Ilunpetik argira
Hau ez da gure bakea.
(Bilgune Feminista)
Ikuspegi androzentrikoak eragina izan du kartzela edo gatazka politiko armatuak bezalako gaien inguruko analisia egiteko garaian. Hala ere, horren aurrean ikuspegi feminista batetik lan egin duen jendea ere aurki dezakegu. Haien ekarpena gehiago edo gutxiago ezagutuko da, baina bidea egiteko beste mugarri bat izan da. Aitortza eta errekonozimendua behar duten lanak, pertsonak, taldeak, ekimenak... topatuko ditugu urte horietan guztietan.
Alde batetik, lan akademiko eta teorikoak topatuko ditugu, lan honen oinarrian dauden ideia eta pentsamendu ugariren sortzaile izandakoak. Lehenik, Begoña Aretxaga antropologoak egindako lana aipatu nahi genuke. Aretxagak lan gogoangarriak egin zituen, baina lan bat bereziki da nabarmentzekoa, IRAko militanteek Long Kesh espetxean egindako Protesta Zikinari buruzkoa (1997).
Ipar Irlandan, IRAko presoek Protesta Zikina izenez ezaguna den greba eraman zuten aurrera, estatus politikoa lortzea xede. Ziegetako paretetan txiza eta gorotza sakabanatu zuten eta emakumeek baita hilekoaren odola ere. Azken horrek, militantearen figura homogeneizatua apurtu zuen nahi gabe, emakumeak ere preso zeudela eta gatazka bizitzeko haien modu berezia ere bazutela adierazi zuen. Hasiera batean emakumeek odola sinbolo berezitutzat erabiltzeak gaitzespena eragin zuen, baina gerora sortu ziren erreakzioek berezitasun hori ulertu eta aldarrikatzera eraman zituen. Aretxagak, erreakzio horiek aztertu zituen, eta bertan ikus daitekeen bezala, kazetariengatik bakarrik ez, senide eta lagunek ere protesta aldaera hori “gogorragotzat” hartu zuten, emakumeei bertan behera uzteko eskatuz. Hau da, emakumetasunarekin zer ikusia duen horrek erreakzioak sortu zituen, talde homogeneoa apurtu zuelako, eta “emakumea” gatazkan sartu zuelako. Erabat maskulinoa zen borrokalariaren espazioan hain zuzen. Hemen ere, euskal emakume preso politikoen egoera berezia, aipatu ez den “berezitasuna” izan da urte luzez. Aipatzekoa izan daiteke, liburu hau sortzen ari ginen bitartean Estatu frantseseko Fresnesko espetxean dauden EPPK-ko kideen borrokaldia[19]. Bertako hiru emakume preso politikoek, beste preso sozial batzuekin batera, protesta bat abiatu zuten bizi baldintza gogorrak salatzeko. Hamarnaka emakume mobilizatu zituen protestagatik zigortu zuten Itziar Moreno, preso politikoetako bat, eta isolamendura bidali. Egoera horren aurrean, beste bi emakume preso politikoak mitardera (zigor ziegara) joan ziren haien kabuz, eta gizonezkoek gose greba abiatu zuten. Emakumeek ere gose grebari ekin zioten eta borrokaldia Morenoren espetxe aldaketaren baieztapenarekin amaitu zen. Emakumeengandik hasitako borroka bat kolektibo osoak bere gain hartu izanak, emakumezkoei gertatzen zaiena kolektibo osoari gertatzen zaion zerbait bezala ikustea irudika dezake. Horretaz gain ere, pixkanaka hasi dira ahots ezberdinak plazaratzen eta bizipen propioak kontatzen. Mugarria izan daiteke 2012ko abenduaren 18an Bilboko Kafe Antzokian Herrira-k[20] eta Euskal Herriko Bilgune Feministak[21] antolatutako “Emakumea eta kartzela” mahai ingurua[22]. Garai horretara arte ez ziren hitzaldi edo mahai inguru ugari antolatzen gaiaren inguruan, are gutxiago bizipenetatik abiatuta. Kafe Antzokian, bizi izandakotik eta egindako ikerketetatik hitz egin zen, eta hastapenean jende asko bertaratu ez bazen ere, pixkanaka indarra hartzen hasi zen ekimena. Zabaltzen joan zen heinean, haien bikotekidea preso duten emakumeak hitz egiten hasi ziren; seme-alabek, emazteek, iheslariek... hitza hartu zuten, eta pixkanaka ohikoago bihurtu da emakumeek bizitako egoera berezia kontuan hartzea.
IKUSGARRI BIHURTZEN
Jarraian, espetxearen eta EPPKren eta bertako emakumeen arteko harremanean zentratuko gara. Zer baldintza, eragin, murriztapen... ditu kolektibo horrek jada murriztailea den sistema horretan?
Espetxea
EPPK-ko kide izandako Olatz Dañobeitiak, arestian aipatutako hitzaldian, honela deskribatu zuen inkomunikazio[23] aldia:
Kartzela, atxiloketatik hasita, sistema patriarkalari erantzuten dion eraikuntza bat da [...] Atxiloketa unetik hasten da hau dena, emakumeari ezarritako rola apurtu izana zigortuz. Polizia-etxeko galdeketetan etengabekoa da “alaba txarra zara, bikotekide txarra zara, inoiz ez duzu haurrik izango” bezalako irainak jasatea. Bestalde, tortura bizipenak izan dituzten emakumeen kasuan, izaera militantearen aitortza eza erabili ohi dute poliziek: “mugimendu politikoan sartu zara bikotekidearengatik, sukaldari lanak egiteko, edo zerbitzu sexualak emateko”. Olatz Dañobeitia (Herrira, 2012)
Espetxealdiaren aurrekari bezala irudika dezakegu atxiloketa inkomunikatua. Dañobeitiak azaltzen duen moduan, zigorra ez da soilik ustezko delitu bat burutzeagatik etorriko; emakume bezala, zure rola apurtu izana ere zigortzen da, eta inkomunikazio aldian erabiltzen den irain berak, Galera Etxeetan ikusten genuen berreziketa prozesua suposatuko du espetxealdian.
ACOPE (Asociación de Colaboradores con las mujeres Presas) elkarteko kide den Margarita Aguilera abokatuak (2009) zigor hirukoitzaz hitz egiten du emakume presoen espetxeratzeari dagokionez: zigor soziala, pertsonala eta presondegikoa.
Emakumeak, delitu bat egiten duenean, gizarteak esleitutako rola apurtu duelako zigor soziala pairatuko du. Alde batetik delituaren ekintzagatik berarengatik (emakumeari dagokion rol pasiboa apurtu duelako), baina bestetik, kartzelara sartzeko garaian familiaren zaintzarekin jarraitu ezin duelako eta, beraz, berari egotzitako zaintzaile lana utzi eta mantendu ezin duelako. Hau da, delitu bat egikaritzea emakumearekin bateraezina dela pentsatzera garamatza gizarte patriarkalak, eta horrelako ekintza bat burutu duen emakumea anti-emakume bezala ikustera bultzatu. Ikuspegi horrek gainera, estigmatizazio bikoitz batera daramatza emakumeak, alde batetik delitugile bezala ikusiak direlako, eta bestetik emakume delitugiletzat ere jotzen dituelako.
Estigma, onarpen sozial osorako gaitasun gabetzea da. Aurkitzen duten estigma nagusia emakume izatea da, baina sozialki baztertuta bizitzeak, sakratutzat hartzen diren rolekin haustea dakar. Hau da, unibertso kolektiboan ez da barkatzen emakumeek ama, emazte, zein alaba gisa huts egitea. Modu bikoitzean zigortzen da emakumeak egoera horretara iristea. (Goffman, 1998: 7)
Gizarteak esleitutako estigma hori hain da handia, familia zaintzaren ardura duten emakumeen kasuan banaketa oso traumatikoa izaten dela, eta horrek zigor pertsonal bat gehituko die. Espetxetik kanpo haien identitatea zaintzaile rolaren inguruan eraiki duten horiek, beren emakume identitatean apurketa handia sufrituko dute. Seme-alaben edo pertsona nagusien zaintzarekin jarraitu ezin izateak auto-zigortze egoera oso gogor batera eramango ditu emakume asko.
Presondegiko zigorrari dagokionez, emakumeen kondenak betetzeko baldintzak, gizonezkoarenak baino gogorragoak izango dira kasu askotan. Espainiako Barne Ministerioak egindako ikerketa batean, emakume presoek sufritu behar zituzten bereizkeria egoera larrienak identifikatu zituen: dispertsioa, hirugarren gradua lortzeko zailtasunak, delitu kopuru txikiagoa egin arren emakumeek dituzten kondena handiagoak eta lana lortzeko zailtasunak (Espainiako Barne Ministerioa, 2008).
Dispertsioa arazo larria da presondegi sisteman: Espainiako Barne Ministerioaren 2008ko datuen arabera, emakume presoen % 56k[24] soilik bete dezake kondena bere autonomia erkidegoko kartzela batean Estatu espainiarrean. Honek, beraz, eragin handia izaten du emakume horien familiarteko eta lagun harremanak mantentzeko garaian. Oso kartzela gutxi daude emakumezkoentzat soilik direnak; Estatu espainiarrean Brieva (Avilan), Alcala de Guadaira (Sevilla), Madrid I eta Barcelona Dones daude. Horretaz gain, emakumeak gizonezkoen espetxeetan kokatutako modulu txiki batzuetan egon daitezke, eta makro-kartzela berrietako batzuetan emakumezkoentzat espetxe txikiak eraiki dituzte. Zehazki, Estatu espainiarrean dauden 80 espetxeetatik 46k har ditzakete emakumeak[25]. Estatu frantsesean legalki emakumeak eta gizonezkoak elkartzeko erabateko debekua dagoenez, emakumezkoentzat soilik diren moduluak aipatzen dituzte Asanblada Nazionalak 2009an ateratako txosten batean. 194 espetxetatik 63tan soilik daude emakumeak. Baina ez dugu aurkitu emakumezkoak soilik dituen espetxe frantsesik[26].
Euskal preso politikoen kasuan, dispertsioa modu automatikoan ezartzen zaien zigor erantsia da eta horren ondorioz, Estatu frantses zein espainiarreko edozein kartzelatara bidaltzen dituzte presoak, etxetik gertu egoteko duten eskubideari muzin eginez. Batzuetan, epaituak izan gabe ere, urrundu izan dituzte haien sorterritik.
293 preso Estatu espainiarreko 44 espetxetan:
39 emakume (horietatik 4 umearekin)
254 gizon
85 preso Estatu frantseseko 26 espetxetan:
16 emakume
69 gizon
4 preso Euskal Herriko 3 espetxetan:
4 gizon
Preso 1 Portugaleko espetxe batean:
gizon 1
3 preso etxeko espetxeratzean, gaixotasun larriak direla eta:
emakume 1
2 gizon
(Etxerat elkarteak 2016ko apirilean
kaleratutako datuak[27].)
1989az geroztik aplikatzen den zigorra da dispertsioarena. Garai hartara arte, preso guztiak hiru espetxetan bilduta zituzten (Carabanchelen emakumeak, Alcala Meco eta Herrera de la Manchan gizonezkoak). Garai hartan zituzten baldintza txarrak ahaztu gabe, espetxean egondako zenbait emakumek berorietan bizi izandako elkartasuna eta babesgunea azpimarratu izan dituzte.
Egoera oso berezia bizi izan genuen. Gu espetxean sartu eta bi-hiru egunetara salbuespen egoera ezarri zuten, eta 17 izatetik ia 40 izatera pasatu ginen bi egunetan. Barne mailan hau guztia antolatu ahal izateko bi komuna egin genituen; bata komunistena eta bestea independentistena. (Paula)
Preso politikoen artean sortzen ziren babesgune horiek deuseztatzeko eta ustez erakunde armatuak espetxeetan zuen kontrola txikitzeko aplikatu zen dispertsioa. Preso politiko guztiei aplikatzen zaien arren, emakumeek pairatzen duten isolamendua handiagoa da, sakabanaketa ez baita soilik geografikoa. Kartzela barruan ere modulu ezberdinetan kokatu izan dituzte emakumeak (baita gizonezkoak ere), eta horrek are eta isolatuago egotera daramatza. Momentu hauetan hamar emakume bakarturik daude[28] Estatu espainiarreko eta frantseseko kartzeletan:
Ez dakit zer gradu zeukaten... Hiru euskaldun egon ziren elkarrekin eta ez zuten beste inor ikusten. Sekula ez besteren bat, horren inguruan hitz egiten genuen beti. (Jurdan)
Jurdanek graduak aipatzen dituenez, horien inguruko azalpen txiki bat egiteko baliatuko dugu aukera. Hirugarren graduak zigorra espetxetik kanpo egiteko aukera ematen du (gauez lo egitera joaten dira batzuk espetxera, besteak asteburuetan kanpoan daude, beste batzuentzat kontrakoa...); “bergizarteratzeko” gradua litzateke hau. Emakumeek hori lortzeko zailtasunak izaten dituzte, irteerak kudeatu ahal izango dituen espetxe gutxiago baitaude, eta beraz, geografikoki haien eremuan kokatuta dagoen kartzelan geratu behar izaten dute baina hirugarren gradurako aukerarik gabe. EPPK-ko kideei ukatu egiten diete gradu horretan egotea. Beraiek lehen eta bigarren graduan egoten dira, eta lehena aukera murriztaileena da (zeldan ordu asko pasatu beharra, zenbait eskaintzatan ezin parte hartzea...). Bigarren gradua, gradu arrunta litzateke, preso gehienak barne hartzen dituena.
Lehen bi gradu horietan egon behar dute espetxeratu bezain laster FIES-3 erregimena ezartzen dietelako. FIESak, kontrol berezia pairatzen duten presoak dira. Ofizialki, bere izenak dioen moduan (Ficheros de Internos de Especial Seguimiento), presoen informazioa biltzen duen karpeta bat litzateke FIESa, haren inguruko informazioa eta kartzela barruan sortzen diren taldeekin duen erlazioa jasotzen duena. Baina gaur egunean FIESak kartzela erregimen berezi bat dira bere horretan. Kontrol zorrotza eta murrizketa ugari pairatuko ditu presoak, duen FIES mailaren araberakoa beti ere[29].
EPPK-ko kideak normalean FIES-3 izaten dira; talde armatuekin edo elementu terroristekin lotura izateagatik, edo talde horiekin elkarlanean aritu edo laguntzeagatik espetxeratutako presoak. Horrek murrizketa ezberdinak eragingo ditu lehenengo edo bigarren graduan egotearen arabera. Kartzela bakoitzak ere bere modura aplikatzen ditu murrizketa horiek. Baina laburbilduz, EPPK-ko kideei komunikazioetan eragingo die haien FIES izaerak. Horrek, dispertsio geografikoak sortzen duen isolamenduari, isolamendu komunikatiboa gehituko dio.
Espetxean emakumeek pairatzen dituzten ezberdintasunekin jarraituz, lan munduari eta formakuntzari begiratuko diogu jarraian. Lan mundurako sarrera edo horretarako prestakuntza jasotzeko aukera oso eskasa izaten da emakumeentzat. Kartzela barruan lan egiteko aukerei dagokienez, askotan emakumeak gizonezkoek nahi ez dituzten lanak hartzera derrigortuak daude. Gizonezkoek lan horiei uko egiten diete gaizkien ordainduak edo gogorrenak direlako (Aguilera, 2009: 140). Batez ere kartzelari berari begira egindako zerbitzuetan egiten dute lan emakume presoek, % 74,7ak[30], eta horrek esan nahi du, gerora kartzelatik kanpo daudenean, lan merkatuan txertatzeko aukera gutxiago izango dituztela, ez baitute lan munduan prestatzeko aukerarik izan.
Aldi berean, formakuntza tailer gutxiagotan parte hartzeko aukera izaten dute. Parte hartzeko aukera daukatenean, tailer askok genero rolarekin harreman zuzena dute: josketa, ile-apaindegia, sukaldea... Beraz, kartzelan emakumeek burutu ditzaketen lan eta ikasketak (tailerren bidez eskaintzen direnak) emakumezkoaren rola birproduzitzeko, eta emakume presoak “berrezteko” erabiltzen dituzte. Hasieran aipatutako anti-emakumea, dagokion tokian jartzeko erabiltzen dute lan-mundua kartzelan.
Emakume preso guztiek espetxeak emakumeekiko hartzen duen jarrera pairatu behar izaten dute, kolektibo bateko partaideak direnek zein besteek.
Emakumeak beti azkenak ginen. Egutegian kirol denboren banaketa begiratzen zenuenean konturatzen zinen normalean mutilek beti zeukatela gu baino hobeto eta gehiago; errespetuzko moduluak sortzen bazituzten gizonentzat, emakumeak zeuden tokira eramango zituzten eta gu modulu okerrago batera eraman. Hiru aldiz aldatu gintuzten moduluz eta azkenean txarrenarekin geratu behar. Gainera mutilak zeuden moduluan obrak egiten zituzten, patioa konpondu, paretaren bat bota... (Onintze)
[19] Naiz (http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20160510/los-presos-vascos-en-fresnes-inician-en-huelga-de-hambre-indefinida) [2016-05-10].
[20] Herrira, 2012an euskal preso politikoen sostengu eta askapenerako sortu zen antolakundea izan zen.
[22] Mahaingurua osorik ikusteko Topatuk egindako bideoa ikus daiteke sarean: https://www.youtube.com/watch?v=Bnl3ZxBsors [2016-05-23].
[23] Inkomunikazioak, konfiantzazko abokatuaren edo medikuaren bisitarik ez edukitzea eta atxilotuaren kokalekuaren inguruko informaziorik inori ez ematea suposatzen du. Tortura ahalbidetu dezakeela salatu dute elkarte askok. Hala ere erregimen hau “sistematikoki” aplikatu izan zen terrorismoarekin lotuta atxilotutako euskal herritar guztiekin. 2014tik ez da erregimen hau aplikatu.
[24] Espainiako Barne Ministerioa, 2008: 21.
[25] Inongo datu-basetan ez dago datu hau. UGT sindikatuak emandako preso kopuruen datuekin atera ahal izan dut espetxe horietan emakumeak dauden edo ez. http://www.fspugt.es/prisiones/1850-banner-estadistica [2016-05-08].
[26] Sexu-genero binomioan oinarritutako espetxe hauetan, oso gogorra da pertsona transexualek bizi duten egoera. http://www.elmundo.es/yodona/2016/01/22/569fa092ca47411d608b463c.html [2016-05-23].
[27] http://www.etxerat.eus webgunean argitaratutako datuetatik hartua [2016-05-08].
[28] Etxerat elkarteak hiru hilean behin berritzen dituen datuetan oinarritutako zenbakia da. (http://www.etxerat.eus).
[29] http://www.eldiario.es/politica/alfon-FIES_0_78392640.html [2016-05-08].
[30] Espaniako Barne Ministerioa, 2008: 27.