Isa Billi
Joder, hau sorpresea, hau!
Ilegurizkoa eman gura zuen txabusin ferdeaz hala-hola estalita soina, argal, begi handi borobilek aurpegi osoa betez argitasun irribartsuz, duela hamabost urteko mutil gazteek erabiltzen zuten ile-ebakera eta hennak gorriztutako burua, gure aurrean agertu zen neskak egundoko musua eman zion musturretan Zitronari, atea zabaldu eta ezagutu bezain laster.
Ez geratu hor kanpoan; barrura pareja.
Behearen gaineankuxinak eta hormetanzurezko apalategiak, musikadorrea bazterrean eta hasiera batean ez konturatzeko moduko lekuetan argi azultxoak, zelofanez estaliak. Horiez gain, besterik ez, halako usain berezia ezik. Sandaloa? Aurkezpena egin guran da Zitrona.
Isa Billi, Gintonito; Gintonito, Isa Billi.
Protestatzen hasteko izan nintzen.
Beno, nire benetako izena...
Ixo eta ixi, Ginto! Izen horrekin deitu diat lehenik eta izen horrexekin segituko diagu gure artean. Ez ezak izorra magikotasun hau hire konplexuak eta damukeriak direla eta ez direla.
Imaginaten dot zergatik esaten deutsuen Gintonito; baso baten, halako garbirik topa ezkero etxe desastre honetan, nahastetxo goxoa preparako deutsut. Artetan, zertan ez deustazue dana kontetan...?
Gelan zebilen usaina sandaloari ohi dariona zen, gorputzei eta gauzei itsasten zaizkien horietakoa, sendarra ia. Laugarren dimentsio bat eransten zion lekuari. Sandaloaren eraginpeko ez-espazio eta ez-denbora hartan hasi zitzaion Isa Billiri Zitrona dena kontatzen, tiroarena izan ezik. Nik neuk kuxinen artean etzanda, nire buruaz ahazteko ahalegin bigun goxoa egiten nuen bitartean, nesken ahots eztiek eta sandalo usainak laztanduta. Gintonik-basokada luzatu zidan anfitrionak edozein pub elegantetik hara zuzenean ekarria zelakoa salatzen zuen edalontzi lar dotorean.
Halan bada, entzun dogun tiroa zuongatik izan da; aibala! Katua bera be ezkuta egin da,hortxe kuxinen azpian. Zera Antoito, harri gehiagogaz guraizan ezkero gintonika...
Lehenago esanez gero Isak katuarena eta lehenago mugitu nukeen ipurdia eta lehenago irten zatekeen katumantarra kuxinen azpitik, mirariz edo bizirik. Tiro-hotsarekin baino ikara handiagoa eragin zidan bihotzean mizinoaren agerrerak. Hura aparizioa!
Duncan, erdu Duncan, hona. Beitu nortzuk etorri diran gure Duncan ikusten. Zer nire, oraindio ikaratuta ala?
Emea, ezta? Isa Billiri mintzatu nintzaion, harretxe, gero katuari deika hasteko. Isadora, hona, Isadora, erdu, biz, biz, biz...
Katuaren izena Duncan duk, Isadora gabe haserreak hartuta Zitrona.
Tranki, neska. Igarri egin dau horrek izena. Isadora luzeegia zala eta, apeliduagaz konforma naz; Isadorita Duncan gurea? Morroi inteligenteak ezatutea ez da eguneroko kontua izaten gero! Noizik hona enroilaten zara intelektualakaz ba, Zitrona?
Isilunea, eta katua nire besartera itzuli da. Halako batean, giroa aldatu guran antza, Isa Billik dutxaren beharraz hitz egiteari ekin zion, erlaxatzea behar genuela, «izerditan zagoze zuek», halakoak behin eta berriro errepikatuz. Argudio bila, Zitronaren galtzarbean usain egin zuen. Berehala itxi zituen sudurtzuloak elkarren aurka estutuz sudurmami lizun eta malguak, atzamar biz, topikoa izan arren berarengan komikotasun berezia zuen keinua egokiturik. Galtzarbeek katuaren ipurdia ematen zutela esan eta azkenean dutxa hori derrigorrezkoa zela erabaki zen.
Zitrona marizikin hori, amak baino hobeto jagoko zaitut nik; neuk egingo deutsut dana, xaboia emon, aklaratu, xikatu... Ume potxolotxoa izango zara zu, eta ni ahizta nagusia, edo ama, zuk zeuk zer gurago dozuna, ba, ahori. Zeu be, Antoito, dutxatzearren ez zara hilgo, ezta?
Zitronak onartu egin zuen ideia. Nik ez berriz. Nahiago nuen katuarekin kuxin artean geratu. Musika jarri zidan Billik bainugelan sartu aurretik. The Cure, «Pornography» (sandaloarekin batera asmatutakoa ematen du musika horrek). Katua katuen zerura joan zen, kuxinetatik aldatu barik, dohainik. Ur-hotsa nagusitu zen gelan, orratza kantatik kanta igarotzean hor izaten den musikarik gabeko tartetxoan. Barre-zaratarik ere aditu nuen diskoko bigarrena, sandaloaren bila baizihoan airean zehar hedatzen hasi orduko. Bigarrena ere amaituta, isilunea berriro. Barre-algarak komunean. Katua alborantz jaurti, zutitu eta bertarantz abiatu nintzen.
Atea ez dago guztiz itxita. Zirrikitutik ihes egiten du argiak, karrajurantz. Begira geratu nintzen, burua aurrerantz egin eta gorputza atzean gordeta, kirian.