Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

DEMAGUN

 

Demagun pendrivea ez dela idazle batena, erakunde armatu batena dela.

        Demagun hartzaileak orain dela bi hilabete hartu behar zuela, baina gaur eman diotela; lurrean aurkitu dutela esan diote, gainean bere izena idatzita zeraman gutun-azal baten barruan. Demagun hartzaileak ez zekiela horrelako gutunik hartu behar zuenik.

        Berehala konturatuko da gutunazala zabaldu eta berriro itsatsi dutela.

        Demagun orain dela hilabete eta erdirako zita zekarrela kapsulatxoak. Noski, zita hartara ez zen azaldu hartzailea. Bigarren zita bat zegoen handik hamabost egun barrurako, baina, noski, ez zen hartara ere azaldu.

        Demagun gure hartzaileak —honezkero ezagutzen dugu gure esateko beste— mugimendu arraroak nabari dituela aspaldion bere inguruan, jende andana telefono mugikorra eskuan bere mugimenduak kontrolatzen, eta ez du ulertzen ezer, baina badaezpada inguruan kontatzen hasi da, ea ez ote dabiltzan bere atzetik barik beste norbaiten atzetik.

        Ez zebiltzan beste norbaiten atzetik. Manifestazio batzuetan ikusia zuten neska, herriko euskara taldean ere bai, baina oraingoa bonba bat zen ministerioarentzat: bere bidea egin zezan utziko zioten habiara heldu arte. Han lehertuko zen triskantza eraginez, eta etxea hankaz gora jarriz.

        Tour Eiffelerako ilarari begira egin zuen ordubete goizean bezala. Arratsaldeko zita zen, azken zita. Etsipenak hartu zuen, ez zen etorriko oraingoan ere; ez zion beste munduko ezer eskatzen, soilik pare bat egun lagun moduan. Hotela hartua zuen, lehen zitarako ere hartu zuen hotel dotorea, Montmartren. Ekintzaile ona zen, eta baimena eman zioten senideak ikusteko. Arrebagan pentsatu zuen; hura bai, hura etorriko zatekeen, baina arriskatzeko beharra izan zuen, ezin baitzuen neska hura ahaztu. Agian, kartzelan amaitzen bazuen eta ez pinu-egurrezko kutxan, bisitan etorriko zitzaion bere kamiseta zuri estuarekin, ile kirruak sorbaldak laztantzen zizkiola. Musu gozoa emango zion matrail banatan, eta irribarre zabal politak laztanduko zuen, besterik ezean. Beharbada, berriz bueltatuko zen gizonduta ikustean eta holako egoerek eragiten duten sentikortasunak bultzatuta. Eta gero... Agian.

        Patua zer den! Batzuetan kalte egin nahian on egitera hel daiteke. Gure kasuan atxiloketa eta kartzela ekidinarazi zituen. Noren eskutik? Ba, pendrivea agindutako lekuan utzi ez zuenaren eskutik. Zergatik ez zuen agindutako tokian utzi? Ganorabako hutsa zelako? Ba, ez.

        Hainbeste gustatzen zitzaion neska haren izena gutunazalean irakurri zuenean hotzikarak hartu zuen une batez. Ez, neska hura ez! Neska hark hartatik guztitik kanpo egon behar zuen. «Ez sartu nire gauzetan» esaten ziola irudikatu zuen: haserre keinuak ezpain mamitsuak nabariagoak jarri zizkion. Gerritik oratu eta adats horailaren distira laztantzen ikusi zuen gero bere burua, «Lasai, zure onerako da, bion onerako; ez nuke jasango zu ziega nazkagarri baten zaudela jakitea, haien eskuetan, edozer egiteko gogoz dauden txakurren eskuetan», musu luzea emango zion gero, eta onespena irakurriko zion begietan, «eta kartzela zigorra dator gero, maitea, nola konponduko ginateke? Gutariko batek kalean beharko luke».

        Gutarikoa zu baino ez zen. Ezin zuen alderantziz irudikatu. Emazteak ez zuen ondo eramaten bere gizonkeria. Euren arteko liskar guztien sormena zen. Adarrak jarritakoan ere hala ulertzen zituen: ezin konformatu eme batekin, harem osoa behar.

        Baina gizonak bazekien ez zela ausartuko gutuna eskura ematen. Sei hilabete ziren eurena hoztu zela, ozta-ozta agurtzen zuen hark, eta biak bakarrik geratzeko arriskua ikusten zuenean ospa egiten zuen, usaimen berezia zuen trikimailuetan zebilela igartzeko. Errefuxiatuen aldeko azkeneko bileran, adibidez, bere ondoan lekua ikusi bezain laster han jesarri zen «Kaixo» esanez, baina honek ez zion erantzun. Hamar minutura «Komunera noa» batekin alde egin zuen. Ez zen itzuli, bidean adiskide batekin topo egin eta haren ondoan geratu zen.

        Nola emango zion eskura gutuna, eta agerian utzi posta-lanetan zebilela? Ezin. Baina kasualitateren batek erakuts ziezaiola desiratzen zuen gogo biziz. Neska hura zerbaitetan bazebilen, jakin zezala berak ere lanean jarraitzen zuela. Horrela, beharbada, puntuak irabaziko zituen. Bai, zeren galduta zituen, itxuraz.

        Zahartzen ari zen. Berrogeita zortzi urte arte ondo eutsi zion gaztetasunari, baina gero arin batean egin zuen beherantz: egunean-egunean ilea urdinago jartzen ari zitzaion, haragia eroriago; azala orban ilunez betetzen ari zitzaion, eta aurpegia, bere aurpegi ederra, zimurrez. Batzuetan ez zuen bere burua ezagutzen, zer aldaketa! Horregatik udaberri hutsa zen neska harekin izan zuen aferak segurtasuna itzuli zion. Neska gazteei gizon helduak gustatzen omen zitzaizkien, baina berak bazekien gizon helduaren gehigarriek erakartzen zituztela batez ere: diruak, estatusak eta botereak. Berak ez zuen holakorik, errefuxiatu bat baino ez zen. Lehen itxura fisikoaz erakartzen zituen emakumeak, baina jadanik ez hainbeste, behin baino gehiagotan bidali zuten popatik hartzera eta. Errefuxiatu izateak anbienteko neskak erakarri egiten zituen oraindik, nahiz eta ospe ona desitxuratuta zegoen, baina bertoko giroan zebiltzan neska batzuek hori baino gehiago nahi zuten, hierarkian gora zeuden gizonei begiratzen zieten soilik. Bere neska xarmantaren kasuan ezetz uste izan zuen, baina orain goragokoekin harremanetan zebilela argi zegoen. Amorrua sentitu zuen.

        Nor ote zen Xan hura? Azken hogei urteotan eroritakoen artean ez zegoen Xanik ez antzekorik. Euren artean asmatutako gaitzizena izango zen, beraz, bere neska kuttuna aspalditik zebilen zeozertan. Ezin zuen jasan. Gehiegizkoa zen berarentzat.

        Ez dut gure errefuxiatua maitearen destainagatik eta ustezko aurkakoaren estatusa eta boterea ezin ikusirik traidore eta salatari agertuko, batzuek nahiko luketen bezala. Gidoi hori pelikularako. Gure gizona gizajo bat baino ez da, eta horregatik, eta maitea salbatu nahian, pendrivea ez entregatzea erabaki du. Zelan egin, baina, erantzukizunik gabe? Ohiko lekuan utzi zuenak, hurrengo posta eramatean, gutuna jasota dagoela ikusiko du. Gure iheslariak ez daki zer egin, niri ez zait etortzen zer egin dezakeen berak. Kale erdian jaurti? Ez, behar ez denen eskuetara heltzeko aukera oso handia da. Ala, bai? Bai, jaurti egingo dugu, anbientekoak egunero joaten diren ostatu bateko lurrean geratuko da, barratik ahalik eta gertuen. Zurruteroren batek jasoko du, edo jabeak. Aurkitzaileak neska xarmantari emango dio, edo erakundearentzako korreo-lanetan dabilela pentsa ez dezan, etxeko posta-kutxan utziko dio. Eta orduan neskatxak ziten berri jakingo du, eta han abiatuko da korrika bizian Pariserantz. Eta han atxilotu egingo dituzte. Ezta pentsatu ere, beste irtenbide bat behar dugu.

        Aizue, tabernari beldurtia sar dezakegu, taberna-jabe beldurtia hain zuzen.

        Denbora nahikoa igarotzen utzi eta gero, gure iheslariak bota du gutuna barra azpira, zurrutero batek jaso du, izena irakurri du, ez du ezagutzen. Alboetara begiratu du, ez dago inor, nori erori ote zaio? Taberna hutsik dago. Jabeari ematea deliberatu du. Hark ere irakurri du azala, ez du ezagutzen. Izkina batean utzi du, etorriko dira bila galdu dutenak.

        Eta gero zer? Ba, hilabete baino gehiago igaro dela eta ez dela inor bila joan. Tabernariak gutuna irekitzea erabaki du. Pendrivea ere bai, noski. Barrako ordenagailuan. Beldur-ikara kokotean. Jendarmeriara eramatea erabaki du.

        Baina, honezkero Tour Eiffel inguruak begiratuta egon beharko lirateke, arrakastarik gabe. Bai, ez dudala azaldu nola jakin zuten jendarmerian? Berdin dio, zeozer asmatu beharko du irakurtzen duenak ere, detaileari erreparatu badio, bederen.

        Hortaz, tabernariak ez du jendarmeriara zertan jo. Aurkitu zuenari itzuliko dio. Zurruteroa inguruetan galdezka hasiko da ea izen hori duen neskarik inork ezagutzen duen. Horrela, afera aho guztietan ibili ondoren, gure neskak bere postontzian ikus lezake azkenean gutuna. Zer deritzozue?

        Hori ere badugu? Egia. Gure exiliatuarentzat posta utzi duenaren belarrietara hel daiteke, bai, gutuna bueltaka dabilela. Inozoegi gertatuko litzaiguke exiliatua, uste badu tabernan lurrera jaurtirik bere helburua beteko duela inongo kalterik gabe. Koartada asmatua duela uste dut, kontuak ematera deitzen badiote ere. Hori da, kalean ostu egin dutela esan lezake, dena kendu diotela, dirua, giltzak... Laster zabalduko litzateke berria lagun artean.

        Baina egia orain ere, kateko beste postariarena ere konpondu beharrean gaude. Utzi pentsatzen.

        Badakit! Gure exiliatuarentzat posta uzten duena bere emaztea da. Gizonak ez daki hori, noski. Zertan ibili ote den oraingoan senar txotxoloa galdetzen dio bere buruari andreak. Edatera joan eta tabernan behar ez dena galdu. Horrela egingo dugu guk iraultza. Eta senarrarena zen ardura betetzera joango da oraingoan ere.