Kutxazain automatikoa
Sanikola elizako teilatu-hegalpean lo ziren usoak, zirinaren nagusiak. Gaueko kirol saioari adi ziharduten kale garbitzaileek, FMan, irratiaparailua zarama-orgatxoan gordeta, New Yorkeko edozein taxi-driver baino aluzinatuago guztiak. Benetako taxi-geralekua berriz, hutsik. Txartela atera nuen. Betiko zeremoniari sazerdotisa hura gehitzeak areagoturik nire ohizko artegatasuna, atea ireki nuen, sartu eta barrutik ixteko maratilaz behingoan.
Ez dabil / No funciona
Oharra eskegi nuen, oinetakoek orpoetan ematen zidaten hazkurearen kontrako sendabidetzat erabiltzen nituen esparadrapu zatiak baliaturik operazioan.
Plaiera merke madarikatuok! kendu egin nituen.
Egon apur batean, mundu guztiak ikusiko gaitik eta agindu zidan.
Orduantxe ikusi nuen Zitronak aldean zerabilen boltsa. Itzela zen; eta ni, konturatu ere ez ordurarte, emetasun-atributuei begira urrean.
Neurriz kanpoko konpresak erabiltzen ditun ala basoak, hautsontziak eta halakoak lekuz aldatzeko erabiltzen dun hori, aintzinako ikazkinena ematen duen zakuttoa?
Ez zidan berehala erantzun. Aladinoren larruzko koba hartatik oihal brokatua atera zuen, ene bizitza negargarrian ikusterik izan dudan ederrena, prestidigitadoreek txisteratik usoa atera izaten duten legez, magia hutsez, alegia. Nire begi zigortuon aurrean hedatu zuen, Beronikak Kristoren aurrean egin ei zuena imitatuz, alafede! Ze ordurako gutizia izerdiak bustitzen zidan bekokia eta hankartean nuen haragi puztua gurutzerik astunena egiten zitzaidan, gehiegikeria txikiena ere egon barik berbotan. Horiska zen oihala, bitxia, ez-ohizkoa. Maro-kkotik ekarritako kubritxet hura gure eztei-gaueko gelan apaindura kitzikagarria izateko deitua zen. Ezein zezeni ez zaio inoiz halako kapoterik erakutsi.
Nik beiraduran eskegitako iragarkiaren atzean berak oihala kokatzen zuen artean, kontatzen hasi zitzaidan zelan ekarri zioten bitxikeria hura, alu inguruan sakon iltzatu zitzaizkion potrozorriekin batera. Aste betez jo izan ei zuen, larru eta barru, hango morroi batekin. Eta atzera berton egon arte, hara! zelako bisitariez zamatuta zetorren, konturatu ere ez bera.
Laster ilundu zen suitea.
Kanpotiko argia, oihalak iragazita heltzen zitzaigun, mehe-mehe eta hori.
Zer moduz kendu hitunan potrozorriak; aluzorriak esan nahi dinat, hobeto berba eginda.
Honetan ez zidan hitzez erantzun. Prakak erazten hasi zen. Pantaloi beltza, estua eta hankaburuetan hari mehe finez bildua, ezeren ezkutalekua izan beharrean gainerako guztiaren apaingarri zegoena, hara sudurretatik arrabete haruntzago nuen miraria.
Anfora eritzirik agirian geratu zitzaionari, egarri izaten hasi nintzen. Erantzi nion kapritxo beltz hura, izara gisa behearen gainean jaka hedatzeko moldatu zuen aldibereko keinua burua baino gorago ipurdia eta ukalondobelaun hutsez eusten gorputzari dardakadan aprobetxatuz. Bilusoil agertu zitzaidan anforako ahoa, inoiz sarria izana zena baina orduan soilduta ageri zen larrualdearen erdian. Nakarezko azalean hainbat beltzunetxo ikusi nion. Kendutako ileen hondarrak ziren, berriro hazi guran gorantz egiten.
Hara zelan kendu nitian aluzorriak: bizarra kentzeko aitzurraz, arretaz, apurka apurka, larrua jokatuz ahaleginean, horko bizarrak kendu eta bizarrokin batera zorriak eta zorrikumeak ere euren ama putearen etxera bidaliz, goraintzi eta guzti.
Zitronaren zakuttoa benetako sorpresa-kutxa zen. Zelan egin zuenez dakidala soraioegi nengoen haragizko keramikari begira guiski petakatxoa atera zuen bertatik hara. Ditiburuak, petaka-ahoa, zakila, anfora... Aho bi nik, hiru berak, eta hainbeste iturri aldi berean! Zurrustada luzea jo nion guiskiari, bera nire beste botila-samari eustekotan zelarik. Bero ni, bero hura, zelan zuen gurago galdetu nion, elkarren iturrietan edatez nekatu gineneko biok.
Halaxe egiten diate Arabia aldean hanka biez gerrialdea inguratu zidan, «hankarkada» amoltsuan.
Atea jo zuten. Behingoan ohartu nintzen amorruz jotzen zutela ere. Hantxe egin zuen nire zakilarenak, Zitronaren ateko aurre-aurrean, sartu orduko hilda.
Nor ote da?
Hor kanpoan dagoen hori ez dun ohizko papalerdoetarikoa, ausartegia dun atea jotzeko eran.
Arinago askatu genituen elkarren gorputzak gorapilo beretik, eztarriak baino.
Besteren baten jo beharko dinagu.
Irten bedi hor barruan dagoena, poliziari deituko diot bestela. Ze karajo, kutxako zuzendaria naiz, hala da ze, badakizue, irten! eskatu nien mailegua ez ematearen errudunarena zen ahotsa, zuzendari txakurkume zantarrarena hain zuzen. Alde baterantz apur bat kenduta brokadun oihala, berau eta leihoaren arteko zirrikitutik barrendatuz ikusi nuen putre odoltzale hura.
Sorpresa-faktorea aprobetxatu beharra diagon, Zitrona, pelikuletan legez. Hi, irten hadi prakak jantzi barik. Putre hori zuntzunduta geratuko zain begira, zenbait segunduz behinik-behin. Heure atzetik irtengo naun ni. Gero, Askaorantz joko dinagu biok arrapaladan.
Ados, lagunak bizi dituk kale horretan. Hator, ba, nire ipurdi atzean atea irekitzean entzun nizkion azken berbak dira.
Esatea eta egitea, bat izan ziren. Zitronaren berna gutiziagarriei begira geratu zen zuzendari haragizalea, txakur halakoa. Ni irten nintzenik berriz, konturatu ere ez tontolapiko hura. Okerrena izan zen, bada, espaloian aparkatzekotan zen auto etorri berriak argi azula zekarrela kapotaren gainean. Txakurrak! Eta Zitrona, hanketan turboak bailituen, abiada itzelean eta ezertaz konturatu barik. Aldarri egin nion:
Txakurrak ditun, korri arinago, txakurrak ditun eta...
Arto, hijos de la gran puta, arto o disparo... Zitrona ni baino arinago hasi zen, mami borobilak plisti-plasta gora eta behera mugitzen, plisti-plasta ezker-eskuin zanbuka, zirkulu iragankorrak marraztuz aide arinean. Handitzen nabaritu nuen hankarteko gurutzea, atzera ere.
Tiro-hotsak arindu zidan Erosen ziztada; balak, Sanikolako hormaren kontra jo, jagi, desbideratuta itzuli eta «El Arenal» dastategian aurkitu zuen azken aterpea, kanpoko leiharra hautsi ostean. Agur croissant galduak eta atso zerbitzarien aldarte ona. Guk aldiz, geureari! Kale-kantoia, geltokia, Askao kalea, bat, bi, hiru, lau atari. Ezkerraz atea jo zuen Zitronak. Blausta jausi zen barrura eskaileretako oineraino. Behetik altxatzen lagundu esku batez nik eta ostikada itzela jo nion ateari. Danbada, ziur entzun zutena txakurrek. Ate gaineko leihotxoan zehar ez zegoen kristalik han argi apurra sartzen zen.
Esa puta s'a tenío que meter por aquí, que he oío el portaso.
Ate aurrean igaro ziren txakurrak. Auzokoren batzu, balkoietara irtenda, txistuka hasi zitzaizkien. Zitronaren teilatupekoek aldiz, lo edo segitzen zuten, ez bait zen inor ere ageri han. Eskail-buruetarantz begiratu genuen. Inor ere ez. Hobeto. Atso-agure gorrak eta ikasleak baino ez ziren bizi han. Gora igo genuen. Ezagutzen ditudan guztiak azken pisuetan bizi izaten dira eta. Behin goian, prakak jantzi zituen Zitronak atean jo orduko. Pausu-hots leunak aditu genituen barrutik aterantz etorten, gero eta ozenagoak.
Eskerrak! Baten bat itzartuta diagok... sakon hartu genuen arnasa biok, elkarren eskuak estutuz.
Ene! Hau sorpresea!
Kanpoan, irratizko deia auto azuleztatuan.
Etái en Askao? Quedao ahí. Ha habío un robo en la Catedral. Cobra?