Ezagutzaren matazak
Ezagutzaren matazak
2018, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-15-0
Emagin
 
2022, saiakera
Ezagutzaren matazak
2018, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-15-0
aurkibidea
 

 

0.
Hariak, korapiloak
eta matazak

 

 

Hariak

 

      Hartu hari-mutur hau. Utzi nasaieran eta aukera ikustean egin tenk. Ezagutzaren matazak askatzeko elkartu gara. Zehazki logika kolektiboei lotutako ezagutza-zirkuituez hausnartu nahi dugu. Horretarako hari-mutur bat feminismotik helduko dugu, begi-bistan jartzeko ezagutzak ez daudela hor, esperoan, deskubrituak izan daitezen, baizik eta ezagutza eraiki egiten dela, eta eraiki egiten dugula kokapen zehatz batetik: beraz, partziala dela, halabeharrez. Neutraltasuna, objektibotasuna eta egiazkotasuna ezbaian jartzea ahalbidetuko digu horrek, begirada zurrunak saihestu eta gure praktika politikoetan dogmatismoa gainditze aldera. Beste hari-muturra herrigintzatik kolpatuko dugu. Ezagutza, edo hobeto esanda ezagutzak, estrategia politikoari lotuta eta emantzipaziorako tresna gisa ulertzen ditugulako. Hala egin izan dugu guk geuk ere, kidetasuna eta horizontaltasuna ardatz hartuta. Gure bizi-baldintzak eraldatzeko tresna moduan interesatzen zaizkigu ezagutzak, baina horretarako premiazkoa da orain arteko jardunaren hutsuneak identifikatzea.

      Horrenbestez, ezagutzaren eta eraldaketaren arteko harremanean sakontzea dugu helburu. Elkarri eragiteari utzi diotelakoan. Are gehiago, ezagutzaren eta eraldaketa-gaitasunaren arteko harremana estutu nahi dugu, eta horrek prozedurak bistaratzea eskatzen digu: nola eraikitzen, hedatzen eta jasotzen dugu gaur egun ezagutza? Norekin, nondik eta norantz abiatzen dugu prozesua?

 

 

Korapiloak

 

      Ezagutzaren sorkuntza edo eraikuntza oro kolektiboa dela jakinik ere, ezagutza modu kolektiboan sortzeko guneak gutxi dira (espresuki modu kolektiboan aritzeko guneez ari gara, eta dinamika kolektiboak ikusgarri egiten dituzten guneez ari gara). Beste hainbeste ezagutza transmititzeko eta hedatzeko egiturekin. Ezagutzaren zirkuitu hierarkiko gehienek, gainera, ez diote premia edo behar kolektiboei erantzun ohi. Mugimendu feministaren jomuga askapen kolektiborako proiektua garatzea denez, funtsezkoa zaigu ezagutza kolektiboa sortzeko, sustatzeko eta hedatzeko zirkuituak eraikitzea eta ikusgarri egitea. Hala egin izan du historikoki mugimendu feministak, manifestu eta irakurketa kolektiboak eginez, edo eztabaida-taldeen dinamikak garatuz. Eta hala egin genuen Euskal Herriko Bilgune Feminista[1] sortzean: garbi ikusi genuen beharrezkoa zitzaigula mugimendu feministak egindako hainbat hausnarketaren biltegia osatzea, memoria feminista eraikitzen joateko eta garapen ideologikoan garrantzitsuak ziren eztabaida eta ikerketa feministak bideratzeko. Halaxe sortu genuen 2003an Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feminista, ezagutza feminista herritik eraikitzea eta ezagutza herrigintzaren mesedetan jartzea helburu genuela.

      Azken urteotan baina, gutxitu egin dira ezagutzari lotutako dinamika kolektiboak, eta kultura mediatikoak ere sustatu egin du izen-abizenen kultura (adituen kultura), eta horrek egoera zaildu digu ekimen kolektiboei, ahotsa hartzeko eta ikusgarri izateko traba gehiago ditugulako. Horregatik, are eta beharrezkoagoa da ezagutza kolektiborako zirkuituak sortzea, eta ezagutza kolektiboaren legitimitate eta sinesgarritasunaren alde egitea.

      Mugimendu feministak ere ezagutza kolektiboaren esparru honetan, eta sinesgarritasunaren zein erreferentzialtasunaren esparru honetan, badu erronka nagusi bat: nork-nondik ahots indibidual eta autonomo imajinario horretatik norekin-nola-non-zer-norantz gakoak ardatz dituzten zirkuituak sendotu behar ditu. Ezagutza sortzeko jarduna kontuan hartzeak, ezinbestean, kolektiboa eta komunitatea kontuan hartzea dakar, harreman-sareei erreparatzea, eta norabide bakarreko ezagutza-zirkuituak saihestea.

 

 

Matazak

 

      Has gaitezen, hortaz, matazaren hari-muturrak bistan jartzen. Emagineko lan-saio batekin zabaldu dugu liburuxka[2]. Hamar bat lagunek hartu dugu parte lan-saioan. Nork bere mataza propioekin, proposamen kolektibo bat hauspotzeko gogoz. Eztabaidarako oinarritzat hartu dugu Udako Euskal Unibertsitatearen magalean antolaturiko “Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza” mintegia[3]. Orduan, ahotsa eman nahi izan genien bereziki logika kolektiboei lotutako ezagutza zirkuituak garatzen dabiltzanei. Hari-mutur bat, beraz, herrigintzak osatzen du: Ikerbiltzak, Katakrakek, edota Joxemi Zumalabe Fundazioak[4] egindako hausnarketek, hain zuzen ere. Beste hari-muturra epistemologia eta metodologia feministen planteamenduetatik dakargu. SIMReF Mintegiko[5] lagunen bitartez, fokua jarriko dugu ikerketa-prozesuetan. Hain justu, ikerketa bat eraldatzailea izateko, ezinbestekoa da prozesuak begi bistan jartzea eta birpentsatzea. Azkenik, zubiak diruditen hariak hartu ditugu eskuartean: gazte prekarizatuen esperientziak, akademiaren eta mugimendu feministaren artean dabiltzanak (edo bietan, aldi berean). Gurekin izan ziren, esaterako, FIC[6] edota AFIT[7] ikerketa-taldeetan parte-hartzeaz gain, Mujeres del mundon zein Bilgune feministan eraldaketa feministarako lanean dihardutenak. Nola izendatu eta aitortu emakume hauen hausnarketak? Eta ezagutzaren genealogiak, argiak al dira inoiz? Zehazterik al dago ideia baten jatorria eta ibilbidea?

      Bigarren kapituluan hari-bilketak osatu ditugu hainbat emakumeren esperientzia konkretuak abiapuntutzat hartuz. Bost ehungileri eman diegu hitza: Amagoia Gurrutxaga, Jeanne Rolande Dacougna, Saioa Iraola Urkiola, Nerea Elias eta Maria Ajuria. Ezagutzaren zirkuituei heltzeko hainbat arrazoi azaleratu dituzte kide hauek: ezagutza militantzia gisa; ezagutza urgentzia lez; ezagutza bizibide gisa; ezagutza, isilarazi dituztenak entzunarazteko tresna lez. Jardunari ere erreparatzeko, kide hauen ikerketa praktikak ezagutuko ditugu: motibazioak, deserosotasunak, denborak, zailtasunak, babes-sareak...

      Azkenerako, mataza askatu dugulakoan, zenbait erronka izendatu eta korapilatutako hari-matazak berriz ere mahai gainean. Akaso uste zenuen aska genezakeela hari-mataza bat korapilo berririk egin gabe? Baietz liburua amaitu bezain pronto beste hainbeste txirikordatu.

 

 

[1] Euskal Herriko Bilgune Feminista da izen ofiziala, baina, hemendik aurrera testuan zehar Bilgune Feminista izendapena erabiliko dugu.

[2] Emagin elkarteko kideok hainbat lan-saio egin ditugu lehen ataleko gogoetak ontzeko; lehen saio batean, eztabaida nagusia egin genuen, eta hezurdura hori erabili dugu testua josteko. Ondoren, hainbat kolektiborekin eta kiderekin partekatu dugu testua.

[3] Ezagutzaren eraikuntza komunitarioaz gogoeta egiteko elkartu ginen herrigintzako hainbat kolektibo zein hainbat esparrutako norbanakoak, Eibarren, 2017ko azaroaren 10ean eta 11n.

[4] Jendarte-eredu berri baten alde lanean ari diren herri-ekimen eta herri-mugimenduak laguntzea du helburu Joxemi Zumalabe Fundazioak, eta bide horretan, herri-mugimenduen ahalduntze-, gogoeta- zein formazio-prozesuetan akuilatzaile aritzen da (ikus http://joxemizumalabe.eus webgunea).

[5] SIMReF (Seminari Interdisciplinar de Metodologia de Recerca Feminista) mintegiak ikerketa eraldatzailea sustatzeko metodologiak eta epistemologiak ditu gogoetagai nagusi, eta are zehatzago, Gizarte Zientzien esparruan ikerketa feministek garatu beharreko metodologiak dituzte aztergai. Gogoeta-gune eta formazio-gune honetan Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat ikertzailek jarduten dute elkarlanean (ikus http://simref.net webgunea).

[6] Universitat Autònoma de Barcelona-ko FIC (Fractalidades en Investigación Crítica) ikerketa-taldeak Ikerketa Kritikoaren  esparruan garaturiko kontzeptuekin egiten du lan: diziplina-ezagutzan botereak zein jakintzak nolako eragina duten arreta bereziz aztertzen ditu, eta epistemologia feministan oinarrituriko metodo eta ikerketa-teknikak garatzen ditu (ikus http://psicologiasocial.uab.es/fic/ webgunea).

[7] Euskal Herriko Unibertsitateko AFIT (Antropologia Feminista Ikerketa Taldea) ikerketa-taldearen berezitasuna  marko teoriko eta metodologiko feminista da. Lau ikerketa lerro nagusi dituzte: 1) Gaur egungo egoera politiko eta ekonomikoan desparekotasun eta bazterketa-prozesuak. (2) Eremu ezberdinetako parekidetasun politikak eta politika feministak.  (3) Emozioak, praktikak eta gorputz-politikak, eta identitateen birformulazioa. (4) Ikuspegi teoriko eta metodologiko ezberdinen berrikustea. (Ikus https://afit-antropologiafeminista.eus/ webgunea).