Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

Okelaerrea ilargi betean

 

Suak harrian islatzen dituen irudiei begiratzea maite dut. Iruditxoek jauzi egiten dute, batean untxiek, bestean otsoek, edo arranoek; ederrena zaldia da, burua goratzen duenean eta hankak astindu. Gura adina su egoten da hemen, Izturitzen, denok batzen garenean; hogei sendi etorri gara aurten ohiko bilkuretara. Guk ez dugu luzaroan oinez ibili behar, egun batean egiten dugu Saratik hona; baina Harkaitzek, adibidez, gure amaren lurraldetik etortzen zenean, eskuetako hatz guztiak beste bider ikusten zuen ilargia hona heldu baino lehen; hala esan zidan berak, eta baita ere, batzuetan arin ibili behar izaten zutela gauerako aterpera heltzeko. Gero han lo eginda, bertokoekin batera egiten zuten bidea hurrengo aterperaino, eta horrela hona iritsi arte.

        Igaro dira hiru urte Harkaitzek hori esan zidanetik eta gurekin geratu zenetik. Nik oraino ez nuen hilekoa, orain badakit zer den. Ahizparekin bat egitera etorri zen Harkaitz, eta hamar ilargi beteren ostean Eguto jaio zen; Eguen Handian jaio zen, eta egun horretakoek soilik eraman dezakete izen hori, Eguk hala uzten dielako.

        Haize handia omen zebilen ni jaio nintzen unean, eta horregatik Haize deitzen naute. Gure aztia den osabak haize haren indarra izango nuela iragarri zuen, amaren zorionerako; orain, beharbada, horrek beteko du itxaropenez ama, ez ordea ni, nik ez baitut inoiz nabari izan indartsua naizenik, ahul samarra baizik.

        Niri adore ematen didana Harkaitz kementsu aritzea da, eta ez etsitzea ni aurkitu arte. Baina hori ene amets ziztrina dateke, ahizpa da haren asmo eta irrika bakarra, ahizpa eta euren umea. Eta ehizan egitea.

 

 

Azken hartza hil zutenean, arratsalde amaiera izango zen itzuli zirenean. Eguzkia sartzen ari zen itsasoaren ezker aldean. Aita eta osabak ikusi nituen lehenik, azkonak eskuin eskuan, okela-zati handi bana sorbaldan; astiro zetozen, zamagatik, baina niri ez zitzaidan hori begitandu, goibel zetozela baizik. Harkaitz ez zen ageri. Neba ere ez, baina ez nintzen ohartu. Harkaitz ez zegoen, eta niri lurrak ikara egin zidan, bihotzak bularretik irten nahi izan zidan, arnasa arindu egin zitzaidan, min zorrotza nabari izan nuen gerri barnean, eta zotinka hasi nintzen.

        Agian oker nenbilela otu zitzaidan amak zer gertatzen zain galde egin zidanean, okelaerrea izango dinagu gehitu zuen, goazeman zahatoen eta leren bila, eta bultza egin zidan.

        Ibilera bizian joan ginen hartz zatikatuaren ondora, bidean zaparrada itzela bota zuen Ortzik, eta nik gogoeta egin nuen Harkaitzek ez zuela igarriko negar egin nuela, eta usteko zuela euriagatik nentorrela horrela. Zeren nik, jasotako ezustekoagatik negar-anpuluei eutsi ezinik egin nuen txangoa. Amak baina, agerian utzi ninduen; a neska, gizonok ondo zauden, ez dun ikusten bota zidan.

        Aurpegia pozez beteta zekarren Harkaitzek, soina harro; hurrengo asteetan ere iraungo zion irribarrea zerion. Berak zulatu zion sama hartzari, ziplo erori omen zen hura, garrasi luzea egin ondoren.

        Okelaerrea egin genuen bi egunetan zehar; gero, gibeleko hankak zehatu, eta elurtzara eraman genituen izotz zitezen. Ilgoran elurtea hasi zuen, eta okelak eta beste jakiak zeuden tokitik atera genituen, eta haitzuloko atetik gertu jarri genituen eskuragai eta piztien atzaparretatik babesturik. Ordutik aurrera barnean emango genituen gau eta egun gehienak hurrengo urtera arte, elurrak ortziko urari tokia egin arte.

        Hori izan zen aurrerantzean niretzat sasoirik onena, elurtearena; Harkaitz ez zen ehizan ibiliko, ia egun osoan sutondoan gezi berriak egiten eta zaharrak zorrozten arituko zen. Nik harria egurrari lotzeko uhalak ebaki, eta leundu egingo nizkion, amak beti beste zereginen bat bilatzen zidan arren. Harkaitzek irribarre gozoaz eskertuko zidan, eta hartzaren haginekin egindako lepokoa oparituko zidan...

        Lepokoa burutik behera sartu zidan; gero adatsa esku biekin jaso zidan leunki gainean gera zedin, eta atzamarrekin hartuz, nire kokotsari amiñi bat gorantz egin zion.

        Gau horretan ez nuen lorik egin: bere irribarrea gogoratzean bihotzak hegan egiten zidan, bere soina enearen hain gertu oroitzean alua taupadaka hasten zitzaidan.

        Harrezkero bere ondoan egon nahi nuen beti, baina lotsa nintzen hurbiltzen zitzaidan aldioro. Masailak berotu eta gorritu egiten zitzaizkidan. Gauetan euren zokorantz begiratzen nuen, ahizparekin eta ilobarekin zetzala. Besoa ahizparen gerri gainean izaten zuen gehienetan.

        Handik gutxira, barrunbeetan ostendu eta negarrez hasten nintzen noiznahi. Ez nintzen batere gose, eta amaren esanak ez nituen entzuten ardurenean. A neska, iratzar hadi, andratu haizenetik lo hago eta esan zidan azkenean, hori gertatu beharrekoa zunan; baina nik ez nion jaramon handirik egin itxuraz, zeren osabak gogorra ala burugogorra iragarri al zinan jaurti zuen handik astebetera, eta esaldi harekin batera orein larru bat ere jaurti zidan, lan egin nezan aginduz keinu batez.

 

 

Eguna apur bat epelagoa nabari zen. Eguzki izpiek ateko harria zulatzen zuten esnatu nintzenean. Harkaitz ikusi nuen gure sarrera hartan urrunera begira nagiak ateratzen. Eguzkiaren argitan nekusala, Egu bera ere ezin zela hain ederra izan begitandu zitzaidan. Gizon hura gabe ezingo nintzela bizi barrundatu nuen, eta negargalea etorri zitzaidan. Era hartara bizitzea jasanezina egiten ari zitzaidan. Bihotza astinduta neukan. Etsita nenbilen, ezinak atea ixten zion nahiari, ene ezina gure ate hartan jartzen zen nahiari ezetz, ez zela sartuko aginduz.

        Ez nion inori ezer aipatu, nork ulertu eta onartuko zuen horren gaixo egoteak maitasuna zuela sorburu? Irrigarri geratuko nintzatekeen beste neskatxen artean.

        Pitinka, ni ere jaiki nintzen, zutitu nintzenean Harkaitz ateko harri handian zegoen zutik niri so. Aztoratu egin nintzen ez bainuen holakorik itxaro, eta sutondora bidean, iruditzen zait, irrist egin nuela; jakin ere ez nekien oinak non jartzen nituen eta, hain nindoan urduri.

        Jaten egin genuen luzaroan ia denok —hogeita bost lagun gara orain—, Egutok ere tititik edan zuen, lehengusinen umeek ere bai —sei haur ditugu guztira—. Amaitu genuenean Harkaitzek Urdazubikoei ikustaldia egitera joango zela esan zuen, eguzkia lagun genuela ustiatuko zuela. Ez dakit zer azkon-buru eta aizto ere aipatu zituen, hangoekin aztertu behar zituela. Eta bat-batean Haizek lagunduko dit jaulki zuen amari begiratuz. Honek ez zuen ezer ihardetsi, ados zegoen zantzu. Ni harrituta nengoen, Harkaitzen keinuagatik, noski, baina baita ere amaren otzantasunagatik, hark beti baitzuen laguntasun beharra, larruekin batez ere, haiek leuntzen edota josten, belar eta ale lehorrekin ere bai, edota okela-lanetan. Beste emakumeak zituen lagun, baina ni nahi ninduen ondoan, ederto ikas nezan. Ordurako bazebilen ni norbaitekin lotzekotan, nik ez banekien ere oraindik nor zuen gogoan.

        Joan ginen, beraz; elurraren agindupeko eremuan sartu ginen, bera aitzinean, ni bere lorratzei jarraiki, belaunetarainoko itsaso zurian zehar. Nik ez nuen tutik ere esaten, ez dakit lotsagatik ala zirraragatik. Bestalde, ez nuen ulertzen zergatik ni eta ez lehengusuren bat, haietariko edozeinek zekien nik baino gehiago gezi eta eztenez.

        Gazi-gozo neraman bihotza hortaz: gazi, susmo txar batek hartuta, eta gozo, haren soina nigandik hain gertu eta nire babes nekusalako.

        Azkon bana zeraman Harkaitzek esku banatan, eta arkua eta geziak bizkarreko ziskuan; nik makila bana esku banatan eta biderako janaria bizkarrean zakuto batean. Azkar gindoazen piztien beldur. Bide erdia baino gehiago egina genuenean haizeak norabidea aldatu, eta iparretik jotzen hasi zen zakar, elurra ekarriz; mara-mara hasi zen, maluta oso lodiak jaurtikitzen, eta handik gutxira ez zen ezer ikusten. Nekez gindoazen, eta Harkaitzek han esan eta gerritik heldurik harantz joanarazi ninduen. Harpe txikia zen, baina haizearen babesean. Aspaldiko sute baten aztarnen ondoan eseri ginen, zoko batean. Atertu arte itxaron egingo dinagu entzun nion, baina ez zitzaidan ziurtasunez egindako esaldia iruditu. Nahiz eta eguraldiak hobera ez egin, jarraitu egin beharko genuela esan nahi ote zuen, edo han igaro beharko genuela gaua? Ez genuen sua egiteko tankerarik, nola ez zitzaidan gogora etorri su-egurrak hartzea? Toki guztietara eramaten genituen, badaezpada. Txikitan sua pizten hain ondo ikasi nuen honek, urte eta elurte askotan suaren zaindari izan naizen honek, erabat ahantzi nuen beroa eta babesa ematen digun lagun ona. Zakutoan ez zeudela ondotxo nekien arren, bilatze itxurak egin nituen. Harkaitz lasai, atertuko din mintzatu zitzaidan, baina ateraino joan eta gorantz begiratu zuen, eta agian ez erantsi zuen. Bila itzan entzun nion gero. Ni zeharo larritu nintzen, huts egin niola neritzon; nola maitatuko din horren ergela den neska, ziostan nire buruak zakutoan barna esku bat eta gero bestea alferrik nerabiltzan artean. Azkenik, negar-anpuluak begietan so egin nion. Begirada hartan zigor nintzan eskatzen nion, horren inozoa zen emakumezkoari gogor eta zakar ekiteko eskubidea zuela nerakutsan, ahizpa ni baino hamaika aldiz jatorragoa eta ganora handiagokoa zela onartzen nion, eta joan zedila ni han utzita galdegiten nion. Hark nire aurpegia ikusita, gerturatu eta negar-anpuluak hatz lodiaz igurtziz egingo dinagu zelanbait, ilundu baino lehen ea hemen nonbait egurren batzuk aurkitzen ditugun indarberritu nahi izan ninduen. Hori entzun nuenean berarekin hil nahi izan nuen hantxe bertan, betiko elkarri lotuta geratzeko; Egurenean elkarrekin egongo ginen, hark galarazten ez bazigun behinik behin. Gogo hark bultzatuta besarkatu egin nuen negar batean. Berak besoetan estutu eta oso ondo egingo dinagu lo, etxean bezala esan zuen. Etxean esan zuen eta ez leizean, etxeak urtean zehar erabiltzen genituenak ziren; bidean ikusi genituen edo erdi ikusi hobe esanda, elurrak ia estalita baitzeuden. Soilik enbor nagusiak geratzen ziren biribil bat egiten zutela; urtearen hasieran larruz eta egurrez beteko genituen tarteak, eta haien inguruetan ibiliko ginen elurtera arte. Etxean esan zuen, eta ez leizean, okerkuntza hura urduritasunari egotzi nion, eta lehentxeago izandako heriotza guraria —edo ausaz iragarpena— beteko ote zen susmoa izan nuen.

        Ez zen horrela izan baina, Harkaitzek egur batzuk aurkitu zituen, eta nik sua egin nuen, nire galbiderako. Orain, gurari hura bete izana nahi nuke.

        Gautu egin zuen, eta zerbait jan genuen. Harkaitzek hartz-larruzko beroki luzea erantzi, eta atean eskegi zuen azkonetan zintzilikaturik, ia sarrera osoa hartzen zuen, hau txikia baitzen. Epeletan geunden han, gure zoko hartan, edo nik hala nabari nuen. Poztasun berezi batek hartuta nengoen gizon harengandik hain gertu, biok bakarrik... Dagoeneko ez nintzen hotz, ezta lotsa ere, eta berarekin bat egiteko nahia nuen, bat egin hemengo bizi honetan.

        Igarri izan balit bezala, jagi eta ondoan eseri zitzaidan, sutatik hurbil geunden. Besoaz beragana eraman ninduen, eta zein ondo gauden esanez laztantzen hasi zen, lehenik besoak, gero sama, ondoren gerria; atzamarrak jostari zebiltzan, ezpainak lagun; holaxe egon nahi nuen betiko, gozotasun hartan murgildurik. Suaren txinpartak entzuten genituen, niri xirula baten hots xamurrak laguntzen ziela iruditzen zitzaidan, edo beharbada Harkaitz izango zen, ziostala: laztana, maitea, nire txoritxoa, nire tximilota, maite al naun? Eta nik baietz erantzuten nion, baietz eta baietz. Enea izan nahi dun? galde egin zidan, eta nik beti izanen nintzela berea ihardetsi nion, eta emeki-emeki bere egin ninduen. Berak gerritik heldurik lo egin genuen.

        Hurrengo goizean eguzkia berriz azaldu zen eguzarogiroan guri bidea erakustera. Ohi baino gutxiago behar izan genuen heltzeko; Harkaitz azkar zihoan hara iristeko irrikan bezala, ez zidan jaramon askorik egin bidean, ni minduta nindoan; gero ohartu nintzen nigandik ihesi zebilela, han gure artean zerbait zegoela uste izango ote zuten beldur. Neba ere haien artean bizi zen asko ez zela. Zuhurtziari egotzi nion, eta jarrera hura onartu egin nuen. Gure artekoak ongi egin nahi zituen.

        Atsegina ezagutu nuen gure gau hartan, handik aitzinera edozein unetan azaltzen zitzaidan zirrara bilakatu zen: elur malutak ikustean, txoriño baten txioa entzutean, haurretariko baten barrea aditzean eta eguzkiaren zirriek eraginda, batez ere. Harkaitzen soin irmoa oroitzen nuen nireari itsatsita, haren usaina zetorkidan, bere haragiak, keak eta larruek sortzen zutena, eta sabelpean haren zakila zebilkidan gozo-gozo. Nola ahantzi?

        Egunak aurrera zihoazen, eta amari, ni ere bere ondoan nahi ninduela ahizparekin batera, noiz errango zion aiduru nengoen. Ahizparekin ere hitz egin beharko zuen.

 

 

Harkaitzek irribarre eztitsua egiten izan dit ikusten izan nauen guztietan, eta ahal zuelarik gerritik edo lepotik oratzen izan nau maitekiro. Denok baturik aurkituko ginen aukera hau erabiliko zuela uste izan dut goizean. Baina amak Urdazubiko Ekaitzekin jarri nau bazkaritarako; hark ekarritako opariak erakutsi dizkigu gero, eta berarekin lotuko nintzela hurrengo bilkuretan esan du. Mutil ederra, ezta? Horrek kenduko dizkin mamala-usainak. Harkaitz han zegoen eta ez du tutik esan. Zertara eraman ninduen ba, Urdazubira? Ekaitzen sendiari opariak eramatera joan ginen, azkon-buru eta aiztoak...

        Amaren gogokoa da Ekaitz eta ez nire gogokoa, hori ondotxo daki amak; baiezkoa emango niola uste zuen, hala ere? Ez diot ezetzik esan, ordea; ez dut mindu nahi, aspalditik ezagutzen dugu elkar. Horregatik ihesari eman diot: desagertu inguruetarik.

        Bizitza elurtza amaigabea iruditu zait, zuritasun horretan betiko noraezean ikusi dut neure burua, etxe eta haitzuloen babesik gabe, suaren epeltasunik gabe, izututa eta izoztuta.

        Sastada hilgarria izan da eguerdikoa. Bazkalostean, etsipenak hartu nau, eta zauritu nauen aiztoari erailtzeko agindu dio. Zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada? Joan egin naiz, hasieran ez nekien nora, gero zangoak lasterka hasi dira eurak euretara. Gehiago ezinik gelditu egin behar izan dut, eta Urdazubirako bidean nintzela ohartu naiz. Berehala ulertu dut: gogoak harantz ninderaman, gure zokorantz, orduan hil beharko nukeen berarekin, eta ez orain, bakarrik, bertan behera utzirik.

        Hotz egiten du, baina ni oso bero naiz. Izerdiak eta odolak bat egiten dute izterrean, gerriko uhalarekin lotu dut, baina odolak erion dario.

        Ilundu egin du, suaren argiaren mira naiz, Harkaitzek edirotako egurtxoekin egin nuen suaren garrak ez daude, baina ikusi egiten ditut aldika; eta bera nire gainean eta ni bere gainean; alua ireki didaneko oinazearen aienea dantzut, eta geroago nire auhen hasperendunak, eta bere marruak, eta nire barrea, eta bere irribarrea.

        Lok hartu nau? Zerbaitek iratzarri egin nau, atean argia dakusat, bi argi txiki. Giza oin-hotsak, ala hartza da? Hartzaren begiak? Aurkitu egin nau. Larri nago, ez daukat indarrik. Usaindu egin nau, usaindu egin du nire odola, eta hemen da burutzeko ehiza. Zurekin hil nahi dut Harkaitz, ez hartz honekin, zurekin bizi nahi nuke, ez hartz honekin hil. Entzun egin dit, nigana dator, Harkaitz da, ikusi egin nau; ez, hartza da. Besoetan hartu nau, banarama, hartz-kumeen okelaerrea ilargi betean. Zotinka hasi da, negarrez ari da. Maite haut, ez hadi joan, maite haut, zer egin dun diost. Nik ere bai, nik ere maite zaitut saiatu naiz, ezpainak mugitu ditudan arren, ahotsa ezin izan da irten. Hiltzen ari naiz, zurekin hiltzen, Harkaitz...

 

 

Oharra

 

        Ez dut inoiz irakurri kobazuloetan kokatutako maitasun ipuinik. «Zer dakizu zuk euren arteko harremanei buruz?» botako didate. Jakin, gutxi, eta maitasun kontuez are gutxiago. «Zer dakizu zuk zelan egiten zuten berba?». Logikak esaten dit, gaur egungo jarioaz egiten zutela berba, Raquel Welchen gorputz perfektuko ahotik One million years B.C. filmean horrelako silaba traketsak entzutea, ganorazko esaldi bat egin ezinik dabilela, hori egiten zait sinesgaitza niri.

        Gogoratzen badugu Barandiaranek aurkitutako burezurrak eta gaur egungoak berdintsuak direla, euskaraz oso ondo egingo zutela ondorioztatzen dut. Euskaraz, bai, edo hizkuntza baskonikoren batean. Beraz, Izturitzen eta Durangaldean, orduan orain bezala, hizkuntza edo euskalki desberdinak izatea ez litzateke harrigarritzat hartu behar.

        Beste gauzatxo bat: latinaren sasoitik honakoak izan daitezkeen maileguak kentzen ahalegindu naiz; bestela nola isilarazi hainbeste denboran etxetik irten barik egon naizela esaten didaten horiek? Zertan aritu naizen? Ardura ez zaien beste gauza batzuen artean, honako hitz hauek aldatzen: islatzen, gustatzen, politena, altxatzen, abiatzen, munduratu (hau gainera anakronismoa litzateke), sentitu, esperantza, desio, pisuagatik, pentsatu, falta, airerik (anakronismoa?), paparretik, erratuta, tiratu, abiada, deliberatu, gorputza, salbu, pixka, gorde, hormako, kalera, kausa, espero, bisita, profitatuko, bota, seinale, gonbiteagatik, fruitu, pausoei, emozioagatik, akuilu, modurik, plantak, gaztiga, bortitz, tratatzeko, erregutzen, errakuntza, jaka, ferekatzen, presa, plazera, ferekak, amultsua, lelo-usainak, gustukoa, premia, korrika, abandonaturik. Ordenan daude eta deklinaturik, tokatzen den moduan; errepikatuak ez ditut jarri (norbaitek ordezkatze-lana hartuko balu, errazteko asmoz). Arkua: ez dakit nondik datorren hitz hori. Inork azalduko ahal dit! Ez omen da bere etimologia ezagutzen. Piztia: latinean ere badagoen arren, mantendu egin dut. Zelan esan bestela? Basabereak? Ez. Basoan batez ere zuhaitzak daude; gaur egungo pentsamoldea da, ordea, basatia ona ez dela, gure etxe eta eraikin ezagunetatik at dagoen oro mesfidagarritzat jotzea. Eta abere hitza? Abereak etxe eremuetan ibiltzen direnak dira. Latinezko habere aditzarekin zerikusia omen. Aizue! bestia eta basatia ez dira oso antzekoak? Zakutoa: hizkuntza semitiko batetik ei datoz zaku eta zahagi hitzak.

        Harkaitz, Haize eta Ekaitz egungo ikuspegitik izen modernoak dira, baina haitzuloetako garaietan ere egokiak, ene ustez.

        Alokutiboa erabiltzea anakronia. Ados, baliteke.