Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Jardun armatuaren amaieratik bost urteko ibilbidea
Gatazka armatua da gure gatazka bakarra?
Indarkeria matxista: gerrararen ezinbesteko arma
“Euskal gatazka” eta “euskal bakea” feminismotik. Irantzu Mendia Azkue
Aurkibidea
Hitzaurrea. Jule Goikoetxea
Jardun armatuaren amaieratik bost urteko ibilbidea
Gatazka armatua da gure gatazka bakarra?
Indarkeria matxista: gerrararen ezinbesteko arma
“Euskal gatazka” eta “euskal bakea” feminismotik. Irantzu Mendia Azkue
Harreman afektibo sexualak
kartzelan
Emozioak eta sentimenduak, batez ere bikotekideen arteko maitasunarekin eta amatasun erlazioekin zerikusia dutenak, patriarkatua gure eremu intimo eta pertsonalenetan sartzen dela seinale dira.
Estíbaliz de Miguel (2009: 11)
Gutxi aztertutako eremua da espetxea tarteko garatzen diren bikote harremanena, baina dauden lanek hurbilpen bat eskaintzen dute eta uste baino galdera gehiago erantzuten lagundu. Hala ere, azpimarratu nahi dugu, azterketa horietan guztietan, bikote heterosexualez mintzatu izan direla, eta beraz, eskura ditugun datu bakarrak bikote heterosexualenak direla[31].
Ikerlanaren garapenean, oinarrizko eta aldez aurreko galdera bat sortu zitzaigun: harremana espetxea tarteko bizitzera doazenek, beren buruari galdetzen al diote egoera horretan harremanarekin aurrera egin nahi duten edo ez? Espetxeratzeak harremanean egoera berri bat ekartzen duenez, egoera horretan harremana mantentzearen edo puskatzearen inguruan hausnarketarik egiten ote dute? Gure elkarrizketatuen artean inork ez zuen horrelakorik inoiz planteatu. “Oztopo”, “zailtasun”, “jarraipen” edo “moldaketez” hitz egin zuten, “negoziazioez” batzuek, baina egoera horretan harremanarekin jarraitu nahi ote zuen ez zion inork bere buruari galdetu. Gerora, hausnarketa hori beharrezkotzat jo zuen batek baino gehiagok, baina momentuan, ez zuen inork egin.
Momentu bat ere ez da egon hori pentsatu dudanik. Agian burutik pasatzen zaizu, baina ez naiz planteatzera heldu. Erabat inplikatzeko prest nengoen hasierako momentuan. Edozertarako prest nintzen. (Idurre)
De Miguelek ikusi ahal izan zuen moduan, emakumeek egoera gogor horietan erlazioa uztea, “traiziotzat ikusten da” (bikotekide gizonaren edo inguru hurbilaren aldetik) (De Miguel, 2009: 15). Zubiko elkarteak egindako lanean, nolabaiteko “arau, akordio moral edo paktu ez-ahozko baten existentziaz” hitz egiten dute (Arostegi et al., 2008: 77). Paktu horren arabera, emakumeak preso sartu berri denaren bikotekidea izateari uztea ez litzateke etikoa izango. Bikotekidea EPPK-ko kidea duten nesken kasuan ere, paktu ez-idatzi horren zantzuak topa daitezke. Egoera ezberdinak izan badaitezke ere, bada harremana espetxean zegoen pertsonarekin amaitu nahi izan duelako gaitzespenik jaso duenik.
Izatezko bikote paperak egitera zoazenean inork ez dizu galdetzen ea ondo pentsatu duzun hori egin aurretik. Denek normaltzat jotzen dute urrats hori ematea. Hori bai, harremana uzten duzun momentuan... kristo guztiak ematen dizu bere iritzia! Hein handi batean preso batekin zaudenean zure bikote harremana publiko bihurtzen da, haiek pertsonaia publikoak dira. Beraz zu ere jende askorentzat ezaguna zara, E.ren neska zara. Horregatik harremana uztean denek ematen dizute beraien iritzia, onera edo txarrera, baina ematen dizute. Paperak sinatu nituenean ordea, inork ez zidan ezer esan ba! (Argiñe)
Kanpoan dauden gizonezko bikotekideen kasuan, ordea, ez da akordio hori existitzen, eta ulergarritzat jotzen da harremana uztea. Kasu horietan, gainera, harremanarekin aurrera egitea erabakitzen duten gizonezkoak “heroitzat” jo izan dira emakume presoen artean. Emakumeen kasuan ematen ez den miresmena lortzen dute.
Azpimarratzekoa da presoen artean maitatua sentitzeak duen garrantzia. Estigmari, egoeraren gogortasunari, bakardadeari... aurre egiteko, kanpoan zu babesteko eta maitatzeko jendea dagoela jakitea garrantzitsua da. Bikote harremanek, beraz, kasu horietan indar handia hartuko dute eta askotan ilusioen erdigunean kokatuko dira.
OSPDHk egindako beste ikerketa bati esker, ohartu ziren kartzelatzearen ondorioak ez dituela soilik pertsona presoak bizi, eta zigorrak preso dagoen pertsonaren familiarengan ondorio larriak eragin ditzakeela. Baieztapen horrek espetxeratutakoaren senide eta lagunek bizi behar izaten zuten egoera berezia ikertzera eraman zituen (OSPDH: 2005). Familiaren barruan dagoen lanaren banaketak eta hierarkizazioak eragin izugarria dutela ikusi zuten:
“Familia” kontzeptuak egitura sozialen errealitatea ezkutatu du. Egitura horrek sexuaren bidezko lan banaketa eta zaintza eta erreprodukzio lanak emakumezkoei egoztean oinarritzen da. Gizon eta emakumeen arteko lan banaketa horrek familietan ematen diren zaintza lan gehienak oraindik soilik emakumezkoek egiten dituztela ezkutatu du. (Ibidem: 10)
Beraz, kartzelaren ondorioa eta horrek eragingo duen lana ez da berdina izango kanpoan dagoen familiako kidea emakumea izan edo ez, eta ez da berdina izango ondorioa (eta laguntza-zaintza) jasoko duen presoa gizona izan edo ez.
Espetxeak senideei eta presoari berari sortzen dizkien arazoen artean, OSPDHk egindako banaketa aintzat hartuta, arazo komunikatiboez, psikologikoez eta familiarrez jardungo dugu.
ARAZO KOMUNIKATIBOAK
Presoak eta haien senitartekoak elkarrekin komunika daitezen presondegi-erregimenak eskaintzen dituen tresnak eskasak dira. Preso eta senitarteko ugarik salatzen dute “erlazio on bat eta haien bikotekideekin komunikazio on bat izateko espazio horiek nahikoak” ez direla (Arostegi et al., 2008: 92). Baina zer eskaintzen du espetxeak?
Kartzelan, kanpoko jendearekin erlazionatzeko, deiak, gutunak, bisitak eta vis a vis-ak daude. Aurretik aipatutako FIES-3 erregimenak horien erabileran mugatzeak eta kontrolak eragingo ditu. Hala nola dei eta bisiten interbentzioa —grabaketa—, gutunen irakurketa, dei eta gutun kopuru txikiagoak... Etxerat-etik, “bakartze soziala” deitzen diote murrizketa horri, eta horrek “pertsona gisa garatu diren jatorrizko ingurune sozial eta kulturaletik bereizten” dituela uste dute (Etxerat, 2010).
Presoek bikotekiderik izatekotan, batez ere haiekin erabiliko dituzte baliabide horiek. Nolabait, maitasuna demostratzeko erabiltzen dute; zenbat eta dei edo gutun gehiago eskaini bikotekideari, maitasun handiagoa duten seinale. Beste batzuentzat “behar” bat da ahalik eta gehien komunikatzea bikotekidearekin.
Bost minutuko zortzi dei genituen astean eta sei gastatuko nituen berarekin. Ama deitzen nuen astean behin eta saiatzen nintzen lagunen bat deitzen, baina gainerako deiak M.rekin. Igandea baino lehen dei guztiak erabiltzen nituen. Astelehenetan normalean bi dei egiten nituen jarraian. Nik kanpoan berarekin asko hitz egiten nuen telefonoz, eta bost minutu ez da ezer... Orduan, astelehenak jartzen genituen 10 minutukoak, eta astelehena opari bat zen niretzako. (Irantzu)
Ikus ditzagun Estatu espainiarreko espetxeek eskaintzen dituzten baliabide hauek banan-banan:
Ahozko komunikazio arruntak
Presoaren —eta ondorioz haien senitarteko eta lagunen— komunikatzeko eskubidea, astean gutxienez 20 minutuko bi bisita dira. Kartzela gehienetan bisita bakarrean batzeko aukera ematen dute, gutxienez 40 minutuko bisitak lortuz. Aurretiaz, kanpotik bisitara doazenek, kartzelarainoko bidaiak egin behar izaten dituzte, eta kartzelan bertan, erregistroak pasatu behar izaten dituzte lagun edo senitartekoarekin kristal bat tartean dutela komunikatu ahal izateko. Bisitaren ordua eta eguna zehazteko, “ez dira bisitara doazenen beharrak kontuan hartzen” (OSPDH, 2005: 26).
Aurrez aurreko familiarrak (vis a vis familiarrak)
Hilean behin, asko jota bi orduz luzatzen diren aurrez aurreko hauetan, gehienetan, familia bakoitzak bere gela “pribatua” izateko aukera du. Bisita horietan, familia gertukoena soilik sar daiteke, gurasoak, izeba-osabak, lehengusu-lehengusinak (kartzelaren arabera), seme-alabak eta bikotekidea. Kartzela askotan, bikotetzat har ditzaten gutxienez izatezko bikote behar dute izan. Ikus daitekeen moduan, familiaren irakurketa zurruna egiten du kartzelak, eta ez presoaren, edo haren gertukoen beharrena.
Bisita horietara doazenak, batez ere emakumezkoak izaten dira.
Kulturalki emakumeei egotzitako genero rol bat bada, espetxeratutako pertsonaren laguntza, zaintza eta babesari dagokiona. Emakumeak dira (amak, bikoteak edo alabak) bisitez arduratzen direnak, itxaronaldiak jasaten dituztenak eta familiaren eta presoen arteko lotura mantentzen dutenak. (De Miguel, 2008: 9).
Sarek[32] eta Bilgune Feministak antolatutako “Emakumea eta kartzela” mahai-inguruan[33], bikotekidea eta anaia preso dituen Mila Jimenezek bisitak egiten dituzten pertsonen % 80a emakumeak izaten direla esan zuen, eta “borroka honek gu gabe ezingo luke aurrera egin” azpimarratu zuen, ematen duten sostengu emozionalari balioa emanez. Galdera hau luzatu zien entzuleei: “Nork mantendu du borroka Euskal Herrian?”.
Senitartekoak presoen sostengu handia direla argi bazuen ere, beraiek ere babesa eta laguntza behar dutela azpimarratu zuen.
Aurrez aurreko intimoak (vis a vis intimoak)
Aurrekoak bezala, hilean behin eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena dute aurrez aurreko hauek. Presoak eta haren bikotekideak erlazio sexualak izan ditzaten daude prestatuak. Ohe bat duen gela itxi batean burutzen dira. Presoak bikotekiderik izan ezean, bisita hori ez diote familiarekin egin ahal izan dezan aukerarik emango. Horrek, bestela ere frustrazioa eragiten duen gaiari berebiziko garrantzia ematera daramatza presoak, aurrez aurreko horiek “galtzeak” aukera galera bezala ikustera eraman baititzake.
Erlazio intimo edota sexual horiek egokiak izan daitezen arazo asko izaten dituzte bikoteek: denbora faltagatik; denboraren kontrol zorrotzagatik eta amaieran megafoniaz abisua emateagatik; aurrez aurrekoaren aukeraketa modu librean ez egiteagatik, eta beraz gogoa dagoenean baino, ezarri den egunean eta orduan elkartu behar izateagatik; intimitate faltaren sentsazioagatik; besteek (funtzionarioek, beste presoek, lagunek, senideek...) aurrez aurrekoan burutuko den ekintza sexualaren berri izateagatik eta kontaktu intimoa burutzeko ingurune baldintza eskasengatik. Horrek, zailtasun ugari sortzen ditu eta bisita horietan harreman sexuala ez burutzeraino eraman ditu zenbait pertsona. Presioak, arautuegi egoteak... deseroso sentiarazi izan ditu zenbait elkarrizketatu hasierako aurrez aurrekoetan. Pixkanaka egoera horietara moldatzen joan ziren, baina hasiera batean, edo batzuetan baita handik aurrera ere, gogorrak ziren elkartze horiek.
Vis a vis-etan gogorra zen hara joatea eta gogo gabe txortan egitea... Ni gogoratzen naiz lehenengo vis a vis-ean txortan egin eta negar egin nuela. Emozionalki gauza asko mugitzen zaizkizu, kartzela bat da... Zuk badakizu hor dagoela bera, eta hau hileko momentua dela, bi ordutako kontrarreloj batean egin behar duzu nahi duzun dena... (Argiñe)
Lehenengo vis intimoa izan nuenean, errespetu handiarekin baina prostituta bat sentitzen nintzen. Zenbaki bat eman ondoren gela batera sartzen zintuzten eta giltzez itxi. Zu gela txiki batean sartzen zinen mutila noiz etorriko zain... (Lorea)
Vis a vis horiek, ezberdinak izaten dira presoa gizona edo emakumea denean. Preso sozialekin burututako ikerketek erakusten dute, emakume preso gehienek aurretiazko bikotekidea galdu zutela espetxeratzearekin batera (Zubiko, De Miguel, OSPDH...). Preso politikoen kasuan ez dago hau baieztatu edo ezeztatu dezakeen daturik, baina hitzaldi ezberdinetan gaia atera denean, emakume asko vis a vis intimorik gabe daudela aipatu izan da. Honela dio Irati Tobarrek Herrira-k eta Bilgune Feministak Bilbon antolatutako hitzaldian:
Preso politikoen artean ere gertatzen da emakumeek kalean duten bikotekidea galtzea. Urte asko kartzelan daramatzaten gizonezko preso politikoek bikotekide emakumea mantentzen dute kasu askotan. Emakumea izaten dute bera zaintzeko kanpoan. Urte asko kartzelan daramatzaten emakumeen kasuan, aldiz, ez da hori gertatzen. Batzuetan bikotekidea kartzelan dutelako gertatzen da, baina, oro har, emakumearen kartzelaldiko prozesu osoa bizitzen duten bikotekide gizonak oso gutxi daude. Irati Tobar (Herrira, 2012)
Ikusi ahal izan dugun moduan, eztabaida, amets eta desoreka handienak sortzen dituen espazio eta unea da aurrez aurrekoena. Presoen kasuan kartzelan zeudela “ahazteko” balioa izaten du askotan. Vis a vis-etan, elkarrizketatu ugarik espetxetik ihes egiteko aukera izan zuten mentalki. Momentu hauetan, burua espetxetik kanpo ateratzen da, eta horregatik batzuei gogorra egiten zaie horiek amaitu eta espetxera bueltatu behar izatea. Beste batzuek aldiz “hilabeteko txutea” bezala definitzen dute.
Kanpotik datozen bikotekideen kasuan ordea, batzuetan, espetxean daudela gogorarazten die aurrez aurreko horrek. Erlazio sexualak izatea zaildu dezake baina, hala ere, egoera horiei aurre egitea lortzen dute askok eta aipatutako momentu “berezi” bilakatzen dira.
Vis a vis horiek, bikotekidearekin aurrez aurre egoteko aukera luzeena izanik, norberaren egoera pertsonalez eta beren sentimendu eta bizipenez hitz egiteko aukerarik “aproposena” izan daitezkeela pentsa daiteke, baina bisitan doazen emakumeentzat bestea “animatzeko” espazio bilakatzen da batez ere. Emakumeek joera izango dute kontrako egoeran dagoen pertsona okerrago dagoela pentsatzeko. Kartzelatuaren egoera haiena baino askoz esperientzia gogorragoa dela uste dute eta, beraz, ez dute beren arazoekin edo eguneroko zailtasunekin bikotekidea arduratu nahiko.
Aldiz, preso dagoena emakumea denean, kontrako pentsamoldea daukate, hau da, kanpoan dagoena haiek baino okerrago pasatzen egongo dela sentitzen dute. Emakumezko presoentzat, gizonek egiten dutena beti da nahikoa.
Zu barruan oztopo bat bezala sentitzen zara. Horrela pentsatu behar ez duzula badakizu baina... Bidaiengatik, paketeak,... kontziente zara asko jasotzen duzula eta ez duzula asko eskaintzen bueltan. (Ihintza)
Urtza Alkortak, Iruñeko “Emakumea eta kartzela” mahai-inguruan, emakume presoen artean “geratzea” erabakitzen duten gizonak jatortzat jo izan direla adierazi zuen. Emakumezkoen kasuan ordea, ez da “errekonozimendu” hori egingo, haien “naturan” eta aurretik aipatutako kontratuan agertzen baita harremanarekin jarraitu behar dutela[34].
Komunikazio idatzia (gutunak)
Normalean gutunak idazteko eta jasotzeko mugarik ez dagoen arren, gutxienez FIES-3 erregimenean dauden askori, astean bi gutun idazteko muga ezarri diete, eta gutun guztiak irakurri eta fotokopiatu izan dizkiete.
Gutunak oso tresna garrantzitsuak dira, egunerokotasunaren berri emateko espazio “lasaienak” bilakatzen baitira. Harremana garatzeko eta eusteko tresna garrantzitsu dira maitasun harremanak espetxea tarteko bizi behar dituztenentzat. Gutun asko idazten dituzte egoera horretan daudenek eta berorien bidez, bikotekideari egunerokotasunaren berri eman nahi izaten diote, maitasun gutun “politak” bidali, hausnarketa baten berri eman...
Gutun piloa bidaltzen genion elkarri. Gaur egun irakurtzen dituzu eta harritu egiten zara idatzi genuenaz. Etorkizunaz hitz egiten genuen, haurrak izateaz... horrelako gauzak! (Lorea)
Erromantizismoak, kasu askotan, indar handia hartzen du emakume horientzat. Denek aurretiaz horrenbeste erabiltzen ez zuten hitz egiteko eta amesteko modua garatzen dute kartzelan. Batzuek, gerora gutunak berriro irakurrita (Lorearen kasua adibidez), harritu egiten dira erabiltzen zituzten hitz eta esaldiengatik. Erromantizismoak indarra hartu zuen kartzelan, bai bikotekide neskentzat, bai preso dauden neskentzat. Jokatzeko modu hori onartu egiten dute, joko arauetan sartzen dira, baina kapazak dira beren buruez barre egiteko. Ohartzen dira gertatzen denaz, hartzen duten paperaz, baina momentu batzuetan ezin dute ekidin jarrera hori hartzea. Espazioaren “hoztasunari” aurre egiteko goxotasunaren eta maitasunaren indartze bat bezala ikusten dute.
Komunikazio telefonikoak
Astean bost minutuko 10 dei egiteko aukera dute presoek, eta grabatuak izaten diren 8 dei FIES-3 erregimenean daudenek. Dei horiek soilik kartzelan dagoenak egin ditzake eta zerbitzu horren aldebakartasuna arazo bilakatzen da senitartekoentzat. Alde batetik urgentziazko gertakizunen bat ezin baitzaio komunikatu preso dagoenari (hark noiz deitu zain egon behar dute) (OSPDH: 2005: 33) eta bestalde mugikorraren edo telefonoaren mendekotasuna handia bilakatzen da, presoak ere ordu konkretu batzuetan eta dagoen ilararen arabera soilik dei dezakeelako. Normalean, bikotekideek ia egunero jasotzen dute deiren bat. Deiak soilik barrukoak egin ditzakeenez, momentuan hartzen ez bada, berriro deitu arte itxaron behar izaten da. Horrek, eta eguneko ilusioetako bat izateak, batzuei mugikorrarekiko mendekotasun handia eragin izan die. Autonomia galera handia eragin diezaieke horrek, kalean eta lagunekin badaude ere, erlazio sozialak garatzeko garaian tokian egon bai, baina arreta mugikorrean izatera daramatzalako.
Nire egunerokotasunean berari buruz daukadana hori da [deiak]. Ilusioz hartzen ditut, orain ez daukat hain pendiente mobila baina lehen edozer egiteari uzten nion dei horren pendiente egoteko, mobilari begira egoteko, ea noiz jasoko nuen deia... (Idurre)
ARAZO PSIKOLOGIKOAK
Presoaren egoera familiarekiko (gehiegizko kezka, babesa eta itxaropena)
Presoarentzat, familiarekiko duen galera handienetako bat berak kartzelatu aurretik zuen “rola galtzea izango da” (OSPDH: 105). Kasu horrek garrantzi berezia hartzen du ama diren presoentzat. Lehenago aipatu moduan, kartzelak emakume horiek duten sentsazioa indartu egiten du, “ama txar” direla behin eta berriz gogoraraziz.
Gurasoentzat heziketa, auto-kontrola, garapen morala... bezalako ikastaroak antolatzen dituzte (Wad-Ras kartzelako tailerrak dira, adibide moduan balio dutenak). Hori ez da gizonekin gertatzen, haientzat profesionalizaziorako tailerrak antolatzen baitituzte batez ere. [...] Horrela, emakume preso batentzat kartzelak eskaintzen duen aterabidea rol femeninoaren “bide ona” zein den irakastean datza: etxekoa, eremu pribatura mugatua; eta haren rol familiarra garatzeko izan duen kapazitate eskasa aurpegiratzen diote. (Ibidem: 105)
Horrek eraman gaitzake ulertzera zergatik gertatzen diren emakume presoek dituzten erruduntasun sentsazioak (Arostegi et al., 2008: 69). Gehienetan, amatasun lanetan emakume preso horien amek laguntzen diete. Preso ugarik, haien amen laguntza aipatu izan dute seme-alaben zaintzarekin aurrera egin ahal izateko (Ibidem: 68).
Gizonezkoen kasuan ordea, orokorrean, ez da seme-alaben zaintza kezka moduan bizitzen, erabat ohikoa baita bikotekideak umeen kargu hartzea. Gainera, gizonezko horiek orokorrean “ez dute inolako kezkarik erakusten haien bikotekideek seme-alaben zaintza aurrera nola ateratzen duten jakiteko” (Arostegi et al., 2008: 57). Oro har ari gara beti, eta ez genituzke horren aurrean aitatasunaz kezka planteatzen duten ahotsak isilarazi nahi. Interesgarria da, Info7 Irratian Jon Mindegiaga preso ohiak eta Iñaki Gabilondo emakume preso politiko baten bikotekideak gaiaren inguruan izandako hizketaldia[35]. Gizonezkoak gaiaren inguruan hitz egiten entzuten ditugun lehen aldia da, eta aurrerapauso bezala ikus genezake.
Presoen babes moduan, aurretiaz aipatu ditugun komunikazio tresnak erabiltzea oso garrantzitsua da, eta ikerketek erakusten dute, orokorrean, horien erabilera femeninoa izaten dela. Hau da, ama, ahizpa, bikotekide emakume... gehiago joaten dira bisitetara (OSPDH, 2005: 106). Beraz, gizonezko presoak emakume presoak baino bisita gehiago eta babes handiagoa izango ditu.
Askotan, haien bikotekidea kartzelan duten emakumeen kasuan, presoaren ama-papera hartzen dutela ikusi izan dute profesional eta ikertzaile ugarik (Arostegi, 2008: 78). Ama-neskalagun terminoa erabiltzen dute rol horri buruz hitz egiteko. Gizonezko presoek, noski, haien bikotekideek erabat babestuta dituztela sentitzen dute eta haientzat egonkortasun emozionalerako laguntza handia direla aipatzen dute.
Zailtasun egoeretan harreman horri garrantzi handiagoa ematen diozu. Funtzio gehiago eta oso ezberdinak ematen dizkiozu. Hor bikoteak egin behar duena ez da harreman normaletan egiten dena, hortik haratago doa. (Koldo)
Bikotekidea edozertarako helduleku bihurtzen da. Saiatzen nintzen nituen beharrizanak pixka bat dibertsifikatzen, baina azkenean askotan beragan amaitzen zuten. (Gotzon)
Ikus dezakegunez, elkarrizketatu gizonezkoak ohartzen dira haien bikotekideek hartzen duten paperaz eta lanaz, eta horrek batzuengan eragin handia dauka, bestea egiten ari den “sakrifizioa” handiegia dela pentsatzen baitute. Haiek, toki horretan egonda nola jokatuko luketen zalantzan jartzen dute eta horrek kontraesan handiak eragiten dizkie; alde batetik beharrezkoak dituztelako lan horiek, eskertzen dituztelako, baina bestetik, beren bikotekideentzat gehiegizkoa dela uste baitute. Gizon gazteengan ikusi dugun zalantza hori errepikatzen ote den ikusi behar litzateke, baita aitatasunaren kasuarekin ikusi dugun moduan, badaude “normaltasunarekin” deseroso sentitzen diren gizonezkoak.
Emakume presoen kasuan, behin eta berriz errepikatu dugun moduan, haien babes emozionalerako garrantzitsua izan daitekeen bikotekidearen figura askotan galdu egiten dutenez, orokorrean, ez dituzte haien behar emozionalak beteta sentitzen. Inés Herrerok (2015) dioen bezala, gizonen, bikotekideen eta bisiten absentziak, esperimentazio eta desio lesbikoaren garapenerako espazio pribilegiatu bilakatzen du espetxea[36].
Emakumezko presoek “maitasun erromantikoaren mitoaren apurketa bat izan dutela” esateraino iritsi dira Zubiko elkarteko ikertzaileak (Arostegi et al., 2008: 197). Sufritutako abandonuak, haien buruaz eta erlazioez hausnartzera daramatzala adierazten dute.
Familiako errealitatearen irudikapena
Familiako kide presoak bizitzen dituen injustizien aurrean gertatzen den inpunitateak “frustrazio, desesperazio eta larritasun handia eragiten die senitartekoei” eta gehiegizko kezka horrek haien egunerokotasunean etengabeko presentzia hartzen du kasu askotan (OSPDH, 2005: 120).
Kasu batzuetan, egoera horrek “ni-aren gabezia” eragin izan du emakume bikotekideengan “harremanekiko mendekotasun” (Arostegi et al., 2008, 16) zantzu asko topatuz haien egoeretan. Zenbait pertsonari presoaren bikotekidearen estereotipoak asko eragiten die; triste, bikotekidearen zain eta berau zaintzen dagoen emakumezkoa bezala identifikatzen dute askok. Horrek, alde batetik, emakumezkoaren rol jakin bat bilatzera eta hori eskatzera darama jendea, baina bestalde, pertsona horren erdigunean presoa jartzera ere. Haien izaera propioa galdu, eta norbaiten bikotekide bilakatzen dira. Gatazka ugari sortzen ditu egoera horretan harremanarekin aurrera egiten duten neskengan. Hasiera batean rol horiek beraien gain hartzen dituzte, estereotipoak haiengan duen eragina handia baita. Baina beste bide eta izaera batzuk garatu nahi izaten dituztenean oztopoak sentituko dituzte inguruko zenbait pertsonaren artean.
Ustez askatzailea den mugimendu batean, super lotuta egon behar zarela ematen du. Izan behar zara super zaintzaile, egon behar zara denetarako... ematen du ez dela kontuan hartzen zu zelan zauden. Gainera, ez daukazu askatasunik. Barrukoak eduki dezake eta egin dezake edozein gauza, baina kanpokoa luparekin kontrolatzen dute. Bere ama ez dute luparekin kontrolatzen eta bere bikotekidea bai. (Irantzu)
Egia esan ez zait gustatzen, Idurre da K. presoaren neskalaguna. Ez. Alde batetik, jendea topatzen duzu kalean eta jende guztiak egiten dizun lehenengo galdera: Zelan K.? Dena berari buruz, dena bere inguruan... (Idurre)
Esan dugun bezala, batzuetan neskek beraiek rol batzuk hartuko dituzte. Adibidez, kartzelak harremana “garatzeko” eskaintzen dituen baliabideez gain harremana elikatzeko zenbait estrategia garatuko dituzte. Batzuk bikotekidearen inguruan murgiltzen dira, haren lagunekin harremanak egiten dituzte, haren familiarekin harremana estutzen dute...
Argiñek, bikotekidearen gurasoak aurretiaz ezagutzen zituen arren, haiekiko harremana asko estutu zuen bere bikotekidearen espetxealdi garaian eta hasiera batean laguntza handikoa izan bazen ere, harremana utzi zuenean, familia ere beren bikote erlazioaren erdian sartua zegoela konturatu zen. “Ni”-a galdu zuela eta bestearen bizitzan gehiegi sartu zela iruditu zitzaion. Haren bikotekidearen amak egiten zituen Argiñeren bikotearen gestioak, eta horrek, bikotearen luzapen bat bezala bihurtzera eraman zuen. Egoera “ona” zenean ez zen arazorik egon, baina beren arteko harremana apurtu zuenean arazo bilakatu zen.
Bere gurasoei dena kontatzen zien, zelan sentitzen zen... Eta oso gaizki egon omen zen. Orduan bere gurasoak nirekin haserretu ziren. Bere gurasoekin harremana eten zen. Nik gogoratzen dut negar pilo bat egin zidala bere amak eta nik bere amari, bere aitak ez zidan hitz egiten, nik bere anaia baliatzen nuen bitartekari lana egiteko... (Argiñe)
Familia ugarik presoa gehiegi babestea bilatzen dute, batzuek presoa kezkatu dezakeen inolako informaziorik ez emateraino (OSPDH, 2005: 121). Kasu horietan ere, kanpoan dauden emakumeek kezka horien zama bikoitza eramatera derrigortuta ikusten dute beren burua. Beren kezkak edo arazoak konpontzeaz gain, bikotekideenak ere konpontzera jo behar izaten dute.
Espetxealdia hasten den momentuan, pena eta beldurra bezalako emozioak nagusitzen dira kanpoan dauden senideen artean, baina “aurrera egiteko” indarra hartzen saiatzen direla adierazten dute. Horrek, kartzelako dinamikara egokitzera daramatza bikotekideak: espetxeak nola funtzionatzen duen, zeintzuk diren egin beharreko lanak... berehala ezagutzen hasten dira. Askok, hasierako momentu horietan (eta batzuetan luzatu egiten da egoera), presoa “ondo” egon dadin saiatzen dira, berari animoak emanez, sentimendu positiboak transmititzen saiatuz... nahiz eta gero, espetxetik ateratzerakoan, lur jota gelditzen diren.
Presoari lasaitasuna, ongi zaudela, animoso zaudela, indartsu... transmititu behar diozu. Eta hortik atera eta negarrez egon izan naiz, bajoiarekin... (Lorea)
Gehiegizko babes horrek ez du soilik informazioa ezkutatzea ekarriko; presoaren ongizateagatik edozer egitera eramango ditu senideak, hala nola preso batek eragiten duen zaintza lan guztia inolako zalantzarik gabe hartzera. Normalean, presoak bikotekide emakumea badu, haren gain geratuko da ardura hori guztia. Askotan berak hartuko du “guztia” antolatzeko ardura, eta lagunek presoa bisitatu ahal izateko NANak jasoko ditu, sei hilero hamar lagunen zerrenda antolatu beharko du, asteburu oroko bisitak zehazteko kartzelara deituko du... Batzuek, hala “nahi dutelako”, dena antolatzearen ardura hartzen dute.
Amak utzi zuen dena nire gain. Nik lotzen nuen dena, erabakiak nik hartzen nituen... (Lorea)
Dena den, badago lan horiek zama bilakatu zaizkionik ere. Lagunen eta beste senideen artean banatu ahal izan dute batzuek, baina beste batzuetan, presoaren bikotekideak lan horiek bere gain hartu nahi ez izatea traiziotzat hauteman izan da.
Bere amak esaten zidan: Zuk bere andreak eta nik bere amak ez baldin badugu laguntzen, nork lagunduko du ba? (Idurre)
OSPDHren ikerketak adierazi moduan, presoen senide eta gertukoek ere kartzelaren eraginak sufritzen dituzte, besteak beste egoera berri eta gogor horretara berehala egokitu behar direlako. Nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Kartzelatzea amaitzean egoera guztiei aurre egitea “askoz errazagoa” izango dela pentsatzen da gehiegitan, bai senideen bai presoen aldetik, eta gehiegizko itxaropenak jartzen dituzte momentu horretan. Baina presoa espetxetik ateratzen hasten denean (baimenekin edo behin betiko) harreman askoren amaiera gertatu ohi da (Arostegi et al., 2008: 77). Preso zegoena jada preso ez egoteak, lehendik zegoen “betebehar moral” horren amaiera dakar, eta hori harremana amaitzeko gakoen artean egon daiteke.
Horrez gain, eta gehiegizko babesarekin lotuta, askok izan ditzaketen zalantza edo gatazkak “gerorako” uzten dituzte. Bikotekidearekin lasaiago egongo diren momentua itxaroten dute beldurrak, aldaketak... planteatzeko. Itxaroteak, ordea, arazoa handitzea eragin dezake.
Zuk adibidez gaur gatazkaren bat baduzu, zure bikotekidearekin egon zaitezke goizeko ordu biak arte hitz egiten eta ondo konpontzen da. Baina espetxean arazo txiki baten eztabaida asko luzatu daiteke. Zeren bost minutuko deiarekin... Ezin duzu nahi duzun guztia esan eta gero vis a vis-etara zoaz. Baina hilean behin ikusten duzunez ez zara hasiko eztabaidatzen, ez? Gauzak konpontzeko prozesu hori ez da egokia, orduan nik konfliktoak saihesten nituen. (Argiñe)
Afektibitatea eta sexualitatea
Afektibitatearen eta sexualitatearen kontrolak eta baldintzatzeak gatazka handiak sortzen dizkiete harremana modu horretan garatu behar duten pertsonei. Egoera horiei aurre egiteko “momentu onen oroitzapenei” (Arostegi et al., 2008: 79) heltzen diete haien bikotekidea preso duten emakumeek zein presoek beraiek. Iraganari begira egoten dira askotan, harremana bertan kokatzen dute eta berori idealizatzera heltzen dira, inoiz izandako gatazkak, desadostasunak... alde batera utziz.
Azkenean badakizu epe laburreko oztopo bat dela bidean, eta hori pasatuko dela. Orain gaizki pasatuko dugu baina helduko da momentua berdin jarraituko duela, lehengo moduan, ez? (Jurdan)
Ametsek eta etorkizuneko irudikapenek ere paper handia hartzen dute harremanaren garapenean, eta harremana elikatzen saiatzen dira kartzelako egoera “amaitzean” egingo dutenaren irudikapen horrekin.
Iraganean eta etorkizunean heldulekuak bilatzea izan da askorentzat harremana garatzeak zuen ezintasunari aurre egiteko modua. Hala ere, badira egoera hori beren egunerokotasunean kokatzeko hautua egiten dutenak eta harremana “jarraipen” bezala ikusten dute. Haientzat, etorkizuna bizitzea garrantzitsua den arren, harremana egunerokotasunean kokatzea beharrezkoa da. Kartzelan, harremana bizitzeko hiru denbora daude: iragana, oraina eta etorkizuna. Baina ez dira denbora aukeraketa itxiak, eta aldatzen joan daitezke. Ametsek lehenaldian, edo orainean ere, eragina daukate. Iraganak ere presentzia dauka orainean. Hala ere, baliagarria izan daiteke harremana bera ulertzeko modu horiek kontuan hartzea, gerora, harremanaren beraren garapenean nolako garrantzia duten ikusi ahal izateko.
Ametsek, idealizazioak... garrantzi handia hartzen dute bikote harremana garatu nahi dutenen artean. Aldez aurretik gutunetan ematen zen erromantizismorako joerarekin ikusi dugun moduan, batzuk jabetzen dira joko horretan sartu direla, baina espetxearen iluntasunari aurre egiteko oso baliagarria zaiela aipatzen dute.
Nire kasuan positiboa izan da idealizatze hori. Nik adibidez ez ditut harremanak idealizatzen, baina espetxean bai. Dena arrosa zen. Momentu horretan nik uste dut autodefentsa dela. (Ihintza)
Hala ere, ametsen kontu horrekin, batzuek ez zuten haien pentsamenduen edo zoriontasunaren giltza bertan kokatu nahi. Amestea beharrezkoa dela diote, baina saiatzen dira gauza “errealekin” amesten, edo egunerokoan egin ditzaketen gauza “txikiei” garrantzia bera ematen.
Nik uste dut beharrezkoa dela idealizazioa. Ezinezkoa da zure momentuko bizitza bakarrik imajinatzea: lau paretaren artean gertatzen dena. Baina zerbaitetan indarra jarri behar baduzu eta elikatu behar baduzu zure harremana, izan dadila idatziko diozun gutunean, edo egin zenuten vis a vis-ean... Nahiago dut hori zin egiten ibiltzea baino: zoriontsuak izango gara hemendik ateratzean. Ez, izan gaitezen zoriontsu orain eta baita etorkizunean ere, ezta? (Alaitz)
Amesteko bi modu dira, batzuena “errealagoa” dela esan dezakegu, eguneroko gauza txikietan zentratuagoa, eta besteena “onirikoagoa”. Baina harremanaren denborarekin (iragana, oraina edo etorkizuna) gertatu bezala, hemen ere alde batetik bestera salto egitea posible da. Gainera, hori izaten da modurik arruntena presoen artean: biak uztartzea. Hala ere agerikoa da batzuek amesteko baliabideak egunerokotasunean aurkitzen dituztela eta besteek kanpokoak behar dituztela amets egiteko. Barrura begiratzeko leihoak (2012) dokumentalean, gai horren inguruan ideia interesgarriak planteatzen dituen eszena oso berezi eta intimoa dago. Etxeko sukaldean Maika eta Jon ageri dira. Jon urte luzez egon da espetxean eta Maika hasieratik haren alboan egon da. Jonen bizitzaren eta egoeraren berri ematen badu ere, Maikaren indar eta istorioak pisu handia hartzen du dokumentalaren zati horretan. Jonek, espetxean ametsak zein garrantzitsuak diren esaten hasten du berari buruzko erreportaje zatia. Aipatutako elkarrizketan ideia hori mahai gainean jartzen du Jonek eta horrelaxe erantzuten dio Maikak:
Jon: Orduan gure artekoa —nik behintzat, e?— pixka bat idealizatuta edukiko ninan, bai hi, bai hi eta Urtziren harreman hasierakoa, gero bizkiekin beste horrenbeste, ba emozio horiek, sentimendu horiek barnean... beste intentsitate bat diten, premia nola daukanan eta hango bortizkeria gestionatzeko, kudeatzeko, ba... ostras hi, sobredimentsionatu egiten ditun positiboak. Porke hik idealizaziorik ez dun...
Maika: Ez.
Jon: Eskape bat, esaten dena; beti horra joaten hintzena...
Maika: Ez ez. Denborarik ez, klaro: goizean jaiki, umeak bideratu, haurtzaindegian, batzuk ikastolan, eta ni lanera, klaro, nik lan egin izan diat Arrasaten, Bergaran, Donostian... mugitu egin behar eta orduan ba bueno... horixe bukatzen duk, gero gauean etxeko lanak, eta labadorak, eta... orduan horixe, denborarik ez hirekin amesteko, eta holako ametsak egiteko[37].
Zerekin amesten dute kanpoan diren bikotekideek? Zeri heltzen diote egoera horretan harremana garatzeko? Ametsei eta ilusioei heltzen diete, baina agian ez horrenbesteko indarrarekin. Hasierako momentuetan erromantizismoak gora egiten duenean bertara helduta daude, baina pixkanaka egoera berrira ohitu eta bestelako neurriak bilatuko dituzte. Harremanarekin jarraitzea erabaki duten emakumeak kontziente dira behar eta nahi luketen adina ez dutela jasotzen eta beste modu batzuetan bilatzen hasten dira.
Badakit baldintzak zeintzuk diren, badakit harreman batean beharko nuena ez didala ematen guztiz, baina... Iruditzen zait ez dela nire bizitzako aspektu bakarra. Orduan badakit beste aspektu batzuetara jo behar dudala. (Idurre)
Bikotekidea preso izateak, aipatu ditugun lanak ondo banatuta izanez gero, norbere buruarekin inoiz baino denbora gehiago egoteko aukera eman izan die elkarrizketatutako lagunei. Batzuentzat haien buruekin “berriro topatzeko” aukera eman izan die, espazio propioak berrartzeko. Horrek, harremanean mesede egiten duela uste dute askok, teorian denek nahi lituzketen norberaren espazioak eta espazio komunak berriz ezartzeko balio baitu.
Afektibitatean ikusi dugun moduan, sexualitatean ere nahasmen ugari ematen dira espetxearen egituraketagatik. Sexualitatea, “kasurik onenean, planifikatuta eta gogor baldintzatuta egotera pasatzen da” (OSPDH, 2005: 132). Ikusi dugun moduan sexualitatearen garapena vis a vis intimoetara mugatzen du espetxeak, eta askotan, presoek beraiek, horretara bakarrik mugatzen dute beren esperientzia sexuala. Beren bikotekidea preso duten emakumeen kasuan, ikusia dugu aurrez aurrekoen espazioa zaila eta hotza izan daitekeela hasierako momentuetan, baina gerora pixkanaka ohitzen joaten dira gehienak.
Presoen kasuan, espetxeak eragiten duen gorputzekiko kontrol zorrotzegia dela medio, zaila izaten da haien gorputzekin erlazionatzeko espazio intimoak bilatzea (masturbatzeko momentuak aurkitzea, adibidez). Are zailagoa da preso gehienak bikoiztuta (zelda bakoitzean binaka) baitaude. Preso batzuk tarteak bilatzen ahalegintzen dira, komunetan, bakarrik egoteko aukera dutenean... Emakumezko presoak beste presoekin afektibitate eta kontaktu hori bilatzen saiatzen dira, besarkaden, masajeen, musuen, eta abarren bidez. Hau da, sexualitatearen eta afektibitatearen mugak bikote harremanetik ateratzea lortzen dute askok.
Egoera horri aurre egiten dionik badagoen arren, orokorrean, emakumeek (presoek zein bikotekide ez-presoek) ez dute lehentasun moduan ikusten sexualitatea. Ez diote garrantzirik ematen eta kasu batzuetan sexua errefusatzera heldu dira batzuk (Arostegi et al., 2008: 204). Autodefentsatzat jo genezake erantzun hori, emakumeak gizonen plazererako ganadu bezala erabiltzen dituztela sentitzean emozio negatiboak sortzen baitzaizkie sexuarekiko. Gizonezkoentzat plazer iturri bai, baina emakumeen beraien kasuan kartzelak “emakumezkoaren sexualitatea ikusezin bihurtu, ezeztatu eta ezkutatzen duela” uste dute (Ibidem: 229).
BIKOTE HARREMANEAN SOR DAITEZKEEN
ARAZOAK (ARAZO SOZIO-FAMILIARRAK)
Bikote harreman batek modu “egokian” garatzeko dituen zailtasunak behin eta berriz errepikatu ditugu: komunikaziorako espazio eta momentu eskasak, afektiboki elikatzeko aukera apurrak, aurrez aurrekoen kontrol zorrotza... Horrek guztiak harremanak aurrera ateratzeko zailtasunak besterik ez ditu ekartzen, eta “ez da harritzekoa bikote harreman ugarik egoera horretan jarraitu ezin izatea eta bertan behera uztea” (OSPDH, 2005: 145). Gizonezko espetxeratuen kasuan, egoera hori “aurreikusiz”, batzuek beren bikotekidea uzteko erabakia hartzen dute kartzelara sartzean (Arostegi et al., 2008: 93). Erabaki hori gizonezkoek hartzen dute, emakumearekin eztabaidatu gabe. Besteari gehien komeni zaiona harremana jarraitzea den edo ez beraiek erabakitzen dute, hau da, emakumezkoarentzat hoberena zer den gizonak erabakitzen du. Preso dagoen pertsonak bere burua zamatzat jotzen du, edo bestearen egoeran egongo balitz egoera zaila egingo litzaiokeela uste du. Horregatik aurre hartzen diote kanpoan dagoen bikotekideak pentsatu edo senti dezakeenari. Egoera horretan, bikotekideak egiten zuen guztia ikusita, eta mutilen begietan egiten zituen “sakrifizioak” ikusita, zenbait kasutan, bai elkarrizketatutako mutilek bai elkarrizketatutako bikotekide neskek kontatu digutenez, “askatasun osoa” ematen zieten mutilek, neskek beste pertsona batzuekin harreman sexualak (eta kasu batzuetan afektiboak ere) izan zitzaten. Zenbait kasutan, badirudi nolabaiteko baimena ematen dietela mutilek neskei nahi dutena egiteko. Kasu gehienetan ordea, neskek, “berek nahi zutenean egingo zutela” erantzuten zieten, eta erabaki hori “berena” zela.
Niretzat obsesio bat zen. Iruditzen zitzaidan ez zela sanoa, elizaren dogmak jarraitzen genituela sentitzen nuen! Erromantizismoaren eta harremana bizi osorako mantentzea posible izatearen ideiak eta gainera elkar ukitu gabe! Hori ez da normala. Eta berak hasieran arrazoia ematen, baina gero, berak esaten zidan: hori nik esango dut, ez zuk (harreman irekiak izatearen aukera). (Koldo)
Azpimarratzekoa den beste ondorio bat, kalean dagoen emakumezkoaren egunerokotasunaren errotiko aldaketa da. Espetxeko egutegira egokitzeaz gain, beren egunerokotasuna, beren lagun harremanak eta bizitza soziala murriztera heldu dira emakume asko. Besteak beste, egunerokotasunak eskaintzen dizkien alde onak modu positiboan bizitzeari uzten diote askok. Hori, “maitasun erromantikoaren irudikapenarengatik egiten dute, posesioan eta mendekotasun emozionalean oinarritzen baita. Erlazioak paper pasibo eta mendekoan bizitzeko heziak izan dira emakumeak” (OSPDH, 2005: 146). Beraz, gizonen falta dutenez, ezin dute pozik bizi, beren poztasunetik bizi behar baitute. Aurretiaz aipatu dugun moduan, emakume horietatik gehienek gizonezkoaren egoera berea baina okerragoa dela sentitzen dute, eta beraz, haien egunerokotasuna “penitentzia” moduan bizi dute bikotekidea aske izan arte. Katolizismotik jaso dugun “sufrimenduaren” eta “penaren” ikusmoldea argi eta garbi ageri zaigu hemen. Presoa animatu eta babestu behar dela sinetsita daude bikotekide asko hasieran. Horrek, haiek ere “espetxe txiki” batean sartu izan ditu.
Espetxean zegoen garaian segitu nuen guztiz inplikatzen, neure burua alde batera uzten, neure burua ez baloratzen, neuretzat denborarik ez hartzen, bera, bera eta bera. Azkenean ni ere sartu nintzen espetxe txiki batean. Alde batetik bai uste dut espetxeak bultzatzen zaituela egoera horretara, baina beste alde batetik, neuk ere erru puntu bat eduki nuen eta bueno, heldu zen momentu bat krak egin nuela eta esan nuen: ezin du horrela jarraitu. (Idurre)
Hala ere, aipatzekoa da emakume askok egoera horietaz ohartzeko aukera dutela, bai inguruan dituzten beste emakume batzuei esker, bai mugimendu feministarekin izan duten harremanari esker. Gainera, espetxeratzearekin bizi behar izaten dituzten egoera guztiei aurre egiteko duten “indarraz” jabetzen dira. Askok ez zuten potentzial hori ezagutzen eta bikotekidearen espetxeratzeak dauzkan alde on eta gustukoak berreskuratzea eta autoestimua indartzea ekarri izan die (Arostegi et al., 2008: 197).
LABURBILDUZ
Ikusi dugun moduan maitasuna garrantzitsua da presoentzat espetxeari aurre egiteko. Kanpoko babesa izateak lagundu egiten du espetxearen egunerokoan integratzeko eta bertan ahalik eta hoberen bizitzeko. De Miguelek dioen moduan, maitasuna garrantzitsua da itxialdian bizirauteko eta estigmaren ondorio kaltegarriak desegiteko.
Baina ikusi dugun moduan, maitasun hori jasotzea ezberdina izango da presoa gizona edo emakumea bada, eta maitasuna eskaintzea ere horren arabera aldatuko da. Gizonezko presoek “gehiegizko” maitasuna eta zaintza lanak jasotzen dituzte, lan horiek egiten dituzten emakumeek askotan kartzelara soilik bideratzen baitute beren kanpoko eguneroko bizitza. Emakume presoen kasuan ordea, espetxeratutakoan abandonatu egiten dituzte askotan.
Presoez gain, haien senitartekoei, eta batez ere bikotekide emakumeari eta amari eragiten die kartzelaldiak, eta “eragin negatibo horiek, presoak soilik pairatzen ez dituela onartu behar lukete gizarteak eta Estatuak” (Arostegi et al., 2008: 166). Horretaz gain, preso dagoen pertsonaren zaintza lanak zama handia eragin lezake emakume horien bizitzetan.
Espetxe garaian, mendebaldeko maitasun ereduak indartu egiten direla esan dezakegu. Alde batetik aurretiazko bikote harremanean ez zeuden zaintza lanak agertu egiten direlako kartzelan. Lan horiek, emakumezko bikotekideen bizitzaren erdigunean kokatzen dira eta horiek konpartitzeko ahaleginak dauden arren, askotan, pisu gehiena haien gain geratzen dela ikusi ahal izan dugu. Banatzekotan, amaren eta neska bikotekidearen artean banatuko dira. Hau da, emakumezkoen artean banatzen dira lan horiek nagusiki. Aipagarria da hala ere bikotekidea espetxean duten mutilek lan horiek betetzen dituztela (modu “orekatuago” batean hala ere). Kasu horietan, zaintza lanez egiten diren hainbat banaketa azpimarratu beharra dago, beste hainbat egoeratarako eredugarriak izan daitezkeelako (lagunek, herritarrek, gurasoek zein bikotekideek lanak haien artean banatzeaz ari gara batez ere). Bestalde, preso dauden pertsonentzat, bikote harremanak ilusioen eta indarren erdigunean kokatzen dira. Ametsen erdigunean bikote planak sartzen dituzte. Batzuek kideekin izan ditzaketen laguntasun harremanak garrantzi handikoak izan arren, orokorrean bikotea bilakatzen da ametsen erdigune. Etorkizunean, beraz, bikote harremana irudikatzen dute.
Presoaren eta haren bikotekidearen estereotipo konkretuak sortuak daude, eta horiek betearazten saiatzen dira, bai elkarrizketatuak beren kabuz, edo inguruko jendearen nolabaiteko “presioaz”. Presoaren bikotekidea triste eta “itxaroten” dagoen neska zaintzaile bezala irudikatzen jarraitzen dugu eta horrek konfrontazioak eragiten ditu. Adibidez, harremana espetxean dagoen pertsonarekin etetea erabakitzen duen neskari eragiten zaion presioa ikusi ahal izan dugu. Horrek ere gizonezko preso ohiei eragin izan die, batez ere, kanpoan daudenean jada “dena pasatu dela” pentsatzen baitu jendeak, eta gaizki egotea ez zaie “onartzen”. Presoaren irudi indartsu eta borrokalariarekin du zerikusia horrek, eta hori betetzen ez denean preso ohiak berak kezkatuta biziko ditu tristezia eta egonezin sentimenduak.
Bikotekideetako bat espetxeratzen duten unean harremana “publiko” bilakatzen da. Hau da, aurretiaz elkar ezagutzen ez bazuten, bikotekideak eta familiak elkar ezagutuko dute, eta “herrian” ere ezagun egingo da harremana. Bikotekideari babes sare horietan txertatuta egotea eragiten dio horrek eta hemen, laguntza eta laguntasuna eskainiko zaizkio. Baina batzuetan “gehiegizko” konfiantzak, edo presoaren figura erdigunean kokatzeak, emakumearen izaera propioa “ezabatu” egiten duela sentitu dute zenbaitzuek. “Ni” izateari utzi eta “presoaren bikotekide” izatera pasatu direla sumatu dute denek, eta ez dute gustuko.
Amaitzeko, azpimarratu nahi genuke hori guztia analizatzeko eta ikusteko kapazak direla gurekin egondako emakume guztiak, baita gizon batzuk ere. Ohartzen dira inguruan dutenaz eta eraldatzen ahalegintzen ari dira. Haien arteko sareak sortzen dituzte, adibidez haien bikotekidea preso dagoen nesken artean elkartzea. Honelako egoerez eta bestelakoez hausnartzeko aukera izaten dute berdinen arteko sare horietan. Askotan ulermen eta babes handiagoa topatu izan dute emakume horien eskutik inguruko beste inorengandik baino. Horretaz gain, haiei gertatzen zaienaz publikoki gehiago hitz egin behar dela uste dute.
Ez da ezagutzen eta ezagutu behar litzateke. Aurreko udan bere bikotekidea ere espetxean zegoen lagun batekin hizketan, ohartu ginen berak berea kontatzen eta nik nirea, puntu berera iristen ginela. Eta noiz arte? Adierazi behar dugu eta jakinarazi besteei zer den, ez? Zer sentitzen den eta nola den, ez? (Lorea)
Lan hau egoera horren zabalpenean baliabide txiki bat izan dadin saiatu gara. Baina oraindik asko dago kontatzeko, aztertzeko eta sendatzeko. Presoen kolektiboak eta haien senideenak duten aniztasun horretan guztian, lagin txiki bat da hemen ikusi ahal izan duguna. Beste hamaika adibide egongo dira, kontatuak eta entzunak izateko moduan daudenak.
[31] Gutxi landu bada ere, badira zenbait lan interesgarri. Besteak beste, Ines Herrerok (2015) master amaierako lan batean ikertu zuen desio lesbikoak espetxean duen tokia.
[32] Euskal presoen oinarrizko eskubideak defendatzen dituen antolakunde herritarra. http://www.sare.eus
[33] http://sare.eus/emakumea-eta-kartzela-mahai-ingurua-irunean/
[34] http://sare.eus/emakumea-eta-kartzela-mahai-ingurua-irunean/
[35] Naiz. http://info7.naiz.eus/eu/info_i7/20160405/drama-abentura-bihurtzen-ikasten-duzu [2016-05-28].
[36] Homosexualitate maskulinoarekin ez da berdina gertatzen, ordea. Espetxea maskulinitate hegemonikoaren sustatzailea izanik, ez ditu inondik inora baimenduko gizonen arteko harreman hauek. Isilaraziak dira desio homosexualak, beldurragatik, espazio horretan bizirauteko estrategia moduan... Maskulinitatearen eraikuntzan espetxeak izandako papera landu du Oier Azkarragak bere tesinan (2016).
[37] Barrura begiratzeko leihoak dokumentala. Jon-i buruzko atalean, 03:19etatik aurrera.