XX. mendeko poeta uruguaitar nagusietako bat da Vilariño. Txikitatik etorri zitzaion letra eta pentsamendua lantzeko jaidura. Gazterik hasi zen, bada, poesia idazten —antologia honetako poema zaharrena hemeretzi urte zituenekoa da—, eta gazterik argitaratzen; lehen poema liburua 1945ean kaleratu zuen. 45eko Belaunaldiko kide izan zen Vilariño, sona handiagoa eskuratu zuten gizonezkoekin (Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti) eta beste zenbait emakume idazle handirekin (Ida Vitale) batera. Mikaztasuna sumatzen da bere poema askotan, hala inguratzen duen mundu gaixoaren aurka, nola gizonen nagusikeriaren kontra. Inoiz esan zuen animoz pattal zegoenean idatzi ohi zuela, bestela hobe zuela bizitza gozatzeari heltzea, eta akaso horregatik sumatzen zaio ernegua idazkietan. Dena den, bere maitasun poemak izan dira ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak). Baliabide gutxiri etekin izugarria ateratzea, horra Vilariñoren poemagintzaren dohainetako bat. Lerro laburrak erabiltzen ditu gehienetan, errepikapen bereziak (bere marka argienetako bat), eta uko egiten dio baliabide erretorikoen pilaketaren edo hizkuntza bihurriaren bidez epatatzeari. Poesian soiltasuna zeinen zaila eta, aldi berean, zeinen ederra den erakusten digun poeta horietakoa dugu Vilariño.