakuntza larria egiten ari zaizkiola, bertze batzuek. Biharamunean berriz aitzinerat egin dute, eta hurrengo egunean aitzinago. Vaux, Unchain, Beaurieux, Craonnelle eta, Plateau de Vauclerc aldeko eiheratik aitzinerat, Craonne azpian guduan lotu dira alemanekin. Harrobietan iltzatuak bezala baitira botxe tzar horiek, hiru egun egin dituzte gudu gorrian, ez goiti, ez beheiti. Luzien Laviellek izan du heriotza bat hitsa gudu horietan. Oldarrean abiatu, kanoi peza batek zango biak lehertu, eta bi suen artean bizirik baratu da oraino. Sua atertu delarik eta lainoa altxatu, nehoren lur horren erdian agertu da Luzien, odolusten ari bi zangoetarik, pleinuka eta heiagoraka, soldadu adiskideei tiro bat galdatzen otoi. Martin Etxegarai, Jean Salaberri eta Silvain Tucoulet adiskideak zoratu bezala dira ikusgarri horrekin eta belarriak estali dituzte Luzienen harramantzarik ez entzuteko; otoitz eroei lotu dira zein bere kautan. Oren baten buruan, ikusirik alemanek ez dutela beren lana finitu nahi, Bernat Agirrek eskaini du bere burua. Zizpa zuzen ezarririk, kopeta erdian eman dio errematea Luzieni. Eldarnio batean oraino, Luzienen adiskideek ez dute asmatu eskerrak bihurtu behar ote dizkioten Bernati, edo muturreko bat eman, baina onartu dute, azken buruan, su zelairat gorpuaren xerka abiatzea alferreko lana litzatekeela. Esker on mezuen esperantzarik gabe itzuli da Bernat bere tokirat, egin beharreko lana bururatu duenaren trankiltasunaz. Von Kluck jeneralaren armada harrobietan tinki lotua izaki, hiru egunez eutsi diolarik oldarrari, Frantziako Armadak zehe bat gibelago igorri ezin duelarik, lohitu da gerla. Alemanek nola, lurrean erreka zuloak egiteari lotu zaizkio frantsesak ere. Erreketako gerla hastera doa. Buruilaren 16an zuloetarat sartu dira 49.eko gizonak, satorren gisa,

 

 

eta ahamenik ere gabe ahoratzeko. Azken txokolate zatiak, hilabetez gordean eduki dituztenak, milikatuz jan dituzte Filipe Lurok eta Manex Donetxek. Etxetik ekarri azken tabako hondarrak elkarrekin pipatu dituzte eta, gero, itxaron egin behar, noiz helduko ahoratzeko zerbait, eguna joan eta eguna etorri, eta buruilaren erditan baitira honezkero, Ganix Laxageri kaskoan sartu zaio onddo sasoia dela eta behar duela itzuli bat egin han gibelean, artillarien lerro hartarik gibelago den baso batetarat. Burua nahi badu bere lekuan atxiki hobe izanen duela ez menturatu, Manex Donetxek ihardetsi. Baina bertze konturik ez baitu Ganixek, kargu hartu dio Manexek azkenean, eta kasailan hasi dira biak; Filipe Luro tartean sartu ez balitzaie eta memento horretan erreximenduko orga agertu ez balitz, handiagoa piztuko zuten. Ogi puska zenbait eta haragi zati batzuk aurtiki dizkiete orgatik, 49.eko soldaduek harrapazka ehizatu dituztenak, ahalaz airean eta ezinez lurrean. Histurak eta kasailak utzirik. Orai aizkora baten galdeginez ari da Rene Ameztoi, «Aizkora txar bat ez da nehon?», ogia ebaki ezinik. «Hortzak nahi dizkiguzue hautsi?!», Gaston Delvallek amorruz, hartu eta ogia aurtikitzen diela orga gaineko soldaduei. «Bo! Haragia on balitz bederen!», segitu zaie Etien Bonnat, ehizatu berri duen haragikia aurtikiz lohitarat. «Ez baduzue apairurik nahi, ontsa zarete!», arrapostu egin die orga gainetik soldaduetarik batek, euskara garbian, ogiak aurtikitzeari utzi gabe: «Izanen dute apairua arratoiek!». 49.ari gaur goizean errefortzu heldu zaizkien hiru hazpandar badira konpainian, ikusten ari direnari zur. Sardina latak eta gasna zatiak badituzte oraino beren zakuetan. Txiletik jin berriak dira; gerla hastearen berri izan eta, ontzia harturik sartuak ziren Parisen. Goizean goiz heldu dira, tenore egokian, eta orai begiak ezin emanik daude hirurak, xoko batean, beren sardina latetarik jaten, ogi eta haragi zati horiengatiko borrokan sartu ere gabe, estonatuak. Lurok galdegin dio haietarik bati, gasna zati bat emanen ote dion. «Ellande Arraiet, Hazparnekoa», aurkeztu du bere burua heldu berriak, gazta zati bat eskainiz. Lurori azaldu dio Txilen izan den urte horietan ahaztu zaiola lehendik zekien frantses doia, espainol pitta bat ikasi haren orde. Orai lanak, aitzindarien manuak ezin ulertuz hor baitabil Ellande gaizoa, eta azken buruan adiskidantza egin dute biek. «Hara, harritua bazara ikuskizun honekin», esplikatu dio Lurok: «Fitsik ikusi gabea zara oraino. Emanen dizkizut bi aholku: manuak oro isil-isila bete, ez goititu burua zehe bat, eta kakotu errekaren arteketarik iragatean. Aitzindariren batek nehoiz deus galdatzen badizu, jar zaitez tente, eta erran Oui guziari. Beldurrik ez! Itzuli eta oren erdi batean ahantzi izanen ditu manatuak oro. Kaporalei behar diezu kasu eman, sarjantei ere, baina horien ulertzeko ez duzu arazo mikorik ere izanen, euskaldunak dituzu eta gutiz gehienak». Azalpenak zigarro bat merezi duela erran dio Lurok, eta dudatu gabe eskaini dio tabako zerbait Ellandek: «Arnegitik ekarriak nituen tabakoak oro fundituak ditut», azaldu dio Lurok. Hiru egunen buruko, Lurorekin solasean zainak sosegatu eta, gaurko harridurak ahantzirik izanen ditu Ellandek, ikusiko dituelarik gizon hauek berak lohi artetan haragi mutxitu horiek xerkatzen, bi egun lehenago harrika aurtikiriko ogi kozkorrengatik arratoiekin borrokan. Har meta bat pittaka irensten ari zen haragi mutxitu horretarik jan du Xantiago Fourcadek ere. «Goseak hil baino nahiago dut, bada, begiak hetsita jan haragi zati eder hau». Beheitiko lotsemangarri batek eraso dio. Ez da hil, halere. Lurok eskerrak ematen ditu baduten tabako funts berri bat. Bart gauean beilan zela, soldadu aleman batek atzeman du Ganix gibeletik, eta lepoa egin dio; zerri bat odolusten den ber gisan kalitu du eta bet-betan finitu zaizkio onddoen biltzeko esperantzak Ganixi. Eskerrak Bernat Agirrek garaiz atzeman duen botxe tzar hori, ganibeta sastakatzeko urdailean. Luro ere lokartu ezinik baitzen oren horretan eta gertatuak oro ikusi baititu, Bernat eta bien artean partitu dituzte Ganixen tabako belarrak. Pipa eta pipa, orai badute gosea zerekin engainatu bederen; pipa eta pipa, tabakoa agortuko zaien beldurrik gabe, biharamunarentzat deus gordetzeak zentzu handirik ez duenez su zelai hauetan,

 

 

nahiz eta biharamunak ere ezustekoak sortzen dituen arteka: pipa eta pipa ari ziren egun horietarik batez heldu baitzaizkie etxetik lehen letrak, gaur berrogei egun edo gehiago partitu zirela Baionako garatik. Letrak dakartzan sarjantaren aitzinetik heldu da letren berria errekarat. Isiltasuna manatuz sartu da sarjanta, letren zakua lohitan herrestatuz. Hegaldaka badoaz letrak, eskuz esku, sarjantak zakutik atera eta izena irakurri ahala. Ateratzen du letra bat, «Denis Mendibe» erraten du apal-apala, adibidez, ondoan dituen bizpalau soldaduk aditzeko gisan justuki, eta letra badoa hegaldaka, soldadu batek hurrengoari emanik, Denis Mendibe dagoen lekurat heldu arte. Eta Denis Mendibek irekitzen du letra, ezpainei ausikika heiagora ez egiteko: anaia ttipienaren lehen komunioa izan zutela bertze igande batez eta aulki gehienak hutsik zirela, eta herriko emazte gazte guziak tristatuak bezala direla gizon gazterik ez delako herrian, hara zer kontatu dioten Denis Mendiberi. Elizaren aldare aitzinean xirio handi bat piztu eta hura itzaltzera ez uzteko deliberatuak direla Luhuson, Jean Bordagarairi; 200 familiak izena eman dutela egun oroz, goizeko zortzietarik iluntzera arte, lerro-lerro, oren oso bat egiteko elizan, beti soldaduentzat otoitzean. Gixunen adorazio bat ederra egin dutela, Bernat Agirreri; Jainkoa ahantzirik zutenak ere jin direla, ahuspez, beldurrez eta negarretan. Hiri anitzetan zizpekin ari direla zaintzen karrika buruak eta gazteluak, Manex Donetxi; gauez kate lodiak ezartzen dituztela Donibaneko bideetan, gaueko bederatzi orenak joz gero ez dela haizu karrikarat jalgitzea, etxean behar dutela egon guziek. Aleman tzar horiek, diotenez bezala, haurrak jaten ote dituzten, galdea Gaston Delvalleri. Letra erakutsi dio Manexi, eta irriz aritu dira biak, hotsik egin gabe irriz. Soldaduentzat diru bilketa bat egiteko kontzertua antolatzekoak direla Baionan, Jean Indari. Espainolen beldur direla, Xantiago Fourcaderi; aditua dutela Belateko lepoan barrena heldu direla karlistak, frantsesen kontra egitera, Beran eta Elizondon metatuak direla; defendatzekotan, emazteak eta oro soldadu moldatu beharrak izanen ote dituzten. Espainolak gerlan sartuko diren berri horiek guziak Ahuntz Karrikatik heldu direla, Paskal Etxekoparri; jaun erretorea aritua dela bazterren lasaitzen. Soldaduen hil mezu batzuk helduak direla Arnegirat, Filipe Lurori; ea guziak ontsa ote diren, haiek baietz, eta esperantza dutela Filipe su hegian izanen ez den, baizik eta gibeleko lanetan; Julien anaia lotu zaiola ikazkintzari, egunero eta Filipe anaiaren aire handiagoa hartzen ari dela, eta hasia dela ere tabako hazien landatzen. Saran ez dela gehiago pilota partidarik errebotean, Txantxini, eta gisa bereko kontuak Arno Suertegarairi ere; fite bururatuko al duten gerla hori, gazteak berriz errebotean jokatzen ikusteko desiratzen direla guziak. Ardiak ontsa direla, Battitta Garati; Caroline arreba arduratua dela haiekin, eta aise ikasten ari dela; Ezterenzubiko pentzeetarik jausteko tenorea izanen dela fite, osagarri onean direla guziak, eta ber gisan izatea opa diotela. Ortzegun guziez gerlako meza eginen dutela Milafrangan, Rene eta Joseph Ameztoi anaiei, jaso baitute letra bakarra bientzat; badakitela Paris eta hiri handi horietan, Baionan berean, dekadentzia baizik ez dela, jostetan eta bestan bizi direla emazte gazteak, elizaz ahantzirik, masailetan arroz hautsen ematen, ostatu eta zinema lohi horietan sarturik oro, eta gordetzeko otoi halako emazteengandik. Ellande Arraietek ez du letrarik jaso, Txiletik heldu berria baita, senideek ere justuki jakinen baitute non den orai berean. Baina gainerateko soldaduei, hilabete eta erdiz bihotza guziz gotortu eta beren buruez ahantzi diren soldadu hauei, negar malkoak jausi zaizkie uharka; iduri du errekako lohiak biderkatu direla negar horien guzien ur gaziekin, zotinka behar baitute aritu, alemanek ez dezaten fitsik ere aditu, eta iduri du, lohiak biderkaturik, erreketan zangoak barnago eta barnago lurperatu zaizkiela, lurrak irentsi behar dituela, lehendik abantzu lurperatuak bezala ez badira. Arrapostuak biharko galdegin dizkie sarjantak. Paper puskila batzuk eskuratzen entseatu dira soldaduak, badituzte lapitza zenbait, lumaren bat ere, trukatuko dituzte, baina bihar beharko dituzte letrak izkiriatu: iluna da, eta ez da haizu argirik piztea su hegian. Biharamunean ere ez dute xantzarik izanen: botxe tzar horiek aurtiki dituzte, gaua heltzearekin, suziri batzuk frantses armadaren erreken buruetarat, eta musker koloreko argitu dira errekak oro. «À la baionette!» garrasika dira hasi ofizierrak oro, «À la baionette!», lo zirenak ernaraziz, «À la baionette! En garde!», esnatzen ari diren soldaduei zizpak emanez eskuetara. Azkenak jalgi direneko erreketan barnatzen hasiak dira soldadu alemanak. Ellande Arraiet zulatu dute lehen-lehenik, sabelean. Aleman bizar handi bat izan da. Ukaldi bat eman eta baioneta sabel erdian sastakatu dio Martin Etxegaraik urde horri. Rene eta Joseph Ameztoi anaiak bizkarrez bizkar borrokatu dira, zizpa kargatu eta tira batak, baioneta inarrosi bertzeak. Gaston Delvallek, zizpa hartzeko astirik ez eta, pala batez kolpatu ditu botxeak; zenbat matrailezur ez ote ditu hondatu, eta zenbat hagin atera. Frantxua Etxeberri ostikoka moldatu da egokien, etsaiari muturren xehatzeko eta belaunen birrintzeko. Jean Indak baionetarekin sastakatu ditu dozena erdi bat behinik behin; azkenean, baina, soldadu aleman batek eman dio tiro bat buruan, eta bertan hilotz utzi du; fini dira lore jokoak Jean Indarentzat. Azken tiro hori eman eta erretretan joan dira alemanak, jin bezala, jauzi batez. Tokia defendatu du 49.ak, baina gorpu meta izugarriak daude erreka zolan, aleman eta frantses, oro nahastekaturik. Hilobia iduri du errekak orai, zerurat ireki hilobi handi bat, lurra gainerat aurtikitzea bertzerik ez falta. Izanen dute lana gorpu meta hau guzia gibelerat eramaten eta hobiratzen. Aleman tzar horien gorpuak hobiratu beharrak ematen du min gehien, baina lur azalean uztea kalte litzateke. «Arratoien alhatzeko utzi behar lirateke hor berean», kexu da Jean Salaberri. Preso atxiki dituzten hiru alemanak ezarriko ote dituzten lan horretan, baina kapitainak manua eman die eurek ditzaten hilak hobiratu, preso alemanak bakean utzirik. Gorpuak hobiratu aitzinetik, Requiem bat erran dute orok bat, Etxeber erretoreak gidaturik, arrosarioak errunez. Holetan, berria heldu da 249.eko gizonetan ere galera handiak izan direla, berri etsigarria, horretan ere bai baitira euskaldunak anitz, helduenetarik, aita familiakoak anitz. Apenas haien berririk izan duten Baionatik partitu zirenetik, eta heldu diren lehen notiziak ez dira loriatzekoak. Ibarnegarai diputatua ere han baita, ontsa behar du, hala errana dio bederen ofizier batek Jean Etxandiri. Pierre Agerrek, Kalixtrok, Mauletik Pauerako trenean kantari zihoan kuadrilla hark, menturaz, heriotza bizkor bat izanen zuten. Gaineratekoek bizirik irauteko manua dute, alemanak baino berantago hiltzeko zeregina, irautekoa. Aitzindariek manatu dute, bertzalde, jaketako galoiak oro behar dituztela kendu soldaduek. Etsaia aihertzen zaie sobera bizkor, ikusiz eta galoiak dituzten soldaduak nortzuk diren. Aitzindariek behar baitute beren burua babestu, manuak emanen dituen nagusirik gabe tropak beldurtu eta sakabanatuko liratekeelako, ofizierrak fite lotu dira galoiak jaketarik kentzera, lana bururatzeko hurrengo eguna argitu aitzin,

 

 

34.eko soldaduak aldizkatzearen egitera etortzekoak baitira ordurako. 12.eko konpainia batzuk ere heldu dira haiekin. Ingelesak han harat dira, iparraldean. Oren honetan, ekia jalgitzen ikusi eta, ez du iduri gauean zer infernu izan den erreka hauetan. Sakreka badoa Filipe Luro pausurat bidean, lurretik herrestan. Bigarren lerrorat sartu direlarik sarjantari galdegin diote letrei ihardesteko egun bat gehiago bederen izanen ote duten. Galdeginen duela, sarjantak arrapostu. Hirugarren lerrorat sartu direlarik itzuli da sarjanta Lurorenganat. «Ontsa da, baina bihar goizeko sei orenetako behar dizkidazue letrak eman. Eta badakizue ezin duzuela erran non zareten, ez gerlako berri bihirik eman ere, nehork ez baitaki letra horiek noren eskuetarat hel litezkeen». 49.eko gizonak oro lotu dira paperetan letra batzuen idaztera, lapitzak elkarri utziz. Buruilaren hondarrean euria pesiaka hasia dela. Errientak bezala apaizak ere gerlan ari direla. Alimaleko apairuak egiten dituztela, xanpain eta guzi. Errekak lohi direla, baina egunak labur iragaten direla. Frankotiratzaileak badirela alemanetan, baina nehoiz ez dutela beren helburua erdiesten. Alemanak tira eta tira arizanik, fite behar dutela funditu munizio guzia, eta orduan izanen dela frantsesen aldi. Ederrak direla toki hauek, eta penagarri dela aleman tzar horiek bazterren hola porroskatzea. Azienda bikainak dituztela xoko hauetan, gerla bururatu eta beharko direla hemengo behi batzuk eraman harat, ikusteko esnetako egoki diren; gasna hautak egiten dituztela hemen bederen. Anitz jende gazte badela batailoian, eta elkartasun handian bizi direla oro. Nork bere fantasiak eta mentsak ezartzen ditu paperetan, esna ametsetan balira bezala. Guti dira, horregatik, gerlaren makurrak behar gisaz azaltzera ausartzen direnak, zer eta, ofizierrek letrak ireki, irakurri eta etxerat igorri gabe utziko dituzten beldurrez; euskaraz izkiriaturik ere, ofizierren eta axuanten artean badira euskaldunak anitz. Hezur edo gezur, txokolate, zigarreta, izkiriatzeko paper, trikota eta galtzerdi pare eske ari dira guziak; egia erratea baino beharragoak baitituzte tenore honetan. Holetan, sarjantari letra horiek eman eta hirugarren lerrotik pausurat abiatu direlarik, jatekoak hobetu zaizkie 49.eko soldaduei, eta orduan bai atsegina: ogi handi baten erdia, kontserbako haragia, arno xorta bat bazkaritako. Arnoa ekarri dutelarik ontzi handi batzuetan, zer guduak, guziak harramantzaka, zein lehenka. Geroxeago salda bero bat ere eman diete, ogi zerra alimale batzuekin, eta kafe iduriko bat, beroa bederen. Azukrea xuhur izatea. «Bo, azukrea han beherean ere kariotua dela erran didate, beraz...», Henri Gramrandek berri eman, etxekoen letra oroituz. Bezperetako egunak akorduan, nehork ez du gaitzik gaurtik aitzina janen dituztenekin. Bada aguardient xorta bat eta tabako belar poxi bat ere arteka. Eta, batez ere, ez da alemanik xoko hauetan. Eta, anartean, sarjantari eman letrak badoaz zaku handi batzuetan, azaletan izkiriatu adrezetarat. Guziak helduko diren ez da segur. Zernahi gisaz, soldaduei urriaren lehen egunetan helduko zaizkie senideei letraz galdatu jaki eta jauntzi gutiz gehienak. Salbu eta Denis Mendiberi, gelditu baita paketarik gabe; etxe behar bateko semea izaki, gurasoak maizter, eta familiak orai aste batzuk galdu baitu etxea. Etien Bonnati amak igorri dion paketan, galtzerdiekin batera, postal bat heldu da, semeari erranez gaixo izan dela zenbait astez, baina osagarri onean dela orai, nahiz eta aroa hits den Baionan. Domingo Lopezi, berriz, jakinarazi diote izeba bat hil hurren duela. Elkar kontsolatu dute Domingok eta Denisek, negarrik egin gabe halere;

 

 

horregatik, menturaz lehendik egin gabeko negar isuri guziak atera zaizkielako, malkotan urtu dira Domingo Lopez eta Denis Mendibe Omiasainduko mezarekin, hazilaren 1ean. Bai eta 49.eko soldadu gutiz gehienak ere. «Sineste ttipi bat baizik ez zuen soldadu bat nintzen ni», aitortu zaio Gaston Delvalle Etxeber erretoreari: «Zure hemengo egintzak ikusteak eta gerlak berak errotik bertzelakatua naute». «Burla guti dabil heriotzaz, Jainkoaz eta apezez», erran dio erretoreak Mendiburu bikario gazteari: «Gerla hastearen sasoian egun guziez apezen jaten ari zirenetarik zenbait... ikustekoak dira orai: zein otoitz kartsuak». «Negarrez begiak hanpaturik, gainera», azkartu du Mendiburu bikario gazteak. Etxeber erretoreak mezan erran duelarik ebanjelioa, arima ez dela hilen, Frantziarentzat jausi martirrak sariztatuak izanen direla zerurateko orenean, zeinen kantu kartsua egin duten soldatu guziek, orok bat eginik, baita Gaston Delvallek berak ere: «Pitié, mon Dieu, c'est pour notre Patrie!». Suaren hegian musikariek ez dute haizu musikarik egitea, hirugarren mailan soilik jotzen ahal dute, pausuan, eta ez beti. Gaur meza handi bat egiteko eta kantuan aritzeko xantza izan dute hirugarren mailan, enborrez eta hostoz eraiki estalpe handi batean. Lehen mailan, mezarik ezin hartu eta, arrosarioei loturik otoitz egin dute soldadu anitzek, orobat euskaldunek, hildakoen ohoretan. 49.eko gizonek meza entzun eta beharko dute lehen maila horretarat igan. Goizaldeko lauretan lotuko dira guziak. Herronkan jarririk bata bertzearen ondotik, su hegirat sartuko dira, herrestan, erreka arteetako lohiak oro bilduz jauntziekin, eta uros soldadu alemanen batek atzematen ez baditu bidean. Oren pare bateko bidea egin herrestan eta erreketarat sarturik zutituko dira berriz. Soldadu baten garaiera dute errekek, baina leku zenbaitetan hain dira estuak, saiheska joan beharrak baitira; halere, errekek izan ohi dute metro bateko zabalera bana bertze. Tokirat heldurik, bakoitzak beharko du bere zakua ezarri, kartutxoak hartu, eta zizpa hegian ezarri, beila hasteko. Konpainiaren erdia beilan baratuko da, zizpei loturik, eta bertze erdiak errekak konponduko ditu, aitzur eta palaz. Goizeko hamarrak irian helduko dira sukaldariak, bi normalki. Zopa, haragi pitta bat eta ogia izanen dituzte apairu. Burdinazko tupina handi batzuetan ekarriko dute sukaldariek, ziri luze batetarik zintzilik sorbaldetan, eta tupina artilez estalirik ekarriko badute ere debaldetan izanen da: berdin hotz helduko da zopa lehen maila horretarat. Sukaldari gaizoek hiruzpalau kilometroz eraman tupina horien xerka joan behar dutelako soldaduek gibelerat, platerak edo godaletak eskuetan, eta berriz itzuli su hegirat. 49.ak baditu sei kozina eder eta garbi, beti sekulako usain ona barreiatzen dutenak, baina ezin asmatu jakien bero atxikitzen. Kozinari guziak euskaldunak dira, bizpahiru izan ezik. Erreximenduko soldaduek ez dute kexu handirik jakiekin azken asteetan. Ohituratu ere dira. Su hegian direlarik zopa hotz izanen dutela, bertzerik ez. Bertzela, lohitua bezala da gerla. Arteka goititzen da behar ez zuen maneran soldaduren bat, edo beilatokian higitzen behar ez zuen gisan, agertzen du burua, eta Helmut batek edo Fritz batek, beti baitira frankotiratzaileak prest alemanen erreketan, tiro egiten dio bururat, xuxen-xuxena. Halaxe kalitua dute Paskal Etxekopar. «Geldirik ezin egona baitzen gizona». Bernat Agirrek eman du ebazpena, zaku batzuen gainean etzanda, alemanen lerroei beha mitrallusa laztanduz. Nahiz eta soldadu batzuen ezinegona handitzen doan egunak iragan ahala, lohitua da gerla, hori da egia. Alemanak haien erreketan, frantsesak beretan, ez da bizi zeherik ere batzuen eta bertzeen arteko su zelai horretan. Paskal Etxekoparri, guziz itzali aitzinetik, begietarat jin bazaizkio ere etxeko karolinak, zumarrak, urkiak, sahatsak, sagarrak, gereziak, intxaurrak... ez da deus halakorik erreken arteko lur eremu horretan. Ez da ez arbolarik ez belar bihirik ere. Pinudiak bai, eta lizar bakan batzuk ere, ageri dira pentzeetan eta haitzetan goiti, han harat, kanoiek oraino zanpatu gabeko eremuetan. Erreken arteko gudu eremu horretan, ordea, ez da biziaren mikorik ere ageri, ez oterik, ez iratzerik, ez deus. Lurra, harriak eta lohia baizik ez, guzia kanoi ukaldika itzulipurdikatua eta zulatua, lohi putzu handiekin arteka. Alemanen eta frantsesen arteko lur hori gizonik gabeko eremua ere da, «No man's land», Denis Mendibek soldadu ingelesei ikasi dienez. Mr. Snoid delako batekin adiskidantza egina du pausuan, tabako finenetik baitu delako ingeles jaun horrek. Ez landarerik, ez lorerik erreken aitzinean, baina burdin hari elorridun batzuk, zurezko astoetara kateaturik. Alemanek badituzte beren burdin hariak, eta frantsesek ere bai berenak, batzuek bertzeenak erraustu nahi. Atakada prestatzen dutelarik, aleman kanoiek porroskatu eta zartatzen dituzte frantsesen burdin hariak, oldarrean erreketarat sartzeko bidea libro utziz. Frantsesek, aldiz, igortzen dituzte soldaduak binaka, gauez, aliketa batzuekin, burdin hariak eteten saiatzeko. Ez dira josteta atseginak, baina badira boluntario aurkezten diren gizonak. Zenbat holako diren suntsituak, alemanen burdin hariak eten nahiz. Frantxua Etxeberri ere halaxe zuten funditu. Txantxinek eta Arno Suertegaraik beilatokietarik ikusten ahal dute Frantxuaren gorpua oren honetan, aleman burdin hariei estekatua. Zenbat egun dira gorpua hor berean dela, haizeak jaka eta ileak astintzen dizkiola. Ikuskizun hitsa da, eta Frantxuaren adiskideek, Janpierra Berruetek eta Henri Gramrandek, galdatu dute, arren eta otoi, Frantxuaren gorpua ikusiko ez duten beilatokietan ezar ditzaten. Zernahi gisaz, su hegiko frantses erreken aitzinean ez ezik, gibelagoko erreka arteetan ere badira burdin harizko hesiak, etsaiak ez ditzan aise egin lehen mailatik hurrengo mailetako urratsak, baldin eta lehen mailan sartzerat kuraiatzen bada. Bertzalde, erreka kantoi guzietan badira beilariak, gau eta egun. Lehen bi maila horietarik gibelerat eraiki dituzte erreka hertsiago zenbait, eta han, saihetsetan, etxola batzuk, soldaduen eta haien tresnen gerizpe. Lehen erizaindegiak ere han dira, sobera urrundu gabe, lehen lerrotik 400 bat metrotara, soldadu kolpatuei lehen artak fite egiteko maneran. Kilometro bat gibelago da bigarren maila, hark ere aitzinean duela erreka bat burdin hariz moldatua eta mitrallusez zaindua. Haien gibelean dira kanoi ttipi ontsa gorde batzuk, eta gibelago, kanoi handien lerroak. Artekak, burdin hariak eta oztopoak badira oraino lerro batetarik bertzerat, ez baita komeni etsaiari lerroak aise iragaten uztea. Hirugarren maila, holetan, su hegitik hamabi bat kilometrotarat da. Han badira klase guzietako trasteriak: hein guzietako kanoiak, automobilak eta kamioiak, zamariak, tresneria metak, kozinak, ebakuntzetarako etxolak, zurezko aterpeak deskantsuarentzat. Honezkero guziz eta gehienik andeatuak dira inguru horietako herriak. Burdinbideak hirugarren maila horretaraino luzatu dituzte; baina badira bertze burdinbide ttipiago batzuk, bigarren maila arteraino igaten direnak, soldaduei hazkurriaren eramateko tren ttipi zenbaitetan. 49.eko soldaduek ontsa ikasia dute mekanismoa honezkero. Aste guziez lekuz aldatzen dituzte soldaduak: bana bertze, eta gerlako egun bakarreko ukaldiak nola diren, astebete egiten dute lehen mailan, bertze bat hirugarren mailan, eta hilean behin zortzi egun edukitzen dituzte bigarrengoan. Ez beti toki berean, lehen mailan direlarik ere suerta liteke eta errekaz aldatzea, maila berean. Jean Bordagarai zeharo ernegatzen dute aldizkatze horiek. Nahiago du beti toki berean ematea orenak eta egunak: «Aldizkatze horietarik batean gaituzte kalituko. Izanen dira pleinuak orduan». Erreketako guduari heina harturik, 49.eko soldaduei lanik nekeena bilakatu zaie bigarren mailatik lehenerat trasteriak garraiatzea. Lauzpabortz oreneko bidea da, leku bakarraren eta eguneko guduen arabera, kartutxo, granada, ur, arno upel, hazkurri, lasto, zura, burdineria, argi egiteko tresna, arropa eta bertze zernahi gai harturik bizkarrean, kiloak eta kiloak, mandoak iduri dutela, makurturik, zehe bat ere goititu behar ez dutenez errekatik goiti gorputz atalen bat sobera ez agertzeko, Joseph Ameztoiri gertatua ez errepikatzeko, alegia eta bizkarrean ageriegi zeraman ur zahagiari tiroka lotu zitzaiola Fritz bat, harik eta zahagia zeharo zirtzikatu zion arte. Ur guzia gainerat jausirik, trenpatua heldu zen Joseph, eta urik gabe. «Ileak balez orraztu ez dizkizun artean, uros», kontsolatu zuen Rene anaiak. Baina lohitua bezala da gerla bertzela, eta, noizbehinkako ezusteko horiek goiti edo beheiti, hiri ttipi baten iduri funtzionatzen du erreketako biziak, inurri bedera bere lanekin harat eta honat, nor bere errutinei lotua, nor bere aitzindariaren manuak betetzen, edo betearazten. Jean Etxandi, esaterako, usatu da neurketak egitera, ostalaria izaki bizi zibilean: kalkulatu du, batailoi batean badira mila lagun eta hartzen badituzte 700 bat metro zabalean, eremu horretan jausten direla, egunero, 25 aleman obus bana bertze. Horietarik hogei bat izan ohi dira arinak, airean lehertzen direnetarik, eta bertze bortzak, larriak, lurrean lehertzen direnetarik. Lehen mailako bigarren errekarat eta horiekin lotzen diren arteketarat aurtikitzen dituzte obusak maizenik. Eguneko, obus bakarra sartzen da erreken barnerat, bana bertze. Bizpahiru kolpatu dituzte astean, horien eraginez; hildako bat, hamabortz egunean behin. Arma tiroak gauez baizik ez dituzte egiten komunzki, salbu eta frankotiratzaile horiek, Fritz edo Helmut horiek, kasailan hasten ez badira. Ezagutu berri duen erizain batek lagundurik egin ditu kontuak Etxandik, gerla hastean kapitain baten axuant izana baita. Ez da erreximendukoa gizon hori, gibeleko erizaindegietan aritzen baita, baina andari ere aritzen denez kolpatuak garraiatzen, holetan ezagutu du Etxandik. Mariano Bethe du izena, eta Ainhoakoa da. Etxandiri kontatua dio gertakari bat, duela bizpalau astekoa: erreken arteko no man's land horretan hilak ziren hogei bat gorpuren biltzeko, oren batzuen su etena hitzartu zuten alemanek eta frantsesek. Ez zen hemen berean gertatu, iparraldean baizik. Jalgi ziren andariak, alde batekoak zein bertzekoak, beren oihal handiekin. Gorpu bat guziz xehakatua antzeman zuten, uniformea ere guziz erraustua, andari alemanak eta frantsesak elkarri beha baratu baitziren, gorpua nork behar ote zuen altxatu asmatu ezinik. Nolazpait adostu zuten gorpuak frantsesa behar zuela izan, hazpegiei eta heinari kasu emanik, aski ttipia iritzi baitzuten alemanetarik izateko; eta, orduan, andari aleman batek erran zion Marianori, nehoiz gerla bururatuko balitz, Alemaniarat behar zitzaiola bisitan joan. Holetan, bertze hitzik trukatu gabe, izena eta adreza izkiriatu zizkion alemanak paper zati batean. Etxandiri erakutsi dio oharra Marianok. «Suntsitu ezazu paper hori!», zainartu zaio Etxandi. «Aitzindariren batek atzemanen balu!

 

 

Aitzindariren batek atzemanen balu! Ez dakit zer eginen lizukeen!». Zenbat aldiz oroitu zaion Etxandiren esaldia azken orenetan Mariano Betheri. Lotinant batek kausitu du paper zati hori, eta fite heldu zaizkio galdeak Marianori: ea nor den Bertolt B. delako hori: ea nola heldu zaion eskuetarat paper zati hori, zeinak baitu izkiriatua Alemaniako adreza bat: ea noiztik ari den alemanentzat lanean: ea nori pasatzen dizkion informazioak: ea bakarrik arizan ote den azpilanean. Zainak airean dituela jarri da Mariano, ez du asmatu lehen aldian ihardesten, oroitu zaio Jean Etxandik erran ziona: «Suntsitu ezazu paper hori!». Mihia korapilatu zaio, arrastaturik eraman dute. Gerla kontseilua fite bururatu da. Azalpenak xeheago eman ditu Marianok; izan du bere buruaren defendatzeko kuraia, baina ez du aski argibide eman epaile militarren iduriko. Aleman soldadu horrek paperean izkiriatua zion «Keinen mann und keinen groschen» horrek zer erran nahi duen ere epaiketan ezagutu du Marianok, alemanez fitsik jakin ez, epaimahaiak bertzerik pentsatu badu ere: «Gizonik ez eta sosik ere ez». Gerlarentzat alegia: ez gizonik, ez sosik. Espia aritzeaz eta traizioaz akusaturik, hamabi laguneko pelotoi batek fusilatu du Mariano Bethe, eguna argitzearekin. Berri hitsa izan da Etxandirentzat, ulertu baitu isilik beharko duela gelditu. Eskerrak berriro ere su zelairat igorri dituzten, ez baita su hegiko karraska hau baino hoberik buruko errotaren azantza isilarazteko. Oulcheseko kaskoan ezarri dute erreximendua, eta bada lanik: alemanen bertze oldar bati iharduki behar izan zaizkio soldaduak, eta errekak egokitzen ari dira pala eta aitzurrez. Gogoz saiatzen ari da Etxandi, unatzeak lo egiten lagunduko diolakoan. Artean, ez botxe tzar horiek bakarrik, negua ere oldartzen hasi zaie soldaduei. Aitzineko lohi beltzekin nahastekatu dira lehen elurrak, eta estalki harrapaka dira ari soldaduak oro, surik ezin piztu dutenez su hegian. Xemartin eta Paskal Mutrustegi anaiak elkarri elur edo lohi bolak aurtikitzen lotu dira, halere, irri karkailaz eta jostetan ezarri baitute pelotoi guzia

 

 

azken buruan; iduri du ahantzi dutela anaiaren heriotza memento batez bederen, elur zuriarekin jostatuz. Elur zuriarekin batera bihotz altxagarri heldu diren berriak ere badira hazil honetan: adiskide errusiarrak guduak irabazten ari direla ekialde hartan, eta Pontoixeko eiherarat helduko direla fite atzerriko legioko soldaduak. Berri harrigarriena Janpierra Berruetek ekarri du, ordea. Soldaduen enkarguekin, bizikleta bat harturik, herrirat jautsia zen Thys bera baino bizkorrago, hortzetako pastak, paperak eta postalak, tabakoak, xaboiak... erosteko manuekin. Han non topo egin duen Donibane Garaziko kusi batekin, ofizierren axuant ari dena Estatu Nagusian. Xikito Kanbokoa sarjant izendatu dutela jakin du harengandik. «Xikito, bai, Enrike VIII.a Ingalaterrako erregeari xistera bat oparitu zion hura bera!». Sarjant izendatu dutela, alajaina, artean kaporal izan gabe. «To! Eta nola izan da hori, Janpierra?», galdegin dio Etien Bonnatek. «Xikito horrek pilotako xisterarekin ditu granadak aurtikitzen alemanei!». Sei kapitain aleman, zazpi lotinant, hamalau kaporal eta 200 soldadu ditu kalituak gisa horretan, Janpierraren errana sinestera. Fismetik ekarri arno xahar botila bat ireki du Silvain Tucoulet lotinantak, Xikitoren ohoretan topa egiteko. «Biba Xikito!». «Biba euskaldunak!». Gaston Delvalle zutitu delarik «Biba Frantzia!» garrasi egitera, zangoa trabatu zaio lohitan, eta belaunetaraino sartu. «Kotxino! Arnoa isuri!». Oinetako galduen ordainak badira nonahi, zernahi neurritakoak, hildako soldadu horienak guzienak, ez du arrangurarik lohiak irentsi zapatarengatik. Baina lurrerat isuri duen Fismeko arno xahar horren gisakorik nekez kausituko du eztainuzko edalontziak berriz: betiko lurrundua da. Filipe Lurok eskaini dio bere kaliza Gastoni. «Ez duzu nahi?». «Ez dut nik holako gezur batengatik topa eginen. 200 soldadu kalitu, berak bakarrik? Xisteraz granadak aurtikiz? Zoratuak zarete?». Zizpa hartu eta badoa Luro bertze xoko batetarat, bakean pipatzera. Baina beti eta beti bada zertaz arrangura, eta baztertua den alderat lehertu da obus bat, lur metak irauliz erreka barnerat. Tabako belarrak eskuetarik irauli zaizkionez lohitarat, sakreka ari da Luro, eta adiskideek baliatu dute zirikatzeko: «Futxo! Hurrengo letretan behar ditugu galdegin xisterak». «Bai, bai! Granaden aurtikitzeko Helmuti!». «Pilota partida gaitza izanen duzu!». Kapotatik lurra astinduz zutitu da Luro, kepia kendu eta inarrosaldi bat eman dio galtzen kontra. Isil-isila eseri da gero xoko batean. «Sukar ustelak eraman ditzala!». Damurik gabe pentsatu du, herrak gainez eginik, baina tarrapatan jin zaio Txantxinen aurpegia, hiru egun lehenago sukar ustel horrek jo eta hil gogor gelditu baita. Jean Salaberri ere gaitz handi batek joa egon da eri hiru astez bederen. Sendotu da, eta hor da, ezker hegal horretan, beilari, kolore hagitz onik ez badu ere. Bertan egon behar. Zutik, ahal dela. Gripe tzar batzuk eta erreumatismo batzuk ere agertu zaizkie soldaduei, deus larririk ez, baina txertoak eskas dira, garbitasunak urri, eta gaitz ttipiena ere konplikazio bihur liteke su zelaiaren hegi honetan. Galde biezaiote Jean Bordagarai gaizoari, zakur eztul batek itoa baitabil bertze xoko horretan, eskuak berotu ezinik estalkipean, guziz kukutua lur meta baten gainean. «E, to, Bordagarai, arto biltzen izanen dira Luhuson tenore honetan». Lurori begiratzeko burua goititu du estalkipetik Jean Bordagaraik. Irriño bat egiteko burua goititu, eta berriz itzuli da lehengo jarrerarat, estalkipean kukutuz. Obusa zapartatu eta, eguneko ezusteko larriena pasatua izanen dela pentsatuz laketzen ari dira; erran beharrik gabe soldaduen artean hedatzen diren pentsamenduak dira: «Bo, izan dugu gaurko errazioa». Etxeber erretorea agertu zaie, erreken itzulia egiten ari. Bihotz sakratuaren irudiak oparitu dizkie Lurori eta Bordagarairi, kapotan ezar ditzaten. Euskaldun anitzek daramate irudi hori kapotan josia, zorigaitzetik gorde ditzan. «Jostekoak ments...», erran dio Lurok erretoreari, eskerrak bihurtuz. «Badut zerbait hemen». Kutxa irekiz, erretoreak sortu ditu jostorratz bat eta hari mutur batzuk, bata bertzeari lotu dituenak. Poincare presidentea eta Ingalaterrako erregea tropen ikusterat jinen direla kontatu die Lurori eta Bordagarairi. «Eta dotore agertzeko oparitu dizkigu, beraz, bihotz sakratuaren irudiak», Lurok. «Ez da aise zuen gisako mando batzuen edertzen», Etxeber erretoreak. Barre egin dute bulta batez bederen. Bulta batez, ez luzaz ordea, harri kozkor bat jausi baitzaie oinetarat, alemanen erreketarik heldua iduri. Harri kozkor bat, eta letra bat hari itsatsirik. Zer deabru ote den ere, tentu handiz ireki du Etxeber erretoreak. Frantsesez izkiriatu letra baldar batzuetan, mezua: Ager zaitezte hildako lagunen ehorzterat, ez dugu tirorik eginen. «Zer izan da hots hori?», Silvain Tucoulet lotinanta heldu zaie, harriaren hotsa aditurik, Fismeko arnoz bete godaleta eskuan oraino. Erakutsi diote harria; erakutsi, letra. Irakurri du lotinantak. Tanpez, «Ez gara agertuko!», garrasi egin du aleman errekei buruz. Baina segidan: «Jalgi guziak kanporat, nahi baduzue gu ere ilkitzea!». Arno Suertegarairenganat gerturatu eta hondar zakuen arteketarik zerbait ikusten ote duen galdegin dio Silvainek. «Fitsik ez». Soldaduenganat itzulirik, «Ikusten duzue nolako jukutriak darabiltzaten aleman hauek?», erran die lotinantak. «Jauna...». Arnorenganat itzuli da berriz Silvain. Largabista zulo ttipi batean ezarririk, errekatik jalgi gabea badaezpada, lotinanta harriturik da: «Futxo!». Gizonak gibelean metatzen ari zaizkio lotinantari. «Zer da, jauna?». «Jalgitzen ari dira... Armarik gabe... Eskuak agerian... Izanen dira hogeita hamar bat...». «Zer eginen dugu, jauna?», Denis Mendibek galdea amaitu aitzin errekan goiti jalgitzen hasia da Filipe Luro, zizpa lurraren kontra xutik utzirik, eskuak agerian. Kapotatik tiraka hasi zaio Emile Intxauspe kaporala, baina ez du Luro lurrerat aurtiki. Alemanak ere jalgitzen ari, Lurori nehork tirorik egiten ez: Manex Donetxek ere goititu du gorpuaren zati bat errekan goiti. Elkarri beha lotu dira batzuk eta bertzeak. Elkarri behatu diote ere Manexek eta Lurok. Haize hotza ari du. Pittaka, gero eta gehiago dira gorputzak erreketarik ateratzen ari diren soldaduak. «Emadazue pala bat», manatu du Lurok. «Bertze bat hemen», Manexek. Biak jalgi dira erreketarik, mantso bai mantso, palak eskuetan eta alde guzietarat behatuz. Alemanek igorri dituzte bertze bi gizon, palaz hornituak haiek ere. Lauren artean ehortzi dituzte hor berean ziren bortz lagunen gorpuak, guziak frantses armadakoak baina 32. erreximendukoak, hil baitzituzten 49.eko gizonak su hegirat heldu bezperako oldarrean. Lurok eta Manexek ez dute ezagunik hil horien artean. Lau gizonak palaz hobiak irekitzen eta hilak haietan hobiratzen eta berriz lurrez estaltzen aritu diren artean, bi armadetako gizonak egon dira erreketarik jalgiak, isiltasun betean. Lana bururaturik, eskua elkarri eman diote lau hobiratzaileek, eta zein bere tokirat itzuli dira, mantso bai mantso. Ez da tirorik izan egun guzian gehiago. Bakea. Bertze sei egun eginen dituzte lehen lerroan oraino. Tiroren batzuk izanen dira egun horietan naski, ez oldar gaitzik ordea, 49.ak su hegiko lanetan txanda finitu arte bederen,

 

 

hazil hondarrean, Maizyrat igorri baitituzte pausuan, eta Baionatik heldu soldadu gazteak gehitu erreximenduari. Horien artean da Luis Bartaburu, gazte mehakoil bat, kantu zaharrak arras maite dituena; zakuan ekarri baitu soinu ttipia, ontsa inarrosi beharra izanen du hurrengo egunetan. Maizyko pausu egunak alegerak baitira: ostatuetan ausarki isurtzen da arnoa, eta emazteek uros erakusten dute papoa; bada tolerantzia etxe bat ere, zangartearen arintzeko. Lanak eta manuak ez dira desagertzen pausuan halere, martxak egin behar, armak garbitu, gimnasia egin, ikasgai berriak hartu... Baina, batez ere, ostatuan kartetan eta edanean aritzeko egunak dira Maizykoak, arrautza, arrain eta arno xuriz bazkaltzekoak, emazteei bularraldeak igurztekoak, granadekin arrantzan egitekoak, pilotan aritzekoak horma zaharren bat atzemanez gero. Soldaduen iritziko bizkorregi finituko dira egun alegera horiek, halere. Eguberri heltzear, su hegirat itzuli beharra da 49. erreximendua. Hartu zakuak, zizpa, kartutxoak, estalkiak, bizkarreko zakuak eta gainerateko trasteriak oro, eta abiatu dira, Eguberri etxean iragateko esperantzak Maizyn utzirik. Permisioneak izanen ote diren zurrumurruak hedatu dira, baina... Zurrumurruak. Urte berriarekin agian. Bederen izanen dute apairu bat hauta Eguberri egunez: xingarra, laranja, sagarra, xanpain botila lau lagunendako eta, gehiago dena, tabako belarra ausarki. Jean Salaberri, honezkero eztulak ahantzi eta guziz sendotua baita, Jean Bordagarai, Filipe Luro eta Martin Etxegarai eman dira elkarren ondoan, xanpain botila horren funditzera eta musean partida baten egitera, non eta hasi baitira alemanak beren erreketarik musika tzar batzuen egiten. Bernat Agirre, beilan ezarria baitzen, azantza hori ezin eramanik, tiroka lotu zaie, lortu duen bakarra izaki alemanak azkarrago kantuan ezartzea. Xantiago Fourcadek eta Silvain Tucoulet lotinantak erdietsi dute Bernat baretzea: xanpaina godaletean emanik, gibelatu dute beilari postutik. Luis Bartaburuk soinua atera du zakutik orduan, arrapostu ederrena musikaz emanen dietela pentsaturik. Maita nun zira kantatuz hasi dira, Andre Madalen-ekin segitu, Ikusten duzu goizean emateko gero, eta hola, aspertu diren arte. Gudu latza izan da: kantuari atxiki, edo etsaiak irabazi. 49.eko gizonek irabazi dute azken buruan, eta, ospatzeko, «Pipa hartu ta xoratzen naiz, arno edan ta mozkortzen naiz, moxkortu eta erortzen naiz, nola demuntre biziko naiz?», kantatu dute a capella eta goraki. Bibaka ospatu dute garaipen musikala. Handik bi egunetara Battitta Garat jin da, gibeleko lerrotik, albiste harrigarriekin: Ieperko eremu hartan, Belgika aldean, soldadu frantses, belgikar, ingeles eta alemanek egin dute adiskidantza bat Gabon eguneko goizaldean. Armak utzirik, hasi dira afixa batzuen erakusten, We not fight, you not fight diotenak batzuetan, Frohe Weihnachten diotenak bertzeak. Hasi dira jalgitzen erreketarik, ehortzi dituzte erreken arteko no man's land horretan egun luzez usteltzen egon diren hildakoen gorpuak, hasi dira senideen potretak elkarri erakusten, aguardient eta tabako belarrak partekatzen, segitu dute Eguberri egunez gisa berean, jatekoak ere elkarbanatzen dituztela, sartu dira batzuen eta bertzeen erreketan nahasteka, kantatu dituzte gabon kantuak elkarrekin, eta futbol matx bat jokatu dute azken buruan. Alde bateko eta bertzeko ofizierrek adostu dute gerla fini dela. Egia ote? 49.eko gizonek adi entzuten dute Battittaren kontakizuna. Zer egin? Pareko botxe horiek ez dute, bada, gerla finitzeko asmorik ageri. Egia da hilak lurperatu dituztela elkarrekin. Egia da ere Gabon gauean kantuan aritu direla, baina nor bere erreketarik jalgi gabe. «Ez da, bada, alemanen bertze jukutria bat izanen?», Bernat Agirre ez da fio. Silvain Tucoulet lotinanta, gutiago. Itxarotea deliberatu dute. Urratsik ez egitea da zuhurrena. Baina, badaezpada ere, hitzartu dute tirorik ez egitea datozen orenetan. Gaua iragan da, holetan, ezusteko handirik gabe. Goizean berriz beilariak aldizkatzen ari direla, zanpantzar bat jausi da erreka barnerat, alemanek airean igorririk. Fite bai fite, gerizpeetan kukutu dira soldaduak, alemanek igorri zanpantzar deabru hori zer den igarri ezinik. Beilarien postuak ezin baitira hutsik utzi, alemanek tenore hori balia dezaketenez oldarrarentzat, lotinantak Xemartin Mutrustegi igorri du zer demontre den ikertzera. Beilariaren postutik behatu eta alemanak geldirik direla segurtaturik gerturatu da zanpantzarrarenganat: Xemartinek baioneta puntaz ukitu duelarik zapartatu da, lastoz bai baina bonba ttipiz ere betea izaki. Zortzi puskatan zatitua gelditu da Xemartinen gorpua, eta zortzi puskatan zatitu zaizkio negarrak Paskal Mutrustegi anaiari ere. Gaineratekoek ez dute arrangurarako astirik: Silvain Tucoulet lotinantak fite berrantolatu ditu beilariak, eta Denis Mendiberi eta Domingo Lopezi manatu die zanpantzarraren eta Xemartinen gorpuaren hondarrak biltzeko. «Kamerade!» garrasi egin dute orduan alemanen erreketarik. «Kamerade! Putx, putx, putx!», barre egiten dutela infernuko deabru horiek. Akabo Gabonetako su-etena: Battitta Garatek ekarriko dituen berriek gero eta prezio ttipiagoa izanen dute hemendik eta aitzinerat. Gerla ez dela nehoiz bururatuko pentsatuz itzuli dira 49.eko gizonak hirugarren lerrorat, baina han bada berri on bat bederen, letraz galdatuak heldu zaizkie etxetik: trikota bat igorri diote Arno Suertegarairi Saratik; ardi larru pare bat Battitta Garati Ezterenzubitik; hiru gasna handi, bat behi esnez egina, Bernat Agirreri Gixunetik; bi galtzerdi pare, bat kotoizkoa, bertzea artilezkoa, Filipe Lurori Arnegitik. Holetan, erreximendu gutiz gehienak jaso ditu urtatseko opariak, handik eta hemendik igorriak. Bertzalde, partitu diete ere baselina, zangoen gogortzeko, hotzeriaren kontra. Jean Etxandik kontatu du Eguberri egun horietan zer duten egin soldadu batzuek baselinarekin: hamasei kilo emanak izan zitzaizkien, eta su eman zieten, gaitzeko argi batzuk eginez besta egunaren ospatzeko. Guzia erre zuten arte. Koronelak egin omen die otoitz bat atsegina, zer uste duten eta, bestarentzat jinak ote diren gerlarat? «Bestarentzat, hor ditugu Maizyko egunak», pentsatu du Battitta Garatek,

 

 

besta egunak iduri baitute Maizyko egun horiek, pausuan delarik 49. erreximendua. Maizyko egunak bai, izan daitezkeelako esperantza bat su zelaitik bizirik jalgiko diren. Maizykoak bai, ostatuetan, eta emazteekin. Baina fini dira Maizyko egunak ere. Urtarrilaren 25ean, 26an eta 27an alemanek egin dute oldar bat gaitza, eta frantses armadak tarrapatan utzi behar izan ditu Oulcheseko, Beaurieuxeko eta Maizyko lekuak. Fite iharduki dute frantses kanoiek, 75eko ttipiek zein 105eko handixkoek eta, ez lehen ukaldian baina, alemanak fueratu dituzte azken buruan. Erreketarat itzultzea lortu dutelarik 49.eko gizonek, ohartu dira ez dela errekarik gehiago. Lehenik aleman kanoiek, segidan frantses kanoiek, guziz erraustu dituzte. Hartu aitzurrak, palak, hartu zurak, oholak, hartu iltzeak, sokak, eta lotu lan dorpeari. Beharrik, frantses obusek aleman errekak ere zerbait zirtzikatu dituzten. Hurrengo egunetan edertuko ditu armada bederak bere azpiegiturak. Lan dorpeagorik. Eta zer kiratsa hedatu den erreka guzian: gizon hilak, ustelduak, kea, bolbora, odola. Mokanesak lepo inguruetan bilduz eta ahoak estaliz hasi dituzte lanak, gaua heldu delarik. Anartean, bateko eta bertzeko andariek jaso dituzte ehunka eta ehunka gorpu. Oihal zuri batean gurutze gorria margotua duten autoetan eraman dituzte, hilak ala biziak, sarri hilak bizitzat harturik, edo biziak hiltzat. Erietarik zenbat hilko diren, oraino, ospitalerat heldu aitzin. Han harat baratu dira alemanen eremurat sartzen ausartu diren soldaduen gorpuak, Frantziako Armadak oparitu kapota blu eta galtza gorriak lohiaren kolorez oro berdinduak; han harat baratu dira, lehendik bertze batzuk baratu ziren bezala; han harat, lehen bertze jauntzi batzuk gorputzez hustu diren ber gisan hustuko dira horiek ere, hari elorridunei estekatuak; han harat, adibidez, Bernat Agirre, ihesi zihoan botxe horietarik bat gibeletik sastakatu nahian ari zela mitrallus batek bete-betean jo eta xifritu duena. Heiagorarik eta marrumarik gabe hil da bederen, bat-batean. Heriotza bizkor bat desiratuko zuen Gaston Delvallek ere, baina ez du xantza hori izan. Obus ttipi baten leherketak itsuturik, lanbro artean galdu da gaizoa, eta hiru soldadu alemanekin tupust egin ustekabean. Eman diote tiro oin batean, segitu du lasterka kontrako alderat, zangoa herrestan, lanbro artean, eman diote bertze tiro bat beso batean, segitu du herrestan, beso eta zango bakarrez, lanbro artean, eta hari elorridun horietarik harago joan ezinik baratu da, hatsanka, animalia bat balitz bezala marrumaka, egun oso bat iduri izan duen oren batez. Lanbroa poxi bat aienatu delarik errematatu du Fritz batek. Dozena erdi lagun zenbatu ditu Silvain Tucoulet lotinantak konpainiako desagertuen eta hilen artean; esate baterako, Denis Mendiberen berririk ez du nehork. Nehoiz existitu ez balitz bezala desagertu da. Zaurtuak badira bertze zortzi, horietarik bi, larriak. Partea emanik, errekak poxi bat konpondurik, Etxeber erretorearekin otoitz bat egin hilengatik, lo egiteko tenorea da; beila eta beila arteko loaren tenorea alegia. Erreken arteko gordegi horietarik batean sartu da Filipe Luro, sardina hotz batzuen jateko, su ttipian zangoen poxi bat berotzeko, arno godalet baten edateko, lastoen hartzitzeko makilaz, etzateko, beila eta beila artean lo egiteko. Etien Bonnat, Jean Bordagarai, Arno Suertegarai eta Battitta Garat musean ari dira, Maizyn edanen duten arnoa jokatzen, Maizyn arnorik gelditzen bada, alemanek erraustua izanen baita guzia beharbada. Arratoien kirri eta karra ozenekin loak hartu ezinik, eztainuzko ontziei karraskan ari baitira deabru horiek, kanporat egin du Lurok, eta Clement Ibarrart antzeman du Luis Bartabururen zangarteari eskuak loturik, guziz santuak ez diren ukitu horiekin hatsanturik. Fite ezkutatu da Luro, hobe kasu ez ematea deitua izan ez den lekuan. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, hasi dira zenbait egunentzat etxerat joateko permisioneak ematen soldaduei; berriak eragin du poz bat gaitza, aste batzuen buruan epeltzen joan dena, permisioneak ez direlako nahi bezain fite heltzen, erreximendua ez hustekotan soldadu guti batzuek baino ez dutelako hartzen ahal permisionea aldi berean, eta nehork ez dakielako segurki zein irizpideren arabera ematen dituzten permisione horiek. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Leon Iturri kapitainak galdegin ditu bi gizon, Manex Donetxek eta Martin Etxegaraik eskaini baitute beren burua. Gauez errekatik jalgi. Herrestan. Alemanen erreketarat gerturatu. Aliketekin. Hari batzuk eten eta. Obus zulo. Handi. Batetarat. Heldu dira. Erran liteke etsaiarengandik. Hiru metrotarat. Izanen direla. Guti goiti. Beheiti. Bortz orenen. Buruan. Itzuli. Dira. Gibelerat. Informazio. Mikorik ere gabe. Baina hilik gabe ere. Zorionez. Errekan sartu eta. Manex Donetx ohartu da gerla hasi zenetik urratu duen laugarren zapata parea duela eskuen arteko hau. Lotsa zen oinetakoen eranzteko; hotzarekin zangoak hanpatuak ditu, eta badaki behin oinetakoak kenduz gero beharko dituela bi oren bederen berriz jaunzteko. Baina zapata hauek lau tokitarik zulatuak daude eta zola guziz urratua dute, lokarriak etenak edukitzeaz gainera. Eskuratu ditu bertze bi pare, hein bat handiagoak. Jaunztea lortuko ote duen, indarka ari da, zangoak igurtzi eta ahal bezainbat berotuz. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Rene eta Joseph Ameztoi anaiek edan dute zipu bateko uretarik, eta biak eri larri egon dira, sukarretan. «Alemanek pozoitua izanen zen, hain segur», ebatzi du Silvain Tucoulet lotinantak. Aitzindariek manatu dute herritik iluntzeetan mandoetan eramandako zahagietarik baizik ez edateko ura. Ameztoi anaiak artatu dituzte behar zen tenorean, deus larririk gabe, eta astebeteko epean sendotu dira. Domingo Lopezek pentsatu du ez litzatekeela aitzakia txarra zipu horretarik ur zerbait edatea egun batzuen pausua irabazteko, baina zipua hesteko manatu dute aitzindariek berehala, Domingori gehiago gogoetatzeko astirik utzi gabe. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Poincare presidentea eta ministro batzuk izan dira soldaduen ikusten frontean. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, heldu da goreneko aitzindarien manu bat, debekatzen baititu permisioneak 49.eko gizonentzat: orai artean permisioneak erabili dituzten euskaldun zenbaitek iragan dutelako muga, gibelerat ez itzultzeko. Desertoreak direla kausa, beraz, permisionerik gabe geldituko da erreximendu guzia, eta tabu bilakatu da hitz hori, desertorea, ezin dena erran norbait irakiten ezarri gabe. Haserre dira batzuk, desertoreak traidoretzat joz. Haserre dira bertzeak ere, koronelek desertatzeko gogo handiagoak eman dituztela argudiatuz. Jean Etxandik aurtiki du, iraina balitz bezala: «Alemanek izanen dute, bai, permisionerik!». Soldaduek ikusiak baitituzte alemanen errekak, berenak baino anitzez txukun eta artoskiago eraikiak, ikusiak baitituzte ere haien arma azkarrak eta gerlako teknikak, frantses armada gutiz gehienean gibeletik doakiela uste dute zinez. Permisionetan ere finago behar dute alemanek, hala ondorioztatu du Etxandik beraz. Erranaldiak bazuen bigarren parte bat, —«Desertatzeko eta alemanen alderat pasatzeko gogoa bai, emanen digute»—, isilik gordetzea eta ez erratea erabaki duena azken unean. Larrazkenaz geroztik jendarme gero eta gehiago badira armadaren gibelean, arduratzen baitira soldaduek ez dezaten deserta. Eta badituzte manu zehatzak eta errebolberrak beren esku, zeregin hori betearazteko. «Isilik hobe, handiagorik erran gabe», pentsatu du beraz Etxandik. Jean Bordagaraik osatu ditu, zernahi gisaz, Etxandik boz goraz erran ez dituenak: «Liberté, égalité, fraternité... Hiru gezur horiek egiak balira!». Eta sarde bat balu bezala inarrosi du zizpa airean, baioneta lohitan iltzatuz gero. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, martxoan hor nonbait, aitzurrekin erreka berriak eraikitzen ari zirela, hezur batzuk jo dituzte Janpierra Berruetek, Henri Gramrandek eta Jean Salaberrik. Silvain Tucoulet lotinantari galdegin diote soldadu frantsesik ba ote zen inguru horretan lurperaturik lehendik, hezur, ezpata eta traste bitxi zenbait atzeman baitituzte lur iraultze horretan. Lekua ikerturik, harritu da Silvain, xoko horretan nehor lurperatu izanaren berririk ez baita paperetan. Leon Iturri kapitaina ohartarazi eta inkesta abiatu dutelarik ezagutu dute inguru horietan berean erromatar inperioaren aldiko borroka gaitz batzuk izan zirela. «Soldadu erromatarrak dira, beraz», ebatzi du Silvain Tucoulet lotinantak. «Eta zer eginen dugu soldadu erromatar hauekin, jauna?», galdegin dio Henrik. Salbatu ahal izan dituzten hezurrak, armak eta trasteria hori guzia zaku batzuetan eman dute, Pariserat igortzeko. «Hobe duzue, zernahi gisaz, inguru horretan gehiago errekarik ez egin», manatu die lotinantak; soldaduek badute bertzelako lanik, arkeologiara jostatzen hasteko. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Battitta Garatek ekarri du solasera udaberrian izanen dela oldar bat alimalekoa alemanen kontra. Baina hori erran eta berehala, alemanak heldu dira bertze jukutria batekin: bitrioloz beteriko botilak aurtikitzen hasi dira frantsesen erreketarat. Eta zepelin lazgarri horietarik Paris bonbardatzen hasiak direla ere jakin dute. Lohitua eta itoa bezala da gerla, eta etsaiari ausiki bat egitekotan zerbait behar da pentsatu, alemanak ari direnez, futxo! Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Janpierra Berruet igorri dute mandatu batekin bigarren mailarat; alemanek zirtzikatua zuten erreka bat iragateko, patarrerat igan delarik, goititu behar izan du nahi baino gehiago, lotu zaio karraskan aleman mitrallus bat, epaitu dio tiroka beso bat, eta errematatu du lurrean. Xantiago Fourcadek berreskuratu du gorpua, berantegi ordea. Xantiagok berak izkiriatu dio hilberria Janpierraren familiari. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Etxeber erretoreari oroitu zaio ostegun santua dela apirilaren 1a, eta antolatu nahi izan du meza bat eder-ederra. Ogirik eta arnorik gabe, ordea. Galdatu eta galdatu, ezin nehondik atzeman. «Garizuma ederra eginen dugu aurten», zirikatu du Manex Donetxek. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Arno Suertegaraik erran du gibelatzen ari dela frantsesen oldar handi hori, udaberria ere joanen dela martxa honetan, eta, hori erran eta bi orenetan, botxe malapartatu horiek egin dute oldar bat lur metro batzuk bereganatu nahirik. Gudu gaitzak izan dituzte maiatz guzian, eta berriz ere permisioneak eten dituzte aste batzuez. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, 49.eko gizonek jakin dute gas pozoitu batzuk isurtzen hasiak direla alemanak; Ieperko gerla tokietan gertatu da. Hil handirik ez bada ere, espantu eta gaitz lazgarriak eragiten dituzte gas horiek. Zer ote eta zer ote, fite ikasiko badute ere, oraino nehork ez daki zer diren gas horiek, eta lotsatu dira soldadu zenbait. Handik laster eman dizkiete maska batzuk, eta pausuan erakutsi diete nola behar dituzten jauntzi, baliatu beharko baitituzte gas horretarik zerbait atzemanez gero, denborarik ere galdu gabe. Mandoei ere nola ezarri, han berean erakutsi diete, mandoek ere badituzte eta beren maska bereziak. Jean Salaberri hasi da irri zoro bat egiten ikusiz eta soldadu lagunek zer-nolako itxura duten maska tzar horiek jauntzita, eta, irri zoro horren kausaz, aurpegian maska ezarri ezinean aritu da; sarjant batek behar izan dio lagundu behar den gisaz ezartzen. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, soldadu alemanek frantses erreketarat igorri dute harri bat airez, galdatuz zigarretak jakiaren truke. Filipe Lurok igorri die tabako belar zerbait, eta alemanek itzuli dituzte haragi zati bat eta ogi kozkor beltz bat, ikatz zati bat iduri duen ogi gogor bat, zatar paper batean bildurik. Tabakoa aldatzeaz damutu da Luro, trukean galtzaile gelditu delakoan. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, poztu dira 49.eko gizonak oro, Italiak erabaki baitu gerlan sartzea maiatz hondarrean, eta Luis Bartaburuk jo ditu arin-arin batzuk, Battitta Garatek eta Domingo Lopezek airoski dantzatu dituztenak. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, alemanek asmatu dute bertze jukutria bat, lurra zulatuz-zulatuz heldu baitira frantsesen erreketarat. Burua agertu duelarik sator malapartatu horietarik lehenak, burua agertu duelarik bere kasko zorrotz horrekin, granada bedera aurtiki dute Jean Etxandik eta Emile Intxauspe kaporalak sator zulorat. Burua agertu duen hori hil gogor utzi dute bet-betan, eta gibelerat egin dute haren adiskideek. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, obus gehiago zapartatu dira oraino. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Etxeber erretoreak ez gainerateko guziek jakin dute emaztez beteriko karrosa bat heldu dela atzeguardiarat; ahoz aho hedatu da berria, ez dabil bertze konturik soldaduen artean, eta pausualdia ez zaie heldu nahi bezain laster. Karrosa horren atarian, soldaduak metatu dira, aste osoko soldata oren erdi batean gastatzeko prest; hor dira Ameztoi anaiak, Clement Ibarrart, Filipe Luro, Emile Intxauspe kaporala... Manex Donetxek nahiago izan du soldata arnoarentzat gorde, eta Domingo Lopezen gonbita errefusatu du. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, uztaila heltzearekin, permisioneak indarrean eman dituzte 49.eko soldaduentzat ere. Baina sekulako matrikulak eta paperak behar dira egin baimen baten eskuratzeko, eta, gainera, herriko bi jaunek behar dute bermea eman permisionea galdegin duen soldaduarentzat; desertatuko balu, jaun horiek eginen lirateke zigorraren kargu. Oraino permisionerik izan ez dutenek egin dute lehen txanda, eta sei hilabete baino gehiago gerlan daramatzatenek, hurrengoa. Lur lanentzat baimen bereziak ere galda ditzakete soldaduek, hiru txandatan, hamabortz egunentzat delarik txanda bedera: uztailaren 1etik agorrilaren 15era. Paskal Mutrustegik baliatu du permisione berezi horietarik bat, bi semeak galdu eta lur lanen egiteko kuraiaz gabetua den amaren bihotza ferekatzeko bulta batez. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Henri Gramrandek bizikletaz herrirat itzulia eginik, jakin du Xikito Kanbokoa zaurtu dutela crapuillot deabru horiekin. «Ez du xisterarekin ihardesteko astirik izan, beraz?». Errebantxa hartu du Lurok. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, uda partean, kasko berri batzuk eta uniforme berriak dizkiete eman soldaduei. Kasko berriek Adrian dute izena, eta RF hizkiak dituzte aitzinean. Obus zapartatuen berun pusketarik babesteko hautak direla erran diete aitzindariek. Urtebetez soinean erabili dituzten jauntziak eta kepiak gogotsu aldatu dituzte 49.eko soldaduek, ez baitzuten sinesten lohitan ibiltzeko eta etsaiari gordean pasatzeko galtza gorri horiek neholako baliorik bazuten. Arno Suertegarairen burua bai, errekan bete-bete jo duen Krupp etxeko obusetik babestu du kasko berriak, baina gorputzean sartu zaizkio obus horretarik zortzi burdin ziliporta bederen. Esperantza handirik gabe eraman dute andariek ospitalerat. Biharamunean itzuli da hilberria konpainiarat, ezen ez Arno. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Beaurieuxen beilari lanetan ari direla, Paskal Mutrustegik eta Jean Larrek ezagutu dute neskato gazte bat, begi blu argi batzuk dituena. Ile luzea motoan bildurik, esne marmita batekin heldu da etxerat bidean. Tentatu dute neskato hori, nork baino nork ausartzia handiagoak egin dituela su hegian, harroak hantzen, esne horretarik poxi bat irabazi nahian. Irri bat egin batak eta esku bat heldu bertzeak, uros da hirukotea, baina handik harat agertu dira Rene eta Joseph anaiak, mozkor arraildurik. Kasailan hasi dira lau soldaduak, neskato hori izutuz eta esne marmita lurrerat aurtikiz. Ameztoitar batek pistola gerritik atera eta bertzeak besotik oraturik eraman du emazteño hori petril baten gibelerat. Paskalek eta Jeanek lekuak hustu dituzte; mingarriago zaizkie neskatoaren garrasiak, crapuillot deabru horien azantza bera baino. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, noiz izan den ezin asmatu, alemanak hasi zaizkie gas pozoitu horietarik igortzen; ezarri dituzte orok maskak aurpegietan; halere, bista trabaturik dutela itsuak iduri, eztulka oro, hatsa hartu ezinik, gibelerat egin nahi izan du zenbaitek, eta Silvain Tucoulet lotinantak izan du aski lan soldaduek ez ditzaten utz beren tokiak. Jean Salaberrik utzi du zirrikitu bat maska ezartzerakoan, edo ezarri du berantegi, eta maska barnerat sartu bide zaio gas horretarik; zintzurra erre beharrean, eztul tzar bat hasi zaio, eta maska kendu behar izan du ez itotzekotan. Maskarik gabe, ahoa mokanes batez zernahi gisaz estalirik, lurrean iraulka hasi da Salaberri, eta, orduan bai, gibelerat igorri dute azkenean, mukia eta malkoa zeriola baitzegoen gaizoa, zutitu ere ezin zuela egin. Egun batzuen buruan sendotu da, goitika hustu eta barrenak. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, larrazkenean segurki, soldadu aleman bat sartu zaie erreketan, bakarra, armarik gabea eta eskuak goiti, herrestan heldu, desertaturik. Battitta Garatek eta Xantiago Fourcadek atxiki dute. Galdekaturik, erran die asea dela gerlaz eta hilik baino nahiago duela preso. Alemanek ere hotza eta gosea dituztela pairatzen. Letra bat atzeman diote, familiari igortzeko galdegin baitu, erraten duena gerla hau sortu dutenek merezi luketela herronkan ezartzea, sail batean lerro-lerro, eta «bunba-bunba» tiratzea kanoiez, «azkeneraino guziak garbitu arte». Gibelerat eraman dute, ustez eta gainerateko presoenganat daramatela baina fusilatuko ote duten segur ez dakitela, desertorea baita azken buruan, alemanetarik bada ere. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, heldu da koronelaren manu bat, zer eta, zaurtuek ezin izanen dutela muga ondoan iragan pausualdia. Bertze toki batzuetarat eramanen dituzte, ezen ez Donibane Lohizunerat, Uztaritzerat, Ezpeletarat, Baigorrirat, Donibane Garazirat edo Atharratzerat, orai arte bezala. Muga gertuegi dela, eta tentazioari behar zaizkiola hormak eraiki erran du koronelak. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, oroitzea neke bada ere, neguan izanen zen, eskalapoi berri batzuk eman dizkiete 49.eko gizonei; zango-aztalak ederki gerizatzen baitituzte hezetasunetik. Kolpatuen eta hilen altxatzeko anda berri batzuk ere agertu dituzte egun horietan. 49.eko soldaduek jakin dute, Etxeber erretoreak erranik, Dufau Senpereko jaun mediku gaztearen asmakizuna direla anda horiek. Orai arte erabili dituztenak zabalegiak ziren erreken barnean erabiltzeko, eta andariek sarri behar izaten zuten zeharka iragan erreketan, lan gaitza baitzitzaien gizonen gorpuak airean eramatea. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, Gabonak joan dira. Euskaldunek galdatu diete alemanei ea musikarik nahi ote duten, iaz bezala. Luis Bartabururen soinuarekin eman dituzte kantu batzuk, «Bravo! Bravo!», ihardesten dietela alemanek. Eta holetan urtats heldu da, zeinarentzat Joffre jeneralak izkiriatu baitu letra bat. Irakurri diete letra hori 49.eko soldaduei ere. Xingar zati konfitatu bat, sagar ustel batzuk eta zigarreta bedera eman dizkiete. Manex Donetx kontsolatu da, Champagneko arno onxko bat eman dietelako ere; botila, lau lagunentzat. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, euria egin du, bezperan bezala. Eta hurrengo egunean, berriz. Eta ondotik, elurra. Lainoek sekula ez dutela hustu behar iduri du, lohi putzu bilakatu dira errekak. Obus bat zapartatu eta, bertze orduz, noiz gertatu ote den gogoan hartu ezina baita eguna egunaren gainerat jausten hasi zenez geroztik, sukar ustelaren kontra eman diete xixtako bat soldadu guziei. Eta obus bat zapartatu da bertze orduz berriz ere, otsaileko egun batez, eta eman diete permisionea, zortzi eguneko, Filipe Lurori, Etien Bonnati, Manex Donetxi eta Battitta Garati. Tabakoak eta jatekoak adiskideen artean partiturik, trasteria bildu eta abiatu dira hirugarren mailarat, Baionako Infanteriako 49. erreximendua han errotua utzirik, 1915eko urte guzia eta zerbait gehiago iragan duen toki beretan, Andereen Bideko Hurtebise, Oulches eta Vauclerc aldeko patar deabru horietan, bizi guzia han berean egin balute bezala laketzen ari diren gizonekin. Medikuaren aitzinean pikarrai ezarririk, buztanaren aztertzea izan dute lehen lana Lurok, Bonnatek, Manexek eta Battittak. Halakorik egokitu zaien lehen aldia dute, baina nehork ez duela sifilirik erran die eta, medikuaren baimenarekin uros, bizargilearenganat joan dira ileak eta bizarrak egin diezazkien. Utzi dituzte puskak zaintzapean, ikuzi dira erreka batean, bildu dituzte sosak, egunean bortz soseko soldata baitute, arno botila batzuen erosteko bidearentzat, eta partitu dira atzeman duten lehen trenean. Erreketarik landa bizirik ere badenik sinetsi ezinik doaz hasieran, baina etxerat gerturatu ahala iduri zaie ez dela gerlarik gehiago nehon. Nahiz eta bertze orduz zapartatuko diren obusak oraino.