3.
Korapilaturiko
mataza-hariak
Elkarri entzun ondoren, galderak eta zalantzak trukatu ondoren, eta ekoizpen-kate zorotik askatzeko premiarekin bat egin ondoren, hainbat erronka aletu ditugu. Korapilo-sorta zehazterakoan, bidelagun izan ditugun kolektibo eta kideen ideiak geure egin ditugu, mapa kolektibo bat osatzeari begira. Nahi ala ez, oharkabean kasik, zirimiriaren antzera, abiaduraren kulturak busti egiten gaitu, adituen kulturak busti egiten gaitu, markaren kulturak busti egiten gaitu. Hezkuntza araututik, instituzio politikoetatik eta kultura mediatikotik sustaturiko zirimiri gogaikarria da. Ez dirudi laster atertuko duenik, are gotorrago (eta gotortuago) ari direlako jokatzen instituzio horiek guztiek. Batzuetan modu sotilean egiten badute ere, ikuspegi hori errotzea eta trinkotzea dute helburu. Horregatik, gu geu tantaz tanta blaitu ez gaitezen, eta zirimiri ikusezin hori ikusgarri egin dezagun, geure joerak birpentsatu behar ditugu, eta hamaika korapilo hauek askatzeko urratsak egin:
1. korapiloa. Ikerketaren harra, gizarte-eraldaketa sustatu. Ezinbestekoa da une oro galdera bat buruan kolpeka izatea: zertarako ikertu? Erauntsiak harrapa ez gaitzan, eta ikerketa-sistema arautuek oharkabean bultza ez gaitzaten, galdera hori buruan izatea ez ezik, galderari erantzun egokia ematea da gako nagusietako bat: izan ere, helburu politikoak gorpuzteko eta gizarte-eraldaketan eragiteko ezagutza sortzea izan behar dute helburu ikerketek. Helburu eraldatzaile horri eusteko indarra egin behar dugu, eta bide horretarantz lerratzeko oinarri trinkoak dira epistemologia eta metodologia feministak, harreman-sareak zein ikerketa-logikak auzitan jartzen dituztenak. Gizarte-eraldaketa eraginkorra izateko, akademian zein mugimendu sozialetan sorturiko ezagutzak praktika politiko bihurtu behar ditugu. Ezagutza ekinbide bihurtzen ez bada, eraldaketarako ahalmena galduko du. Ekitearen arduraz ari gara, beraz.
2. korapiloa. Tripak erakutsi. Gure ikerketen tripak konpartitu behar ditugu, prozesua kontatu behar dugu, gure kokalekua azaldu, hartzaileek guk ekoiztutako datuak eta diskurtsoak interpretatu ahal izateko. Metodologiak esplizitu eginda, egiteko moduek ere garrantzia eta ikusgarritasuna har dezakete, eta hala, adituak, interpretazioak zein diskurtsoak balioetsi ez ezik, egiteko moduak balioetsiko dituen kultura ere indar dezakegu.
3. korapiloa. Zubi-lana, zubigileak eta posizio hibridoak indartu. Eraginkortasun politikorako, elkartu behar dugu posizio hibridoa dugunok, militantzian eta unibertsitatean ari garenok, kolektibotasunetik posizio hibrido horietan sortzen diren gatazkak, arazoak eta deserosotasunak partekatzeko, baita posizio hibridoek sorturiko aukerak elkarrekin elikatzeko ere. Eragile bikoitz garen aldetik, ardura berezia dugu zubi-lan horretan, geuk ere sor ditzakegulako bi eremuen artean kokaturiko logika berriak.
4. korapiloa. Deserosotasuna elikatu. Ikerketa-prozesuaren inguruan gogoeta egitea ezinbestekoa da, baita prozesuan egoera deserosoak bilatzea ere. Ikerketa-prozesuaz gogoeta egitearekin ez dugu elikatu nahi zilborkeriarik, baizik eta ikerketa aktibistetan deserosotasunak gorpuzteko modua da. Bide horretatik, geure zaurgarritasunaz hausnarketa egiteko aukera ere badugu, eta zaurgarritasun horixe gaitasuntzat hartu, indargunetzat hartu (eta ez ahulgunetzat). Zaurgarritasuna lagungarria izango zaigu geure konpromisoa sendotzeari begira, eta ikerketak garatzerakoan pertsona ikertuekiko errespetuzko zein erantzukizunezko harremanak eraikitzeari begira.
5. korapiloa. Esperientziak intelektualizatzeko arriskua saihestu. Gaur egungo militante feministek autore teoriko feminista asko irakurtzen eta erabiltzen dituzte. Hori ona da, baina, garrantzia bera ematen al diogu kolektiboek eta kolektibotasunetik ekoizten dugun ezagutzari? Badirudi halako testu kolektiboak ez ditugula testu teorikotzat hartzen. Badirudi ezagutzak adituengandik jaso behar ditugula egiazko ezagutza izan dadin. Esperientzien teorizazioa ezin dugu bakarrik adituen esku utzi, esperientziak intelektualizatzeko arriskua dakar eta.
6. korapiloa. Elkarrekin pentsatzearen ahalmenaz jabetu. Lan-munduak, gizarte-egiturek eta denboraren kudeaketak zaildu egin nahi digu eztabaida kolektiboak gorpuzteko guneak eta uneak sortzea. Baina, elkarrekin pentsatzeko guneak eta uneak sortzea dugu erronka nagusietariko bat, elkar elikatzeko, eta batez ere ekarpenak zein gogoetak elkarrekin josteko. Izan ere, 1 + 1 ez baita beti 2, kolektiboki pentsatzeak biderkatzen dituelako ahaleginak, begiradak eta esperientziak. Eta batez ere kolektiboki pentsatzeak eta ekiteak logika kolektiboak gorpuzten dituelako lehen unetik beretik.
7. korapiloa. Ezagutza sortzeko zirkuitu komunitarioak eraiki. Zer edo zer ezagutza kontsideratzeko, beharrezkoa da hori ezagutzatzat balioztatuko duen komunitate bat egotea. Zirkuitu-motez pentsatzea, beraz, ezinbestekoa da. Nork-nondik kulturatik nork-nondik-non-zer-norekin-nora-nola kultura osatuago batera igaro gaitezen, harreman eta sareen nolakotasunak hartu behar ditugu, norabide bakarreko ezagutza-zirkuituak saihesteko.
8. korapiloa. Aitortza-logikak auzitan jarri. Zirkuitu komunitarioak sendotzean, asmatu beharko dugu legitimitaterako eta erreferentzialtasunerako bide berriak sortzen. Badugu erronkarik hor: izen-abizenen eta anonimotasunaren arteko eremu bat egituratzea, ezagutza jabetza baten modura trukatzen ez duena (pribatizaziorako, monopolizaziorako eta apropiaziorako joerak baztertzeko). Baina, aldi berean, aitortzarako bide berriak sortzen dituena (kolektibotasunaren mesedetan).
9. korapiloa. Denbora zaindu. Denboraren kudeaketa funtsezko auzia da ikerketa-prozesuez eta ikerketa-jardunaz ari garela. Instituzioek epemuga estuak ezarri ohi dituzte, eta azkartasuna saritzen dute; baina, denboraren logika horrek ikertzaileak kateatu egiten ditu, eta ikerketa beste jardun batzuekin bateragarri izatea oztopatu (militantzia, aisialdia, norberaren zaintza, komunitatearen zaintza…). Ikerketa-prozesuak bizigarri egitea da helburu, morrontza bihur ez dadin, eta posizio hibridoak zein babes-sareak ere indar daitezen.
10. korapiloa. Babes-sareak sendotu. Ikerketa-prozesuak arintzeko, eta baita ikuspegi kolektiboa ez galtzeko ere, babes-sareak eraikitzea premiazkoa da. Ulerturik ikerketa militanteek helburutzat gizarte-eraldaketa dutela, hortaz, helburu kolektibo bati erantzuten diotela, elkarri laguntzeko bitartekoak jartzea garrantzitsua da. Are gehiago, elkarri lagundu behar diogula onartzeak berak, adituaren eta ikertzailearen autonomia hori auzitan jartzen du. Ikertzaileok zein militanteok elkar babesteko eta elkar elikatzeko sareak sortzen baldin baditugu, instituzioek arauturiko logika hierarkiko eta automatak hausten arituko gara.
11. korapiloa. Hedatzeko forma berriak. Abiadura dela eta, edo ikerketa-prozesuak luze direlako, batzuetan ikerketaren hedapenari ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen: hedapena ere, zalantzarik gabe, ikerketaren beste urrats bat da. Horregatik, hedapen hori nola egin birpentsatu behar dugu. Unibertsitate-eremuak artikulu akademikoak egitera bideratzen ditu ikertzaileak; formatu oso itxiak eta zurrunak izaten dira, konbentzio zehatzak dituztenak. Kate horretatik askatu behar dugu geure burua, eta formatu berriei beldurra galdu behar diegu. Artikulu akademikoez besteko formatuetan arakatu behar dugu: fanzineak, liburuxkak, komikiak… Sortzaileagoak izan behar dugu, ez baitago ezagutza adierazteko formatu egoki bakarra. Orokorrean, testuaren euskarria erabiltzen dugu, baina, egon badaude ezagutza sortzeko bestelako formatuak ere: esaterako, narratiba bisualak.
Hedatzeko euskarriez gain, hedapena egiteko espazioek eta moduek ere badute garrantzirik. Hedapena ikerketa-prozesuaren beste urrats bat bada, hedapen-ekintzek gogoeta kolektiborako guneak eta uneak sortzea garrantzitsua da, elkarrekin pentsatzen segitzeko, ikerketaren emaitzetan zirrikitu berriak antzemateko, edo galdera berriak proposatzeko.
Asebeterik, pozik, erronka-sortak korapiloak estutu dizkigulako. Zer pentsatua eta zer gogoetatua bildu ondoren, badugu zer egina. Hamaika erronka, hamaika egiteko.
Liburuxka honetako hari-matazaren inguruan desadostasunak, galderak eta kezkak sortuko zitzaizkizun. Akaso hamabigarren korapiloa zirriborratu duzu jada, edo baten bat askatzeko bidezidorra irudikatu duzu. Ideiek ihes egin aurretik, ez itxi liburuxka eta arkatza hartu. Zikindu orri zuriak eta hari berriak josi. Izango dugu aukera, egon ziur, han edo hemen, zure susmoak eta zure iritziak mataza honetara biltzeko.