Azken afaria
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
aurkibidea
 

 

Afaria

 

 

Anboto eta haren inguruko mendiak urdin ageri dira ilargiaren argitan 2012. urteko azken gauean. Begira geratu zaie Juanjo Rodera, autotik irtendakoan. Zilarrezkoak dirudite. Plastikozko zorro batzuk atera ditu ondoren Opel Corsa zaharreko atzealdetik, eta etxerantz egin du, ia balantzaka, esku banatan daramatzan zorro bete eta astunen eraginez. Kontuz zapalduz doa, putzuak saihesten ahaleginduz, mendiak eta Izurtzarako bideko argiak bizkarrean. Metro gutxi batzuk izan dira, baina arnasestuka iritsi da etxeko atarira, eta, txirrina jotzeko zorroak lurrean utzi behar izan dituenean, sakon hartu du arnasa behin, bi, hiru bider, botoiari sakatu aurretik.

        Berandu natorrek, bazakiat.

        Berdin ziok, lasaitu nahi izan du Felix Goñik. Ez diagu presarik.

        Goñik zorroetako batzuk jaso ditu eta atea ixteko eskatu dio Roderari, gaueko hotza sar ez dadin. Mahuka luzeko elastiko zuri bat darama Goñik mandilaren azpian, eta elastiko hutsean (beltza, Euskal presoak Euskal Herrira letra zurietan dioena) geratu da Rodera ere, hain da-eta bertako giroa sargoritsua. Sukaldera joan dira gero, eta mahai zabalaren gainean hasi dira zorroak husten: pateak, gaztak, bizpahiru urdaiazpiko mota eta beste zenbait urdeki, ostrak eta mariskoak. Ondoren, botila ardo ezberdinak, kristalezko poteak, latak eta baita paper koloretsuetan bildutako gauza gehiago ere.

        Burutik egin al zaik?, harritu da Goñi.

        Roderak barre egin du. Onena ez duk oraindik ikusi, jakinarazi dio lagunari: Angulak!

        Bai, burutik egin zaik. Ez duk dudarik.

        Ez diat uste, baina inoiz burutik egitekotan, hobe diagu lehenbailehen.

        Bai, sobera berant izan aitzin. Baina begira, hozkailua zabaldu du Goñik: Beterik zagok. Zer egin behar diat honekin guztiarekin?

        Bihar jango duk.

        Hor dagoenarekin hurrengo bi hilabeteetarako ere badiat.

        Gutxi jaten duk orduan.

        Gero eta gutiago.

        Ba gaur jan egin beharko duk. Barkaezina lukek gutizia hauek alferrikaltzen uztea. Begira nekora eder hauek, begira.

        Itxura aparta ditek.

        Horixe.

        Eta garestia ere bai. Zer egin duk, banku bat lapurtu ala?

        Lapurrak bankuak dituk, ez ni.

        Baina, oker ez banaiz, aski larri ibili haiz diruz hondar aldian.

        Gauzak aldatu egiten dituk.

        Hain guti...

        Niretzat behintzat aldatu dituk.

        Hara! Kontatu beharko didak.

        Kontatuko diat, bai, baina gero. Afariaz arduratu behar diagu aurrena.

        Zortziak dituk, erran du Goñik. Badiagu astia. Berotzera paratuko diat ura. Eltze bat hartu eta bete arte jarri du txorrotapean, eta sutan segidan.

        Emadak hau zabaltzeko zer edo zer, eskatu dio Roderak, botila estu luze bat erakutsiz.

        Mahaiko tiraderan begiratzeko erran dio Goñik.

        Moselako ardo zuria duk. Ea zer irizten dioan.

        Roderak eskainitako kopatik edan du Goñik.

        Bitxia duk, aski gozoa.

        Ez zaik gustatzen...

        Bai, ongi duk, baina aukeran txakolina edanen nikek gusturago.

        Ederto, dio Roderak, eta Txomin Etxaniz botila bat atera du zorro batetik.

        Dotore!

        Edaten ari direna baztertu eta beste pare bat kopa bete dute txakolinez. Topa egin dute: Presoen alde!

        Harriturik naukak, Juanjo. Hau ez al duk sobera kapitalista hiretzat?

        Afaria diok? Bai, zeharo kapitalista duk, baina hala behar dik.

        Kontxo!

        Oraingo hau bai, behinik behin.

        Berezia behar dik, benetan, hik hori onartzeko.

        Hala duk. Azken afaria.

        Bihar ere afalduko duk. Ez kezkatu.

        Bai, bihar ere bai, baina ez hirekin.

        Elkarrekin afalduko dugun hondarreko aldia izanen duk gaurko hau?

        Hori duk.

        Gutaz nazkatu eta sorterrira itzultzea erabaki duk?

        Bai eta ez.

        Zer erran nahi duk?

        Baliteke euskaldunez higuinduta egotea (neure buruaz ere halaxe nagok), baina sorterrira itzultzea ezinezkoa izango lukek niretzat. Inork ez nindikek han ezagutuko. Honezkero ez. Eta, gainera, ezagutuko banindute, okerrago! Terrorista deitu eta harrika hartuko nindiketek!

        Bai zera...

        Seguru.

        Beraz, azken terroristaren azken afaria izanen duk gurea?

        Zelanbait.

        Ederki.

        Topa dagigun horren alde.

        Kopetan geratzen zaien txakolin apurra edan eta berriro txinpartaka bete dituzte, topa egin baino lehen.

        Azken terroristak gaituk, Felix, azken mohikanoak.

        Gu biok?

        Bai.

        Eta bertzeak?

        Zein?

        Badakik, bertzeak: Zengo eta abar.

        Ez nauk seguru, baina balitekek horiek ere demokrata bihurtu izana. Jende gehiena harrapatzen ari den izurrite moduko bat duk. Izurritea edo mirari hutsa, auskalo. Lehen denak iraultzaile eta orain denak demokrata.

        Ni ez nauk iraultzailea sekulan izan.

        Egia.

        Beti demokrata.

        Hirea kasik txantxa bat izan duk. Demokrata zaharra izan eta terrorista berri bilakatu. Marka da gero!

        Haiek behartu naitek aldatzera. Nik hagitz kontent jarraituko nikean demokrata izaten.

        Denok aldatu gaituk.

        Hi ez. Hik komunista izaten segitzen duk, ezta?

        Ni zuek baino lehenago behartu ninditean aldatzera, gutxienez berrogei urte lehenago.

        Horrenbertze?

        Bai. Baina nire aldaketak ez dik meriturik. Faxista baten semea izateak asko laguntzen dik faxismoaren benetako izaeraz jabetzen. Etxetik batere mugitu gabe ikasten duk dena. Ez zagok eskola hoberik. Neskameak nola erabiltzen zituzten ikustea nahikoa.

        Zer erraten ari haiz!

        Aita falangista genian, Errusian ibilitakoa. Beldurgarria zuan, eta ez pentsa neskameentzat bakarrik. Ama ere izututa zian, anai-arrebok legez. Zuen aita, ordea, jeltzalea zuan, oker ez banaiz. Hori zortea.

        Tira, jeltzalea... gure aita pobrea zuan, batez ere.

        Jende gehiena legez.

        Ez Deustoko Unibertsitatean.

        Han denok aberaskumeak.

        Salbuespenak salbuespen.

        Noski, Felix. Hik han txarto pasatuko huen.

        Ez. Aski ongi pasatu nian. Anitz ikasi nian.

        Ikaslerik onena hintzen. Inbidia ziaten.

        Hoberenetariko bat bai, hoberena ez diat uste. Nolanahi dela, anitz ikasi nuela erratean, ez nauk ikasketez ari. Bertze kontuez ari nauk, bizitzaz.

        Han inor gutxik zekian ezer bizitzaz.

        Baina nik baino gehiago bai, zalantzarik gabe. Seminariotik irten berria ninduan!

        Seminario batetik beste batera joan hintzen, beraz.

        Argi zagok ez haizela seminario batean sekula egon.

        Ez. Jesuitekin ikasi nian txikitatik. Nuestra Señora del Recuerdon, Madrilgo ikastetxean, Jose Bonok eta horren tankerako beste askok legez.

        Eta handik zuzenean Deustora.

        Bai. Eta ez ninduan bakarra izan.

        Espainiako elitearen erdia Deustoko Unibertsitatetik iragana duk.

        Gure ikaskideei begiratzea baino ez daukak. Politikari, bankari eta negozio-gizon garrantzi usteko horiei guztiei.

        Lapur kuadrilla galanta.

        Horixe. Konparatu jateko lapurtu behar izan duen edonorekin.

        Ez huen lapurtuko gaur ekarri duan guztia!

        Barre egin dute biek, sukaldeko mahaiaren gaineko gauzei begira.

        Ez, erantzun dio Roderak, nire klasekook lapurreta handietarako baino ez diagu balio.

        Zein klase?

        Burgesak.

        Hik aspaldi utzi hion burgesa izateari.

        Nahi bai, baina uste baino zailagoa duk.

        Zaila? Sosik gabe geraturik ere?

        Sakelak huts-hutsik izaten ahal dituk, baina lan itzela duk klase madarikatu horren pentsaera ziztrina burutik erauztea, benetan zaila.

        Horregatik ekarri dituk gutizia hauek, burges baten gisan pentsatzeari utzi ezin dioalako.

        Balitekek, onartu dio Roderak.

        Zoragarria. Ederki afaldu behar diagu, hire burgeskeriari esker.

        Baita hiri esker ere, hozkailu aldera keinu egin du Roderak. Pentsakor geratu da Goñi.

        Zer darabilkik buruan?

        Dudatan nagok. Mariskorako saltsa arrosa egin edo ez. Zer iruditzen?

        Ederto. Hemen duk whiskia.

        Gorde ezak Cardhu hori afalondorako. Sobera ona duk saltsa batean erabiltzeko.

        Gaur ezer ez duk sobera ona guretzat.

        Arrautzak katilu batean irabiatzeari lotu zaio Goñi. Bitartean Roderak pare bat tipula ipini du mahai gainean. Lanean dihardute biek, isilik, hurrupa txikietan txakolina edateko ez bada. Goñik saltsa bukatu duenean, Roderak hatz erakuslea sartu du katiluan eta ahora eraman ondoren: Ederra. Berriz saiatu da hatza saltsan sartzen, baina Goñik eragotzi egin dio: Uztak hori gerorako!

        Trankil, Felix, dena jango diat. Gaur inoiz baino gosetuago nagok.

        Ez haiz kapitalismoa baino goseago izanen.

        Heriotza baino goseago!

        Eskuartean daukanari bat-batean utzita, lagunari begira geratu zaio Goñi. Gauza bera egin du Roderak, laguna so duela oharturik.

        Barkatu.

        Ez zagok deus barkatzeko. Hiltzea sortzea bezain naturala duk, munduko gauzarik arruntena.

        Baina Maite... eta Eneko...

        Gu baino hobeki egonen dituk.

        Non, zeruan?

        Kar, kar, kar egin du Goñik, garratz.

        Serio jarri da Rodera ere: Hik ez duk zeruetan eta halakoetan sinesten, ezta?

        Ez, nik aspalditik ez, baina Maitek bai, hark sinesten zian.

        Sinestea librea duk. Edozer sinets daitekek, kontu sinesgaitzenak ere bai.

        Hala ere, ez al duk behin ere pentsatu egia izan litekeela hainbertze jendek sinesten duena?

        Kontrakoa uste izan diat beti.

        Nola ba kontrakoa?

        Jende gehienak uste duena gezurra izaten dela, alegia.

        Ez beti.

        Marxek ezin hobeto esan zuen: gizartean klase nagusiarena da ideologia nagusia.

        Marx zaharra! Urteak dituk haren aipamenik aditu ez dudala. Hi izanen haiz oraindik aipatzen duen bakarra.

        Berdin zaidak. Urtetan entzun eta irakurri behar izan diat Marxek adierazitakoa okerra zela, bere azterketek huts egin zutela. Orain krisia etorri duk eta hara non ikusi den, bat-batean, haren igarkizun gehienak zuzenak zirela! Kapitalismoaren krisiak gero eta larriagoak izateaz gain, gero eta sarriagoak dituk, hark idatzi bezala.

        Denean ez zian ba asmatuko.

        Ez, noski, baina kontu askotan bai. Adibidez, hark esan zian, zapalduak gero eta gehiago izango zirela eta zapaltzaileak gero eta gutxiago. Horretan behintzat asmatu zuela aitortu beharko zaiok.

        Bistan duk gero eta pobre gehiago dagoela. Karrikara irtetea baizik ez zagok.

        Okerrena duk, ez duela ematen inori ardura zaionik. Zerbait oso txarto egin diagu.

        Oker handiak egin ditiagu denok.

        Hik ere bai?

        Nire okerrak gaitzak izan dituk, sekulakoak, batez ere semearekin eginikoak.

        Semearekin hik eta alabekin neuk. Ederrak gaudek!

        Hire alabak bizirik dituk, bederen.

        Haiek bai. Ni nauk haientzat eta haien amarentzat hilda dagoena. Hamaika bider hilda.

        Trankil, Juanjo, noizbait ohartuko dituk zenbat maite dituan.

        Hik uste? Ez zakiat. Hi bezain seguru egon nahi nikek nik ere, baina duten ama edukita... ez zakiat.

        Hari ere damutuko zaiok noizbait hiri eraginiko mina.

        Bai zera. Zerbaitez damutzeko, txarto egindakoaz jakitun izan beharra zagok. Eta ez diat uste Itziar...

        Nola ez duk ba jakitun izanen.

        Hark dena ondo egin duela uste dik. Neu naizela errudun bakarra. Eta hortaz, zigorra merezi duen bakarra.

        Pasatuko zaiok. Goiz edo berant pasatuko zaiok.

        Ikusiko diagu.

        Beharbada hik uste baino lehenago.

        Ez duk Itziar ezagutzen.

        Hala duk, ikustez ere ez diat ezagutzen, baina ez duk bertzeok baino anitzez ezberdinagoa izanen.

        Ez, ez. Ez duk ezagutzen.

        Alabak maiteko ditik.

        Isilik dago Rodera.

        Haien ama duk!, esan dio Goñik.

        Paretako ordulariari kirik egin dio Roderak.

        Egongelan afalduko diagu, erabaki du Goñik, urdekiak eta kolorezko paperetan bildutako gainerako zizka-mizkak plater txiki batzuetan banatzeari lotzearekin batera.

        Zartagintxo bat utzi behar didak anguletarako.

        Sutegi azpiko tiraderan zaudek. Hik aukeratu egokiena. Baina utzi hori momentuz, esan dio Roderari, eta goazen afaltzen hastera.

        Roderak men egin dio eta sua itzali du. Goñik mandila erantzi du afaltzera esertzeko. Roderak ardo beltza isuri du kopa banatan, txakolina baztertuta.

        Nahi dutena erranen dute, baina Errioxako ardoa bezalakorik ez zagok.

        Bat etorri da Rodera lagunarekin: Remellurikoa ekarri diat. Ez duk edozein ardo.

        Hi ere ez haiz edonor.

        Irribarre txikia egin du Roderak, galdetu aurretik: Hik uste?

        Berezia haiz, apartekoa, bakana. Egia erran, ez diat hi bezalakorik bakar bat ere ezagutu.

        Gehiegikerietan ari haiz, Felix; eta harritzen naik, hi hain gizon zentzuduna izanda.

        Ez. Benetan ari natzaik.

        Orduan azaldu beharko didak zertan den nire berezitasuna. Ez ote da bitxikeria sinple bat, akaso?

        Azalduko diat, baina angulak jaten hasten garenean. Konforme?

        Sukaldera joan da Rodera, eta hasi da txitxardinak oliotan prestatzen. Salan geratu da Goñi, plater hutsak jasotzen. Mahaian traba egiten duen guztia azpil batera bildu, sukaldera eraman eta harrian pilatuta utzi du. Txitxardinak zerbitzatzeko buztinezko kazolatxoak bilatu ditu baxerategian. Ez ditu han aurkitu eta bila jarraitu behar izan du gainerako ontzitegi eta tiraderetan.

        Barkatu, baina gauza hauek Maiteren kontuak zituan, eta hura gabe galdurik nabilek.

        Ilundu egin da Goñi, hitz horiek esatean. Laster ohartu da Rodera. Besotik hartu du laguna eta ia belarrira mintzatu zaio: Goazen, Felix, hoztuko dituk bestela. Eta gainera, azalpen bat zor didak...

        Txitxardinak jan eta Remelluri bigarren botila ireki ostean lotu zaio Goñi bere zorra kitatzeari: Berezia izateaz gain apala ere bahaiz, eta horregatik ez duk hire berezitasunaz laudoriorik aditu nahi.

        Ez, ez nauk ez apala ez berezia. Kontu horiek hire zirtzilkeriak baino ez dituk.

        Zenbat madrildar, zenbat espainol ezagutzen duk euskaldundu direnak? Anitz? Ez diat uste.

        Pare bat.

        Eta euskaldundu eta bere klaseari uko egin diotenak, zenbat?

        Berdin ziok zenbat diren.

        Zareten.

        Ondo. Zenbat garen, nahi baduk. Horrek ez dik garrantzirik.

        Ezerk ez dik garrantzirik.

        Ez. Gauza batzuek baditek, eta handia gainera.

        Adibidez?

        Familiak. Seme-alabek.

        Ados. Horrek badik garrantzia, bai, handia.

        Niretzat, behintzat, handiena.

        Hutsik duen edalontzia bete dio Goñik: Oi hire alaba horiek, zenbat buruhauste!

        Buruhausteak haien amak eman izan zizkidak.

        Pepero horrekin ezkontzea ere!

        Nire errua izango zuan, seguru.

        Ez diat uste. Hik jende guztia hartzen duk ongi, maite dituanak batik bat, bidezkoa denez.

        Ez nauk santu bat eta, tamalez, bazakiat jendea txarto erabiltzen ere.

        Baina ezin diat sinetsi Itziar edo alabak gaizki erabiltzeko gauza izan haizenik. Hori nekez sartuko zaidak buruan.

        Itxuraz, oker hago, horixe aurpegiratu izan baitit Itziarrek behin baino gehiagotan.

        Bai zera.

        Zure familiaz baino gehiago arduratzen zara zure langileez, esaten zidaan.

        Hala al zen?

        Ez zakiat. Gehienetan ez. Ez diat uste. Dena den, badaitekek batzuetan, oharkabean, hark esan bezala jokatu izana.

        Duda egiten diat, Juanjo. Neuri ere antzekoak leporatzen zizkidaan Maitek, sobera ordu pasatzen nituela bufetean.

        Maite ez zuan karka batekin ezkondu.

        Ez, ergel batekin ezkondu zuan.

        Ergela hi? Deustoko ikasle finenetakoa? Hi ergela bahaiz, zer izango nauk ni.

        Erran diat, Juanjo: berezia, apartekoa, bakana.

        Hain berezia, ze alaba biek ni ikusteari uko egin dioten. Eramanezina omen nauk, gogaikarria. Jode, aita, que chapas eres. Halaxe esaten zidatek. Erdaraz.

        Aita erraten ditek bederen, ez papá.

        Jakin nahi nikek nola esaten dioten Itziarren senarrari.

        Ez papá, ezta aita ere. Bere izenez deituko ziotek ziurrenik.

        Felix, ez diat inoiz esan, baina haiengatik ikasi nian euskara, ikastolan hasi zirenean, haiekin berba egitearren; eta begira orain, erdaraz egiten ditek denbora guztian.

        Bon, hik egin beharrekoa egin huen eta hori aski duk.

        Aski ez duk inoiz nahikoa.

        Euskaldun gehienek baino anitzez gehiago egin duk hik euskararen alde.

        Hori pozbide eskasa dela uste diat.

        Halakoak izaten dituk pozbideak: eskasak eta motzak. Motzak batik bat.

        Carpe diem, beraz, altxatu du bere kopa Roderak.

        Carpe diem! Gauza bera egin du Goñik.

        Kokotxak saltsa berdean ekarri ditu Goñik sukaldetik. Sukaldari plantak eginez pausatu du azpila mahai gainean.

        Ufa, irten zaio Roderari. Pentsatzen ipinita, jakin nahi nikek zein metafora erabiliko lukeen Salaberriak usain honen gozotasuna irudikatzeko.

        Zer edo zer asmatuko zian, ez diat zalantza izpirik.

        Asmatuko zian, bai. Irudimen izugarrikoa duk, haren liburuetan ageri denez.

        Denak irakurri dituk?

        Bidali egiten zizkidak.

        Zuek lagun handiak zarete aspalditik. Biek liburu anitz irakurri izan duzue eta, beraz, beti izan duzue zer aipatu. Nik irakurririko liburu guztiek ikasketekin zeukatean lotura zuzena. Zuek bertze gisa bateko liburuak irakurtzen zenituzten: poemak, saioak, nobelak eta halakoak. Nik, aldiz, ez nian horretarako astirik. Eguneko minutu bakoitza lanerako behar nian. Gurasoei zor niean.

        Ulergarria. Gu, azken batean, aberaskume txoro batzuk baino ez gintuan. Salaberria eta biok bai. Baita Astoreka bera ere.

        Hura ere bai. Nuen lagun bakarra zuan. Egundo izan dudan minena.

        Gogoan diat. Elkarrekin ibiltzen zineten beti. Zintzo itxurako mutil bi. Harritu egin ninduan Burgosko prozesuaren kontrako lehen manifestaldi hartan zuek ikustean. Hara mutil zintzoak, pentsatu nian.

        Asmatu egin huen, bete-betean.

        Zuek mutil zintzoak. Eta gu mutil gaiztoak.

        Zergatik gaiztoak?

        Horixe izan nahi genian. Burua txorakeriez beteta geneukaan. Rimbaud eta Verlaine ginela uste genian. Edo Marx eta Engels, Lenin eta Trotski, Fidel Castro eta Che Guevara, nik zer dakit ba.

        Xelebreak zineten itxuraz ere. Bibote eta bizar haiekin. Zuek ikusita, Deuston egon beharrean, Parisko Sorbonan geundela ematen zian.

        Aberaskume babalore batzuk gintuan!

        Intelektual itxura harekin... Oker ez banaiz, Salaberriak pipaz erretzen zian. Nik sekula ezaguturiko lehen pipa erretzailea, bidenabar errana. Maite nian tabako haren usaina.

        Salaberria pipan erretzen? Barre egin du Roderak, sinesgogor. Harrigarria. Zeharo ahantzita diat.

        Ke arrasto bat uzten zian beti gibelean.

        Zeinen apetatsua den oroimena. Gauza batzuk zeharo ahanzten ditiagu eta beste batzuk, aldiz, argi eta garbi gogoratzen, auskalo zein lege edo arrazoiren arabera. Gogoratzen ditugunak, gainera, huskeriak izaten dituk.

        Pipa hura ez diat ahanzteko.

        Militatzen nola hasi nintzen gogoratu nahi izan diat askotan, inoiz lortu barik. Bazakiat Deuston nengoela; baina, gogor saiatu arren, ezin gogoratu noren bitartez sartu nintzen komunisten artean.

        Nik, aldiz, dena oroitzen diat, oroitu nahi ez nukeena ere bai.

        Hori txarra duk gero!

        Hagitz makurra. Astorekaz ahantzi nahi nikek, Bakeroaz, Enekoren lagunez, Sotorako bidaiez... Ahalegintzen nauk, baina alferrik duk, gogoan iltzatuta zauzkaat, Maite eta Eneko dauzkadan bezala.

        Normala.

        Hitz ere egiten zidatek...

        Nik isiltasuna baino ez diat jasotzen alabengandik.

        Isiltasuna ederra izan daitekek batzuetan, inoren solas ergela baino hobea.

        Ederra bezain eramangaitza.

        Ados. Kartzela bat ere izan daitekek.

        Horixe duk niretzat. Horregatik egoten nauk tabernetan.

        Hi beti ibili haiz ostatuetan, baita dibortzio aitzinean ere.

        Baina orain gauez ere joaten nauk. Izutu egiten naik etxean bakarrik egoteak. Berunezko isiltasun horrek...

        Makurra duk, bai.

        Txarto pasatzen diat, Felix, batez ere ohean. Bueltaka hasten nauk lo egin nahian, baina alferrik.

        Bazakiat zertaz ari haizen. Urteak zaramatzaat halaxe.

        Beldur alua!

        Ez. Nirea bederen ez duk beldurragatik. Egia erran, aspalditik beldurrik ez zioat ezeri. Ezta heriotzari ere. Aitzitik, batzuetan begiak itxi eta berriz ez irekitzea desiratzen diat, bertze zernahiren gainetik. Heriotza ederra lukek, ederrena, nire ustez. Insomnioa behingoz ahantzi, nekea gainetik kendu eta gozo lokartu, egundo berriz ez itzartzeko.

        Ondo pentsatuta daukak.

        Astia izan diat.

        Nik ez. Hona eta hara ibili behar izan diat beti.

        Bai, baina dena ongi hausnarturik, urrats bakoitza.

        Ez pentsa. Tontakeria asko egin diat.

        Tontakeria handiena tontakeriarik ez egitea duk. Hik ez bezala, bizitza oso bat behar izan diat nik horretaz jabetzeko. Bizitza oso bat... Gezurra zirudik.

        Denok behar izaten diagu ustez dakigun apurra ere benetan ez dakigula konturatzeko. Bizilegea duk.

        Hala izanen duk, baina ez duk samurra. Gure ahalegin guztiak alferrikakoak. Hik ideiak izan dituk, gutienik.

        Hik ere bai.

        Nik? Zein ideia izan diat ba nik?

        Abertzalea izan haiz beti.

        Bai, baina epela, hagitz epela. Semea atxilotu behar izan zidatean pixka bat berotzeko. Ordura arte eroso bizi ninduan, eta lanaz eta familiaz baizik ez ninduan arduratzen.

        Ondo bizi bahintzen, zertarako jakin? Normala duk. Denoi gertatu zaiguk.

        Hiri ere bai?

        Jakina. Batxilergoaren azken urtera arte ez ninduan errealitateaz ohartzen hasi. Orduan hasi ninduan gure aitak eta jesuitek azaldutakoa oso bestela zela susmatzen. Gezurretan ari zitzaizkidala ikusi nian, eta niri, guri, ezkutatutako egia bilatzeari ekin nioan.

        Gaur arte.

        Bai, gaur arte, baina ez askoz gehiago, nik uste.

        Egia aurkitu duk, beraz.

        Ez diat uste inoiz aurkituko dudanik.

        Ahalegindu haiz bederen.

        Besterik ez diat egin. Alderdi komunistan lehendabizi, Euskadiko Ezkerran ondoren eta, bukatzeko, ezker abertzalean. Bide bihurria, ezta?

        Zuzenagoa izan zitekean, bai.

        Okerragoa ez, ordea. Sartzen naizen alderdi eta talde bakoitza desagertu egiten duk goiz edo berandu. Itzela duk nirea. Halako madarikazio moduko bat zaramaat gainean.

        Hik ez hituen alderdi horiek desagerrarazi. Bertze batzuek egin zitean lan hori.

        Zoritxarra nirea. Carrillo, Onaindia... Neuri suertatu behar halako buruzagi makalak, halako traidore beltzak.

        Eta Otegi?

        Otegi kartzelan zagok oraindik.

        Bai, baina ez al haiz beldur?

        Zeren beldur, okertuko diren beldur? Tira, Felix... bai, bai, beldur nauk. Nola ez nauk izango.

        Ni ere gero eta mesfidatiagoa nauk. Ez nauk neure buruaz ere fio.

        Gero eta sinesgogorragoa nauk ni ere. Urtetan segurua eta egonkorra iruditu zaidan guztiaren gainbehera ikusi behar izan diat azken aldian. Kapitalismoa duk sendo dirauen bakarra; krisi latzekin, noski, baina iraun, azken batean. Gainerakoa pikutara joan duk, dena pikutara.

        Okerreko alderdiak hautatu hituen.

        Alderdi gehienak halakoak dituk, okerrekoak.

        Ez pentsa. Galdetu Astorekari, bertzela.

        Nik galdetu? Hire laguna izan duk beti.

        Holako lagunekin, kontrarioak hobeki.

        Hiri egingo diat galdera, Felix; zer egin ote hion?

        Nik dakidala, bederen, deus ez.

        Ba ezer ez egiteko, amorru izugarria dik.

        Hala zirudik.

        Zer edo zer egingo hion.

        Erran diat: deus ez.

        Bitxia duk...

        Maiz pentsatu diat horren gainean. Urtetako gure arteko harremana aztertu diat, ahalik eta zehatzen, eta susmo bat baino ez diat hausnarketa luze horren ondotik.

        Zein?

        Oroituko haiz, aspaldi, Salaberriarekin egin genuen bazkariaz.

        Bilbon, Astorekaren txokoan egindakoaz ari haiz... Nola ahaztu.

        Ba, gaizki-ulertze bat izan genian. Gaizki-ulertze ustel bat, gainera. Zerbait erran nian denen aurrean, eta Astorekak uste izan zian bere maitaleaz ari nintzela.

        Baina ez hintzen hartaz ari, noski.

        Bai, ari ninduan, baina Astorekak eta biok ulertzeko gisan. Private joke bat baizik ez. Zuek ez zineten ohartu ere egin.

        Hara gure Kosme zintzo eta katolikoa! Emakume ederra izango zuan behinik behin.

        Ezin diat erran. Ez nian ezagutu. Nik bulegoko giltza uzten nioan eta kito. Goiz batez kondoi erabili bat aurkitu izan ez banu, bilera politiko berezietarako erabiltzen zuela pentsatzen jarraituko nikean.

        Astorekaren mendeku gogoaren ondorioa izan duk, hortaz, zuen azken urteetako gurutze-bidea.

        Ez diat bertze esplikaziorik aurkitzen.

        Inoiz esan al zian, maitalearen kontua zela-eta hirekin haserre zegoela?

        Ez. Baina susmo hori bakarrik zaukaat. Luzaz erabili diat kontu hau kaskoan, eta uste diat nire informazioaren boterearen beldur zela.

        Eta hire susmoa okerra balitz?

        Isilik geratu da Goñi, lagunak egin berri dion galderaz gogoeta egiteko astia bildu nahian. Ez aurrera ez atzera, zer esan ez dakiela geratu da, eskuineko eskuaz kopari eusten. Zurbildu ere egin da.

        Nahiago diat susmoa zuzena dela uste izatea, erantzun dio azkenean.

        Bai, baina okerra balitz, orduan zer?

        Orduan dena izan den baino anitzez ikaragarriagoa lukek.

        Rodera da orain mututu dena. Pentsakor dago.

        Berehala ohartu da Goñi, eta antzerkia egin du: Postre aitzineko hondar platera dastatzeko parada izanen duzue jarraian: azpizuna onddoekin!

        Jakiekin laketu dira. Aurreko plater guztiak goraipatu dituen moduan goraipatu ditu haragiaren gozotasuna eta samurtasuna Roderak. Honela segituz gero, Felix, esan dio lagunari, Astoreka bezain sukaldari bikaina bilakatuko haiz.

        Hura izan diat maisu. Hala ere, sukaldari bikaina ez, hauts bilakatuko nauk agudo.

        Eta nor ez? Berdin ziok! Ahaztu! Gutizi hauek izanda, zertarako kezkatu?

        Carpe diem.

        Topa egin dezagun horren alde.

        Topa egin dute. Eta ondoren oturuntzarekin segitu dute, Goñik halako batean aski dela esan duen arte, ezin duela gehiago jan, lehertuko dela.

        Edan ezak behintzat.

        Baietz Goñik, horretarako ez duela arazorik.

        Pena duk, primerako turroia ekarri diat.

        Utzi turroiak eta gainerakoak biharko edo etzirako. Gehiago preziatuko dituk orduan. Orain kafea eginen diat.

        Jaiki eta sukaldera joan da Goñi. Handik aditu du Roderaren kalaka. Kafeak ekarri dituenean, afaldu duten mahaian ordez, sofa pareko mahaitxoan utzi ditu.

        Etorri hona, erosoago egonen gaituk.

        Telebista aurreko larruzko sofa zurian eseri da Rodera, Goñiren emaztea eseri ohi zen alde berean. Ez dio Roderari halakorik esan.

        Altxatu da une batez Rodera, eta zeremoniatsu mintzatu zaio Goñiri: Zer edan nahi luke etxeko jaunak? Bas-Armagnac? Whiskia?

        Bat aukeratu beharra zagok?

        Biak edan ditzakegu, jauna. Kafearekin bat eta erretzekoekin bestea.

        Ados.

        Edateko hain ederrak edukita, maila bereko erretzekoak atera beharko ditugu, jauna.

        Ez gaudek ezeri muzin egiteko.

        Ea ba zer daukagun hemen: Davidoff, Montecristo, Partagás...

        Davidoff bat hartuko diat. Izena maite diat.

        Nik Montecristo bat, Salaberriaren omenez.

        Omenez, zer ba?

        Txorakeria bat. Montecristoko kondea, badakik, Dumasen nobela ospetsu hori.

        Ez diat liburua irakurri, baina telebistan ikusi nian, orain ez aspaldi. Anitz eman zidaan pentsatzeko.

        Montecristoko kondeak? Benetan? Denbora ondo eta arin pasatzeko nobela bat duk, ez besterik.

        Hik hala badiok, halaxe izanen duk. Hi haiz literatura betidanik maite duena.

        Zeri buruz pentsarazi zian, jakin badaiteke?

        Mendekuaz.

        Nola ez! Nor mendekatzeko, baina?

        Ez duk asmatzeko zaila.

        Eneko.

        Bizkorra haiz gero!, trufatu zaio Goñi.

        Beste batzuk izan zitezkean.

        Anitz. Makina bat biktima.

        Eta makina bat borrero, beraz.

        Bai, denak akabatzeko modukoak.

        Eta zein akabatuko huke aurrena: Bakeroa, Eneko kartzelara bidali zuen epailea, fiskala?

        Horiek ere plazer handiz akabatuko nitizkek, ahalko banu. Nire mugen jakitun nauk, ordea, eta banekian geratzen zaidan indar apurrarekin horietako bakar bat akabatzea lan benetan gogorra izanen zela niretzat. Horregatik, telefilm hura ikusten ari nintzelarik, Astoreka nerabilean gogoan. Lehenik eta behin, hura jotzen dudalako Enekori gertaturikoaren eragile eta erantzule nagusitzat.

        Enekorekin batera beste batzuk ere atxilotu zitiztean.

        Noski. Haien mesedetan ere nahi nian Astoreka zigortu. Denon mesedetan. Banian bertze arrazoi bat haren kontra jotzeko. Aukera guztietatik hura zuan, nire ustez, egokiena. Hagitz ongi ezagutzen dudalako, batik bat. Bazakiat zein ohitura dituen, zein zaletasun eta ahulezia. Bazakiat nola min eragin. Zer duk Astorekak gehien maite duena?, galdetu nioan neure buruari. Semea, Aitor.

        Eman dizkion buruhauste guztien ondoren ere bai?

        Baita ere. Areago, horrexegatik maite dik bertze guztien gainetik, nire irudikoz. Nolanahi ere, aitaren kontra egiteko modurik eraginkorrena semearen kontra egiteari iritzita, leku guztietara jarraituko zion detektibe bat hartzearekin amets egin nian zenbait egunez: detektibeak Aitor Astorekaren azken hutsegitearen, lerraduraren edo erokeriaren albiste zehatza zekarkidaan. Bonba bat. Eta nik bonba hori leku aproposean paratu behar nian. Horretan nengoan, Begoñaren heriotzaren berri izan nuenean. Horrek uxatu zizkidaan ameskeria guztiak.

        Horixe egiten dik, ezin hobeto, errealitateak.

        Bai. Nire mendekua denboraren eskuetan uztea erabaki nian. Hura ni edo bertze edonor baino anitzez indartsuagoa eta azkarragoa duk.

        Ondo erabakita. Lagunik onena aukeratu huen.

        Justizia poetikoa iruditu zitzaidaan haren emaztearen heriotza. Berdindurik oraindik ez, baina bina berdintzeko bidean ikusten ahal nian neure burua.

        Ostia, Felix, hi beti futbol zale.

        Konparaketa traketsa duk agian, baina hala sentitzen nian nik kontua, partida bat balitz bezala. Hark semea galdu eta dena bueltatuko zuan, nolabait, bere onera. Baina Aitorren heriotzak ez zidaan Eneko itzuliko, noski, Begoñarenak Maite itzuli ez zidan gisa berean. Hala ere, uste nian maite nituenek utziriko hutsunearen oinazea arinduko zidala. Nire baitako zerbaitek erraten zidaan, luze gabe denborak hondar mesede hori eginen zidala. Ziur ninduan.

        Aitor hori txoriburu samarra izan duk, ezta?

        Ttipitatik.

        Ez nauk lar ondo gogoratzen, baina hik zerbait aipatu hidan behin, Madrilerako gure bidaia haietako batean. Alderdi Egunean egin zian zerbait, oker ez banauk.

        Bezperako gauean droga erretzen aritu zuan EGIren kanpaldian.

        Hori duk. Txokolate puska batekin harrapatu zitean. Sekulako nahigabea hartuko zian Astorekak.

        Sutan zegoan. Jendeak zer erranen zuen kezkaturik zegoan.

        Burukide baten semea txokolatea erretzen...

        Burukide nagusiaren semea!, hobeki errana. Hura sonatuena izan zuan, baina handik urtebetera eginikoak Kosme bere onetik atera zian. Patxi Gazteluren alaba gaztea haurdun utzi zian. Horregatik ezkonarazi zitiztean lehenbailehen.

        Ez zirudik batere inozoa Astoreka gazteak.

        Ez nonbait. Gaztelu baino aberatsagoak ez dituk ugari Bizkaia osoan. Harrobiak, eraikuntza enpresak, kamioiak, garabiak... denetarik.

        Ondo ezagutzen duk.

        Bezero izan nian.

        Ezkurdin, presoen aldeko pankartaren atzean ikusi hinduten arte.

        Noski.

        Eta seguru hura ez zela izan galdu huen bezero bakarra.

        Ez, bertze mordoxka batek ere utzi ninditean. Beldur zituan.

        Hire beldur...

        Batzuk sobera aise beldurtzen dituk.

        Dirua koldarra omen duk.

        Ni ez nauk horretaz ari, ordea.

        Gazteluren antzekoez ari haiz...

        Ez. Astorekaz ari nauk, egia errateko. Nire beldur izan behar zian, zigun herra izateko. Ez zioat bertze azalpenik aurkitzen.

        Eta izango ez balitz?

        Berdin zaidak. Oker egonen banintz, hagitz kontent aitortuko nikek, ez izan dudarik. Bakarrik nagok, ordea; eta egiak bakarrik axola zidak orain.

        Mingarria bada ere?

        Nozitu behar nuen guztia nozitu diat hondar urteetan.

        Beti sufri litekek gehiago, guk uste baino askoz gehiago.

        Nik ez. Niretzat dena bukatu duk, baita oinazea ere. Azken afaria diagu gaurko hau.

        Biontzat duk azkena, esan diat lehenago ere. Hiretzat eta neuretzat.

        Hiri bederen alabak geratzen zaizkik. Haiek zaindu beharko dituk.

        Gustura zainduko nitizkek, ahal banu.

        Zerk eragozten dik?

        Itziarrek eta... minbiziak.

        Zer?

        Egia baino ez zaiala axola esan berri didak. Horra hor egia. Neure egia.

        Zurbildu egin da Goñi. Hitzik gabe utzi du lagunaren aitorpen itxuraz ezaxolatuak.

        Esan ezak zer edo zer. Ez duk hainbestekoa. Jende gehiena minbiziz hilko duk goiz edo berandu. Denbora kontua baino ez duk. Orain niri heldu zaidak txanda, duela hilabete batzuk Astorekaren emazteari heldu zitzaion bezala. Gure garai triste honen berezko gaixotasuna duk, gaur egungo izurritea. Gainbeherako kapitalismoarena.

        Medikuek lotu ditiztek izurritea eta kapitalismoa?

        Ez. Neure kabuz egindako diagnostikoa duk. Medikuek ez zakitek ezer marxismoaz.

        Marxismoaz ez, baina minbiziaz poxi bat bai. Zer erran diate?

        Betikoa. Erradioa, kimioa... Badakik, pakete osoa.

        Bai, baina...

        Beranduegi topatu omen zidatek tumorea.

        Hi borrokalaria haiz, beti izan haiz.

        Nekatuta nagok. Bizitza osoa alferrikako borroketan jardun diat eta ez nikek halako beste batean alferrik jardun nahi izango.

        Borroka egin gabe ez zagok jakiterik alferrikakoa izanen den.

        Medikuek esan zidatek.

        Hilko haizela erran diate?

        Gutxi gorabehera.

        Zer demontre da gutxi gorabehera!

        Gehienez hiru hilabete geratzen zaizkidak. Udaberriarekin batera hilko nauk, antza denez.

        Tratamenduari estu jarraituz gero ere bai?

        Ez zieat galdetu ere egin. Ez diat jakin nahi. Geratzen zaidan apurra ahalik eta hobekien bizi nahi diat, medikurik, pozoirik eta torturarik gabe. Hori duk benetan ardura didan zera bakarra. Hori eta alabekin ondo amaitzea.

        Seguru egonen haiz, noski.

        Erabat, guztiz seguru. Hil arte bizi!

        Hil arte bizi!, eskuan daukan whiskiz betetako edalontzia jaso du Goñik, oraindik zurbil.

        Edan egin dute biek.

        Ondo pentsatuta, ez duk hainbestekoa...

        Ez, ongi pentsaturik ez. Gu bezalakoentzat hoberena ere izan daitekek. Begira iezadak: Maite eta Eneko hil eta gero, zer egiten diat nik oraindik hemen? Deus guti. Bakarrik nagok, galdurik nagok... Akabaturik nagok hi gabe geratuz gero.

        Hori segurua duk.

        Beraz, azken afaria diagu hau...

        Lehen esan diat: azken-azkena. Biok batera bai, behintzat.

        Norekin afalduko diat, ba, hirekin ez bada?

        Enekoren neska izandakoarekin afal dezakek.

        Leirerekin?

        Horixe, Leirerekin. Ondo konpontzen zarete, nonbait.

        Primeran, baina hark badik norekin afaldu. Ez dik ni bezalako agure batekin afaltzen denborarik galdu behar.

        Hi, Felix, hiltzeko gertu egongo gaituk, baina agureak ere ez gaituk. Oraindik ez.

        Gorpu ibiltariak gaituk. Horixe gaituk.

        Ondo afaldutako gorpuak.

        Eta primeran edanikoak.

        Alai azaldu nahi izan du Roderak. Baso bietan izotzak kanpai hoska bota, whiski botila haietan hustu eta Goñiri eskaini dio bat.

        Ausarta haiz, Juanjo, beti izan haiz ausarta, ni ez bezala. Hire gisan solastatu nahi nikek: lasai eta soseguz, gardentasun osoz.

        Ez badut orain horrela berba egiten, noiz egingo diat ba? Niri, hiri bezala, egia duk dagoeneko ardura didan bakarra. Gainerakoak bost axola. Dena galtzen denean, hori baino ez zaiguk geratzen. Eta nik, hire moduan, dena galdu diat.

        Hi gogor borrokatu haiz beti.

        Bizitza osoan. Areago, erabateko porrotaren adibide behinena nauk: gatazka guztiak galdu, gerla osoa ere galtzeko. Alabak...

        Juanjo, horditu egin haiz.

        Oraindik ez. Ez guztiz.

        Hire burua errepikatzen hasi haiz. Madarikazioak botatzen hasiko haiz laster...

        Hi ere beldurtu haut, ezta? Hago trankil. Gau egokia duk hau melodramarako, baina ez diat plazer hori eman nahi.

        Edan dezagun eta goza dezagun egiaz.

        Egiaz gozatu?

        Ez zagok egia bakarra, anitz baizik. Edo, nahiago baduk, egia beraren zenbait alderdi. Aipa ditzagun horiek, orain arte egundo aipatu ez ditugunak, ez jadanik buruz dakizkigunak.

        Ederto. Baina... egia aitorrezinenez ari al haiz?

        Baita ere.

        Jolas arriskutsu samarra iruditzen zaidak.

        Arrisku pixka bat behar dik edozein jolasek benetan jolas izateko.

        Hik ikusi.

        Ongi duk. Neu hasiko nauk. Maiteri ezkutatu nion hondar gauza kontatuko diat.

        Aurrera.

        Maite hil baino hamar egun lehenago Leirek hots egin zidaan, nirekin solastatu nahi zuela erranez. Maite eri zela azaldu nioan, eta, beraz, ezinen nuela Bilboraino joan. Durangotik bertatik deika ari zitzaidala erran zidaan. Plateruenara bildu gintuan eta bertako mahai baten inguruan jakinarazi zidaan mutil batekin ibiltzen hasi zela.

        Zer dela-eta jakinarazi behar zian halakorik?

        Horixe bera galdetu nioan nik.

        Eta?

        Nik edonoren ahotik karrikan aditu aitzin, berak kontatu nahi zidala erantzun zidaan.

        Benetan neska adeitsua.

        Bai, nahiz eta hik ironiaz erran. Gozoa duk Leire, eta xaloa, eta bertze bertute anitzen jabea ere bai.

        Maite duk, argi zagok.

        Bere zintzotasunagatik maite diat. Ez zakik gezurrik erraten.

        Hark ere maite hau, seguru, eta bere maitasuna erakutsi nahi izan zian kontu horren bitartez. Baina ez zaidak aitorpen hain berezia iruditzen.

        Mutila nor zen ere kontatu zidaan...

        Ederto.

        Hik ezagutzen duk.

        Nor da ba?

        Aritz Zengotita.

        Hara!

        Enekoren lagun mina.

        Mutil ona. Ondo aukeratu dik Leirek.

        Espero dezagun.

        Zalantza daukak ala?

        Nik ez, baina Maite ez zuan Aritzez inoiz fio izan.

        Zergatik?

        Eneko lehen aldiz kartzelatik irten zenean, herrian zabaldu ziren esamesen gibelean zegoela uste zian Maitek.

        Zer datu zian hori pentsatzeko?

        Eneko kartzelatik irteten lehena izan zelako. Horrexegatik bekaiztu omen zitzaizkioan.

        Ez diat uste.

        Nik ere ez, baina Maite horretan sinetsirik zegoan.

        Maitek egiazkoak ez ziren gauza asko sinesten zitian.

        Batez ere hondar aldian.

        Bai azken aldian eta baita lehenago ere.

        Zer erran nahi duk?

        Ez nauk hiri kontatzen inoiz ausartu, baina gaurko hau izan daitekek horretarako aukera aproposa, egiaren gaua denez gero, ezta?

        Hala duk, egiaren gaua, inolako beldurrik gabe solastatzekoa. Azken aukera.

        Ederto. Nire txanda duk, beraz.

        Aitzina.

        Jendeak ez zian hire emaztea larregi maite.

        Zer jendek?

        Beste atxilotuen gurasoek. Begitan hartu zitean. Ezin ziotean barkatu egun haietako batean esan ziena.

        Zer erran zien ba?

        Zuen semea errugabea zela, ez zuela ezer ere egin.

        Eta horregatik haserretu al ziren, egia errateagatik?

        Esan gabe ere, argi adierazi ziean zuen semea ez zela haien semeen antzekoa, ez zela terrorista bat. Hi ere haserretuko hintzen, haietako norbaitek halako zerbait esanez gero.

        Noski haserretuko nintzela.

        Ulertzen duk haien amorrua orduan.

        Dudarik gabe. Maite, ordea, ez zuan halakoa. Erotu egin zuan Enekoren deskalabruaren ondoren.

        Eneko hil baino askoz lehenago esan omen ziean hori beste presoen gurasoei.

        Ez diat ezetz erranen. Balitekek nik uste baino lehen buruz nahastu izana. Nolanahi ere, makurrena Eneko hil ondotik gertatu zitzaioan Maiteri. Burutik egin eta mundu guztia kontra zuelakoan, etxetik irteteari uko egin zioan. Ordurako ia ez genian bizitza sozialik, baina mendira joaten gintuan bederen. Goizetan, gosaldu eta Anboto aldera abiatzen gintuan, hor zehar ibiltzen gintuan bazkaltzeko garaira arte. Mesede ederra egiten zigutean goizeroko txango horiek, burua garbitzen zigutean, birikak egurasten, semearekiko kezkak arintzen. Ez gintuan arras zoriontsu, baina zenbait orduz samina pixka bat ahanztea lortzen genian, eta handia zuan hori guretzat, lasaigarria.

        Maite gajoa!

        Erran ezak Felix gaixoa ere. Haren ondoan egon behar izaten nian egun osoan, biok sofa honetantxe jarririk, hain justu. Telebistari begira egoten gintuan, eta hari begira segitzen genian itzalita zegoenetan ere. Noizbait lokartzen gintuan, bortz bat minutuz gehienez, eta ohatzera joaten ginelarik ez genian batere lorik egiten.

        Nik pilulak hartzeari esker lo egiten diat ordu gutxi batzuetan.

        Insomnioa jasanezina duk, ia tortura molde bat.

        Ondo zakitek hori poliziek.

        Ohatzea bera bihurtzen duk tortura tresna. Batera egin, bertzera, eta ezin inoiz jarrera egokirik aurkitu. Lasaitzera saiatu, hatsa sakonki hartzera, eta ezin. Amorratu egiten ninduan hasieran. Hondarrean, etsi.

        Etsi behin ere ez!

        Maitek eta biok bai, arrunt etsi. Gauez gelditu egiten duk denbora. Areago erranen nikek: denborak derrigorrezkoa dik argia, argirik gabe ez duk deus. Argiaren arabera neurtzen eta izendatzen diagu denbora, eguna, horixe baita guztiaren oinarria, gainerako neurri guztiena: asteena, hilabeteena, urteena, mendeena...

        Ordu asko pasatu duk horri buruz gogoetan.

        Milaka ordu, bai, ia gauero hondar hamaika urte hauetan. Insomnioak hori dik txarra, ilunpean ere badabilela burua. Guztiz bere kasa zabilek, gainera, hona eta hara, logika izpirik gabe, horditurik balebil bezala.

        Hi haiz orain horditu dena, Felix. Mozkortuta hago.

        Bai, baina ez agudo izanen naizen bezain horditurik.

        Hori duk sasoia! Ez ditiagu gutizia hauek guztiak dastatu gabe utziko! Bekatu larria lukek.

        Eta biharamunik ez badago, ez duk bestondorik ere egonen. Edan dezagun!

        Topa!

        Biek batera edan dute eta tira egin diete erretzen ari diren Habanakoei. Kez inguratuta daude. Eztulka hasi da Goñi.

        Maitek ikusiko banindu, esan du; ez zian nik erretzerik nahi. Ez zidaan deus erraten, baina begirada bakar batekin aski. Elkarrekin hainbertze urte eman ondotik, alferrik genitian hitzak. Eneko hil arte maiz solastatzen ginen arren, hura lurperatu eta arras isildu gintuan. Eskuak loturik egoten gintuan, eta biok konforme. Maiteren esku hotz haiek... marmolezkoak bezalakoak.

        Izugarri maite huen, ezta?

        Ezagutu izan dudan emakume bakarra izan duk, nire seme bakarraren ama. Nola ez nian ba maiteko?

        Ezagutu ere bakarra, Biblian bezala?

        Bai, horrela ere bai. Hura izan zuan biluzik ikusi nuen lehendabiziko emakumea.

        Aldizkari pornografikoak ikusita edukiko hituen Maite ezagutu huenerako.

        Lehendabiziko benetako emakumea larru gorritan, erran nahi diat.

        Ederra. Gauza bera esan nahi nikek Itziarrez.

        Hik ere izugarri maite duk hura. Ez erran ezetz.

        Ez diat ezetzik esango. Gorrotatzen ahalegindu nauk eta gorrotatzera ere ailegatu nauk batzuetan. Ez oso luze, ostera. Ahazten ere ahalegindu nauk, eta huts egin diat horretan ere. Ez duk nire lehendabiziko andrea izan, ezta azkena ere; baina, hik esan legez, nire alaben ama duk.

        Hori ezin duk ahantzi, ez. Makina bat zapokeria egiten badigute ere, ezin gorrotatu.

        Asko egin al zian Maitek?

        Osasunari eutsi zion bitartean, bat bera ere ez. Erotu zenean bai. Baina orduan ez zian errurik. Denok erotu gintuan pixka bat: semea lehenik, gero Maite, ni neu ondotik.

        Mozkortuta hago, bai, baina ez diat nik ero arrastorik antzematen.

        Maiteri ere ez zitzaioan sobera nabaritzen eta, hala ere, eroturik zegoan. Obsesioak zitian.

        Nork ez?

        Ez hark bezala. Leirerekin obsesionaturik zegoan, ezin zian eraman. Maiteren aurrean haren izena aipatzea debekatu egin behar izan nioan neure buruari. Maite bere onetik ateratzen zuan Leireren izena aditze hutsarekin. Sekulakoa zuan, sinesgaitza.

        Eta hik ezin ezer egin.

        Deus ez. Saiatu ninduan bere okerra ikusarazten: Leirek ez zuela Enekoren heriotzaren errurik, hura ere hagitz gaizki pasatzen ari zela, saminki sufritzen ari zela. Maitek, aldiz, ez zian horretaz deus aditu nahi. Harentzat traizioa zuan Leirerena, barkaezina. Eneko benetan hil zutenak bertze batzuk izan zirela errepikatzen nioan alfer-alferrik. Astoreka oroitarazten nioan, ertzainak, fiskalak, epaileak, egunkariak, telebistak. Dena debaldetan.

        Hala izaten duk, antza. Ni ere ahalegindu ninduan Itziar konbentzitzen, baina ez nian hik baino zorte hoberik izan. Hura ere egiaren beldur duk, nonbait.

        Nekeza duk beldurraren aurka borrokatzea, alferrikakoa gehienetan. Beharbada hilzorian egon beharra zagok egia aitortzeko.

        Eta onartzeko.

        Halaxe gaudek biok, hil hurren. Hortaz, zernahi erran zezakeagu lasai demonio.

        Hildakoen mintzoa...

        Hire txanda duk, Juanjo. Konta iezadak egia handiren bat.

        Ederto, baina ez zaik batere gustatuko.

        Egia baldin bada, ez dik axola. Halakoa duk gaurko gure jolasa.

        Hitz egin dezagun, beraz, Enekori buruz.

        Gure semeaz? Zerbait daukak gordean?

        Epailearen aurrean esandakoak.

        Ez adarrik jo!

        Lehen esan didak, Enekori buruz gaizki esaka jardun zutela herrian. Eta ulertu diat, Maitek Zengotitaren seme Aritz jo zuela erruduntzat.

        Bai.

        Ba, jakin ezak, Enekori buruz esan zutena egiazkoa zela guztiz.

        Goñiri itxuraldatu egin zaio aurpegia. Eta aldartea. Mozkorra bat-batean pasatu zaiola dirudi.

        Ahantzi zaidak zer erraten zuten Enekoren lepotik, erran dio lagunari.

        Haren erruz bi lagun atxilotu zituztela.

        Denek izenpetu zitean ertzainek aitzinean paratu zieten papera.

        Den-denek. Baina Enekok Harkaitz Olazabal eta Nekane Ruiz aipatu zitian epailearen aurrean, eta ahaztu egin zitzaioan guri esatea.

        Eta?

        Ba, beste inork haien izenak aipatu ez zituenez, ezkutatuta zeuden tokitik irten zituan trankil-trankil, Poliziak haien berririk ez zuelakoan.

        Seguru hago horretaz?

        Erabat seguru. Epailearen paperetan ikus dezakek.

        Nik uste nian...

        Bazakiat, Felix, baina sarritan gauzak ez dituk diruditena. Hik, Maitek bezala, Eneko erabat errugabea zela uste huen, atxiloketa eta gainerako guztia Astorekaren mendekua zela, haren azpikeria. Badaitekek hala izatea, ez diat nik ezetz esango, baina, hik sinetsi edo ez, Eneko kale borrokarako talde batean zegoan, Aritz Zengotita eta gainerakoekin batera. Ertzainak ez zebiltzaan itsumustuka. Hanka sartu zitean, modu txarrean gainera, baina bazekitean Enekok eta haren lagunek zer edo zertan zihardutela. Horretan, behintzat, ez zeudean oker. Gauza txikiak egin omen zitiztean: kutxazain automatiko batzuk erre eta halakoak, baina haien atzetik zebiltzaan zenbait hilabete lehenagotik.

        Isilune luzea egin da. Goñiri amatatu egin zaio bihotzaren beroa. Rodera deseroso mugitu da sofan. Eta Goñiri totelka atera zaizkio hitz mikatz batzuk:

        Dena gezurra... Dena alferrik.

        Ez du besterik esan. Negar anpulu bat etorri zaio masailean behera eta, ahoa berriz zabaldu duelarik, intziri suerte batek ihes egin dio; auhen mehe bat izan da hasieran, harik eta haren ahotsa ustekabean gorantz sendotu eta Rodera ohartu den arte kantuan atseden hartu nahi duela adiskideak.

        Maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak izkutatzen dizkidanean...

        Roderak bafada handi bat atera dio Habanakoari, kotoizko arbola bat dirudien kezko hodei bat sortu du, eta Goñiri kantuan lagundu dio berak ere, Mikel Laboaren doinuan. Eta berriro armagnacak eta whiskiak edatearekin laketu dira abesti gogoangarrien artean: Laboarenak, beste batzuenak eta are herri kantak ere. Eta edanean eta kantuan atseginez jarraitu dute inolako presa eta grinarik gabe egunsentira arte.

 

 

 

 

Mikel Arregiri, Xabier Mendigureni eta, bereziki, Edorta Mataukori eskertu nahi diet liburu hau idaztean emandako laguntza. Zordun naute betiko.