Dena bukatu delako ameskeria
Zuriñe Rodriguez Lara
Oihana Etxebarrieta Legrand
Gatazkan bizi gara eta gatazketako bat bukatu berri da gure herrian: gatazka armatua. Orain, bakea eraiki beharra dago, baina argi ikusi dugu bakearen gaineko uste edo ikuspegi ezberdinak ditugula eta, beraz, gatazkaren konponbidea eta bakearen negoziazioa ere modu ezberdinean ulertzeko arriskua dagoela. Gatazka armatuan bizi den herriak etengabe amesten du bakearekin, eta emakume edo gorputz disidenteoi onura gutxi edo are batere onurarik ekarriko ez digun ameskeria sortzen du burutapen horrek gatazkaren amaierari dagokionez. Gatazka ezberdin bizi bada gizon edo emakume izan, zentzuzkoa da pentsatzea bakea ere ezberdina gerta daitekeela gizon edo emakume izanda.
Gatazka armatu eta politikoa etengabe egon da borrokarako gorputzak eskatzen, eta, gorputz ez-hegemonikoak egunerokotasun politikora sartzeko aukera ireki da eskaera horretan; are gehiago, sartu egin dira. Gatazka armatua duten herrietan, aipatu eskarien ondorioz, emakumeek botere kotak konkistatzen dituzte eta espazio publikoa okupatu, bakean dauden gizarteetan baino neurri handiagoan. Euskal Herrian ere horixe gertatu da.
Gatazka armatua amaitzen denean, ordea, gorputz horiek ez dira hain beharrezkoak izaten, eta kanpoan egon diren haiek aurretik zuten espazioa/estatusa hartu nahi izango dute. Gatazkan buru izan diren gorputz hegemonikoak —orokorrean gizonak— ez dira lidergotik hain erraz aldenduko bake garaian. Bakearen eraikuntza, kontuan hartzen ez gaituen bake horren eraikuntza alegia, egoera natural eta harmonikorako itzulera da, normaltasunaren negoziazioa. Eta jakin badakigu normaltasunak ez digula inolako onurarik ekartzen geure burua bere bazterretan eraikitzen dugunoi. Sistema patriarkaletan, egoera harmonikoak ez die ez botererik ez espaziorik ekartzen emakumeei. Gure gorputzek borrokarako baliagarri izateari utzi diote, jada ez dagoelako borrokarik; beraz, tokiren bat bilatu beharko zaie bakean balio dezaten.
Gatazka armatuaren amaieraren kudeaketa integrala eta zeharkakoa egin ezean, hots, bakearen kontzeptualizazioa indarkeria armatuaren amaieratik harago eramanez egiten ez bada, rolak berriro ere tradizional bihurtzeko prozesuak gerta daitezke[38], generoetako bakoitza dagokion toki sozialean birkokatzeko prozesuan: gizonak espazio publikoan eta emakumeak pribatuan. Gizarte baketsu berri hori askoz ere kontserbadoreagoa izateko arriskua dago, eta, beraz, emakumeek etxeratze prozesuak pairatzeko arrisku handiak sortzen dira. Emakumeek, bada, eskuratutako botere sinboliko eta errealaren zati bat galdu ahal izango dute, eta gizonek, bitartean, unibertsala den hori definitzeko pribilegioari eusten jarraituko dute. Irlandako gizartean ikus dezakegu prozesu horren adibidea; Euskal Herrian ere gerta daitekeena. Bake akordioak sinatu zirenetik hamabost urte baino gehiago igarota, IRAkoak izan ziren emakume asko, egun, bizitza politiko-instituzionaletik kanpo daude, eta familiako bizitzari erabat emanda. Espazio publikotik bota dituzte ala emakume horien erabaki kontzientea izan da? Bota egin badituzte, horren zergatia jakiteaz gain, nork bota dituen hauteman beharko da, nork ez dien botereari eta espazioari eusten utzi. Euskal Herrian nork ekarriko ditu emakumeen etxeratze prozesuak? Full-timeko gizon publiko militanteek akaso?
Euskal Herrian ispilu erabilera eman diezaiokegun kasu bat dugu. Espainiako Gobernuak 1977an dekretatu zuen amnistiak, besteren artean, Estatu frantsesean ihes eginda zeuden emakume batzuk etxera itzultzea ekarri zuen. Etxerako itzulera hori ez zen sinbolikoa bakarrik izan, benetakoa izan baitzen. Emakume horiek etxera itzultzea ekarri zuen, familiaren etxera itzultzea kasu askotan, eta, horrekin, autonomia eta botere kotak galdu zituzten. Euskal Herrira itzultzea eta herriarekin berriz batzea ekarri zien amnistiak gizonei; emakumeentzat, ordea, atzean utzitako Espainia frankistara itzultzea izan zen, hau da, familiaren etxera, espazio pribatura eta etxekotzeko betebeharrera itzultzea.
Donostiatik ordubetera bizi nintzen, baina Ameriketara itzultzea bezala zen. Agurra lazgarria izan zen; nire bizitzari, nintzen hari agur esatea izan zen, eta etxera itzultzea. Leku itxi eta atzeratu horretara itzultzea, debekura itzultzea. Gogorra izan zen. Aitak ontziak garbitzea eta janaria prestatzea nahi zuen. Zeinek eta nik, ezkongabeen pisu batean nahi nuen guztia egiten bizi izandako honek. Izugarria izan zen. (Poti)
Gatazkaren amaierarekin dena bukatu delako ameskeriaren ondorioz gertatzen dira etxeratze prozesu horiek, baina gatazka askotarikoez ari garenez, beste etxeratze prozesu batez hitz egiteari garrantzitsua deritzogu, espetxetik ateratzeari buruz alegia.
Aipatzen genuen moduan, preso eta senideek gehiegizko itxaropenak jartzen dituzte espetxealdiaren amaieran. Momentu horietan, min ematen dien elementua beren bizitzetatik kentzeak berehalako lasaitua ekarriko duela uste dute. Argi dago, hasiera batean horrela izango dela, muga eta debeku asko eragiten zituen arazo hori desagertzen delako. Baina pixkanaka espetxealdiak, torturak, militantzia politiko edo armatuak... eragindako aldaketa pertsonalak, kolektiboak, espazialak, denborazkoak... agertzen joango dira, eta horrek bikote, familia eta lagun harremanean kode berriak barneratzea ekarriko du, baita kasu askotan lanketa psikologikoa ere. Momentu horiek oso gogorrak izaten dira, hain zuzen, ondo egon behar dela uste duten momentuan arazoak eta gatazkak ateratzen hasten direlako. Gizarteak eta inguruak horrelako mezuak zabalduko dizkie etengabe. Frustrazioz eta minez bizitzen dituzte egoera horiek preso ohiek zein beraien ingurune hurbilekoek, eta inguruan “dena amaitu da” ideia zabaltzen jarraitzeak ez die inolako mesederik egiten. Kasu horietan gainera, espetxealdian zuten babes politiko eta soziala galtzen dute askotan (hain zuzen, egoera hobetu dela pentsatzen baitu inguruneak) eta bakarrik sentitzen dira egoera horri aurre egiteko. Horrek, bikote harremanean eragin itzela izango du, eta lehenago aipatzen genuen moduan, harreman asko momentu horretan apurtzeko aukera handiak izango dira.
Espetxetik ateratako lehen momentuetan euforia sentsazioa konpartitzen dute elkarrizketatu askok. Hala ere, pixkanaka egoera hori baretzen eta normaltzen doan neurrian zenbait oztopo eta gatazkarekin egin izan dute topo.
Gure harremanak gutxi gorabehera lau etapa izan ditu: hasieran elkar ezagutza, bigarrena sarekadaren momentuan —buf, harreman hori ez duzula ikusten eta ez dakizula noiz arte ez nola—, hirugarrena atxiloketa eta espetxeratzearena, eta laugarrena, nik uste dut laugarrena izan zela, ez gogorrena e! Atxiloketa-eta gogorra izan ziren baina bazenekien zeozer gertatuko zela baina gero iristen denean beti kolpea da, ez? Baina laugarrena espetxetik atera eta ez nuen uste horren zaila izango zenik. Ez nuen imajinatzen, ez dakit. Uste nuen izango zela “pum”, aske eta lehengo harreman hori, ez? Eta ez. (Lorea)
Zailtasun horietaz inork ez du hitz egiten, eta horrek are zailagoa bihurtzen du egoera gatazkatsua bizitzen ari denarentzat horren inguruan hitz egin edo egoera horri buelta emateko laguntza eskatzea. Hala ere, harremanaren birmoldaketa hori aberats bezala bizi izan duenik badago. Kasu horretan maskulinitate hegemonikoak preso ohi gizonezkoengan duen eragina aipatzea ezinbestekoa da. Sabino Aranak sortutako gizon gudariaren iruditegiak eragina da oraindik gugan, eta pertsona horren irudikatze indartsuak, kementsuak... gaizki, deprimituta edo beldurtuta dauden mutilak sentimendu horiek ezkutatu eta lotsaz bizitzera eraman ditzake. Emakumezkoaren zaintzaile figurak ere eragina izango du, eta nesken kasuan espetxetik atera berri diren pertsonen babesa izaten jarraitzeko papera egotziko zaie. Kasu horietan, hala ere, harreman ugari apurtu egin direla aipatu behar dugu. “Errazagoa” bihurtzen da harremana momentu horretan uztea. Etxeratze prozesu horiek espazio erabat intimoan geratzen dira oraindik ere. Espetxealdiak harremana modu publikoan bizitzeko ondorioa bazuen ere, hori amaitutakoan harremana eremu pribatura itzuliko da. Argi dago, harremana espazio publikoan zegoen bitartean ere egon zitezkeen gatazkak norberak kudeatu beharrekoak zirela, baina nolabaiteko baliabideak aurki zitezkeen. Espetxealdiaren amaierarekin, ordea, baliabide guztiak desagertuko dira eta “dena ondo egon behar dela” pentsatzeak eta laguntzen galerak zaildu egingo du harremanaren garapena. Espetxeak eragindako aldaketak eta zailtasunak gainditzea mahai gainean egon behar lukeen gakoa dela sinetsita gaude, ondoren norberak horrekin nahi eta ahal duena egin dezan.
Etxeratze prozesuak eta dena bukatu delako ameskeria ez dira sor daitezkeen arrisku bakarrak. Bake eta normalizazio prozesuaren kontakizuna ere egin beharko da, eta norbait arduratu beharko da hori egiteaz, batetik. Beste batzuek, bestetik, guztia nola gauzatzen ari den ikertu eta aztertu beharko dute. Eta, azkenik, eztabaidarako foroak eta guneak sortu beharko dituzte beste batzuek. Nortzuk izango dira edo dira horiek? Gatazkaren monopolioa gizonen esku bakarrik egoteak ekartzen dituen ondorio berberak dauzka bakearen monopolioa horien esku egoteak. Izan ere, emakumeen ahotsak kontuan ez hartzeak eta feministen analisiak neutralizatzeak bake prozesuaren irakurketa misogino eta matxista egitera eraman gaitzake.
Feministak eta emakumeak gonbidatuta ez dauden eztabaida-foroak sortzea, edo berariaz generoaz mintzatuko diren mahaietara zokoratzea ez da kasualitatea, ezta kalkulu akats baten ondorioa ere; huts egite larri-larria da formari dagokionez[39], eta, batez ere, gatazka garaian emakumeen bizkar izandako erantzukizuna eta botere kokalekua onartzeari uko egiten dion erresistentzia. Gatazka maskulinitatea garatzeko eta patriarkatua indartzeko espazio pribilegiatu bihurtu zuen horrek nekez sortuko ditu bake jokalekuan botere errepikapen berbera ez egoteko baldintza egokiak. Hortik abiatuta, ezinbestekoa da feministak eta feministen boterea bakearen ezarpenean egotea.
Baina guztia ez da arriskua, ordea. Gatazka armatuan, emakumeek ahalduntze kolektibo zein indibidualak bizi izan dituztenez, indarrez ekin diezaiekete sortzen diren erresistentzia patriarkalei. Hau da, ez dituzte hain erraz alboratuko gatazkan konkistatutako boterea eta espazioa, eta beraien/geure presentzia exijituko dute/dugu espazio guztietan. Egun, nonahi aurki ditzakegu horren adibideak: Emagune bezalako guneetan, sortzen ari den ezagutza feministan, mugimendu feministak eragin politikorako duen gaitasunean, eta abarrean. Gainera, paradigma aldaketa baten aurrean gauden heinean, eztabaida sozial eta politikoa egin beharko da gizarte berri hori nola eraiki nahi dugun erabakitze aldera, eta, horren bidez, generoen arteko harremanak birdefinitzeko aukerak sortuko dira; emakume eta gizon izatea zer den zehazteko aukerak. Bakea eraikitzeko premia suertatzen denean, indarkeria zer den definitzeko beharra ere sortzen da, eta, horrela, indarkeria bera birdefinitzeko aukerak irekitzen dira. Dena eraikitzear, negoziatzear eta sortzear dago, eta, horretan gu gara, feministok, jadanik eraikitzen, sortzen eta alternatibak proposatzen ari garenak. Liburu hau adibide bat da.
[38] Prozesu horiek nola gertatzen diren jakiteko, irakurri Donna Pankhurst (2000), Vanessa Farr (2005) eta Irantzu Mendia (2014).
[39] Egun, NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1325 ebazpena daukagu. Horren bidez, besteren artean, emakumeak bakearen negoziaketarako eta gatazka osteko berreraiketarako espazioetan egon daitezela sustatzen da. Ebazpen hori erreferentziatzat hartuta, bermatuta egon beharko lirateke emakumeen parte-hartzea eta ahotsa.