—epilogoa—
“Euskal gatazka” eta
“euskal bakea” feminismotik
Irantzu Mendia Azkue
Feminismoak gatazka eta indarkeria kontzeptuen zabaltzea eta sakontzea proposatu izan du; alegia, horien birdefinizio bat, emakumeen egunerokotasunaren bizipenetan oinarrituta legokeena. Behetik gorako ikuspegia da hau, ukatzen duena politika eremu instituzionaletan eta boterearen goi mailetan soilik egiten denik; feminismoak horri “egunerokotasunaren politikaren” garrantzia kontrajartzen dio, errealitatea ulertzeko zein eraldatzeko.
Aurreko ideiatik abiatuta, esango nuke euskal emakumeon esperientzia “euskal gatazkan” —eta horren atzean bigarren plano batean geratu izan diren beste hainbat euskal gatazkatan (sozialak, ekonomikoak, kulturalak...)—, ez dagoela kolektiboki elaboratuta ezta kontatuta ere. Zentzu horretan, esku artean daukagun erronka “euskal gatazkaren” genero politikaren erabateko azterketa burutzea da, eta horrekin batera euskal patriarkatuaren salaketa jendarteratzea.
Bide horretan kokatzen den ekarpen beharrezkotzat jotzen dut liburu hau, hurbiltzen gaituena Euskal Herriko historia hurbilean hainbat emakumek izan duten partaidetza politiko eta sozialera, ETAko kide izan diren, haien ezker abertzaleko militantzia politikoa dela-eta kartzelan egon diren eta baita bikotekidea preso izan duten edo duten emakumeena, hain zuzen. Euskal jendartea osatzen dugun emakumeon kontakizun askotarikoek gure memoria kolektiboaren parte izan behar dute, baldin eta bakerantz egin nahi dugun trantsizio honek zilegitasun eta sinesgarritasun minimoak eduki nahi baditu. Beste modu batera esanda, euskal emakumeei ere egia zor zaie.
Motibazio politikoa egotz dakiokeen indarkeriaren intentsitatea azken urteotan nabarmenki gutxitu bada ere —nahiz eta guztiz desagertu ez—, emakumeen kontrako indarkerietan ez dugu “su etenik” izan, zuzeneko zein egiturazko terminoetan. Izan ere, matxismoak ez du soilik emakumeon euskal gatazkaren bizipena iraganean zeharkatu eta baldintzatu, gure parte hartze eremuak eta moduak edozein izan direla ere; gaur egun, bakearen lehen mailako mehatxua izaten jarraitzen du. Eta motibazio politikoa ere badu. Matxismoak elkarbizitza kolektiboan agertzen zaizkigun arazoak kudeatzeko boterearen erabilera zehatz bat adierazten duelako; guztien ongira zuzentzen ez den erabilera bat.
“Euskal bakerako” bidean, beraz, ezinbestekoa dugu indarkeria ezberdinen arteko lotura eta jarraitutasunak bistaratzea, bai gatazka politiko-armatuarekin batera eman direnak eta bai modu orokorrean genero desberdintasunekin eta matxismoarekin lotzen ditugunak. Ikuspuntu feminista batetik, Euskal Herrian bakearen eta elkarbizitzaren bermatzeak harreman sozialen maila guztietan (interpertsonala, komunitatearena, lanarena, politiko-instituzionalarena...) sakontze demokratikoa eskatzen du. Alegia, bakearen eta genero justiziaren arteko harremana finkatzea. Sakontze demokratiko horretan, sinetsita nago euskal emakumeen partetik edozein bake ekimenek eragina eta inpaktua izango dituela, baldin eta ekimenak berak mugimendu feminista subjektu politiko gisa indartzeko balio badu; horrek euskal gatazkaren gaineko erabakietan —eta modu zabalean, indarkeriarik gabeko jendartea eraikitzeko— zeresan artikulatua izan dezan.
Hala ere, azken hamarkadetan borroka armatuaren aurrean egon diren posizionamenduek askotariko tentsioak eragin dituzte euskal mugimendu sozialetan, eta logikoa denez baita mugimendu feministan ere (borroka armatuaren estrategiari berari buruz, mugimenduaren lehentasunei buruz...). Ezin da ukatu euskal mugimendu feministak ahalmena erakutsi duela emakumeen eskubideen aldeko ekintza bateratu asko egiteko, eta baita ekintza horiek arrakastatsu izan daitezen ere. Aldi berean, sakondu beharrekoa litzateke zer puntutaraino hori posible izan den banaketa ardatz ideologikoen halako “saiheste estrategiko” baten hautua egin izan delako, eta ea mugimendu feminista ez ote dagoen oraindik saiheste paktu sinboliko horren inertzian.
Erronka da, beraz, historikoki euskal gatazkaren aurrean posizionamendu kontrajarriak edo ezberdinak mantendu izan dituzten talde eta kolektibo feministek elkarrizketa eta hausnarketa kolektiborako bideak aurki ditzaten, subjektu politiko gisa indartzeko. Egungo abaguneak horretarako aukerak eskaintzen dituela uste dut, feministok pentsamendu androzentrikoa, politika partidarioaren zentralitatea eta genero estereotipo zurrunak apurka-apurka ahultzea lortzen dugun heinean.
Mugimendu feministak “euskal bakearen” gainean zeresan artikulatu bat izan dezan, aldarrikapen komunak guztion artean eraikitzekoak eta adostekoak dira, gure euskarri ideologiko ezberdinen gainetik. Nire aburuz eta nire posizionamendutik, ondoko bi hauek dira aldarrikapen garrantzitsuak, besteak beste.
Lehenik, bake eta elkarbizitza demokratikoaren oinarriak jartzeak emakumeen kontrako indarkeria eta diskriminazioa arazo politiko lehentasunezkotzat kokatzearen exijentzia ekar dezala. Normalizazioa desiragarria den momentu honetan, feministok normalizazioarekin apurtu nahi dugu: indarkeria matxistaren normalizazioarekin.
Bigarrenik, bake eta elkarbizitza demokratikoaren oinarriak jartzeak euskal herritarron erabakitze eskubidearen defentsa eta emakumeon erabakitze eskubidearen defentsa bereizezin bihur ditzala. Horrekin lotuta, Erdialdeko eta Hego Amerikako feminismo indigenatik ikasi izan dugun bezala, inkoherentzia hutsa da lurraren edo lurraldearen defentsa egitea emakumeon gorputzaren defentsa egin gabe. Ondorioz, “Gure gorputza gurea da!” lelo historikoa gaurkotasun osoz txertatzen da bakegintza prozesuan: indarkeria matxisten kontra, abortuaren penalizazioaren kontra... baina baita emakumeenganako diskriminazio ekonomiko-laboralaren aurrean ere, prekarietatea eta pobreziaren intzidentzia handiagoaren aurrean ere, lan produktibo eta erreproduktiboaren zama bikoitzaren aurrean ere, heteroarauaren ereduan heziak eta kontrolatuak izaten jarraitzearen aurrean ere, eta abar.
Aldarrikapen bi horiek gorpuzteko, feminismoaren korronte eta belaunaldi ezberdinen batuketa ezinbestekoa da. Alegia, pentsamendu lerroen arteko elkarrizketa: batetik, azken urteetan feminismoan indarrez garatu diren eta subertsio feminista berriek ahalbidetu dituzten sexu/genero dikotomiaz harago doazen pentsamendu lerroak, eta bestetik, materialismoan errotuagoak izanik patriarkatuaren kontrako borroka kapitalismoaren kontrako borrokarekin uztartzen duten pentsamendu lerroak. Oinarri horiekin, bakearen eraikuntza prozesuan mugimendu feministaren proposamenek sakontasuna eta indarra irabazten jarraituko dute.