Txoko-Landanen Luisarekin
Han goian geldi-geldi geratu ziren zazpi arranusoak. Mokoen bidez «Txoko-Landan» izeneko gautokia erakusten ziguten, adarrak barrurantz dituen izar antzekoa osatzen bait zuten zazpirek, erdian eta elkarzutuki goitik behera marra zitekeen lurrerainoko lerro teorikoan egonik gure azken helmuga izango zena.
Zulo hartan sartzeko maskaturik etortzeko derrigorra zioen txartela irakurtzean, arazorik ez, esan genuen gure artean. Ateko jagolea bera ere pinpilinpausa jantzita zegoen, atearen bezainbesteko hegal eta guzti, Bilboko Alde Zaharrean sasoi batean hain modan egon ziren kometaren bati kendurik hegalok, arean.
Sartzeko ginela, bidea eskatu zidan sabelera sartutako guztiak larritasun larriaz. Goragaleari eutsi ezinik, bazterrera jo nuen, oka egitera, gainerako guztiak arazorik barik sartzen ziren une berean. Utzi nuen goitikin-multzoa ez zuen atsegin izango, ez, biharamunean bide hura erabili beharreko inork ere.
Botatakoan gorrotoa hartu nion nire buruari halako putakeria egina izanagatik. Laster baina, speedaren eraginak uxatu zituen nire damu-asmo guztiak. Izerditan hasi zitzaizkidan begiak, indarge geratu hankak, bihotzak formulako prototipoen abiada hartu zuen eta eznuen beste biderik izan eskaileretan jezartzea baino. Hantxe aurkitu ninduen Anak, taldeko besteekin zetorrela.
Hi, zer daukak? galdegin zidan ezezagun nuen ahotsaz.
Eta hi, nor haiz hi? ahots-apur batez nik, haren eme-ezaugarriei ohorezko begirada eskaintzeko gai ez nintzela.
«Canela»n ikusi haut lehenago; beste nesken laguna nauk.
Alboan jezarri zitzaidan; besoaz lepoa estutu eta izena xuxurlatu zidan belarrira, Ana, edo Luisa, Ana Luisa. Nirea esateko doi-doi izan nintzen gauza.
Luisa erromantiko-zaina zulatu zidan izenak , Barbadun erreka alboan hazten dun eder Hierba Luisa bedarra. Ezagutzen al dun? Usaintsua, karamelo hutsa. Hiri ere ez ote darin usain bera?
Paparra usaindu nion. Ez dakit ze usain zerion, gutxitan ikusi ditudan bezalako diti aleek itsutu egin bait zizkidan men guztiak, ikusmena eta ikumena ezik.
Hiri berriz, azetona-hatsa darik; lar edan duk. Barruan joango zaik guztia, musikaren eraginez; ikusiko duk.
Zutitzen lagundu ninduen. Ene laztana! elektrizitatez zamatzen zitzaidan gorputza neska ukitzean. Mila speedondokoren sindromeak jota ere ez nuke halakorik alde egiten utziko. Atera urreratu ginen, besarkatuta.
Ana Luisaren ezaguna zen ateko pinpilinpausa, nonbait, besterik gabe utzi bait zigun sartzen. Behin barruan sartuta, damu izan nuen berriro ere, han ohi duten musika kutrea erdi-entzuten zelako eta ni neu beti haserretzen naizelako halakoak halako lekuetan entzutean. «La otra noche bailando estaba con Lola», itxuraz atsegin zuten guztiek, dantza egiten ikusten ziren banakako zein bikote-multzoari begiratuz gero, behinik behin.
Izerdi-lurrunek halako orea eratzen zuten hango inguratsa zamatuz, gorputzetan jausi eta izerdia behin eta berriro biderkatzeko gure larruazaletan, biologoek segeretua ezagutu nahiko luketen energitegia osatuz. Edatekoa eskatzen zuen beroak.
Edatekoa, edatekoa, keinu mutua egin nion Ana Luisari, barrara jotzekotan nintzela adierazteko. Ehunen bat lagunek mozten zidan harako bidea. Gainera, ez nuen inondik ere Ana Luisa galdu nahi. Begian jo zidan neska adoretsu hark, bere puta fin ihardunean jantziaren mugida guztiari hasiera eman zion izarrak, Ana edo Luisa, Ana Luisa, berdin dio. Ez nuen galdu beharko, jantzia «Txoko-Landan»en agertu arren. Artean, ez zen zaldun-maskararik agertu han.
Asteburuko porroten zerrenda burutu nuen, Ana Luisa izan zitekeelakoan nire patua aldatzeko azken aukera. Hala nagoela, halako papau erreprimitu batek ekarri ninduen berriro lainoetatik mundura.
Neska, zuri zelan gustaten jatsu? neuri egiten zidan berba mosketeroz jantzitakoak, kostaldekoa eman zidan ahotsaz.
Kakazaharra, errol-aldaketarik ez, mesedez! Nahikoa nuen aurreko gauekoarekin. Hala da ze, ez nion jaramonik egin. Litro bi garagardo plastikozko basoetan eskatuta speedari aurre egiteko modurik hoberena da garagardoa edatea Luisarengana itzuli nintzen.
Mosketeroak berriz ez ninduen baketan utzi gura. Nirekin okerreko bidea hartu zuela esatekotan nintzela, ustegabeko itzela; han ziren aurreko gautik aurrera atzean genituen txakurrak.
Txakurrak «Txoko-Landan»en sartu ahal izateko jantzia, hori, tentelenak ere asmatuko luke, nik neuk ezik. Ertzain jantzita zeuden biak. Ni ikusiz gero, agur, ezagutu egingo ninduten. Mosketeroa zen nire salbabide bakarra.
Hi lakoamarikoei kostaldean txori horren izena ematen zaio gai jendeari agoa jatea gustaten jat. Hartu basook!
Nikagindu bezala egin zuen. Eskuetan hartu zituen nire basoak. Orduan, ahoaahoan ezarri nion, besoak garondora inguratzen nizkion aldiberean.
Amariko, amariko, jan egingo deutsut agoa.
Antifaza kendu nion, ezpainetan haginkada itzela egin baino lipar bat lehentxeago. Praketara jausi zitzaion garagardoa.
Goizegi etorri jatsu hilerokoa halaxe esan nion, muturra askatutakoan.
Odoletan zituen ezpainak. Sorpresa-faktorea behin eta berriro. Artez begiratu nion begietara, antifaz beltza ene begietan ipintzen nuen artean. Hipnotizatuta zegoen mosketeroa. Agur esan eta geratzen zen garagardo apurra kendu nion eskuetatik. Ezpainetako odola xurgatzen utzi nuen. Ez luzaroan. Beste ezpain batzu pausatu zitzaizkion han. Kofrade jantzitako baten ezpainak ziren. Kofradeak ere, nire moduan, goxo eritzi behar zien kostaldeko txori erratu haren ezpainei, ez bait zituen askatzen. Beraren antifazari esker txakurrek ez nindutela ezagutuko zen ardura zidan bakarra, aitzitik. Ana Luisaren alboan berriro, plastikoetan geratzen zena eskaini nion.
Ostia, hi, kofrade hori jantzi erostekotan dena duk esan zidan Ana Luisak.
Ez gaitin ezagutuko, lasai, edan dezagun garagardoa eskaini nion.
Birra hau ez diagu beste barik edango, ezta? Sudurtzulo ederrak dauzkak hik.
Zer eskaintzen ote zidan ezin igarririk, neskaren paparralde erdi agirikotik begiak zelan kendu ez nekien. Eragiten zidan durduzadurari ihes egiteko bideren baten bila nenbilelarik, Kultur-Mutur taldeko muturlariak agertzeak salbatu ninduen.
Muturlariak han, azkenean ere!
Talaian ginen guztiok txakurrak, emataldekoak, ni neu eurei begira geratu ginen, beste guztiak bezala, hura ez bait zen egunerokoa. Sorginak, euliak, supermana, kabaretera, fraidea, moja biak, leopardoa, Tarzan, Marley, Drakula, Bogart, «gizon lebitadun» jantziriko emakumeak, umeak, inudea, boby-dun mutilak ditiordeko eta guzti, zer ziren guzti horiek han agertu zirenen aldean? Kaka hutsaren hurrengoa. Gartzelatik irtendakoan ezagutu nituen, berriro diot badaezpada ere, ordukoan identifika ezin egin zitzaizkidan haiek, orain legez kanpo dagoen Kultur-Mutur hartakoak, haiz zuzen. Mozorro jai hartako errege-erreginak ziren.