Pentsamendu heterozuzena
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
editoreak: Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte Mochales
Monique Wittig
1935-2003
 
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
aurkibidea
 

 

Homo Sum

(1990)

 

(Itzultzailea: Maialen Berasategi Catalán)

 

 

Homo sum; humani nihil a me alienum puto.

(Gizon naiz; giza ezer ez zait arrotz)

Terentzio, Heauton Timoroumenos, 25

 

      Modu abstraktuan, denok dakigu zer den “gizakia” izatea, nahiz eta “gizakia” aipatuta esan nahi dugun hori potentziala eta birtuala den, oraindik gauzatu gabea. Mendebaldeko gure filosofian orain arte “gizakitzat” hartu izan den hori, unibertsaltzat jo nahi izan badute ere, ez dagokio giza multzo txiki bati baizik: gizon zuriak dira, produkzio-baliabideen jabeak, baita beren ikuspegia sekula izan litekeen ikuspuntu bakar-bakartzat daukaten filosofoak ere. Horrexegatik, modu abstraktuan, ikuspegi filosofiko batetik lantzen baditugu gizatasunaren potentzialtasuna eta birtualtasuna, zeharbidez begiratu behar diegu ezinbestean, argi begiztatuko baditugu. Hala, lesbiana izatea, gizatasunaren (gizadiaren) kanpoaldean egotea, ikuspegirik gizatiarrena da egiaz, historikoki eta paradoxikoki. Muturreko ikuspegi bat izanez gero, posible da gizartearen pentsamendua eta egiturak kritikatu eta aldatzea oro har. Ideia hori ez da inondik ere berria: Robespierrek eta Sain-Justek esana da. Ideologia alemana lanean, Marxek eta Engelsek idatzi zuten nahitaezkoa zela talderik erradikalenek orokorra eta unibertsala balitz bezala adieraztea beren ikuspegia, eta jarrera horrek berdin hartzen ditu ikuspuntu praktikoa nahiz filosofikoa (politikoa).

      Lesbianek hemengo eta oraingo gizartean duten egoera, haiek jakinaren gainean egon zein ez, sexuaren kategorietatik harago dago filosofikoki (politikoki). Alderdi praktikoan, ihes egin diote beren klaseari (emakumeen klaseari), partez eta modu prekarioan badarik ere.

      Hain zuzen, eremu kultural eta praktiko zinez kaltebera eta erabakigarri horrexetatik abiatuta mintzatuko naiz ni dialektikaren auziaz.

      Alde batetik, mundu guztiaren sinesmen masiboa dago, heterosexualitatea nahitaezkoa dela modu masiboan adierazten duena, eta, bestetik, bada ikuspegi ahul, iheslari eta batzuetan argigarri bezain harrigarri bat, heterosexualitatea tranpatzat jotzen duena, erregimen politiko behartutzat, eta, beraz, agerian uzten duena badela modurik hari ihes egiteko, egitate bat den heinean.

      Mende batean baino gehiagoan, dialektikak mamitu digu pentsamendu politikoa. Batzuok dialektikaren formarik modernoenaren bidez iritsi gara pentsamendu dialektikora, hots, Marxen eta Engelsenaren bitartez, klaseen arteko borrokaren teoria sortu zuen bide hartatik, eta, beraz, Hegelen lanera jo behar izan dugu dialektika horren mekanismoa ulertzeko; bereziki, ondo ulertu nahi bagenuen nola irauli zuten Marxek eta Engelsek Hegelen dialektika: labur-labur esanda, Hegelen kategoria esentzialistak dinamizatu zituzten, metafisikatik politikara pasatuta (helburua zen erakustea esparru politiko eta sozialean gatazkaren terminoen bidez interpretatu behar zirela termino metafisikoak eta ez, ordura arte bezala, kontrakotasun esentzial gisa, eta agerian uztea, halaber, modua zegoela gatazkak gainditzeko eta kontrakotasun-kategoriak bateratzeko).

      Ohar bat: Marxek eta Engelsek, kontrakotasun sozial guzti-guztiak klase-borroka hutsak zirela esanda, bi terminotara murriztu zituzten gatazka guztiak. Hala, murrizte haren ondorioz, deuseztatu egin zituzten “kapitalaren anakronismoaren” kontzeptuak barnean har zitzakeen gatazka guztiak. Marxen murriztapen horrek arrazismoa, antisemitismoa eta sexismoa harrapatu ditu. Gatazkaren inguruan sortu zuten teoria hura, hain justu ere, Marxen “klase” guzti-guztiak zeharkatzen zituen paradigma baten bidez adieraz zitekeen. Klase haiek ezin ziren interpretatu termino ekonomikoetan soilik, kontua zera baino ez balitz bezala: gainbalioez jabetzea jende guztia eskubidez berdina den egoera soziologiko batean, non kapitalistek, hala eta guztiz ere, produkzio-baliabideen jabe izanik, bere egin dezaketen langileen ekoizpenaren eta lanaren zatirik handiena, betiere lan horrek balio bat sortzen badu eta balio hori diruaren eta merkatuaren bidez truka badaiteke. Baldin eta gatazkaren baten formak ezin baziren klase-borrokaren bi terminoetara apaldu, horrek esan nahi zuen, ustez, proletarioen klaseak boterea hartu ondoren konponduko ziren gatazketako bat zela hura.

      Dakigunez, historian, klase-borrokaren teoriak ez zuen irabazi azkenean, eta mundua, oraindik ere, bitan banatuta dago: alde batean, kapitalistak daude (produkzio-baliabideen jabeak), eta, bestean, langileak (lana eta lan-indarra jarri eta gainbalioa sortzen dutenak). Proletarioen klaseak ezein herrialdetan harreman sozialak aldatu ezin horrek, azkenerako, kale itsu batera eraman gaitu, eta, dialektikari dagokionez, zenbait ondorio ekarri ditu: Marxen dinamikak izoztuta geratu dira, pentsamendu metafisikoa itzuli da, eta termino esentzialistek gaina hartu diete Marxen dialektikaren bidez eraldatzekoak omen ziren terminoei. Bestela esanda, kapitalistak eta proletarioen klasea elkarren kontra daude oraindik, baina, oraingoan, Loti Ederraren maitagarriaren makilatxo magikoak ttak jo balitu bezala, ez dira desagertzekoak inondik ere: hortxe daude biak, txanpona zer aldetara eroriko, mugitu ezinik, termino esentzial bihurturik, eralda litzakeen harreman dinamikoa erauzi baliete bezala.

      Nik hemen dudan asmoa betetzeko, ez dago beharrik Marxen ikuspuntua berriz sakon-sakon aztertzeko, baina komeni da gogoraraztea ezen, munduaren orekari dagokionez, Marxek kapitalaren eta mundu industrialaren anakronismotzat zeuzkan haiek ezkutuan uzten zutela jende ezberdin asko eta asko: gizadiaren erdia (hots, emakumeak), kolonizatuak, hirugarren mundukoak eta le quart monde-koak[1], eta mundu industrialeko nekazariak.

      Ikuspegi lesbiko politiko batetik, emakumeak historian zer egoeratan izan diren pentsatzean, nahitaezkoa da Hegelen dialektikaren aurreko dialektiketara jotzea, haien sorlekuraino: alegia, Aristoteles eta Platonenganaino jo beharra dago ulertzeko nola sortu ziren gu denok eratu gaituzten kontrakotasun-kategoriak.

      Lehen filosofo greziarren garaian, batzuk materialistak ziren, eta den-denak monistak, ez baitzuten inolako zatiketarik ikusten Izatean (Izatea, izatea bat zen heinean). Aristotelesek esan zuenez, Pitagorasen eskolari zor diogu pentsamenduaren prozesua zatitu izana eta, ondorioz, Izatearen pentsamendua zatitu izana. Harrezkero, gauzak batasunaren arabera pentsatu beharrean, filosofoek dualismoa ezarri zuten pentsamenduan, arrazoitzeko prozesuan.

      Hona hemen historiak eman digun lehen kontrakotasun-taula, Aristotelesek jaso zuen moduan (Metafisika, I. liburukia, 5, 6):

                  Mugatua — Mugagabea

                  Bakoitia — Bikoitia

                  Bat — Batzuk

                  Eskuina — Ezkerra

                  Maskulinoa — Femeninoa

                  Gelditasuna — Mugimendua

                  Zuzena — Kurbatua

                  Argia — Iluna

                  Ona — Txarra

                  Karratua — Laukizuzena

      Errepara diezaiegun hauei:

                  eskuina — ezkerra

                  maskulinoa — femeninoa

                  argia — iluna

                  ona — txarra

 

      Epaitzeko eta ebaluatzeko terminoak dira azken zortzi horiek: kontzeptu etikoak dira, eta arrotzak nik hartu ditudan sail horretan. Lehen saila teknikoa eta instrumentala da: zatiketa nahitaezkoa da tresna jakin bat erabiltzeko (arotzek darabilten eskuaira moduko bat, gnomon izenekoa), eta hartarako sortua da saila. Pitagoras eta haren eskolako kideak matematikariak zirenez, ez da harritzekoa sail hori egin izana. Bigarrena, berriz, heterogeneoa da lehenengoaren aldean; beraz, zera gertatu zen: zatiketan oinarritzen ziren tresna kontzeptual preziatuak (aldaerak, konparazioak, ezberdintasunak), sortuak izan orduko, Izatean diferentziazio metafisiko eta morala ezartzeko bide bihurtu zituzten berehala (edo nahiko berehala) Pitagorasen eskolaren jarraitzaileek.

      Aristotelesekin batera, lerratze bat, salto bat izan zen halako kontzeptuak ulertzeko orduan, zeinak Aristotelesek berak erabili baitzituen filosofiarantz egin zuen hurbilketa historikoan, metafisika deitu zion hartan. Hala, kontzeptu praktikoak izateari utzi, eta abstraktu bilakatu ziren: ordenatzeko, sailkatzeko, gauzak neurtzeko (jenioen lana da hori) balio zuten termino haiek, halako batean, dimentsio metafisiko batera aldatu ziren, eta, handik gutxira, guztiz bereiziak ziren jada beren testuingurutik. Are gehiago: kontrakotasunen taulako termino ebaluatzaile eta etikoek (zuzen, maskulino, argi, on), Aristotelesen (eta Platonen) interpretazio metafisikoaren arabera hartuta, zenbait termino teknikoren esanahia aldatu zuten: esaterako, “Bat” hitzarena. “Ona” zen guztia, izan ere, “Bat” horren sailekoa zen (Bata, Izate gisa); “batzuk” zen guztia (ezberdina), aldiz, “txarra”ren sailekoa, ez izateari lotua, ezinegonari, on dena zalantzan jartzen duen orori. Horrela, bada, dedukzioaren eremutik irten ginen, eta interpretazioaren eremuan sartu.

      Platonek eta Aristotelesek sortutako esparru dialektikoan, hasiera-hasierako tabulazio matematikoetan oinarritutako kontrakotasun-sailak daude, baina lausotuta. “Bat” horren sailean (izate absolutua da, bereizi gabea: jainkotasuna bera), “gizon” hitza daukagu (eta “argi”), eta, garai hartatik, posizio menderatzaile horretatik mugitu gabe daude. Beste sailean, aldiz, egonezinarekin lotutako hitzak daude: jende arrunta, emakumeak (“pobreen esklaboak”), “ilunak” (esklaboen eta emakumeen artean bereizten ez duten barbaroak), denak ere ez-Izatearen parametrora murriztuak. Izatea, izan ere, ona, maskulinoa, zuzena, bat izatea da, hots, jainkotiarra izatea; ez-Izatea, aldiz, beste zerbait izatea da (zenbait izatea), femeninoa izatea: konponduezina, ezinegona, iluna eta txarra. (Ikus Aristotelesen Politika).

      Platonek termino hauek zerabiltzan: Bata eta Bera (Jainkoa eta Ona), eta Bestea (Jainkoa bera ez dena, ez-Izate dena, txarra). Dialektika horrek kontrakotasun-sail bat du oinarrian, funtsean konnotazio metafisiko bat duena: Izatea edo ez-Izatea. Gure ikuspegitik, Hegelek ez zuen oso bestela jardun esklaboari eta nagusiari buruzko bere dialektikarekin, eta Marx bera ere, nahiz eta kontrakotasunak gatazka gisa (gatazka sozial, gatazka praktiko gisa) historizatzea zuen asmoa, harrapatuta zegoen sail metafisikoetan, sail dialektikoetan. Burgesia Bataren aldean dago, Izatearen aldean; proletariotza, aldiz, Bestearen aldean, ez-Izatearenean.

      Horregatik, dialektika zalantzan jartzeko beharra, guretzat, dialektika “dialektizatzea” da, hura ezbaian jartzea haren terminoak eta kontrakotasunak printzipio gisa ageri diren heinean, eta haren funtzionamenduagatik orobat. Izan ere, baldin eta filosofiaren historian jauzi bat egin bazen dedukziotik interpretaziora eta kontraesanera, edo, bestela esanda, jauzi egin bagenuen kategoria matematikoetatik eta instrumentaletatik kategoria normatiboetara eta metafisikoetara, ez al genioke horri guztiari arreta jarri behar?

      Ez al genuke aipatu behar femeninoa, iluna, txarra eta egonezina dauden paradigma horri esklaboa, Bestea, ezberdina gehitu zaizkiola? Gure aro modernoko filosofo orok, baita hizkuntzalariek, psikoanalistek, antropologoek ere, den-denek esango digute ezen kontrakotasun (edo ezberdintasun) kategoria zehatz horiek gabe ezin dela ez arrazoitu eta ez pentsatu, edo, are hobeto, esango digute kategoria horiek gabe esanahia ezin dela mamitu, ez dagoela esanahirik gizartetik kanpora, esparru asozialean.

      Argi dago Marxek asmoa zuela Hegelen dialektika iraultzeko. Hain justu ere, Marxen aurrerapausoa zera izan zen: erakutsi zuela Bata eta Bestea, Nagusia eta Esklaboa eta halako beste kategoriak ez zirela betirakoak eta ez zutela ezer metafisikotik, ezta esentzialetik ere, eta, aitzitik, historiaren terminoetan irakurri eta ulertu behar zirela. Horrela, berriz lotu zituen filosofia eta politika, eta, ondorioz, gaur egun hain modu solemnean Ezberdintasunaren kategoriak esaten diegun horiek (zeinak nik Ezberdintasunaren pentsamendua deritzodanaren barruan baitaude) gatazka-kategoriak izan ziren Marxentzat (gizarte-gatazken kategoriak), hau da, klase-borrokaren bitartez ustez elkar suntsitu behar zuten kategoriak. Halako borroketan gertatu behar duen moduan, Bata suntsituta (ezeztatuta), Besteak bere burua suntsituko (ezeztatuko) zuen. Izan ere, proletariotzak bere burua klase ekonomiko bihurtu bezain laster, bere burua suntsitu behar zuen, baita burgesia ere. Suntsiketa-prozesu horretan, bi mugimendu daude: proletariotzak bere burua suntsitzea klase gisa (burgesiak botereari eutsiko baitio bestela), eta bere burua suntsitzea kategoria filosofiko gisa (Bestearen kategoria gisa), zeren mentalki Bestearen (esklaboaren) kategoriaren barruan geratzeak ez bailuke ezer ere konponduko, Marxen dialektikaren arabera. Orduan, bi gatazka-terminoak berriz filosofikoki ebaluatzera lerratzen da konponbidea, eta, berrebaluazio horretan, argi geratu bezain laster indar ekonomiko bat sartu dela lehenago indar falta bat (ezerez bat) zegoen lekuan, indar horrek ukatu egin behar du Bestearen aldean dagoela (esklaboaren aldean), eta Bataren aldea bereganatu behar du (nagusiarena), baina bi ordenak suntsitzeko besterik ez, biak bateratu eta gauza bera eta bakarra izan daitezen.

      Historian, ezagutu ditugun iraultzetan, Besteak (besteen kategoriak) bere burua Bat bihurtu du, jende-multzo zapaldu eskergak mendean harturik, eta horiek, beraz, Beste bilakatu dira, lehen Beste izan baina orain Bat bihurtu direnen Beste. Hala gertatu zen (Marxen aurretik) Frantziako Iraultzan ere, non, esklabotzaren auziak ondo ez lantzeaz gainera, emakumeen auziak ere ez zituzten batere jorratu (Emakumea, betiereko Bestea). Dialektika dialektizatzea, nire irudiko, galdegitea da ea zer gertatuko den benetan gizatasunaren auziarekin behin besteen kategoria guztiak Bataren, Izatearen, Subjektuaren aldera igaro direnean. Ez ote da ezer aldatuko? Hizkuntzaren esparruan, adibidez, modurik izango al dugu “gizadi”, “giza”, “gizon”, “l'homme”, “homo” eta halako terminoei eusteko, nahiz eta termino horiek guztiek, alderdi abstraktuan, gizaki esan nahi duten (sexua edozein dela ere)? Gorde behar al ditugu termino horiek, kontuan harturik talde menderatzaileak (gizonak, emakumeen gain) bere izan dituela hain luzaroan eta gero gizadia gizontzat jotzeko erabili direla hala modu abstraktuan nola konkretuan? Gizadia: gizondia. Bestela esanda: abusu filosofiko eta politiko bat.

      Marxek eta Engelsek ez zuten jorratu nahitaezko aldaketa hori (eragiketa dialektiko hori). Haiek, aitzitik, ordezkapen bat zuten langai, iraultzetan ohi den bezala. Eta bazuten horretarako arrazoibide onik: proletarioen iraultza gertatu aurretik idatzi zuten gai hari buruz, eta, beraz, ezin zuten zehatz esan zer gertatuko zen. Baina bazuten arrazoibide txarrik ere: burgesen klasea zen Unibertsalaren, Orokorraren, Gizadiaren, Bataren jabea (ikus Manifestu Komunista), historiaren pizgarria, nazioaren mugetatik landa jotzeko gai zen klase bakarra. Marxen eta Engelsen iritziz, proletarioen klasea, gorabidean zen klasea izan arren, linbo batean zegoen: mamu-saldo bat zen, irauteko eta borrokatzeko Alderdi Komunistaren gidaritza behar zuena (eta alderdi hartako kide gehienak burgesak ziren).

      Halaxe hondoratu zen gure dialektika-eredurik perfektuena, dialektika materialistarena, dadoak trukatuta zeudelako: hatsarretik, Bestea kondenatuta zegoen harremanaren hasieran zuen lekuan geratzera, hots, Bestearen lekuan geratzera modu esentzialean, zeren Bataren parametroari, hau da, burgesiari berari baitzegokion klaseen eraldaketa lortzea (alegia, Bataren eta Bestearen kategoriak deuseztatu eta biak beste zerbait bihurtzea).

      Marxen dialektikaren arabera, nahitaezkoa zen burgesiak bere burua borrokatzea eta deuseztatzea bere frakzio iraultzailearen bidez, bi klaseak suntsituz; baina espero al genezake burgesek hori egitea? Izan ere, Alderdi Komunistaren ordezkari gehienak burgesen klasekoak ziren, burgesen klasetik zetozen, burgesiako intelektualak baitziren.

      Auzi hori, zeina are hil edo bizikoagoa baita emakumeez eta gizonez ari garela, ernamuindu baino ez da egin oraindik, apenas jarri baita zalantzan, eta nekez emakumeek gizonekiko duten posizioari dagokionez. Zein ote da, bada, aski zentzuduna pentsatzeko beharrezkoa dela edo beharrezkoa izango dela kategoria horiek kategoria gisa suntsitzea eta Batak Bestea menderatzeari uztea? Horrek, noski, ez du esan nahi emakumeek gizonak ordezkatu behar dituztenik (Besteak Bata ordezkatu behar duenik).

      Gaur egun, lehen bezalaxe, gizonak alde batean daude, eta emakumeak, bestean. Bataren kategoriakoek dena dute mendean, denaren jabe dira (baita emakumeen jabe ere), eta besteak, aldiz, mendean daude eta jabetza dira. Hori kontuan izanda, nire ustez, filosofiaren eta politikaren esparruetan, ezberdin izateko pribilegiorik gabe konpondu behar lirateke emakumeak, eta, oroz gain, sekula ez lukete “ezberdin izateko eskubide” gisa agertu behar ezberdin izateko inposizio hori (Bestearen kategoriari uzten zaiona), eta ez lukete sekula erori behar “ezberdin izateagatik harro” egoteko joera horretan. Itxuraz, luze joko du auzi hau politikoki eta ekonomikoki finkatzeak, eta, beraz, iruditzen zait abstrakzio-prozesua lagungarri izan daitekeela filosofiaren esparruan.

      Abstraktuan, jende guztia da gizadia, Gizona: baita Bestea ere, zernahi gisatakoa dela ere. Gizakien artean abstrakzioaren aukera egitate bihurtzen denean, maila horretan badago modua egitate batzuk argitzeko.

      Zapalduen parametroez ari, ez dago Marxen ereduari segitu beharrik eta “behin betiko garaipena” iritsi arte zain geratu beharrik hartara adierazi ahal izateko zapalduak gizaki direla menderatzaileak adina, emakumeak gizaki direla gizonak adina. Zergatik jasan behar ditugu aurrerantzean ere azpijoko[2] ontologiko, etimologiko eta linguistiko hauek guztiak, botererik ez dugun aitzakian? Gure borrokaren parte da horiei mozorroa kentzea, esatea bi gizonetik bat emakumea dela, unibertsala gurea dela nahiz eta lapurretan egin diguten eta arpilatu egin gaituzten bai maila honetan eta bai maila politikoan eta ekonomikoan. Horretara ezkero, hain miretsia dudan metodo dialektiko horrek ezin digu, akaso, ezer askorik lagundu. Izan ere, modu abstraktuan, arrazoimenaren ordenan, posibilitatearen eta potentzialtasunaren ordenan, filosofian, Bestea ezin da esentziaz Bataren ezberdina izan: Bera da, Voltairek Beratasuna esan zion kontzeptu horri jarraituz (Mêmeté neologismoa asmatu zuen, baina ez da inoiz erabili frantsesez). Ez genuke posible izan behar ez Bestearen Pentsamendurik, ez Ezberdintasunaren Pentsamendurik, “giza ezer ez baitzaio arrotz” Batari zein Besteari.

      Nire iritziz, oraindik iritsi gabea dugu Arrazoiak gure alde egin dezakeen guztia. Eta ez dut ukatu nahi nire pentsamendu kartesiarra, zeren historiak eman digun lehenbiziko argi-izpi gisa ikusten baitut Argien Mendea. Orain arte, ordea, Ordenaren, Menderakuntzaren, Logozentrismoaren adierazgarri bihurtu izan dute Arrazoia, eta salbazio bakarra, gure garaikide ugariren esanetan, bestetasuna guztiz eta osoro gorestea da, bere forma guztietan goretsi ere: Juduak, Beltzak, Horiak, Emakumeak, Homosexualak, Eroak. Arrazoitik erabat aparte (Eromenaren barruan esan nahi ote dute?), “Ezberdin”, eta horretaz harro zeharo.

      Menderatzaileen figura nagusiek eta menderatuen figura nagusiek, biek hartu dute ikuspegi hori. Ona, hemendik aurrera, ez da aurkitzekoa izango Bataren, Maskulinoaren, Argiaren parametroan, baizik Bestearenean, Femeninoarenean, Ilunarenean. Beraz, gora Desarrazoia! Eta igo daitezela denak berriro la nef des fous-era, inauterira eta abarretara. Sekula ez da Bestea orain hainbat goratu eta laudatu. Beste kulturak, Bestearen pentsamendua, Emakumeen garuna, idazkera femeninoa eta abar: azken hamarkadetan, Bestearen inguruan jakin zitekeen guztia jakin dugu.

      Boterez gero eta gehiago gabetuko dituen moda horretara lerratzen ari dira zapalduak, eta, hala, subjektu izateko gaitasuna galdu dute horretarako gai izaten hasi aurretik ere. Ez dakit zeinek aterako dion etekina horri guztiari. Esango nuke daukagunari baino ezin diogula uko egin. Eta pozik bidaliko nituzke menderatzaileen ordezkari guztiak bata bestearen atzetik, izan Bataren alderdikoak, izan Bestearen alderdikoak.

      Lañokeria; inozentzia; dudarik eza; guztia zuri edo beltz delako ziurtasuna; Arrazoia nagusi ez denean Desarrazoia edo Eromena gailentzen direlako ziurtasuna; Izatea dagoen lekuan nolabaiteko uko gisa ez-Izatea sortzen delako ziurtasuna; eta, orotan absurdo, ebidentzia eta ziurtasun horiez ohartu eta, kontrakarrean, halako behar eta premia bat sentitzea “Ezberdintasunerako eskubidea” (ezberdintasunaren eskubidea) babestu eta aldezteko, zeina, dena alderantziz jartze horretan, Lewis Carrollen Tweedledum eta Tweedledee pertsonaiak bezalakoa baita azkenean: horra hor haserrearen haserrez pentsamendu heterozuzena hots egin diodanaren sintomak. Sexuak (generoa), sexuen arteko Ezberdintasuna, gizona, emakumea, arraza, beltza, zuria, natura, horiek denak daude haren parametro-multzoaren muin-muinean, eta horiek denek osatu dituzte gure kontzeptuak, gure legeak, gure instituzioak, gure historia, gure kulturak.

      Metaforak parametro bikoitz horren bidez interpretaturik, sinetsita daude guztiari erantzuten diotela, eta, gure analisiaren eragozpen gisa, esaten dute ordena sinboliko bat dagoela, menderakuntzarekin inolako zerikusirik ez duen dimentsio batez ari balira bezala. Bada, guretzat tamalez, ordena politikoaren eta ordena ekonomikoaren errealitate berean dago ordena sinboliko hori. Continuum bat dago haien errealitatean, continuum bat non abstrakzioa, materialtasunaren gainetik inposaturik, gai den zapaltzen dituen horien gorputza eta gogoa osatzeko.

 

 

  [1] “Laugarren munduaren” nozioa erabili behar dugu hemen: Mendebaldeko mundu industrializatuan pobre bizi diren pertsonak izendatzeko erabiltzen da Europan.

  [2] Azpijoko higuingarriak, azpijoko itzurtiak.