Pentsamendu heterozuzena
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
editoreak: Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte Mochales
Monique Wittig
1935-2003
 
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
aurkibidea
 

 

Hitzaurrea

 

Danele Sarriugarte Mochales

 

      Bilduma honetan argitaratu diren lehen bi liburuen aldean, badu hirugarren honek beste zera bat agerikoa: ez zela jatorrian euskaraz sortu. Ingelesez kaleratu zuen Monique Wittigek estreina 1980an, eta lau itzultzailek ekarri dute gurera orain, harrezkero hogeita hamabost urtetik gora joan diren honetan.

      Horrek guztiak zehazki zer esan nahi ote duen ez da zaila azaltzen. Lisipe bildumako aurreko bi liburuetan, gutxi-asko hemen eta orain gertatzen ari direnei begira jarri ziren autoreak: hemen eta orain dauzkagun borroka armatu eta kartzelei, hemen eta orain nahi genituzkeen feminismoei eta politikaren eraldaketei. Wittigek, berriz, zehatz-mehatz gure ez den baina gure ere baden beste nonbait bati eta beste noizbait bati esango lieke orain eta hemen. Eta hala ere, zelako indarrez astintzen dugun burua, baietz eta baietz, hari irakurtzen dizkiogunean, argi, zurian beltz, izan bagarenez geroztik gorputza ziztatu diguten izendapenei buruzkoak. Hemen eta orain baita pentsamendu heterozuzena; hemen eta orain, heteroaraua.

      Aise da lisipetar Wittig. Haren liburu ezagunena izan dugu hemen iturri, saiakera-bilduma bat, eta hala ere literaturan ibili zen lehenago. Eleberriak kaleratu zituen, besteak beste, 1971n Les Guérillères eta 1976an Brouillon pour un dictionnaire des amantes (Sande Zeig bikotekidearekin lau eskutara), eta bi-bietan irudikatu zituen munduak non jendeon arteko harremanak ez ziren hemen eta orain bezala antolatzen.

      Aipa ditzadan orain edizio honi buruzko zenbait xehetasun. Egia esan, esan berri dut hor goian: Wittigen liburu ezagunena izan dugu hemen iturri, The Straight Mind entzutetsua (hemendik aurrera, Pentsamendu heterozuzena). Bederatzi saiok osatzen dute bilduma hura, eta seik, berriz, gure hau. Kanpoan utzi ditugun hiru artikuluek literatura dute langai konkretu, eta kanpoan utzi ditugu hortaz, ez literatura ez zaigulako interesatzen baizik eta ez zelako, hemen eta orain, gure langai konkretua. Baduzue, hala ere, horietako bat euskaraz irakurtzeko aukera, Itxaro Bordak ekarri baitzuen “Ikuspuntu berezia ala unibertsala” saioa, eta Desira desordenatuak bilduman plazaratu. Esan dezadan, bide batez, Bordak berak euskaratu dituela Wittigen beste hiru kontakizun (“Ihauteria”, “Eromenari deika” eta “Isolazionistak ala isolatuak?”) eta horiek ere irakur ditzakezuela http://ekarriak.armiarma.eus/ web atarian.

      Hamaika itzulpen-asmo abiatu dituen esaldiak abiatu zuen itzulpen hau ere, sarri esanagatik ez dena ez topiko ez eta balio gutxiagoko: euskaraz behar du honek. Hasiera batean ideia zen, grina, ez besterik; beste batzuen ideiek eta grinek eta ondoren lanak trinkotu zutenean baizik ez zen bilakatu mami. Nik, hasieran, euskarazko testu feministak biltzeko artxibo bat sortu nahi nuen, digitala, biltzeko han eta hemen solte zebiltzan eta hainbat urtetan hainbatek euskaratu genituen ezinbesteko idatziak, behiala iritzita euskaraz behar zutela. Artxibo horren premian sinetsirik baietz esan zidaten itzultzaileak etorri ziren gero, Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalán, eta Lisipe bildumaren editore den Jule Goikoetxearen ekina berehala: argitaratua behar du honek! Martxan ginen.

      Eskerrak eman nahi ditut, noski. Ez ditut ausaz ipini hitzaurre honetan gu, gure, ditugu. Bihoazkie, beraz, eskerrik beroenak lehenik Arraratsi, Berasategiri eta Mirentxu Larrañaga Sueskuni, txukun eta zorrotz egin dituztelako itzulpen-, zuzenketa- eta hitzoste-lanak; bigarren, Jule Goikoetxeari, hauspo nekaezin; gero, Alaitz Aizpururi eta Bakarne Altonagari, haiek jo zutelako nigana orain zenbait urte “Sexuaren kategoria” testua itzul nezan, —Diskurtsoak, eraikuntzak, gorputzak liburuan kaleratu zen, 2012an—; eta, azkenik, UEUri, baimena eman digulako izpi hura ekartzeko hona, ahizpen ondora.

      1935ean jaio zen Wittig, Alsazian, eta 2003an hil, Arizonan. Bixi bai bixi daudelako haren hitzak gaur, gugan bizi bitez emankor, hemen eta orain, orain eta gero.