Zer da Emagin?
Emagin elkarte feminista 2003an sortu zen. Kapitalismoa, inperialismoa eta heteropatriarkatua errotik aldatzeko premiatik sortu genuen, eta egun pentsamendu kritiko feminista sustatzeko lan egiten dugu, hainbat esparrutan.
Emagin elkartean hasiera-hasieratik hiru lerrok hartu dute indarra: dokumentazioa, ikerketa eta formazioa. Sistema patriarkal-kapitalistaren egiturak eta oinarriak agerian uztea dugu helburu, eta horretarako, eragile feministen ekarpenak ezagutarazteko eta jendarteratzeko bideak zabaldu ditugu. Izan ere, Emagin Ikerketa eta Dokumentazio Zentro Feministaren lehen asmoetariko bat biltegi bat abian jartzea izan zen: mugimendu feministaren hausnarketak eta ekintzak jasotzeko, eta Euskal Herri feminista eraikitzeko bidean egindako ekarpenak ezagutzeko (eta ezagutarazteko). Ildo horretatik, Euskal herriko mugimendu feministaren genealogietan arakatu dugu, eta aldi berean, isilarazitako emakumeen ekarpenak ikusgarri egiteko ikerketa-lanak sustatu ditugu. Alabaina, bidean esperientzia berriak metatuz joan gara, eta gaur egun ezagutza feminista kolektiboki eraiki eta zabaldu nahi duen bitarteko bat ere bagara. Beraz, garapen ideologikorako garrantzitsuak diren eztabaida feministak sustatzen eta bideratzen ahalegintzen gara. Azken urteetan izugarri hazi eta zabaldu dira teoria feministen inguruan hausnartzeko guneak eta uneak. Gure aldetik, metodologia feministetan oinarritzen den ikerketa herritarra sustatu nahi dugu. Unibertsitatean nahiz herri mugimenduetan norabide horretan egitasmo anitz jarri dira abian. Ezagutzaren hierarkia zurrunari aurre egin nahi diogu (nork iker dezakeen erabakitzen duena, eta nork zertaz hitz egin dezakeen arautzen duena). Horizontaltasunean eta kidetasunean oinarritutako ezagutzen eraikuntza kolektiboa aldarrikatzen dugu. Zentzu horretan Emaginek egitasmo horiek saretu eta aliantzak sortzeko elkartea izan nahi du, ezagutza feminista herrigintzaren mesedetan jartzeko, teoriaren eta praktikaren arteko arrakala murrizteko.
Formazioa ere izan bada jardun garrantzitsuetariko bat: ezagutza trukatzeko guneak dira formazio-saioak, baina, baita ezagutza elkarrekin sortzekoak ere. Formazio-saio horietan, lan-saio eta esku-hartze zehatzak egiten ditugu, genero-sistemaren eraginak ikusarazteko, eta zapalkuntza heteropatriarkalaren inguruko ulermena eta analisia zabaltzeko. Formazio horiek batez ere herrigintzan diharduten emakume talde, talde feminista, herri mugimendu, erakunde eta elkarteei eskaintzen dizkiegu. Aipatzekoa da, gainera, azken urteetako Jabetze Eskolen eta Emakumeen Etxeen gorakadarekin eremu berriak sortu direla emakumeekin hausnarketa anitz egiteko eta jendarte-eraldaketa sustatzeko. Testuinguru horretara egokitzeko, gure eskaintza zabaldu eta osatu dugu azken urteotan. Askotariko ikastaroak, formazio-saioak eta gogoeta-taldeak bideratzen ditugu: indarkeria sexistari aurre egiteko autodefentsa ikastaroak, jai ez-sexistak bultzatzeko tailerrak, pedagogia feministei buruzko dinamikak, osasuna eta gorputza erdigunean jartzen dituzten zaintza-guneak… Formazio-saio horiek bideratzeaz gain, autoformakuntzarako eta esku-hartzeetarako eskuliburu, gida eta material dibulgatiboak ere argitaratzen ditugu. Beraz, guretzat badira funtsezko gako zenbait: sarean lan egitea; borroken intersekzionalitea (askotariko zapalkuntzen gurutzaketa aintzat hartzea); gorputzaren kontzientzia; tokian tokiko errealitatera egokitzea; gertutasunez, horizontaltasunez eta taldean aritzea, emakumeon* ahalduntze kolektiboa sustatzea, eta etengabeko eztabaidaren bidez gure lana ikuspegi kritikoz berraztertzea. Hau guztia euskaraz egiten dugu: euskaraz ikasi, trebatu, ikertu, hazi eta bizitzea baita gure apustua. Euskaratik pentsatu nahi dugu errealitatea; baita eraldaketa ere.
Beraz, Emagin eragile feminista bat da gaur egun, jendarte-eraldaketa sustatzeko dokumentazio, ikerketa eta formazioa euskaraz sustatzen dituena. Sortu zenetik hamabost urtera, egitasmoa sendotzen ari da, bidean ikasitakoek urratsak argitu dizkigute, eta jendarte-eraldaketari irmo heltzeko indarrak eman.